Erreforma edo iraultza/Botere politikoaren konkista

Wikitekatik

3. Botere politikoaren konkista

Frogatu den bezala, demokraziaren etorkizuna langile mugimenduarenera loturik aurkitzen da. Honek zer esan nahi du, kasurik hoberenean, demokraziaren garapenak iraultza proletarioa ez-premiazkoa eta ezinezkoa bilakatzen duela, Estatuaren boterearen jabetzearen edota botere politikoaren konkistaren zentzuan?

Bernsteinek auzi honi erreformaren eta iraultzaren alde ona eta alde txarra zehaztasunez neurtuz erantzuten dio, eta hainbesteko maitasunez eta patxadaz egiten du hau ezen bere kontsumo kooperatibetako batean espezieak saltzen ari dela baitirudi. Bernsteinen ustez, garapen historikoak bide legala jarraitzen badu, “inteligentziaren” ondorioa izango da, eta bide iraultzailea jarraitzen badu, “sentimenduarena”. Aktibitate politiko erreformista aurrerapen historiko geldo baterako metodo bezala ikusten du; iraultzailea berriz azkartasunez betea. Legerian indar metodiko bat ikusten du; iraultzan, indar espontaneo bat (183.orria).

Gauza jakina da erreformatzaile burges txikiak gauza guztietan alde “on” bat eta alde “txar” bat ikusten duela eta platera guztietatik zizka-mizkan aritzea gustatzen zaiola. Baina halako konbinaketek ez dute eraginik gertakarien martxa errealean, eta eskukada batekin, lau haizetara bidaltzen ditu munduko gauza guztien “alde onez” kontu handiz pilaturiko metatxoak. Historikoki, erreforma legalaren edota iraultzaren arteko aukeraketaren ebazpena ez da prozedura batak edo besteak dituen abantailengatik edota desabantailengatik ematen, arrazoi sakonagoengatik baizik.

Gizarte burgesaren historian, erreforma sozialak gorakadan zetorren klasea pixkanaka indartzeko balio izan zuen, botere politikoa konkistatzeko, garaiko sistema juridiko osoa eraisteko eta berri bat eraikitzeko adina indar bazuela sentitu zuen arte. Bernsteinek orru egiten du botere politikoaren konkistaren aurka, teoria blanquista biolento baten antzeko ikusten baitu, eta honela, tamalez, akats blanquistatzat hartzen du mendeetan zehar giza historiaren harri angularra eta indar eragilea izan dena. Klase gizartearen sorreratik, botere politikoaren konkista gorakadan datorren klase ororen helburua izan da beti. Hau da, aldi berean, garai historiko bakoitzaren hasera eta amaiera. Honela, aintzinako Erroman nekazalgoaren borroka luzea ikus dezakegu finantzarien eta nobleziaren aurka; Erdi Aroko hirietan nobleziaren aurkako artisauen borroka agertzen da; eta Aro Modernoan, burgesiaren borroka azaltzen zaigu feudalismoaren kontra.

Erreforma legala eta iraultza ez dira, beraz, historiaren erakusmahaiean libreki hauta daitezken garapen historikorako bi metodo ezberdin, saltxitxa beroak edota hotzak hautatzen direnean bezala; klase gizartearen garapeneko momentu ezberdinak dira, elkar baldintzatzen eta osatzen direnak, baina aldi berean elkar baztertzen eta elkarrengandik aldentzen direnak, Ipar Poloa eta Hego Poloa bezala, edota burgesia eta proletalgoa bezala.

Antolaketa juridiko oro iraultzaren produktu bat besterik ez da. Klaseen historian, iraultza ekintza politiko sortzailea da, legeriak gizarte baten biziraupen politikoa soilik adierazten duen bitartean. Lege erreformak ez du iraultzarekiko independientea den bulkada bat sustatzeko berezko gaitasunik, garai historiko bakoitzean azken iraultzak markatu duen ibilbidean mugitzen da soilik, bultzada horrek irauten duen bitartean. Edota zehatzago esanda: azken iraultzak ezarri duen ordena sozialaren testuinguruan soilik mugitzen da. Hau da auziaren gakoa.

Erabat faltsua eta ez-historikoa da erreformak iraultzaren zabalpen bat bezala kontsideratzea, eta aldi berean, iraultza erreformen zerrenda kontzentratu bat bezala ikustea. Erreforma eta iraultza ez dira euren iraupenagatik bereizten, euren esentziagatik baizik. Botere politikoa erabiliz aldaketa historikoak aurrera eramateko sekretu guztia aldaketa kuantitatibo soilak kualitate berri bilakatzean datza; zehatzago esanda, garai historiko batetik —ordena sozial batetik— besterako trantsizioa burutzean.

Beraz, bide erreformistaren alde agertzen denak, botere politikoaren konkistaren eta iraultza sozialaren bidearen ordez eta honi kontrajarririk, errealitatean ez du helburu berera doan bide lasaiago, seguruago eta mantsoago bat hautatzen, helburu ezberdin bat baizik: gizarte berri baten ezarpenaren ordez, zaharraren aldaketa txepel batzuk hautatzen ditu.

Era honetan, errebisionismoaren ikuspegi politikoei jarraiki, bere teoria ekonomikoak aztertuz iristen garen ondorio berdinetara ailegatzen gara: ez du sozialismoaren gauzatzea bilatzen, kapitalismoaren erreforma baizik, ez du soldatapeko lanaren sistemaren ezabapena bilatzen, esplotazioa murriztea baizik. Laburbilduz, ez du kapitalismoaren deusezpena bilatzen, bere gehiegikerien leuntze bat baizik.

Posible ote da erreformaren eta iraultzaren funtzioaren inguruan aurretik esan den guztia iraganeko klase borrokentzat bakarrik izatea aplikagarri? Posible al da hemendik aurrera, justizia sistema burgesa hobetuz, lege erreformak gizartea fase historiko batetik bestera igaroarazteko bide bilakatzea, eta ondorioz, proletalgoak Estatuaren boterea konkistatzeko beharra, Bernsteinek bere liburuan dion bezala, “zentzurik gabeko esaldi bat” bilakatu izana?

Errealitatea guztiz kontrakoa da. Zer da gizarte burgesa bere aurrekoetatik bereizten duena, Aintzinatekotik edota Ertarokotik? Egungo klase menperaketa ez dela “legeak finkaturiko eskubide” batzuetan oinarritzen hain justu, baizik eta erlazio ekonomiko materialetan, soldatapeko lana ez baita erlazio juridiko bat, erabat ekonomikoa da. Gure ordenamendu juridiko osoan ez da egungo klase menperaketa islatzen duen formula legalik aurkitzen. Honen inguruan dauden zantzu gutxiak oihartzun feudalak dira, zerbitzu domestikoaren ordenantzen kasuan bezala.

Nola ezereztu daiteke soldatapeko esklabutza “bide legalen” bitartez, menperaketa honek inongo adierazpen legalik ez badu? Bernstein, kapitalismoarekin erreforma legalen bidez amaitzea nahi duena, Uspienskik kontatzen duen polizia errusiar haren larruan aurkitzen da: “Azkartasunez eskua morroi haren lepora bota zuen, eta zer gertatu zen? Madarikatuak ez zuela leporik!”. Hauxe da hain zuzen Bernsteinen arazoa.

“Orain arteko gizarte guztien historia klase borrokaren historia da” (Manifestu Komunista). Baina gizarte modernoaren aurreko faseetan, antagonismo hau erlazio juridiko batzuetan islatzen zen, eta arrazoi honengatik, erlazio mota berriak, puntu bateraino, iraganekoen testuinguruan egokitu zitezkeen.

“Morroia, morrontza erregimen bete-betean, komunako kide izatera iritsi zen” (Ibídem). Nola da posible? Udal esparruan, apurka-apurka, morrontza osatzen zuten pribilejio feudalen aztarna guztiak (zerbitzu pertsonalak, kontribuzioak, janzkeraren inguruko obligazioak, hamarrenak eta hasikinak, txanponketak egin ahal izateko subirauari ordaindu beharra, ezkontza behartuak, heredentzia eskubideak, etab.) ezabatuz. Era berean, “burges txikia burgesaren kategoriara igo zen moduan absolutismo feudalaren uztarripean” (Ibídem). Zein eratan? Gremio-loturen ezabapen partzial formalaren edota hauen leuntze eraginkorraren bidez, administrazioaren, ogasunaren eta ejertzitoaren eraldaketa mantsoaren bitartez, hau erabat beharrezkoa izan zen heinean.

Gai hau ikuspuntu abstraktu batetik aztertuz, ikuspegi historiko batetik ikertu beharrean, pentsa liteke eraldaketa legal eta erreformista bat egon zela gizarte feudaletik burgeserako igaroaldian, beti ere eskema errebisionisten arabera. Baina zein da prozesu honetatik ateratzen dugun ondorioa? Bada trantsizio hartan ere, erreformek ez zutela botere politikoaren konkista burgesa ez-premiazkoa egin, baizik eta prestatu eta aurrera eraman zutela. Bai morrontzaren aboliziorako bai feudalismoaren ezerezterako ezinbestekoa izan zen eraldaketa politiko-sozial oso bat aurrera eramatea.

Gaur egun gauzak oso ezberdinak dira. Ez da legea, beharra eta ekoizpen baliabideen gabezia baizik, proletarioa kapitalaren uztarripean ipintzera bultzatzen dutenak. Eta munduan ez dago legerik, gizarte burgesaren testuinguruan, proletalgoari ekoizpen baliabide horiek emango dizkionik, ez baitzen legea izan hauek kendu zizkiona, garapen ekonomikoa baizik.

Gainera, soldata-erlazioen bidezko esplotazioa ere ez dago legeen menpe, soldaten maila ez baita lege-erregulazioen bitartez erabakitzen, faktore ekonomikoen ondorioz baizik. Esplotazio kapitalista ez da xedapen juridiko batzuen gainean sostengatzen, lan indarra ere merkantzia bat izatearen zirkunstantzia ekonomiko soilaren gainean aurkitzen da, eta merkantzia horrek berezitasun bat du, besteak beste, balioa ekoizteko gaitasuna baitu, langilearen mantenimentuan kontsumitutakoa baino balio gehiago sortzeko gaitasuna. Laburbilduz, klase kapitalistaren menperakuntza sostengatzen duten oinarrizko erlazioak ezin dira erreforma legalen bidez eraldatu gizarte burgesaren beraren barnean, erlazio horiek ez baitira lege burgesen bidez sartu eta ez baitute lege horien forma hartu ere egin. Bernstein ez da hontaz konturatzen “erreforma sozialista” bat proposatzen duenean, baina, ez ikusiarena eginik ere, inplizituki onartzen du hau bere liburuaren 10. orrian, “gaur egun funts ekonomikoa modu irekian agertzen da, iraganean menperaketa erlazio eta ideologia mota guztiez mozorroturik agertzen zen bitartean” esaten duenean.

Baina bada gehiago. Ordena kapitalistaren beste berezitasunetako bat zera da, bertan aurkitzen diren etorkizuneko gizarteko elementu guztiek haseran ez dutela sozialismora hurbiltzen dituen forma hartzen, bertatik urruntzen dituen bat baizik. Geroz eta gehiago ari da azpimarratzen ekoizpenaren izaera soziala. Zein formatan ordea? Enpresa handiaren, elkarte anonimoaren eta kartelaren itxuran, non kapitalismoaren antagonismoak, lan indarraren esplotazioa eta zapalketa, goreneraino igotzen diren.

Garapen kapitalistak, ejertzitoari dagokionean, derrigorrezko soldadutza orokortzera eta zerbitzu denboraren murriztera garamatzala dirudi, hau da, ikuspuntu material batetik, ejertzito herrikoirantz hurbiltzen ari da, baina militarismo modernoaren itxurapean, bertan, Estatu militaristak herriaren gainean duen menperaketa ikusirik, Estatuaren klase izaera ikus daitekeelarik modurik gordinenean. Faktore politikoen kasuan, demokraziaren garapenak, baldintza mesedegarriak aurkitzen dituen neurrian, kapa herrikoi guztiak bizitza politikoan parte hartzera eramaten ditu, hau da, itxuraz, “Estatu herrikoi” baten antzeko zerbaitetara. Baina parte hartze honek parlamentarismo burgesaren itxura hartzen du, eta bertatik ez dira klase antagonismoak eta klase menperaketa desagertzen, alderantziz, modu argiago batean islatzen dira. Garapen kapitalista osoa kontraesanen bitartez mugitzen denez, proletalgoak, muin sozialista hau bere edukiontzi kapitalista antagonikotik atera ahal izateko, botere politikoa konkistatu behar du eta kapitalismoa erabat suntsitu. Hori bai, noski, Bernsteinen ondorioak bestelakoak dira.

Demokraziaren garapenak kontraesan kapitalistak sakontzea ekarriko balu, eta ez hauen ahultze bat, orduan, esaten digu, “sozialdemokraziak, bere eginkizuna zailagoa bilakatu ez dadin, erreforma sozialak eta erakunde demokratikoen zabalpena porrotera eramaten saiatu beharko luke, ahal duen neurrian” (71.orria). Egiazki, zuzenena hau izango litzateke, sozialdemokraziak, eredu burges txikia jarraituz, historiaren alde onak aukeratzearen eta txarrak ezabatzearen alferrikako eginkizunean plazera aurkituko balu. Baina orduan, ondorioz, kapitalismoak “porrot egin dezan ere saiatu” beharko litzateke, hau baita, zalantzarik gabe, sozialismorako bidea oztopatzen duen gaizkile nagusia. Izatez, kapitalismoak, oztopoez gain, programa sozialista aurrera eramateko aukera bakarrak ere ematen ditu. Gauza bera esan liteke demokraziari buruz. Burgesiarentzat demokrazia ez-beharrezkoa edota gogaikarria izatera iritsi bada, horrexegatik beragatik bihurtu da beharrezkoa eta ezinbestekoa proletalgoarentzat. Batetik, gizarte burgesa eraldatzeko sostengune bezala balio diezaioketen forma politikoak (autoadministrazioa, boto eskubidea, etab.) sortzen dituelako. Bestetik, proletalgoa, demokraziaren alde borrokatuz eta eskubide demokratikoak erabiliz irits daitekeelako soilik bere klase interesetaz eta bere eginkizun historikoaz kontziente izatera.

Hitz batean, kontua ez da demokrazia ezinbestekoa dela proletalgoak botere politikoa konkistatzea ez-beharrezko bilakatzen duelako, boterearen konkista hori behar eta posibilitate bilakatzen duelako baizik. Engelsek, Klase borroka Frantzian liburuari egin zion hitzaurrean, egungo langile mugimenduaren taktikak berrikusi zituen eta barrikadei aurre egin zien honen ordez borroka legala hautatuz, baina kasu hartan Estatu kapitalistaren testuinguruan proletalgoak eguneroko borrokarekiko izan behar zuen jarreraz ari zen hizketan, hitzaurreko lerro bakoitzetik ondoriozta daitekeen bezala; ez zen botere politikoaren erabateko konkistari buruz ari, ezta proletalgoak boterearen konkistaren unean Estatu kapitalistaren aurrean izan beharreko jokabideari buruz ere. Hau da, Engels proletalgo menperatuari ari zen gidalerroak ematen, ez proletalgo garaileari.

Bestalde, Marxek Ingalaterrako lurzoruaren auziaren inguruan eman zuen sententzia ezaguna, —“ziurrenik merkeena lurjabeei kalte ordainak ematea izango litzateke”— Bernsteinek aipatzen duena, ez da proletalgoak garaipenaren aurretik izan behar duen jarreraz ari, garaipenaren ostean izan behar duenaz baizik, klase agintari zaharrari “kalteak ordaintzeko” aukera bakarra behin langile klasea boterean dagoela izango bailitzateke. Marxek hemen ikusten zuena proletalgoaren diktaduraren erabilera baketsuaren posibilitatea zen, eta ez diktadura hau izaera kapitalistako erreforma sozialengatik ordezkatzea. Proletalgoak botere politikoa konkistatzeko duen beharra ez zuten sekula zalantzan jarri Marxek eta Engelsek. Bernsteinentzat erreserbaturik geratu zen parlamentu burgesa, oilategi huts bat dena, historiako aldaketa sozialik itzelena aurrera eramatea helburu izango duen instrumentu kontsideratzeko ohorea: gizarte kapitalista batetik gizarte sozialista baterako eraldaketa.

Baina Bernsteinek, bere teoria, proletalgoak boterea azkarregi hartuko ote duenaren beldurrarekin hasten du. Hau gertatuz gero, Bernsteinen iritziz, proletalgoak gizarte burgesaren baldintzak bere horretan utzi beharko lituzke, eta ondorioz, porrot larri bat jasango luke. Beldur honetatik ondorioztatzen dena zera da, testuinguruak proletalgoa boterera eramango lukeen kasuren bat emango balitz, Bernsteinen teoriak aholku “praktiko” bat bakarrik eskaintzen digula: lotara joatea. Bere teoriak proletalgoa, borrokaren momenturik erabakigarrienetan, inaktibitatera kondenatzen du, hau da, bere helburuaren traizio pasibo batera.

Gure programa paper zati mixerable bat litzateke halako gertakizun guztietarako eta borrokaren momentu guztietarako balioko ez balu, edo behar den momentuan albo batera uzteko bakarrik balioko balu, aplikatzeko balio beharrean. Gure programak, bere edukietan, kapitalismotik sozialismorako gizartearen garapen historikoaren formulazioa azaltzen badu, garapen honen fase trantsitorio guztiak ere, euren oinarrizko ñabarduretan, formulatu behar ditu eta honetatik ondorioak atereaz, proletalgoari, momentu oro, sozialismorantz aurrera egiteko ekinbiderik egokiena erakutsi behar dio. Beste hitz batzuetan esanda, momentu bakar batean ere proletalgoak ezin du bere burua bere programa alde batera uztera beharturik ikusi, eta ezta bere burua bere programak alboratua izaten ere.

Praktikan, honek guztiak esan nahi duena zera da, behin boterea lorturik, ezin egon litekeela egoerarik zeinetan proletalgoa bere programa aurrera eramateko neurriak hartzeko baldintzetan aurkituko ez dena edota bere burua neurri hauek hartzera beharturik ikusiko ez duena. Bernsteinek programa sozialistak, berau ezartzerakoan, ez duela botere honen betearazpenerako oharbiderik izango pentsatzen duenean eta botere proletarioak bere jardunaren edozein momentutan porrot egingo duela uste duenean, honen guztiaren atzean beste uste bat ezkutatzen da: programa sozialista, orokorrean eta momentu oro, burutu ezina dela pentsatzea.

Eta trantsizio neurriak goiztiarregiak badira? Auzi honek gaizkiulertu katramila oso bat dakar bere atzetik eraldaketa sozialen egiazko ibilbidearen inguruan.

Estatu boterea proletalgoak, hau da, klase herrikoi zabal batek, konkistatzea ezin da artifizialki eragin, erlazio politikoekonomikoen heldutze maila jakin bat eskatzen du (Parisko Komuna bezalako kasuen salbuespenarekin, proletalgoa ez baitzen boterearen jabe egin beragatiko borroka kontziente baten ostean, gainerakoek bertan behera zutenean bere eskuetara erori zelako baizik). Hauxe da Estatu kolpe blanquisten —edozein momentutan, eta ondorioz, beti desordutan, ekiteko prest dagoen “gutxiengo kementsu” batek egindako kolpeen— eta kontzientea den herri masa handi batek botere politikoa konkistatzearen arteko desberdintasuna, konkista hau gizarte burgesaren hondoraketaren haseraren emaitza bakarrik izan baitaiteke, eta horrexegatik, bere baitan darama bere aukeraren legitimazio politikoa eta ekonomikoa.

Baldintza sozialen ikuspuntutik langile klaseak botere politikoa konkistatzea “azkarregi” eman ezin badaiteke, bestalde, eragin politikoaren ikuspuntutik, hau da, boterearen kontserbazioaren ikuspegitik, konkista hori bai, “azkarregi” gertatuko da ezinbestean. Iraultza goiztiarrak, Bernsteini loa kentzen dionak, Damoklesen ezpata bailitzan mehatxatzen gaitu, eta bere aurrean ez dute balio ez erreguek ez otoitzek, ez beldurrek ez ezinegonek. Hau bi arrazoirengatik: Lehenik, ordena kapitalistatik sozialistarako gizartearen trantsizioa bezalako eraldaketa hain garrantzitsu bat ezin liteke bat-batean eman, proletalgoaren kolpe arrakastatsu batekin. Hau posible dela pentsatzeak ikuspegi blanquista argi bat islatzen du. Eraldaketa sozialistak borroka luze eta gogor bat suposatzen du, proletalgoak behin baino gehiagotan atzera egin beharko du ziurrenik, eta era honetan, borrokaren azken emaitzaren ikuspuntutik, boterea hartu zen lehen aldia ezinbestean “azkarregi” egina irudituko da.

Bigarrenik, proletalgoak estatu boterea “goizegi” konkistatzea ezinbestekoa da, oldarketa “goiztiar” horiek erabateko garaipenerako baldintza politikoak sortzeko faktore bat baitira, eta garrantzitsuenetakoak gainera. Boterearen konkistak berarekin ekarriko duen krisi politikoan zehar, borroka luze eta bortitzen testuinguruan, proletalgoak iraultzaren erabateko garaipenerako beharrezkoa izango duen heldutasun politiko maila eskuratuko du. Beraz, proletalgoak Estatuaren botere politikoari egiten dizkion oldarketa “goiztiar” hauek faktore historiko benetan garrantzitsuak dira, erabateko garaipenaren momentua baldintzatuko dutenak. Ikuspuntu honetatik, botere politikoaren konkista “goiztiar” baten ideia, garapen sozialaren ikuspegi mekanizista baten emaitza den zentzugabekeria bat da, eta klase borrokaren garaipenari data bat ezartzearen ondorio ere bai, baina beti ere borroka horretatik alde batera eta independenteki.

Ondorioz, proletalgoa Estatuaren boterea “azkarregi” konkistatzera beharturik dagoenez, hau da, proletalgoak Estatuaren boterea behin betiko konskitatu baino lehen, behin edota askotan, baina beti ere “azkarregi”, konkistatu behar duenez, boterearen konkista “goiztiarraren” aurka egotea, proletalgoak estatu boterea konkistatzearen xedearen aurka egotea da. Horrenbestez, bide guztiek Erromara eramaten duten bezala, ikuspuntu honetatik ondorio honetara iristen gara: azken helburu sozialista albo batera uzteko proposamen errebisionistak, errealitatean, mugimendu sozialista albo batera uztera eramaten gaituela. Ondorio honetara iristen gara: sozialdemokraziak, botere politikoa konkistatzearen kasuan, “lo egitera joateko” aholkatzen digunez, bada konkistaren ostean edota oraintxe bertan lotara joatea gauza berdina dela, hau da, klase borrokari uko egitea.