XIX. Kapitulua
Bat-bateko aldaketak merkataritzako bideetan
Industri herrialde handi batek behin-behineko atzeraldi eta gertakizun berezien arrisku ugari ditu, kapitalak enplegu batetik bestera alde egiten duenean. Nekazal ondasunen eskariak uniformeak dira, ez daude moda, aurriritzi edo nahikeriaren menpe. Bizirauteko elikagaiak behar-beharrezkoak dira eta berauen eskaria garai eta herrialde guztietan ematen da. Ez da honela gertatzen manufakturekin; ekoiztutako edozein merkantzia zehatzaren eskaria ez dago bakarrik eroslearen beharrizanen menpe, baita berorren gustu eta nahikarienera ere. Zerga berri batek, herrialdeak merkantzia zehatz hori ekoizteko lehen zituen abantaila konparatiboak suntsi ditzake; edo gerraren ondorioz igo ditzakete pleiteak eta garraiatzeko aseguruak eta honela herrialde horrek ezin du lehen esportatzen zituen merkantziekin lehiatu. Honelako kasu guztietan, merkantzia hauek esportatzen dituztenek kalteak eta, zalantzarik gabe, galerak izaten dituzte, eta egoera hau ez da bakarrik aldaketaren garaian nabarituko, baita enplegu batetik bestera kapitala eta eskulana mugitzen diren bitarte guztian ere.
Eta galerak, zailtasun horiek azaltzen diren herrialdeaz gain, lehen merkantzia horiek esportatzen zireneko herrialdeetan ere emango dira. Esportatzen ez badu, herrialde batek ezin dezake denbora luzez inportatzen jarrai; edo ezin dezake denbora luzez esportatzen jarrai, inportatzen ez badu. Beraz, edozein arrazoi dela eta, herrialde bati iraunkorki eragozten bazaio kanpo-merkantzien ohiko kopurua inportatzea, arrazoi berak zenbait merkantzia esportatzeko ohiko beharra gutxiaraziko luke; eta herrialdean kapital berdina erabiliko litzatekeenez, bertako ekoizpenen balio osoak segur aski eragin txikia izango balu ere, ekoizkin horiek ez dira lehen bezain ugariak eta merkeak izango, eta enplegu-aldaketak galera nabaria eragingo du. Kotoizko ondasunak egiten 10.000£ erabiltzen badira gero esporta daitezen, eta horrekin urtero 2.000£ko balioa duten 3.000 pare zetazko galtzerdi inportatzen baditugu, kanpo-merkataritza bertan behera geratuko balitz, kapitala, kotoiaren ekoizpenetik erretiratu eta galtzerdiak egiten erabili beharko genuke. Honela ere, 2.000£ko balioa duten galtzerdiak erdietsiko genituzke, kapitalaren zatirik suntsitu ez bada behintzat; baina 3.000 pare galtzerdi izan ordez, ziurrenik 2.500 izango lirateke. Kapitala kotoiaren industriatik galtzerdienera transferitzeak galera handiak ekar ditzake, baina honek ez luke nazio-ondarea asko urrituko, geure urteko ekoizkin-kopurua murritz daitekeen arren1.
Bake-denboraldi luze baten ondoren gerra hasten denean edo gerra luze baten ondoren bakea egiten denean, normalean, industrian aldaketa nabaria burutzen da. Herrialde bakoitzari dagozkion kapitalak erabat aldatzen dira izaeraz; egoera batetik beste onuragarriagora iritsi arte dagoen denboran, kapital finkoaren zati handi bat enplegatzeke dago, galduta bezala, eta langileak ez daude enplegu betean. Uzkurraldi honen iraupena luzeagoa edo laburragoa izatea, egoera honen aurrean gizaki gehienek duten borondatearen menpe egongo da, berauek ohiturik baitaude kapitala enplegu zehatz batean egon dadin, eta zaila egiten zaie enpleguz aldatzea. Batzuetan, merkataritza-komunitatea osatzen duten estatuek, elkarren arteko zentzugabeko errezeluen ondorioz, debeku eta murrizketak ezartzen dituzte eta hauek ere denboraldi hori luzatu egiten dute.
Merkataritzaren berehalako aldaketak eragiten duen uzkurraldia, sarritan nahastu egiten da nazio-kapitalaren beherakada eta gizartearen egoera atzerakoiarekin batera sortzen denarekin; eta oso zaila izango litzateke bata eta bestearen arteko bereizketak azpimarratzea.
Hala ere, gerratik bakerako trantsizioan honelako uzkurraldia berehala azaltzen bada, arrazoi horri buruz dugun ezagutzak eskubide osoa ematen digu pentsatzeko, langileak mantentzeko fondoak beren ohiko helburutik desbideratuak izan direla, materialki gutxitu direla uste izatea baino zuzenagoa baita; eta sufrialdiren bat igaro ondoren, nazioak bere oparotasun-bideari helduko dio. Oroitu behar da ere, egoera atzerakoia gizartearen ohiko izaeraren aurka dagoen zerbait dela. Izan ere, gizakia hazi egiten da bere gaztarotik helduarora bitartean; gero, hil artean ahituz doa; baina hau ez da nazioen aurrerapena. Hauek bizkortasun handienera iristen direnean, beren aurrerapena geldi daiteke, baina hala ere, beren joera naturala urte askotan aurrera jarraitzekoa da, beren aberastasun eta populazioa gutxitzeke manten daitezen.
Herrialde aberats eta boteretsuetan, non makinerian kapital ugari inbertitzen den, merkataritzan berehalako aldaketa ematen bada, enbarazu handiagoa nabarituko da, aldaketa hori bera herrialde txiro batean gertatzen bada baino; hala gertatzen da, azken herrialde hauetan, proportzionalki, kapital finko gutxiago eta kapital zirkulatzaile gehiago dagoelako, eta beraz, beste herrialdean baino eskulan gehiago erabiltzen da. Kapital zirkulatzailea kapital finkoa baino aiseago erretiratzen da enplegatuta dagoen lekutik. Makineria helburu batekin eraikitzen bada, oso zaila izaten da, ahal izatekotan, beste helburu batzuetarako erabiltzea; baina enplegu batean langile batek eskuratzen dituen elikagaiak, arropa eta etxebizitza, beste baten biziraupenerako ere izan daitezke; edota langile berak elikagai, arropa eta etxebizitza berdinak eskura ditzake beste lanpostu batean. Baina hau, azken finean, herrialde aberats batek jasan behar duen okerra besterik ez da; eta horregatik ezin daiteke kexa, merkatari aberats bat kexa ezin daitekeen bezala, ekaitzak jota itsasuntzia arriskuan duelako, bere auzokide txiroaren etxea edozein eratako istripuetatik libre dagoen bitartean.
Nekazaritza ez da egoera hauetatik at geratzen, nahiz eta gradu apalagoan eragin. Gerraren ondorioz, estatuen arteko merkataritza etenda geratzen da; izan ere, labore-esportazioa, sarritan, eten egiten da kostu apalagoan ekoizten den eta hain era abantailatsuetan ekoizten ez den herrialdeen artean. Honelakoetan, nekazaritzara aparteko kapital kopurua zuzenduko da; eta lehen inportatzen zuen herrialdea, orain, kanpo-laguntzekiko independente bihurtzen da. Gerra amaitzen denean, inportazioa galarazten zuten oztopoak bukatu egiten dira, eta etxeko ekoizpena suntsituko duen lehiaketa hasten da; eta herrialde hau ezin daiteke egoera horretatik at gera, bere kapitalaren zati handi bat sakrifikatzeke. Estatuaren politika egokiena kanpo-laborearen inportazioaren gain zerga bat ezartzea izango litzateke, hain zuzen, gero epeka gutxitu beharko lukeena, honela aukera emango bailitzaioke etxeko ekoizleari, poliki-poliki, bere kapitala lurretik erretira dezan2. Honela jokatzen bada, herrialdea ez litzateke bere kapitala era egokienean banatzen arituko, baina behin-behineko zerga hori klase zehatz batentzat abantailatsua izango litzateke, hain zuzen, inportatzea ezinezkoa zenean, elikagai-eskaintza ahalbideratzeko, hain kapital-banaketa baliagarria egin zuen klasearentzat. Kapitala honela enplegatu ostean arriskuan egongo balitz, zailtasunak amaitzen direnean enplegu horretatik ihes egingo luke. Kapitalaren ohiko irabaziez gain, nekazariek, kanpotik laborea inportatzeak duen arriskuarengatik konpentsazioak lortu nahi izango lituzkete, eta beraz, eskaintza handieneko sasoian, kontsumitzailearentzako prezioa handitu egingo litzateke; igoera honen arrazoi bakarra ez da etxean laborea lantzeko kostuak garaiagoak direla, baita kapitalaren enplegu honek duen arrisku berezi horrengatik, aseguru-saria ordaindu behar izateagatik ere. Beraz, nahiz eta herrialdearen aberastasunerako laborea merke inportatzea egokiagoa izan -edozein izanda ere horretarako enplegatzen den kapitalaren kostua-, bidezkoa izango litzateke laboreari zenbait urtetan zehar zerga jartzea.
Errentaren afera aztertzen denean, labore-eskaintza gehitzen den aldiro, bere prezioa jaitsi egiten dela ikusten dugu, eta ondorioz, kapitalak lur txiroenetatik alde egiten duela; beraz, orain geratu den lur hobeak ez luke errentarik ordainduko eta laborearen prezio naturala erregulatuko luke, lur estandar bihurtu baita. Laurden laboreak 4£ balio baldin badu, kalitate kaskarragoko lurrak landuko lirateke, esaterako, 6 zenbakiaz izendatuko ditugunak; prezioa 3£ 10s. bada, 5 zenbakikoak landuko lirateke; prezioa 3£ bada, 4 zenbakikoak landuko lirateke eta honela jarraituko genuke. Etengabeko oparotasuna dela eta, laborearen prezioa 3£ 10s.ra eroriko balitz, 6 zenbakiko lurretan enplegatutako kapitala erretiratu egingo litzateke, zeren eta prezioa 4£ zenean irabazi orokorrak besterik ez baitziren erdiesten eta errentarik ez zen ordaintzen; beraz, manufakturan enplegatzeko erretiratuko litzateke, horrekin ekoiztutako merkantziekin 6 zenbakiko lurretan landutako labore guztia eros eta inportatu ahal izateko. Jabearentzat, kapital hori enplegu honetan ekoizkorragoa izan beharko luke, bestela ez bailuke aurrekotik kenduko; izan ere, berak ekoiztutako merkantzien truke, lehen errentarik ordaintzen ez zuen lurretik eskuratzen zuen laborea baino gehiago ez badu erdiesten, bere prezioa ezin daiteke 4£tik behera egon.
Esan izan da ere, kapitala ezin daitekeela lurretik erretira. Gastuaren itxura hartzen duenean ezin daiteke eskura; ongarri, hesi, eta abarren itxura hartzen duenean, derrigorrez, kapitala lurrari atxikitzen zaio. Hau, hein batean egia da; baina kapitalak azienda, artalde, gari-azu, gurdi, eta abarren itxura duenean erretira daiteke; eta erabakia beti kalkuluen menpe geratzen da: laborearen prezioa apala izan arren lurrean enplegatzen jarraitzea, edo dena saldu eta balio hori gero beste enplegu batera transferitzea.
Demagun gertakizunak esan ditugun bezalakoak direla eta ezin litekeela kapitalaren zatirik erretira3; nekazariak laborea ekoizten jarraituko du, lehengo kopuru berdinean zehazki, edozein izanda ere bere salmenta-prezioa; ez luke interesik izango lehen baino gutxiago ekoizteko eta kapital hori honela enplegatuko ez balu, ez lioke inolako errendimendurik emango. Laborea ez litzateke inportatuko, nekazari honek 3£ 10s. baino merkeago salduko bailuke, zerbait saltzeke utzi baino, eta suposatu dugunez, inportatzaileak prezio horren azpitik ezin izango luke saldu. Haatik, kalitate honetako lurrak lantzen dituzten nekazariak, zalantzarik gabe, kaltetuak izango dira, berauek ekoiztutako ondasunaren ganbio-balioa erori egin baita; nola eragingo dio honek herrialdeari? Guk, ekoiztutako ondasun bakoitzeko kopuru berdina izango genuke, baina lehengaiak eta laborea askoz merkeago salduko lirateke. Herrialde bateko kapitala bertako merkantziek osatzen dute eta hauek lehengo berdinak izango liratekeenez, berrekoizpenak tasa berdinean burutzen jarraituko luke. Laborearen prezio apal honek kapitalaren ohiko irabaziak emango lituzke, hain zuen, 5 zenbakiko lurrari dagozkionak, zeinek errentarik ez lukeen ordainduko, eta lur hobe guztien errenta erori egingo litzateke: alokairuak ere erori egingo lirateke eta irabaziak igo.
Hala ere, nahiz laborearen prezioa asko erori, kapitala ezin bada lurretik mugitu eta eskaria ez balitz handituko, ez litzateke inportaziorik gauzatuko, zeren eta lehen ekoizten zen kopuru berdina ekoiztuko baita herrialde horretan. Nahiz ekoizpenaren banaketa desberdina izan, eta zenbait klase kaltetuak diren bitartean beste batzuk profitatuak izan arren, ekoiztutako kopuru osoa, zehazki, berdina izango litzateke, eta nazioa, kolektiboki, ez litzateke txiroagoa ez aberatsagoa izango.
Baina, laborearen prezio erlatibo apalak beti abantailak ekarriko ditu; honela, ziurrenik, gaur egungo ekoizpenaren zatiketa dela eta, langileen mantenurako fondoa gehitu egingo da eta, era berean, gehiago esleituko da irabazien kontzeptupean klase ekoizkorrarentzat, eta gutxiago errentaren kontzeptupean klase ez-ekoizkorrarentzat.
Hau honela da, nahiz kapitala lurretik ezin erretiratu eta bertan enplegatu beharra izan, edo dena enplegatzeke utzi. Baina, benetan gerta litekeen moduan, kapitalaren zati handi bat erretira badaiteke, erretiratuz gero bere jabeak lehengo lekuan utzita erdietsiko zituenak baino irabazi handiagoak lortuko dituelako da; kapital hori erretiratzeko arrazoi bakarra, beste tokiren batean bere jabe eta publikoarentzat ekoizkorkiago enplegatu ahal izatea izango da. Kapitalistak lurretik bereiz ezin daitekeen kapitala bertan uztea onartzen du, erretira dezakeenarekin lehengo tokian utzita baino balio handiagoa eta lehengai ugariago lortuko dituelako. Kasu hau eta fabrikan gastu handiak egin ostean, makineria sartu duen gizakiarena guztiz antzekoak dira; izan ere, fabrika horretan geroago, aurrerapen berrien bidez, hobekuntzak egiten badira, gizaki honek ekoizten dituen merkantzien balioak asko eroriko dira. Gizaki honek kalkulatu beharko luke ea komeni zaion makina zaharra bertan behera utzi eta perfektuagoa ipintzea, zaharraren balio guztia galduz, edo azken honen ahalmen ahulagoa erabiltzen jarraitzea. Honelakoetan, nork aholkatuko lioke makineria modernoaren erabilpena bazter dezan, hori egiten badu makineria zaharraren balioa gutxitu edo erabat desagertuko zaiolako? Izan ere, hau da labore-inportazioa galarazi nahi luketen pertsona horien argudioa, hala eginez gero, nekazariak bere lurrean betiko ehortzita daukan kapitala gutxitu edo erabat suntsitu egingo zaiola esaten baitzaio. Ez dute ikusten merkataritzaren azken xedea ekoizpena handitzea dela, eta behin hori burututa, nahiz zenbait galera partzial eman, gizartearen ongizate orokorra handitu egiten da. Kontsekuenteak izateko, nekazaritza eta industriako hobekuntza oro geldiarazten saiatu beharko lukete, baita makineriaren asmakuntza oro ere; hauek guztiek oparotasun orokorrari, eta beraz, ongizate orokorrari, ekarpenak egiten dizkioten arren, hauek instalatzerakoan, ugazabek eta nekazariek daukaten kapitalaren zati baten balioa ere ez baita gutxitzeke edo erabat suntsitzeke geratzen4.
Gainontzeko jarduerak bezala nekazaritza ere -merkatal herrialde batean bereziki-, eragin handiko ekintza batek sortarazten duen aurkako norabideko erreakzioaren menpe dago. Haatik, gerrak labore-inportazioa eteten duenean bere prezioak gora egiten du, eta honek kapitala lurrean erabiltzera erakartzen du, honela irabazi oparoagoak lortzen direlako; egoera honek, ziurrenik, kapital gehiago erakarriko du, eta herrialdeak eskatutako baino lehengai ugariago eramango da merkatura. Beraz, soberakinak egongo direnez, laborearen prezioa erori egingo da, eta gora-behera asko sortuko dira nekazaritzan, batezbesteko eskaintza batezbesteko eskariarekin orekatzen den arte.