XVIII. Kapitulua
Txiro-zergak
Ikusi dugunez, lehengai eta nekazarien irabazien gaineko zergak lehengaien kontsumitzailearen gain eroriko dira; eta ekoizleak prezioa igo eta zerga berreskuratzeko botererik ez badu, zerga horrek bere irabaziak irabazi-maila orokorretik behera murriztuko ditu, eta derrigortua egongo da bere kapitala beste jarduera batera eramatera. Ikusi dugunez ere, nekazariak ezin dio zerga lurjabeari transferitu errenta gutxiago ordainduta; lur hobea lantzen duenaren antzera, errentarik ordaintzen ez duen nekazaria, zergari aurre egin beharrean egongo da, edozein izanda ere zerga hori, alegia, lehengaiei buruzkoa edo nekazarien irabazien gainekoa. Frogatu nahi izan dut ere, zerga orokorra balitz eta nekazaritza edo industriako irabazi guztiei berdin eragingo balie, ez lukeela ondasun edo lehengaien prezioan eraginik izango, azken buruan eta berehala, ekoizleek ordainduko bailukete. Ikusi dugunez, errentaren gaineko zerga bat lurjabearen gain eroriko litzateke guztiz, eta ezingo litzaioke inola ere, maizterrari pasa.
Txiro-zergak zerga hauen guztien antzeko izaera du, eta baldintzen arabera, lehengaien eta ondasunen kontsumitzailearen gain, kapitalaren irabazien gain zein lurraren errentaren gain erortzen da. Izan ere, zerga hau aparteko berezitasunez erortzen da nekazariaren irabazien gain, eta beraz, lehengaien prezioari eragiten diola kontsidera daiteke. Nekazaritza eta industriako irabazien gain duen eragin-mailaren arabera, kapitalaren irabazien gaineko zerga orokorra izango da, eta ez du lehengai eta merkantzien prezioan aldaketarik sortaraziko. Nekazariak ez badu gaitasunik lehengaien prezioa zergaren neurrian igoarazi eta zergaren dirua berreskuratu ahal izateko, halakoetan errentaren gaineko zerga izango da, eta hau lurjabeak ordainduko du. Beraz, denboraldi zehatz bateko txiro-zergaren eragina ezagutzeko, zerga horrek garai horretan nekazari eta industriariaren irabaziak berdin eragiten dituen ala ez jakin behar dugu, hala nola baldintzak egokiak diren nekazariak lehengaien prezioa igotzeko.
Teoriak dioenez, txiro-zerga nekazariaren gain ezarri beharko litzateke, bere errentaren proportzioan; haatik, errenta oso apala duen, edo errentarik ordaintzen ez duen nekazariak, zerga txikia edo hutsa izango luke. Hau egia balitz, txiro-zerga nekazarien klaseak ordaintzen duenez, lurjabearen gain eroriko litzateke erabat, eta ezingo litzaioke lehengaien kontsumitzaileari pasa. Baina nire ustez hori ez da egia; izan ere, txiro-zerga ez da ezartzen nekazariak bere lurjabeari benetan ordaintzen dion errentaren arabera; lurrak urtero duen balioaren proportzioan dago, urteroko balio hori lurjabearen kapitalak eman nahiz maizterraren kapitalak eman.
Bi nekazarik elizbarruti berean kalitate desberdinetako bi lursail akuratzen badituzte; horietako batek lur emankorreneko 50 akrerengatik 100£ko errenta ordaintzen badu, eta besteak ere 100£ ordaintzen baditu, baina lur txarreneko 1.000 akrerengatik; bi hauek txiro-zerga berdina ordainduko lukete, bietatik inor ez balitz saiatuko lurra hobetzen; baina etxalde txiroko nekazariak, epe luzeko kontratua duela eta, bere lurraren ekoizpen-ahalmena hobetzen jarri, eta horretarako gastu handiak egin behar izango balitu, hau da, ongarritu, ureztatu, hesiak ipini eta abar, orduan, nekazari horrek ez luke egingo txiro-zergaren ekarpena lurjabeari ordaintzen dion errentaren proportzioan, baizik une horretan lurrak duen urteko balioaren proportzioan. Txiro-zerga errentaren berdina edo garaiagoa izan daiteke, baina kasu batean zein bestean, lurjabeak ez du kopuru honen zatirik ordainduko. Maizterrak bere kalkuluak aurretik eginak izango ditu, eta ekoizpenaren prezioa gastu guztiak kitatzeko nahikoa ez balitz -txiro-zerga guztiak barne-, ez zion hobekuntzak egiteari ekingo. Begi-bistakoa da, beraz, kasu honetan kontsumitzaileak ordaintzen duela zerga, zeren eta zergarik ez balego, hobekuntza berdinak egingo baitziren, eta enplegatutako kapitalaren gain ohiko irabazi-tasa erdietsiko zen laborearen prezio apalagoarekin.
Gai honi dagokionez ere, ez luke garrantzirik izango hobekuntza horiek lurjabeak bere kontura egin, eta ondorioz, errenta 100£tik 500£ra igoko balu; kasu honetan ere zerga kontsumitzailearen gain eroriko litzateke; izan ere, bere lurretan diru-kopuru handia gastatzeko lurjabeak hartu beharreko erabakia, lur horren erabilpenaren truke jasoko lukeen errentaren, edo errenta deitzen zaion horren menpe egongo litzateke; eta hau, aldi berean, laborearen edo beste edozein lehengairen prezioaren menpe egongo litzateke, beti ere prezio hau errenta gehigarria estali eta lurrak bere gain izandako zerga ordaintzeko nahikoa garaia izango balitz. Aldi berean, nekazariak edo lurjabeak lurrak hobetzeko gastatzen duen kapitalaren proportzioan ordainduko balitu industri kapital guztiak txiro-zergak, orduan, zerga hori ez litzateke nekazari edo lurjabearen kapitalaren irabazien gaineko zerga partziala izango, ekoizle guztien kapitalaren gaineko zerga baizik; beraz, ezingo lioke lehengaien kontsumitzaileari edo lurjabeari pasa. Zerga honek ez luke nekazarien irabazien gain enpresarienen gain baino eragin handiagoa izan beharko; eta lehenak ezingo luke zerga erabili bere merkantzien prezioak igotzeko argudio gisa, ez behintzat bigarrenak baino gehiago. Irabazi erlatiboa da kapitala enplegu zehatz batean enplegatzea galarazten duena, eta ez ordea irabazi absolutuen beherakada: irabazi-diferentzia da, hain zuzen, kapitala enplegu batetik bestera mugiarazten duena.
Dena den, onartu beharra dago gaur egungo egoeran, txiro-zergak kopuru handiagoan erortzen direla nekazariaren gain industriariaren gain baino, beti ere bakoitzaren irabazien proportzioaren arabera; nekazaria gaur egun erdiesten dituen irabazien arabera zergatuko da; industriaria, berriz, gaur egun lana egiten duen eraikinen balioaren arabera, kontuan hartzeke honek enplegatzen dituen makineria, lana eta kapitalaren balioa. Hemendik ondoriozta dezakegu nekazariak bere ekoizpenaren prezioa igo ahal izango duela, eta igoera hori diferentzia honen guztiaren araberakoa izango dela. Beraz, zerga era desberdinez erortzen denez -bereziki bere irabazien gain-, lehengaien prezioa igoko ez litzatekeen bitartean, nahiago izango luke bere kapitala lurrean baino, beste edozein jardueran enplegatzea. Baina alderantziz, zerga hau industriariaren gain nekazariaren gain baino zamatsuagoa balitz, industriariak bere ondasunen prezioak diferentzia honen arabera igo ahal izango lituzke, eta nekazariaren kasu berdinean egongo ginateke, alegia, beronek lehengaien prezioa igo zezakeen horretan. Beraz, nekazaritza garatzen ari den gizarte batean, txiro-zergak lurraren gain zama bereziz erortzen direnean, zati bat kapitalaren irabazien murrizketaren bidez ordainduko dute kapitalaren enplegatzaileek, eta beste zati bat lehengaiak kontsumitzen dituztenak, hauen prezioa gehitu egingo baita. Honelakoetan, zerga hau lurjabeentzat kaltegarria baino, abantailatsua ere izan daiteke; lorturiko ekoizpen-kantitatearekiko proportzioan, lur kaskarrenaren lantzaileak ordaintzen duen zerga lur emankorragoetako nekazariak ordaintzen duena baino handiagoa baldin bada, laborearen prezio-igoera -labore ororen preziora zabalduko dena-, azkenak ordaintzen duen zerga konpentsatu baino gehiago egingo du. Abantaila honek kontratuak irauten duen bitartean jarraituko du, eta gero lurjabeei transferituko zaie. Hau izango litzateke, beraz, gizarte aurrerakor batean txiro-zergak sortuko lukeen ondorioa; baina aurrerapenik gabeko herrialdean, edo atzerakor batean, kapitala ezin litekeenez lurretik erretira, beste zerga bat ezarriko balitz jende txiroa laguntzeko, nekazaritzaren gain eroriko litzatekeen zatia, nekazariek ordainduko lukete, indarrean dauden kontratuak iraun bitartean; baina, behin kontratuak bertan behera geratzen direla, ia zati hori guztia lurjabeen gain eroriko litzateke. Kontratua indarrean zegoen bitartean kapitala gastatu bazuen bere lurra hobetzeko eta oraindik bereak balira lur horiek, hobekuntzen ondorioz zerga berriarekin zergatuko litzateke, lurrak hartutako balio berriaren arabera; eta kopuru hau kontratuak irauten duen bitartean ordaindu beharrean egongo litzateke, nahiz eta bere irabaziak irabazi-tasa orokorretik behera jaitsi; zeren eta gastatu den kapitala lurrari itsatsita geratu baita, hortik ateratzeko aukerarik gabe. Bera edo bere lurjabea (hau balitz kapitala gastatu duena) benetan gai balitz kapital hau ateratzeko, eta honela lurraren urteko balioa urrituko balitz, ondorioz, zerga proportzionalki jaitsiko litzateke; aldi berean, ekoizpena gutxituko denez gero, bere prezioa igo egingo litzateke; zerga hori dela eta, nekazari hori konpentsatuta geratuko litzateke, kontsumitzailea kargatuko bailitzateke, eta ez litzateke errentaren gain zatirik eroriko; baina hau, kapitalaren zenbait proportziori dagokionez, ezinezkoa da, eta ondorioz, proportzio horretan, zerga nekazariak ordainduko du kontratua indarrean dagoen bitartean; eta kontratua amaitu ondoren lurjabeek ordainduko dute zerga hori. Zerga gehigarri hau zamatsuki eroriko balitz industriarien gain, nahiz eta hori honela ez izan, egoera hauetan beren ondasunen prezioari erantsi beharko diote, zeren eta ez bailitzateke arrazoirik egongo berauen irabaziak irabazi-tasa orokorretik behera murrizteko, beren kapitalak nekazaritzara erraz joan litezkeenean1.