XVII. Kapitulua
Beste merkantzien gaineko zergak, lehengaienak salbu
Laborearen gaineko zerga batek laborearen prezioa igoaraziko lukeen bezala, beste edozein merkantziaren zergak ere merkantzia horren prezioa igoaraziko luke. Merkantzia ez balitz kopuru berdinean igoko, ekoizleari ez lioke lehen ematen zion irabazi berdina emango, eta honek kapitala beste enplegu batera mugituko luke.
Oinarrizkoak zein luxuzkoak izanik ere, merkantzia guztiak zergatzea, diruak bere balioa aldatzeke mantentzen duen bitartean, gutxienez, zergaren kopuruan igoaraziko ditu prezioak1. Langilearentzat beharrezkoak diren merkantzien gaineko zerga batek sortzen duen ondorioa, laborearen gainekoak alokairuetan sortzen duena bezalakoa izango litzateke; hauen arteko desberdintasun bakarra, laborea oinarrizko ondasunen artean lehenengoa eta garrantzi handienekoa izatean datza; eta kapitalaren irabazi eta kanpo-merkataritzan ondorio berdinak sortuko lituzke. Baina luxuzko zerga batek ondasun horien prezioa igoaraziko luke, besterik ez. Zerga guztia kontsumitzailearen gain eroriko litzateke, eta ez lirateke alokairuak igoko, ezta irabaziak jaitsiko ere.
Herrialde batean zergak gerra sostengatzeko, edo estatuaren ohiko gastuak egiteko ordaintzen badira, eta batez ere ekoizten ez duten langileak mantentzeko erabiltzen badira, herrialde horretako arlo ekoizkorretik ateratzen dira; eta gastu hauetatik egiten den aurrezki guztia, orokorki, sarrerei erantsiko zaie, zergaburuen kapitalari egiten ez bazaio behintzat. Urte bateko gerra-gastuak direla eta, maileguaren bidez 20 milioi biltzen direnean, hogei milioi kentzen zaizkio nazioko kapital ekoizkorrari. Zergen bidez mailegu honen interesak ordaintzeko urtero biltzen den milioia, azken finean, zerga ordaintzen duenarengandik kreditu-emailearengana transferitzen da, alegia, zergaburuarengandik nazioari mailegua egin dionarengana. Gastu erreala hogei milioikoa da, eta horretan ez dira sartzen ordaindu behar diren interesak2. Interesak ordaindu ala ez, herrialdea ez da ez aberatsagoa, ez txiroagoa ere izango. Gobernuak bat-batean hogei milioi zerga-eran jaso izan balitu, kasu honetan ez luke zergen bidez urtero milioi bat biltzeko beharrik izango. Baina honek ere ez luke transakzio honen izaera aldatuko. Gizabanako bati urtero 100£ eskatu ordez, derrigortua izan liteke bat-batean eta behingoz 2.000£ ordaintzera. Honentzat egokiagoa izan liteke 2.000£ maileguan hartzea eta gero urtero mailegu-emaileari interesetan 100£ ordaintzea, bere kapitaletik zuzenean kopuru handi hau ordaindu baino. Kasu batean transakzioa pribatua da: A eta Bren artekoa; beste kasuan, gobernuak Bri bermatzen dio interesen ordainketa, nahiz Ak ordainduko duen. Transakzioa pribatua izan bazen, ez zen eragiketa honen idazki publikorik egongo eta herrialdearentzat berdina izango zen Ak Bri zuzen-zuzenean ordaintzea edo urteroko 100£ beretzat bidegabeki gordetzea. Herrialdeak kontratua behar den moduan betetzea nahiago luke, baina nazio-aberastasunaren ikuspegitik berdina izango litzateke, eta interes bakarra, 100£ horiek Ak ala Bk, bietatik era ekoizkorrenean zeinek enplegatuko lituzkeen izango litzateke; baina gai honetan herrialdeak ez luke ez eskubiderik, ez aukerarik izango arazoa erabakitzeko. Gerta liteke, Ak bere erabilpenerako gordez gero alferrik galtzea, eta aitzitik, Bri ordainduz gero, bere kapitalari gehitu eta era ekoizkorrean enplegatzea. Alderantzizko egoera ere eman liteke; Bk alperrik gal lezake eta, bien bitartean, Ak ekoizkorki enplegatu. Soilik aberastasunaren ikuspegitik izan liteke berdina edo desiragarriagoa Ak ordaindu behar izatea edo ez; baina zuzentasun eta fede onaren printzipioak, baliagarritasun handiagokoak, ez dira printzipio ahulagoen menpe jarriko, eta ondorioz, estatuari afera honetan eskuhartzera eskatuko balitzaio, justizi epaitegiek A kontratua betetzera behartuko lukete. Nazioak bermatzen duen zorra ez da gorago aipatu den transakziotik bereizten. Justiziak eta fede onak eskatzen dute nazio-zorraren interesak ordaintzen jarraitu behar direla, eta ongizate orokorrarengatik beren kapitala aurreratu dutenei, ezin zaizkie beren eskubide zuzenak ukatu, nahiz eta baliagarritasun publikoaren izenean egin.
Baina honez gain, ez da inola ere ziurra baliagarritasun politikoak zerbait irabaziko lukeen osotasun politikoaren sakrifizioarekin; ezin liteke ondoriozta nazio-zorraren interesen ordaina egin gabe geratzen den zatiak, diru hori zor zaienek baino hobekiago enplegatuko lukeenik. Nazio-zorra indargabetu ostean gizaki baten sarrera 1.000£tik 1.500£ra igo liteke, baina beste batena 1.500£tik 1.000£ra jaitsiko litzateke. Bi gizaki hauen sarrerak orain 2.500£koak dira; ez lukete kopuru hori gaindituko. Gobernuaren helburua zergak biltzea bada, kapital eta sarrera berdinak lirateke zergagarri, kasu batean zein bestean. Nazio-zorraren interesen ordainketa ez da, beraz, herrialdea larrialdian jartzen duena; ordainketa honen indargetzeak ere ez luke lasaitasuna ekarriko. Sarreretatik aurreztuta eta gastuak murriztuta besterik ez daiteke nazio-kapitala gehi; sarrerak ez lirateke gehituko, ezta gastuak urrituko ere nazio-zorra kitatu ondoren. Gobernu zein gizabanakoen gastuek eta maileguek txirotzen dute herrialdea; ekonomia publiko eta pribatua sustatzeko edozein neurrik, beraz, miseria publikoa arinduko du; baina okerra eta iruzurra da suposatzea, nazio-zailtasun erreala benetan konpon daitekeela, aurre egin behar liokeen komunitateko klase baten bizkargainetik beste klase baten bizkargainera aldatuta, hain zuzen, ekitate printzipioaren arabera, bere zatia baino gehiagori aurre egin beharko ez liokeen klasearen bizkarrera.
Nik esan dudanetik ez da ondorioztatu behar estatuaren aparteko gastuak finantzatzeko mailegu-sistema egokientzat hartzen dudanik. Sistema honek zuhurtasuna gutxiarazi egiten digu, egoera erreala ezkutatu. Gerratearen urte bakoitzeko gastuak 40 milioi badira, eta gizaki bakoitzari dagokion urteko zatia 100£ badira, gizaki hori bere sarreretatik fite 100£ aurrezten saiatuko litzateke, bere ekarpen zuzena egiteko. Maileguen sistema erabiltzen bada, gizaki hori besterik gabe 100£ horien interesak, edo urteko 5£, ordaintzera behartuta dago; kasu honetan bere gastuetatik 5£ aurreztea nahiko duela irudituko zaio, eta bere burua engainatzen du, lehen bezain aberatsa dela pentsatzen baitu. Nazio guztiak honela pentsatu eta jarduten badu 40 milioien interesak bakarrik aurrezten ditu, edo bi milioi; eta beraz, ez dira bakarrik ekoizkorki enplegaturiko 40 milioiko kapitalaren interesak edo irabaziak galtzen, baita gastu eta aurrezkien arteko aldea ere, hau da, 38 milioi. Nik lehenago aipatu dudanez, gizaki bakoitzak bere mailegua egin behar balu eta estatuak eskatzen dion guztiari bere ekarpen proportzionala egin, gerra amaitu bezain azkar zergatzea bertan behera geratuko litzateke, eta prezioak berehala beren ohiko egoera naturalera itzuliko lirateke. Ak bere fondo pribatuetatik Bri interesak ordaindu beharko lizkioke, gerra garaian honi hartu baitzion dirua maileguan gastuen kuota ordaindu ahal izateko; baina nazioak ez luke honekin zerikusirik izango.
Herrialde batek zor handia metatzen badu, egoera arras artifizialean kokatzen da; nahiz zergen kopuru honek eta lanaren alokairu gehituek herrialde hau ezin dezaketen kanpo-herrialdeekiko egoera desabantailatsuan ipin, eta nire ustetan ez dute ipiniko, zerga horiek derrigorrez ordaindu behar izateaz gain, zergaburu bakoitzak interes berezia du zerga horien ordainketetatik ihes egin, eta ordainketaren zama beste bati pasatzeko; eta bera eta bere kapitala beste herrialde batera joateko nahia izaten da, hain zuzen honelako zamatik at geratuko den tokira; leku hau arras erakargarria bihurtzen da, eta norberaren jaioterria eta lehenengo asoziazioak egin diren herrialdea uzteak sortzen dituen sentimendu gogor guztiak gainditzen ditu. Herrialdea sistema artifizial honek sortarazi dion egoeratik berehala irtetzea izango litzateke egokiena, nahiz horretarako bere jabetzaren zati bat sakrifikatu behar izan, zorra kitatzeko beharrezkoa dena, hain zuzen. Gizabanakoarentzat zuhurra dena, zuhurra da ere nazioarentzat. Gizaki batek 10.000£ baditu eta 500£ko sarrerak ematen badizkio, eta hemendik urteko 100£ ateratzen baditu zorraren interesak ordaintzeko, benetako balioa 8.000£ besterik ez da, eta aberastasun berdina izango luke, behingoz 2.000£ sakrifikatuta edo urteko 100£ ordaintzen jarraituta. Baina galde daiteke, non egongo litzateke eroslea, saldu behar dion jabetzagatik 2.000£ erdiesteko? Erantzuna erraza da: 2.000£ jaso behar dituen nazio-hartzekodunak diru hori inbertitu nahiko du eta prest egongo da lurjabe edo enpresariari mailegua emateko, edo utzi nahi duten jabetzaren zati bat erosteko. Ordainketa hau egiteko, hein handi batean, kapitalistek beraiek parte hartuko lukete. Eskema hau sarritan aholkatu izan da, baina beldur naiz nahikoa zuhurtasun eta bertute izan ote dugun sistema hori geure egiteko orduan. Hala ere, onartu behar da, bake-garaian etengabe saiatu beharko genukeela gerra-garaian egindako zorraren zatia ordaintzen; eta lasaitasunerako tentaziorik ez genuke eduki beharko, ezta gaur egungo egoeratik ihes egiteko asmorik ere -espero dut behin behinekoa izango dela-, eta ez genuke inoiz helburu nagusi bezala ahaztu beharko.
Zorra gutxitzeko ezin daiteke egokia izan amortizazio-fondoa, ez bada behintzat sarrera publiko eta gastu publikoen arteko soberakinetik eratorria. Sentitzekoa bada ere, herrialde honetako amortizazio-fondoa izen hutsa da, zeren eta sarrera eta gastuen arteko soberakinik ez baitago. Zuhurtasunez egin beharko litzateke proposatzen den amortizazio-fondo hori, eta benetan egoki eta eraginkorra izan beharko luke zorra ordaintzeko. Gerora gerraren bat hasiko balitz eta geure zorra neurri handi batean gutxiturik ez balego, honako bi gauza hauetako bat gertatu beharko luke: edo gerrako gastu guztiak urtez urte bildutako zergekin ordaindu behar ditugu, edo gerra amaitu ondoren, lehenago ez bada, nazio-porrota aurkeztu beharko dugu; hori ez da gertatzen zorrari gehigarri handiagoak erantsita jasateko gai ez garelako -zaila izango litzateke nazio handi baten ahalmenari mugak ipintzea-; baina ziurrenik, gizabanakoek mugak ipiniko dizkiote beren jaioterrian bizitzeko pribilegioagatik ordaindu behar duten prezioari, zeinek zerga iraunkorraren itxura hartzen duen3.
Merkantzia baten monopolio-prezioa, kontsumitzaileek erosteko desiratzen duten prezio garaiena izango da. Merkantziek monopolio-prezioa dute beren kopurua inola ere gehi ezin daitekeenean; eta beraz, lehiaketa guztia alde batean geratzen da, erosleen artean alegia. Denboraldi bateko monopolio-prezioa beste batekoa baino askoz merkeagoa edo garestiagoa izan daiteke, erosleen arteko lehiaketa beren aberastasunaren menpe dagoelako, baita beren gustu eta nahikariaren menpe ere. Kantitate mugatuan ekoizten diren ardo berezi horiek, zein izaera nabarmen edo arraroa edukitzeagatik ameskeriazko balioa hartu duten arte-lanak, ohiko lanaren ekoizpen-kopuru arras desberdinez ganbiatuko dira, hain zuzen ere, gizartearen aberastasun- edo txirotasun-mailaren arabera, ekoizpen honen ugaritasun edo urritasunaren arabera, edo herrialdea egon daitekeen egoera atzeratu edo aurreratuaren arabera. Monopolio-prezioa duen merkantzia baten ganbio-balioa, beraz, ez du bere ekoizpen-kostuak erregulatzen.
Lehengaien prezioa ez da monopolio-prezioa, garagar eta gariaren merkatu-prezioa, gehienbat, beren ekoizpen-kostuak erregulatzen duelako, oihal eta hariaren merkatu-prezioa bezala. Dagoen diferentzia bakarra hauxe da: nekazaritzan enplegatzen den kapital-zati batek laborearen prezioa erregulatzen du, hain zuzen ere, errenta ordaintzen ez duen zatiak; bien bitartean, manufakturatutako ondasunen ekoizpenean kapital-zati guztiak emaitza berdinekin enplegatzen dira; errenta ordaintzen duen kapital-zatirik ez dagoenez, zati guztiak prezioaren erregulatzaile dira: labore eta beste lehengaien kopuruak ugal daitezke, baina horretarako lurrean enplegatzen den kapitala gehitu behar da, eta beraz, ez dute monopolio-preziorik. Erosleen artean bezala, saltzaileen artean ere lehiaketa dago. Hau ez da mintzatu garen ardo arraro horien ekoizpenarekin edo arte-lan baliagarri horiekin gertatzen dena; beren kantitatea ezin daiteke gehi, eta beren prezioa erosleen gogoak eta eros-ahalmenak mugatuko dute. Mahasti hauen errenta edozein igoera moderatutik harantzago gera daiteke, honelako ardoak ekoitz ditzakeen beste lurrik ez dagoenez, ardo hauekin beste inork ezin baitezake lehia.
Herrialdeko labore eta lehengaiak, monopolio-prezioan denboraldi batean sal daitezke; baina iraunkorki gertatzeko arrazoi bakarra, lurrean kapital gehiago onuraz ezin enplegatzea litzateke, eta beraz, beren ekoizpena ezin gehi izatea. Honelako kasuan, lantzen ari den lur-zati guztiak eta lurrean enplegatzen diren kapital-zati guztiek errenta sortuko dute, eta errendimenduen arteko diferentziaren proportzioan bereiziko dira. Honelakoetan, nekazariaren gainean ezar daitekeen edozein zerga errentaren gain eroriko da, eta ez kontsumitzailearen gain. Nekazari honek ezin dezake bere laborearen prezioa igo, erosleek ordainduko duten prezioa, edo ordain dezaketena, bere maila garaienean dagoela suposatzen baita. Nekazari hori ez da pozik geratuko beste kapitalistek erdiesten duten irabazi-tasa baino apalagoarekin, eta beraz, geratzen zaion irtenbide bakarra errenta urritzea edo enplegu horretatik alde egitea izango da.
Buchanan jaunak laborea eta lehengaiek monopolio-prezioa dutela kontsideratzen du, errenta sortzen dutelako: errenta sortarazten duten merkantzia guztiek monopolio-prezioan egon behar dutela suposatzen du; hortik ondorioztatzen du lehengaiei buruzko zerga guztiak lurjabearen gain erortzen direla, eta ez kontsumitzailearen gain. "Laborearen prezioak", dio, "beti errenta darama eta bere ekoizpen-kostuek ez dute prezioaren gaineko inolako eraginik. Beraz, gastu horiek errentatik kanpo ordaindu behar dira; gastu hauek igo edo erortzean ez dute prezioaren gain eragiten, baizik eta errentaren gain, hau ere altuagoa edo apalagoa izango baita. Ikuspegi honetatik, nekazal zerbitzari, zaldi edo etxaldeko lanabesen gain ezarritako zerga guztiak, azken finean, lurraren gaineko zergak dira; zergaren karga nekazariaren gain eroriko litzateke errenta-kontratua indarrean dagoen bitartean, eta lurjabearen gain kontratua berritzen denean. Nolanahi ere, nekazariaren gastuak aurreratzen dituzten nekazaritzarako lanabesen hobekuntzek, makilaldi- edo igitze-makinak esaterako, zein merkatura errazago iristeko edozer, errepide hobeak, kanalak edo zubiak adibidez, nahiz eta laborearen jatorrizko kostua jaitsi, ez dute merkatu-prezioa apaltzen. Haatik, hobekuntza hauekin aurrezten den guztia lurjabearentzat da bere errentaren zati gisa".
Begi-bistakoa da Buchanan jaunari onartzen badiogu bere argudioa eraikitzeko erabiltzen duen oinarria, hau da, laborearen prezioak beti errenta ematen duela, hortik aipatzen dituen ondorio guztiak aterako liratekeela. Nekazariaren gaineko zergak ez lirateke kontsumitzailearen gain eroriko, baizik eta errentaren gain; nekazaritzako hobekuntza guztiek errenta gehituko lukete; baina uste dut hori nahikoa garbi utzi dudala esan dudanean herrialdea erabat eta maila gorenera landu artean, beti dagoela lurrean enplegatu eta errentarik ematen ez duen kapital-zatiren bat; eta industrian bezala, kapital-zati horren emaitza da, hain zuzen, irabazi eta alokairuen artean banatzen dena, eta laborearen prezioa erregulatzen duena. Errentarik ematen ez duen laborearen prezioa, beraz, bere ekoizpenean egiten diren gastuen eraginpean dago, eta gastu horiek ezin daitezke, inola ere, errentatik ordain. Gastu hauen gehikuntzaren ondorioa prezio altuagoa da, eta ez errenta apalagoa4.
Aipagarria da Adam Smith eta Buchanan jaunak ados egotea, lehengaiei buruzko zerga, lurrari buruzkoa eta hamarrenak, guztiak, lurraren errentaren gain erortzen direnarekin -eta ez lehengaien kontsumitzaileen gain-; eta hala ere, onartu behar izatea maltaren gaineko zerga garagardo-kontsumitzailearen gain erortzen dela, eta ez lurjabearen errentaren gain. Adam Smithen argudioa eta nik maltaren eta gainontzeko lehengaien gaineko zergari buruz daukadan iritziaren hain adierazpen argia da, ezin naitekeela horren azalpena irakurlearen aditasunari eskaintzeke egon.
"Garagarra lantzen den lurretik lortutako errenta eta irabaziek, lur horiek bezain ongi landutako eta horiek bezain emankorrak diren beste batzuen errenta eta irabazien antzekoak izan behar dute. Hauek baino apalagoak balira, garagarra lantzen den lurraren zati bat beste xede batzuetan erabiltzeko bideratuko litzateke, eta handiagoak balira, lur gehiago erabiliko litzateke garagarra lantzeko. Lurraren edozein ekoizpen bereziren ohiko prezioa, monopolio-prezio gisa dei daitekeena bada, honen gaineko zerga batek, ondasun hori lantzen den lurraren errenta eta irabazia derrigorrez murrizten ditu. Mahasti baliotsuetatik ateratzen den ardoa eskaria betetzeko nahikoa ez denez, emankortasun berdineko eta ongi landutako beste lurretako ardoaren prezioa baino garaiagoa da beti, eta beraz, mahasti hauen ekoizpenaren gaineko zerga batek, beronen errenta eta irabazia gutxituko lituzke derrigorrez. Ardo horrek jadanik, merkatura eraman daitekeen ohiko kopuruak izan dezakeen preziorik altuena du, eta beraz, ezin liteke gehiago igo kopurua urritzeke; eta kopurua ezin liteke gutxitu galera handiagorik izateke, lur horiek ezingo litezkeelako baliagarritasun berdineko ekoizpenean erabili. Beraz, zergaren karga guztia errenta eta irabaziaren5 gain eroriko litzateke; mahastiak sortzen duen errentaren gain bereziki". "Baina garagarraren ohiko prezioa ez da inoiz monopolio-prezioa izan; eta garagarra landu den lurraren errenta eta irabaziak ez dira inoiz, emankortasun maila berdineko eta ongi landutako lurrenak baino altuagoak izan. Malta eta garagardoaren gaineko zerga guztiek ez dute inoiz garagarraren prezioa jaitsarazi; ez dituzte inoiz garagar-lurraren errenta eta irabazia jaitsarazi ere. Garagarregileentzat maltaren prezioa etengabe igo da, beregain ezarri diren zergen proportzioan hain zuzen; eta zerga hauek, garagardoaren gaineko beste eskubide guztiekin batera, prezioa etengabe igoarazi egiten dute edo, gauza bera dena, merkantzia hauen kalitatea kontsumitzailearentzat gutxitu. Zerga hauen azken ordainketa, beti, kontsumitzailearen gain eroriko da eta ez ekoizlearen gain". Pasarte honetan Buchanan jaunak azpimarratzen du: "Maltaren gaineko eskubide batek inoiz ezin lezake apal garagarraren prezioa, zeren eta garagarra malta bihurtzean eta garagarra gordina saltzean lortzen dena berdina izan ezean, ez bailitzateke beharrezko kopurua eroango merkatura. Garbi dago, beraz, maltaren prezioak ezarritako zergaren proportzioan igo behar duela, beste era batera ezin izango bailioke eskariari aurre egin. Hala ere, garagarraren prezioa monopolio-prezioa da, azukrearena bezala; biek errenta sortzen dute eta bien merkatu-prezioak jatorrizko kostuarekiko lotura guztiak galdu ditu".
Badirudi, beraz, Buchanan jaunaren iritziz, maltaren gaineko zergak maltaren prezioa igoaraziko lukeela, baina malta ateratzen deneko garagarra zergatuz gero, garagarraren prezioa ez litzatekeela igoko; beraz, malta zergatzen bada, zerga hori kontsumitzaileak ordainduko du, eta garagarra zergatzen bada, zerga hori lurjabeak ordainduko du, errenta txikiagoa eskuratuko baitu. Buchanan jaunaren arabera, garagarra monopolio-prezioan dago, hain zuzen, erosleek horrengatik eman nahi duten prezio altuenean; baina garagarretik egindako malta ez dago monopolio-prezioan, eta beraz, beronen gain ezar daitezkeen zergen proportzioan igo daiteke prezio hori. Maltaren gaineko zerga baten ondorioari buruz Buchanan jaunak duen iritzia, nire ustetan, antzeko zerga bati buruz duen iritziarekin kontraesanean dago: ogiaren gaineko zergari buruzkoarekin alegia. "Ogiaren gaineko zerga ez da, azken finean, prezio-igoeraren bidez ordainduko, errentaren beherakadaren bitartez baizik"6. Izan ere, maltaren gaineko zergak bere prezioa igoaraziko balu, ogiaren gainekoak ere bere prezioa igoarazi beharko luke.
Say jaunaren ondoko argudio hau ere Buchanan jaunaren ikuspegi berdinean oinarritzen da: "Lursail batek ekoizten duen ardo- edo labore-kantitateak ia berdina izaten jarraituko du, edozein izanda ere ezarriko zaion zerga. Zergak ekoizpen garbiaren erdia, hiru laurdena eraman dezake, edota bere errentarena, nahiago izanez gero, baina zergak irensten ez duen erdi edo laurden hori lortzeko, lurra lantzen jarraituko litzateke. Errenta, hau da, lurjabearen zatia, zertxobait besterik ez litzateke apalduko. Honen arrazoia ulergarria da, baldin eta gure kasu honetan, lurretik lortu den ekoizpen-kantitatea eta merkatura bidali dena berdina bada. Bestalde, ekoizpenaren eskariak oinarritzat dituen arrazoiek berdinak izaten jarraitzen dute.
"Dena den, zerga bat ezarri edo dagoena handitu arren, eskainitako eta eskatutako ekoizpen-kopuruek berdinak izaten jarraitu behar badute, ekoizpenaren prezioa ez da aldatuko; eta prezioa ez bada aldatzen, kontsumitzaileak ez du zerga horren zati txikiena ere ordainduko".
"Hori dela eta, esan al liteke lana eta kapitala hornitzen dituen nekazariak jasango duela zergaren zama, lurjabearekin batera? Noski ezetz; zerga ipintzeak ez baitu akuran hartutako etxalde-kopurua urritu, ezta nekazari-kopurua gehitu ere. Honelakoetan, eskaria eta eskaintza berdin mantentzen direnez, nekazariaren errentak ere berdina izaten jarraitu behar du. Esaterako, gatzaren ekoizleak kontsumitzaileari zergaren zati bat besterik ezin dio ordainarazi, eta lurjabeak zergaren zati txikiena ere ezin dezake berreskura; bi kasu hauen bidez, ekonomilarien esanen aurka, zerga guztiak, azken finean, kontsumitzailearen gain erortzen direla diotenen okerra frogatzen da". II. bolumena, 338. orr.
"Zergak ekoizpen garbiaren erdia edo hiru laurdena hartzen badu", eta ekoizpenaren prezioa ez bada igotzen, nekazariek nola erdietsiko lituzkete kapitalaren ohiko irabaziak, errenta arras moderatuak ordaintzen badituzte, emaitza berdina lortzeko emankortasun garaiagoa duten lurralde haietan baino lan-proportzio handiagoa behar bada? Errenta guztia barkatuko balitzaie ere, beste jardueretan baino irabazi txikiagoak lortuko lituzkete, eta ez lukete beren lurrak lantzen jarraituko, baldin eta beren ekoizpenaren prezioa ezingo balute igo. Zerga nekazarien gain eroriz gero, nekazari gutxi egongo litzateke etxaldeak akuratzeko prest; zerga lurjabearen gain eroriko balitz, etxalde ugari ez lirateke akuratuko errentarik ez bailukete sortuko. Baina azken hauek nola ordainduko lukete zerga, labore horrek errentarik sortzen ez badu? Begi-bistakoa denez, zergak kontsumitzailearen gain erori behar du. Say jaunak hurrengo pasartean aipatzen duen lurrak, nola ordainduko luke ekoizpenaren erdia edo hiru laurdeneko neurria duen zerga bat?
"Eskozian, beste inork landu ezingo lituzkeen lur kaskarrak, beren jabeek lantzen dituztela ikus dezakegu. Estatu Batuetako barne-probintzietan lur ugari eta emankorra dago, eta lur hauen errenta beren jabea bizirauteko nahikoa izango ez litzatekeela ikus dezakegu ere. Hala ere, lur hauek landu egiten dira, baina beren jabeek egin behar dute hori, edota bestela esanda, jabeak errentari bere kapitalaren eta lanaren irabaziak erantsi behar dizkio, errenta hori arbuiagarria delako; honela, itxuraz bizitzeko adina lortzen du. Guztiz jakina da, nahiz eta landua izan, lurrak ez diola lurjabeari errentarik ematen, baldin eta nekazaririk ez badago lur horregatik errenta ordaintzeko prest: honek frogatzen du, beraz, honelako lurrak kapitalaren eta bera lantzeko den eskulanaren irabaziak besterik ez dituela emango". Say, II. bolumena, 127. orr.