Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Errebisionismoaren ondorio praktikoak eta izaera orokorra

Wikitekatik

5. Errebisionismoaren ondorio praktikoak eta izaera orokorra

Lehen kapituluan teoria bernsteiniarrak, bere oinarri teorikoei dagokienean, programa sozialistaren oinarri materiala kentzen duela eta oinarri idealista bat ematen diola frogatzen saiatu gara. Baina, zer gertatzen da teoria praktikara eramaten denean? Lehen begibistakoan, badirudi bere praktika ez dela orain arte sozialdemokraziak eraman duen praktikarekiko bereizten. Sindikatuak, erreforma sozialen aldeko borroka eta erakunde politikoen demokratizazioa alderdi sozialdemokrataren aktibitatearen eduki formala izan ohi dira. Baina desberdintasuna finkatzen duena ez da zer galdetzailea, nola baizik.

Egun, borroka sindikala eta praktika parlamentarioa proletalgoa, botere politikoaren konkistari begira, apurka-apurka hezteko eta bideratzeko baliabide gisa ikusten dira. Hala ere, ikuspegi errebisionistatik, konkista hori ezinezkotzat eta alferrikakotzat ikusten da, eta horrexegatik alderdiak ekinbide sindikalaren eta parlamentarioaren berehalako emaitzak hartu behar ditu kontuan bakarrik, hau da, langileen egoera materialaren hobetzea, esplotazio kapitalistaren mugaketa geldoa eta gizarte kontrolaren zabalpena. Langileen egoeraren berehalako hobetzearen helburua alde batera utzita —bi ikuspegientzat amankomuna dena, bai alderdiak orain arte izan duen ikuspegiarentzat eta bai errebisionismoarentzat—, bien arteko desberdintasuna, hitz gutxitan, zera da, lehenarentzat borroka sindikala eta politikoa proletalgoa boterearen konkistaren eginkizunerako prestatzen duelako dela garrantzitsua, hau da, eraldaketa sozialistarako faktore subjetiboa sortzen duelako; bestalde, Bernsteinentzat, borroka sindikala eta politikoa esplotazio kapitalista gradualki mugatzen duelako da garrantzitsua, gizarte kapitalistari pixkanaka bere izaera kapitalista kentzen diolako, izaera sozialista bat ematen diolako, hau da, zentzu objetibo batean eraldaketa sozialista aurrera eramaten duelako.

Auzia xehetasunez aztertuz, bi ikuspegiak diametralki aurkakoak direla ikus daiteke. Alderdiaren ohiko ikuspegian, borroka sindikalaren eta politikoaren bitartez proletalgoak honako hau ulertzea ahalbidetzen da: ezinezkoa dela borroka horrek bere egoera oinarrizko modu batean aldatzea eta ezinbestean botere politikoa konkistatu behar duela. Bernsteinen ikuspegia, ordea, botere politikoa konkistatzea ezinezkoa denaren ustetik abiatzen da, eta ondorioz sozialismoaren ezarpena ekinbide sindikalaren eta politikoaren bidetik bakarrik etor daiteke.

Ikuspegi bernsteinianoaren ustetan, borroka sindikalaren eta politikoaren izaera sozialista ondoko honetan datza, bere eraginak pixkanaka ekonomia kapitalista sozializatzen duenaren ustean. Baina aurretik azaltzen saiatu garen moduan, eragin hori fantasia bat da. Estatu eta jabego kapitalistak kontrako norantzetan doaz. Beraz, sozialdemokraziaren ohiko ekinbide praktikoak, azken finean, sozialismoarekiko erlazio oro galtzen du. Borroka sindikalak eta politikoak bere garrantzia eta bere egiazko izaera sozialista proletalgoaren jakintza sozializatzen duen heinean soilik hartzen du, bere kontzientzia sozializatzen duen heinean, eta hau klase bezala antolatzen laguntzen duen heinean. Baina ekonomia kapitalistaren sozializaziorako instrumentu kontsideratzen badugu, ez du bere ohiko eraginkortasuna bakarrik galtzen, langile klasea boterearen konkistara eramango duen herraminta izateari uzten dio.

Eduard Bernstein eta Konrad Schmidt, alderdiaren borroka lan sindikal arruntera eta erreforma sozialen lorpenera mugatuz azken helburua ez dela alde batera uzten pentsatuz kontsolatzen badira, gaizkiulertu esanguratsu batean aurkitzen dira, izan ere, lehenengo borroka moduak bigarrenaren gainean eragin zuzena duela uste baitute, azken helburura hurbiltzen gaituela, edozein aurrerapen helmuga sozialistari estuki loturik aurkitzen dela pentsatuz, joera bat balitz bezala.

Hauxe da kasua sozialdemokrazia alemaniarraren egungo taktikan, edozein borroka sindikaletan edota erreforma sozialen aldeko gatazketan botere politikoaren konkistarako xede kontziente eta tinkoa ororen aurretik ipintzen baitu, borroka hauek orientatuz. Xede hau mugimendutik bereizteak eta erreforma sozialak helburu bezala ikusteak ez garamatza azken helburua betetzera, sozialismora, beragandik urruntzen gaitu.

Konrad Schmidtek mugimendu mekaniko baten antzeko zerbaitengan du konfidantza, behin martxan jarriz gero geratu ezin den zerbaitengan, jaten hasiz gero apetitua irekitzen denaren arrazoiketa erabiliz, langile klasea erreformekin asetuko ez dela azaltzen baitu, eraldaketa sozialista aurrera eraman arte. Azken ideia hau zuzena da noski, erreforma sozial kapitalistaren askieztasunak bermatzen digu ez asetze hori, baina ideia horretatik ateratzen den ondorioak ondoko kasuan bakarrik izango luke oinarriren bat: erreforma sozial geroz eta handiagoen jarraipen amaigabe baten bitartez egungo ordena sozialetik sozialistara igarotzeko aukera balego bakarrik. Hau, noski, ameskeria hutsa da. Jarraipen hori oso azkar eteten da gauzen izaeragatik beragatik, eta puntu horretatik aurrera mugimenduak jarrai ditzakeen bideak anitzak dira.

Kasu honetan ziurrenik taktika aldatu beharko litzateke, kosta ahala kosta, borrokaren emaitza praktikoren bat lortzeko helburuz, hau da, erreforma sozialak lortzeko helburuz. Eta gure ekinbidearen helburu garrantzitsuenak gure berehalako emaitza bilakatzen diren bezain laster, klaseko printzipiozko jarrera kontziliaezina, helburutzat boterearen konkista duen politika baten kontestuan bakarrik zentzua duena, oztopo bilakatuko da.

Honen ondorio zuzenak “konpentsazioen politika” bat —hau da, konpromezuen politika bat, hau hartu eta hura eman— eta “Estatu ikuspegiz” eginiko jarrera adiskidetzaile bat izango dira. Baina mugimendua ezin daiteke denbora luzez geldirik egon. Kapitalismopean erreforma sozialak, aplikatzen den taktika edozein dela ere, irteerarik gabeko bide bat direnez, programa honen ondorio logikoa erreforma sozialarekiko desilusioa izango da, hau da, Schmoller irakasleak eta bere lagunek aingura bota zuten portu lasaiera iritsiko gara, bi aldeen gustuko izango diren soluzioak aztertuz, erreforma sozialen uretan ibili ostean dena Jainkoaren eskuetan utzi zuten pertsona hauek egin bezala.

Sozialismoa ez da automatikoki eta edozein baldintzarenpean sortzen langile klasearen borrokatik, ekonomia kapitalistak dituen geroz eta kontraesan sakonagoek eta langile klaseak, kontraesan horiek iraultza sozial baten bidez gainditzeko beharra ikusteak dakarren ondorio izan daiteke soilik. Lehena ukatzen bada eta bigarrena alboratu, errebisionismoak egiten duen bezala, langile mugimendua sindikalismo hutsera eta erreformismora mugaturik ikusten da, bere dinamikagatik klaseko ikuspegia alde batera uztera eramanez amaitzen duelarik azkenean.

Ondorio hau begibistakoa da errebisionismoaren izaera orokorra aztertzen badugu. Argi dago errebisionismoa ez dela ekoizpen erlazio kapitalisten oinarri berdinen gainean aurkitzen eta ez dituela kapitalismoaren kontraesanak ukatzen, ekonomilari burgesek egiten duten bezala; teoria marxistaren modura, kontraesan horien existentziaren oinarritik abiatzen da. Baina, hala ere, ikuspegi errebisionistaren puntu nagusia —eta aldi berean orain arteko ikuspegi sozialdemokratarekiko duen oinarrizko desberdintasuna osatzen duena— zera da, bere teoria ez duela kapitalismoaren nahitaezko garapenak, bere emaitza gisa, ekarriko lukeen kontraesan horien gainditzean oinarritzen.

Teoria errebisionista bi muturretatik distantzia berera aurkitzen da: ez ditu kapitalismoaren kontraesanak gorenera eraman nahi gero hauek ekintza iraultzailearen bidez ezabatzeko, kontraesan horiek leundu egin nahi ditu. Honela bada, enpresa- kartelek eta krisien desagerpenak ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesana murriztuko dute, proletalgoaren egoeraren hobetzeak eta erdi mailako klaseen mantentzeak kapitalaren eta lanaren arteko kontraesana ahulduko dute, eta kontrol publikoaren handitzeak eta demokraziaren aurrerakadak klase izaerako Estatuaren eta gizartearen arteko kontraesana arinduko dute.

Sozialdemokraziaren egungo taktika ez da kontraesan kapitalisten muturreko sakontze bati itxarotera mugatzen; taktika iraultzaile ororen esentzia, behin jada aztertu den garapen kapitalistaren norabidean oinarrituta, bertatik borroka politikorako beharrezko orientazioak ateratzean datza, hau azken ondorioetaraino eramateko helburuz. Honela, sozialdemokraziak une oro protekzionismoa eta militarismoaren aurka borrokatzen du, euren izaera erreakzionarioa modu begibistakoan erakutsi duten edo ez itxaron gabe. Bernsteinek, bestalde, bere taktika ez du kapitalismoaren garapena dela eta sakonduko diren kontraesanen ikuspegi batean oinarritzen, hauek leunduko direnaren ikuspegi batean baizik. Berak azaltzen du hau modurik argigarrienean ekonomia kapitalistaren “egokitzapenaz” hitz egiten duenean. Alabaina, noiz izango litzateke zuzena ikuspegi hau? Egungo gizartearen kontraesan guztiak ekoizpen modu kapitalistaren emaitza dira. Kapitalismoak orain arte garatu den bide berean garatuz jarraitzen badu, beragandik bereiztezinak diren kontraesanak, leundu beharrean, larriagotu egingo dira. Kapitalismoaren kontraesanak ekoizpen modu kapitalista bera geldituko balitz soilik leunduko lirateke. Hitz batean, Bernsteinen teoriaren oinarrizko premisa garapen kapitalista etetea da.

Honekin, ordea, bere teoriak bere buruari sententzia ematen dio, eta modu bikoitzean. Batetik, bere izaera utopikoa agerian uzten du azken helburu sozialistarekiko, hasera batetik argi geratzen baita kapitalismoaren garapenaren estankamentuak ezin eraman gaitzakeela eraldaketa sozialista batera, teoria honen ondorio praktikoen inguruko gure analisia baieztatuz; bigarrenik, Bernsteinek bere izaera erreakzionarioa erakusten du, kapitalismoa egun jasaten ari den garapen azkarra ikusita. Hemen galdera hau aurkezten zaigu: garapen kapitalista erreal hau ikusirik, nola azaldu, edota hobeto esanda, nola definitu Bernsteinen posizioa?

Lehen kapituluan Bernsteinek bere egungo erlazio ekonomikoen analisia sostengatzeko erabiltzen dituen premisa ekonomikoen, hau da, bere “egokitzapen” kapitalistaren teoriaren faltsutasuna frogatu dugula uste dugu. Atal horretan kredituak eta kartelak ezin direla “egokitzapenerako baliabidetzat” hartu ikusi genuen, krisien momentuko desagerpena edota klase ertainen mantentzea egokitzapen kapitalista horren sintoma bezala ikus ezin daitezkeen bezala. Euren faltsutasunaz gain, aipaturiko egokitzapenaren teoriaren zehaztasun guztiek zeinu bereizgarri bat dute amankomunean: Bernsteinen teoriak ez ditu bizitza ekonomikoaren fenomenoak garapen kapitalistaren osotasunarekiko erlazio organikoan ikusten, ez ditu mekanismo ekonomiko osoarekin konexioan ikusten, konexio hauetatik bereizita ikusten ditu, euren kontestu ekonomikotik isolatzen ditu, bizitzarik gabeko makina baten pieza solteak balira bezala.

Esate baterako, kredituaren eragin egokitzailearen inguruan duen ikuspegia har dezagun kontuan. Kreditua banaketa kapitalistarekiko bereiztezinak diren kontraesanak une honetan aurkitzen diren fase natural goren bezala ikusten badugu, ezinezkoa da elkartruke prozesuaren beraren kanpotik dagoen “egokitzapen baliabide” mekaniko bat bezala ikustea, dirua, merkantzia edota kapitala kapitalismoaren “egokitzapen baliabide” gisa ikus ezin daitezkeen bezala. Kreditua ekonomia kapitalistaren garapeneko etapa jakin bateko katebegi organiko bat da, diruaren, merkantziaren edota kapitalaren modu berean. Eta azken hauek bezalaxe, bera ere mekanismo osoko ezinbesteko katebegi bat da eta aldi berean baita kapitalismaoren suntsipenerako instrumentu bat ere, kapitalismoaren barne-kontraesanak sakontzen baititu. Gauza bera esan daiteke kartelei edota komunikabide modernoei buruz.

Ikuspegi mekaniko eta antidialektiko berbera aurkitzen da Bernsteinek krisien desagerpena ekonomia kapitalistaren “egokitzapenaren” sintoma balitz bezala interpretatzeko duen moduan. Bere ustez, krisiak mekanismo ekonomikoaren “nahasmen- aldi” hutsak dira, eta mekanismo honek ongi funtzionatuko luke hauek gertatuko ez balira. Krisiak ez dira “nahas60 men aldiak” ordea hitzaren ohiko zentzuan, beraiek gabe ekonomia kapitalista ezin baitaiteke garatu. Ekoizpenaren hedapen gaitasun mugagabearen eta merkatuaren muga estuen arteko gatazka konpontzeko kapitalismoak duen metodo posible bakarra —eta ondorioz, arrunta— krisiak direnez, hauek ekonomia kapitalistatik bereiztu ezin diren espresio organikoak direla ikus dezakegu.

Ekoizpen kapitalistaren “nahasmenik gabeko” garapen batek krisiek beraiek suposatzen dutena baino arrisku handiago bat gordetzen du bere baitan: irabazi-tasaren erorketa jarraia —ez ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesana dela eta, lanaren produktibitatearen igoeragatik baizik—. Erorketa honekin, ekoizpenean kapital txikiak eta ertainak sartzeko aukera ezinezko bilakatzeko joera benetan arriskutsua sor daiteke, kapital berrien sorrera mugatuz, eta ondorioz, inbertsioena. Krisiak dira hain zuzen, prozesu berberaren beste ondorio gisa —kapitalaren aldizkako balio galeraren, ekoizpen baliabideen merketzearen eta kapital aktiboaren zati baten paralizazioaren bitartez— irabazi tasaren gehikuntza errezten dutenak, inbertsio aukera berriak sortzen baitituzte, ekoizpenari aurrera egiten lagunduz. Krisiek, ondorioz, garapen kapitalistaren sua bizitzeko balio dute, eta berauek mundumerkatuaren eraketa prozesutik erabat desagertzeak —eta ez aldi baterako, guk pentsatzen dugun bezala— ez luke ekonomia kapitalista oparotasunera eramateko balioko, Bernsteinek uste bezala; bere estankamentura eramango gintuzke zuzen- zuzenean. Egokitzapenaren teoriak duen ikuspegi mekanizistagatik, Bernsteinek krisien beharra ahazten du eta baita kapital txikien eta ertainen geroz eta inbertsio handiagoak ere, arrazoi honengatik, besteak beste, kapital txikiaren berpizkunde jarraia garapen kapitalistaren etetearen zeinu bezala interpretatuz, eta ez garapen kapitalista arrunt baten adierazpen gisa, errealitatean den bezala.

Hala ere bada ikuspuntu bat, bertatik begiratuz gero aipaturiko fenomeno guztiak “egokitzapenaren teoriak” azaltzen dituen bezala ikusten direna: kapitalista indibidualaren ikuspuntua da, bizitza ekonomikoko gertakariak konpetentziaren legeek distortsionaturik ikusten dituena. Kapitalista indibidualak ekonomiaren osotasunaren zati organiko ezberdinak entitate independienteak balira bezala ikusten ditu, eta berari eragiten dioten neurrian bakarrik ikusten ditu gainera, eta horrexegatik iruditzen zaizkio “nahasmen” soil edota “egokitzapenerako baliabide” hutsak direla. Kapitalista indibidualarentzat krisiak nahasmen hutsak dira, eta beraien desagerpenak bizitza epe luzeago bat bermatzen die, kreditua bere ekoizpen indar ahulak merkatuaren exijentzietara egokitzeko modua da eta bera kidetzat duen kartelak errealitatean ekoizpenaren anarkia ezabatzen du.

Hitz batean, Bernsteinen kapitalismoaren egokitzapenaren teoria kapitalista indibidualaren ikuspegien orokortze teoriko bat besterik ez da. Eta hau ez al da bada, bere adierazpen teorikoan, ekonomia burges arruntaren ikuspegirik oinarrizkoena eta bereizgarriena? Eskola honen akats ekonomiko guztien oinarria honakoa da: konpetentziaren fenomeno batzuk ekonomia kapitalistaren osotasunak bere-bereak dituen fenomeno bezala ikusten dituzte, beti ere kapitalista indibidual baten ikuspegitik. Bernsteinek kredituarekin egiten duen bezala, ekonomia arruntak dirua elkartrukearen “egokitzapen” beharretarako sortu den asmakuntza burutsu bat bezala ikusten du eta kapitalismoaren fenomenoetan bilatzen du sistema honen gaitzen aurkako antidotoa. Ekonomia arruntak, Bernsteinek bezala, ekonomia kapitalista erregulatzeko posibilitatean sinesten du, eta teoria bernsteiniarraren kasuan bezala, bere azken helburua kapitalismoaren kontraesanak leuntzea eta bere zauriak sendatzea da. Beste hitz batzuetan esanda, ekiteko modu erreakzionario bati heltzen dio, modu iraultzaile bati beharrean, eta horrexegatik amaitzen du utopia bat izaten.

Orokorrean, teoria errebisionista honela definitu daiteke: mugimendu sozialistaren estankamenturako teoria bat, ekonomia arruntaren bere-berea den estankamentu kapitalistaren teorian oinarritzen dena.