Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXXVIII.Itaunketa iradokitzaileak, adierazpenak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXVIII.Itaunketa iradokitzaileak, adierazpenak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXVIII.Itaunketa iradokitzaileak, adierazpenak

Gure legeek debekatu egiten dituzte iradokitzaileak deituriko itaunketak epaiketetetan: hauek, doktoreen arabera, delitu baten inguruan, generoaz beharrean espezieaz galdetzen dutenak dira; delituarekin zerikusi zuzena dutelarik, erruztatuari bat-bateko erantzuna iradokitzen diotenak, alegia. Itaunketek, kriminalisten arabera, espiralean garatu behar dute gertakizuna, nolabait esateko, baina sekula ez zuzen-zuzenean. Metodo hau zeragatik erabiltzen da, salaketari zirkin egingo dion erantzunen bat ez iradokitzeko erruztatuari, edota, agian, naturaren kontrakoa dirudielako akusatuak bere burua bat-batean salatzea. Arrazoia bietatik edozein delarik ere, begibistakoa da kontraesan handia dela,tortura baimentzen duten legeak egotea, ohitura honekin batera. Izan ere, zein galdeketa iradokitzaileagorik oinazea baino? Lehenengo arrazoia torturaren orduan baieztatzen da, oinazeak kementsuari isiltasun tematia iradokiko diolako, zigor handiaren ordez txikia jaso nahiz, eta ahulari, ostera, aitorpena, momentuko oinazea saihesteko, honentzat hau garrantzitsuagoa izango baita etorkizuneko mina baino. Bigarren arrazoia ere berdina da, zeren eta erruztatu bati zuzenbide naturalaren aurkako itaunketa berezi batek aitortu eragiten badio, oinazeek askoz ere errazago eragingo baitiote. Baina gizakia gehiago gidatzen du izenaren desberdintasunak, izanarenarenak baino. Gramatikaren beste hainbat gehiegikeriaren artean ( hauek eragin handia izan dute gizonen arazoetan), nabarmena da dagoeneko kondenatuta dagoen erruztatu baten adierazpenak balio gabe bihurtzen dituen hura; halako zibilki hilda dago, esaten dute serioski legegizon peripatetikoek, eta hildako bat ez da ezer egiteko gauza. Biktima asko sakrifikatu da metafora hutsal honi eusteko, eta oso sarri eztabaidatu izan da ea egiak atzera egin behar duen auzi formulen aurrean. Kondenatutako erruztatu baten adierazpenek ez badute justiziaren martxa atzeratzen, zergatik ez eman, baita zigorra emanda gero ere, kondenatuaren miseria gorriari eta egiaren interesei leku egoki bat, gertakizunaren izaera aldatzen duten gauza berriak argudiatzen badira, eta aukera bat eskaini erruztatuari epaiketa berri batean bere burua edo besteena zuritu ahal izateko? Itxurak eta zeremoniak beharrezkoak dira justiziaren administrazioan, ez delako ezer utzi behar administratzailearen iritzira, epaiketa egonkor eta arautuaren irudia eman behar zaiolako herriari, eta ez zaratatsu eta interesatuarena, ohituraren jarratzaile eta morroi den gizakiarentzat zirrarak eragingarriagoak baitira arrazoiketak baino. Baina zirrarak ezin dira, arrisku handia hartu gabe, legeen bidez gauzatu, egiari kalte egingo liokeelako, egiak, sinpleegia edo nahasiegia izan ohi denez, kanpoko itxurakeriaren beharra baitu herri ezjakinaren begientzat. Azkenik, ikerketa orduan egiten zaizkion itaunei erantzutera ukatzen denak legeak ezartzen duen zigorra merezi du, beren arteko zigorrik handiena, gizakiak ezin diolako horrela zirkin egin gizarteari zor dion etsenplu beharrari. Zigor hau ez da beharrezkoa, argi eta garbi dagoenean akusatu batek delitu jakin bat egin duela; itaunketak alferrikoak dira, delituaren aitorpena alferrikoa den bezala, beste froga batzuek baieztatzen dutenean erruduntasuna. Azkenengo kasu hau da ohikoena, esperientziak erakusten baitigu erruztatuek ezetzari eusten diotela auzi gehienetan.