Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/VII. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
VII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VII. Kapitulua

Kanpo-merkataritzaz

Kanpo-merkataritzaren garapenak ez du herrialde bateko balio-kopurua berehala inkrementatuko, nahiz eta merkataritza honek merkantzi masa inkrementatzen lagunduko duen, eta beraz baita gozamena ere. Atzerritar ondasun guztien balioa, beraiengatik ematen dugun geure lur eta lanaren ekoizpenaren kantitateak neurtzen du. Horregatik, ez genuke balio handiagorik izango, merkatu berriak aurkitu ditugulako eta guk emandako balio-kantitate berdinaren truke atzerritar ondasun-kantitate bikoitza erdiesten badugu ere. 1.000£ko ondasun ingelesak erosi direla eta merkatari batek merkatu ingelesan 1.200£n saltzeko adina atzerritar ondasun lortzen baditu, orduan, merkatari horrek kapital honen enpleguarekin ehuneko 20ko irabazi-tasa erdietsiko du; baina, ez bere irabaziak, ezta inportatutako merkantzien balioa ere, ez dira inkrementatu edo gutxituko, nahiz handiagoa edo txikiagoa izan erdietsiko duen atzerritar ondasun-kantitatea. Adibidez, merkatari honek interes bera izango du hogeita bost upel edo berrogeita hamar upel inportatzean, bai batean eta bestean 1.200£n saltzen baditu. Nolanahi ere, bere irabazia 200£ra helduko da edo bere kapitalaren ehuneko 20ra; eta kasu bietan, Ingalaterrara, balio berdina inportatuko da. Berrogeita hamar upel 1.200£n baino gehiagotan salduta, merkatari horren irabazia, irabazi-tasa orokorraren gainetik egongo litzateke, eta normala denez, kapitala merkataritza onuragarri horretara joango litzateke ardoaren prezio-beherakadak gauza guztiak aurreko egoerara eraman arte.

Behin baino gehiagotan defenditu izan da merkatari batzuek kanpo-merkataritzan erdietsitako irabazi garaiekin herrialdeko irabazi-tasa orokorra igoko dela, eta beste enpleguetan dauden kapitalen irteerek, atzerritar merkataritza berrian eta erakargarriagoan parte har dezaten, orokorki, prezioak igoaraziko dituztela, eta ondorioz, irabaziek ere gora egindo dutela. Esan izan da ere, autoritate handiz gainera, eskariak bera izaten jarraitzen duen bitartean, nahitaez kapital gutxiago esleituko dela laborea lantzeko, ehungintzarako, kapelak, oinetakoak, eta abar egiteko, eta beraz, merkantzia hauen prezioa hainbat inkrementatuko dela, eta ondorioz, nekazariak, kapelagileak, ehungileak eta oinetakogileak ere beren irabazietan igoera izango dutela, kanpo-merkataritzan ari denak izango duen bezala1.

Argudio hau mantentzen dutenak nirekin bat datoz enplegu ezberdinetako irabaziek, bata bestearen ostean doitzeko joera dutela esatean; aurrera eta atzera, batera egiten dute. Gure ezberdintasun bakarra honetan datza: beraiek sostengatzen dutenez, irabazi-berdintasuna irabazi orokorraren igoerak ekarriko du; nire iritziz, berriz, merkataritza onuragarriaren irabaziak, berehala, maila orokorrera jaitsiko dira.

Lehenbizikoz, laborea lantzen, ehungintzan, kapelagintzan, oinetakogintzan, eta abarretan kapital gutxiago esleituko dela ukatzen dut, merkantzia hauen eskaria gutxitzen ez bada behintzat; eta honela bada ere, beren prezioa ez da igoko. Atzerritar merkantzien erosketan ere gauza bera gertatuko da, Ingalaterrako lur eta lanaren zati handiago edo txikiagoa enplegatuko baita. Zati berdina honela enplegatzen bada, orduan, lehengo eskari berdina egongo da ehun, oinetako, labore eta kapeletatik, eta beraz, kapital-zati berdina xedatuko da berauen ekoizpenerako. Atzerriko merkantziak merkeagoak izatearen ondorioz, merkantzia atzerritarren erosketarako Ingalaterrako lurrak eta lanak sortzen duten urteko ekoizpenaren zati txikiagoa enplegatuko da. Kapela, oinetako, labore, eta abarretik lehen baino eskari handiagoa baldin badago, gerta daiteke, atzerritar merkantzien kontsumitzaileek beren errenta erabilgarriaren zati gehigarri bat edukiz, lehen balio handiagoko atzerritar merkantziak erosteko erabiltzen zen kapitala ere erabilgarri izatea; beraz, kapela, labore, oinetako eta abarretik eskaria inkrementatuko denez, horri erantzuteko eskaintza gehitzeko bitartekoak baldin badaude, haatik, prezioak eta irabaziak ere ez dira iraunkorki igoko. Ingalaterrako lurrak eta lanak sortutako ekoizpenaren zati handiagoa enplegatzen bada atzerritar merkantziak erosteko, beste batzuetarako gutxiago egongo da, eta hortaz kapela, oinetako eta abar gutxiago beharko da. Oinetako, kapela eta abarren ekoizpenetik kapitala liberatzen denean, gehiago geratuko da atzerritar merkantziak erdiesteko erabiltzen diren merkantziak ekoizteko; eta ondorioz, kasu guztietan, etxeko eta atzerriko merkantzietatik batera eskatutakoa, balioari dagokionez, herrialdeko errentak eta kapitalak mugatuta dago. Bata inkrementatzen bada, bestea gutxitu behar. Ingalaterrak inportatzen duen ardo-kantitatea bikoizten bada, ingeles merkantzi kopuru berdinarekin ganbiatuta, orduan, Ingalaterrako biztanleek lehen kontsumitzen zuten ardo-kantitatea bikoiz dezakete, edo ardo-kontsumo berdina mantendu eta ingeles merkantzietatik gehiago kontsumitu. Nire urteko sarrera 1.000£ bazen eta diru horrekin urtero 100£ko upel ardoa erosten banuen eta gainontzeko 900£rekin ingeles merkantziak; upel ardoa 50£ra jaistean, 50£ aurreratuko nituzke eta hauekin beste upel bat ardo edo ingeles merkantzia gehiago eros nezake. Nik ardo gehiago erosiko banu eta ardo-edale guztiek gauza bera egingo balute, kanpo-merkataritza egoera berdinean geratuko litzateke, batere aldatzeke; izan ere, esportatutako ingeles merkantzi kopurua ardoaren truke emango litzatekeenaren berdina izango litzateke eta guk ardo-kopuru bikoitza eskuratuko genuke, nahiz eta ardoaren balioa bikoitza izan ez. Baina nik eta besteek ardo-kantitate berdinarekin nahikoa badugu, ingeles merkantzia gutxiago esportatuko litzateke, eta ardo-kontsumitzaileek lehen esportatzen ziren merkantziak kontsumi litzakete edo gogoagoko izan ditzaketen beste batzuk. Hauek ekoizteko beharko litzatekeen kapitala, kanpo-merkataritzatik liberatutakoa izango litzateke.

Bi bide daude kapitala metatzeko: sarrerak gehitu direlako edo kontsumoa gutxitu delako aurrera daiteke kapitala. Nire irabaziak 1.000£tik 1.200£ra igo baldin badira, nire gastuek berdinak izaten jarraitzen duten bitartean, nik urtero lehen baino 200£ gehiago aurreratuko ditut. Nire irabaziak berdinak diren bitartean, nire gastuetatik 200£ aurreratzen baditut, ondorioa bera izango da, hau da, 200£ gehitu beharko zaizkio nire kapitalari. Irabaziak ehuneko 20tik ehuneko 40ra igotzen direnean, merkatariak ardoa inportatzen badu, ingeles ondasunak 1.000£n erosi ordez, 857£ 2s. 10d.n erosi beharko ditu, nahiz eta ondasun hauen truke inportatuko duen ardoa 1.200£n saldu; edo ingeles ondasunak 1.000£n erosten jarraitzen badu, orduan, ardoaren prezioa 1.400£ra igo beharko du, beraz, ehuneko 20 erdietsi ordez, ehuneko 40koa izango da kapitalaren irabazia; lehen errenta gastatzen zuteneko merkantzia guztiak merketu direlako, berak eta beste kontsumitzaile guztiek lehen gastatzen zituzten 1.000£ko 200£ aurrez ditzakete, eta herrialdeko aberastasuna handitzen egokiago lagunduko dute; kasu batean, aurrezkia sarrera gehitzearen ondorioa izango da; bestean, gastuak murriztearena.

Makineria sartu dela eta, sarrerak gastatzen zireneko merkantzia ororen balioak ehuneko 20ko beherakada izango balu, horrela aurreztuko nukeena, nire sarrerak ehuneko 20 igoko bailiran izango litzateke; baina kasu batean irabazi-tasa egonkorra da eta bestean ehuneko 20 igotzen da. Atzerriko ondasunak sartuz gero, nik neure gastuen ehuneko 20 aurrezten badut, orduan, honen ondorioa, makineria erabilita ekoizpen-kostuak gutxitu bailiran izango litzateke, baina, hala ere, irabaziak ez lirateke igoko.

Beraz, irabazi-tasa ez da merkatua hedatu delako igotzen, nahiz eta hedapen honen ondorioa, bide batez, merkantzien masa efektiboki inkrementatzeko era izan daitekeen; hedapen honen bidez langileak mantentzeko edota landu behar diren lehengaietarako fondoak gehitzeko aukera izan dezakegu. Gizateriaren zorionerako funtsezkoa da lanaren banaketa egokiagoren bidez, etengabe, geure asetasunak handituz joan ahal izatea, eta horretarako herrialde bakoitzak bere egoeragatik, klimagatik eta abantaila natural edo artifizialengatik egokituta dagoen merkantziak ekoiztu behar lituzke, eta gainera merkantzia hauek beste herrialdetakoekin ganbiatu; irabazi-tasa goratuta ere, asetasun hau gehituko litzateke.

Lan honetan zehar frogatzen saiatu naiz irabazi-tasa inoiz ezin daitekeela igo, baldin eta alokairuak ez badira erortzen, eta alokairuetan beherakada hori iraunkorra ez dela izango, baldin eta alokairuak gastatzen direneko oinarrizko ondasunen prezioak ez badira jaisten. Beraz, kanpo-merkataritzaren garapenarekin edo makineriaren hobekuntzarekin, langilearen elikagaiak eta oinarrizko ondasunak merkatura prezio apalagoetan ekar badaitezke, irabaziak igo egingo dira. Geure laborea landu ordez, edo langilearen ehuna eta beste oinarrizko ondasunak ekoiztu ordez, merkatu berri bat aurkitzen badugu, eta bertan guretzat merkantzia hauek guztiak prezio apalagotan horni baditzakegu, orduan, alokairuak erori eta irabaziak igo egingo dira; baina kanpo-merkaritzaren garapena edo makineriaren hobekuntza eman dela eta, merkantziak prezio apalagotan erdiesten badira, eta merkantzia hauek, aberatsek besterik ez badituzte kontsumitzen, irabazi-tasak ez du inolako aldaketarik izango. Nahiz eta ardoa, balusa, zeta eta beste merkantzia garestiak ehuneko 50 erori, alokairuak ez lirateke aldatuko, eta ondorioz irabaziek aldatzeke jarraituko lukete.

Kanpo-merkataritza, beraz, gasta daitekeen errentaren truke ondasunen kopuru eta aniztasuna gehitzen duelako, herrialde batentzat guztiz onuragarria izan arren, merkantzien ugaritasun eta merketasuna dela eta, aukerak ematen ditu aurrezki- eta kapital-metaketa bizkortzeko, eta ez du kapitalaren irabaziak igotzeko joerarik sortzen, baldin eta inportatutako merkantziak langilearentzat oinarrizko ondasunak ez badira, bere errentarekin bizirauteko erosiko dituen ondasunak, alegia.

Kanpo-merkataritzari buruz egin diren ohar berdinek barne-merkataritzarako ere balio dute. Irabazi-tasa ez da inoiz lana egokiago banatu delako, makineria asmatu delako, edo kanal eta errepideak eraiki direlako inkrementatuko, ezta ondasunen ekoizpen edo garraioan lana aurreratzen delako ere. Arrazoi hauek prezioari eragiten diote eta kontsumitzaileentzat onuragarriak izaten dira; era honetan, kontsumitzaileek, lan berdinarekin, edo lan berdina ekoizpenaren balioarekin elkartrukatuz, hobekuntzak izan dituzten merkantzietatik kopuru handiagoa erdietsiko dute; baina ez du inolako eraginik izango irabazien gain. Bestalde, langilearen alokairuan ematen den beherakada bakoitzak irabaziak igotzen ditu, baina ez du inolako ondoriorik sortzen merkantzien prezioan. Bata klase guztientzat da onuragarria, klase guztiak baitira kontsumitzaileak; bestea, ekoizleentzat bakarrik da onuragarria; hauek gehiago irabazten dute, baina gauzak ez dira prezioz aldatzen, lehengoan mantentzen dira. Lehenengo kasuan, lehen bezala erdiesten dute; baina irabaziak gastatzen direneko ondasun guztien ganbio-balioa gutxitu egiten da.

Herrialde batean merkantzien ganbio-balioa arautzen duten erregelek, ez dute balio herrialde bi baino gehiagoren arteko merkantzien ganbio-balioa arautzeko.

Merkataritza gardenki librea den sistema batean, herrialde bakoitzak onuragarriena duen enpleguan erabiliko ditu bere kapitala eta lana. Abantaila indibidualak eskuratzeko joera hau, guztien onura unibertsalari ezinhobeki lotzen zaio. Industriari eraginez, trebezia sarituz, eta Naturak emandako ahalmenak eraginkortasun handienarekin erabiliz, lana zuzenkiago eta zuhurkiago banatzen da; era berean, ekoizkin-masa orokorra gehitzen den heinean, irabazi orokorrak hemendik eta handik zabaltzen eta elkarrekin lotzen du, interes eta elkartruke amankomunarekin bat eginda dagoen nazio eta mundu zibilizatua osatzen duen nazioen gizarte unibertsal guztia. Printzipio honen bidez determinatzen da ardoa Frantzian eta Portugalen egin behar dela, laborea Ameriketan eta Polonian, eta burdindegiko gauzak eta beste ondasunak Ingalaterran ekoiztu behar direla.

Herrialde batean irabaziek, orokorki mintzatuz, beti, maila berdinean diraute; edo diferitzen badute ere, kapitalaren enplegu ziurrago eta atseginagoari buruzkoa izango da. Hau ez da honela jazotzen herrialde ezberdinen artean. Yorkshire-n enplegatutako kapitalaren irabaziak Londonen enplegatutakoak gainditzen baldin baditu, kapitala, berehala, Londonetik Yorkshire-ra mugituko da, eta irabaziak berdindu egingo dira; baina kapitala eta populazioa handitzearen ondorioz, Ingalaterrako lurretako ekoizpen-tasak behera egiten badu, eta honen guztiaren ondorioz alokairuak igo eta irabaziak erori egiten badira, horrek ez du derrigorrez populazioa eta kapitala Ingalaterratik Holandara, edo Espainiara, edo Errusiara, hau da, irabazi garaiagoak izango lituzketen herrietara joango direnik suposatu behar,

Portugalek beste herrialdeekin merkatal harremanik ez balu, bere kapital eta jarduera gehiena ardoa ekoizten enplegatu ordez -horren truke beste herrialdeetatik arropa eta burdingaiak lortzen ditu-, behartuta egongo litzateke bere kapitalaren zati bat merkantzia hauen ekoizpenera zuzentzera; era honetan, ziurrenik, kalitate eta kantitate apalagokoak erdietsiko lituzke.

Portugalek Ingalaterrari ehunen truke eman behar dion ardo-kantitatea ez dago zehaztuta, bi merkantziak Ingalaterran edo biak Portugalen ekoiztu bailiren, bakoitzaren ekoizpen horretan erabili den lan-kantitatearen arabera.

Ingalaterraren kasuan, gerta liteke ehuna ekoizteko urteko 100 langileren lana behar izatea, ardoa denbora berean ekoizten saiatuz gero, 120 langileren lana behar izango lituzkeen bitartean. Kasu honetan, Ingalaterrak ardoa inportatzeko eta hori erosteko ehuna esportatzeko interesa izango luke.

Portugalen ardoa ekoizteak urte batean 80 langileren lana eska lezake, eta denbora eta herrialde berean ehuna ekoizteko 90 langile behar izan. Kasu honetan, Portugalentzat onuragarriago da ardoa esportatzea ehunen truke. Elkartruke hau ere buru daiteke Portugalek inportatzen duen merkantzia Portugalen Ingalaterran baino lan gutxiagorekin ekoiz daitekeen arren. Nahiz eta ehun hori 90 langileren lanarekin egin ahal izan, hala ere, ekoizpen berdin horretarako 100 langile behar diren beste herrialdetik inportatuko luke Portugalek kapital guztia ardoa ekoizteko erabiltzea, gehiago interesatzen baitzaio; hau dela eta, Portugalek berak ekoiztuko balu baino ehun gehiago erdietsiko luke Ingalaterratik, horretarako mahastietatik kapitalaren zati bat aterata.

Beraz, Ingalaterrak Portugali 100 langileren ekoizkina emango dio 80 langilek egindako lanaren truke. Honelako ganbiorik ez litzateke herrialde bereko gizabanakoen artean egongo. 100 langile ingelesen lana ezin daiteke eman 80 langile ingelesen lanaren truke; baina 100 langile ingelesen ekoizkina eman daiteke 80 langile portugaldar, 60 errusiar edo 120 hinduk ekoiztutakoaren truke. Herrialde bakar eta askoren arteko alde hau azaltzen erraza da: Horretarako enplegu errentagarriagoa izan dezan, herrialde batetik bestera joateko kapitalak dituen zailtasunak kontuan hartu behar dira, eta bien bitartean, aldaketa hau oso erraza eta azkarra izaten da herrialdea osatzen duten probintzien artean ematen denean2.

Zalantzarik gabe, egoera honetan Ingalaterrako kapitalistentzat eta bi herrialdeetako kontsumileentzat, ardoa eta ehuna, biak, Portugalen ekoiztea abantailatsua izango litzateke, eta beraz, helburu hori betetzeko, Ingalaterran ehuna ekoizteko enplegatzen diren kapital eta lana Portugalera mugitzea. Hortaz, merkantzia hauen balio erlatiboa erregulatzen duen printzipioa baliagarria izango litzateke, bai kanpo-merkataritzarako, bai merkantzia bat Yorkshire-ko ekoizkina eta bestea Londonekoa diren kasurako ere; eta antzeko kasu guztietan, irabazi handiena dagoen herrialdeetan enplega dadin kapitala libreki higi badaiteke, orduan, ezin liteke alderik egon ez irabazi-tasan, ezta prezio erreal edo merkantzien lan-prezioan ere, baldin eta merkantzia horiek saltzeko diren merkatu ezberdinetara eroateko behar den lan gehigarriarena ez bada behinik behin.

Hala ere, esperientziak dioenez, kapitalaren segurtasun-eza, ustezkoa edo erreala, nabaria da bere jabearen kontrol zuzenetik at geratzen denean; honi eransten badiogu gizaki guztiei beren sorterria eta adiskideak utzi beharrak batetik, eta beren buruak eta ohiturak gobernu arrotz eta lege berrietara aurre egin beharrak bestetik eragiten dien nazka eta gogo txarra, orduan, kapitalaren emigrazioa gelditu egiten da. Sentimendu hauen ondorioz -hauek ahultzea erabat tamalgarritzat joko nukeena-, dirudunek beren herrialdeetan lortutako tasa apalagoekin pozik egon beharko dute, beren aberastasunentzat kanpo-nazioetan kapitalaren enplegu onuragarriagoak aurkitu ordez.

Zirkulaziorako lanabes orokor gisa, urrea eta zilarra hautatu dira, eta berauek, merkatal lehiaketa dela eta, herrialde ezberdinen artean proportzio batzuetan banatuak daude, metal hauek existitzeke emango litzatekeen trafiko naturalari egokituko bailitzaion, eta beraz herrialdeen arteko trukeko merkataritza hutsa bailitzan.

Haatik, Portugalera ezin daiteke ehuna inportatu, baldin eta inportatu deneko herrialdean urretan kostatuko litzatekeena baino garestiago saltzen ez bada; eta ardoa ezin daiteke inportatu Ingalaterrara, Portugalen urretan kostatuko litzatekeena baino garestiago saltzen ez bada. Merkataritza truke gardena balitz, Ingalaterrak honela jarraituko luke, soilik lan-kopuru zehatz batekin ekoizten duen ehun merkearen truke Portugaletik lortuko lukeen ardo-kopurua, bere mahastietan ekoiztuta baino handiagoa den bitartean; baita Portugalen alderantzizko ondorioak ematen diren bitartean ere. Demagun Ingalaterran ardoa ekoizteko era berria asmatzen dela eta inportatzea baino interesgarriagoa zaiola bertan egitea; orduan, normala denez, bere kapitalaren zati bat kanpo-merkataritzatik barne-merkataritzara igaroko litzateke; esportaziorako ehuna ekoizteari utziko litzaioke eta ardoa bere kontsumorako ekoiztuko litzateke. Merkantzia hauen diruzko prezioa bere erara erregulatuta geratuko litzateke; ardoarena erori eta ehunarena lehen bezala mantenduko litzateke; eta Portugalen ez litzateke prezio bi hauen inolako aldaketarik emango. Denboraldi batean zehar bederen, ehuna Ingalaterratik esportatzen jarraituko litzateke, bere prezioak Portugalen Ingalaterran baino altuagoa izaten jarraituko bailuke; baina ardoa beharrean dirua emango luke ehunaren truke, eta ondorioz, Ingalaterran diru-metaketa emango litzateke eta alderantziz gertatuko litzateke Portugalen; eta honen guztiaren eragina bi herrialdeetako ehunaren balio erlatibora iritsiko litzateke, beronen esportazioak errentagarri izateari utziz. Ardoa egiteko hobekuntza oso garrantzi handikoa balitz, bi herrialdeentzat errentagarria bihur liteke jardueraz aldatzea; Ingalaterrak ardo guztia egitea, eta Portugalek, biek kontsumitzen duten ehun guztia; baina egoera honetara iritsi aurretik, metal preziatuen banaketa berria eman beharko litzateke, honen ondorioz Ingalaterran ehunaren prezioak igo eta Portugalen jaitsi beharko lukeelarik. Ingalaterran ardoaren prezio erlatiboa eroriko litzateke, bere ekoizpenean hobekuntza errealak sartu direlako, eta ehunaren prezio erlatiboa igoko litzateke, diru-metaketa eman delako.

Beraz, demagun Ingalaterran ardoaren ekoizpenean hobekuntzak sartu aurretik upel baten prezioa 50£koa, eta ehun-kopuru jakin batena 45£koa zela; bien bitartean, Portugalen, ardo-kopuru berdinarena 45£koa, eta ehun-kopuru berdinarena 50£koa; ardoa Portugaletik 5£ko irabaziz eta ehuna Ingalaterratik irabazi berdinez esportatuko lirateke.

Demagun orain hobekuntzak egin direla eta Ingalaterran ardoaren prezioa 45£ra jaitsi dela, ehunak prezio bera mantentzen duen bitartean. Merkataritzan ematen den transakzio bakoitza transakzio independientea da. Merkatari batek Ingalaterran ehuna 45£n eros dezakeen bitartean, gero Portugalen nahitaez irabazia lortuz saldu ahal izateko, Ingalaterratik esportatzen jarraituko du. Bere negozioa, sinpleki esanda, Ingalaterran ehuna erostea izango da, eta ganbio-letraren bidez ordainduko du, hain zuzen, Portugalen salduta erdietsiko duen diruarekin erosiko du letra hori. Ez dio axola diru horrekin zer egiten den; bere zorra kitatu du letra hori entregatuta. Bere transakzioa, zalantzarik gabe, letra hori erdiesteko baldintzek erregulatuko dute, baina berauek merkatariarentzat jakinak dira une honetan; letra hauen merkatu-prezioa eragiten duten arrazoiak, edo ganbio-tasa bera ere ez zaizkio axola merkatari honi.

Merkatuak Portugaletik Ingalaterrara ardoa esportatzearen aldekoak badira, esportatzailea letra baten saltzailea izango da eta letra hori ehunaren inportatzaileak berak edo honi letra saldu dion pertsona batek eros liezaioke; horrela, diruak herrialde batetik bestera igarotzeke, herrialde bakoitzeko esportatzaileek beren ondasunak saldu dituztela eta, ordainduak izango dira. Beraien artean zuzeneko transakziorik izateke, Portugalen ehun-inportatzaileak ordaintzen duen dirua bertako ardo-esportatzaileari ordaintzeko izango da; eta Ingalaterran letra bera negoziatuz, ehun-esportatzailea baimenduta geratuko da ardo-inportatzaileak ipintzen duen dirutik hartzeko.

Baina ardoaren prezioak Ingalaterrara ezin esportatzeko modukoak balira, orduan ere, ehun-inportatzaileak letra berdin-berdin erosiko luke; baina letra honen prezioa altuagoa izango litzateke, zeren eta beronen saltzailea, merkatuan letra hau konpentsatuko duen inor ez dagoela jakingo baitu, azken finean, bi herrialdeen arteko transakzioak kitatuko dituen letra; jakin dezake bere letraren truke har lezakeen urre- edo zilar-moneta Ingalaterrako bere korrespontsalari igor liezaiokeela, azken honek eskatutako merkantzia ordain dezan; ondorioz, letra-saltzaileak, irabazi garden eta nahitaezaz gain, kasu honetako gastu guztiak erantsiko lizkioke letraren prezioari.

Beraz, Ingalaterran letragatik ordaintzen den sariak ehuna inportatzeagatik lortzen den irabazia berdintzen badu, beronen inportazioa bertan behera geratuko litzateke; baina letraren gaineko saria ehuneko 2 besterik ez balitz, Ingalaterran 100£ko zorra ordaintzeko Portugalen 102£ ordaindu behar bada, ehuna 45£ kostatu eta 50£n saltzen den bitartean, ehuna inportatzen jarraituko litzateke, letrak erosiko lirateke eta dirua esportatuko litzateke, Portugalen dirua gutxitu, eta Ingalaterran beronen metaketa eman arte; hemen prezio-igoera deserosora helduko litzateke, eta honen ondorioz, luze baino lehen, transakzioak egiten jarraitzeak ez luke errentagarritasunik suposatuko.

Baina herrialde bateko diru-murrizketak eta beste bateko gehikuntzak, merkantzia baten prezioari bakarrik ez, merkantzia ororen prezioari eragiten diote, eta horregatik, ehun eta ardoaren prezioa, biena, igo egingo da Ingalaterran eta biena jaitsi Portugalen. Ehunaren prezioa herrialde batean 45£koa bada eta 50£koa bestean, ziurrenik, 49£ra edo 48£ra eroriko da Portugalen, eta 46£ edo 47£ra igo Ingalaterran, eta ez lioke irabazi nahiko bati aurre egingo letraren saria ordaindu ostean. Honek guztiak, ez ditu merkatariak merkantzia hori inportatzera bultzatuko.

Beraz, trukeko merkataritza egokien erregulatuta gera dadin, herrialde bakoitzari dagokion dirua, zehazki behar diren kantitateetan esleituta geratuko da. Ingalaterrak ehuna esportatzen zuen ardoaren truke, zeren eta, honela eginez gero, bere industria ekoizkorrago bihurtzen baitzizaion; era horretan, ehun eta ardo gehiago zituen, berak biak bere kontsumorako ekoiztuta baino; eta Portugalek ehuna inportatzen zuen eta ardoa esportatu, zeren eta Portugaleko industria era onuragarriagoan egongo baitzen bi herrialdeentzat ardoa ekoiztuz. Demagun Ingalaterran ehuna ekoizteko zailtasun gehiago dagoela, edo Portugalen ardoa ekoizteko; edota Ingalaterran ardoa nahiz Portugalen ehuna ekoizteko erraztasun gehiago dutela, eta merkataritzak, bat-batean, bertan behera geratu behar duela.

Portugalen egoerak ez du inolako aldaketarik izango, baina Ingalaterra bere lana ardoa egiten era ekoizkorragoan enplega dezakeela ohartuko da, eta berehala, bi herrialdeen arteko trukeko merkataritza aldatu egingo da. Ez litzateke Portugaletik esportatzen den ardoa bertan behera geratuko litzatekeen bakarra izango; metal preziatuen banaketa berria burutu eta bere ehun-inportazioa eten egingo litzateke.

Bi herrialdeek, ziurrenik, interesgarria aurkituko dute beren ardoa eta beren ehuna egitea; baina honako emaitza berezi hau burutuko litzateke: Ingalaterran, nahiz eta ardoa merkeagoa izan, ehunaren prezioa igo egingo litzateke, eta kontsumitzaileek gehiago ordainduko lukete ondasun hori; bien bitartean, Portugalen, ardo- zein ehun-kontsumitzaileek, bi merkantzia hauek merkeago erosiko lituzkete. Hobekuntza ematen den herrialdean prezioak garestituko lirateke; eta aldaketarik eman ez, baina kanpo-merkataritzaren adar errentagarria kendu zaion herrialdean prezioak erori egingo lirateke.

Hala ere, hau ez litzateke itxurazko abantaila baino gehiago izango Portugalentzat, zeren eta herrialde horretan ekoiztutako ardo- eta ehun-kantitatea, batera, urrituko bailirateke, eta bien bitartean, Ingalaterran ekoiztutakoa inkrementatu egingo litzateke. Diruak, hein batean, balioa aldatuko luke bi herrialdeetan; Ingalaterran balioa galduko luke eta gehitu Portugalen. Dirutan zenbatetsita, Portugaleko errenta osoa gutxituko litzateke; neurri berdinarekin berriz, Ingalaterrakoa handitu egingo litzateke.

Beraz, badirudi herrialde bateko ekoizpenean hobekuntzak sartzen direnean, munduko herrialdeetan dagoen metal preziatuen banaketa aldatzeko joera egoten dela, eta aldi berean, hobekuntzak sartu diren herrialdeko prezio orokorrak igo egiten direla.

Arazoa erraztekotan, suposatu dut bi herrialdeen arteko merkataritza bi merkantziatara mugatzen dela: ardoa eta ehuna. Baina guztiz jakina da gauza ugari sartzen direla esportazio- eta inportazio-zerrendetan. Herrialde batetik dirua kenduz eta beste batean metatuz, merkantzia ororen prezioei eragiten zaie, eta ondorioz, diruaz gain, merkantzia gehiagoren esportazioa sustatzen da; era honetan, diruaren balioan eragin lezakeen ondorioa itxaron zitekeen bezain nabaria izatera ez da iristen.

Makineria eta arteetan egoten diren hobekuntzez gain, egon badaude merkataritzaren nahitaez bide naturaletan eragiten duten beste arrazoi batzuk, eta arrazoi hauek, bestalde, oreka suntsitu eta diruaren balio erlatiboa aldatzen dute. Esportazio edo inportaziorako sariek, merkantzien gaineko zerga berriek, zuzenki ez bada zeharka, trukeko merkataritza naturala kaltetu egiten dute, eta ondorioz, derrigorrez, dirua inportatzeko edo esportatzeko premia sortzen dute, prezioak merkataritzaren ildo naturalera egoki daitezen; eta ondorio hau ez da bakarrik ematen neurri kaltegarria ipini den herrialdean, neurri handiago edo txikiagoan, baita merkatal munduan parte hartzen duten herrialde guztietan ere.

Honek, hein batean, herrialde ezberdinetako diruaren balio desberdinak azaltzen dizkigu; honek ere azalduko digu zergatik kontsumorako merkantzia nazionalen prezioak eta ahalmen handikoak, nahiz konparatiboki balio txikiagokoak izan, ekoizkin ugariak sortzen diren herrialdeetan garestiagoak diren. Bi herrialdeek populazio berdina badute, lur-kantitate berdina, emankortasun eta merkataritzarako jakintza berdinarekin, oinarrizko ondasunen prezioak garaiagoak izango dira esportatzeko merkantzietan makineria hobea eta trebezia handiagoa dagoen herrialdean. Irabazi-tasak, ziurrenik, desberdinak izango dira, baina diferentzia ez da handia izango, zeren eta alokairuak, edo langilearen sari errealak, berdinak izan baitaitezke bi tokietan; baina alokairu hauek, oinarrizko ondasunak bezala, dirutan altuagoak izango dira, bere ondasunen truke diru ugari inportatzen den herrialdean abantailak dituztelako: makineria aurreratuagoa eta lanerako trebezia handiagoa.

Bi herrialde hauetan, batek kalitate bateko ondasun-ekoizpenean abantaila badu, eta besteak beste kalitateko batean, orduan ez da metal preziatuen erabateko sarrerarik egongo, ez batean, ezta bestean ere; baina abantaila guztiz nabaria balitz bietako baten alde, sarrera hura ekidinezina izango litzateke.

Lan honen lehengo zatian suposatu dugu, argudioaren helburuak kontuan hartuta, diruak, beti, balio berdinarekin jarraitzen duela; orain frogatzen saiatu behar dugu diruaren nahitaez balioaren aldaketez gain, aldaketa hauek merkatal mundu guztian amankomunak badira ere, badaudela, egon ere, aldaketa partzialak; eta hauei ere herrialde batzuetako dirua lotzen zaie; eta "de facto" diruaren balioa inoiz ez da berdina bi herrialdetan; izan ere, balio hau zerga-sistema erlatibo, ekoizteko trebezia, klimaren abantaila, natur ekoizpen eta beste arrazoi askoren menpe baitago.

Hala ere, nahiz eta dirua etengabeko aldaketa hauei lotuta egon, eta ondorioz, herrialde askok amankomunean dituzten merkantzien prezioek ere alde nabariak izan, hala ere, diru-sarrerak eta -irteerak ez dute irabazi-tasetan inolako ondoriorik sortuko. Kapitala ez da inkrementatuko zirkulatzen duen bitartekoa gehitu delako. Nekazariak bere lurjabeari ordaintzen dion errenta eta langileei ordaindutako alokairuak, herrialde batean bestean baino ehuneko 20 altuagoak badira, eta era berean nekazariaren kapitalaren balio nominala ehuneko 20 garestiago bada, nekazari honek irabazi-tasa berdina eskuratuko du, nahiz eta bere oinarrizko ekoizkina besteena baino ehuneko 20 garestiago izan.

Irabaziak, maiz esan denez, alokairuen menpe daude; baina ez alokairu nominalen menpe, alokairu errealaren menpe baizik; ez langileari urtero ordaintzen zaion libera-kopuruaren menpe, libera horiek lortzeko behar diren lan egunen kopuruaren menpe baizik. Alokairuak, beraz, bi herrialdeetan berdinak izan daitezke; berauek ere gorde dezakete proportzio berdina errentarekiko eta lurretik erdiesten den ekoizkin ororekiko, nahiz herrialde hauetako batean langileak aste bakoitzeko 10 shilling jaso eta bestean hamabi.

Gizartearen lehenengo garaietan, manufakturak aurrerapen apalarekin ekoizten zirenean, eta herrialde guztietan ekoizpenak berdintsuak zirenean, merkantzia gehienak arruntak eta erabilgarriak besterik ez zirenean, herrialde ezberdinetako diruaren balioa, gehienbat, metal preziatuen horniketa egiten zuten meategietara zegoen distantziak erregulatzen zuen; eta gizarte batean artisaugintzak eta hobekuntzak aurrera jotzen dutenez, eta herrialde ezberdinek ekoizkin batzuetan beren trebezia azaltzen dutenez, nahiz eta aipatu den distantzia oraindik kakuluetan sartu, metal preziatuen balioa, gehienbat, ekoizkin hauen nagusitasunak erregulatuko du.

Demagun nazio guztiek, labore, abere eta arropak bakarrik ekoizten dituztela, eta merkantzia hauek esportatuz urrea eskuratzen dutela metal preziatu hau ekoizten duten herrialdeetatik, edota jadanik jasota zuten herrialdeetatik; urreak, normala denez, balio handiagoa izango du Polonian Ingalaterran baino; zeren eta laboreak bezala bolumen handia duen ekoizkinak urrutiragoko bidaia egiteko gastu handiagoa izango baitu; beraz, urrea Poloniara bidaltzeko gastuak Ingalaterrara bidaltzekoak baino handiagoak izango dira.

Urrearen balioek duten diferentzia, edo gauza bera, bi herrialdeetan laboreek duten prezioen aldea existituko litzateke, nahiz eta Ingalaterran laborea ekoizteko dauden erraztasunak Poloniakoen gainetik egon, lurraren emankortasuna oparoagoa delako eta langilearen lanabesak eta trebezia ere hobeak direlako.

Hala ere, Polonia lehena balitz bere ekoizkinak hobetzen, berak arrakasta balu orokorki desiratzen den merkantzia bat egiten, bolumen txikian balio handia izanez, edo beste herrialdeek ez duten berezko dohain batez hornituta balego ekoizkin berezi eta orokorki desiratua ukanez, merkantzia honengatik urre gehigarria eskuratuko luke eta, hain zuzen, gehigarri honek eragina izango luke bere labore, abeltzaintza eta jantzien prezioan. Distantziak sortzen duen desabantaila, ziurrenik, konpentsatuta baino gehiago geratuko litzateke balio handiko merkantzia esportagarria izateak suposatzen duen aldea dela eta; orduan, diruak, iraunkorki, balio apalagoa izango luke Polonian Ingalaterran baino. Eta aldiz, trebezia eta makineriaren abantailak Ingalaterrak edukiko balitu, lehen zeukan abantailari beste bat erantsi beharko litzaioke, hau da, zergatik urreak balio gutxiago izan beharko lukeen Ingalaterran Polonian baino, eta zergatik labore, abeltzaintza eta jantzien prezioek garaiagoak izan beharko luketen lehenengo herrialdean.

Nire ustetan hauek dira munduko herrialde ezberdinetako diruaren balio erlatiboa erregulatzen duten bi arrazoiak; nahiz eta zergapetzeak zenbait desoreka sortu diruaren baitan, hau honela gertatzen da herrialde batek trebezia, industria eta klimarekin elkartuta dituen abantaila batzuk galdu egiten dituelako.

Arreta handiz saiatu naiz diruaren balio apala eta laborearen balio altua bereizten, edota diruarekin erkatu daitekeen edozein merkantziarena. Orokorki, gauza berdina adierazten dutela kontsideratuko da. Baina begi-bistakoa da bushel bat labore bost shillingetik hamarrera igotzen denean, diruaren balioa erori delako edo laborearena igo delako izan daitekeela. Halaber, ikusi dugu, nekazaria behartuta egoten dela, behin eta berriro, kalitate txarragoko lursailak erabiltzera, etengabe inkrementatzen ari den populazioa elikatzeko; orduan, laborearen balioa, beste gauzen balio erlatiboarekiko igo egingo da. Laboraren prezioak igoera berdina izango du merkantziak ekoizteko makineriak hobekuntzak izan dituelako, horrela, merkantziak ekoizteko abantaila bereziekin utz gaitzan; horren ondorioa diru-etorrera izango da; diruak balioa galduko du, eta beraz, labore gutxiagorekin ganbiatuko da. Baina laborearen balioa igo edo diruaren balioa merketzeagatik laborea garestitzen bada, kasu bakoitzean ondorioak guztiz ezberdinak dira. Bi kasuetan, alokairuen diruzko prezioa igo egingo da, baina hori diruaren balioa erori delako gertatzen bada, orduan, ez dira bakarrik alokairuak eta laborea igoko, gainontzeko merkantzia guztiek ere berdin egingo baitute. Enpresariak gehiago ordaindu behar badu alokairu garaiagoei aurre egin behar zaiela eta, gehiago eskuratuko du bere merkantzien bidez, eta irabazi-tasa aldatzeke mantenduko da. Baina, laborea, bere ekoizpena zaildu delako garestitzen denean, irabaziak erori egingo dira; enpresaria alokairu altuagoak ordaindu beharrean egongo da, eta beraz, ez da gai izango bere burua saritzeko, ekoizten dituen merkantzien prezioa igoz.

Meategien ustiapena errazten duen edozein hobekuntza dela eta, metal preziatuak lan-kantitate gutxiagorekin lortzen badira, orokorki, diruaren balioa erori egingo da. Orduan, herrialde guztietan, diru-kopuru berdina merkantzia gutxiagoekin ganbiatuko da; baina herrialde jakin bat manufakturetan nabarmentzen denean eta honek herrialdera dirua erakartzen badu, diruaren balioa jaitsi egingo da eta labore eta lanaren prezioak, erlatiboki, beste herrialdeetan baino garestiagoak izango dira.

Diruaren balio altuago hau ez da ganbioan nabarmenduko; letrak, ziurrenik, parean negoziatzen jarraituko dira, nahiz eta labore eta eskulanaren prezioak, herrialde batean bestean baino ehuneko 10, 20 edo 30 garestiago izan. Suposatu diren baldintzetan, honelako prezio-aldeak gauzen egoera naturalaren barruan daude, eta ganbioak parean egon ahal izateko, manufakturetan nabarmendu den herrialdean nahikoa diru-kantitateak sartu behar izango du bere labore eta eskulanaren prezioak garesti daitezen. Atzerritar herrialdeek dirua esportatzea galaraziko balute, orduan, berauek, ekoizlea den herrialdeko labore eta eskulanaren prezioak garestitzea ekidin lezakete; igoera hau bakarrik gerta daiteke metal preziatuen etorrera eman ostean eta diru-papera ez dela erabiltzen suposatzen bada; baina hala ere, ez lukete elkarganbio kaltegarriagoa saihestuko. Ingalaterra herrialde ekoizlea balitz eta diru-inportazioari ekiditea posible balitz, orduan, Frantzia, Holanda eta Espainiarekiko ganbioa, ehuneko 5, 10 edo 20ean okertuko litzaieke herrialde hauei.

Diruaren korrontea derrigorrez gelditzen den aldiro eta dirua bere neurri egokian finkatzea saihesten den aldiro, ganbioaren aldaketetan ezin daiteke mugarik egon. Egoera honen ondorioak eta diru-papera, zein bere edukitzaileak nahi izanda ere ezin dezakeen metal preziatu bihurtu, derrigorrez zirkulazioan ezartzen denean ematen diren ondorioak antzekoak dira. Mota honetako dirua, jaulki den herrialdera mugatuko da, beste inora ez: ezin daiteke beste herrialdeetara orokorki hedatu, nahiz eta ugariegia izan. Zirkulazio-maila suntsituta geratuko da, eta ganbioa derrigorrez kaltegarria izango da diru-kopuru handiegia zirkulatzen dueneko herrialdearentzat: ondorio berberak izango lirateke zirkulazio metalikoa indargetu edo ihesgaitzeko legeen bidez herrialdetik irtetzeke geratuko balitz, nahiz eta merkataritzaren korronteak diru metaliko hori beste herrialdeetarantz bultzatu.

Herrialde bakoitzak zehazki behar duen diru-kantitatea duenean, diru honek ez du balio berdina izango beste herrialdeetan, zeren eta merkantzia askotan ehuneko 5, 10 edo 20ko aldeak egon badaitezke ere, ganbioa parean egongo da. Ehun liberek Ingalaterran, edo 100£k daukaten zilarrak, 100£ko letra edo zilar-kantitate berdina erosiko du Frantzian, Espainian edo Holandan.

Herrialde ezberdinetan diruaren balio konparatiboaz eta ganbioaz mintzatzerakoan, ezin gaitezke, inola ere, diruaren balioaz aritu, herrialde batean edo bestean merkantziatan zenbatesten bada ere. Diruaren balio erlatiboa labore, ehun edo beste edozein merkantziatan neurtzen bada, ez da inoiz ganbioa jakiten, bai ordea herrialde bateko moneta bestekoekin zenbatesten denean.

Bi herrialdetako moneten aldaketa nolakoa den jakiteko, neurri amankomuna duten merkantziak erabil daitezke. Ingalaterraren gain ipini den 100£ko letra batekin lortzen den merkantzi kopurua, Frantzian edo Espainian Hanburgoren gain ezarri den 100£ko letrarekin erdiesten den adinakoa bada, orduan, Hanburgo eta Ingalaterraren arteko ganbioa parean egongo da; baina Ingalaterraren gaineko 130£ko letra batekin Hanburgoren gain dagoen 100£koarekin lortu daitekeen merkantzi kopurua baino gehiago erdiesten ez bada, ganbioa, ehuneko 30ean, Ingalaterraren aurka egongo da.

Demagun Ingalaterran 100£gatik letra bat eros daitekeela, edota Holandan 101£ eskuratzeko eskubidea, Frantzian 102£, eta Espainian 105£. Kasu honetan, Ingalaterrarekiko ganbioa ehuneko 1ean Holandaren aurkakoa da, ehuneko 2an Frantziaren aurkakoa eta ehuneko 5ean Espainiaren aurkakoa. Honek adierazten digu diru-maila izan behar lukeena baino garaiagoa dela herrialde horietan, eta diru horien eta Ingalaterrakoaren balio konparatiboak berehala parera etorriko lirateke, herrialde horietakoa gutxituta edo Ingalaterrakoa gehituta.

Azken hamarkadan, ganbioa herrialde honen aurka ehuneko 20tik ehuneko 30era igaro zenean, gure dirua desbalioztatua izan zela esaten zutenek ez dute inoiz sostengatu, uste izan den bezala, dirua ez zela, merkantzia batzuekin alderatuta, herrialde batean bestean baino baliagarriagoa izango; sostengatzen zuten gauza bakarra zen, Ingalaterran 130£ ezin zitezkeela desbalioztatu gabe geratu, 100£ko metalak -Hanburgo edo Holandako dirutan zenbatetsita- izan zezakeena baino balio handiagorik ez zuenean.

Ingalaterratik Hanburgora 130£ igortzen badira, 5£ko gastua egin behar izan ondoren, han 125£ izango nituzke; beraz, zergatik eman beharko nituzke 130£ Hanburgon 100£ balio duen letra baten truke, nire libera esterlinak txarrak ez badira? Hauek hondatuak zeuden, beren benetako balioari dagokionez degradatuak, Hanburgoko libera esterlinen balioarekin erkatuta; beraz, Hanburgora igortzen baditut, 5£ko gastuak ordainduta, han 100£n salduko lirateke. Metalezko libera esterlinekin ez zait ukatzen nire 130£rekin Hanburgon 125£ lortuko ditudala; baina paperezko libera esterlinekin, 100£ besterik ezin ditzaket erdiets; eta oraindik defenditu izan da paperezko 130£k, zilar edo urrezko 130£ren balio berdina duela.

Beste batzuek, zentzudunagoek, paperezko 130£k eta metalezko (urre edo zilar) 130£k balio berdina zutela baieztatzen zuten; baina hauek ziotenez, metalezko dirua zen balioa aldatu zuena eta inola ere ez paperezko dirua. Desbalioztapen hitzaren adierazpena eta edukina balio efektiboaren beherakadara mugatu nahi zuten, eta ez diferentzia konparatibo batera, hain zuzen, dirua eta hau legalki neurtzen duen tresnak duen balioaren artekora. Lehen 100£ ingeles diruak, Hanburgon 100£ko moneta eros zezakeen eta honen balioa honakoa zen: beste edozein herrialdetan, Ingalaterraren zein Hanburgoren gaineko 100£rekin merkantzi kopuru berdina eros zitekeen. Geroago gauza berdinak erosteko, diru ingelesean 130£ eman behar zituen, Hanburgok bere 100£rekin lortzen zituen bitartean. Ingeles diruak lehengo balio berdina mantentzen bazuen, begi-bistakoa da Hanburgokoarena igo zela. Baina, non dago honen froga? Nola jakingo dugu diru ingelesa erori den edo Hanburgokoa izan dela igo dena? Ez dago hori neurtzeko tresnarik. Frogarik onartzen ez duen argudioa da, eta ezin daiteke baiezta, ezta ezezta ere. Munduko nazioek aspaldidanik jakin beharko lukete naturan ez dagoela balioa neurtzeko tresna estandarrik, erratzeke erreferentzia gisa erabiltzeko modukoa; eta beraz, merkantzia guztien artean, aldagaitzena iruditu zitzaien neurria hartu zuten.

Neurri horretara doitu behar dugu, legea aldatzen ez den bitartean, eta beste merkantzia erosoago eta hobea aurkitzen ez dugun bitartean, berauen bidez neurketa zehatzagoa egin dezagun. Herrialde honetako patroi hori urrea den bitartean, libera esterlina batek 5 dwts*. eta 3 gramo urre estandarren balioa ez duenean, diruak balioa galduko du, eta hori urrea jaitsi edo igotzen denean gertatuko da.