Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XXIII. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XXIII. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXIII. Kapitulua

Ekoizpenari buruzko sariak

Irakasgarria izan daiteke lehengai eta beste merkantzien ekoizpenari buruzko sari baten ondorioak kontsideratzea; printzipio horien aplikazioak aztertzea izango litzateke xede nagusia; izan ere, kapitalaren irabazi, lur eta lanaren urteko ekoizpenaren zatiketa, eta manufaktura eta lehengaien prezio erlatiboei buruzko printzipioak ezartzen saiatu naiz. Lehenbizikoz, demagun zerga bat ezartzen dela merkantzia guztien gainean nahikoa fondo bil dadin, gero gobernuak laborearen ekoizpena sari dezan. Gobernuak zerga honen zatirik gastatuko ez duenez, eta gizarte-klase batetik eskuratuko duena beste klase bati itzuliko zaionez, nazioa, kolektiboki, ez da aberatsagoa edo txiroagoa izango zerga eta sari horiek sortu direlako. Benetan onetsiko litzateke fondoa sortarazi duen merkantziaren gaineko zerga honek, zergatutako merkantzien prezioa igoaraztea; merkantzia hauen kontsumitzaileek, beraz, fondo horretara ekarpenak egingo lituzkete; beste hitz batzuetan esanda, beren prezio naturala edo beharrezko prezioa igoko denez, beren merkatu-prezioa ere igo egingo litzateke. Baina merkantzia hauen prezio naturala igoarazteko dauden arrazoi berberengatik, laborearen prezio naturala jaitsiko litzateke; ekoizpenaren gaineko saria ordaindu aurretik, nekazariek beren laboreagatik erdiesten zuten prezioa, beren errenta eta gastuak berreskuratzeko nahikoa zen, baita irabazi-tasa orokorra ziurtatzeko ere; saria ipini ondoren, nekazariek irabazi-tasa handiagoa eskuratuko lukete, baldin eta laborearen prezioa ez balitz gutxienez sari honen neurri berdinean eroriko. Zerga eta sariaren ondorioa, beraz, merkantzien prezioa ezarritako zergaren neurri berdinean igoaraztea, eta prezio hori ordaindutako sariaren neurri berdinean jaitsaraztea izango litzateke. Ikusiko da ere, ezin litekeela aldaketa iraunkorrik eman nekazaritza eta industriaren arteko kapitalaren banaketan, kapital eta populazioan aldaketarik emango ez litzatekeelako, eta ondorioz, ogi-eskari eta merkantzi eskari berdin-berdina egongo litzateke. Laborearen prezioa erori ostean, nekazariaren irabaziak ez lirateke maila orokorretik gora egongo; ezta industriarien irabaziak maila orokorretik behera ere, fabrikatutako ondasunen prezioa igo ondoren; sariak, beraz, ez du kapital-kopuru gehiago enplegaraziko nekazaritzan, laborearen ekoizpenean, ezta gutxiago ere ondasunen ekoizpenean. Baina, nola eragingo die lurjabearen interesei? Lehengaiari buruzko zergak lurraren laborezko errenta jaitsarazi egiten duela azaltzen duten printzipio berdinei jarraituz, diruzko errenta aldatzeke geratzen den bitartean, ekoizpenari saria -doi-doi zergaren alderantzizkoa dena- ematen bazaio, honek laborezko errenta igoarazi egingo luke, diruzko errenta aldatzeke utzita1. Diruzko errenta berdinarekin, lurjabeak prezio garestiagoak ordaindu beharko lituzke fabrikatutako bere ondasunengatik, eta prezio merkeagoak bere laboreagatik; beraz, ziurrenik ez litzateke aberatsagoa izango, ezta txiroagoa ere.

Dena den, neurri horrek eskulanaren alokairuen gain izango lukeen eragina ezagutzeko, ikusi beharko litzateke langileak bere ondasunak erosterakoan zergarengatik ordainduko lukeena eta elikagaien prezioa apaltzearen ondorioz sariarengatik eskuratuko lukeenaren arteko antzekotasuna. Bi kantitate hauek berdinak balira, alokairuek aldatzeke jarraituko lukete; baina langileak zergatutako ondasunik kontsumituko ez balu, bere alokairuak erori egingo lirateke, eta bere ugazaba diferentzia honekin profitatuko litzateke. Baina honek ez lioke ugazabari inongo abantailarik emango; irabazi-tasa igoaraziko luke, alokairuak erortzen direnean aldiro gertatzen den bezala; baina langileak fondo horretara egiten dituen ekarpenak urritu ahala, eta gogora dezagun fondo honetatik ordaintzen dela saria eta hau osatu behar dela, orduan, ugazabak gehiago ordaindu beharko du; beste hitz batzuetan, bere gastuak egiten dituenean zerga kontzeptupean ordaindu beharko lukeena bezainbeste eskuratuko luke sari eta irabazi garaiagoa batera hartuta. Irabazi-tasa garaiagoa lortzen du bere zerga-kuotarengatik eta bere langilearenagatik ordaindu duen guztia berreskuratzeko; bere langilearen zerga-kuotarengatik jasotzen duen kopurua alokairuak murriztuta azaltzen da, edo gauza bera dena, irabaziak gehituta; beretzat den ordain-saria, berriz, berak kontsumitzen duen laborearen prezio urriagoan azaltzen da, sariak horretara baitarama.

Hemen egokia izango da azpimarratzea lan errealaren edo laborearen prezio naturalaren aldaketak irabazietan sortarazten dituen ondorioak, eta zerga eta sarien eraginez laborearen prezio erlatiboan ematen den aldaketa. Laborea prezioan eroriko balitz bere eskulan-prezioa aldatu dela eta, kapitalaren irabazi-tasa aldatzeaz gain, kapitalistaren egoera ere hobetu egingo litzateke. Irabazi garaiagoekin, ez ditu garestiago ordaindu beharko bere irabaziak gastatzen ditueneko gauzak; eta hori ez da gertatzen, jadanik ikusi dugunez, erorketa hori sari baten bidez artifizialki sorrarazten denean. Laborearen balio errealaren beherakadan, gizakiaren kontsumorako den gauzarik inportanteenetakoa ekoizteko lan gutxiago behar denean, lana ekoizkorragoa bihurtzen da. Kapital berdinarekin eskulan berdina enplegatzen da eta emaitza ekoizpenaren gehikuntza da; beraz, ez da irabazi-tasa inkrementatuko den bakarra, irabazi horiek lortzen dituenaren egoera ere hobetu egingo baita; izan ere, kapitalista bakoitzak, diruzko kapital berdina enplegatuta, diruzko errenta handiagoa izateaz gain, diru hura gastatzen duenean ere merkantzia gehiago eskuratuko ditu, eta lortutako gozamenak ugaritu egingo dira. Sariaren kasuan, merkantzia hori merketzeak dakarren abantaila orekatzeko, beste merkantziengatik ordaintzen den prezioak proportzionalki beharko lukeena baino altuagoa izan behar du; prezio garaiago horri aurre egiteko, irabazi-tasa gehitua eskuratzen du. Beraz, bere egoera erreala, okertu ez den arren, ez da hobetu ere: irabazi-tasa garaiagoa eskuratzen badu ere, ez da gai izango lurraren eta herrialdeko lanaren ekoizpen gehiago bere menpe ipintzeko. Laborearen balio errealaren beherakada izadiko zergatiek sortzen dutenean, ez da beste merkantziak garestitzen direlako orekatuta geratzen; alderantziz, merkantzia hauek ere merketu egiten dira, berauek egiteko erabiltzen diren lehengaiak merketu egin direnean: baina, laborearen balio errealaren beherakada hori bitarteko artifizialek sortzen dutenean, beti orekatu egiten da beste edozein merkantzia bere balioan errealki garestitu delako, eta beraz, laborea merkeago erosi bada, gainontzeko merkantziak garestiago ordainduko dira.

Hau da, beraz, oinarrizko ondasunei buruzko zergek desabantaila berezirik sortzen ez dutela adierazten duen froga berri bat, zerga hauek alokairuak igoarazi eta irabaziak jaitsarazten dituztelako. Irabaziak benetan jaisten dira, baina langileak ordaintzen duen zergaren zatiaren neurrian besterik gabe, eta azken batean, zati hau langile horren ugazabak edo ekoizpenaren kontsumitzaileak ordaindu beharko du. Ugazabaren errentatik urtero 50£ kentzen badira, edo diru hau berak kontsumitzen dituen merkantzien prezioei eransten bazaie, ezin dezake berarentzat edo komunitatearentzat, beste klaseentzat izan dezakeen baino eragin handiagorik izan. Gehigarri hori merkantziaren prezioari eransten bazaio, zeken batek ekidin diezaioke zergari, ondasuna kontsumitzeari utzita; zerga hori gizaki bakoitzaren errentatik kentzen bada, orduan zeken horrek ere ezin diezaioke ekidin, gastu publikoetatik berari dagokion diru-kopuruaren proportzio zuzenari.

Laborearen ekoizpenari sari bat emateak ez luke inolako ondorio errealik sortuko herrialdeko lur eta lanaren urteko ekoizpenaren gain, nahiz honen bidez laborea erlatiboki merkeago eta manufakturak erlatiboki garestiago ekoiztu. Baina, demagun orain aurkako neurri bat hartzen dela, hain zuzen, laborearen gaineko zerga bat ezarri behar dela, merkantzien ekoizpena saritzeko fondo bat era dadin.

Honelakoetan, begi-bistakoa da laborea garestiagoa eta merkantziak merkeagoak izango liratekeela; lanak prezio berdina izaten jarraituko luke, baldin eta laborea garestitu delako, langilea merkantzia merkeagoen bidez profitatzen den neurri berdinean kaltetzen bada; baina, hau honela ez balitz, alokairuak igoko lirateke eta irabaziak erori, diruzko errentak lehen bezalakoa izaten jarraitzen duen bitartean; jadanik azaldu dugunez, irabaziak eroriko lirateke eta hau izango litzateke ugazabek langilearen zergaren zatia ordaintzeko modua. Alokairu-igoeraren bidez langilea konpentsatua izango litzateke zergarengatik, berau, zeharka, laborearen prezio garaiagoan ordainduko bailuke; fabrikatutako merkantzietan gastatuko ez lukeen zatiaren bidez, ez luke sariaren zatirik jasoko; sari guztia ugazabek eskuratuko lukete, eta zerga, partzialki, langileek ordainduko lukete; langileei diru-kopuru bat emango litzaieke, alokairu-itxurakoa, ezarri den zerga konpentsatzeko, eta horren ondorioz, irabazi-tasa murriztu egingo litzateke. Kasu honetan ere, neurri korapilatsua hartuko genuke, azken finean, herrialdeari inolako onurarik ekarriko ez liokeena.

Arazo hau aztertzerakoan, alde batera utzi nahi izan dugu honelako neurri batek kanpo-merkataritzan izango lukeen eragina; are gehiago, suposatu dugu herrialde isolatu baten kasua dela, hain zuzen, beste herrialdeekin harremanik ez duenarena. Ikusi dugu herrialdeko labore- eta merkantzi eskaria berdina izango litzatekeela, edozein izanda ere sariak hartuko lukeen norabidea eta, hala ere, ez da tentaldirik egongo kapitala enplegu batetik beste batera joan dadin; baina honek ez luke luze iraungo kanpo-merkataritza balego eta merkataritza hori librea balitz. Merkantzia eta laborearen prezio erlatiboa aldatzerakoan, beren prezio naturaletan hain efektu indartsua sortzerakoan, prezio naturalean erori diren merkantzien esportazioa zuzpertzen arituko ginateke; eta adore berdina hartuko luke prezio naturaletan igoera izan duten merkantzien inportazioak; beraz, honelako finantz neurri batek, kapitalaren banaketa naturala erabat alda lezake, eta hau kanpo-herrialdeentzat onuragarria izango litzateke, baina guztiz kaltegarria ordea, hain politika burugabea egiten duenarentzat.