Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XLII.Zientziez

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XLII.Zientziez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XLII.Zientziez

Delituak saihestu nahi dituzue? Ahalegindu argiak askatasunari lagun egin diezaion. Jakintzak zenbat eta gehiago hedatu, orduan eta txikiagoak izango dira beraiengandik sortzen diren gaitzak, eta handiagoak onurak. Iruzurgile ausart batek (beti jende berezia izaten da) herri ezjakinaren miresmena eta argituaren ikusiezina izango du. Jakintzak gauzen erkaketa errazten du, eta ikuspegi asko alderatzen direlarik, sentimendu asko konparatzen da elkarrekin; sentimenduok aldatuz joan ohi dira, besteek ere ikuspegi berberak eta zalantza berberak dituztela ikusten denean, batik bat. Nazioan eurrez zabalduta dauden argien aurrean, isildu egiten da ezjakintasun gezurtia, eta dardaraz jartzen arrazoiaren armarik ez duen aginteak, eta legearen indar kementsuak tinko jarraitzen du aurrera. Izan ere, ez dago gizon argiturik, segurtasun komunaren hitzarmen ageriko, argi eta egokiak maite ez dituenik, konparatzen duenean berak sakrifikatu duen libertatearen zati txiki eta ezdeusa beste gizon guztiek sakrifikatu duten libertate guztien baturarekin, ondo baitaki, legerik ez balitz, besteek bere kontra konspira dezaketela. Anima sentibera batek ondo egindako legeen kode bati begiratzen dionean, eta besteri gaitz egiteko askatasuna besterik ez duela galdu jabetzen denean, tronua eta bere okupatzailea bedeinkatu egin beharko ditu.

Ez da egia zientziak beti kaltegarriak direla gizadiarentzat; eta izango balira ere, ezinbesteko gaitza izango luke gizakiak. Giza generoa lur gainean ugaritzeak gerra ekarri zuen, eta arterik maltzurrenak, eta lehenengo legeak, unean uneko itunak, alegia, sortu ziren, beharrarekin jaio eta harekin batera hiltzen zirenak. Hau izan zen gizakiaren lehen filosofia, eta bere osagai apurrak zuzenak ziren, moteltasunak eta argitasun-faltak hutsegiteetatik babesten zituelako. Baina beharrak ugaritu egin ziren gizakia ugaritu ahala. Beharrezkoak ziren, beraz, zirrara gogorragoak eta iraunkorragoak, lehengo egoera basatira itzultzea eragotziko zutenak, ez baitzen horrelakorik komeni inondik inora. Gizadiari mesede handia egin zioten lurra jainko faltsuz jantzi zuten lehen hutsegite haiek (mesede politikoa esan nahi dut), gure gizartearen arautzaile den unibertso ikustezin bat sortu zutelako. Mesede handia egin zioten gizakiari, honen ezjakintasun otzana harritzea eta altaretara eramatea lortu zutelako. Zentzumenak baino haratago dauden gauzak ikusarazi zizkioten, berak nahita ere atzeman ezindakoak, ezin gorrotatu zituenak aski ezagunak ez zituelako, eta erakargarri zitzaion gauza bakar batean elkartu zituen grina sakabanatuak. Hauek izan ziren herri basatietatik sortutako nazio guztien lehenengo arazoak, hau izan zen gizarte handia sortu zeneko garaia, eta hau izan zen lokarri nahitaezkoa, eta, agian, bakarra. Ez naiz ari Jainkoak aukeratu zuen herri hartaz, zeinetan miraririk harrigarrienak eta graziarik nabarmenenak hartu baitzuten giza politikaren lekua. Baina hutsegitearen ezaugarrietariko bat infinitora arteko zatiketak egitea denez, jaio ziren zientziek itsu multzo fanatikoa bihurtu zuten gizakia, labirinto itxi batean elkarri bultzaka eta tiraka zebilena, hainbeste, non zenbait anima sentibera eta filosofikok urrutiminez oroitzen baitzuen antzinako egoera basati hura. Hona hemen lehen garaia, zeinetan jakintzak, iritziak, hobeto esanda, kaltegarriak diren.

Bigarren garaian, hutsegiteetatik egiara, ilunpe ezezagunetik argira dagoen pasabide nekez eta beldurgarria igaro behar zen. Boteredun banaka batzuei ondo datozkien hutsegiteak ahul askoren egia egokiekin talka indartsua egiten dutenean, eta horrelakoetan esnatzen diren grinak irakiten hasten direnean, kalte ikaragarriak etortzen dira gizadi errukarriarentzat. Historiak aztertzen dituen edonork (urruntasun apur batez aztertuz gero, antza izaten dute garai inportanteenetan) behin baino gehiagotan aurkituko du bere ondorengoen zorionaren alde sakrifikatutako belaunaldi oso bat, ezjakintasunaren ilunpetik filosofiaren argira egin beharreko igarobide tamalgarri baina beharrezkoan ibilitakoa, tiraniatik askatasunerako bidean sakrifikatutakoa. Baina animoak sosegatzen eta nazioaren gaitz zanpatzaileak garbitu dituen sua itzaltzen denean, egia, hasieran poliki-poliki ibili ondoren, monarken tronuen gainean esertzen da eta gurtua izaten errepubliketako parlamentuetako altareetan; nork esan ahalgo du orduan, jendea argitzen duen argia ilunpea baino kaltegarriagoa dela, eta gizakiak ongi ezagutzen dituen gauzen arteko harreman egiazko eta errezek gaitz egiten diotela? Ezjakintasun itsua sasijakinduria bezain kaltegarria ez bada ere (honek, lehenaren gaitzez gain, ikuspegi labur eta egiatik urrunaren hutsegite saihestezinak baititu) gizon argitua da soberanoak nazioari eta bere buruari egin diezaiokeen oparirik zoragarriena, lege santuen banatzaile eta zaintzaile bihurtzen duena. Egiari, beldur izan beharrean, aurrez aurre begiratzen ikasia, hain asegaitza den iritziaren morrontza gehienetatik urrun, gizadia ikuspegi altuagoetatik ikusten ohituta, honen aurrean aberria anai-arreben familia bihurtzen da, eta horregatik gizon handi hauen eta herriaren arteko tartea txikiagoa da begi aurrean duen gizateria handiagoa den neurri berean. Filosofoek jende arruntak ezagutzen ez dituen betebehar eta helburuak dituzte; esate baterako, eta, batez ere, jende aurrean ezkutuan defendatzen diren irizpideak ez ezeztatzea, eta horrela egia egia delako maitatzen ikasten dute. Horrelako gizaki sorta batek osatzen du nazioaren zoriona, baina zorion laburra izango da baldin eta legeek ez badute pertsona hauen kopurua handitzen, horrela hautu txar bat egiteko aukera beti handia txikituko egingo delako.