3. Sozialismoaren ezarpena erreforma sozialen bitartez
Bernsteinek “hondoraketaren teoriaren” baliozkotasuna ukatzen du gizarte sozialistarako bide historiko gisa. Zein da “kapitalismoaren egokitzapenaren teoriatik” abiatuta gizarte horretara eramaten gaituen bidea? Bernsteinek zeharka bakarrik erantzun dio galdera honi. Zentzu bernsteiniarrean auzi honi modu zehatzago batez erantzuteko saiakera Konrad Schmidtek18 burutu du. Bere ustez, “erreforma sozialen aldeko borroka sindikalaren eta politikoaren bitartez, ekoizpenaren baldintzen gainean geroz eta gizarte-kontrol handiagoa izatea eskuratuko da”, eta legeriaren bitartez, “kapitalistak apurka-apurka funtzio kudeatzaile soil batera mugatuz joango lirateke, euren eskubideen murrizketaren bitartez”, azkenean “bere jabegoa balioa galtzen joan dela ikusi duen kapitalista enpresaren zuzendaritzatik eta kudeaketatik ere alboratuz”, enpresa soziala ezarriko litzatekeelarik azkenean.
Beraz, sozialismoaren pausoz pausoko ezarpenerako baliabideak sindikatuak, erreforma sozialak eta hauei Bernsteinek gehitzen dien Estatuaren demokratizazio politikoa lirateke. Sindikatuetatik ekinez, hauen funtzio garrantzitsuena —Bernstein berbera izan da hau azaltzen onena 1891an, Neue Zeiten— langileei soldataren lege kapitalista betearazteko instrumentu bat ematea izan da, hau da, euren lan indarra merkatuko salneurrian saltzeko instrumentu bat ematea. Sindikatuek proletalgoari aldi bakoitzeko merkatuaren egoeraz probestea ahalbidetzen diote. Baina egoera horren faktoreak —lan indarraren eskaria (ekoizpenaren garapenak baldintzatzen duena), lan indarraren eskaintza (kapa ertainen proletarizazioak eta langile klasearen erreprodukzio naturalak eragindakoa), eta unean uneko lanaren produktibitatea— sindikatuen eragin esparrutik kanpo geratzen dira. Sindikatuek, beraz, ezin dute soldataren lege kapitalista abolitu. Egoera mesedegarrienetan esplotazio kapitalista une jakin horretako mugarik “arruntenetararte” muga dezakete, baina ezin dezakete ezabatu, ezta pixkanaka-pixkanaka ere.
Bestetik, Konrad Schmidtek egungo sindikatu-mugimendua “bere hastapenetako egoera ahul” batean ikusten du eta etorkizunean “mugimendu sindikalak ekoizpenaren erregulazioaren gainean eragin geroz eta handiagoa izango duela” espero du. Baina “ekoizpenaren erregulazio” bezala bi gauza uler daitezke: ekoizpen prozesuaren alor teknikoan esku hartzea edota ekoizpenaren bolumenaren determinazioa. Nolakoa izan daiteke sindikatuen eragina bi kasu hauetan? Argi dago, ekoizpen teknikari dagokionean, kapitalistaren interesa bat datorrela, hein batean, ekonomia kapitalistaren aurrerakadarekin eta garapenarekin. Bere interesek eramaten dute kapitalista bere teknikak hobetzera. Baina langile indibidual kaltetua kontrako posizio batean aurkitzen da. Eraldaketa tekniko bakoitza gatazkan sartzen da bere interesekin, bere berehalako egoera kaltetzen baitu bere lan indarraren balioa murrizten duelako eta lana bera intentsiboagoa, monotonoagoa eta nekosoagoa bilakatzen duelako. Sindikatuak ekoizpenaren aspektu teknikoan esku har badezake, begibistan da zuzenki kalteturiko langile taldeen alde egin behar duela, hau da, berritasunen aurka. Kasu honetan, beraz, sindikatuak ez du langile klasearen osotasunaren alde borrokatzen eta ezta bere askapenaren alde ere —azken honek erlazio gehiago du aurrerapen teknikoarekin, hau da, kapitalista isolatuaren interesarekin—, zentzu erreakzionario batean ekiten du. Ekoizpenaren aspektu teknikoan eragiteko nahia ez da mugimendu sindikalaren etorkizunean bilatu behar, Konrad Schmidtek egiten duen bezala, bere iraganean baizik. Nahi hau tradeunionismo19 ingelesaren fase primitiboaren ezaugarri izan zen (1860ra arte), Erdi Aroko tradizio gremialisten zantzuak oraindik kontserbatzen zirenekoa eta “lan egoki baten gaineko legezko eskubidearen” printzipio zaharkituan inspiratzen zena.
Bestalde, ekoizpenaren bolumena eta merkantzien salneurriak determinatzeko xede hau erabat berria da sindikatuengan. Duela oso gutxi hasi gara bide honetan zuzenduriko saiakerak ikusten, eta Ingalaterran berriz ere21. Asmo hauek, halaber, aurrekoen berdinak dira, bai euren izaerari bai euren joerari dagokionean. Zer adierazten du sindikatuek ekoizpenaren bolumenaren eta prezioaren determinazioan esku-hartze aktibo bat izateak? Langileen eta enpresarien arteko kartel bat osatuko litzateke, kontsumitzaileen eta konpetentziako enpresarien aurkakoa, neurri errepresiboak erabiliz gainera, enpresa-kartelek erabiltzen dituzten neurriekiko inbidiarik ez luketenak. Hau jada ez da kapitalaran eta lanaren arteko borroka, bien arteko elkartasunezko aliantza bat baizik kontsumitzaileen aurka antolatua. Bere balio sozialari dagokionean, xede erreakzionario bat da eta ezin liteke proletalgoaren askapen borrokako beste fase bat izan, klase borrokaren erabat kontrakoa baita. Bere balio praktikoari dagokionean, mundumerkaturako ekoizten duten industri-adar handietara sekula zabalduko ez den utopia bat da, hausnarketa apur batekin ikus daitekeen bezala.
Ondorioz, sindikatuen ekintza-esparrua batez ere soldataren igoerarako eta lan-egunaren murrizpenerako borroketara mugatzen da, hau da, esplotazio kapitalista merkatuaren baldintzen arabera erregulatzera. Baina gauzen izaerak berak ekoizpen prozesuan eragitea oztopatzen die. Are gehiago, sindikatu- mugimenduaren garapenak lan-merkatuaren eta gainerako merkantzien merkatuaren arteko erabateko bereizketarantz jotzen du, Konrad Schmidten usteen aurka hain zuzen. Eta honen frogarik esanguratsuena zera da, lan kontratuak, pasiboki bada ere soldata eskala mugikor baten bitartez ekoizpenaren egoera orokorrarekin lotzeko saiakerak egon badira ere, hauek garapen historikoak gaindituak izan direla eta trade unions britainiarrak jada saiakera hauetatik urruntzen ari direla.
Eta gainera, mugimendu sindikala, bere eragin esparru errealen barnean, ez doa hedapen mugagabe baten bidean, kapitalaren egokitzapenaren teoriak aurresuposatzen duen gisa. Guztiz kontrakoa: garapen sozialaren faktore nagusiak aztertzen baditugu, oro har ez garela arrakastazko hedapen baten arora iristen ari nabari daiteke, mugimendu sindikalak geroz eta zailtasun gehiago izango dituen garai bateruntz goaz. Behin industria bere garapen puntu gorenera iristen denean eta kapitalismoak mundu-merkatuan bere gainbehera faseari ekiten dionean, borroka sindikala bi bider zailagoa bilakatuko da. Hasteko, merkatuaren egoera objetiboa ez da hain mesedegarria izango lan indarrarentzat, bere eskaria bere eskaintzaren neurri berean haziko ez den neurrian. Bigarrenik, mundu-merkatuak jasandako galeren ordainetan, kapitalistek egun baino esfortzu gehiago egingo dute langileengana doan ekoizpenaren zatia are eta gehiago murrizteko. Soldaten murrizpena irabazi- tasaren gainbeherari eusteko neurririk garrantzitsuenetarikoa da.
Ingalaterrak mugimendu sindikalaren bigarren fasearen hasieraren irudia eskeintzen digu: geroz eta mugatuagoa aurkitzen da, halabeharrez, jada lorturikoaren defentsara, eta hau ere are eta zailagoa egiten zaio. Hau da gizarteko joera orokorra, eta honek izan dezakeen erantzun bakarra klase borrokaren aspektu politiko sozialistaren garapena da.
Konrad Schmidtek akats berbera burutzen du bere ikuspegi historikoan erreforma sozialei dagokien alorrean, hauengandik zera espero baitu, “sindikatuekin batera, klase kapitalistari honek lan indarra erabiltzeko bete beharko dituen baldintzak inposatzea”. Erreforma sozialaren interpretazio honek, Bernstein lan-legedia “gizarte kontrolaren” zati bezala ikustera darama, eta ondorioz, sozialismoaren zati bezala ikustera. Era berean, Konrad Schmidtek “gizarte kontrolari” buruz hitz egiten du beti langileen babeserako legeei buruz ari denean, esaterako, eta behin hain pozik Estatua gizarte bilakatu duenean, bere buruaz ziur, “gorakadan datorren langile klaseari” buruz hitz egiten du, eta operazio honen bitartez, Senatu alemaniarrak promulgaturiko langilearen babeserako neurri xaloak neurri sozialista trantsizional bilakatzen ditu, ustez proletalgoak promulgaturikoak.
Deformazioa begibistakoa da. Egungo Estatua ez da “goraka datorren langile klasea” ordezkatzen duen “gizartea”, gizarte kapitalistaren ordezkaria baizik, hau da, klase izaerako Estatu bat baizik. Arrazoi honengatik, Estatuak burutzen dituen erreforma sozialak ez dira “gizarte kontrolerako” neurriak —hau da, gizarte libre batek bere lanaren prozesua kontrolatzeko neurriak—, ekoizpen kapitalistaren prozesuaren gainean kapitalaren klase antolamenduak dituen kontrol neurriak baizik. Hau da, “erreforma sozialek” euren muga naturalak aurkituko dituzte kapitalaren interesetan. Hori bai, noski, Bernsteinek eta Konrad Schmidtek oraingoz “hasiera ahulak” bakarrik ikusten dituzte, baina etorkizunera begira kontaezinezko erreforma sozial mordoa espero dute langile klasearen mesedetan. Sindikatu-mugimenduaren hedapen mugagabea suposatzen duteneko akats berbera betetzen dute hemen ere.
Erreforma sozialen bitartezko sozialismoaren ezarpen gradualaren teoriak, oinarrizko baldintza bezala, jabegoaren eta Estatu kapitalistaren garapen objetibo jakin bat exijitzen du. Lehenaren inguruan, Konrad Schmidtek, etorkizunean, “jabe kapitalistak apurka-apurka funtzio kudeatzaile soil batera mugatuz joango liratekeela” uste du, “euren eskubideen murrizketaren bitartez”. Ekoizpen baliabideak bat-batean eta aldi batean desjabetzea ezinezkotzat jotzen duenez, Konrad Schmidtek, bere mahukatik, etapen bidezko desjabetzearen teoria ateratzen du. Horretarako, jabego eskubidea “superjabego” batean (“gizarteari” atxikitzen diona eta denborarekin zabalduz joango litzatekeena) eta ustiapen eskubide batean (kapitalisten esku legokeena, baina murriztuz joango dena enpresen kudeaketa soil izatera iritsi arte) erdibitzea aurresuposatzen du. Hori bai, suposaketa hau ondorio gehiago ez dituen hitz-joko soil bat izan daiteke, etapen bitartezko desjabetzearen teoria inongo sostengurik gabe uzten duena, edota bestela seriotasunez pentsaturiko bilakabide juridiko baten eskema bat da, kasu honetan erabat okerra litzatekeelarik.
Jabego eskubidea hainbat eskubide partzialetan zatitzea, Konrad Schmidtek erabiltzen duen argudioa berau bere kapitalaren “etapen bitartezko desjabetzea” justifikatzeko, erabat ohikoa da gizarte feudalean, zeina ekonomia naturalean oinarritzen zen, bertan produktuaren banaketa ondasun naturaletan burutzen zelarik eta jaun feudalen eta bere morroien arteko erlazio pertsonalen arabera. Jabegoa eskubide partzial ezberdinetan zatikatzea aberastasun soziala banatzeko moduari zegokion. Merkatal ekoizpenerako igaroaldiarekin eta ekoizpen prozesuan parte hartzen zuten indibiduoen arteko lotura pertsonalen desagerpenarekin, indartu egin zen, bestalde, pertsonen eta gauzen, hau da, jabego pribatuaren, arteko erlazioa. Jada banaketa erlazio pertsonalek baldintzatzen ez dutenez, elkartrukeak baizik, aberastasun sozialean parte hartzeko eskubide ezberdinak ez dira objetu jakin baten inguruko jabego eskubidea zatikatuz neurtzen, bakoitzak merkatuari egiten dion balioekarpenaren arabera baizik. Erdi Aroko burgoetan, merkatal ekoizpenaren sorrera zela eta gertaturiko erlazio juridikoen aldaketen artean lehena ondorengo hau izan zen: erabat itxia zen jabego pribatu baten agerpena, jabego zatikatuan oinarritzen zen erlazio juridiko feudalen kontestu batean. Eboluzio honek erritmo onean ekiten du aurrera ekoizpen kapitalistan. Ekoizpen prozesua geroz eta gehiago sozializatzen den heinean, are eta gehiago sostengatzen da bere gain banaketa prozesua; eta jabego pribatu kapitalista zenbat eta ikutezinagoa eta itxiagoa egiten den neurrian, bakoitzak bere lan propioaren emaitzaz jabetzeko duen eskubidea besteren lanaz jabetzeko eskubide soil bilakatuz joaten da are eta gehiago. Kapitalista bera enpresa zuzentzen duena bada, banaketa, puntu bateraino, berak ekoizpen prozesuan duen parte-hartze pertsonalari loturik dago. Baina honen zuzendaritza pertsonala alferrikakoa bilakatzen denez, gaur egun elkarte anonimoekin gertatzen den bezala, kapitalaren jabegoa, aberastasunaren banaketako eskubide titulu itxuran, erabat bereizten da ekoizpenarekiko erlazio pertsonaletatik eta bere formarik puruenean agertzen da. Jabegoaren gaineko eskubide kapitalistak bere adierazpenik amaituena aurkitzen du akzio bidezko kapitaletan eta industria-kredituan. Konrad Schmidtek azalduriko kapitalismoaren eboluzio historikoaren eskema —jabe izatetik kudeatzaile soil izatera— garapen historiko errealak berak ezeztatzen du, zeinak aurreko tesi honen aurka, jabe eta kudeatzaile dena jabe soil izatera eramateko joera duen. Konrad Schmidti Goetherena gertatzen zaio: “Duena urrunekoa iruditzen zaio / eta gertukoa desagertzen dena”.
Alor ekonomikoan Schmidten eskema historikoak elkarte anonimo modernotik atzera manufakturara edota artisautailerrera garamatzan bezala, alor juridikoan ere mundu kapitalista ekonomia naturalaren arrautza-oskol feudalera itzularazi nahi du.
Ikuspuntu honetatik ere “gizarte kontrolak” izaera desberdina du Konrad Schmidtek atxikitzen dionarekiko. Egun “gizarte kontrol” gisa jokatzen omen dutenek —lan legediak, elkarte anonimoen gaineko zaintzak...— ez dute zerikusirik jabego eskubidearen gaineko inongo parte-hartzerekin, bere “superjabegoarekin”.
“Gizarte kontrol” honek ez du jabego kapitalista mugatzen, babestu egiten du. Edota kontzeptu ekonomikoak erabiliz: ez da mehatxu bat esplotazio kapitalistarentzat, honen erregulazio bat baizik. Eta Bernsteinek lan-lege batek bere baitan zenbat sozialismo duen galdetzen duenean, erantzun geniezaioke lan legerik hoberenak ere kaleen garbiketaren edota farolen argiztatzearen inguruko udal ordenantza batek adina “sozialismo” duela, azken hauek ere, zalantzarik gabe, “gizarte kontrolaren” elementu baitira.