Edukira joan

Estetika brebiarioa/Egilearen oharra

Wikitekatik
Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
Egilearen oharra
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Egilearen oharra

Joan den urteko urrian, Rice Institute, Texasko Houstongo Unibertsitate handiaren inaugurazio ekitaldia zela-eta, haren lehendakari Edgar Lovett Odell jaunak gonbidapena egin zidan liburutxo honetako mamia osatzen duten gaiei buruzko irakastaldi batzuk emateko, entzuleei Estetikaren inguruko arazoen aurrean halako orientabide bat eskaintzeko helburuaz. Tamalez, nire arazo batzuengatik Mexikoko Golkora joateko bidaia luzeari ekitea ezinezkoa gertatuko zitzaidala-eta neure burua desenkusatu behar izan nuen, baina, hala ere, gonbidapena berriro iritsi zitzaidan, gizalege handiz forma aldetik, bidaia eginez bertara joan ordez nire irakastaldien "eskuizkribua" bakarrik bidal nezakeela esanez, berau ingeleseratu ondoren, inaugurazio festaren oroitzarrezko liburuetan sartzeko, azkenik egin den bezala. Horrela, bada, egun gutxitan "Estetika-brebiario" hau osatu nuen, emandako hitza betetzeko helburuaz; gero, aldiz, lana amaitu ondoren, nolabaiteko barne-pozez ikusi nuen nire aurreko liburu batzuetan gai honetaz eginak nituen ideia nagusiak biltzea lortu nuela lan honetan, baina oraingoan nire Estetika-n -jadanik hamabi urte zituen lanean- baino lokarri hobeaz eta argitasun handiagoaz azalduta. Gainera, beste sentimendu bat ere erne zitzaidan gogoan: alegia, lau irakastaldi hauek, liburutxo batean bildurik, baliagarriak gerta zitezkeela gazteentzat poesia eta, oro har, artea aztertzeko; eta, beharbada, haien zerbitzutan jar zitezkeela bigarren hezkuntzako ikastegietan, literatura eta filosofiaren irakaskuntzarako irakurgai lagungarri bezala. Izan ere, nire ustez, ondo irakatsiz gero, estetikak beste edozein irakasbide filosofikok baino hobeki egin dezake filosofiarako sarrera, ez baitago artea eta poesia baino langai egokiagorik gazteen baitan jakin-nahia eta hausnarketa azkar ernatzeko: haientzat, logika, ikerketa zientifikoak egitera behartzen duenez gero, abstraktuegia da bere teorietako alderdi gehienetan; etika ere (Italian batez ere, ezagunak diren arrazoi historikoengatik falta baita izpiritu erlijiosoak gizakien halabeharrari buruzko gogoetan daukan bultzada) sermoi aspergarri bat balitz bezala hartu ohi da; eta "psikologia" delakoa, filosofiarako biderapena baino areago, desbiderapena da. Aldiz, artearen inguruko arazoek errazkiago eta erosotasun handiagoz laguntzen dute, gogoetatzeko ohitura hartzen ezezik, baita logika, etika eta metafisika aurretiaz dastatzen ere; izan ere, besterik ez esateagatik, artearen barruan edukiaren eta formaren arteko lotura ulertzea sintesia a priori ulertzen hastea da; intuizioaren eta adierazpenaren arteko lotura ulertzea materialismoa eta dualismo izpiritualista gainditzea da; literatur generoen eta arteen sailkapenen enpirikotasuna ulertzea prozedura materialistaren eta filosofikoaren artean dagoen aldeari buruzko argitasun apur bat eskuratzea da; eta abar. Nolanahi ere, hori baliteke nire irudipen hutsa izatea, bigarren hezkuntzako ikastegietan oso aritua ez naizelako bururatu zaidana (izan ere, hari buruz dakidana nire ikasle garaiko oroitzapen urrun baina hurbilak baino ez dira, eta haietan oinarritu naiz hemen); baina irudipen horretxek bultzatu nau, Ameriketako nire irakastaldiak italieraz argitaratzean, Laterza nire lagunaren "bilduma eskolastikoa" berrian -arrakasta osoa opa diot- sartzen uztera.

Napoli, 1913ko urteberri eguna

Lau irakastaldien ondoren, gai berdineko saiakera batzuk erantsi dira, azterketa osatzeko asmoz.

Napoli, 1946ko azaroa.

Benedetto Croce