Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Oportunismoa teorian eta praktikan

Wikitekatik

5. Oportunismoa teorian eta praktikan

Bernsteinen liburua garrantzia historiko handikoa da langile mugimendu alemaniarrarentzat eta internazionalarentzat, sozialdemokraziako korronte oportunistei oinarri teoriko bat emateko lehen saiakera baita.

Bere noizbehinkako adierazpenak kontuan hartuz gero, merkatal itsas-ontzien diru laguntzaren auzi famatuaren kasuak bezalakoak, esan liteke oportunismoa duela denbora dexente sortutakoa dela. Baina izaera erabat definituriko joera bezala ez da 1890eko hamarkadaren lehen urteetararte agertzen, lege antisozialisten abolizioaren eta ekintza legalerako aukeren errekuperazioaren osteko garairarte. Vollmarren Estatu- sozialismoa, Bavariako aurrekontuen bozketa, Alemania hegoaldeko nekazal-sozialismoa, Heineren konpentsazio proposamenak eta aduana-politikaren eta militarismoaren inguruko Schippelen iritziak, gure praktika oportunistaren garapena markatzen duten mugarriak dira.

Zein da, lehen begiratuan, korronte hauen guztien ezaugarri bereizgarriena? Teoriaren aurkako jarrera. Hau erabat arrunta da, gure teoriak, hau da, sozialismo zientifikoaren oinarriek, muga oso definituak ipintzen baititu ekintza praktikoarentzat, bai helburuei bai erabili beharreko borroka baliabideei eta baita borrokatzeko moduari ere dagokionean. Horrexegatik, arrunta da arrakasta pragmatikoak bakarrik nahi dituzten haiek eskuak aske edukitzeko nahia izatea, hau da, praktika teoriatik independente bilakatzea.

Baina ikusmolde hau eraginkorra ez dela agerian geratu da: Estatu-sozialismoa, nekazal-sozialismoa, konpentsazio politikak edota auzi militarra porrot bilakatu dira oportunismoarentzat. Begibistakoa da korronte honek bere burua finkatu nahi bazuen ezin zuela gure teoriaren oinarriei ezikusia egitera mugatu, baizik eta hauek suntsitzen saiatu behar zuela, bere teoria ezarri asmoz. Bernsteinena zentzu honetan eginiko saiakera bat izan zen, eta horregatik bildu ziren bere banderarenpean elementu oportunista guztiak Stuttgartko kongresuan.

Alde batetik, alor praktikoan, gure borrokak dituen baldintzengatik eta garapenagatik korronte oportunistak sortu izana fenomeno erabat natural eta ulergarria den bezala, bestetik, Bernsteinen teoria ere korronte hauek guztiak adierazpen teoriko orokorrago batean biltzeko saiakera ulergarria da, euren oinarri teorikoak finkatzeko saio bat, eta sozialismo zientifikoa deuseztekoa.

Zein emaitza eman du saiakera honek? Ikusi dugun bezala, oportunismoa ez da gai kritika bat erdipurdika ere jasan dezakeen teoria positibo bat lantzeko. Egin dezakeen gauza bakarra doktrina marxistaren tesi batzuk modu isolatuan erasotzea da, ondoren, doktrina honek barne lotura sendoak dituen osotasun bat osatzen duenez, eraikin oso hau eraisten saiatzen delarik, ganbaratik hasita zimenduetaraino. Honekin argi geratzen da praktika oportunista, bere esentziagatik eta bere oinarriengatik, bateraezina dela sistema marxistarekin.

Baina honekin, aldi berean, oportunismoa sozialismoarekin bateraezina dela ere frogatzen da, langile mugimendua bide burgesetara desbideratzeko joera bereiztezina baitu, klase borroka proletarioa erabat paralizatzera jotzen baitu. Egia da, ikuspuntu historiko batetik, klase borroka proletarioa eta doktrina marxista ez direla gauza berbera. Marxen aurretik, eta beragandik independente, bazen langile mugimendua eta baita hainbat sistema sozialista ere, bakoitza, bere erara, langile klasearen askapen nahien momentuko adierazpen teorikoa zelarik. Sozialismoa justiziaren kontzeptu moralekin justifikatzea, banaketa moduaren aurka borrokatzea ekoizpen moduaren aurka beharrean, klaseen arteko antagonismoak aberatsen eta txiroen arteko antagonismo bezala ikustea, ekonomia kapitalistan “printzipio kooperatibista” txertatzeko nahia, Bernsteinen sisteman aurkitzen den guztia jada bazen garai hartan. Eta teoria haiek, zituzten gabeziak izanda ere, bere garaian klase borroka proletarioaren benetazko teoriak izan ziren, proletalgoak historiaren eskenatokian oinez ibiltzen ikasteko erabilitako zazpi legoatako oinetakoak ziren.

Baina behin klase borrokaren garapenak eta honek baldintza sozialetan izan zuen isladak teoria hauek albo batera uztea ekarri zuenean eta sozialismo zientifikoaren printzipioak landu zirelarik, jada ezin daiteke marxista ez den sozialismorik egon, ez Alemanian behintzat, eta ezin egon daiteke sozialdemokrata ez den klase borrokarik. Hemendik aurrera, sozialismoa eta marxismoa —askapen borroka proletarioa eta sozialdemokrazia— gauza berbera dira. Teoria sozialista aurremarxistetara itzultzeak ez du proletalgoaren haurtzaroko zazpi legoatako oinetakoetara bueltatzen garenik esan nahi orain ordea, burgesiaren etxeko-oinetako zaharkitu eta higatuetara itzultzen garela baizik.

Bernsteinen teoria, oportunismoari oinarri teoriko bat emateko lehen eta azken saiakera izan da aldi berean. Eta azkena diogu, izan ere, Bernsteinen sistemarekin oportunismoa, bai bere alde negatiboan (sozialismo zientifikoari uko egitean) eta bai positiboan (zegoen nahasmendu teoriko guztia bakar batean biltzean), irits daitekeen urrutien iritsi baita, jada ez zaio ezer egiteke geratzen. Bernsteinen liburuarekin, oportunismoak bere garapen osoa bete du, teoriaren arloan azken ondorioetaraino iritsiz praktikaren arloan, Schippelek militarismoarekiko izan zuen jarrerarekin gertatu zen bezala.

Doktrina marxista, teorikoki oportunismoa ihardesteko gai izateaz gain, berau alderdiaren eraiketa prozesuko adierazpen historiko gisa azaltzeko gai den bakarra ere bada. Proletalgoak, mundu mailan, bere garaipenerarte duen bide historikoa ez da “afera erraza”, inondik ere. Mugimendu honen berezitasuna honetan datza: historian lehen aldiz, masa herrikoiek euren borondatea inposatzen dute klase agintarien aurka, nahiz eta egia den borondate hori gizarte honetatik haratago gauzatu behar dutela. Baina masek, borondate hori, ezarritako ordenaren aurkako borroka etengabearen bitartez soilik eraiki dezakete, ezarritako ordenaren testuinguruan beraz.

Mugimendu sozialdemokrataren eginkizun garrantzitsuena masa herrikoi zabalak egungo ordena soziala gainditzen duen helmuga batekin batzea da, eguneroko borroka mundu mailako eraldaketa handiarekin lotzea, baina horretarako bi arrisku gainditu behar ditu bidean aurrera egiteko: alderdiaren masa izaerari uko egitearen arriskua edota azken helburua albo batera uztearen arriskua, sekta bilakatzearen atzerakadaren arriskua edota mugimendu burges erreformista batean degeneratzeko arriskua, anarkismoaren arriskua edota oportunismoaren arriskua.

Duela mende erdi baino gehiagotik, armategi teoriko marxistak bi mutur hauen aurkako arma suntsitzaileak eman ditu. Baina, gure mugimendua masa mugimendu bat denez eta beraren gainean dauden arriskuak giza garunetatik etortzen ez direnez, baldintza sozialietatik baizik, teoria marxistak ezin gaitu behin eta betirako desbideraketa anarkistetatik eta oportunistetatik babestu. Hauek, behin teoriaren eremuetatik praktikaren eremuetara igarotzen direnean, mugimenduaren beraren eta marxismoak baimentzen dizkigun armen bitartez soilik garaitu daitezke. Sozialdemokraziak arrisku txikiena, elgorri anarkista, gainditu zuen jada, “independenteen mugimenduarekin”; arrisku larriena, hidropesia oportunista, da orain gainditzen ari dena.

Mugimenduaren azken urteetako hedapen zabala ondorioz, eta borroka aurrera eramaten den testuinguruaren baldintzek konplexutasun handiagoa hartu dutenez, azken helburu handietara iristeko posibilitatearen inguruko eszeptizismoak eta zalantza ideologikoek iritsi behar zuten momenturen batean mugimenduaren barnera. Honela, eta ez beste inola, ibili beharra du mugimendu proletarioak, eta izatez, hala ibiltzen da. Neke eta beldur uneak ez dira ezusteko bat doktrina marxistarentzat, Marxek duela denbora asko aurrikusiak izan ziren, duela mende erdi bat baino gehiago Luis Bonaparteren Brumarioaren 18a idatzi zuenean: “Iraultza burgesek, XVIII. mendekoak bezala, arrakastaz arrakasta egiten dute aurrera modu izugarrian, euren efektu dramatikoak pilatu egiten dira elkar kolpatuz, gizakiek eta gauzek artifiziozko suek argiztatuak dirudite, estasia eguneroko espiritua da; baina iraultza hauek bizitza laburra dute, segituan iristen dira euren gorenera eta depresio luze bat gizartearen jabe egiten da, iraultzaren aldi suhartsuaren eta bortitzaren emaitzak baretasunez barneratu ahal izateko denborarik gabe. Bestalde, iraultza proletarioek, XIX. mendekoak bezala, euren burua etengabe kritikatzen dute, aldi oro gelditzen dira euren joanean, jada amaituta zegoela zirudienarengana itzultzen dira, hau berriro ere hasteko, modu arduratsuan eta krudelki egiten diete iseka zalantza egoerei, alde ahulei eta lehen saiakeretako kaskarkeriei, badirudi etsaia honek berriro ere lurretik indarrak jasotzeko eta beraien aurrean lehen baino erraldoiagoa dela altxatzeko eraisten dutela, atzera egiten dute etengabe euren helburuen neurrigabetasun adierazgaitzak izututa, atzera egitea baimentzen ez dien egoera bat sortzen den arte eta zirkunstantziek honako hau oihukatzen duten arte: Hic Rodhus, hic salta”.

Honek egia izaten jarraitzen du, sozialismo zientifikoaren doktrina landua izan ostean ere. Mugimendu proletarioa ez da erabat sozialdemokrata, ezta Alemanian ere. Baina izaten ari da egunetik egunera, anarkismoaren eta oportunismoaren muturreko desbideraketak gainditzen dituen heinean, hauek ez baitira sozialdemokraziaren garapenaren faseak baino, berau prozesu bat bezala ulertuta.

Hau dena ikusita, harritzekoa ez da korronte oportunista baten agerpena, bere ahulezia baizik. Alderdiaren praktikan, kasu isolatuetan bakarrik adierazten zen bitartean, atzean oinarri teoriko serio bat izan zezakeela pentsa zitekeen. Baina orain, Bernsteinen liburuan biluzturik agertu eta gero, denek galdetuko dute, harriturik: Nola, hori zen esan behar zenuten guztia? Ez dago ideia berri bakar bat ere! Ez marxismoak duela hamarkada batzuk lehenago errefusatu, zanpatu, irrigarri utzi edota ezerezera murriztu ez duen ideiarik behintzat! Nahikoa izan da oportunismoak berak hitz egitea, esateko ezer ez zuela argi geratzeko. Hauxe da hain zuzen gure alderdiaren historiarentzat Bernsteinen liburuak duen garrantzia. Eta honela, proletalgo iraultzailearen pentsatzeko moduaz, dialektikaz eta historiaren ikuspegi materialistaz agurtzen denean, Bernsteinek, hauei, bere konbertsiorako eskeini dizkioten baldintza aringarriak eskertu behar dizkie. Euren ohiko eskuzabaltasunarekin, dialektikak eta historiaren ikuspegi materialistak Bernsteini gorakadan zetorren proletalgoarengan une bateko nahasmendu bat eragiteko instrumentu inkontziente bat bezala agertzea baimendu zioten, hausnarketa sosegatu baten ostean, proletalgo honek bere albotik urrutira jaurtiki zuelarik mespretxuzko irribarre batekin.

Mugimendua bere hazkundetik sortzen diren desbideraketa anarkistak eta oportunistak gainditzen dituen bitartean eta heinean egiten dela sozialdemokrata esan dugu. Baina gainditzeak ez du dena Jainkoaren eskuetan lasaitasun osoz utzi behar dugunik esan nahi. Egungo korronte oportunista gainditzeak bere aurrean neurriak hartzea esan nahi du. Bernsteinek bere liburuari aholku batekin ematen dio errematea, alderdiari bere burua errealitatean den bezala erakustera ausartzeko esanez: alderdi erreformista demokrata-sozialista baten gisan. Gure iritzirako, alderdiak, hau da, bere organu gorenak, kongresuak, aholku hau txanpon berarekin ordaindu beharko luke, eta Bernsteini formalki bere burua errealitatean den bezala erakusteko eskatu: demokrata burges-txiki aurrerakoi bat bezala.