Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Hondoraketa

Wikitekatik

4. Hondoraketa

Bernsteinek, kapitalismoaren hondoraketaren teoria ukatuz ekin zion programa sozialdemokrataren errebisioari. Baina, teoria hau sozialismo zientifikoaren harri angular bat denez, teoria honi uko egin zionean doktrina sozialistari ere uko egin zion, eta bere haserako posizio honi eusteko, polemikaren ibilbide osoan, sozialismoaren posizio guztiak albo batera utzi behar izan zituen bata bestearen atzetik.

Kapitalismoaren hondoraketarik gabe, klase kapitalistaren desjabetzea ezinezkoa da. Beraz, Bernsteinek desjabetzeari uko egiten dio eta printzipio kooperatibista baten ezarpen geldoa proposatzen du langile mugimenduaren helmuga gisa. Baina kooperatibismoak ezin du aurrera egin ekoizpen kapitalistaren baitan. Ondorioz, Bernsteinek ekoizpenaren sozializazioari uko egiten dio, eta merkataritzaren erreforma eta kontsumo kooperatiben garapena proposatzen ditu. Baina gizartea kontsumo kooperatiben bidez eraldatzea, sindikatuekin bada ere, ez da bateragarria gizarte kapitalistaren garapen material errealarekin. Ondorioz, Bernsteinek historiaren ikuspegi materialistari uko egiten dio. Baina garapen ekonomikoaren inguruan Bernsteinek duen ikuspegia ez dator bat gainbalioaren lege marxistarekin. Ondorioz, Bernsteinek uko egiten dio gainbalioaren legeari eta balioaren legeari, eta honekin guztiarekin Karl Marxen teoria ekonomiko guztiari.

Baina proletalgoaren borroka ezin daiteke garatu azken helburu argirik gabe eta egungo gizartean oinarri ekonomikorik izan gabe. Ondorioz, Bernsteinek uko egiten dio klase borrokari eta liberalismo burgesarekin adiskidetzeko predikua egiten du.

Baina gizarte klasista batean klase borroka fenomeno natural eta ezinbestekoa denez, Bernsteinek, kontsekuenteki, gure gizartean klaseak existitzea ere ukatu egiten du. Bere ustez, langile klasea politikoki, intelektualki eta ekonomikoki ere isolaturik dauden indibiduoen multzo bat besterik ez da. Eta burgesia ere, Bernsteinen ustez, ez da barne interes ekonomiko batzuengatik biltzen politikoki, goiko eta beheko kanpo presioen ondorioz baizik.

Baina klase borrokarako oinarri ekonomikorik ez badago, eta ondorioz, klase sozialik ere ez badago, burgesiaren aurkako proletalgoaren egungo eta etorkizuneko borroka ezinezko bilakatzen da, eta sozialdemokrazia eta bere arrakastak ulertezin. Edo bestela gobernuaren presio politikoaren ondorio bezala bakarrik uler daitezke, ez garapen historikoaren ondorio natural gisa, Hohenzollerntarren politikaren ezusteko ondorio bezala baizik; ez gizarte kapitalistaren legezko seme bezala, erreakzioaren sasiko ume bezala baizik. Era honetan, logika boteretsu batek bultzaturik, Bernstein, historiaren ikuspegi materialista batetatik Frankfurter Zeitungen eta Vossischer Zeitungen ikuspuntura pasatzen da.

Behin gizarte burgesari kritika sozialista bat egitea alde batera utzi delarik, pentsa daitekeen gauza bakarra, lerro orokorretan, zera da, existitzen dena asebetegarria dela. Honek ez du Bernsteinengan duda-mudarik eragiten; Alemaniako erreakzioa ez du hain indartsu ikusten eta bere ustez mendebaldeko herrialde europarretan “erreakzio politikoa ez da hain agerikoa”, ia gehienetan “mugimendu sozialistarekiko klase burgesek duten jarrera erabat defentsiboa da, eta ez zapalkuntzazkoa” (Vorwärts, 1899-3-26). Langile klasearen egoerak, okerrera beharrean, hobera egiten du geroz eta gehiago, burgesia moralki aurrerakoia da eta baita moralki osasuntsua ere, ez da ez erreakziorik ez zapalkuntzarik ikusten... dena hobera doa egon litekeen mundurik hoberenean.

Eta honela, sekuentzia logiko bat jarraituz, Bernsteinek Atik Zra dagoen ibilbide osoa egiten du. Azken helburuari uko eginez eman zion hasera, mugimenduaren mesedetan. Baina azken helburu sozialistarik gabe mugimendu sozialdemokratarik ere egon ezin daitekeenez, Bernsteinek mugimenduari berari uko eginez amaitu du.

Modu honetan, sozialismoaren ikuskera bernsteinianoa amildu egiten da. Pentsamendu marxistaren eraikin tinko, simetriko eta zoragarria hondakin multzo izugarri bilakatzen du Bernsteinek, bertan, sistema mota guztien hondakin-puskak eta jakintzaren pentsalari handien zein txikien piezek hilobi amankomun bat topatuz. Marxek eta Proudhonek, Leo von Buchek eta Franz Oppenheimerrek, Friedrich Albert Langek eta Kantek, Prokopovitch jaunak eta Ritter von Neupaper doktoreak, Herknerrek eta Schulze-Gavernitzek, Lassallek eta Julius Wolf irakasleak55, denek, egin diote ekarpenen bat euren apurtxoarekin Bernsteinen sistemari eta denetatik hartu du zerbait azken honek. Ez da harritzekoa! Klase ikuspuntua alde batera uztean, brujula politikoa galdu du; sozialismo zientifikoa alboratzean, gertakari isolatuak munduaren ikuspegi koherente baten osotasun organikoan antolatzeko balioko liokeen kristalizazio intelektualerako ardatza galdu du.

Lehen ikusian, bere doktrinak, sistema posible guztien ogi apurrez osaturik dagoenak, badirudi ez duela inongo aurreiritzirik. Bernsteinek ez du ezer jakin nahi “alderdiaren zientzia” bati buruz edota, hobeto esanda, klasearen zientzia bati buruz, baina ezta liberalismoaz edota klaseko moral batetaz ere. Giza zientzia orokor bat, abstraktua, defendatzen duela uste du, liberalismo abstraktu bat, moral abstraktu bat. Baina gizarte erreala interes, helburu eta ikuspegi erabat aurkakoak dituzten klaseez osatzen denez, oraingoz behintzat, fantasia hutsa da, bere burua engainatzea, auzi sozialen inguruko giza zientzia orokor bati buruz, edota liberalismo abstraktuari edota moral abstraktuari buruz hitz egitea. Bernsteinek gizatiartzat eta unibertsaltzat dituen zientzia, demokrazia eta morala, zientzia, demokrazia eta moral agintariak besterik ez dira, hau da, burgesiaren zientzia, demokrazia eta morala dira.

Hain zuzen ere. Sistema ekonomiko marxistari uko egiten dionean eta Brentanoren, Böhm-Bawerken, Jevonsen, Sayen, Julius Wolfen, irakaspenei leialtasuna zinpetzen dienean, Bernsteinek ez al du bada langile klasearen askapenaren oinarri zientifikoa burgesiaren apologiagatik aldatzen? Eta liberalismoaren izaera gizatiar unibertsalaz hitz egiten duenean, ez al dio bada sozialismoari bere klaseko izaera, bere eduki historikoa, hau da, bere eduki osoa kentzen, burgesia, historikoki liberalismoak ordezkatu zuen klasea, gizateriaren interes orokorren defendatzaile bilakatuz?

Eta Bernsteinek “faktore materialak garapenaren indar ahalguztidunak izatearen kondiziora igotzearen” aurka hitz egiten duenean, edota sozialdemokraziak “idealak mespretxatu izanaren” aurka gaizki esaka aritzen denean, edota idealismoa eta morala goraipatzen dituenean, aldi berean, proletalgoaren berpizkunde moralaren iturri bakarraren aurka agertuz, klaseen borroka iraultzailearen aurka, alegia; hau dena egiterako orduan, ez al du bada Bernsteinek, langile klasearearen aurrean, moral burgesaren kintaesentzia predikatzen? Hau da, ezarritako ordenarekin adiskidetzea eta itxaropen guztiak beste bizitza batean ipintzea? Azkenik, bere eztenik zorrotzenak dialektikaren aurka zuzentzean, ez al du bada bere askapenaren aldeko borrokan den proletalgo kontzientearen pentsamendu espezifikoa erasotzen?

Proletalgoari bere etorkizun historikoaren ilunbeak urratzen lagundu dion ezpata hausten saiatzen da, burgesiaren uztarripean egonik ere proletalgoa, egungo ordena sozialaren izaera trantsitorioaz eta bere garaipenaren ezinbestekotasunaz kontziente eginez, burgesia garaitzeko gaitzen duen arma intelektuala hondatu nahi du, jada pentsamenduaren munduan iraultza egiten ari den arma intelektuala. Dialektika agurtuz eta “alde batetik...eta bestetik”-aren, “bai edo ez”-aren, “nahiz eta... hala ere”-aren, “gutxi gora behera”-ren zabuaren gainean eserita, Bernstein gainbeheran den burgesiaren pentsamentu historiko mugatuaren eskeman erortzen da, bere existentzia sozialaren eta jokabide politikoaren (Caprivi-Hohenlohe, Berlepsch-Posadowsky, otsaileko dekretuak-proiektu penitentziarioak) islada zehatza den eskema batean. Egungo burgesiaren “alde batetik... eta bestetik”-ek, “bai, baina ez”-ek, zalantzek eta dudek, Bernsteinen pentsatzeko moduaren izaera berbera dute, eta bere pentsatzeko modua bere mundu ikuspegiaren izaera burgesaren frogarik hoberena da.

Baina, Bernsteinen ustez, “burges” adiera jada ez da klase izaerako adiera bat, izaera orokorreko kontzeptu sozial bat baizik. Honek esan nahi duena zera da, amaieraraino kontsekuentea izanez, zientziarekin, moralarekin eta pentsatzeko moduarekin batera, Bernsteinek, proletalgoaren lengoaia historikoa ere aldatu duela, burgesiarenarengatik. Burgesa eta proletarioa, bereizketarik egin gabe, “hiritar” izendatzen dituenean, hitzezko antagonismoekin amaitu nahian, Bernsteinek, gizakia, orokorrean, burgesarekin identifikatzen du eta gizakien gizartea gizarte burgesarekin.

Eztabaidaren hasieran norbaitek Bernstein, oraindik ere, sozialdemokraziaren armategi zientifikotik hartutako argudioak erabilita, mugimendurako errekupera zitekeela uste bazuen, albo batera utzi behar da itxaropen hori. Izan ere jada hitz berdinek ere esanahi berdina izateari utzi baitiote, kontzeptu berberek, dirudienez, ez dute balio errealitate sozial berberak adierazteko. Bernsteinekin izandako polemika hau bi mundu ikuspegiren arteko gatazka bat bilakatu da, bi klaseren arteko borroka bat, bi gizarte motaren arteko borroka bat. Bernstein eta sozialdemokrazia, egun, bi eremu erabat desberdinetan aurkitzen dira.