Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XL.Komenigarritasun-ideia okerrak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XL.Komenigarritasun-ideia okerrak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XL.Komenigarritasun-ideia okerrak

Hutsegite eta bidegabekeria iturri oparoa dira legegileek sortzen dituzten komenigarritasunari buruzko ideia okerrak. Komenigarritasun ideia okerrak dira arazo partikularrari arazo orokorrari baino garrantzi handiagoa ematen diotenak; sentimenduen gainean agindu egiten dutenak, eragin beharrean; logika morroitzat erabiltzen dutenak. Komenigarritasun ideia okerra da benetako mila onura sakrifikatzea ustezko edo inportantzia gutxiko kalte bakar batengatik, gizakiari sua kentzea erre egiten duelako, edo ura busti egiten duelako, kalteak konpontzeko gauzak desegitea. Era honetakoak dira armak eramatea debekatzen duten legeak. Hauek deliturako asmorik eta joerarik gabeko jendea desarmatzen dute bakarrik; baina gizadiaren lege sakratuenak eta legeriako garrantzitsuenak hausteko ausardia duten haiek, nola errespetatuko dituzte lege apal eta zentzugabeenak, jakinda zein errazak eta zigor gabeak gertatuko zaizkien lege-hausteok, eta jakinda legeok zehatz errespetatzeak gizakiaren askatasun pertsonalaren galera dakarrela, gizakiak maite-maitea duen gauza berau, eta legegile argituak ere bai; horrela, errugabeen gainera erortzen dira errudunentzat behar luketen irain guztiak. Lege hauek txartu egiten dute erasotuen egoera eta hobetu erasotzaileena; hilketak, gutxitu beharrean, gehitu egiten dituzte, errazagoa baita desarmatuak erasotzea armatuak baino. Lege hauei buruz ezin da delituen aurreikusle direnik esan, delituei beldurra dietela baizik; gertaera jakin batzuek eragiten duten zirrara zalapartatsuetatik sortzen dira, eta ez dekretu unibertsal baten desegokitasun eta onurei buruzko gogoeta sakon eta zentzuzko batetik. Komenigarritasun ideia faltsua da izaki sentikorren multzoari materia landugabe eta bizigabearen simetria eta ordena berbera eman nahi izateaa, unean uneko zergatiak kontuan hartu gabe, hauek bakarrik direlarik zinez eta indarrez jendearengan eragina dutenak; eta, honen ordez, urrutiko zergatiei indarra ematea, hauen oroitzapena oso laburra eta ahula izaten dela jakinda, baldin eta gizadiarengan ezohikoa den indar irudimentsu batek ez badu bere boterearekin objekturainoko distantzia gainditzen. Azkenik, komenigarritasun-ideia faltsua da, izena izanaren aurretik jarriz, onura publikoa eta gizabanako bakoitzaren onura ezberdintzen dituena. Bada ezberdintasun bat egoera naturalaren eta gizarte-egoeraren artean: gizon basatiak ez dio inori kalterik egiten bere buruaren probetxurako ez bada, baina lege txarrek besteei gaitz egitera daramate sarri gizon gizarteratua, bere buruari mesede egin gabe. Despotak beldurra eta unadura botatzen ditu bere esklaboen bizkarrera, baina haiek txanpon bera itzultzen diotelarik, kemen handiagoz bueltatzen da beren animoak jipoitzera. Beldurra zenbat eta bakarkakoagoa eta etxekoagoa izan, orduan eta arrisku gutxiagokoa da bere zorionaren tresna egin duenarentzat; baina zenbat eta publikoagoa izan eta gizon multzo handiagoa astindu, orduan eta errazagoa da kaskarinak, edo desesperatuak, edo zuhur ausartak, beldurraz baliatuz, beste gizonak beren mesederako erabili nahi izatea; eginkizunaren arriskua zenbat eta jende gehiagoren bizkar joan, orduan eta sentimendu atsegin eta liluragarriagoak pizten baitira gizonengan; izan ere, dohakabeak bere izateari ematen dion balioa gutxitu egiten da sufritzen duen miseriaren neurrian. Arrazoi honengatik, irainek beste irain batzuk ekartzen dituzte; izan ere, gorrotoa maitasuna baino sentimendu iraunkorragoa da, ekintzen jarraipenak indartu egiten baitu lehena, bigarrena ahuldu egiten duen bitartean.