Erreforma edo iraultza/Aduana politika eta militarismoa

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search

4. Aduana politika eta militarismoa

Sozialismoaren etapa bidezko ezarpenaren bigarren puntua, Bernsteinen arabera, Estatua gizarte bilakatzea da. Gaur egun ohikoa da egungo Estatua klase izaerako Estatu bat denaren iritzia. Gure iritziz, proposizio hau, gizarte kapitalistari dagokion guztia bezala, ez da modu zurrun eta absolutu batean ulertu behar, era dinamiko eta dialektiko batean baizik.

Burgesiaren garaipen politikoak Estatua Estatu kapitalista bilakatu zuen. Eta kapitalismoaren garapenak berak Estatuaren izaera eraldatzen du oinarrian, bere ekintza-esparrua etengabe zabalduz eta bizitza ekonomikoarekin, batez ere, erlazionaturik dauden funtzio berriak jasoz; honek geroz eta beharrezkoagoa egiten du alor honen gaineko esku-hartzea eta estatu-kontrola. Zentzu honetan, kapitalismoaren garapena pixkanaka-pixkanaka etorkizuneko Estatu-gizarte fusioa prestatuz doa, Estatuaren funtzioak gizarteari itzultzeko unea alegia. Hau izan daiteke Estatu kapitalista gizarte bilakatzeak izan dezakeen zentzu bakarra, eta zalantzarik gabe Marxek lan legeria “gizarteak” bere bizitzaren prozesu sozialean zuen lehen parte hartzea zela esan zuenean zentzu hau eman zion, Bernsteinek aipatzen duen esaldia berau. Baina, bestalde, garapen kapitalistak berak beste aldaketa bat eragiten du Estatuaren izaeran. Egungo Estatua, ororen aurretik, klase kapitalista agintariaren antolaketa bat da, eta gizarte garapenaren mesedetan interes orokorreko hainbat funtzio betetzen baditu, garapen honek klase agintariaren interesekin bat egiten duen heinean soilik egiten du hori. Lan legeria, esaterako, bai klase kapitalistaren bai gizartearen berehalako mesederako aldarrikatzen da. Baina harmonia honek garapen kapitalistaren une jakin bateraino soilik irauten du.

Hau puntu jakin batera iristen denean, burgesiaren interesak, klase gisa, eta aurrerapen ekonomikoaren beharra bereizten hasten dira, baita zentzu kapitalistan ere. Gure iritziz, jada fase honetan sartu gara, bizitza sozialeko bi fenomeno garaikide garrantzitsuk adierazten duten bezala: arantzel hesiek eta militarismoak. Bi fenomenoek premiazko funtzio bat bete dute —eta, ondorioz, aurrerakoia eta iraultzailea— kapitalismoaren historian. Aduanen babesik gabe, ezinezkoa zitekeen industria handiaren garapena herrialde zerrenda zabal batean.

Baina orain gauzak bestelakoak dira. Herrialde boteretsuenetan, eta bereziki arantzel-politika argi bat aplikatzen duten haietan, badirudi ekoizpen kapitalista berdindu egin dela. Garapen kapitalistaren ikuspuntutik, hau da, munduekonomiaren ikuspuntutik, ez du axola ea Alemaniak Ingalaterrara merkantzia gehiago esportazen dituen Ingalaterrak Alemaniara baino. Garapen horren ikuspuntutik, mirabeak jada bere eginkizuna burutu du eta alde egin dezake; are gehiago, alde egin beharko luke. Industriaren adar ezberdinek egun duten elkarren arteko interdependentzia dela eta, edozein merkantziaren gaineko arantzel protekzionistek herrialdearen barnean beste merkantzia batzuen ekoizpen kostuak garestituko lituzkete, industri-garapena oztopatuz. Baina hau ez da horrela klase kapitalistaren interesen ikuspuntutik. Industriak bere garapenerako arantzel protekzionisten premiarik ez badu ere, enpresariek behar dituzte euren merkatuak babesteko. Honek zera esan nahi du, arantzelek jada ez dutela balio ekoizpen kapitalista jaio berri baten defentsa neurri bezala industria garatuago baten aurrean, talde kapitalista nazional batek beste baten aurka erabiltzeko borroka tresna gisa baizik. Gainera, arantzelak jada ez dira beharrezkoak industriaren babes gisa barne-merkatu bat sortzeko eta konkistatzeko, baina bestalde ezinbestekoak dira industriaren “kartelizaziorako”, hau da, ekoizle kapitalistek kontsumitzaileen aurkako borroka antolatzeko. Azkenik, egungo aduana politikaren izaeraren inguruan zalantzarik uzten ez digun egitatea honakoa da: leku guztietan, ahots agintaria nekazaritzarena da, ez industriarena, hau da, aduanen bidezko protekzionismo politika interes feudalak itxura kapitalista batenpean adierazteko herraminta bilakatu da.

Militarismoak antzeko eraldaketa jasan du. Historia izan zen bezala kontsideratzen badugu, ez izan zitekeenaren edota izan behar zukeenaren moduan, onartu beharra daukagu gerra garapen kapitalistarako ezaugarri beharrezkoa izan zela. Estatu Batuek, Alemaniak, Italiak, Balkanetako herrialdeek, Errusiak, Poloniak, denek gerrari zor diote garapen kapitalistarako baldintzen sorrera eta bultzada, hauek gerra horietan izan zuten emaitza, garaipena edo porrota, edozein izan zelarik ere. Euren barne zatiketak edota isolamendu ekonomikoa ezereztea beharrezkoa zen herrialdeak existitzen ziren bitartean, militarismoak, ikuspuntu kapitalista batetik, betekizun iraultzaile bat bete zuen. Egun ere alor honetan gauzak ezberdinak dira. [Militarismoak jada ezin du herrialde berririk gehitu kapitalismora.]25 Nazioarteko politika gatazka mehatxagarrien eskenatoki bilakatu bada, hau ez da herrialde berriak kapitalismora ireki direlako izan, kontraesan europarrak daudelako eta hauek munduko beste lekuetara, europarrek esplotatzen dituzten lekuetara, zabaldu direlako baizik. Egun, armak eskuetan, gatazkan aurkitzen diren borrokariak, bai Europan bai munduko beste lekuetan, ez dira herrialde kapitalistak, alde batetik, eta ekonomia naturaleko herriak, bestetik; euren garapen kapitalista altua dela eta paretsuan aurkitzen diren herrialdeak dira gatazkariak. Kontestu honetan, gatazka baten eztandak emaitza kaltegarria du garapenarentzat, bizitza ekonomikoaren asaldura eta eraldaketa sakona eragiten baitu herrialde guztietan. Baina klase kapitalistaren ikuspegitik gauzak bestela ikusten dira. Berarentzat militarismoa ezinbestekoa bilakatu da, hiru arrazoirengatik:

  1. interes “nazionalak” beste talde nazionalen lehiaren aurrean defendatzeko borroka neurri bezala;
  2. bai finantza-kapitalaren bai industri- kapitalaren inbertsio jomuga garrantzitsu bezala; eta
  3. herrialdearen barnean langile klasearen gaineko klase izaerako menderaketa instrumentu gisa.

Bere baitan, interes hauek guztiek ez dute zerikusirik ekoizpen modu kapitalistaren garapenarekin. Eta egungo militarismoaren izaera espezifikoki hobekien erakusten duena, lehen lekuan, herrialde guztietan barne bultzada mekanikoen ondorioz izaten ari den gorakada da, duela hogei urte erabat ezezaguna zen fenomenoa berau; eta bigarren lekuan, etorriko den leherketaren izaera hilgarria da, hurbiltzen ari baita halabeharrez, bertara eramango duten zioak, parte hartuko duten herrialdeak, gatazkaren helburua eta beste inguruabarrak zehaztea ezinezkoa bada ere. Garapen kapitalistaren motore izatetik bere gaitz endemiko izatera igaro da militarismoa.

Gizarte garapenaren eta klase agintariaren interesen arteko dualitate honetatik, Estatuak azken hauengatik egiten du apustua. Burgesiak bezala, Estatuak gizarte garapenaren aurka doan politika aplikatzen du, eta honekin are eta gehiago galtzen du gizarte osoaren ordezkari gisa jokatzearen izaera eta pixkanaka klase izaerako Estatu puru bat bilakatzera jotzen du; edota hobekiago esanda, bi ezaugarri hauek elkarrengandik urruntzen dira kontraesankorrak bilakatu arte Estatuaren beraren esentziaren baitan, egunetik egunera sakontasun handiagoa hartuz. Batetik, Estatuaren izaera oroko52 rreko funtzioak hazi egiten dira, hazi egiten da bizitza sozialean duen esku-sartzea, bere gainean duen “kontrolarekin” batera. Baina, beste aldetik, duen klase izaeragatik, bere ekinbidea eta baliabide errepresiboak burgesiarentzat erabilgarriak diren aspektuetan, baina gizartearentzat kaltegarri direnetan, kontzentratu beharrean ikusten du bere burua, militarismoarekin edota aduana eta kolonia politikekin gertatzen den bezala. Are gehiago, Estatuak maneiatzen duen “gizarte kontrola” geroz eta kutsatuagoa eta menderatuagoa dago bere klase izaeragatik (pentsa bedi nola aplikatzen den lan legeria herrialde guztietan).

Demokraziaren zabalpena, Bernsteinek sozialismoaren ezarpen gradual baterako baliabide bezala ikusten duena, ez dator kontraesanean aurretiaz azaldu den Estatuaren izaeraren eraldaketarekin, bikain egiten dute bat elkarrekin. Konrad Schmidten arabera, Reichstagean gehiengo parlamentario sozialdemokrata bat lortzeak, zuzenean, gizartearen “sozializazio” gradual batera garamatza. Ez dago zalantzarik bizitza politikoaren forma demokratikoak Estatua gizarte bilakatzeko prozesua argiro adierazten duten fenomenoa direla, eta zentzu honetan, eraldaketa sozialistako etapa bat osatzen dute. Baina lehen aipaturiko Estatu kapitalistaren izaeraren dualitatea, bereziki, eta modurik gordinenean, parlamentarismo modernoan islatzen da. Egia da, formalki, parlamentarismoak gizarte osoaren interesak adierazteko balio duela Estatuaren antolaketaren barnean. Halaber, errealitatean, gizarte kapitalistaren interesak soilik adierazten ditu, interes kapitalistak gailentzen diren gizarte baten interesak. Erakundeak, itxuraz demokratikoak izanik ere, euren edukiari begira klase agintariaren interesentzako instrumentu dira.

Demokraziak bere klaseko izaera ukatzeko joera erakusten duenean eta masa herrikoien interes errealentzako instrumentu bilakatzera jotzen duenean, orduan ikusten da, modu nabarienean, aurretik aipatu dena, burgesiak eta Estatu aparatuan dituen ordezkariek forma demokratikoak sakrifikatzen baitituzte. Hau ikusita, argi geratzen da gehiengo parlamentario sozialdemokrata bat eskuratzeko ideiak, liberalismo burgesaren estilorik puruenean, demokraziaren aspektu formala soilik hartzen duela kontutan, eta bere eduki errealaz ahazten dela.

Ez zen jabego pribatua abolitzearen aldekoa. Bestela esanda, parlamentarismoa ez da pixkanaka-pixkanaka gizarte guztira zabalduz doan elementu sozialista bat, Bernsteinek suposatzen duen bezala. Parlamentarismoa Estatu burgesaren forma jakin bat da, kapitalismoaren kontraesanak helduarazten eta sakontzen dituena. Estatuaren garapen objetibo honen aurrean, “gizarte kontrol” hazkor bati buruz Bernsteinek eta Konrad Schmidtek duten ideia, zuzenean sozialismoa ezar dezakeela pentsatuz, egunetik egunera gehiago ipintzen da kontraesanean errealitatearekin. Sozialismoaren ezarpen gradualaren teoria, jabegoaren eta Estatu kapitalistaren zentzu sozialista bateko erreforma geldo baten ideiaren gainean sostengatzen da. Hala ere, gizarte garaikidearen prozesu objetiboak direla eta, biak, bai jabegoa eta bai Estatua, aurkako norantzetan garatzen dira prezeski. Ekoizpenaren izaera soziala geroz eta handiagoa da eta Estatuak honen gainean duen esku-hartzea eta kontrola ere bai. Baina, aldi berean, jabego pribatua besteren lanaren esplotazio kapitalista geroz eta gordinago baten itxura ari da hartzen, eta Estatuak, bere kontrola, klase agintariaren interesek esklusiboki zuzendurik maneiatzen du, are eta gehiago.

Honela bada, Estatua (kapitalismoaren antolaketa politikoa) eta jabetza erlazioak (kapitalismoaren antolaketa juridikoa), kapitalismoa garatuz doan heinean, geroz eta kapitalistagoak bilakatzen dira, eta ez sozialistagoak, sozialismoaren ezarpen gradualaren teoriarentzako bi oztopo gaindiezin bilakatuz. Fourierrek26 itsasoetako ur guztia falansterioen sistemaren bitartez limoi zuku bilakatzeko izan zuen ideia oso ameslaria izan zen. Bernsteinek limoi zuku botila sozial-erreformistak garraztasun kapitalisten itsasoetan hustutzeko duen ideiak, gozotasun sozialisten itsaso bat bilakatzeko bidean, aurrekoak baino gatz gutxiago du baina ez da fantasia gutxiagokoa.

Ekoizpen kapitalistaren erlazioak geroz eta gertuago daude ekoizpen sozialistarenetatik. Baina kapitalismoaren erlazio politikoek eta juridikoek, bestalde, horma gaindiezin bat osatzen dute gizarte kapitalistaren eta sozialistaren artean. Ez erreforma sozialek ez demokraziak ez dute horma hori ahultzen, trinkoagoa eta garaiagoa bilakatzen dute. Iraultzaren mailukadak, hau da, proletalgoak botere politikoa konkistatzeak lortuko du horma hori eraistea.