Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XLI.Nola aurreikusten diren delituak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XLI.Nola aurreikusten diren delitua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XLI.Nola aurreikusten diren delitua

Hobe da delituak aurreikustea zigortzea baino. Hau da legeria onaren helburu nagusia. Gizona zorion handienera edo ahalik eta zorigaitz txikienera eramateko artea da legeria onaren funtsa, bitzitzan izan daitezkeen gauza on eta txar guztiak kontutan hartuta. Baina orain arte horretarako erabili diren bitartekoak okerrak eta helburuaren aurkakoak izan dira gehienetan. Ezin da gizonen jarduera istilutsua ordena geometriko batera mugatu, arazorik eta nahasketarik gabe. Naturako lege txit iraunkor eta soilek planetak beren mugimenduetan desbideratzea eragotzi ezin duten bezala, gizonen legeek ezin dute eragotzi nahasmendua eta bidegabekeria atseginaren eta oinazearen erakarmen kontaezin eta kontrajarrietan. Eta hau izaten da gizaki buru-laburren begitazioa agintea eskuetan hartzen dutenean. Garrantzirik gabeko ekintza mordoa debekatzea ez da delituak aurreikusteko bidea, delitu berriak sortzekoa baizik; hori bertutea eta bizioa norberaren iritzira definitzea da, hauek aldaezinak eta eternoak direla esan zaigunean. Zenbateraino murriztuko ginateke deliturako bide den guztia debekatuko balitzaigu? Bere zentzuak erabiltzea eragotzi beharko litzaioke gizonari. Delitu bat egitera bultzatzen duen eragile bakoitzeko, mila dira lege txarrek delitu deiturikoak, ekintza garrantzirik gabeak eginarazten dituztenak. Eta delituen probabilitatea eragile kopuruaren araberakoa bada, delituak egiteko probabilitatea handitu egingo da haun esparrua zabaltzen bada. Lege gehienak pribilegioak besterik ez dira, hots, denek ipintzen duten ordain-saria, gutxi batzuen onerako.

Delituak aurreikusi nahi dituzuela? Saiatu lege argiak eta errazak egiten, eta nazioaren indar guztia bildu haien defentsan, eta honen parte batek ere ez dezala jardun haiek desegiten. Saiatu legeak mesedegarriagoak izan daitezen gizakiarentzat giza mailentzat baino. Saiatu gizakiak beldur izan diezaien eurei, eta eurei bakarrik. Legeei beldur izatea osasuntsua da, baina oso kaltegarria eta delitu sortzailea gizakiak gizakiari izatea. Gizon esklaboak gizon libreak baino gutiziatsuagoak dira, lizunagoak, ankerragoak. Hauek zientziei buruzko gogoetak egiten dituzte, edo nazioaren interesei buruz; eredu bikainak ikusten dituzte, eta imitatzen saiatzen dira; baina haiek, momentuko pozak erakarrita, libertinajearen nahaste artean bilatu nahi izaten dute beren bizimoduaren ezerezak ukatzen dien olgeta. Edozertan arrakasta lortzeko neke handiak jasatera ohituta daudenez, bere delituen arrakasta arazotsua izan ohi eurentzat, eta, honengatik, hura lortzeko grina handitu egiten da. Legeen zehaztasun-falta eguraldiaren eraginez berez nagia den nazio baten gainera erortzen bada, zehaztasun falta honek iraunarazi eta handitu egingo ditu nagikeria eta inozokeria. Nazio gutiziatsu baina langile baten gainera erortzen bada, legeen indarra alferrik galduko da, azpikeria eta amarru txiki mordo baten artean, eta mesfidantza zabalduko da bihotz guztietan, eta saldukeria eta disimulua zuhurtasunaren oinarri bihurtuko da. Nazio adoretsu eta indartsu baten gainera erortzen bada, zehaztasun falta gainditzea lortuko da azkenean, askatasunetik esklabotzara eta esklabotzatik askatasunera atzera-aurrera asko egin ondoren.