Edukira joan

Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak/XXIX. Kapitulua

Wikitekatik
Ekonomia politikoareneta tributazioaren printzipioak  (1817)  David Ricardo, translated by Baleren Bakaikoa
XXIX. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXIX. Kapitulua

Ekoizleak ordaindutako zergak

Say jaunak izugarrizko garrantzia ematen dio zerga batek fabrikatutako merkantziari sortuko dizkion eragozpenei, baldin eta zerga hori bere ekoizpenaren hasieran ipintzen bada, amaieran izan ordez. Fabrikatzaileek, beren eskuetatik merkantzia jarraian igarotzen delarik, zerga aurreratu behar dutenez, fondo-kantitate handiagoa eratu behar dutenari buruz ohartarazten du; eta diru aurreratze horrek, sarritan, zailtasun nabariak sortzen dizkio kapital eta kreditu mugatuak dituen fabrikatzaileari. Ohar hau ezin daiteke zalantzan ipini.

Zerga aurreratzeagatik beste deserosotasun hau ere geratzen da: aurreratutako kapitalaren irabaziak ere kontsumitzaileari kargatu behar zaizkio, eta zerga gehigarri honetatik Ogasunak ez du inolako abantailarik lortzen.

Azken objekzio honi buruz ezin naiteke Say jaunarekin bat etor. Demagun estatuak berehala 1.000£ lortu nahi duela eta industriari bati ezartzen zaizkiola, eta ez dela gai izango hamabi hilabete igaro arte kontsumitzaileari kobratzeko amaitutako merkantziaren prezioarekin batera. Honelako atzerapenaren ondorioz, prezio gehigarri bat kargatu beharrean dago, zergaren kopurua den 1.000£koaz gain, beste 100£koa, hau da, aurreratu dituen 1.000£ren interesak. Baina ordaindutako 100£ gehigarri horien truke, kontsumitzaileak mozkin erreal bat lortzen du, zeren eta gobernuak berehala eskatzen dion zergaren ordainketa, eta, azken finean, berak ordaintzen duena, urtebetean atzeratu egin baitzaio; beraz, fabrikatzaileari 1.000£ ehuneko 10eko interes-tasan mailegutan emateko aukera dauka, edota adostutako beste edozein interes-tasatan. Mila eta ehun libera esterlin urtearen amaieran ordaingarri badira eta diruaren interes-tasa ehuneko 10ekoa baldin bada, ez daukate berehala ordaindutako 1.000£ren balioa baino gehiago. Gobernuak zergaren eskuratzea fabrikatutako merkantzia amaitu arte atzeratzen badu, agian, Ogasun-bonoa jaulki beharrean egongo litzateke interes batekin, eta kontzeptu horrengatik ordainduko lukeena, kontsumitzaileak prezioan aurreztutakoaren adinakoa izango litzateke, alde batera utzirik noski, fabrikatzaileak prezioari erants diezaiokeen zatia, bere irabazi errealak gehi daitezen. Ogasun-bonoaren interes-tasagatik gobernuak ehuneko 5 ordaindu beharko balu, jaulkitzen ez denean 50£ko zerga aurreztuko litzateke. Fabrikatzaileak kapital gehigarria maileguan hartuko balu ehuneko 5ean eta gero kontsumitzaileari ehuneko 10 kargatuko balio, hark ere ehuneko 5 irabaziko luke aurrerapenaren gain, hain zuzen, bere ohiko irabazien gainetik jarriko litzateke; honela, fabrikatzaileak eta gobernuak, biek, zehazki kontsumitzaileak ordaintzen duen kopuru berdina irabazi edo aurreztu egiten dute.

Sismondi jaunak bere liburu ezin hobean, hain zuzen, De la Richesse Commerciale-n, Say jaunak argudiatzeko duen bide berdina jarraitzen du eta kalkulatu du 4.000 frankoko zerga bat jatorrian fabrikatzaileak ordaintzen badu eta bere irabazi moderatuak ehuneko 10ekoak badira, merkantzia besterik gabe bost pertsonaren eskuetatik igarotzen bada, kontsumitzailearentzat 6.734 frankoko kopurura igoko omen litzatekeela. Kalkulu hau honetan oinarritzen da: lehenengoz eskuratzen duenak 4.400 franko ordainduko lizkioke aurreko fabrikatzaileari zerga aurreratzen dela suposatzen bada, eta hurrengoak 4.840 ordainduko lizkioke; honela, urrats bakoitzean ehuneko 10 erantsiko litzaioke aurrekoari. Beraz, zergaren balioa interes konposatuan metatzen da; ez da urteko ehuneko 10ekoa, baizik urrats bakoitzean, absolutuki, ehuneko 10 gehitzen da. Sismondi jaunaren iritzi hau zuzena izango litzateke bost urte igaroko balira zergaren lehen aurrerapenetik erabat zergatutako merkantzia kontsumitzaileari saldu artean; baina urte bat besterik ez bada igarotzen, 2.734 frankoren ordez 400 frankoko saria izango litzateke urtean ehuneko 10ak emango lukeen irabazia, zergaren aurrerapena egin duten guztientzat, bost fabrikatzaileren eskuetatik igaro edo berrogeita hamarrenenetatik.