Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXXIX.Delitu mota berezi batzuez

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXIX.Delitu mota berezi batzuez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXIX.Delitu mota berezi batzuez

Idatzi hau irakurtzen duen edonor konturatuko da alde batera utzi ditudala Europa odolez estali duten delitu mota batzuk; su lazgarriak iziotu dira, bizirik zeuden giza gorputzak garren elikagai bihurtu dira; ikuskizun gozatsua eta harmonia atsegina jendetza itsuarentzat, ke beltzaren ertzetatik irteten ziren intziri sorgor eta larriak entzutea, giza atalen kea, eta erretzen dauden hezurren krakada, artean pilpiraka ari diren erraiak frijitzen ari diren bitartean. Baina zentzuneko gizonak ulertuko du lekuak, mendeak eta gaiak ez didatela uzten honelako delitu baten izaera aztertzen. Luzeegia eta nire gaitik landakoa litzateke frogatzea zergatik den beharrezkoa estatu batean pentsakera berdina eta bakarra izatea, nazio askotako ereduaren kontra. Zer dela eta elkarren oso desberdintasun lauso eta txikia duten iritziek (giza adimenak aldea ezin atzemateko beste) kolokan jar dezakete onura publikoa, ideia bati lehentasuna ematen ez bazaio, bederen, besteen kaltean. Izan ere, iritzien izaera honelakoa da: iritzi batzuk, elkarrekin borroka eginez eta irakinez, argitu egiten dira, eta azaleratu egiten dira benetakoak, faltsuak ahazturan urperatzen diren bitartean; eta beste iritzi batzuek, beren buruaz konfiantza gutxi dutenak beren biluztasunagatik, indarraren agintez jantzi behar izaten dute. Luzeegia litzateke frogatzea zein gorrotagarria den giza gogoaren gaineko indarraren nagusigoa, honen lorpen bakarra azpikeria eta, beraz, doilorkeria baita; eta zein muturtua dagoen arrazoiak eta aginteak gidatzen duen, eta guk ezinbestekoa ikusten eta izugarri estimatzen dugun apaltasun eta anaitasun espirituarekin. Esandako guztia garbi frogatuta dagoela eta gizakiaren benetako interesen aldekoa dela sinetsi behar da, baldin eta norbait aginpide aitortuarekin badago hau guztia aurrera eramateko prest. Ni giza naturatik eta gizarte-hitzarmenetik sortzen diren delituez bakarrik mintzo naiz, eta ez bekatuez, zeintzuen zigorrak, baita mundu honetakoak ere, filosofia mugatu honen esparruetatik at dauden irizpideekin arautu behar diren.