Delituez eta zigorrez/XXXIV.Zordunez

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXIV.Zordunez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXIV. Zordunez

Kontratuen fede onak eta merkataritzaren segurtasunak legegilea behartu egiten dute hartzekoduna zordun iruzurgilearengandik babestera, baina premiazkoa iruditzen zait iruzurgile maltzurra eta iruzurgile errugabea bereiztea; lehenengoari, diru faltsutzaileari ezartzen zaion zigor berbera ezarri beharko litzaioke, zeren eta hiritarren betebeharren berme den metal zati landua faltsutzea ez baita betebeharrak eurak faltsutzea baino delitu handiagoa. Baina ikerketa zorrotz batek frogatzen badu inoren gaiztakeriak, edo inoren ezbeharrak, edo gizonaren zuhurtziak saihestu ezindako ezustekoek kendu dizkiotela bere ondasunak, zergatik jaurti behar da iruzurgile errugabea espetxe batera, zein arrazoi basati dela medio, gelditzen zaion ondasun bakar eta tristea ere kentzen zaiolarik, askatasuna, alegia? Errudunaren oinazeak dastatu beharko ditu, eta, agian, bere jatortasuna irainduta ikusteak sortzen dion etsipenak bere inozentziaz damutzera eramango du, jabetzen delarik lehenago lasai bizi zela legeen babesean; nahi gabe hautsi zituen legeak, boteretsuek diru-gosez ezarritako legeak, ahulek jasan behar izaten dituztenak, beti ere gizonaren gogo gainean tantaka erortzen den itxaropenaren laguntzarekin, zeinek gertakizun kaltegarriak besterentzat izango direla sinestarazten digun, eta mesedegarriak, ostera, norberarentzat! Legerik ankerrenak maite dituzte bere sentimendu azalekoenen mende bizi diren gizonek, nahiz eta, beren menpe egonik, ahalik eta bigunenak izatea interesatuko litzaiokeen bakoitzari, handiagoa baita norbera samindua izateko beldurra, norberak norbait samintzeko gogoa baino. Errugabe iruzurgilearengana itzuliz, nik diot, saihestezina dela guztia ordaintzeko duen obligazioa; eragotzi ahal izango zaio, interesatuen baimenik gabe ere, hartutako obligazioari ihes eginez, beste lege-esparru batera alde egitea, bere lanarekin jarraitzera; lan eginez eta argi jokatuz, bere zordunei ordaintzen saiatu beharko du; baina merkataritzaren segurtasuna eta ondasunen jabetza sakratua ez dira aitzakia izango askatasun gabetzea justifikatzeko, hau alferrikoa izaten baita ia beti, non eta, esklabotzaren nekeekin, zordun ustez errugaberen batek bere isilpeko sekretuak argitzen ez dituen, gauza oso arraroa ikerketa sakona egin bada! Nik legegintzaren oinarritzat daukat honakoa: arazo politikoen balioa arrazoi konposatuan dagoela kalte publikoaren zuzenarekin, eta arrazoi alderantzizkoan egiaztatzeko15 inprobabilitatearekin. Bereiz daitezke iruzurra eta erru larria, erru larria eta txikia, eta hau eta errugabetasun osoa, eta lehenengoari faltsutze delituen zigorrak ezar dakizkioke, bigarrenari txikiagoak, baina askatasuna kenduz, eta azkenari bergizarteratzeko bitartekoak aukeratzeko eskubidea utzi, hirugarrenari hori egiteko libertatea kendu, eta hartzekodunei eman. Larriaren eta txikiaren arteko bereizketak lege itsu eta inpartzialaren esku utzi behar dira, eta ez epaileen zuhurtzia arriskutsu eta arbitrarioaren iritzira. Mugak jartzea beharrezkoa da politikan zein matematikan, onura publikoa neurtzerakoan zein tamainak neurtzerakoan16.

Legegile jatorrak zein erraz eragotz lezakeen porrot errudun asko eta asko, eta zorigaitzak saihestu errugabe saiatuari! Kontratu guztiak publikoki erregistra daitezela, hiritar guztiek izan dezatela eskubide agiri ondo ordenatuak kontsultatzeko, banku publikoa sor dadila, salerosketa dohatsuari zuhur ezarritako zergez elikatuko dena, eta bere bazkide datekeen errugabe zoritxarrekoari behar den diru-kopuruarekin lagunduko diona; ez legoke honetarako inolako arazorik, eta onura ugari etor daiteke. Baina lege errazak behar dira, sinpleak, lege handiak, nazioaren baitan oparotasuna eta sendotasuna zabal dezaten legegilearen keinua besterik behar ez dutenak, belaunaldiz belaunaldi gorazarre kantu hilezkorrez laudatuko diren legeak; honelako legeak izaten dira ezezagunenak edota gutxien maitatuenak. Espiritu urduria eta huskerietara emana, unean unekoa besterik ikusten ez duen zuhurtasun beldurtia, zurruntasun fidakaitza berrikuntzei aurre egiteko orduan, honelako sentimenduak nagusitzen dira gizaki kaxkarron jarduna eta bizimodua bideratzeko eta konpontzeko ahalmena dutenen bihotzetan.