Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Sindikatuak, kooperatibak eta demokrazia politikoa

Wikitekatik

2. Sindikatuak, kooperatibak eta demokrazia politikoa

Ikusi dugu Bernsteinen sozialismoa langileek aberastasun sozialean parte hartzeko plan bat dela, txiroak aberats bihurtzekoa. Nola eramango da hau praktikara? Neue Zeiten Sozialismoaren arazoak izenarekin argitaraturiko artikuluetan oso erreferentzia gutxi aurkitzen ditugu auzi honekiko, baina bere liburuan erantzun asebetegarriak ematen dizkigu. Bere sozialismoa bi instrumenturi esker gauzatuko da: sindikatuen —edota berak esaten duen moduan, demokrazia ekonomikoaren— eta kooperatiben bidez. Lehenengoen bitartez irabazi industrialekin amaitu nahi du; bigarrengoen bidez, merkatal irabaziekin (118.orria).

Kooperatibek, ekoizpen kooperatibek batez ere, hibrido bat osatzen dute ekonomia kapitalistaren baitan, ekoizpen sozializatuko unitate txikiak dira banaketa kapitalistaren barnean. Baina ekonomia kapitalistan banaketak ekoizpena menperatzen du, eta konpetentzia dela eta, ekoizpen prozesua kapitalaren interesek —hau da, esplotaziorik gordinenak— menperatzea ezinbestekoa da enpresa horren biziraupenerako.

Merkatuak behartuta lan erritmoak ahal beste intentsifikatu behar direnean, lan eguna moztu edo luzatu behar denean, eskulan gehiago behar denean edota kaleratu behar denean... ikusten da hau; hitz batean, enpresa kapitalista bat lehiakor egiten duten metodo ezagun guztiak ipini behar izaten dira martxan. Eta enpresari paperean jarri behar direnean, kooperatibako langileak kontraesan batean aurkitzen dira: edota enpresa baten tinkotasun osoz zuzendu behar dute enpresa, euren buruaren aurka ere eginez, ekoizpen kooperatiba hondoratuko duen kontraesana sortuz, edota enpresa kapitalista arrunt bat bilakatzen da, edota langileen interesak gailentzen badira, disolbatu egiten da.

Hauek dira Bernsteinek berak ere aipatzen dituen gertaerak baina ez ditu ulertzen, Potter-Webb anderearekin batera, ekoizpen kooperatiba ingelesen gainbehera “diziplina” faltari atxikitzen baitio. Baina “diziplina” bezala halako arinkeriaz eta azaletik izendatzen den hau ez da kapitalismoaren berezkoa den errejimen absolutista besterik, langileek euren buruari inposatu ezin diotena.

Hontatik ondorioztatzen da ekoizpen kooperatibek ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana, ihesbide bat erabiliz, ebaztea lortzen dutenean soilik iraun dezaketela ekonomia kapitalistaren barnean, hau da, artifizialki lehia askearen legeetatik ihes egitea lortzen duten heinean. Eta hau aurretiaz kontsumitzaile zirkulu finko bat segurtatuz soilik lortu dezakete, hau da, merkatu bat segurtatuz. Horretarako bidea kontsumo kooperatiba da. Honetan —eta ez Oppenheimerrek eginiko erosketa kooperatiben eta salmenta kooperatiben arteko bereizketan— aurkitzen da sekretua, Bernsteinek aurkitu nahi zuena, eta kooperatiba independenteak zergatik hondoratzen diren eta kontsumo kooperatiba batek babesturik daudenean bakarrik bizirauten duten azaltzen duena.

Baina egungo gizartean, ekoizpen kooperatiben existentziarako oinarrizko baldintzak kontsumo kooperatiben existentziaren baldintzen menpe aurkitzen badira, lehenengoek, kasurik hoberenean, tokiko merkatu txikietara mugatu behar dute eta premiazko beharretarako artikuluetara, batez ere elikagaietara. Ekoizpen kapitalistaren adar garrantzitsuenak, hau da, oihalgintza industria, ikatzarena, metalurgikoa eta petrolioarena, hala nola makinen eraiketarena, lokomotorrena eta ontzigintzarena, itxita daude kontsumo kooperatibetara, eta ondorioz, baita ekoizpenekoetara ere. Bestela esanda, ekoizpen kooperatibek (beraien izaera hibridoa alde batera utzita) ez dute balio eraldaketa sozial orokor baterako, mundu mailan berauek ezartzeak mundu-merkatuaren abolizioa suposatuko bailuke eta mundu ekonomia ekoizpen eta banaketa talde lokal txikietan zatikatuko bailuke; hau da, bere esentziagatik, kapitalismoaren garapen altuko ekonomia batetik Erdi Aroko merkatal ekonomia baterako itzulera esan nahiko luke.

Baina egungo gizartean irauteko duten posibilitatearen mugen barnean ere, ekoizpen kooperatibak kontsumo kooperatiben apendize soil izatera beharturik ikusten dira, eta honekin, azken hauek lehen planora igarotzen dira proposaturiko gizarte erreformaren agente gisa. Era honetan, erreforma sozialak ekoizpen-kapitalaren, ekonomia kapitalistaren enbor nagusiaren, aurkako borroka izateari uzten dio, eta merkatal kapitalaren aurkako borroka bilakatzen da, bereziki merkatal kapital txikiaren eta ertainaren aurkakoa, hau da, zuhaitz kapitalistaren adartxo txikien arteko borroka huts bat bilakatzen da.

Sindikatuei dagokienean, Bernsteinen arabera ekoizpenkapitalaren esplotazioaren aurkako baliabide bilakatuko direnak, jada azaldu dugu ez daudela langileei ekoizpen prozesuan eragin erabakigarri bat segurtatzeko egoeran, ez ekoizpenaren bolumenari ez teknikari dagokionean.

Aspektu ekonomiko hutsaren inguruan —“soldata tasaren borroka irabazi tasaren aurka”, Bernsteinek izendatzen duen moduan— borroka hau ez da, lehen ere azaldu bezala, zelai irekian burutzen, soldataren legearen bikain definituriko mugen barnean baizik, eta borroka honek ezin du lege hau puskatu, gehienez ere betearazi egin dezake. Behaketa hau ere argi geratzen da arazoa sindikatuen funtzio errealen ikuspegitik aztertzen badugu.

Bernsteinek, langile klaseak bere askapenerako egiten duen borroka orokorraren kontestuan, irabazi tasaren aurkako erasoaren eginkizuna sindikatuei atxikitzen die, pixkanaka- pixkanaka hau “soldata tasa” bilakatuz. Baina kontua da sindikatuak ez daudela irabaziaren aurka izaera ekonomikoko eraso bat egiteko egoeran, lan indarrak kapitalaren erasoen aurrean duen defentsa antolatu bat besterik ez baitira, hau da, langile klasearen erresistentzia adierazten dute ekonomia kapitalistaren zapalketaren aurrean. Eta hau bi arrazoirengatik. Lehenik, sindikatuen eginkizuna antolaketa modu hau “lan indarraren” merkantziaren merkatuaren egoeran eragiteko erabiltzea bada, eragin hori etengabe gainditua izaten da, kapa ertainen proletarizazio prozesua dela eta, merkantzia berria merkatura etengabe etortzen baita. Bigarrenik, sindikatuek bilatzen dutena bizi mailaren igoera bada, langile klaseak aberastasun sozialean duen zatiaren handitzea bada, esan behar da zati hori etengabe murriztu egiten dela, naturaren ezinbesteko prozesu bat bailitzan, lanaren produktibitatearen handitzeagatik. Ez da marxista izan behar honetaz konturatzeko, nahikoa da noizbait Rodbertusen Auzi sozialari buruz lanari gainbegiradaren bat eman izana. Beste hitz batzuetan esanda, gizarte kapitalistaren prozesu objetiboek sindikatuen bi funtzio ekonomiko nagusi hauek Sisiforen lanaren antzeko zerbait bilakatzen dituzte, baina lan hau ezinbestekoa da langileak merkatuaren egoeraren arabera dagokion soldata tasa eskura dezan, soldataren lege kapitalista bete dadin eta garapen ekonomikoaren joera beherakorraren eraginak gelditu —edota zehatzago esanda, leundu— daitezen.

Baina sindikatuak soldataren mesedetan irabazia apurka- apurka murrizteko instrumentu bilakatu nahi badira, bi baldintza sozial hauek bete beharko lirateke: 1) klase ertainen proletarizazioa eta langile klasearen hazkuntza etetea, eta 2) lanaren produktibitatearen igoera etetea. Hau da, bi kasuetan —eta teoria kooperatibisten kasuan gertatzen zen bezala— kapitalismo garatuaren garaikoak baino zaharragoak diren baldintzetara itzultzea eskatzen dute baldintza hauek. Horrenbestez, erreforma bernsteinianoaren bi baliabideak, kooperatibak eta sindikatuak, ez dira aski ekoizpen modu kapitalista eraldatzeko. Bernsteinek honen inguruko intuizio ilunen bat du eta proposamen hauek irabazi kapitalistatik zati txikiren bat atzamarkatzeko baliabide soil bezala hartzen ditu, era honetan langileak aberasteko helburuz. Modu honen bitartez, alde batera uzten du ekoizpen modu kapitalistaren aurkako borroka eta mugimendu sozialdemokrata banaketa kapitalistaren aurkako borrokara bideratzen du. Bernsteinek, bere liburuan, behin eta berriz definitzen du bere sozialismoa banaketa “justu”, “justuago” edota “are justuago” baten aldeko nahi gisa, eta 1899ko martxoaren 26ko Vorwärtsean berriro errepikatzen du ideia hau.

Ezin uka liteke masa herrikoiak mugimendu sozialdemokratara eramaten dituzten arrazoi garrantzitsuenetariko bat ordena kapitalistaren berezkoa den banaketa “bidegabea” dela. Ekonomia osoaren sozializazioaren alde borrokatzen denean, sozialdemokraziak, aldi berean, aberastasun sozialaren banaketa “justuago” baten alde borrokatzen du. Desberdintasuna zera da, marxismoaren ikuspegiei esker, eta banaketa modua ekoizpen moduaren ondorio naturala dela jakinik, sozialdemokraziak ez duela ekoizpen kapitalistaren testuinguruan banaketa modua aldatzeko borrokatzen, ekoizpen kapitalista bera abolitzearen alde baizik. Hitz batean, sozialdemokraziak banaketa sozialista ezarri nahi du horretarako ekoizpen modu kapitalista suntsituz, Bernsteinen proposamena guztiz kontrakoa den bitartean: banaketa kapitalistaren aurka borrokatzea pixkanaka ekoizpen modu sozialista ezarriko denaren itxaropenarekin. Eta kasu honetan, zertan oinarritzen du Bernsteinek bere erreforma soziala? Ekoizpen kapitalistaren joera jakin batzuetan? Ez, inondik ere; hasteko, Bernsteinek joera hauek ukatu egiten baititu, eta gainera, ekoizpenaren eraldaketa ez banaketaren kausa bezala, baizik eta efektu moduan ikusten baitu. Ondorioz, bere sozialismoaren justifikazioa ezin daiteke ekonomikoa izan. Helburuen eta baliabideen ordena buruz behera jartzean, eta hauekin erlazio ekonomikoak ere modu berean ipintzean, Bernsteinek ezin ditu bere programaren zimentuak oinarri materialen gainean ezarri, oinarri idealistetara jotzera beharturik aurkitzen da.

“Zein arrazoirengatik ondorioztatu behar da sozialismoa behar ekonomiko batetik?” dio Bernsteinek. “Zein arrazoirengatik degradatu behar dira gizakiaren adimena, justizia espiritua, borondatea?” (Vorwärts, 1899-3-26). Bernsteinentzat, berak proposatzen duen banaketa justua ez da behar ekonomiko baten ondorio izango, gizakiaren hautamen askearena baizik; edota zehatzago esanda, borondatea bera instrumentu bat besterik ez denez, banaketa justu hau justizia ulertzearen ondorio izango da, justiziaren ideia ulertzearen ondorioa.

Eta honela, pozez beterik, justiziaren printzipiora iritsi gara, duela milaka urtetatik munduaren erredentore guztiek, garraiobide historiko seguruago baten falta dela eta, zaldiz ibiltzeko erabili duten zelara, historiako On Kixote guztiak mundu erreforma handirantz zuzendu dituen Rozinante ahulera, azkenean ezer garbirik atera gabe, makilkada batzuk salbu. Aberatsen eta txiroen arteko erlazioa sozialismoaren oinarri sozial bezala, kooperatibismoaren “printzipioa” edukin gisa, “banaketa justuago bat” helburu, justiziaren ideia bere legitimazio historiko bakar... Duela berrogeita hamar urte baino gehiago defendatu zuen sozialismo mota hau Weitlingek, indar, izpiritu eta distira gehiagorekin gainera. Gogoratu behar da geinuzko jostun hark oraindik ez zuela sozialismo zientifikoa ezagutzen. Baina Marxek eta Engelsek bere garaian apurtu zuten Weitlingen sozialismo hura berriro ere josi eta proletalgoari zientziaren azken hitza balitz bezala eskaintzeko eginkizunak, horrek ere bai, jostun bat behar du... baina ez oso geinuzkoa.

Sindikatuak eta kooperatibak errebisionismoaren zutabe ekonomikoak diren bezala, beraien oinarri politiko garrantzitsuena demokraziaren garapen jarraia eta aurrerakorra da. Egungo danbateko erreakzionarioak errebisionismoari kasualitatezko “asaldura” iragankorrak direla iruditzen zaizkio, eta ahaztu beharrekoak gainera langile mugimenduaren borrokaren jarraibide orokorrak ezartzerako garaian. [Garrantzitsuena, hala ere, ez da Bernsteinek, bere lagunek eman dizkioten ahozko edo idatzizko bermeengatik zein ideia duen erreakzioaren inguruan, demokraziaren eta gizarte garapen errealaren artean aurkitzen den barne konexioa eta objetiboa baizik.

Bernsteinen uztez, demokrazia ezinbesteko fase bat da gizarte modernoaren garapenean. Berarentzat, liberalismoaren teorialari burgesentzat bezala, demokrazia garapen historikoaren oinarrizko lege handia da, eta bizitza politikoaren indar guztiek bere gauzatzearen zerbitzura egon behar dute. Baina modu absolutu honetan adierazirik, hau erabat faltsua da eta ez da azken 25-30 urteetako garapen burgeseko epe labur batean eman diren emaitzen eskematizazio burges txiki eta azaleko bat baino. Demokraziaren garapen historikoa gertuagotik aztertzen badugu eta aldi berean kapitalismoaren historia politikoa kontuan hartzen bada, ondorioa erabat bestelakoa da.

Demokrazia antolaketa sozial anitzetan aurkitzen da: gizarte komunista primitiboetan, Aintzinateko estatu esklabistetan eta Erdi Aroko hiri-komunetan. Absolutismoa eta monarkia konstituzionala ere testuinguru ekonomiko benetan desberdinetan aurki ditzakegu. Bestalde, kapitalismoak, bere haseretan, merkatal-ekoizpenaren garaian, ikuspegi demokratiko bati ireki zion bidea Erdi Aroko hirietako komunetan; gerora, forma helduago bat hartu zuenean, manufakturaren itxuran, monarkia absolutuan aurkitu zuen zegokion forma politikoa; eta azkenik, jada industria ekonomi garatu bezala, Frantzian, era txandakatuan, errepublika demokratiko bat (1793), Napoleon Iaren monarkia absolutua, Berrezarkuntza garaiko (1815-30) monarkia aristokratikoa, Luis Feliperen monarkia konstituzional burgesa, berriro ere errepublika demokratikoa, ondoren Napoleon IIIren monarkia eta azkenik, hirugarren aldiz, errepublika ekarri zituen berarekin. Alemanian, egiazki demokratikoa den instituzio bakarra, sufragio unibertsala, ez zen liberalismo burgesaren konkista bat izan, estatu txikien fusio politikorako instrumentu bat baizik, eta zentzu horretan bakarrik du garrantziaren bat burgesia alemaniarraren garapenerako, beste aldetik monarkia konstituzional erdi-feudal batekin konformatzen baita. Errusian kapitalismoa, denbora luzez, ekialdeko autokraziarenpean loratu zen, burgesiak demokrazia ezartzeko nahirik txikiena ere azaldu ez duelarik.

Austrian, sufragio unibertsalak hondoratzen eta deskonposatzen ari den monarkia baten flotagailu bat dirudi eta sufragio honek egiazko demokrazia zein modu eskasean suposatzen duen 14. parrafoak indarrean jarraitzeak erakusten du. Azkenean, Belgikan, proletalgoak sufragio unibertsala konkistatu izanak militarismoaren ahulezia erakutsi zuen, hau da, herrialdearen egoera politiko-geografiko benetan berezi bat, eta ez da burgesiak konkistaturiko “demokrazia zati” bat, burgesiaren aurka konkistaturiko demokrazia zati bat baizik. Demokraziaren aurrerakada etenik gabea, bai gure errebisionismoak eta bai liberalismo burgesak giza historiaren oinarrizko lege bezala ikusten dutena (historia modernoaren garaia behintzat), zehaztasunez aztertuz gero kimera bat dela konturatuko gara. Ezin ezar liteke lotura orokor eta absoluturik garapen kapitalistaren eta demokraziaren artean. Forma politiko jakin bat barneko eta kanpoko faktore politikoen batuketa osoaren emaitza da beti, eta erregimen politikoen eskala guztia hartzen du, monarkia absolututik abiatuta errepublika demokratikorarte.

Horregatik, demokratizazioaren aurrerakadaren eskema ezin dezakegu garapen historikoaren lege orokor gisa ikusi, ezta gizarte modernoaren testuinguruan ere. Gizarte burgesaren egungo fasea behatuz gero, zera ikusiko dugu, faktore politikoek ez dutela Bernsteinen iritzia baieztatzen eta gainera, gizarte burgesa, orain arte eginiko konkista demokratikoak alde batera uzteko joerara ari dela bideratzen.

Batetik, erakunde demokratikoek, eta hau oso garrantzitsua da, hein handi batean jada bete dute garapen burgesean zegokien eginkizuna. Estatu txikien batasunerako eta herrialde moderno handien ezarpenerako (Alemania, Italia) beharrezkoak izan ziren bezala, egun ezinbestekoak izateari utzi diote dagoeneko. Garapen ekonomikoak, bien bitartean, barne batasun organiko bat sortzeko denbora izan du eta ondorioz jada demokraziaren bendak kendu daitezke, honek gizarte burgesen organismorako arriskurik suposatu gabe.

Gauza berdina esan liteke Estatuaren makineria politikoadministratibo guztiaren eraldaketaren inguruan, mekanismo erdi-feudal edota erabat feudala izateari utzi baitio, kapitalista bilakatuz. Eraldaketa hau, historikoki demokraziarekiko bereiztezina dena, hain maila gorenera iritsi da ezen posible dela bizitza politikoko osagai demokratiko guztiak ezabatzea, sufragio unibertsala edota Estatuaren forma errepublikarra esaterako, administrazioak, finantza publikoek edota antolaketa militarrak martxoko iraultza baino lehenagoko formetara itzuli beharrik izan gabe.

Modu honetan ikus daiteke liberalismoa, izatez, premiazkoa ez den zerbait bilakatu dela gizarte burgesarentzat, eta kasu askotan egiazko oztopo ere bihurtu dela. Egungo herrialdeen bizitza politikoa erabat menperatzen duten bi faktore agertzen dira hemen: mundu mailako politika eta langile mugimendua, garapen kapitalistaren oraingo fasearen aspektu ezberdinak direnak.

Mundu ekonomiaren garapenagatik eta mundu-merkatuagatiko borroka lehiakorra sakondu eta orokortu egin denez, militarismoa eta itsas-nagusigoa, mundu politikaren instrumentu gisa, faktore erabakigarriak bilakatu dira, bai estatu handien barne-politikari bai kanpo-politikari begira. Eta mundu mailako politikak eta militarismoak, kapitalismoaren fase honetan, joera gorakor bat badute, ondorioa logikoki zera da, demokrazia burgesa joera beherakor batean mugituko dela. Adibiderik konbentzigarriena: Batasun amerikarra Espainiaren aurkako gerraren ondoren. Frantzian Errepublika batez ere nazioarteko politikaren egoerari esker mantentzen da, oraingoz berehalako gerra bat ezinezkoa egiten duena. Hau lehertuko balitz, eta zantzu guztien arabera hau suposatzekoa da, eta Frantzia mundu mailako jarraibideen arabera armaturik aurkituko ez balitz, guda zelaiko lehen porrot frantziarraren emaitza monarkiaren aldarrikapena izango litzateke Parisen. Alemanian, eskala handiko armamentismoaren aro berriak (1893) eta Kiao-chouen hasera eman zitzaion mundu mailako politika berriak demokrazia burgesaren bi biktima ekarri zituen segidan: zentruaren erorketa eta liberalismoaren dekadentzia.

Kanpo politikak burgesia erreakzioaren besoetara bultzatzen badu, beste hainbeste gertatzen zaio barnean, langile klasearen gorakada dela eta. Bernsteinek berak hau onartzen du hau, sozialdemokraziaren “asezintasun kondaira”, hau da, langile klasearen esfortzu sozialistak, burgesia liberalaren desertzioaren arduradun egiten dituenean. Ondorioz, Bernsteinek proletalgoari bere xede sozialista alde batera uzteko kontseilua ematen dio, beldurrez jota dagoen liberalismoa kabi-zulo erreakzionariotik atera ahal izateko. Baina langile mugimendu sozialistaren abolizioa demokrazia burgesaren hil ala biziko baldintza eta behar sozial bilakatzen duenean, Bernsteinek berak argi uzten du modurik konbentzigarrienean demokrazia hau kontraesanean aurkitzen dela egungo gizartearen barne garapenaren joerarekin eta langile mugimendu sozialista joera honen emaitza zuzena dela.

Gainera, demokrazia burgesa biziberritzeko oinarrizko baldintza sozialismoaren azken helburua alde batera uztea dela aipatzen duenean, Bernsteinek beste zerbait erakusten du: zein modu eskasean den beharrezkoa demokrazia burges hori mugimendu sozialistarentzat eta bere garaipenarentzat. Momentu honetan, Bernsteinen arrazoiketa gurpil zoro bat bihurtzen da, ondorioak bere “premisa” irensten du.

Gurpil zoro honetatik ateratzea oso erraza da: gorakadan datorren langile mugimenduaren eta bere helburuen aurrean erabat beldurturik, burgesiak bere arima deabruari saldu diola argi geratu ostean, esan liteke langile mugimendu sozialista dela gaur egun demokraziaren babes bakarra eta mugimendu sozialistaren etorkizuna ez dela demokrazia burgesaren eskuetan aurkitzen, demokraziaren etorkizuna dela mugimendu sozialistaren eskuetan aurkitzen dena. Hau da, demokrazia ez da bideragarriagoa langile klaseak bere askapenerako borroka alde batera uzten duen heinean, baizik eta nazioarteko politikaren ondorio erreakzionarioei eta burgesiak demokrazia alde batera utzi izanari aurre egiteko adina indartzen den neurrian baizik. Beraz, demokrazia indartzea nahi duen orok mugimendu sozialistaren indartzea ere nahi izan behar du, eta ez bere ahultzea; sozialismoaren aldeko borroka alde batera uzten duenak langile mugimendua eta demokrazia ere alde batera uzten ditu.

Kautskyri emandako “erantzunaren” amaieran, 1899ko martxoaren 26ko Vorwärtsean, Bernsteinek sozialdemokraziaren programa praktikoarekin erabat ados dagoela azaltzen du eta soilik alderdi teorikoan duela eragozpenen bat. Hau alde batera utzita, Bernsteinek eskubide osoz alderdiaren ondoan joan daitekeela uste du, izan ere, zer “garrantzia” izan dezake “alderdi teorikoko” esaldiren bat berak duen prozesuaren ikuspegiarekin bat ez etortzeak? Kasurik onenean, azalpen honek Bernsteinek sozialdemokraziaren ekinbide praktikoaren eta bere oinarri orokorren arteko elkarloturaren zentzua zenbateraino galdu duen erakusten digu, hitz berberek esanahi berbera izateari utzi diotelarik entzulea alderdia izan edota Bernstein izan. Errealitatean, ikusi dugun bezala, Bernsteinen teoriek oinarrizko egitate sozialdemokrata bat uzten dute begibistan, oinarri teorikorik gabe borroka politiko praktikoak ez duela zentzurik, azken helburu sozialista alde batera uzteak mugimendua bera ere desagertarazi egiten duela.