Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XXV. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XXV. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXV. Kapitulua

Kolonietako merkataritzari buruz

Adam Smithek kolonietako merkataritzari buruzko bere oharretan aski ongi demostratu dizkigu merkataritza libreak dituen abantailak, hala nola koloniek jasaten dituzten injustiziak beren metropoliek galarazten dietelako beren ekoizkinak merkatu garestienean saltzea, eta berentzako manufakturak merkatu merkeenean erostea. Frogatu du ere, herrialde guztiek beren merkantziak libreki eta nahi duten tokian eta garaian elkartrukatu ahal izango balituzte, munduko lanaren banaketa hoberena izango litzatekeela, eta ondorioz, gizakientzat behar diren oinarrizko ondasun eta gozamen ugarienak ziurtatuko liratekeela.

Saiatu da ere demostratzen, merkataritzako askatasun honek guztion interesa sustatzen duela, herrialde bakoitzarena sustatzen duen bezala; halaber, beren koloniekin egiten duten politika hertsia dela eta, Europako herrialdeek ere ondorio kaltegarriak pairatzen dituztela, nahiz neurri politiko horiek koloniak sakrifikatzeko hartuak izan.

"Kolonietako merkataritzaren monopolioak", dio, "merkataritzako sistemaren gainontzeko espediente txar eta kaltegarriak bezala, gainontzeko herrialde guztietako industria uzkurtu egiten du, eta biziki kolonietakoa kaltetzen badu ere, ez du batere handitzen metropolietakoa, zeren eta hauen alde egiteko ipiniak izan arren, alderantziz gertatu eta hauena ere urritu egiten baita".

Bere tesiaren zati honek, hala ere, ez du koloniarekiko sistema honek suposatzen duen injustizia tratatzen duen gaia bezain argi eta ongi azaltzen.

Pentsatzen dut zalantzan jartzen duela metropoliak koloniari ezartzen dizkion oztopoek, batzuetan metropolia profita dezaketela. Nork egin dezake zalantza, adibidez, Ingalaterra Frantziaren kolonia balitz, azken hau ez litzatekeenaz profitatuko, Ingalaterrak sari handi bat emango balio laborearen esportazioari, ehunenari edo beste edozein merkantziarenari? Sarien arazoa aztertzerakoan, suposatzen bada herrialde honetan laurden laborearen prezioa 4£koa dela, ikusi dugu Ingalaterrak esportatzen zuen laurden bakoitzari 10s.ko saria ematerakoan, Frantzian laborearen prezio hori 3£ 10s.ra gutxitua izango zela. Frantzian laurden laborearen antzinako prezioa 3£ 15s. bazen, Frantziako kontsumitzaileak laurdeneko 5s.n profitatuak izango ziren inportatutako labore guztiaren gain; Frantzian lehen laurden laborearen prezio naturala 4£koa izan bazen, kontsumitzaile horiek laurden bakoitzean 10s.ko sari guztia irabaziko zuten. Frantzia, kasu honetan, Ingalaterrak galdu zuenaren arabera profitatuko zen; izan ere, ez zuen irabaziko Ingalaterrak galdu zuenaren zati bat, guztia baizik.

Esan daiteke, bestalde, esportazioari buruzko saria barne-politikaren neurri bat dela eta metropoliak ezin lezakeela oso erraz ezar.

Jamaika eta Holandaren interesentzat egokia balitz ekoizten dituzten merkantziak elkarren artean ganbiatzea Ingalaterrak eskuhartzeke, eta harreman horiek gauzatzea galaraziko balitz, zalantzarik gabe, bi herrialde horien kalterako izango litzateke; baina Jamaikari bere ondasunak Ingalaterrara bidaltzera behartzen bazaio eta herrialde honetan holandar ondasunekin ganbiatzen badira, orduan, ingeles kapitala edo ingeles agentzia erabiliko da, Jamaikak bestela inoiz hasi asmo ez lukeen merkataritza horretan. Hori egitera behartzen du sariak, zein ez duen Ingalaterrak ordaintzen, Holandak eta Jamaikak baizik.

Adam Smithek esaten duenez, bi herrialderen artean ematen den lanaren banaketa desegokia dela eta, sortzen den galera, herrialde horietako batentzat profitagarria izan omen daiteke, besteari banaketa txar horrek sortarazten duen galera orokorra baino handiagoko kaltea egiten zaion bitartean; hau honela balitz, kolonia batentzat erabat kaltegarria den neurria, hein batean, onuragarria izan daiteke metropoliarentzat.

Merkatal hitzarmenari buruz mintzatzean, honela dio: "Hitzarmen baten bidez nazio bat behartzen denean atzerriko herrialde bateko zenbait ondasun sartzea onets dezan, gainontzeko herrialde guztietatik ekartzea galarazita duelako; edo muga-zergak kentzen bazaizkie atzerriko herrialde batetik datozen ondasunei, gainontzeko herrialdeetatik datozenei mantentzen zaizkien bitartean, orduan, herrialde horrek edo gutxienez laguntza hain oparoak jasotzen dituzten herrialde horretako merkatari eta industriariek, derrigorrez, hitzarmen hori dela eta, abantaila handiak eskuratuko dituzte. Merkatari hauek eta manufakturatzaileek nolabaiteko monopolioaz gozatzen dute hain bihozbera den herrialdean. Herrialde hori merkatu zabalago eta abantailatsuago bihurtzen da beren ondasunentzat; zabalagoa, gainontzeko herrialdeetako ondasunak baztertzen direlako, edo muga-zerga handiak jasan behar dituztenez, kopuru handia merkatutik kanpo geratzen delako; abantailatsuagoa, profitatutako herrialdeko merkatariek nolabaiteko monopolioaz gozatzen dutelako merkatu horretan, eta horregatik, prezio hobean salduko dituztelako beste herrialdekoekin lehiaketa librean arituta baino".

Demagun merkatal hitzarmen hori gauzatzen duten herrialdeetako bat metropolia dela eta bere kolonia bat bestea; Adam Smithek, begi-bistakoa denez, onartuko du metropolia koloniaren zapalketaz profita daitekeela. Baina, baldin eta kanpo-merkataritza hori konpainia batek monopolizatzen ez badu, kanpo-erosleek barnekoek baino gehiago ordainduko ez dutenaz ohar gaitezke ordea; biek ordainduko duten prezioa ez da ekoizten diren herrialdeko prezio naturalaren oso desberdina izango. Ingalaterra, adibidez, egoera normal batean, beti izango da gai Frantziako ondasunak erosteko, berauek Frantzian duten prezio naturalean, eta Frantziak pribilegio berdina izango luke Ingalaterran duten prezio naturalean erosi ahal izateko. Baina prezio hauetan hitzarmenaren beharrik gabe erosiko lirateke ondasun horiek. Beraz, zein da alde bakoitzarentzat hitzarmen honen abantaila, eta zein desabantaila?

Inportatzen duen herrialdearentzat hauxe izango litzateke: Ingalaterratik merkantzia bat erosi beharrean egongo litzateke, adibidez, Ingalaterran merkantzia honek duen prezio naturalean, beste herrialde batean prezio natural apalagoan eros zezakeen bitartean. Kapital orokorraren banaketa desabantailagarria sorrarazten du eta desabantaila hori, azken finean, hitzarmen honek merkatu ez-ekoizkorrenean erostea behartzen duen herrialdearentzat izaten da; baina ustez monopolioa duen herrialdeari ere ez dio abantailarik ekartzen salmenta behartu horrek, bere herrialdekideen lehiaketak galarazi egiten diolako ondasunak bere prezio naturalaren gainetik saltzea; izan ere, prezio horretan salduko bailituzke Frantziara, Espainiara edo Mendebal Indietara esportatu, edo barne-kontsumorako salduko balitu.

Beraz, zertan datza hitzarmenaren abantaila? Hain zuzen honetan: Ingalaterran ezin litezke ondasun zehatz hauek egin esportatzeko, baldin eta merkatu berezi hau zerbitzeko berak beste inork ez duen pribilegio hau ez balu; izan ere, prezio natural apalagoa zuten herrialdeei galarazi egin zitzaien herrialde honetan merkantzia berezi horiek sal zitzaten. Hau, hala ere, garrantzi gutxikoa izango litzateke Ingalaterra ziur balego berak ekoitz litzakeen balio berdineko ondasunak sal litzakeela Frantziako merkatuan edo abantaila berdinarekin beste edozein herrialdetan. Ingalaterrak duen xedea, adibidez, 5.000£ko balioa duen Frantziako ardoa erostea da; beraz, ondasunak nonbait saldu nahi ditu, honela lortuko baititu behar dituen 5.000£k. Frantziak Ingalaterrari bere ehun-merkatuaren monopolioa ematen badio, aipatu helburu horrekin berehala ehuna esportatuko dio; baina merkataritza librea baldin bada, beste herrialdeen lehiaketak eragotz dezake Ingalaterran ehunaren prezio naturala aski apala delako 5.000£ horiek lor ditzan ehuna saldu ondoren, jarduera horretan enplegatzen den kapitalak ohiko irabaziak emateari uzteke. Ingalaterrako industriak, honelako kasuan, beste merkantziaren bat ekoizten hasi beharko luke; baina, agian, ez da egongo sal dezakeen ekoizkin bat ere, diruak daukan balio horrekin zaila baitu beste herrialdeetako prezio naturalari aurre egitea. Zein da honen ondorioa? Ingalaterrako ardo-edaleak oraindik ere prest daude beren ardoaren truke 5.000£ emateko, eta ondorioz, 5.000£ dirutan esportatuko dira Frantziara xede horrekin. Diruaren esportazio hori dela eta, bere balioa Ingalaterran igo eta beste herrialdeetan apaldu egingo da; eta honekin batera, britainiar industriak ekoizten dituen merkantzia guztien prezio naturala ere gutxitu egingo da. Diruaren balio-igoera eta merkantzien prezio-beherakada baliokideak dira. 5.000£ lortzeko, britainiar merkantziak orain esporta daitezke, zeren eta beren urritutako prezio apalean, orain beste herrialdeetako ondasunekin lehiaketan sar baitaitezke. Ondasun gehiago saldu behar dira, orain prezio apalagoan 5.000£ lortzeko, eta hauek erdietsi ondoren, ez dute ardo-kantitate berdina erosiko; izan ere, Ingalaterran diru gutxiago egoteagatik ondasunen prezio naturala apaltzen den bitartean, Frantzian, dirua gehitu delako, ondasun eta ardoaren prezio naturala igo egiten da. Beraz, ardo gutxiago inportatuko du Ingalaterrak bere merkantzien truke merkataritza librea denean, merkatal hitzarmenak laguntza berezia ezartzen dionean baino; irabazi-tasa, hala ere, ez da aldatuko; diruaren balio erlatiboa aldatu egingo da bi herrialdeetan, eta Frantziak lortzen duen abantaila, ingeles ondasun-kantitate handiagoa eskuratzean datza, frantziarrek honen truke kopuru berdina ematen duten bitartean; bien bitartean, Ingalaterrak galtzen duena zera izango da: Frantziatik ondasun gutxiago hartuko ditu Ingalaterrako ondasun-kantitate berdinaren truke.

Beraz, kanpo-merkataritzak beti aurrera jarraituko du, oztopoekin, sariekin edo librea bada ere, edozein delarik ekoizpenerako zailtasun erlatiboa herrialde desberdinetan; baina berau, herrialde horietan ekoitz daitezkeen gaien prezio naturalaren -eta ez balio naturalaren- aldaerak besterik ezin dezake erregulatu, eta hori metal bitxien banaketa aldatuz burutzen da. Azalpen honek, nik beste leku batean ematen dudan iritzia ziurtatzen du: ez dago zerga, sari edo merkantziak esportatzeko edo inportatzeko debekurik, metal bitxien banaketa aldatzen ez duenik; eta beraz, edozein tokitan biak aldatuko ditu, hau da, prezio naturala eta merkatu-prezioa.

Begi-bistakoa da beraz, kolonia batekin burutzen den merkataritza arau daitekeela, koloniarentzat hain onuragarria ez izateko, eta bai ordea metropoliarentzat, honi hau profitagarriagoa baitzaio, merkataritza librea izanda baino. Kontsumitzaile batentzat bere transakzio guztiak denda bakar batera mugatzea desabantailatsua den bezala, gauza bera gertatzen zaio kontsumitzaile-nazio bati, erosketa guztiak herrialde zehatz batean egin behar dituenean. Denda edo herrialde honek ondasunak prezio merkeenean eman ahal baditu, ziur egongo ginateke honelako pribilegiorik gabe ere erraz salduko liratekeela; eta merke ez badituzte saltzen, interes orokorrak behartuko luke merkataritza hori alde batera uztera, besteek dituzten abantaila berdinak ez dituelako. Dendak edo herrialde saltzaileak gal lezake enplegu aldaketa dela eta, baina interes orokorra inoiz ez da hain ziurtatua geratzen kapital orokorraren banaketa ekoizkorrena burutzen denean baino, hau da, merkataritza erabat librea denean.

Merkantzia baten ekoizpen-kostuaren gehikuntzak, berau oinarrizko ondasuna bada, ez du derrigorrez bere kontsumoa murriztuko; edozein merkantzia garestitu delako erosleek kontsumorako duten ahalmen orokorra gutxitzen bada ere, beste edozein merkantzia kontsumitzeari utz diezaiokete, nahiz beronen ekoizpen-kostua ez igo. Kasu horretan, eskainitako kantitatea eta eskatutakoa, lehen bezala, berdinak izango dira; ekoizpen-kostua besterik ez da gehituko, eta oraindik prezioa igo egingo da, eta igo egin behar du, ekoizpen-kostua gehitu zaion merkantzia ekoizten duenaren irabaziak, gainontzeko jardueratan dauden mailara heldu arte.

Say jaunak onartzen du ekoizpen-kostua prezioaren oinarria dela, baina hala ere, bere liburuaren zenbait alderditan, prezioa eskari eta eskaintzaren heinean erregulatzen dela mantentzen du. Bi merkantzien arteko balio erlatiboaren azken erregulatzailea, beren ekoizpen-kostua da, eta ez bakoitzetik ekoitz daitekeen kantitatea, ezta erosleen arteko lehiaketa ere.

Adam Smithen arabera, kolonietako merkataritzak, non bakarrik britainiar kapitala enplega daitekeen, gainontzeko industrietako irabazi-tasa igoarazten du; eta bere ustetan, irabazi altuek -alokairu altuek bezala- merkantzien prezioa igoarazi dutenez, kolonietako merkataritzaren monopolioa metropoliarentzat kaltegarria da, beronek fabrikatutako merkantziak beste herrialdeek saltzen duten bezain merke saltzeko ahalmena murriztu egiten zaiolako. Dioenez, "monopolioaren ondorioz, kolonietako merkataritzaren gehikuntzak ez du Britainia Haundiko merkataritza hainbeste indartu, aitzitik, bere norabidea erabat aldatu du. Bigarrenik, monopolio honek derrigorrez eragin du, britainiar adar guztietako jardueretan, irabazi-tasa, nazio guztiei britainiar koloniekin lehiaketa librean utzita izango zena baino altuagoa izan dadin". "Baina zernahi izanda ere herrialde bateko irabazi-tasa bere ohiko mailatik igoarazten duena, merkatal monopolioa ez duten adarretako abantaila absolutu eta erlatiboa galduko ditu. Honek desabantaila absolutupean uzten du, honelako adarretako merkatariek hain irabazi-tasa garaia ezin dezaketelako lortu garestiago saldu gabe, bai kanpotik inportatu eta bertan saltzen diren ondasunak zein kanpora esportatzen direnak. Beren herrialdeak ere garestiago erosi behar ditu eta garestiago saldu; gutxiago erosi behar ditu eta gutxiago saldu; bestela baino gutxiago gozatu eta gutxiago ekoiztu".

"Gure merkatariak sarritan kexatu egiten dira kanpo-merkatuetan gutxiago saltzen dutenaz, britainiar eskulanaren alokairuak garaiak direlako. Baina ez dute ezer esaten kapitalaren irabazi altuei buruz. Beste gizakiek erdiesten dituzten irabazi nabarmenei buruz kexu dira, baina beraien irabaziei buruz ez dute deus esan nahi. Ziurrenik, ordea, britainiar kapitalaren irabazi altuek britainiar manufakturen prezioa igoarazten lagun dezakete, kasu batzuetan alokairuak igotzen diren proportzio berdinean, eta besteetan handiagoan".

Kolonietako merkataritzaren monopolioak kapitalaren norabidea aldarazi eta sarritan kaltetu egingo duela onartzen dut; baina irabaziei buruz esan dudanaren ondoren ikusiko da edozein aldaketak, kanpo-merkataritza batetik bestera egiten denak, edo barne-merkataritzatik kanpo-merkataritzara egiten denak, nire ustez, ezin diezaiekeela irabazi-tasei eragin. Jasango duen kaltea nik orain azaldu dudana izango da; kapital orokor eta lanaren banaketa okerragoa egongo da, eta beraz, gutxiago ekoiztuko da. Merkantzien prezio naturala igo egingo da eta kontsumitzailea diruzko balio berdinarekin erosteko gai izango den arren, merkantzi kantitate gutxiago lortuko du. Ikusiko da ere, irabaziak igoarazi arren, ez liekeela inolako aldaketarik eragingo prezioei, zeren eta ez alokairuek, ezta irabaziek ere ez baitituzte prezioak erregulatzen.

Bestalde, Adam Smith ez al dator bat iritzi honekin ondorengoa dioenean: "Merkantzien prezioak, edo urre eta zilarraren balioa merkantziekin erkatuta, ez al daude urre- eta zilar-kantitateren bat merkatura eramateko behar den lan-kantitate eta beste edozein eratako merkantzia eramateko behar denaren arteko proportzioaren menpe?". Kantitate hori ez da aldatuko, nahiz irabaziak edo alokairuak altuak ala apalak izan. Nola igoarazi ditzake prezioak irabazien gorakadak?