Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Garapen ekonomikoa eta sozialismoa

Wikitekatik

Bigarren Zatia

1. Garapen ekonomikoa eta sozialismoa

Proletalgoaren klase borrokako konkistarik handiena sozialismoa burutu ahal izateko oinarriak gizarte kapitalistaren erlazio ekonomikoetan aurkitzen direla topatzea izan da. Modu honetan, sozialismoak milurteetan zehar gizateriak irrikatu duen “ideal” bat izateari utzio dio eta behar historiko bilakatu da. Bernsteinek gizarte honetan sozialismorako baldintza ekonomiko hauek egotea ukatu egiten du eta, hau arrazoitzen duenean, eboluzio interesgarri bat jarraitzen du berak. Haseran, industriaren kontzentrazio prozesuaren azkartasuna ukatzera mugatzen zen Neue Zeuiten, bere arrazoiketa 1882tik 1895era bitarteko datu estatistiko alemaniar batzuen konparaketan oinarrituz. Emaitza hauek bere helburuetarako erabiltzeko, prozedura sumario eta mekanikoetara jo behar izan zuen. Baina bere tesiarentzat mesedegarrienak ziren kasuetan ere, enpresa ertainaren mantentzeari buruzko aipamenetan kasu, Bernsteinek ezin izan zituen analisi marxistaren oinarriak ahuldu, azken honek sozialismoa gauzatzeko ez baititu ez industriaren kontzentrazioaren erritmo jakin bat, hau da, epe jakin bat, eta ezta, frogatu dugun bezala, kapital txikien, hau da, burgesia txikiaren erabateko desagerpena ere aurre suposatzen.

Bere ikuspuntua azaltzen jarraitzen duenean, Bernsteinek froga berriak ematen dizkigu, elkarte anonimoen estatistikaren kasuan bezala, eta bere helburu bakarra akzioen jabeen kantitatea etengabeki hazten dela frogatzea da, ondorioz klase kapitalista murrizten ez delarik, hazi baizik. Harrigarria da, Bernsteinek bere materiala ez duela ezagutzen eta honi ateratzen dion probetxu urria egiaztatzea. Bernsteinek industria garapenaren lege marxista gezurtatu nahiean, elkarte anonimoetaz baliatu nahi bazuen, zifra erabat ezberdinetara jo behar zuen. Alemaniako elkarte anonimoenhistoria ezagutzen duen orok badaki hauetako bat sortzeko hasierako batazbesteko kapitala murrizte etengabean aurkitzen dela. Honela, 1871ren aurretik kapital honek 10,8 milioi marko inguru suposatzen zuen; 1871n 4,01 milioi bakarrik ziren; 1873an, 3,8 milioi; 1883tik 1887ra, milioi bat baino gutxiago; 1891n jada 0,56 milioi ziren; eta 1892an, 0,62 marko.

Ordutik, kantitateak milioi bat markoren inguruan mugitzen dira, 1895eko 1’78tik 1897ko lehen seihilabeteko 1,19ra eroriz. Zifra harrigarriak! Hauekin Bernsteinek enpresa txikirako itzulerarako teoria antimarxista oso bat eraiki ahal izango luke. Baina kasu honetan, edozeinek erantzun ahalko lioke: estatistika horrekin zeozer frogatu nahi baduzu, egin beharko zenukeen lehen gauza azterketa hori ea industriaren adar berdinei buruz ari den frogatzea izan beharko litzateke, eta industria txikiek ea industria handiak ordezkatzen dituzten ikusi beharko zenuke, eta ez beraiek baino txikiagoak direnak, kapital indibidualak edota artisau tailerrak. Baina hau frogatzea ezinezkoa da. Elkarte anonimo ertainen eta txikien ugaltze estatistikoa akzio bidezko kapitalak ekoizpen adar berrietara sartzen jarraitzen duelako azal daiteke soilik, eta baita hasera batean elkarte anonimoen forma juridiko hau enpresa handi gutxi batzuek hartu bazuten ere, gerora pixkanaka enpresa ertainak eta txikiak hau hartuz joan zirelako ere. (Egun mila marko baino gutxiagoko kapitala duten elkarte anonimoak daude).

Zein da elkarte anonimoen hedapenaren esanahia ekonomia politikoaren ikuspuntutik? Ekoizpenaren sozializazioaren aurrerakada bere modu kapitalistan. Eta ez ekoizpen handiarena bakarrik, baita ertainarena eta txikiarena ere. Hau da, elkarte anonimoen hedapenak ez du teoria marxista ez kontraesaten bakarrik, modu bikainean baieztatzen du berau. Zertan datza elkarte anonimoen fenomeno ekonomikoak? Alde batetik, aberastasun txiki asko batu egiten dira ekoizpen kapital handi batean; bestetik, ekoizpenaren eta kapitalaren jabegoaren arteko bereizketa da, hau da, ekoizpen modu kapitalistaren gainditze bikoitz bat da, nahiz eta oraindik oinarri kapitalista batekin ematen den.

Hausnarketa honen aurrean, zer adierazten dute Bernsteinek enpresa berberean parte hartzen duten akzionista kopuru handien inguruan ematen dituen estatistikek? Zera adierazten dute, momentu hauetan, enpresa kapitalista bat jada ez dela kapitalista indibidual bakar batena, iraganean bezala, baizik eta kapitalista multzo batena; ondorioz, “kapitalista” kontzeptu ekonomikoa jada ez dagokiola indibiduo isolatu bati; egungo kapitalista industriala pertsona kolektibo bat dela, ehundaka eta milaka pertsona fisikok osatzen dutena; “kapitalista” kategoria berbera, kapitalismoaren testuinguruan bertan ere, kategoria sozial bat bilakatu dela, sozializatu egin dela.

Nola da posible, hau ikusita, Bernsteinek elkarte anonimoen fenomenoa justu kontrako aldera ulertzea —zatiketa bat bezala, kapitalaren kontzentrazio bezala ikusi beharrean— eta jabego kapitalistaren hedapena ikustea Marxek bere ezereztapena ikusten duen lekuan? Ekonomia arruntaren akats sinple batengatik: Bernsteinek kapitalista adiera ez du ekoizpenaren kategoria baten gisa ikusten, jabegoaren eskubide bezala baizik; ez du unitate ekonomikoa ikusten, unitate fiskala baizik; eta kapitala ez du ekoizpenaren barneko osotasun bat bezala ikusten, diru-ondasunen moduan baizik. Horregatik, josteko hariaren trust ingelesaren adibidea ematen duenean, ez du dirua duten 12.300 pertsonen fusioa ikusten unitate kapitalista bakar batean, 12.300 kapitalista ezberdin baizik. Honela, Schulze injeniaria kapitalista dela iruditzen zaio, bere emaztearen ezkonsariak “akzio kopuru handi bat baitzekarren berarekin” (54.orria). Horregatik, Bernsteinen ustez, “kapitalistak” munduan zehar ugaltzen ari dira.

Hemen ere ekonomia arruntaren ezjakintasunak balio dio Bernsteini sozialismoaren aurka egiteko oinarriko teoriko moduan. “Kapitalista” kontzeptua ekoizpen erlazioen esparrutik jabego erlazioen esparrura eramaten duenean eta “pertsonei” buruz hitz egiten duenean “enpresariei buruz beharrean” (53.orria), Bernsteinek, sozialismoaren auzia, ekoizpenaren esparrutik ondare-erlazioen esparrura darama, hau da, kapitalaren eta lanaren arteko erlazioetatik aberatsen eta txiroen arteko erlazioetara.

Era honetan Marxengandik eta Engelsengandik “Arrantzale behartsuaren Ebanjelioaren” autorearengana goaz, baina desberdintasun batekin: Weitlingek29, sen proletario fin batekin, klase antagonismoen forma primitibo bat atzeman zuela aberatsen eta txiroen arteko oposizioan, hau mugimendu sozialistarentzako palanka bat bilakatuz, eta Bernsteinek, bestalde, sozialismoaren gauzatzea txiroak aberats bilakatzean ikusten duela, hau da, klase antagonismoen desagerpenean baina zentzu burges txiki batean.

Bernstein ez da diru-sarreren estatistiketara mugatzen, hainbat herrialdeetako beste enpresa batzuen datuak ere ematen dizkigu: Alemaniakoak, Frantziakoak, Ingalaterrakoak, Suitzakoak, Austriakoak eta Estatu Batuetakoak. Baina, zein estatistika dira horiek? Ez dira herrialde bateko garai desberdinetako datuak, garai bakoitzeko datuak baizik herrialde desberdinetan. Alemaniaren salbuespenarekin, non 1882aren eta 1895aren arteko kontraste zaharra errepikatzen duen, Bernsteinek ez du herrialde bateko enpresen egituraketa konparatzen garai ezberdinetan, herrialde ezberdinetako zifra absolutuak baizik: Ingalaterrarentzat, 1891koak; Frantziarentzat, 1894koak; Estatu Batuentzat, 1890ekoak, etab. Ateratzen duen ondorioa honakoa da: “Enpresa handia industrian gailentzen dena dela egia bada ere, egia da, era berean, Prusian, hauen menpeko enpresak ere kontuan hartuta, populazio aktiboaren erdia soilik suposatzen duela ekoizpenean”. Gauza berbera gertatzen da Alemanian, Ingalaterran, Belgikan, etab. (84.orria).

Baina Bernsteinek modu honetan ez du garapen ekonomikoaren joera baten edo bestearen existentzia frogatzen, enpresa forma ezberdinen eta ekoizpen klase ezberdinen arteko indar erlazio absolutua baizik. Honetatik abiatuta sozialismoaren ezinezkotasuna frogatu nahi bada, hau beste teoria honetatik eratortzen duelako da: borroka sozialen emaitzak indarren arteko kantitatezko korrelazio batean oinarritzean, hau da, biolentzia puruaren momentuan. Eta honela, Bernstein, blanquismoaren30 aurkari sutsua, akats blanquista larrienean erortzen da, desberdintasun batekin; blanquismoak, joera sozialista eta iraultzailea den heinean, sozialismoa ezartzeko posibilitate ekonomikoa aurresuposatzen duela eta helburu honetara zuzentzen duela bere biolentzia iraultzailea, nahiz eta gutxiengo txiki batena izan. Bestalde, Bernsteinek ondorioztatzen duena zera da, gehiengo jende kopuru sozialista bat ez existitzeak sozialismoa ezinezko bilakatzen duela. Errealitatean, sozialdemokraziak ez du bere azken helburua ez gutxiengo baten biolentzia arrakastatsuaren bitartez ez gailentasun numerikoaren ondorioz lortzerik espero, behar ekonomiko baten —eta behar hau ulertzearen— emaitza bezala baizik, honek langile masek kapitalismoa ezereztea ekarriko duelarik. Eta behar hori, batez ere, anarkia kapitalistan adierazten da. Ekonomia kapitalistako anarkia honen auzi erabakigarriaren inguruan, Bernsteinek krisi orokor handiak ukatu egiten ditu, baina ez partzialak edota nazionalak. Hau da, anarkia askoren posibilitatea ukatzen du, baina ez pixka batena. Bernsteinen arabera, ekonomia kapitalistari, Marxen hitzak erabiliz, ume bat izan zuen neskatila burugabe hark gertaera hartaz barkamena eskatzen zuenean esaten zuena gertatzen zaio: “Bai, baina oso txikia da”. Okerrena zera da, ekonomiaren auzietan bezalakoetan, anarkia askok edo gutxik kaltegarritasun berbera duela. Bernsteinek anarkia apur baten existentzia baieztatzen badu, merkatu-ekonomiaren dinamika bera arduratuko da berau inoiz ikusi gabeko mailetaraino handitzera, kolapsoraino eraman arte. Baina Bernsteinek anarkia gutxi hori gradualki ordena eta harmonia bilakatu nahi badu, aldi berean merkantzien ekoizpen sistema mantenduz, berriro ere ekonomia arruntaren oinarrizko akats batean erortzen da, ekoizpen modua eta banaketa modua elkarren artean independenteak direla pentsatzera alegia.

Hau ez da Bernsteinek bere liburuan ekonomia politikoaren printzipio oinarrizkoenen inguruan duen konfusio harrigarria bere osotasunean azaltzeko momentua, baina bada argitu beharreko puntu bat, anarkia kapitalistaren oinarrizko auzira garamatzana.

Bernsteinek Marxen balioaren legea abstrakzio huts bat dela azaltzen du, bere ustetan, duen ekonomia politikoaren ikuspegiagatik irain bat suposatzen duena begibistan denez. Eta abstrakzio huts bat bada, “irudikeria mental” bat (44.orria) ondorioz, zerbitzu militarra egin duen eta bere zergak ordaintzen dituen hiritar zintzo orok Karl Marxen eskubide berbera du edozein zentzugabekeria “irudikeria mental” bilakatzeko, hau da, bere balioaren lege bilakatzeko: “Böhm-Jevonsen eskolak merkantzien propietate guztien inguruan, erabilgarritasuna alde batera utzita32, abstrakzioak egiteko adina eskubide du Marxek merkantzien propietateen inguruan abstrakzioak egiteko, hauek giza lanaren kantitateen materializazioetara murriztuz” (42. orria).

Beste era batera esanda, Bernsteinentzat, marxismoaren sozialki beharrezkoa den lana eta Mengerren erabilgarritasun abstraktua antzekoak dira: abstrakzio hutsa biak ala biak. Bernsteinek erabat ahazten du Marxen abstrakzioa ez dela asmakuntza bat, aurkikuntza bat baizik; ez dela Marxen buruan existitzen, merkatu ekonomian baizik; bere existentzia ez dela irudimenezkoa, erreala eta soziala baizik, hain erreala ezen moztu, batu, pisatu eta inprimitu ere egin daitekeen. Bere formarik garatuenean, Marxek aurkitutako giza lan abstraktua, ez da dirua besterik. Hauxe da bereziki Marxen aurkikuntza ekonomikorik geinuzkoenetarikoa, ekonomia burges osoarentzat, lehen merkantilistetatik abiatuta azken klasikoetararte, diruaren esentzia mistikoak zazpi zigiluz itxitako liburu bat izaten jarraitzen duen bitartean.

Honen aurrean, Böhm-Jevonsen eskolaren erabilgarritasun abstraktua izatez irudikeria mental bat da. Edota hobeto esanda, ezjakintasunaren islada da; ez kapitalismoa ez beste motaren bateko edozein gizarte ezin daitezke inozotasun honen arduradun egin, ekonomia burges arrunta soilik baizik. “Irudikeria mental” hau buruan dutela Bernstein, Böhm, Jevons eta kofradia subjetibo osoa diruaren misterioaren aurrean egon daitezke hogei urtetan zehar, eta hala ere ez lirateke, beraien laguntzarik gabe, inozoenak ere badakien ondorioraino baino urrunago iritsiko: dirua ere gauza “erabilgarri” bat dela jakitera. Honela bada, Bernstein jada ez da gai balioaren lege marxista ulertzeko. Hala ere, doktrina ekonomiko marxistarekin zerbait ohiturik dagoen edonork argi ikusiko du balioaren lege hau gabe doktrina hau ulertezina dela. Edota zehatzago esateko: merkantziaren izaera eta bere elkartrukearena ulertu gabe, ekonomia kapitalista osoa eta bere barne-erlazioak misterio bilakatzen dira.

Eta zein izan zen Marxi fenomeno kapitalisten sekretuetara iristea baimendu zion giltza magikoa, joku baten moduan, Smith eta Ricardo bezalako ekonomia burges klasikoaren gorentasun nabarienek ere susmatu ez zituzten arazoak argitzen lagundu ziona? Ekonomia kapitalista osoa adierazpen historiko baten moduan ikustea hain zuzen, eta ez soilik atzera begiratuz, ekonomia klasikoa kasurik hoberenean irits zitekeen bezala, baita aurrera begira ere, hau da, ez iragan feudalaren inguruko auziei begira bakarrik, baita etorkizun sozialistari begira ere. Balioaren teoria marxistaren sekretua, diruaren analisiarena, kapitalaren teoriarena, irabazi tasaren teoriarena eta ondorioz sistema ekonomikoaren osotasunarena ekonomia kapitalistaren izaera iragankorrean datza, hau da, bere kolapsoak sozialismora eramango duenaren ezinbestekotasunean —eta hona hemen bere atzeko aldea—. Marxek ekonomia kapitalistaren jeroglifikoak deskodetu bazituen hauek, hain zuzen, ikuspuntu sozialista batetik aztertu zituelako izan zen bakarrik, hau da, ikuspegi historiko batetik aztertu zituelako. Eta gizarte burgesaren analisia ikuspuntu sozialista batetik burutu zuelako ezarri ahal izan zituen sozialismoaren oinarri zientifikoak. Ikuspuntu honetatik interpretatu behar dira Bernsteinek bere liburuaren azken aldera egiten dituen behaketak, “Marxen lan handian zehar [Kapitala] aurkitzen den dualismoaz” kexatzen denean, “lan honek ikerketa zientifiko bat izan nahi baitu, eta aldi berean, liburua egin aurretik landutako tesi bat frogatu nahi baitu, hau da, lanaren garapenak emaitza gisa ekarri beharko lukeen ondorioa jada aurretiaz finkaturik duen eskema batean oinarritzen da. Manifestu Komunistarako itzulerak [hau da, azken helburu sozialistarako itzulerak!]

Baina “dualismo” marxista ez da etorkizun sozialistaren eta orain kapitalistaren, kapitalaren eta lanaren, burgesiaren eta proletalgoaren, arteko dualismoa besterik; ordena sozial kapitalistan aurkitzen den dualismoaren, bere klase antagonismoen islada zientifiko itzela da.

Eta Bernsteinek Marxen dualismo teoriko honetan “utopismoaren hondakinak” besterik ikusten ez baditu, gizarte burgeseko klase kontraesanak ukatzen dituela aitortzen du zintzotasun osoz, eta berarentzat, sozialismoa ere “utopismoaren hondakin” bat dela erakusten digu. “Monismoa”, hau da, Bernsteinek emandako ordenaketa, kapitalismoa betiereko unitate bezala ikustea da, bere azken helburua alde batera utzi duen sozialista zahar baten ordenaketa da, gizarte burgesean, bakarra eta aldaezina den honetan, giza garapenaren gailurra ikusi duelarik.

Kapitalismoaren egituran bertan sozialismorako garapena ez ikustean, Bernsteinek, programa sozialista formetan bada ere salbatzeko bederen, eraiketa idealista batera jo behar du, garapen ekonomikoarekin zerikusirik ez duen eraiketa batera, honela sozialismoa, garapen sozialaren fase jakin bat izatetik “printzipio” abstraktu izatera eraldatzeko.

Hau ikusita, printzipio kooperatibista —Bernsteinek ekonomia kapitalista apaintzeko erabili nahi duen azken helburu sozialistaren “kintaesentzia” sotil hori— jada ez da bere teoria burgesak gizartearen etorkizun sozialistari egiten dion kontzesio gisa agertzen, Bernsteinen iragan sozialistari egiten zaion kontzesio gisa baizik.