Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXXIII.Kontrabandoak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXIII.Kontrabandoak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXIII. Kontrabandoak

Kontrabandoa soberanoa eta nazioa iraintzen dituen benetako delitua da, baina honen zigorrak ez du ospe txar emalea izan behar; izan ere, egiten denean ez du ospe txarrik sortzen iritzi publikoan. Norbaitek zigor ospe txar-emaleak ezartzen badizkie gizakiak halakotzat jotzen ez dituen delituei, ospe txarra gutxitu egiten die benetan merezi dutenei. Norbaitek badakus heriotza-zigor berbera ezartzen zaiola faisana hiltzen duenari, gizona erailtzen duenari edo idazki inportante bat faltsutzen duenari, ez du inolako bereizketarik egingo hiru delituon artean, eta modu horretan ezereztu egingo dira sentimendu moralak, mende asko eta odol ugari kostatako ondasun horiek, gizakiaren gogoan oso poliki eta neke askorekin sortutakoak, jaiotzeko eragile gorenen laguntza behar izan zutenak, formazko tresneria handiarekin batera.

Delitu honek legean bertan du sorlekua; izan ere, zerga handitu ahala, handitu egiten baita onura, eta kontrabandoan aritzeko tentazioa, eta aritzeko erraztasuna areagotu egiten da zaindu beharreko zirkunferentzia handitzen eta kontrabandogaia gutxitzen den neurrian. Oso zigor justua da jenero debekatua eta gainontzekoak galtzea, baina zerga txikiagoa balitz eraginkorragoa izango litzateke, gauza jakina baita gizonek ahalegina arrakastatsu suertatuz gero izango luketen onuraren arabera arriskatzen dutela.

Baina zergatik ez du delitu honek fama txarrik ematen, printzeari, eta, beraz, nazioari berari, egindako lapurreta izanik? Zera esanez erantzungo dut: gizonak gaiztakeria jakin bat ez dela beraren aurkakoa pentsatzen badu, ez da saiatuko egilearen kontrako haserre publikoa pizten. Horrelakoa da kontrabandoa. Urruneko ondorioek oso eragin ahula dute gizon batzuengan, ez dute ikusten kontrabandotik etor dakiekeen gaitza, aitzitzik, ahal badute, momentuko onurez gozatzen dute maiz. Honelakoek ez dute printzeari egiten zaion kaltea besterik ikusten; horregatik, ez dute inolako asmorik izaten kontrabandistari beren adiskidetasuna ukatzeko; bai, ostera, lapurreta pribatu bat egiten duenari, idatzi bat faltsutzen duenari, edo gertatzen diren beste kalte batzuen egileei. Gauza jakina da, izaki sentikor oro, ezagutzen dituen gaitzez bakarrik arduratzen dela.

Baina zigorrik gabe utzi behar al da honelako delitu bat, egileak zer galdurik ez duenean? Ez. Badira zergaren izaerari dagozkion kontrabandoak, eta edozein legeria jatorretan zerga hain oinarrizkoa eta nekeza denez, mota honetako delitu batek ganorazko zigorra merezi du, espetxea ere bai, morrontza ere bai; baina delituaren izaeraren neurriko espetxea eta morrontza. Esate baterako, tabako-kontrabandistaren espetxeratzea ezin da izan sikarioarena edo lapurrarena bezalakoa; lehenak iruzurtu duen alor berean zerbitzu-lanak eginez zuritu behar du delitua, hau zigorraren izaerarekin hobeto dator eta.