Edukira joan

Estetika brebiarioa/Hitzaurrea

Wikitekatik
Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
Hitzaurrea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Hitzaurrea

Artea hermeneutika eta esprit de système bitartean

1. Estetika-brebiarioak Crocek 1912an Texasko Houston Unibertsitatearen estreinatze solemnerako idatzitako lau irakastaldiak biltzen ditu. Hurrengo urtean, italiar irakurleei aurkeztean, haietan "kondentsatu" zituela gaiari buruz aurreko liburuetan azalduriko  "oinarrizko kontzeptuak" idatzi zuen. Epai hori bereziki murriztailea gertatzen da. Baina jo dezagun atzera.

1912an Crocek 46 urte ditu. Aspaldian bere ospeak nazio-mugak gaindituak ditu. Estetica-ren (1902) ondoren --berehalaxe itzuli zuten zenbait hizkuntzatara-- filosofiako beste bi tratatu argitaratu ditu: Logica come scienza del concetto puro (1909) eta Filosofia della pratica. Economia ed Etica (1908) eta horrenbestez bere  "sistema filosofikoa" osaturik gelditu zela esan daiteke. Mendearen hasieratik izan zuen Giovanni Gentile,  "idealismo aktualaren" etorkizuneko filosofoarekiko lotura. Lotura hori garrantzizkoa izan zen Gentilerentzat eta funtsezkoa Crocerentzat, izan ere, adiskide gazte horrek bultzatu baitzuen Hegel sakontzera, hari buruzko aurreiritzi handi samarrak zituenez gero1.

Hortaz, mendearen lehen hamarkada amaitzean Crocek biribildurik zeukan bere filosofia. Aldiz, Gentileren  "sistemaren" lehen tratamendu artikulatua ez da 1916ra arte agertuko, Teoria generale dello spirito come atto puro 2, obrarekin eta ondoren, urte gutxiko aldearekin, etorriko zen Sistema di logica come teoria del conoscere (I. lbkia., 1917, II. lbkia. 1921), xx. mendeko pentsamendu filosofikoan oinarrizko obra izan dena eta izaten jarraitzen duena. Baina ordurako 1909ko  "Le forme assolute dello spirito" eta 1911ko  "L’atto del pensare come atto puro" bi idatzi laburretan argi eta garbi adierazita zeuzkan bere kontzepzio filosofikoaren oinarriak (bestalde, bere lehen idatzian, 1898an argitaratutako Rosmini e Gioberti doktorego-tesian in nuce ageri zirenak). Bi filosofiak bide banatatik dabiltza oinarrizko puntuetan. Crocek --Gentile bere ekimen kultural eta filosofiko garrantzitsu guztietan partaide egin duena,  "La Critica", 1903an sorturiko bere aldizkaritik hasita-- beren arteko iritzi-desberdintasunaren berri jendartean zabaltzea erabakitzen du. Eta, gertakariari oihartzun ahalik eta handiena emateko ez du ikerketa filosofikoen egileen zirkulu estuari zuzenduriko argitalpen bat hautatzen, baizik eta  "Voce"-ren, Giuseppe Prezzolinik Florentzian sortu eta zuzenduriko politika eta kulturako aldizkariaren orrialdeak3.

Testuinguru horretan kokaturik daude Brebiarioko irakatsiak, Crocek aurreko bere liburuetan azalduriko artea eta filosofia orokorrari buruzko oinarrizko kontzeptuen  "kondentsatze" bat baino zerbait gehiago direnak; horien birpentsatze bat dira, zeren eta adiskide filosofoaren objekzioek zirikaturik, aldi berean harekin jendaurrean 1913an izango zuen ondorengo eztabaidarako prestakuntza moduko zerbait baitziren. Garrantzizkoa da azpimarratzea bi filosofoen arteko ezadostasuna argumentatzeko moduan berean ere islatzen dela, eta agian horrexetatik bertatik abiatu ere egiten dela. Hau esatea beharrezko da Brebiarioko ouverturearen tonu arina ez gutxiesteko.

2. "Artea guztiek zer den badakiten hori da". Txantxetan bezala, hizkera erraz batekin, nahita ez-filosofikoa den batekin, Crocek funtsezko zerbait dio, ez dagoela ezertaz hitz egiterik, orientatuko gaituen kontzeptu bat gabe. Edo hobeki  "aurre-kontzeptu" bat gabe, baina ez du kontzientzia erreflexuaren emaitza izan beharrik, baizik sentitze komuneko datu bat areago, eta horrelako den heinean bizi garen eta biziarazten gaituen tradizioaren ekarri bat. Datu hori bizitza historikoan oinarritu nahi duen filosofia ororen aurresupostua da, eta ez berezko elaborazio kontzeptual abstraktu eta azken finean artifiziozko baten gainean. Crocek baieztatzen du tradizioaren lehentasuna a priori historiko gisa, zeinaren emaitza eta interpretazio den aldi berean filosofia. Hitz batean, filosofia  "judizio historiko" da ,Logica-n sostengatu zuenez, eta gero Teoria e storia della storiografian-n errepikatu eta argituko duenez, zeina bere Filosofia dello spirito obraren laugarren eta bukaerako liburuki bezala agertu aurretik Alemanian azalduko den, 1915ean Tübingengo Mohr argitaletxean obra autonomo gisa.

Kanti buruzko erreferentzia inplizitua begi-bistakoa da. Baina Croceren Kant hori xix. mendearen amaieraren eta xx. mendearen lehen urteen arteko europar kultura inplikatu eta metodo historikoa bera ere afektatzen zuen eztabaida epistemologikoaren argitan berrirakurritako Kant zen. Beraz, Diltheyrengandik oso hurbil zegoen Kant bat. Hau esan badugu, ez zituen menpekotasunezko erlazioak azpimarratzeko ez da izan, ezta bazterrezinak diren zuzeneko edo zeharkako eraginak ere; aitzitik, crociar pentsamendua eratu zuen kultur giroa adierazteko, stricto sensu filosofikoa bera baino ere areago4.

Bizitza historikoaren interpretazio gisa sortzen den heinean filosofia sistema ireki, sekula behin betikoa ez den zerbait gisa eraikitzen da.  "Sistema" filosofikoa --irakurtzen dugu Brebiarioan-- behin eraiki eta gero mantentzea eta etengabeko aldaketak behar dituen etxe baten gisakoa da, izan ere aldatuz iraunarazi eta sendotu egiten baita. Azaleko intelektualek soilik ez dute jarraipen historikoa, iraganarekiko loturaren zentzua ulertzen, bizitza eta heriotza den hori, izan ere orainaldia horretaz elikatzen baita etengabe. Croce, bistan dago, atergabe Gentileren kontrako armak zorrozten ari da. Ez da azalekotzat edo zentzu historikoaz gabetutzat zeukalako; alderantziz! Baina egia da bere filosofiak --egintzaren  "orainaldia", ezagutzea (edo, aktualismoaren mintzairan, "pentsamendu pentsatzailea") "iragana"ri, gertakariari, ezagutuari (edo  "pentsamendu pentsatu"ari) kontrajartzean, halako den heinean naturatzat hartzen dena: bizitza izpiritualaren caput mortuum-a-- ezagutza historikoaren eta bere oinarrian daukan jarraipen historikoaren arrazoirik ez zuen ematen. Zeren eta historia bera ezagutzearen  "objektu" dena, historia iragana, baita urrunduena ere --esango du Crocek zakartasun polemikoaz  "Voce" aldizkariko eztabaidan-- bizitza da eta ez heriotza: transmititzen den bizitza izpirituala, bere burua ezagutzara eramaten duena, "hirugarren" baten, bere buruaz kanpoko  "pentsamendu pentsatzaile" baten esku-hartzearen zain egon gabe.

Baina bada oraindik beste elementu bat ere Brebiarioko lehen orrietan presente dagoena eta Crocek  "sistema filosofikoarekin" erantzun nahi duen eskakizun hermeneutikoa ulertzeko argitan jartzen duena. Bizitza historikoaren hermeneutika historiko den heinean  "kontzeptu filosofikoa" ez da isolaturik jaiotzen, beharturik dago bere baitan interpretatzen duen bizitzaren ugaritasun anitza islatzera, arte-obraz egina dagoena noski, baina baita egintza ekonomikoz, asmo politikoz, inoren onera zuzenduriko obraz eta pentsamendu logikoz ere. Beraz, kontzeptu oro ez da positiboan soilik definitzen bere eduki espezifikoari dagokionez, baita negatiboan ere, bera ez denarekiko, bere bestearekiko. Omnis determinatio est negatio --Spinozarekin esateko--. Baina oraindik beste pauso bat atzerantz eman ahal --behar-- dugu, eta ongi pauso luzea, baldin eta hemen,  "sistemarekin" zer dagoen benetan jokoan ulertu nahi badugu. Filosofiaren logika bera, lehen aldiz Platonek Sofistan definitzen duena, eta zera da: koinwniva tw'n genw'n,  "generoen komunioa"5.

Brebiarioaren ikusmuga teorikoa zirrimarratzeko baliagarriak diren premisa horiek ezarri ondoren, orain une egokia da zuzenean argumentuan sartzeko, berriz ere hasierako galderara joz:  "zer da artea?"

3.  "Artea ikuspen edo intuizioa da". Definizio positibo honekin ukapen batzuk doaz haren edukia determinatzeko beharrezkoak direnak. Lehena: artea ez da  "gertakari fisiko" bat. Horrek esan nahi du artea ez dagoela kolore-joko batera, edo forma-geometria batera murrizterik. Ezta "objektiboki" kalkulaturiko soinu-erlazio batera ere.  "Ikuspen" artistikoa ez da  "kanpokoa", baizik  "barrukoa",  "subjektiboa". Ez dago  "eder naturalik", edertasuna  "izpirituarena" da eta horrena bakarrik.

Galde egin dezagun: zer esan nahi dute:  "barruko/kanpoko",  "natura/izpiritu",  "objektibo/subjektibo" oposizio horiek? Kontzeptu horiek argitzen ez badira Croceren doktrina estetikoa  "idealismo magiko" gisako batez nahasteko arriskua dugu, izan ere bere "idealismoak" --baldin eta termino hori egokia bada bere filosofia definitzeko6-- beti ezaugarri errealista nabari baten berezitasuna izan baitu. Baina "gauzei" buruz galdezka hasi beharrean  "hitzei" buruz has ez gaitezen, itzul gaitezen arestian egin dugun galderara: zer esan nahi dute oposizio horiek? Har dezagun arazoa alderdi zailenetik, hau da, kontsidera dezagun Croceren baieztapena, irakurri bezain laster arestian esandakoarekiko kontrastean agertu ez ezik, egia esan, txundigarri samarra ere badena:  "Eta, galdetzen bada zer arrazoirengatik artea ezin den gertakari fisiko izan, lehenik erantzun behar da gertakari fisikoek ez dutela errealtasunik, eta artea, guztiek beren bizitza osoa eskaintzen diotena eta guztiak poz jainkozkoz betetzen dituena, zeharo erreala dela; horregatik ezin da gertakari fisiko izan, zerbait irreala baita". Bestela hau idealismo magikoa da! ez da baieztapen isolatu bat. Zertxobait geroago Crocek onartuz berraipatzen du harako esan hura: Rafael  "eskurik gabe ere pintore handia izango zela". Zer esan?

Hauxe bakarrik: Croceren tesia, benetan dioena hartaz ulertzen bada ez dela era idealistan definitzekoa, errealistan baizik, eta ez paradoxazko zerbait bezala, begi-bistako zerbait bezala baino --egiazko proposizio guztiek, ulertu eta gero izaten duten begi-bistakotasun horrekin--. Eta izatez, zer da  "irreala", zer da abstrakzio kontzeptual hutsa, baizik eta "fisikotasun" hutsa, kanpokoa bere baitan, objektibitatea  "subjektibotik", pertzepziotik bereizia? Edota, konkretuago eta determinatuagoak izateko, zer dago ikusi gabeko kolore bat, entzun gabeko hots bat, hauteman gabeko, edo gutxienez inork irudikatu gabeko  "gauza" bat baino irrealagorik? Crocek hemen objektibitate hutsaren abstrakzioen kontra baliarazi nahi duena gauzek ikuspegi partikular berezi batean gertatzeko duten esperientzia fenomenologikoa da: gure munduan-izate erreal, eraginkorrean errotzen den esperientzia. Irreala da  "naturako ederra", zeren eta ez baitago  "ederrik", eta oraindik lehenago ez baitago "naturarik" hartan bizi izanez hura miresten duen  "subjekturik" gabe;  "natura" gabe (edo "mundu" esan daitekeenik) ere subjekturik ez dagoen bezala. Irreala da soinua entzuten duen belarritik bereizita, ikusten duen begitik abstradituriko kolorea, --eta alferrikakoa izan beharko luke, halaber, gehitzeak belarria eta begia ez direla "gorputz" bakarrik, baizik eta gorputz eta  "arima", non arimaz ulertu behar den  "gorputza" hautemaile bihurtzen duena--; era berean irreala da bista munduko kolorerik gabe, eta entzumena soinurik gabe. Hori dio Crocek. Eta azaldu ere egiten du: hain zuzen ere Rafaelen adibidea dakarren leku berean, zeinari buruz dioen pintore handia izango zela eskurik gabe ere, baina ez  "marraztearen zentzua falta izan balitzaio ere". Rafaelek pintore handi izateko behar ez zituen eskuak,  "marrazkiaren zentzurik gabeko" eskuak dira --gorputz irreala, hortaz mundu gabea eta aldi berean arima gabea: arima erreal gabea--. Baina utz diezaiogun hitz egiten Croceri, zuzenean:  "pentsamenduak guretzat pentsamendu izateko hitzetan formulagarria izan behar du, fantasia musikal batek, soinutan gauzatzen dena, pinturazko imajina batek, pintatua".

Eta orain beste ukapenak: artea ez da egintza onuraduna, ez morala, ez ezagutza logikoa.

Ez da egintza onuraduna: artea begiesteak sorturiko atsegina --arrazoitzen du Crocek Kant argiro gogora ekarriz-- erabat interesgabea da, aitzitik, onura hertsiki loturik egoten da bere objektuaren errealitateari. Adibidez: koadro batek bere irudiekin sentsazio eta emozio atseginak sortaraz ditzake gugan, itsusia izateari utzi gabe; edo, aitzitik, laborria eragin, ederra izateari utzi gabe.

Ez da morala: arteari ez dagokio ongia erakutsi eta irakastea, eta ezin zenbatu ahal dira artistikoki lortuak diren pertsonaiak gaizkia bera haragitzen dutenak, Capaneogandik Jagogana, edo harekiko menpekotasuna Francescagandik Emma Bovarygana.

Ez da ezagutza logikoa: judizioa eta lehenago oraindik sentimendu estetikoa itzulipurdikaturik gelditu litzateke, baldin eta arte-obrei buruzko judizioa haietan dauden eta adierazten diren egia logikoetan oinarriturik eman beharko bagenu: Danteren Commediaren edertasunari buruz bere teologiak duen egian oinarriturik.

Omnis determinatio est negatio, eta hortaz: omnis negatio est determinatio. Zera esatea adina da: artea ez den hori, zerbait da, haatik. Artearen ez-izatea ez da ezer, "beste" bat da: "onuraduna" da; "morala" da;  "egia logikoa" da. Croceren "sistema" e”teron eta ejnantivon platondar bereizkuntzan oinarritzen da.

4. Beraz bizitza izpiritualaren osotasuna ulertzera bere forma partikular baten interpretaziotik mugituz iristen da. Metodo hori eta idealismo aktualarena alderantzizko bi muturretan daude. Horrela, doktorego-tesian Gentilek kategoria eta kategoriaren kontzeptuaren arteko bereizkuntza kantiarra sorburuzko oposiziora jasotzen du, eta hortik berehala deduzituko du bere sistema osoa: artea, erlijioa eta filosofiaren hiru formak, baita haien dialektika ere. Crocek, aldiz, tradizioan oinarritzen du bere sistema: gizadiak betidanik aintzatetsi ditu ederra, egia, ongiaren  "unibertsalak"; bere egiazko  "aurkikuntza", bere  "filosofiarentzat" errebindikatzen duena onura edo ekonomikoaren aurkikuntza da izpirituaren kategoria autonomo gisa. Eta horren berorren aitzindari Makiavelo izan dela aitortzen du. Baita Marx ere --"proletalgoaren Makiavelo" gisa definitua--, izan ere historiari buruzko haren gogoetek hamazazpigarren mendeko ideologia abstraktuetatik askatu baitzuten politikaren errealitate gogorra ulertaraziz. Sekula ez da behar adina balioetsiko Marxen azterketara Crocek 1896 eta 1899 bitartean egindako ekarria bere  "sistema" eratzeko. Marxen historiari buruzko filosofia kritikatuz, bere interpretazio panekonomizista hermeneutika historikoaren  "kanon enpirikora" murriztuz, Crocek aldi berean joaira historikoaren aurreikusezintasuna, eta bilakaera, eta bizitza ulertzeko zientziaren abstrakzioek duten desegokitasuna agerian jarri zituen. Kontzeptu zientifikoak, gehienez ere, mundu historikoko gertakarien aniztasunean ordena ezartzeko tresnak ziren berarentzat, erabat ordena  "subjektiboa" zen: bizitza historikoaren errealitateak ihes egiten baitu haietatik7. Croceren begien aurrean  "nihilismoaren" espektroa ageri zen. Eta iraganera joz ahalegindu zen hari aurre egiten, europar tradizio goreneko balioak berreskuratuz. Onuraren autonomiaren berrezagutza bera ere legez kanpoko indar horri muga, hesia jartze-ahalegin gisa ikusi izan da. Hori bai, moralarekiko autonomoa zena, baina "egitearen beste potentzien" artean ezarrita zegoen heinean, diziplina komunari men egin behar zion (edo beharko ziokeen gutxienez). Bereizkuntzaren filosofia --koinwniva tw'n genw'n horren bertsio moderno hori-- iragana, tradizioaren lepotik sortuko zen. Oinarria eman zion haren beraren lepotik. Croce txunditurik gelditu zen, ordea, bere alboan, berak hainbesteko arretaz landuriko filosofia historikoaren baratzean,  "egintzaren filosofiaren" landare pozoitsua ernetzen ari zela ohartzean, berarentzat,  "aktibismo" --irakur bedi, nihilismo-- garaikidearen8 erarik engainagarriena zen hura, zeren eta tradiziozko balio guztien eta bereizkuntza guztien ukatzailea baitzen. Ez da halabeharrezkoa Gentilerekin izan zuen bere eztabaidako lehen esku-hartzea idealismo aktualak zentzu morala ahuldu eta "errorea" eta "gaizkia" "lilura" hutsetara murriztearen salakuntzaz ixtea.  "Desberdinen" filosofiak, aldiz, berrezagutu egiten du kontrajarriaren  "errealitatea" beste den heinean. Platondarren koinwniva tw'n genw'n hura bezala.

5. Artea eta logika, ekonomia (edo onurazkoa) eta etika, beraz, baina Crocek berak esango duenez9, kontzeptuak ez dira mahai gainean binaka edo launaka edo seinaka... ezartzen diren intxaurrak bezala; kontzeptuak deduzitu egiten dira. Eta hemen  "dedukzioak" ez du esan nahi bizitzatik bere efektibitatean, bere historikotasun faktualean hartutik irtenarazten duen prozedura hermeneutikoa, bizitza bera interpretatu ahal duten eta interpretatzen duten kategoria unibertsalak. Ez, hemen dedukzioak besterik esan nahi du: kontzeptuak, edo kategoriak ordena sistematiko batean sartzea, haien kopuruaren arrazoia emateko eran --zeren horiek baitira eta ez beste batzuk--, baita haien erlazioen, beharrezkoa segidaren, eta abarren arrazoia emateko ere.

Baldin eta Croceren pentsamendua bere konplexutasunean hartzen badugu, argi dago printzipio hermeneutikoaren eta  "izpiritu sistematikoaren" --"sistemaz" zeharo bestelakoa denaren-- artean beti zabalik dagoen gatazka baten borrokaleku dela. Ondoren horren koadro eskematiko bat marraztuko dugu.

Kategorien ordenamendua burutzen duen irizpidea bikoitza da: ezer baino lehen teoria eta praxia bereizten dira --gauza bat da mundua ezagutzea, eta beste bat hura aldatzea--, gero banakoa eta unibertsala --gauza bat da zuhaitz honen intuizioa, eta beste bat zuhaitzaren kontzeptua orokorrean, nork bere interes partikularra nahi izatea gauza bat den bezala, eta beste bat guztien ongia (edo Guztiarena)--. Baina bereizkuntza aldi berean inplikazioa da. Baldin eta mundua ezagutzea ez bada hura eraldatzea, ez da hura eraldatzen aldez aurretik ezagutu gabe, eta hura ezagutzeko bulkadarik ere ez da sentitzen, hura aldatzeko premia sentitu ezean. Teoria eta praxia erlazio zirkular bat dira. Eta zirkulu horretan lehenik singulartasunaren forma datoz, gero unibertsalak. Ezin da egin guztien ona nork berea egiteko gaitasunik ez badu, bitartekoak eta helburuak komunztatuz. Era berean ez da unibertsala ezagutzen lehenik banakoa ezagutu ezean. Artea banakoaren intuizio gisa10 izpirituaren bizitzaren lehen maila da, beraz, baina forma-zirkulu batean da  "lehena" eta horren bidez aurrea hartzen dio logikari, edo unibertsalaren ezagutzari, eta aldiz, aurrea hartzen dio praxiak. Zirkuluan ez dago lehenik aldi berean azkena ere ez denik.

Esprit de système delakoak perfektua izan nahiko lukeen ordena bat diktatu dio Croceri, baina ez da halakorik. Aski bedi esatea hemen kategoria bati, kategoria bakar bati egozten zaiola beste guztiak "kontrakoaz" hornitzea. "Itsusia", "errorea" eta "gaizkia" --azaltzen du Crocek-- negatiboak dira zalantzarik gabe, baina badute beren errealitate bat, zoritxarrez. Eta zer da errealitate negatibo hori? Zer da ez-izate estrainio hori?  "Onurazkoa" beste formen obratzean ezkutuka sartuz, berehalako plazera, ongi morala, egia logikoa, arteari zor zaien dedikazioaz ordeztuz, gaizkia, errorea, itsusia deitu ohi duguna sortzen du, eta halako dira harik eta morala, logika, edertasunaren irizpidea jarraituz balioesten ditugun arte, baina beren baitan eta berenez kontsideratuz gero egintza praktikoak dira. Eta horrelako diren heinean positiboak 11. Azalpenak sistema osoa gobernatzen duen logikaren araberakoa izan nahiko luke: koinwniva tw'n genw'n deituaren araberakoa, ejnantivon deritzanak e”teron-etik eratortzen duena --bereizkuntzak oposizioarekiko duen lehentasunaren araberakoa--. Izan nahiko luke, baina ez da: onurazkoaren negatiboa, izatez, ez da noski edertasuna, ez egia, ez ongi morala; eta azken finean ezta ez-egitea ere, ez-nahi izatea. Zeren eta,  "onurazkoa" bada berehalako plazera poesia zorrotzaren konpromisopean nahiago duen irudien joko ergela, berritsukeria hutsa kontzeptuaren nekearen aldean, orduan baita herio-irrikaren aurrean amore ematea ere, bizitzearen nekea jasan beharrean, hori ere  "onurazko" da. Onurazkoaren negatiboa, beraz, ez-izate huts bat da, eta soilik ez-den ez-izate bat, errealitatez erabat gabetua, ejnantivon absolutu bat, ab-solutus, e”teron orotatik askatua.

Kontuan hartzekoa da, gainera, logika besteen arteko kategoria bat bezala ezarririk, ez dela posible sistemaren ezagutza bere osotasunean azaltzea. Crocek eskainitako adibidea, zeinaren arabera kategoria logikoak formen sistema osoa islatzen duen, lakuko ispiluan paisaia osoa islatzen den moduan12, pentsamendua errealitatearen errainu huts izatera murriztu ez ezik, ezagutzaren arrazoia ematera ere ez da iristen (ez dirudi, izatez, lakuak paisaiarekin bere burua ere islatzen duenik). Esan beharrik ez dago arrazoiketa horrek derrigorrean biderkatzen dituela izpirituaren formak, desberdinak izanik kategoriak "egitearen potentzia" bezala, desberdinak kategoriak  "judizio-predikatu" gisa13, hau da kontzeptu gisa. Baina nola eta non bereizkuntza hori? Baina planteatzeko bata eta besteaz haraindi egon beharko luke --eta biak bere baitan eduki--. Ba al dago beraz ezagutzaz haraindiko ezagutzarik, kategoria ez den ezagutza bat, baizik eta izpiritu osoa? Objekzio horri, Gentileren argumentu sendo, beti errepikatua den horri, Crocek ez dio inoiz erantzun. Eta ez da erantzutea, Brebiario honetan egiten duenez  "sintesi desberdinen artean --sintesi estetikoa, sintesi logikoa, sintesi praktikoa-- erreal bakarra sintesien sintesia dela, egiazko Absolutua den izpiritua, actus purus-a" Kontua ez da edozein "partetan" "guztia" dagoelako berrezagutzea, baizik eta  "guztia" (Izpiritua, Absolutua) horren pareko ezagutze baten bitartez soilik ezagutzen dela; ezagutzea ez dela besteen arteko genero bat gehiago, baizik genero gorena: Izatea bera, bere barruan gainerako genero guztiak dauzkana.

6. Baina itzul gaitezen artera, Brebiarioko argumentu nagusia den horretara. Forma izpiritualen zirkulartasun baieztatuak aukera ematen dio Croceri esperientzia historiko guztiaren intuizio artistikoa birbetetzeko. Baldin eta forma orok aktuatzean aurrekoa bere materiara makurtzen badu. Orduan sintesi estetikoak praxia, politika eta moralaren mundu anitza dauka bere edukitzat. Gainera, praxia judizio historikoaren gainean bermatuz, artea ezagutze logiko eta filosofikoaz ere elikatzen da eta horretatik beheragoko edo aurreragoko maila gisa desberdintzen da. Hitz batean, artearen formaz bestelako den oro, elikatzen eta substantziatzen denaren materia eta edukia era dezake eta noizean behin eratu ere egiten du. Artea intuizio hutsa delako hasierako definizioa berehala hobetzen du  "intuizio liriko"14 dela esatean. Lirikoa da sentimendua, zeinean izpirituaren iragan denboragabea --praxia eta politika eta morala, baita ezagutzearen bizitza ere-- artearen  "materia" den heinean itzultzen den. Horrela artea askapen-ariketa bat da a“skhsi", mundu etiko eta politikoaren aldetik grinetatik ezagutzea garbitze-ariketa bat. Aszesi guztiz mundutarra, artea askatzen den hura bera dena, eta garbiturik, bere materia eta eduki, jadanik esan denez. Intuizio artistikoari,  "ikuspen" poetikoari irudimenaren joko huts, hotz eta bereizi izatearen izaera kentzen diona.  "Intuizio lirikoa" aldi berean grinatua eta hotza da, bizitzan esku hartzen duena eta hartatik bereizia.

Crociar estetikaren oinarrizko printzipioa, --filosofoak inoiz ez du zalantzarik izan horretaz-- intuizioa eta adierazpenaren batasun urraezinarena izan da.  "Jarduera intuitiboak adierazten duen adina intuitzen du"15 --eta horregatik: artistak bere obran irudikatzea lortzen duenaz aparteko beste sentimenduk ez du kontatzen artean--. Gainerakoa --gainerakorik baldin badago-- grina praktikoa besterik ez da, artearen  "materia" gisa ere definigarria ez dena, grina halako materia bada forma artistikoak haren gainetik garaile atera ondoren, hura garbituz eta beregana jasoz. "Garaipen" horren aurretik ezer ez da propioki  "materia", guztia izan daitekeelarik, eta izan ere aldian-aldian izaten delarik. Formak --artearenak, beste edozein kategoriarenak bezala-- aldi berean bere burua eta bere materia ezartzen ditu.  "Formaren lehentasun" hori da Crocek Francesco De Sanctisengandik hartu zuen ondarea. Hemen ere Gentilerekiko aldea nabaria da, zeren eta horrentzat formak ez duen inolako aurresuposturik, aitzitik bere materia  "sortu" egiten duen, Crocerentzat formak  "ezarri" egiten du materia aurreko forma beheratzen duen zentzuan, bere aurresupostu erreal eta beharrezkoa, materiaraino. Honetan Croce askozaz hurbilago dago Aufhebung-aren hegeldar dialektikatik, gainditze-iraunaraztetik, Gentile ez bezala.

Hegeliarra, sakonki hegeliarra da Croceren sistema osoa azpitik gobernatzen duen etika, eta horregatik baita artearen kontzepzioa ere. Inmanentziaren, historiaren etika, zeinaren arabera ez dagoen ongi moralik, aktuatuz, egintza ekonomiko bihurtzen ez denik, guztien (edo Guztiaren) ongia eta ez banakoarena erasaten duen heinean; eta era berean, ez dago arte-sentimendurik, denik eta jaso eta sublimeena bada ere egoki adierazten ez denik obra batean, lengoaia batean, poesia edo musika edo arte figuratibokoa delarik ere. Bere materia menperatzen duen ideal klasikoa, berak ezartzen duen materiak, aldi berean, crociar kontzepzio estetikoaren xarma eta muga markatzen ditu. Artearen esperientziaren miragarritasun misteriotsua gardentasun osora eramaten duen pentsamendu baten xarma, eta saiakera kritiko batzuetan, Ariostori buruzkoan inon baino gehiago, bere demostrazio eta adibidetze goren eta konbentzigarriena; eta horrek argitzen du Estetikak izandako arrakasta izugarria. Muga: arte garaikideari dion etsaitasun aitortua, aro barrokoko16 poetikaren ulertezintasunean ere islatzen dena; eta oro har, gainerako esperientzia artistikoenean ere bai, zeinetan  "forma" eta  "materia",  "lengoaia" eta  "sentimendua" sintesi klasikoa burutzen ez den, ezta bilatzen ere, izan ere, horietan hitzak, formak, adierazpenak beren buruen muga ezartzera eta aldi berean Esanezinari, Eragabeari, Definiezinari zeinu-egitera bestetara ez baita jotzen.

7. Crociar estetikaren beste puntu irmo bat adierazpena eta komunikazioaren arteko bereizkuntzarena da, teoretikoa lehena, praktikoa bigarrena. Ezbai ugari sortzen dituen bereizkuntza bat da, zeren eta erraz ulertzen bada ere desberdinak direla poema baten eta musika-pieza baten konposizioak, eta desberdina liburu edo disko batean birsortzea, gutxiago ulertzen da pinturazko obra baten eta "telebista eta taulen eta kolorez estaliriko hormen" artekoa, eskultura baten eta arkitektura baten eta "harri landuen, burdina eta brontzea eta beste metal urtu, erauntsi edo era askotara landuak" --Brebiario honetan emandako adibideak jartzearren--. Bereziki desbideratua gerta liteke pinturaren adibidea, zeinak dirudien interpretazio abstraktukiago  "intimistikoa" balioesten duela lehen gorago eztabaidatu den eta Rafael "pintore ona izango zela marraztearen zentzua falta izan balitzaio ere" egindako baieztapenaren aldean. Baina pintura eta eskulturaren adibideak (besterik litzateke arkitekturaz egin beharreko diskurtsoa) crociar estetikaren zentzu sakonari iruzur egitea, artearen izaera exoterikoa kontsideratzen bada soilik agertzen da, eta hori da Crocek beti sustengaturiko tesia, "jeinuaren" eta "gustuaren" arteko esentziaren identitatearena, obra sortzen duenaren eta gozatzen duenaren artekoa, haien arteko desberdintasuna graduzkoa, edo kantitatezkoa soilik delarik. Kosta egiten da ulertzea, noski, nola eman daitekeen pinturazko "adierazpen" baten berri kolore ezarririk eta forma eta figura marrazturik gabe. Gero koloreak, formak eta figurak datu  "objektibo",  "kanpo errealitate",  "fisiko" hutsak ez izatea --lehenago ere aipatu da eta orain ez dago horren berri eman beharrik--.

Nola ezarri "adierazpen" eta "komunikazioaren" arteko muga-marra? Crocek bereizkuntza  "transzendentala" dela ohartarazten du, ez enpirikoa, kontzeptuari dagokiona, eta ez gertakariari ere. Edo berdin dena: gizaki bera izan daiteke, eta sarritan hala izaten da, aldi berean  "artista" eta  "teknikaria", obraren sortzailea eta haren birsortzailea; baina horrek ez du esan nahi bi jarduerak bereizten ez direnik, zeren era berean izaten baita egia artista ezin hobea dela, eta teknikaria ezin txarragoa, edo alderantziz. Esan den guztiarekin ezin diezaiokegu egin Croceri ondorengo objekzioa egitearen injustizia esanez ez dela ikusten nola izan litekeen inor pintore on oihalean koloreak hedatzeko gai ez baldin bada. Halere, badugu isildu ezin dugun harridura bat, eta kontzeptuen ordenari buruzkoa da, hau da, "sistemaren" koherentziari dagokiona. Kasu batzuetan --musikan adibidez-- bi jarduerak, teoriko-adierazkorra eta praktiko-komunikatiboa ez dira segidakoak, formen zirkulartasunaren doktrinak eskatzen duenez, garaikideak baizik. Eta ez dirudi beste ezein teoriatara jo daitekeenik zirkuluarenarekin batera datorrenera izan ezik, zeinaren arabera jarduera bat esplizitua denean, besteak ez dauden absente, inplizitu bakarrik17 --hemen biak esplizituak direlarik, artistikoa eta teknikoa, teorikoa eta praktikoa--.

Baina hainbeste interesatzen ez diren sistemaren koherentziari buruzko kontsiderazio  "formal" horietaz gainera, eta  "gauzara berera" pasatuz, hau da, artearen esperientzia konkretura, esan behar da adierazpena eta komunikazioaren arteko Croceren bereizkuntza hori, obraren burutzapenaren eta bere birsorkuntza teknikoaren arteko desberdintasun hutsalera murrizten ez denean --pinturaren adibidea berriro hartzeko, obra oihalaren gainean burutzearen eta inprentan mekanikoki birsortzearen artean (hori da poesia eta musikaren birsorkuntzaren korrespondente egiazko eta bakarra  "idazkuntzen eta fonografoen" bitartez)--, abstrakzio artifiziozko soila besterik ez da. Kontsidera dezagun, adibidez, musika-exekuzioa --eta ez diot  "lehena", autorearena, baizik eta ondokoa,  "interpretazio" izenpean doana--; kontsidera ditzagun beraz exekuzio horiek: musika-obraren  "adierazpen" ala  "komunikazio" dira? Argi dago komunikazioaren jarduera praktikoan sarrarazten badira, obraren beraren historikotasuna auzitan jartzen dela. Obra bere baitan perfektua eta burutua izango litzateke, eta interpretatzaileak ezingo lioke ezer gehitu, bere egitekoa kontzebitua izen den bezala hura birsortzen agortzen delarik. Orain ez da auzitan jartzen horrela egindako birsorgarritasunaren posibilitate erreala, efektiboa; auzia zeharo besterik da. Horrelako obra batek, bere baitan perfektua eta burutua denak, ez luke indar historikorik, ez litzateke historia sortzeko gai izango. Lorategi batean dagoen lorea bezalakoa litzateke: beste lore batzuen aberastasuna luke lorategiak baina lore bakoitzak bere baitakoa. Baina zergatik heltzen diogu, orain eta hemen, hipotesi horri?

Ez delako hipotesi hutsa. Crociar estetikaren joera bat areago da. Brebiarioan, abstraktutzat kritikatuz genero literario eta artistikoen arteko bereizkuntza, Crocek baieztatzen du arte-obra oro "izaki bizidun, banako eta parekaezinaren" gisako dela, eta baieztapen hori erabat egiazkoa da, obra sortu den mundu historikokoa dela ukatzen ez duen bitartean, bere baitan datzan kosmos bat egiten ez duen bitartean. Eta Brebiarioko lau irakastaldiak garatu eta bost urte geroago, 1917an, Crocek entsegu bat idazten du  "Historia artistiko eta literarioaren eraberrikuntzaz", eta bertan dio, "historiografia literario-artistikoaren egiazko forma logikoa artista bakoitzaren eta bere obraren ezaugarria dela, eta horri dagokion forma didaskalikoa, entsegua eta monografia"18. Badago historia bat arte-obren  "edukiarena", arteaz bestelakoa den horrena, baina ez "formarena": ez dago inolako aurrerapenik Homeroren artetik Danteren, Shakespeareren artera.

Gehiegi bereizi nahi izateagatik --esan liteke-- Crocek arriskuan jartzen du artearen "formak" "materiarekin" duen lotura, eta hortaz, baita artearen mundutartasuna eta historikotasuna ere. Baina ez legoke ongi esana. Bere doktrinarik hoberenak jartzen dira arriskuan, bere baitan esprit de système delakoa nagusitzen zaionean. Horrexen testigu da  "genero artistiko eta literarioen" kritika laburra, horiek guztiak sailkapen abstraktu praktikoetara murrizturik, muntagabe bihurtzen dituenean ikuspegi historiko-kritikotik. Ihes egin zion Croceri artearen bereizkuntzen esanahi historiko sakonak, baita beren oinarrizko generoenak ere --epika, lirika, tragediarenak--, izan ere ez baitira abstrakzio praktiko hutsak, eskola-arrazoi soilengatik sortuak, aitzitik, historiarekin jaiotako instituzioak eta historiaren sortzaileak. Baina berrezagutze horretarako filosofoa ezindurik zegoen bere sistemari zion fideltasunarengatik, bereziki, kontzeptu garbi, edo filosofikoen, eta kontzeptu enpiriko edo abstraktuei, hau da, zientifikoen bereizkuntzari zionarengatik: lehenak historiko eta egiazkotzat zeuzkan, bigarrenak ez egiazkotzat baina onuragarritzat, munduan hobeki orientatzeko balio digutenak.

Baina --errepika dezagun-- izpiritu sistematikoaren kontra borrokan ari da Crocerengan alderantzizko joera hermeneutikoa, zeinari zor zaizkion bere orrialderik hoberenak, mundu historikoaren esperientzia bizitik zuzenean diktaturik ageri direnak, eta era berean horrexegatik gugandik hurbilago ere sentitzen ditugunak. Brebiario honen amaierako orrialdeak bezala, zeinetan berak beti bere egiazko Maisutzat eduki zuen Francesco de Sanctisen oroimenez, izpirituaren munduaren batasunaren pentsamendua --bere bereizkuntzak berak baino ere batasun sakonagoa, bera baita haiei bizia ematen diena-- eta bizitza historikoa elkarrekin doaz: "artearen kritika nabarmentze literarioagatik bakarrik bereiz daiteke giza zibilizazioaren historia osotik: egia da horrek artearen lege bereziei jarraitzen diela, baina giza gogo osoaren mugimendu historikoaren barruan kokatzen da, eta ez giza gogo horren forma aparteko baten barruan".

Vincenzo Vitiello