Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XXI. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XXI. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXI. Kapitulua

Metaketaren ondorioak irabazi eta interesen gain

Kapitalaren irabaziei buruz egin den azterketaren arabera, badirudi kapital-metaketak ez dituela irabaziak iraunkorki apalduko, gertakizun bereziren baten ondorioz alokairuak igo eta honela irauten ez badute behintzat. Eskulana mantentzeko fondoak bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztuko balira, ez litzateke zailtasun handirik egongo, luze baino lehen, industrian enplegatu ahal izateko nahikoa eskulan erdiesteko; baina, herrialdeko elikagaiak gehitzeko zailtasunak beti handitzen ari direla eta, balio berdineko fondoek, ziurrenik, ez lukete langile-kopuru berdina mantenduko. Langileen oinarrizko ondasunak erraztasun berdinarekin eta etengabe gehituko balira, ezin liteke irabazi-tasan aldaketa iraunkorrik egon, ezta alokairu-tasan ere, edozein izanda ere meta litekeen kapital-kopurua. Adam Smithek aldiz, zalantzarik gabe gainera, irabazien beherakada kapital-metaketari eta hortik sortzen den lehiaketari egozten dio; izan ere, kapital gehigarria enplegatu ostean langile-kopuru handiagoa egongo da eta hauek elikagai ugariago beharko dituzte, eta egoera horri aurre egiterakoan sortuko liratekeen zailtasunak ez ditu aipatzen: "Kapitalaren gehikuntzak alokairuak igoarazi eta irabaziak jaitsarazi egiten ditu. Merkatari aberats askoren kapitalak jarduera berdinean erabiltzen direnean, berauen arteko lehiaketara heltzen dira, eta irabaziak naturalki jaitsi egiten dira; antzeko gehikuntza ematen denean jarduera desberdinetako kapitaletan, lehiaketaren bidez egoera berdinera helduko ginateke adar guztietan". Adam Smithek, hemen, alokairuen igoeraz hitz egiten du, baina behin-behineko igoera da, hain zuzen, populazioa gehitu aurretik fondoaren hazkundeak sortu zuen igoera; eta badirudi bera ez dela ohartzen kapitala gehitzearekin batera, honek egin behar duen lana ere proportzio berdinean handitzen denaz. Say jaunak, aldiz, argi eta garbi frogatu du, herrialde batean ez dagoela enplegatzeke gera daitekeen kapitalik, eskaria ekoizpenak besterik ez duelako mugatzen. Inork ez du ekoizten kontsumitzeko edo salmentarako ez bada, eta inoiz ez da saltzen beste merkantzia bat erosteko ez bada; eta merkantzia hau berehala erabiltzeko ez bada, geroagoko ekoizpena laguntzeko izango da. Haatik, ekoizlea, derrigorrez, bere ondasunen kontsumitzailea bihurtzen da, edo beste edozein pertsonaren ondasunen erosle eta kontsumitzaile. Ezin da uste izan pertsona hau denbora luzean egongo denik gaizki informatua abantailatsuenak diren gauzak ekoizteari buruz, honela berak gehien nahi duena erdietsi ahal izateko, hau da, beste ondasun batzuk edukitzea; eta beraz, ez da batere ziurra eskaririk ez duen merkantzia ekoizten jarraituko duenik1.

Ezin daiteke, beraz, herrialde batean meta ekoizkorki enplegatuko ez den kapital-kopururik, alokairuak igotzen ez diren artean; igoera hori oinarrizko ondasunak garestitzerakoan emango da, ondorioz kapitalaren irabaziak murriztu egingo dira, eta metaketa hori geraraziko du, metatzeko motibazioa desagertu egiten baita2. Kapital-irabaziak garaiak diren bitartean gizakiek kapitala metatzeko gogoa izango dute. Gizaki batek gogoren bat asetzeke duen bitartean merkantzia gehiago eskatuko du, eta hau eskari efektiboa izango da, berauen ordez ganbiatzeko balioren bat eskaintzeko duen bitartean. Urteko 100.000£ko errenta duen gizaki bati hamar mila libera ematen bazaizkio, ez ditu kutxa batean gordeko, aitzitik, bere gastuak 10.000£n gehituko ditu, edo era ekoizkorrean inbertituko ditu, edo beste bati maileguan emango dizkio xede berdina bete dezan. Nolanahi ere, eskaria gehitu egingo da, nahiz objektu desberdinengatik izan. Bere gastuak handitzen baditu, bere eskari efektiboa, ziurrenik, eraikinetara, altzarietara edo beste edozein gozamenetara zuzenduko litzateke. Bere 10.000£ ekoizkorki enplegatuko balitu, eskari efektiboa elikagai, arropa eta lehengaietara zuzenduko litzateke, eta finean, langile berriak lanean ipinarazteko izan litezke; baina beti, eskaria izango litzateke3.

Ekoizkinak, beti, beste ekoizkinekin edo zerbitzuekin erosten dira; dirua, beti, ganbioa gauzatzeko bitartekaria da. Merkantzia bat gehiegi ekoitz daiteke eta horren ondorioz merkatuetan soberakinak agertuko lirateke, zeintzuek gastatu den kapital guztia berreskuratzea zailduko duten; baina hau ezin daiteke merkantzia guztietan eman; gariaren eskaria, labore hori jaten dutenen aho-kopuruak mugatzen du; oinetako eta berokien eskaria, berauek jantziko dituzten pertsona-kopuruak; baina, komunitate batek edo beronen sektore batek, kontsumitu nahi duen adina gari, oinetako edo kapela eduki arren, ez da berdina gertatzen Izadiak edo Arteak ekoizten dituzten merkantzia guztiekin. Batzuek ardo gehiago kontsumituko lukete, hori eskuratzeko gauza balira. Besteek, ardo ugari dutela eta, nahiago lukete altzari gehiago izatea edo daukatena hobetzea. Beste batzuek nahiago lukete beren parkeak dotoretzea, edo beren etxeak handitzea. Gauza hauek guztiak edo hauetako zenbait egiteko nahia, gizaki guztien gogoan dago; nahi hori betetzeko bitartekoak behar dira eta ezerk ez du ekoizpen-hazkundeak baino hobekiago beteko. Nik elikagaiak eta oinarrizko ondasunak nire esku banitu, berehala ipiniko nituzke langileak, gogoko ditudan ondasunak eta erabilpen handiena dutenak egin diezazkidaten.

Ekoizpen-hazkunde honek eta ondorioz sortzen duen eskariak irabaziak igoko dituen ala ez jakitea, alokairuen igoeraren menpe dago; eta alokairuen igoera, epe laburrerako ez bada behintzat, langileentzat diren elikagai eta oinarrizko ondasunak ekoizteko erraztasunaren menpe dago. Epe laburrerako ez bada, diot, gardenki onartuta baitago eskulan-eskaintza, azken finean, langileak mantentzeko bitartekoen proportzioan baino ez dagoela.

Kapital-metaketa elikagaien prezio apalekin eta irabazien beherakadarekin batera joan ahal izatea, kasu bakarrean eman daiteke, eta berau behin-behinekoa da: langileak mantentzeko fondoa populazioa baino fiteago ugaltzen denean gertatzen da hori; halakoetan, alokairuak garaiak dira eta irabaziak apalak. Gizaki guztiek luxuzko ondasunen erabilpena baztertuko balute eta metaketaz besterik ez balira kezkatuko, oinarrizko ondasun-kopuru bat ekoitz liteke, nahiz honentzat berehalako kontsumorik ez egon. Honelako merkantzia zehatz batzuen soberakin unibertsala sor liteke, zalantzarik gabe gainera, eta beraz, ezin liteke nahiko eskaririk egon merkantzia horien kopuru gehigarriarentzat, ezta irabazirik kapitalarentzat. Gizakiek kontsumitzeari utziko baliote, ekoizteari ere utziko liokete. Onespen hau egiteak ez du printzipio orokorra baliorik gabe uzten. Ingalaterra bezalako herrialdean, adibidez, zaila da suposatzea bertako biztanleak prest egongo liratekeela kapital eta lan guztia oinarrizko ondasunak ekoizteko esleitzera.

Merkatariek beren kapitala kanpo-merkataritzan edo garraio-jardueran erabiltzen dutenean, honela egitea hautatzen dutelako da, eta ez behartuta daudelako: merkataritza honetan irabaziak barnekoan baino zertxobait handiagoak izango direla ikusten dute.

Adam Smithek zuhurki ikusi du "gizaki guztiek duten elikagai-nahia giza urdailaren ahalmen txikiak mugatzen duela, baina konforterako tresneria, eraikinen apaingarri, jantzi, ekipamendu eta etxeko altzarien nahiek ez dutela inolako mugarik". Izadiak, beraz, derrigorrez mugatzen du nekazaritzan denboraldi jakin batean abantailatsuki erabil daitekeen kapitala; baina ez du inolako mugarik ipini kapitalaren edozein kopuru "konfort tresnak eta apaingarriak" ekoizteko erabil dadin. Honelako gozamenak ahal den gehien eskuratzea da erdietsi nahi den xedea, eta horretarako ezin hobeak dira kanpo-merkataritza eta garraio-jarduera; gizakiak horregatik aritzen dira gehiago jarduera hauetan, herrialdeak behar dituen ondasunak manufakturatzen edo hauen ordezkoak egiten baino. Hala ere, egoera berezietan ezin bagenu kanpo-merkatzaritzan edo garraio-jaurdueran kapitalik erabili, herrialdean bertan enplegatu beharko genuke, baina onura gutxiagorekin; eta konfort tresnak, apaingarriak, etxebizitza, jantzi eta altzarien nahiek mugarik ez dutenez, berauek ekoizteko erabiltzen den kapitalak ere ez du mugarik; muga, ondasun horiek ekoizteko erabiltzen diren langileak elikatzeko ahalmenak ipintzen du, besterik ez.

Adam Smithek, hala ere, garraio-jarduera hautagarria ez, derrigorrezkoa dela dio; jarduera honetan enplegatzen den kapitala honela ez balitz enplegatuko, bizigabe bailegoen litzateke, eta barne-merkataritzan enplegatzen dena kopuru batean mugatuta ez balego, gainezka egiteko egongo balitz bezala. Honela jarraitzen du: "Edozein herrialdetako kapitala maila bateraino handitzen denean eta handik aurrera ezin bada enplegatu kontsumoa hornitu eta herrialde horretako langile ekoizkorrak mantentzeko, hortik aurrera sobera dagoen guztiak garraio-jardueran gainezka egingo du eta zerbitzu berdina beste herrialde batzuetan eskaintzeko enplegatuko da".

"Britainia Handiko industriak ekoizten duen soberakinaren zati batekin urtero laurogeita hamasei mila upel tabako inguru erosten dira. Baina Britainia Handiko eskariak, agian, ez du behar hamalau mila baino gehiago. Geratzen diren laurogeita bi mila, beraz, ezin litezke kanpora bidal eta bertan eskatzen den zerbaitekin ganbia; honelako kasuan, berehala utziko genioke tabakoa inportatzeari, eta honekin batera Britainia Handiko biztanleek urtero laurogeita bi mila upel tabakoarekin ganbiatzen dituzten ondasunen ekoizpena bertan behera geratuko litzateke". Baina, ezin al liteke herrialdeko lan ekoizkorraren zati hau beste gauza batzuk egiteko enplega, gero hauek herrialdeak eskatzen dituen atzerritar ondasunekin ganbiatu ahal izateko? Eta honela ez bada, ezin al liteke lan ekoizkor hori enplega, nahiz abantaila gutxiagorekin izan, herrialdean bertan eskatzen diren ondasunak egiten, edo gutxienez, hauen ordezkoak egiten? Guk balusa nahi badugu, zergatik ez gara hori egiten saiatzen? Eta arrakastarik ez bagenu, zergatik ez egin arropa gehiago, edo kontsumitzen dugun objektu desiragarriren bat?

Guk merkantziak fabrikatzen ditugu, eta hauekin atzerrian ondasunak erosten ditugu, bertan eginda baino kopuru handiagoa lortzen dugulako. Merkataritza hau kenduko baligute, berehala hasiko ginateke behar duguna geure kontura egiten. Baina Adam Smithen iritzi hau, gai honi buruzko bere doktrina orokorrarekin kontraesanean dago. "Merkantzia bat kanpo-herrialde batetik ekarrita merkeago ateratzen bazaigu bertan eginda baino, hobe dugu atzerrian erosi eta gure industrian egiten den ekoizpen-zati batekin trukatu, eta geure indarrak abantaila duguneko jardueran erabili. Beti enplegatzen duen kapitalaren proportzioan egoten den herrialdeko eskulan orokorra, ez da horregatik urrituko, baizik eta abantaila gehien lortuko duen jardueran enplegatzeko bere bidea egin beharko du".

Beste leku batean honela dio: "Kontsumi dezaketena baino elikagai gehiago dauzkaten horiek, beti desiratzen ari dira beren soberakinekin zerbait ganbiatzeko, edota gauza bera dena, beronen prezioa, beste mota bateko asekuntzekin. Mugatutako nahiaren gainetik geratzen den bestea, ase ezin daitezkeen gozamenak ematen dizkigute, baina, dirudienez, hauek ez dute mugarik. Txiroek berentzako elikagaiak lortzeko, aberatsen amets zoroak asetzeko lana egin behar dute; eta xede hori ziurtasun handiagorekin erdiets dezaten, beren arteko lehia egoten da, egin behar duten lana merkea eta perfektua izan dadin. Langile-kopurua elikagai-kantitatearekin gehitzen da, edo lurraren lanketan hobekuntzak egiten direnean; eta hauek egiten duten lanaren izaerak beronen azpizatiketa handiagoa onartzen duenez, landu dezaketen material-kopurua, proportzioan, langile-kopuruarena baino gehiago hazten da. Hortik dator giza asmakuntzek eraikin, arropa, ekipamendu nahiz etxeko altzarietan enplega ditzaketen material ororen -baliagarri zein apaingarri- eskaria; fosil eta lurraren baitako meatzena, metalena zein harri bitxiena".

Beraz, onespen hauetatik eskariak mugarik ez duela ondorioztatzen da, hala nola etekinak ematen dituen bitartean, kapital-enpleguak ere mugarik ez duela, eta nahiz kapitala erabat ugaldu, ez dago irabaziak erortzeko arrazoirik, eta egotekotan, alokairuen igoeran datza; are gehiago, erants daiteke ere, alokairuen igoera iraunkorraren arrazoi egoki bakarra, etengabe gehitzen den langile-kopuruarentzat elikagai eta oinarrizko ondasunak hornitzeko zailtasunean datzala.

Adam Smith zuhurki ohartu da kapitalaren irabazi-tasa determinatzea oso zaila denaz. "Edozein jardueratan oso aldakorrak dira irabaziak, are gehiago, jarduera orokorrean, eta horregatik arras zaila da batezbesteko irabazi-tasa jakitea. Ezinezkoa da jakitea, zehaztasun txikienez ere, duela denbora asko zenbatekoa zen irabazi-tasa hori, are gutxiago antzinagokoa". Nahiz eta argi egon diruaren erabilpenagatik asko ordainduko dela honekin gauza asko egin daitezkeenean, hala ere, honako iradokizuna egiten du: "Merkatuko interes-tasak, irabazi-tasaren nolabaiteko noziora garamatza, eta interesaren bilakaeraren historiak, irabazien historiara hurbiltzen gaitu". Zalantzarik gabe, epe luze batean merkatuko interes-tasa zehaztasunez jakiterik bagenu, irizpide zuzena izango genuke irabazien bilakaera zenbatesteko.

Baina herrialde guztietan, politikaren nozio okerrak direla eta, estatuak merkatu libre eta gardeneko interes-tasa egotea eragotzi du, zigor astun eta kaltegarriak ipini baitizkie legez onartutako interes-tasa baino altuagoa eskatu dutenei. Herrialde gehienetan, ziurrenik, honelako legeei ihes egiten zaie, eta beraz, gai honi buruz estatistikek informazio urria ematen digute, gehiena interes-tasa legal eta finkoari buruzkoa baita, ez ordea merkatuko interes-tasarena. Gaur egungo gerra honetan Ogasun- eta Marina-bonoek hain deskontu garaiak izan dituztela eta, berauen erosleek diru horri ehuneko 7, 8... edo gehiago atera diote. Gobernuak maileguak eskuratu ditu ehuneko 6 baino altuagoko interes-tasaren truke, eta gizabanakoak maiz behartuak izan dira, zeharkako bitartekoen bidez, ehuneko 10 baino garaiagoko interes-tasa ordain dezaten, diru-premia handia zeukatelako; hala ere, denboraldi bereko interes-tasa legala, uniformeki, ehuneko 5 izan da. Beraz, interes-tasa finko eta legalaren informazioarekin gutxi ondoriozta daiteke, merkatuko interes-tasatik hain urrun dagoenean. Adam Smithek jakinarazi digu Endrike VIII.aren 37. urtetik Jaime Lehenaren 21. urteraino, interes-tasa legala ehuneko 10 izan zela. Errestaurazioa eman eta berehala, interes-tasa ehuneko 6ra jaitsi zen, eta Anaren erregetzearen 12. urte inguruan, ehuneko 5era. Bere ustez, tasa legalak merkatukoari jarraitu zion, aurrea hartu gabe. Ameriketako gerra aurretik, gobernuak ehuneko 3an jaulki zuen zorra, eta bien bitartean, hiriburuko hartzekodunek eta erreinuko beste leku askotakoek ehuneko 3’5, 4 eta 4’5 eskatzen zuten.

Interes-tasa, azken aldi honetan eta iraunkorki irabazi-tasak erregulatzen badu ere, behin-behingoz, beste eragile batzuen menpe egon ohi da. Merkantzien prezioak diruaren balio eta kopuruaren gora-beherekin aldatzen dira. Ikusi dugunez, prezio horiek ere aldatu egiten dira eskari eta eskaintzaren arteko proportzioa aldatzen denean, nahiz ekoizpenerako erraztasun edo zailtasun handiagorik ez egon. Eskaintza ugaria zein eskaria urria izateagatik edo diruaren balioa gehitu delako, merkatuetan merkantzien prezioak erortzen direnean, fabrikatzaileak manufakturatutako ondasun piloa metatzen du, ez baita honelako prezio uzkurretan saltzeko prest egoten. Bere ohiko ordainketei aurre egin ahal izateko, lehen bere merkantziak saldu ostean egiten bazituen ere, orain kredituen bidez ordaintzen saiatuko da, eta sarritan, kreditu horrengatik interes-tasa garaia eman behar izaten du. Baina egoera honek ez du luze irauten; edo fabrikatzailearen aurrikuspenak ondo oinarrituta zeuden eta bere merkantzien prezioa berehala igotzen da, edo ohartzen da eskariaren etengabeko beherakada ematen denaz eta gertakizunen joera honi gehiago eusten ez dionaz: prezioak erortzen dira, eta diruak eta interesak beren balio erreala berreskuratzen dute. Meategi berri baten aurkikuntzagatik, bankaren gehiegikeriagatik edota beste edozein arrazoiren ondorioz diru-kopurua proportzio handian hazten bada, beronen azken ondorioa, merkantzien prezioak dirua hazi den proportzio berdinean igotzea izango da; baina bitarte horretan, kasu gehienetan, zenbait ondorio ere sortarazten ditu interes-tasan.

Fondo publikoen prezioak ez digu interes-tasari buruzko zehaztasun gehiegirik ematen. Gerra-garaian, kapital-merkatua hain larkargatuta dago gobernuaren mailegu-hartzeak direla eta, ezen kapitalaren prezioak ez duela nahiko denborarik izaten behar den moduan finkatzeko; izan ere, finkapen hori eman aurretik eragiketa berriren bat martxan egoten da edo gertakizun politikoek merkatuko egoera aldarazi egiten dute. Bake-garaian aldiz, amortizazio-fondoaren eragiketak eta gizarte-klase baten gogo txarrak, bere dirua ohituak zeudeneko eta ziurra uste zuteneko enplegu errazetik -dibidenduak erregulartasun handiagoz ordaintzen zirenetik- desbideratu behar izateagatik, beste enplegu batean erabiltzeko, honek denak tituluen prezioa igoarazi egiten du, eta ondorioz, balio horien interes-tasa merkatuko tasa orokorraren behetik geratzen da. Ohartu behar da ere, gobernuak interes-tasa desberdinak ordaintzen dituela balore diferenteengatik. 100£ko kapitala ehuneko 5ean, 95£n saltzen denean, 100£ko Ogasun-bonoa, batzuetan 100£ 5s.n saltzen da eta beronengatik, korritu gisa, urteko 4£ 10s 3d. besterik ez da ordainduko: hauetako balore batek prezio altuagoa ordaindu duen erosleari ehuneko 5,5eko interesa baino gehiago eman dio; bigarrenari, berriz, ehuneko 4,25 baino gutxiago; Ogasun-bono hauetako kopuru bat bankariek hartzen dute, inbertsio ziur eta berehala gauzatzen dena baita; beren kopurua eskaria baino harantzago joango balitz, kapitala bezainbat desbalioztatuko litzateke; hau da, ehuneko 5. Kapitalak urteko ehuneko 3 ematen duenean, proportzionalki, beti salduko da garestiago kapital batengatik ehuneko 5 ordaintzen denean baino, bien kapital-zorra parean ordaindu behar baita, edo 100£ dirutan 100£ko kapitalarengatik. Merkatuko interes-tasa ehuneko 4ra eror daiteke, eta hala balitz, gobernuak, ehuneko 5ean duen tituludunari parean ordaindu beharko lioke, baldin eta honek ehuneko 4ko interes-tasa edo ehuneko 5ekoa baino apalagoa onartuko balu: baina ehuneko 3ko tituludunari parean ordainduta, ez luke abantailarik izango, merkatuko interesa ehuneko 3tik jaisten ez den arte. Nazio-zorraren interesak ordaintzeko diru-kopuru handiak erretiratzen dira zirkulaziotik, urteko zenbait egunetan lau alditan ere. Diru-eskari hauek oso denbora laburrerako egiten direnez, kasu gutxitan eragiten diete prezioei; normalki interes-tasa handiagoren bidez erantzuten dira4.