Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XX. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XX. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XX. Kapitulua

Balioa eta aberastasuna
Bere ezaugarriak

Adam Smithek dioenez, "gizaki bat aberatsa edo txiroa da, giza bizitzan goza ditzakeen oinarrizko ondasun-, tresneri eta dibertsio-mailaren arabera".

Balioa, beraz, aberastasunetik erabat bereizten da, ez baitago oparotasunaren menpe, ekoizpenaren erraztasun edo zailtasunaren menpe baizik. Milioi bat gizakien lanak industrian, beti, balio berdina sortzen du, baina ez du beti aberastasun berdina ematen. Makineri asmakuntzaren bidez, trebetasun-hobekuntzaren bidez, lanaren zatiketa egokiagoaren bidez edo elkarganbio abantailatsuagoak egin daitezkeen merkatu berriko aurkikuntzen bidez, milioi bat langilek aberastasun-kopuru bikoitza edo hirukoitza ekoitz dezakete; izan ere, gizartearen egoera berezi batean ekoitz daitezkeen oinarrizko ondasun, tresneria eta dibertsioak, beste batean egin daitezkeenak bikoitz edo hirukoitz ditzakete, baino honek ez dio ezer balioari erantsiko; edozein gauzaren balioaren igoera edo jaitsiera, bere ekoizpenean dagoen erraztasun edo zailtasunaren araberakoa da, edo bestela esanda, bere ekoizpenean enplegatu den lan-kantitatearen proportzioan dago. Demagun kapital jakin batekin zenbait langileren lanak 1.000 pare galtzerdi ekoizten dituela, eta makinerian asmakuntzak sartu direla eta, langile-kopuru berdinak 2.000 pare ekoizten dituela, edo 1.000 pare ekoizteaz gain, beste 500 kapela ere bai; beraz, 2.000 pare galtzerdien, edo 1.000 pare galtzerdi eta 500 kapelen balioak, ez du zertan makinerian asmakuntzak sartu aurretik 1.000 pare galtzerdiek zuten balioak baino handiagoa edo txikiagoa izan beharrik, zeren eta bi kasuetan lan-kantitate berdinarekin ekoiztu baitira. Baina hala ere, merkantzi masa orokorraren balioa gutxitu egingo da; hobekuntzak egin direla eta, ekoiztuko den ondasun-kopurua inkrementatuko bada ere, balioa, zehazki, hobekuntzak sartu aurretik ekoiztutako ondasun urriago haien berdina izango da. Horrez gain, beste ondorio bat sortarazten du hobekuntzak egiteke zeudenean ekoiztu eta oraindik kontsumitu ez diren merkantzien gain; ondasun hauen balioa urritu egingo da eta aldi berean, kopuruz kopuru, hobekuntza horien abantailapean ekoiztu diren ondasunen mailan ipini beharko dira; eta merkantzi kopurua, aberastasuna eta gozamenerako bitartekoak, hirurak handitu arren, gizarteak balio-kantitate gutxiago izango du. Ekoizpenerako erraztasunak etengabe handitzen badira, guk, etengabe gutxitzen dugu lehen ekoizten genituen zenbait merkantziaren balioa, eta bitarteko horien bidez, nazio-aberastasunaz gain, geroko ekoizpen-ahalmena ere gehitzen ari gara. Ekonomia politikoan egin diren akats asko, tankera honetako ideia okerrengatik izan da, hain zuzen, aberastasun-gehikuntza eta balio-gehikuntza gauza beratzat hartu izan direlako, hala nola neurri estandarra gaizki oinarritu izan delako. Gizaki batek dirua hartzen du balioaren neurri estandar gisa, eta bere ustetan, mota guztietako merkantziak aldatzeko behar den diruaren proportzioan aberastu edo txirotu egiten da nazioa. Beste batzuentzat dirua lanabes arras egokia da trukerako, baina ez ordea neurri zuzena, beste gauzen balioa zenbatesteko; hauen ustetan, balioaren neurri erreala laborea1 da, eta herrialde bat aberatsa edo txiroa da, bere merkantzien truke gari gehiago edo gutxiago ematen denaren arabera2. Badago, egon ere, kontsideratzen duenik herrialde bat aberatsa edo txiroa dela erdiets dezakeen lan-kantitatearen arabera. Baina, zergatik izan beharko luke urreak, gariak edo lanak balioaren neurri estandarra, eta ez ikatzak edo burdinak? Edota arropak, xaboiak, kandelak edo langilearen oinarrizko ondasunek? Zergatik izan behar du merkantzia batek edo merkantzia guztiek elkartuta neurri estandar hori, neurri honek ere aldaketak baldin baditu? Garia, urrea bezala, bere ekoizpen-erraztasun edo -zailtasunak direla eta, beste merkantziekiko ehuneko 10, 20 edo 30 alda daiteke; zergatik esaten dugu beste merkantzia hauen balioa aldatu dela eta ez gariarena? Balioa aldaezina izateko, merkantzia honek, denbora guztian bere ekoizpenerako lan eta astuntasun-sakrifizio berdina eskatzen du. Honelako merkantziaren berririk ez dugu, baina hipotetikoki argudia dezakegu eta existituko bailitzan mintza gaitezke horri buruz; eta honela, geure zientziaren jakintza hobe dezakegu, gaur egun arte erabili diren estandar guztien aplikagarritasun-eza erabatekoa dela frogatuz. Baina suposatzen badugu hauetakoren bat balioaren neurri estandar zuzena dela, hala ere ez litzateke aberastasunaren neurri egokia izango, hau ez baitago balioaren menpe. Gizaki bat aberats edo txiroa da, eskura ditzakeen oinarrizko edota luxuzko ondasun-kopuru handiago edo txikiagoaren arabera; eta diruarekiko, gariarekiko edo lanarekiko, ondasun hauen ganbio-balioa garaia edo apala izanda ere, eragin berdina izango du beren jabeen asekuntzarako. Balio- eta aberastasun-ideiak oker erabili direlako esan izan da merkantzi kantitatea urritu ostean, hau da, oinarrizko ondasunak, tresneria eta giza gozamenak gutxituta, aberastasuna gehi daitekeela. Balioa balitz aberastasunaren neurria, aurreko hori ezingo litzateke uka, urritasunak merkantzien balioa handitzen duelako; baina Adam Smith zuzen badago, eta aberastasuna oinarrizko ondasunek eta gozamenek osatzen badute, onartu behar da berau ezin daitekeela kantitatea urrituta handitu.

Egia da merkantzia eskas bat daukan gizakia aberatsagoa dela, merkantzia honen bidez oinarrizko ondasun eta giza gozamenen kantitate handiagoa eskuratu ahal badu; baina gizabanako bakoitzaren aberastasuna stock orokorretik hartzen denez, berau gutxitu egingo da bertatik hartu den kantitatean, eta beraz, gizarteko beste gizakientzat geratzen dena, gizaki abantailatsuak zati handiagoan eskuratu duenaren proportzioan gutxituko da.

Demagun ura eskasa bihurtzen zaigula -dio Lord Lauderdalek- eta gizabanako baten ondarea dela erabat: honen aberastasuna handitu egingo da, egoera honetan urak balioa izango duelako; eta herrialdeko aberastasuna gizabanako guztiek dutenaren batura bada, hau ere handitu egingo da. Zalantzarik gabe, gizabanako honen aberastasuna handitu egingo da, baina aldi berean, nekazariak bere gariaren zati bat saldu beharko du, oinetakogileak bere oinetako batzuk, eta gizaki guztiek beren edukien zati bat eman beharko dute uraren horniketa erdiesteko, lehen dohainik zuten bitartean; gizaki hauek, ura lortzeko eman behar dituzten merkantzien balioaren neurrian txiroagoak dira, eta era berean, uraren jabea, haiek galtzen duten balioaren neurri berdinean aberastuko da. Gizarte honek ur eta merkantzi kopuru berdina izango du gozatzeko, baina desberdin banatuta geratuko dira. Hala ere, hemen suposatu dena uraren monopolioa izan da, eta ez bere eskasia. Ura eskasa balitz, herrialde eta gizabanakoen aberastasuna benetan murriztu egingo litzateke, bere gozamenen zati bat kendu egingo litzaiekeelako. Nekazariek beste merkantziekin -beharrezkoak edo desiragarriak izan daitezkeenak- ganbiatzeko gari gutxiago izateaz gain, bai hauei, bai beste gizabanako guztiei ere, gozamenerako duten ondasun esanguratsuena murriztuko litzaieke. Herrialde honetan aberastasunaren banaketa desberdina egongo litzateke, baina baita aberastasunaren benetako galera ere.

Esan daiteke, beraz, bi herrialdek oinarrizko ondasun- eta erosotasun-kopuru berdinak badituzte, aberastasun berdina dutela; baina beren aberastasunen balioa, ekoizteko bakoitzak daukan erraztasun edo zailtasun erlatiboaren menpe dago. Izan ere, makinerian hobekuntzaren bat sartzen bada eta pare bat galtzerdi egin ordez bi pare egiten baditu lan gehigarririk gabe, orduan, oihal yarda baten truke kopuru bikoitza emango litzateke. Oihalaren ekoizpenean tankera honetako hobekuntza sartzen bada, hau eta galtzerdiak lehengo proportzio berdinean ganbiatuko dira; baina bien balioa eroriko da, zeren eta urre, kapela edo beste merkantziez trukatzean, lehen ematen zenaren kopuru bikoitza eman beharko baita. Hobekuntza urre eta gainontzeko merkantzien ekoizpenera hedatzen bada, oihalak eta galtzerdiek antzinako proportzioak eguneratuko dituzte. Herrialdean urtero merkantzi kopuru bikoitza ekoiztuko da, eta beraz, herrialdeko aberastasuna ere bikoiztu egingo da, baina aberastasun honen balioa ez da gehituko.

Nik behin baino gehiagotan esan dudanez, Adam Smithek aberastasunari buruzko azalpen zuzena eman digu; hala ere, aurrerago, beste era honetara azaltzen digu: "Gizaki bat aberatsa edo txiroa da eros dezakeen lan-kantitatearen arabera". Deskribapen hau arestian azaldutakotik erabat bereizten da, eta guztiz okerra da; demagun meategiak ekoizkorrago bihurtzen direla, eta beraz, urre eta zilarraren balioak jaitsi egiten direla beren ekoizpena errazagoa delako; edo balusa lehen behar zen baino lan gutxiagorekin fabrikatzen dela eta honen ondorioz bere balioa erdira erortzen bada; merkantzia horiek erosten dituztenen aberastasuna handitu egingo litzateke; gizaki batek bere zilarrezko ontziak gehi litzake, beste batek, bien bitartean, balus-kantitate bikoitza eros lezake; baina zilarrezko ondasun eta balus gehigarri hauen jabetzarekin ezin lezakete lehen baino lan gehiago enplega; egun bateko eskulana erdiesteko, balus eta zilarrezko ondasunen ganbio-balioa urrituko litzatekeenez, proportzionalki, gauza hauen kopuru handiagoa eman beharko litzateke. Aberastasuna, haatik, ezin daiteke neur beronekin eros daitekeen lan-kantitatearen arabera.

Esandakoarekin ikus daiteke herrialde bateko aberastasuna bi eratara gehi daitekeela: batetik, eskulan ekoizkorra mantentzeko errentaren zati handiagoa erabiliz -kopuruaz gain, merkantzi masaren balioa ere gehituko da-; edo bestela, lan-kantitate gehigarririk erabiltzeke gehi daiteke ere, erabiltzen dena ekoizkorragoa egiten bada; azken era honen bidez merkantzi kopurua handiagoa izango da, baina ez merkantzien balioa.

Lehen kasuan, herrialdea aberatsago bihurtzeaz gain, bere aberastasunaren balioa ere gehituko litzateke. Zuhurkeriaz aberastuko litzateke, hau da, bere gastuak luxuzko ondasunetan eta gozamenetan urritu ostean, sortutako aurrezkiak berrekoizpenerako enplegatu direlako.

Bigarren kasuan, ez du zertan luxuzko ondasunetan eta gozamenetan gastu murrizketarik egon behar, ezta ekoizpenean enplegatzen den lanaren gehikuntzarik ere; baina lan berdinarekin gehiago ekoiztuko litzateke; aberastasuna gehituko litzateke, baina ez bere balioa. Aberastasuna gehitzeko bi bide hauetatik, bigarrenak izan behar du lehentasuna, ondorio berara iristen baita, baina gozamenak urritzeke edo bertan behera uzteke; eta lehenengo kasuan ez da inoiz honela gertatzen. Kapitala, herrialde batek geroko ekoizpenean enplegatuko duen aberastasunaren zatia da, eta aberastasuna handitzen den heinean hura ere gehi daiteke. Kapital gehigarria geroko aberastasunarentzat benetan efektiboa izango da, bai trebetasunean eta makinerian hobekuntzak egitearen ondoriozko kapitala bada, baita berrekoizpenerako errentaren zati handiagoa erabiltzeagatik lortutakoa bada ere; zeren eta aberastasuna, beti, ekoiztutako merkantzien menpe baitago, axolarik izan gabe beren ekoizpenean erraztasun handiagoa edo gutxiago egon den. Ehun- eta hornigai-kopuru jakin batek gizaki-kopuru berdina mantendu eta enplegatuko du, eta beraz, hori egiteko lan-kopuru berdina beharko da, nahiz horretarako 100 edo 200 gizaki behar izan; baina balio hori bikoitza izango litzateke ekoizpen honetan 200 gizakien lana enplegatuko balitz.

Say jaunak, bere "Traité d’Economie Politique"ren laugarren eta azken argitalpenean zuzenketak egin bazituen ere, niretzat era arras desegokian definitzen ditu aberastasuna eta balioa. Izan ere, bi termino hauek sinonimotzat hartzen ditu, eta bere ustetan, gizaki bat aberatsa da bere edukien balioa gehitzen den heinean, eta merkantzia ugari eskuratu ahal dituenean. Berak dioenez, "pertsona baten sarreren balioa gehitu egiten da, horien bidez ekoizkin ugariago eskuratu ahal baditu, edozein izanda ere horiek lortzeko era". Say jaunaren arabera, ehuna ekoizteko zailtasuna bikoizten bada, eta ondorioz, lehen halako merkantzi kopuru bikoitzarekin ganbiatzen bada orain, haren balioa bikoiztu delako da, eta honekin ni ere bat nator; baina merkantziak ekoizteko erraztasun bereziren bat balego eta ehuna ekoizteko zailtasunak ez balira handituko, eta beraz, ehuna, lehengo kasuan bezala, merkantzi kopuru bikoitzarekin ganbiatuko balitz, orduan ere, Say jaunak ehunaren balioa bikoiztu egin dela esango luke. Nire ikuspegiaren arabera ordea, Say jaunak esan beharko luke, ehunak lehengo balioa mantentzen duela eta beste merkantziena lehengoaren erdira erori dela. Baina Say jauna ez al dator bat berak esaten duenarekin, alegia, ekoizpena erraztu delako, orain bi zaku labore ekoitz daitezkeela lehen bat egiteko erabiltzen ziren baliabide berdinekin, eta zaku bakoitza lehengo balioaren erdira eroriko dela?; ez al du adierazten bere ehuna bi zaku laborerekin ganbiatzen duen ehungileak lehen lortzen zuen balio bikoiztuta erdietsiko duela, lehen bere ehunaren truke zaku labore bakarra lor zezakeenean? Oraingo bi zaku laborek lehen batek zuen balioa badute, balio berdina lortzen du, ez gehiago -aberastasun-kopuru bikoitza lortzen du, baliagarritasun-kopuru bikoitza-. Honi, Adam Smithek erabiltzeko balio bikoitza deitzen dio, baina ez da balio-kopurua bikoizten, eta beraz, Say jauna ezin daiteke zuzen egon balioa, aberastasuna eta baliagarritasuna sinonimo bezala hartzen dituenean. Badaude, egon ere, Say jaunaren lanean zati asko, non balio eta aberastasunaren arteko diferentziak azaltzen diren, eta bertan erabiltzen dituen argudioak nire doktrinak defenditzeko erabil litezke, nahiz aitortu behar dudan, badaudela ere beste pasarte batzuk erabat aurkakoak direnak. Pasarte hauek ezin ditzaket batera, eta aurrez aurre ipiniko ditut ondoko lerroetan ea Say jaunak, bere liburuaren hurrengo argitalpen batean, bere ikuspegiaren argitasunak ematen dizkidan; horrela, gai hau aztertzerakoan zailtasun hori niri eta pertsona askori argituko zaigu.

1. Bi ekoizkin ganbiatzen direnean, guk, horiek sortzeko behar diren benetako zerbitzu ekoizkorrak ganbiatzen ditugu, besterik ez. 504. orr.

2. Ez dago beste garestitasun errealik, ekoizpen-kostutik datorrena baino. Gauza bat benetan garestia bada, berau ekoiztea asko kostatzen delako da. 497. orr.

3. Ekoizkin bat sortzeko kontsumitu behar diren zerbitzu ekoizkor guztien balioak, azken finean, ekoizkin honen kostua osatzen du. 505. orr.

4. Baliagarritasuna da gauza baten eskaria finkatzen duena, baina ekoizpen-kostuak mugatzen du eskari horren kopurua. Baliagarritasun honek bere balioa ekoizpen-kosturaino goratzen ez duenean, gauza hori ez da balioa kostatzen dena; zerbitzu ekoizkorrak balio garaiagoko merkantzia bat sortzen enplega litezkeenaren froga bat da hori. Fondo ekoizkorren jabeek, hau da, lana, kapitala edo lurra erabiltzeko ahalmena dutenek, etengabe alderatzen dute ekoizpen-kostua ekoiztutako gauzen balioarekin; edo beste era batera esanda, merkantzia desberdinen balioa, bata bestearekiko alderatu egiten dute; ekoizpen-kostua, besterik gabe, zerbitzu ekoizkorren balioa da, hain zuzen ere, ekoizpen baten osaketan kontsumitzen dena; eta zerbitzu ekoizkorren balioa, besterik gabe, merkantziaren balioa da, hain zuzen ere, bere emaitza dena. Beraz, merkantzia baten balioa, zerbitzu ekoizkor baten balioa, ekoizpen-kostuaren balioa, denak, antzeko balioak dira, beti ere gauzei beren joera naturala jarraitzen uzten zaienean.

5. Baliabideen balioa gehitu egiten da (ez da esaten zein bitartekorekin), ekoizkin-kopuru handiagoa erdietsi ahal bada.

6. Prezioa gauzen balioaren neurria da, eta hauen balioa beren baliagarritasunaren neurria. 2. Bolumena, 4. orr.

7. Askatasun osoz egindako ganbioek, bizi gareneko garaian, lekuan eta gizartearen egoeran, gizakiek ganbiatzen diren gauzei ematen dieten balioa azaltzen dute. 466. orr.

8. Ekoiztea balioa sortzea da, gauzaren baliagarritasuna ematen baitzaio; eta beraz, ekoizpenarekin gauza hori eskatzeko moduan geratzen da, berau baita bere balioaren lehen zergatia. 2. Bolumena, 487. orr.

9. Behin baliagarritasuna sortuz gero, ekoizkina eratuta dago. Gauzatzen den ganbio-balioa, azken finean, bere baliagarritasunaren neurria besterik ez da. Hain zuzen, gauzatu den ekoizpenaren neurria. 490. orr.

10. Herrialde zehatz bateko biztanleek ekoizpen bati aurkitzen dioten baliagarritasuna, berorrengatik ematen duten prezioak adierazten du, ez beste ezerk. 502. orr.

11. Gizaki zentzudunen arabera, ekoizkin baten baliagarritasunaren neurria prezioak adierazten du; baliagarritasun hori ematen dien ondasuna ez lukete kontsumitu nahi izango, ordaindu den prezioarengatik asetasun handiagoa emango dien baliagarritasuna eskuratuko balute. 506. orr.

12. Pertsona batek daukan ondasuna eskuz aldatu nahi duenean, horren truke berehala ahal dituen merkantzia guztiak lortzeko, garai guztietan eztabaida ezin daitekeen balio bat osatzen du. 2. Bolumena, 4. orr.

Ekoizpen-kostutik eratortzen denaz gain, beste garestitasun errealik ez badago (ikus 2), nola esan daiteke merkantzia baten balioa igo dela (ikus 5) bere ekoizpen-kostua ez bada gehitu? Merkantzia merkeago -ekoizpen-kostua gutxitu zaion merkantzia- gehiagorekin ganbiatuko delako? Nik libra bat urrearengatik libra bat burdinaren truke baino 2.000 bider oihal gehiago ematen badut, horrek adierazten al du nik urrearekin lortzen dudan baliagarritasuna, burdinarekin erdiesten dudana baino 2.000 aldiz handiagoa dela? Benetan ez; horrek frogatzen duen gauza bakarra, Say jaunak onartzen duen bezala, (ikus 4) urrearen ekoizpen-kostua burdinarena baino 2.000 aldiz handiagoa dela da. Bi metalen ekoizpen-kostuak berdinak balira, biengatik prezio berdina emango nuke; baina baliagarritasuna balitz balioaren neurria, ziurrenik gehiago eman beharko nuke burdinarengatik. Ekoizleek, lehiatzerakoan, "etengabe alderatzen dute ekoiztutako gauzen balioa beren ekoizpen-kostuarekin" (ikus 4), eta lehiaketa horrek erregulatzen du merkantzia desberdinen balioa. Haatik, nik shilling bat ematen badut ogi batengatik eta 21 shilling ginea batengatik, horrek ez du frogatzen nire zenbatespena beraien baliagarritasunaren neurria denik.

4 zenbakian Say jaunak, oso aldaketa gutxirekin, nik balioari buruz defenditzen dudana mantentzen du. Zerbitzu ekoizkorren artean lurrak, kapitalak eta lanak emandakoak kontuan hartzen ditu; nik ordea, kapitala eta lana besterik ez ditut sartzen, eta lurra guztiz kanpo uzten dut. Gure arteko desberdintasuna, errentari buruz dugun iritzi desberdinean datza: nik beti kontsideratu izan dut monopolio partzialaren emaitza bezala, sekula prezioaren erregulatzaile ez dena, are gehiago, errenta prezioaren ondorio litzatekeena. Nire iritziz, lurjabe guztiek errenta kobratzeari utziko baliote ere, lurrean ekoiztutako merkantziak ez lirateke merkeagoak izango, beti daudelako merkantzia horien artean errenta ordaintzen ez duen lurrean ekoizten direnak, edota errentarik ezin ordain daitekeen lurrekoak, sortzen den soberakina doi-doi delako kapitalaren irabaziak ordaintzeko.

Laburbilduz, nahiz beste inor baino gogo gehiago izan onartzeko, merkantziak benetan oparoak eta merkeak izateak, mota guztietako kontsumitzaileentzat abantaila paregabeak ekarriko lituzkeela, hala ere, balioa zenbatesterakoan ezin naiteke Say jaunarekin bat etor; izan ere, balioaren zenbatespen hori ezin daiteke egin ganbioan emango diren merkantzi kopuruaren arabera; ni, beste idazle ezagun baten iritzikoa naiz, Destutt de Tracy jaunaren ustekoa, hain zuzen: "Edozein gauza neurtzea neurri estandar gisa hartzen dugun gauza berdinarekin alderatzea da, unitate gisa hartzen dugunarekin. Beraz, luzera, pisua, edo balioa jakitea, zenbat metro, gramo edo franko dituen aurkitzea da; hitz batean esanda, deskribapen bereko unitateak aurkitzea". Franko bat ez da gauza guztien balio-neurria, baizik frankoa egina dagoen metal berdineko kantitatea neurtuko du frankoak eta neurtu behar dugun gauzak, amankomunean neurtzeko beste zerbait ez baldin badute behintzat. Nire ustez izan daitezke, biak lanaren emaitza baitira, eta beraz, lana neurri amankomuna da eta honen bidez beren balio erreala eta erlatiboa zenbatets daitezke. Hau da, dirudienez, Destutt de Tracyren iritzia3 eta honek poztu egiten nau. Honela dio: "Egia da gure kemen fisikoek eta moralek osatzen dutela gure jatorrizko aberastasuna, eta kemen hauen erabilpena, edonoren lana da, hain zuzen ere, gure altxor bakarra; berau enplegatuta sortzen dira gauza guztiak eta honela eratzen da gauza beharrezkoek zein atseginek osaturiko aberastasuna. Egia da ere gauza hauek guztiek lana isladatzen dutela, beraiek ekoizteko erabili den lana, eta balioren bat baldin badute, edo nahiz bi balio desberdin izan, azken finean, berauek sortzeko enplegatu den lanaren baliotik erator daiteke bakarrik".

Say jaunak Adam Smithen lan eskergaren bikaintasunez eta akatsez mintzo denean, errata gisa hartzen du "lanari bakarrik egoztea balioa sortzeko ahalmena. Azterketa zuzenago batek azaltzen digu balioa lanaren ekintza dela, edo hobekiago esanda, gizakiaren jarduerarena, naturak hornitzen gaituen eragileen jarduerarekin eta kapitalak ematen duen laguntzarekin elkartuta. Printzipio hau ongi ez zekielako ez zen gai izan makineriak aberastasunaren gain sortzen duen eraginari buruz, benetako teoria lantzeko".

Adam Smithen iritziarekin kontrajarrita, Say jaunak bere laugarren kapituluan natura-eragileek merkantziei eransten dieten balioaz mintzo zaigu: eguzkiaz, aireaz, atmosferaren presioaz, eta abar. Izan ere, zenbait kasutan gizakiaren lana ordezkatzen omen dute eta beste batzuetan ekoizpenean lagungarri omen dira4. Baina natura-eragile hauek, nahiz erabiltzeko balioari asko erantsi, Say jauna mintzo den merkantziaren ganbio-balioari ez dio inoiz ezer eransten; makineriaren laguntza sartzen denean, edo naturaren filosofiak erakusten duena aplikatzen denean, lehen gizakiak egiten zuen lana ordezkatzen ari gara, eta ondorioz, honela egindako lanaren ganbio-balioa erori egiten da. Hamar gizakiek irin-errota martxan ipintzen badute, eta haizea edo uraren laguntzarekin hamar gizaki hauen lana aurrez daitekeenaren aurkikuntza egiten bada, honela ekoiztutako irinaren balioa -hein batean errotaren lanarekin egindakoa- erori egingo da, hain zuzen ere, aurrezten den lan-kantitatearen proportzioan; gizartea aberatsagoa izango litzateke hamar langile horiek ekoiztuko lituzketen merkantziekin, eta aldi berean berauek mantentzeko fondoak urritzeke geratuko dira. Say jaunak, sarritan, gainetik pasatzen du erabiltzeko balio eta ganbio-balioaren arteko diferentzia.

Say jaunak Smith doktoreari aurpegira botatzen dio, makineriak eta natura-eragileek merkantziei eransten dieten balioa kontuan ez izatea, eta gauza guztien balioa gizakiaren lanetik sortzen dela kontsideratzea, baina ez dut uste kritika hau ongi oinarritzen duenik; izan ere, Adam Smithek ez ditu inon natura-eragileek eta makineriak ekoizpenean jokatzen duten papera azpibaloratu; hala ere, ondo bereizten du haiek merkantziei eransten dieten balioa: oso egokiak zaizkigu ekoizkin-oparotasuna gehitzen dutelako, gizakiak aberatsagoak bilakatzen direlako eta erabiltzeko balioa gehitzen delako; baina, beren lan guztia dohainik egiten dutenez eta aire, ur eta beroa erabiltzeagatik ezer ordaindu behar ez denez, ematen diguten laguntzak ez dio ganbio-balioari ezer eransten.