Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XXIV. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XXIV. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXIV. Kapitulua

Adam Smithen doktrina lurraren errentari buruz

"Oro har, lurreko ondasunak merkatura eraman ahal izateko", dio Adam Smithek, "beren ohiko prezioak nahikoa izan behar du horiek merkatura eramateko behar den kapitala birjartzeko, bere ohiko irabaziekin batera. Ohiko prezio hori handiagoa baldin bada, soberakina lurraren errenta izatera helduko da. Handiagoa ez baldin bada, merkantzia merkatura eramango den arren, ez dio lurjabeari errentarik emango. Prezioa handiagoa edo txikiagoa izatearen arrazoia, eskariaren menpe dago".

Pasarte honek, zalantzarik gabe, irakurlea ondoko ondoriora eramango lukeela dirudi, hain zuzen, bere autorea ezin daitekeela oker egon errentaren izaerari buruz, eta garbi ikusi behar duela lurraren kalitatea -gizartearen eskakizunek lantzen ipinaraziko luketen lurrarena-, "bere ekoizpenaren ohiko prezioaren" menpe egongo litzatekeela, hau da, "ea aipatu prezio hau nahikoa litzatekeen lurra lantzen enplegatzen den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziekin batera".

Baina Adam Smithek hartu duen nozioa hau da: "Lurraren zenbait ekoizkinek duten eskariak beti ahalbideratu behar du berauek merkatura eramateko nahikoa den prezioa baino altuxeagoa izan dadin"; ekoizkin hauen artean elikagaiak daudela kontsideratzen du.

Gero honakoa dio: "Lurrak, egoera gehienetan, merkatura eramateko behar diren langileek bizirauteko behar dituzten elikagaiak baino gehiago ekoizten ditu, kontuan hartuta langileen mantenua oso era lasaian egiten dela. Soberakina, beti, langile horiek enplegatzen duten kapitala, irabaziak barne, birjartzeko baino handiagoa da. Beraz, lurjabearentzat beti geratzen da errenta".

Baina, zer froga ematen digu honi buruz? Bere baieztapena ondokoa besterik ez da: "Norvegia eta Eskoziako eremutzar hutsetan behientzat zenbait belar-mota ekoizten da, eta ondorioz, behi horiek nahikoa esne eta okela ematen dute; honela, eginkizun honetan aritzen diren langileak asetzeaz gain, soberakin nahikoa dago nekazarientzat edo azienden ugazabentzat ere, ohiko irabaziak eskuratzeaz gain, lurjabeek errenta txikiren bat izan dezaten". Onartu behar zait, dena den, honi buruzko zalantzak izatea; uste dut herrialde basatienetatik finenetara, guztietan existitzen dela kalitate bateko lurra, ohiko irabaziak barne, kapitala birjartzeko baino gehiagoko baliorik ematen ez duena. Ameriketan badakigu, jakin ere, hala gertatzen dela, eta oraindik inork ez du esan errenta erregulatzen duten printzipioak herrialde hartan eta Europan desberdinak direnik. Baina egia balitz Ingalaterra hainbeste aurreratu dela lurgintzan eta honen ondorioz ez dela errentarik ematen ez duen lurrik geratzen, egia izango litzateke ere antzinako garaietan honelako lurrak egon zirela; baina egon diren ala ez, arazo honi dagokionez garrantzirik gabekoa da, zeren eta berdina izango bailitzateke Britainia Haundian kapitalaren bat enplegatuta egotea ohiko irabaziak eta kapitala birjartzeko bakarrik ematen duena, nahiz lur zaharretan edo berrietan enplegatuta egon. Nekazari bat ados baldin badago lurra akuran zazpi edo hamalau urterako hartzeko, onar lezake 10.000£ko kapitala enplegatzea, jakinaren gainean badago labore eta lehengaien merkatu-prezioarekin behartuta, gastatu duen kapitala birjarriko duela, akura ordaindu eta dagokion irabazia eskuratu ondoren. Ez ditu 11.000£ enplegatuko, azken 1.000£ hauek ere oso ekoizkorki erabili ostean kapitalaren ohiko irabaziak eskuratzen ez baldin baditu behintzat. Bere kalkuluetan, enplegatu ala ez erabaki aurretik, kontsideratuko du ea lehengaien prezioa nahikoa den beren ekoizpeneko gastuak eta irabaziak birjartzeko, jakin badakielako errenta gehigarririk ez duela ordaindu behar. Kontratua amaitzen denean bere errenta ez da gehituko, zeren eta bere lurjabeak errenta gehigarria eskatuko balio, 1.000£ko kapital gehigarria enplegatu duelako, azken zati hau erretiratu egingo bailuke; suposatuko luke, diru hori beste enplegu batean erabilita ohiko irabaziak bakarrik lortuko lituzkeela, eta hau honela ez balitz, kapital hori erretiratu egingo luke; beraz, ezin dezake onar lur horrengatik errenta ordaintzea, baldin eta lehengaien prezioak ez badauka igoerarik, edo, gauza bera dena, ohiko irabazi-tasa orokorra erortzen ez bada.

Adam Smithek bere burmuin ulerkorra gai honetara zuzendu izan balu, ez zuen mantenduko errenta lehengaien prezioaren osagaia denik, zeren eta prezioa, leku guztietan, kapitalaren azken zatitik lortzen den errendimenduak erregulatzen baitu, hain zuzen, errentarik ordaintzen ez duen kapital-zatiak. Printzipio honetaz ohartu izan balitz, ez zuen bereizketarik egingo meategien errenta erregulatzen duen legearen eta lurraren errenta erregulatzen duenaren artean".

"Meategi batek", dio geroago, "errenta ordaindu ahal izatea ala ez, bere emankortasunaren menpe dago, eta hein batean, bere egoeraren araberakoa da. Esan daiteke edozein motatako meategia emankorra edo agorra dela, bertatik lan-kantitate jakin batekin atera daitekeen mea-kopurua, handiago edo txikiago izatearen arabera, mota berdineko meategi gehienetan, langile-kopuru berdinarekin ateratzen denarekin alderatuta. Zenbait ikatz-meategi, oso egoki kokatuta badaude ere, ezin daitezke ustia arras agorrak direlako. Bere ekoizpenak ez ditu gastuak ordaintzen. Ezin dezake eman errentarik, ezta irabazirik ere. Badaude, egon ere, zenbait kasu ia nahikoa ere lortzen ez dutenak eskulana ordaintzeko eta ustiapenean erabili den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziak barne. Zenbait irabazi ematen die ugazabei, baina errentarik ez lurjabeari. Lurjabeak salbu, beste inork ez ditu abantailaz ustiatuko; honek lanari ekiten badio, enplegatu duen kapitalaren ohiko irabaziak eskuratuko ditu. Eskozian meategi asko honela ustiatzen dira, eta hori da ustiapenerako modu bakarra. Lurjabeak ez dio beste inori utziko lan egiten meategi horietan errentarik ordaintzeke, eta inork ezin dezake ezer ordaindu.

"Herrialde bereko beste meategiak, nahikoa emankorrak ere, ezin daitezke ustia beren egoera dela eta. Mea-kantitate nahikoa atera liteke lanaren gastuak ordaindu ahal izateko, ohiko lan-kantitatearekin, edo gutxiagorekin; baina herrialdearen barnealdean, populazio gutxikoa eta errepide zein errekabide kaskarrekoa, kantitate hau ezin liteke sal". Errentaren printzipio guztia gardenki eta zehazki adierazten da hemen, eta hitz bakoitza lurrarentzat zein meategientzat aplikagarria da; orain baieztatzen digu "beste modu batez gertatzen dela lurgaineko jabetzak direnean. Izan ere, bere ekoizpen eta errenta, emankortasun absolutuaren proportzioan dago, eta ez emankortasun erlatiboarenean". Baina, demagun ez dagoela lurrik errenta ematen ez duenik; hala balitz, lur kaskarreneko errenta-kantitatea, bertako ekoizpen-balioaren eta gastatutako kapitalaren arteko diferentziarekiko proportzioan egongo litzateke, baina kapital honi aurretik ohiko irabaziak erantsi beharko litzaizkioke: printzipio berak gobernatuko luke kalitate hobexeagoko lurraren errenta, edo egokiago kokatutako lur batekoa, eta beraz, lur honen errentak, kaskarragoko harena gaindituko luke, abantaila handiagoak dauzkalako; gauza bera esan liteke hirugarren mailako kalitateko lurrari buruz, eta honela, jarraian, gainontzekoei buruz ere, kalitate hoberenekora iritsi arte. Beraz, ez al du lurraren emankortasun erlatiboak finkatzen ekoizpenaren zein zati izango den lurraren errenta bezala ordainduko dena, meategien errenta determinatzen duena emankortasun erlatiboa den bezala?

Adam Smithek aitortu ondoren badaudela meategi batzuk beren jabeek beste inork ustiatuko ez dituztenak -hauek doi-doi emango dutelako lanaren gastuak estaltzeko adina, enplegatutako kapitalaren ohiko irabaziak barne-; badirudi onartuko zuela ere, meategi berezi honek gainontzeko guztien ekoizpenaren prezioa erregulatuko zuela. Meategi zaharrak behar den ikatz-kopurua hornitzeko nahikoak ez badira, ikatzaren prezioa igo egingo da eta igotzen jarraituko du; honela jarraituko du beste jabe bat ohartu arte bere kalitate apalagoko meategia prezio honetan ustiatzen ipiniz gero, kapitalaren ohiko irabaziak erdiets ditzakeela. Bere meategia nahikoa emankorra bada, prezioa asko igo aurretik konturatuko da kapitala bertan erabiltzea komeni zaiola; baina nahikoa emankorra ez bada, begi-bistakoa da prezioak igotzen jarraitu behar duela, bere gastuei aurre egiteko gai izan arte; horrez gain, kapitalaren ohiko irabazia lortu beharko luke ere. Badirudi beraz, ikatz-meategi kaskarrenak erregulatzen duela ikatzaren prezioa. Hala ere, Adam Smith iritzi desberdinekoa da, eta honakoa ohartarazten du: "Ikatz-meategi emankorrenak erregulatzen du inguruko meategietako ikatzaren prezioa. Jabeak eta ustiapenaren ugazabak, biak, honetaz konturatzen dira: batek errenta handiagoa lor dezakeela eta besteak irabazi garaiagoa, bere aldamenekoek baino merkexeago salduta. Beren aldamenekoak berehala behartuta egongo dira merkeago saltzera, nahiz hori egiteko oso egoera onean ez egon, eta bere errenta eta irabaziak gutxitu, batzuetan, erabat suntsituta geratu arren. Zenbait ustiapen bertan behera utzi behar izaten dira; bien bitartean, beste batzuek ezin dezakete errentarik eman, eta beraz, bakarrik bere jabeak ustia ditzake". Ikatzaren eskaria gutxituko balitz, edo prozesu berriekin kantitatea handituko balitz, prezioa eroriko litzateke eta meategi batzuk ustiatzeari utzi egingo litzaioke; baina kasu guztietan, prezioak meategiko gastuak eta irabaziak ordaintzeko adinakoa izan behar du; gainera, meategi honek ez luke errentarik ordainduko. Beraz, emankortasun apaleneko meategiak erregulatzen du errenta. Hauxe bera baieztatzen digu Adam Smithek beste pasarte batean, zera dioenean: "Denbora luze samarrean ikatza sal daitekeen prezio apalena, beste merkantzia guztiekin gertatzen den bezala, nahikoa da, merkantzia hori merkatura eramateko enplegatzen den kapitala birjartzeko, ohiko irabaziekin batera. Lurjabeak inguruko meategitik errentarik ez badu lortzen eta berak ustiatu behar badu, edo bestela bertan behera utzi, ikatzaren prezioa, honelako meategian eratzen denaren prezioari hurbilduko zaio".

Baina egoera berak, hau da, ikatzaren ugaritasunak eta honen ondoriozko bere merketasunak, edozer izanda ere hori kausatzen duena, meategi honen ustiapena bertan behera utzaraziko luke, jadanik errentarik ordaintzen ez duelako, edo oso gutxi ordaintzeagatik; edo laborearen ugaritasunak bere prezioa merkearaziko luke, eta ondorioz, errentarik ordaintzen ez duten lurrak edo oso gutxi ordaintzen dutenak, bertan behera geratuko lirateke; beraz, bi kasu hauek berdinak dira. Adibidez, arroza zenbait herrialdetan den bezala, patata jendearen elikagai orokorra eta arrunta bihurtuko balitz, landutako lursailen laurdena ez bada erdia, ziurrenik, bertan behera geratuko litzateke, zeren eta, Adam Smithek dioenez, "patata-akre batek 60 kintal elikagai solido ekoizten badu, gari-akre batek baino hiru halako ekoiztuko du"; hala balitz, denbora hartu beharko luke populazioa nahikoa izan aurretik lehen garia lantzen zen lur guztian orain ekoizten dena kontsumitu ahal izateko; lur asko utzi beharko litzateke eta errenta erori egingo litzateke; populazioa bikoiztu edo hirukoiztu arte ez litzateke lehengo lur-kantitate berdina landuko, eta orduan igoko litzateke errenta lehengo mailara.

Errenta orain patatekin osatuta balego ere, lurjabeak ez luke ekoizpen gordinaren proportzio handiagoa eskuratuko, nahiz orain 300 pertsona elikatzeko adina izatera iritsi, eta lehen garia 100 lagunentzat besterik ez izan; langileen alokairuak pataten prezioak, eta ez gariarenak, erregulatuko dituenez, ekoizpenerako gastu batzuk asko urrituko badira ere, eta langileei ordaindu ondoren, ekoizpen gordin guztiaren proportzioa erabat haziko litzatekeen arren, proportzio gehigarri hori ez litzateke errentara joango, irabazietara baizik -irabazi hauek beti gehitu egiten dira alokairuak erori ahala, eta erori egiten dira alokairuak igo ahala-. Garia edo patata, bietako edozein landuta ere, errenta printzipio berak gobernatuko du, hau da, beti kapital berdinarekin lortzen den ekoizpenen arteko diferentzia izango da, eta berdin dio lurraren kalitate berdineko edo desberdinetako lursailak izatea; beraz, kalitate berdineko lurrak lantzen direnean, eta emankortasuna edo abantaila erlatiboan aldaketarik ematen ez denean, errentak, beti, ekoizpen gordinaren proportzio berdina gordetzen du.

Adam Smithek mantentzen du hala ere, lurjabeari dagokion proportzioa gehitu egingo litzatekeela ekoizpen-kostua gutxituko litzatekeelako, eta beraz, zati handiagoa eskuratuko lukeela kantitate handiagoa dagoelako ekoizpen ugaria dagoen tokian, eta txikiagoa eskasia dagoenean. "Arroz-sail batek", dio, "beste edozein laborezko lursail emankorrenak baino elikagai gehiago ekoizten du: bi uzta urtean; akre bakoitzak hogeita hamar bushel-etik hirurogei bushel-era ematen omen ditu ohiko ekoizpenaldi bakoitzean. Bere lanketak lan gehiago behar duen arren, soberakin gehiago ematen du eskulana mantentzeko kendu ondoren. Arroz-herrialde hauetan, beraz, arroza da jendearen barazki-elikagai arruntena eta guratsuena, eta herrialde hauetan arroz-lantzaileak erraz mantentzen dira elikagai honekin; herrialde hauetan garia ekoizten denetan baino soberakin handiagoa dagoenez, beronen zati handiagoa beharko luke lurjabearentzat".

Buchanan jaunak ere honela azpimarratzen du: "Lurrak laborea baino ugariago, beste ekoizkin bat emango balu, eta hau jendearen ohiko elikagai bihurtuko balitz, lurjabearen errenta elikagai honen oparotasunaren proportzioan hobetuko litzateke".

Patatak bihurtuko balira jendearen ohiko elikagai, denbora luze batean lurjabeek errentaren murrizketa handia jasango lukete. Berauek ez lukete, agian, gaur egun bezainbat biziraupen eskuratuko; eta eskuratuko luketenaren balioa, beharbada, gaur egungoaren herenera eroriko litzateke. Baina fabrikatutako merkantzia guztiek, zeinetan lurjabearen errenta-zati bat gastatzen den, ez lukete berau osatzen duten lehengaiek sortaraziko lioketena baino prezio-beherakada handiagorik izango; beherakada honen zergatia, bestalde, ekoizpen honetara dedika litekeen lurraren emankortasun handiagotik dator.

Populazioaren hazkundea dela eta, ekoizpenean lehengo kalitate berdineko lurra erabili behar denean, lurjabeak lehengo ekoizpenaren proportzio berdina hartzeaz gain, balioa ere aurrekoaren berdina izango litzateke. Errenta, beraz, lehengoaren berdina izango litzateke; irabaziak, aldiz, askoz handiagoak, elikagaien prezioa, eta ondorioz, alokairuak, askoz apalagoak izango liratekeelako. Irabazi altuak kapital-metaketaren aldekoak dira. Eskulan-eskaria handitu egingo litzateke, eta lurjabeak iraunkorki profitatuko lirateke lur-eskari handiagorekin.

Lur berdinak sakonkiago lan litezke berauetatik elikagai ugariago lor litezkeenean, eta beraz, gizartearen aurreramendua dela eta, errenta altuagoak onetsiko lituzke, eta lehen baino jende gehiago manten liteke. Honek ez lioke guztiz lurjabearentzat abantailatsua izateari utziko, eta azterketa honetan ezartzen ari naizen, eta, nire ustez, huts egiten ez duten printzipioekin bat dator. Hau da, aparteko irabazi guztiak izaeraz honelakoak dira, baina mugatuak dira iraupenaren aldetik, zeren eta lurraren soberakin guztia bezala, irabazietarako kantitate moderatua kendu ondoren eta metaketa bizkorra eman dadin nahikoa utziz gero, gainontzekoa, azken finean, lurjabearentzat izango baita.

Honelako ekoizpen-ugaritasunak eskulanaren oso prezio apala ekarriko luke, eta jadanik ustiatzen diren lurrak, ekoizkin-kantitate handiagoa emateaz gain, kapital gehiago enplegatu eta balio handiagoa aterako lukete; aldi berean, kalitate apalagoko lurrak irabazi garaiak lortuz ipin litezke lantzen, eta hau lurjabeentzat abantailatsua izango litzateke, baita kontsumitzaile-klase guztientzat ere. Kontsumogairik garrantzitsuena ekoizten duen makineria hobetu eta oso ondo ordaindu egingo litzateke, hain zuzen, eskaintzen dituen zerbitzuen arabera. Abantaila guztiak langileek, kapitalistek eta kontsumitzaileek hasiera-hasieratik gozatuko lituzkete; baina populazioaren aurrerapenarekin, abantaila horiek, pixkana-pixkana, lurjabeengana igaroko lirateke.

Hobekuntza hauez gain, zeinetan komunitateak berehalako interesa duen eta lurjabeek geroagokoa, azken batean, lurjabearen interesa, beti, kontsumitzaile eta industriariarenekin kontrajarrita dago. Laboreak, iraunkorki, prezio altua izan dezake, lan gehiago behar delako bere ekoizpenerako edo bere ekoizpen-kostua gehitu delako. Arrazoi berdinak, derrigorrez, errenta igoarazten du, eta horregatik lurjabeak interesa du laborearen ekoizpenari lotzen zaion kostua igo dadin. Hau ez da, ordea, kontsumitzailearen interesa; beronentzat desiragarria da laborea prezio apalean egon dadin diru eta gainontzeko merkantziekiko, hauekin erosten baitu labore hori. Industriariarentzat ere ez da interesgarria laborea garesti egon dadin, garestitasun honek alokairuak igotzea suposatzen baitu, baina honek ez du bere merkantziaren prezioa igoaraziko. Kasu honetan, bere merkantzien kopuru handiagoa eman beharko luke, edo gauza bera dena, kontsumitzen duen laborearen truke bere merkantzien balio handiagoa eman beharko luke; baina honetaz gain, bere langileen alokairuen truke beti gehiago eman beharko luke, edo gehiagoren balioa, eta honen truke ez luke konpentsaziorik jasoko. Langile-klasea kenduta, gainontzeko klase guztiak beraz, kaltetuta geratuko lirateke laborearen prezioa igo delako. Lurjabe eta jendearen arteko tratuak ez dira merkataritzako tratuak bezalakoak; azken hauetan, biek, erosleak zein saltzaileak, berdintsu irabazten dutela esan baitaiteke. Besteetan ordea, galerak alde batean daude erabat, eta irabazi guztiak bestean; eta laborea inportatu dela eta, merkeago lortu ahal balitz, ez-inportatzearen ondoriozko galerak alde batean askoz handiagoak dira, irabaziak bestean baino.

Adam Smithek ez du inoiz diruaren balio apal eta laborearen balio garaiaren arteko bereizketarik egiten, eta hortik ondorioztatzen du lurjabearen interesak ez daudela kontrajarrita gainontzeko komunitatearen interesekin. Lehenengo kasuan, dirua erlatiboki apala da gainontzeko merkantziekiko; bestean, laborea erlatiboki garaia da gainontzeko ondasunekiko. Lehenengoan, laboreak eta merkantziek balio erlatibo berdina izaten jarraitzen dute; bigarrenean, laborea gainontzeko merkantziekiko eta diruarekiko erlatiboki altuago dago.

Adam Smithen ondoko ohar hau erabilgarria da diruaren balio apalarentzat, baina inola ere ezin da erabili laborearen balio garaiarentzat. "Inportazioa (laborearena) garai guztietan librea balitz, geure nekazariek eta lurjabeek, ziurrenik, urte bat bestearekin, diru gutxiago lortuko lukete beren laborearengatik, gaur egun, labore-inportazio guztia debekatuta dagoenean erdiesten duten diruarekin erkatuta; baina lortuko luketen dirua balio handiagokoa izango litzateke; beste mota guztietako ondasun gehiago erosiko lituzkete, eta eskulan gehiago enplegatuko lukete. Beren aberastasun erreala, beren errenta erreala, beraz, berdina izango litzateke gaur egun, nahiz zilar-kantitate gutxiagorekin adierazita egon; eta ez lirateke bultzatuta egongo laborea lantzeari uzteko, gaur egun dauden bezala. Aldiz, laborearen diruzko prezioa jaistearen ondoriozko zilarraren balio errealaren igoerak, gainontzeko merkantzien diruzko prezioa zertxobait jaitsarazten du, eta hori gertatzen den herrialdeko industriari kanpo-merkatuetan abantaila ematen zaio, eta ondorioz, industria hori bizkortu eta gehitu egiten da. Baina laborearen barne-merkatuaren hedadurak, herrialde horretako industria orokorraren proportzioan egon behar du, edo laborearekin trukatzeko ekoizten diren merkantzi kopuruaren proportzioan. Dena den, herrialde guztietan barne-merkatua, hurbilena eta egokiena denez gero, laborearentzat ere merkatu handiena eta garrantzitsuena da. Zilarraren balio errealaren igoera horrek, zein laborearen diruzko prezioaren beherakadaren ondorioz sortzen den, labore-merkatu handiena eta garrantzitsuena zabaltzea eta bultzatzea dakar, atzera egin ordez, bere garapena sustatzea alegia".

Urre eta zilarraren ugaritasunak laborearen prezio altua edo apala sortzen du, eta honek ez du lurjabearentzat garrantzirik, zeren eta ekoizkin mota guztiei berdin eragingo baitie, Adam Smithek azaltzen digunez; baina laborearen prezioa erlatiboki altua bada, garai guztietan, lurjabearentzat profitagarria izango da; lehenik, labore-kopuru handiagoa ematen diotelako errenta moduan; eta bigarrenik, labore-kopuru berdinaren truke, diru-kopuru handiagoa eskuratzeaz gain, diru horrekin eros daitekeen merkantzi kopurua ere handiagoa izango baita.