Edukira joan

Estetika brebiarioa/III. Artearen lekua giza izpirituan eta gizartean

Wikitekatik
Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
III. Artearen lekua giza izpirituan eta gizartean
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

III. Artearen lekua giza izpirituan eta gizartean


Artearen mendekotasunari edo beregaintasunari buruzko eztabaidak garai erromantikoan izan zuen bere unerik goriena, "artea arteagatik" goiburua eta, itxurazko aurkakotasunean, "artea bizitzagatik" zioen bestea asmatu zirenean; eta harrez geroztik izan da erabilia, filosofo artean baino areago literaturgile eta artista artean batez ere, egia esateko. Gure egunotan, baina, interesa galdu du, hasiberriek jolaserako eta beren ariketak betetzeko erabiltzen duten gaia eta solasaldi akademikoen mintzagaia izatera apaldu baita. Dena den, garai erromantikoaren aurretik ere, bai eta arteari buruzko gogoeta-dokumenturik zaharrenetan ere aurkitzen da haren aztarnarik; eta Estetikaren filosofoek berek, hartaz axolatzen ez direla dirudien arren (eta, egiazki, gutxietsi egiten dute haren forma arruntean), gogoetagai erabiltzen dute, are gehiago, esan daiteke beste ezertan ez dutela pentsatzen. Izan ere, artearen beregaintasun eta mendekotasunari buruz, haren burujabetasun edo morrontzari buruz eztabaidatzeak, funtsean, esan nahi du arterik ba ote dagoen ala ez, eta, baldin badago, zer den bilatzea. Halako iharduera bat, baldin eta bere funtsean beste iharduera baten mende badago, berez beste iharduera hori da, eta ustezko eta konbentziozko izatasuna baizik ez dauka: artea, moralaren, atseginaren edo filosofiaren mende badago, morala, atsegina edo filosofia da, eta ez artea. Eta ez bada mendekotzat hartzen, komeni da aztertzea zertan oinarritzen den haren burujabetasuna, hau da, zein modutan bereizten den artea moraletik, atseginetik eta filosofiatik eta beste gauza guztietatik; edo bestela esanda, komeni da hura zer den aztertzea eta benetan burujabea den zerbait bezala planteatzea. Halaber, gerta daiteke artearen izatasun jatorrizkoa defendatzen dutenek berek esatea artea, bere izatasunari eutsiz, duintasun handiagoko beste forma baten mende dagoela eta (behiala esaten zen bezala) etikaren morroi, politikaren ministro eta zientziaren artekari dela; baina horrek bakar-bakarrik frogatuko luke badagoela jendea kontraesanetan erortzeko edo bere gogoetak elkarren kontra jartzeko ohitura duena: jende kaskarina, froga moduan benetan balio ez duen bizitza duena. Gu, aldiz, kaskarinkeria horretan ez erortzen ahaleginduko gara; eta, behin argi utzi eta gero artea mundu fisikotik bereizten dela, izpiritualtasuna baita, eta iharduera praktiko, moral eta kontzeptualetik, intuizioa baita, guk beste lantegi bati ekin eta esango dugu gure lehen frogapenaz frogatu dugula artearen beregaintasuna ere.

Badago beste arazo bat mendekotasun edo beregaintasunari buruzko eztabaida honetan, orain arte zuzenean aipatu ez dudana eta oraintxe aztertzen hasiko naizena. Beregaintasuna erlazio-kontzeptu bat da, eta, ikuspegi horretatik, guztiz beregaina Absolutua bakarrik dugu, hau da, erlazio absolutua: forma eta kontzeptu oro beregaina da alde batetik, eta mendeko bestetik. Horrela ez balitz, izpiritua, eta errealitatea oro har, edo elkarren ondoan jarritako absolutu sorta bat, edo (gauza bera dena) elkarren ondoan jarritako hutsaltasun sorta bat litzateke. Forma baten beregaintasuna halako gai baten gainean erabiltzen da, eta beraz beregaintasunak gai hori dakar berekin, ikusi dugunean bezala arteak sentimenduzko edo grinazko gai baten erakuntza intuitibo bezala duen sorreraren garapenean; eta, erabateko beregaintasunean, gai edo elikagai ororen faltan, forma bera, hutsik, hutsal bihurtuko litzateke. Baina beregaintasun aitortuak eragozten duenez gero halako iharduera bat beste baten printzipioaren mende egon daitekeela pentsatzea, mendekotasunak beregaintasuna bermatzeko adinakoa izan behar du. Eta berau ez litzateke bermatuko ezta gertatuko balitz ere ihardueretako bat bestearen mende egotea bestea haren mende dagoen era berean, elkarren aurkakoak diren baina batak bestea garaitzen ez duten bi indar gisa; izan ere, batak bestea garaitzen ez badu, elkar oztopatu eta geldotu egiten dute, eta, aldiz, garaitzen badu, orduan batak bestea menderatzen du, argi eta garbi, baina aukera hori bazter batean utzi dugu. Hortaz, kontu hau orokorki aintzat hartuz, badirudi ez dagoela izpiritu-iharduera desberdinen beregaintasuna eta mendekotasuna aldi berean pentsatzeko era bakarra baino: alegia, baldintzaren eta baldintzapekoaren arteko harremanean kokatu bata eta bestea, baldintzapekoak baldintza gainditzen duelarik aldez aurretik hura suposatuz, eta, gero bera ere baldintza bihurturik, beste baldintzapeko bat sortuz, halako garapen sorta bat eratzen duelarik. Sorta horri akats bakarra lepora lekioke: hots, haren lehen osagaia aurreko baldintzapekorik gabeko baldintza izatea, eta azken osagaia baldintza bihurtzen ez den baldintzapeko bat izatea, bi aldiz hautsiz garapenaren legea bera. Dena den, akats hori ere konpon daiteke, baldin eta azken osagaia lehenaren baldintza bihurtzen bada eta lehen osagaia azkenaren baldintzapeko; hau da, baldin eta sorta hori elkarrekiko ekintza bezala ulertzen bada edo, hobe esanda (eta albo batera uzteko adierazkera naturalista), zirkulu bezala. Ulerbide hori gogo-bizitzari buruzko beste ulerbideak -bai gogo-bizitza burujabeen eta arimaren ahal erlaziogabeen, edo burujabeen eta balore-ideia erlaziogabeen elkartoki bilakatzen duena, bai ahal edo balore-ideia guztiak bakar baten mende jarri, eta bakar bat horretan, zein geldirik eta ezinean geratzen baita, konpontzen dituena; edo, xehekiago hitz eginez, lehen osagai irrazional batetik guztiz arrazionala izan nahi lukeen baina, azkenik, gainarrazionala eta, hortaz, bera ere irrazionala den azken osagai bateraino eramaten duen garapen lineal baten derrigorrezko gradutzat hartzen dituena- astintzen dituzten arazoetatik irteteko bide bakarra dela dirudi.

Baina, hobe da eskema abstraktu samar honekin aurrerago ez joatea eta bai, aldiz, ikustea nolako eragina duen izpirituaren bizitzan, izpiritu estetikotik hasiz. Horretarako, berriro itzuliko gara sentimenduzko nahaspilatik bere burua askatzeko prozesua burutu eta nahaspila hori irudi liriko batean objetibatu duen, hots, artea erdietsi duen artista edo gizon-artistarengana. Beronek irudi horretan aurkitzen du bere asebidea, horren bila ibili eta mugitu baita: mundu guztiak ezagutzen du, nola edo hala, adierazpen beteginaren poza, norbere aldartearen bultzadei ematea lortzen dena, bai eta ere besteenekiko poza, geureak ere baitira horiek, besteen lanetan ikusten ditugunean, lan horiek ere nolabait geureak baitira eta guretu egiten baititugu. Baina behin-betikoa ote da asebide hori? Irudiaren bila soilik mugitu ote da gizon-artista? Irudiaren bila, eta beste zerbaiten bila ere bai: irudiaren bila, gizon-artista den neurrian; eta bestearen bila, artista-gizona den neurrian. Irudiaren bila lehen planuan, baina, lehen planua bigarren eta hirugarren planuekin lotuta egonik, baita bigarren eta hirugarren planuen bila ere, hori bai, zuzenean lehenen bila, eta zeharka bigarren eta hirugarrenen bila. Eta lehen planora iritsi denean, berehala bigarrena sortzen da haren atzean, eta zeharkako jomuga zen hori zuzeneko jomuga bihurtuz doa; eta beste betebehar bat aurpegiratzen zaigu, eta beste prozesu bat hasten da. Ondo uler bedi: kontua ez da ahalmen intuitiboak beste ahalmen bati uzten diola lekua, atsegin edo zerbitzuagatik, baizik ahalmen intuitiboak berak, edo, hobeto, izpirituak berak, lehenago osorik intuizio zirudienak, edo, nolabait, zenak, bere baitan garatzen duela prozesu berria, lehenaren erraietatik sortua. Gure baitan ez da pizten "arima bat beste baten gainean" (oraingoan ere baliatuko naiz Danteren hitzaz), arima bakarra baizik, lehenik "bertute" bakarrean osorik biltzen dena, eta "inolako ahalmenari begiratzen ez diola dirudiena": bertute bakar horretan (irudi artistikoan) ase, eta bertute horretan asebidearekin batera ezinasea ere aurkitzen du: asebidea, horrek eman dezakeen guztia eta horretatik espero den guztia ematen diolako; ezinasea, zeren eta, hori guztia lortu eta gero, horrek bere azken gozotasunaz ase ondoren, "hura da eskatzen eta hura eskertzen", eskatzen baita behar berria asetzea, lehen asealditik sortua eta, hori gabe, sortu ezin zena. Eta denok dakigu, etengabeko esperientziari esker, nolako behar berria dagoen irudien erakuntzaren atzean. Ugo Foscolok maitasun-istorio bat dauka Arese kontesarekin; berak bazekien zer den maitasuna eta nolako emakumea zen emakume hura, idatzi zizkion eta moldiztuta irakur daiztekeen gutunek frogatzen duten bezala. Alabaina, maite duen uneetan, emakume hura bere unibertsoa da, eta emakumea bere esku izatea zorionik handiena balitz bezala sentitzen du, eta, mirespenaren erpinean, hilgarria den emakume hura hilezkor nahi luke bihurtu, lurtar dena jainkosa nahi luke jaiotzeko direnen sinesteetan, maitasunaren bertuteaz mirari berri bat burutuz. Eta zeru goienetaraino altxatua ikusten du, adorazio eta otoitz hartzaile:

Eta izango dituzu, jainkosa, nire eresien artean

Lonbardiako iloben opariak!

Lipar batez maitasunaren itxuraldaketa hori seriotasunik handienaz amestua eta irrikatua izan ez balitz (maiteminduek, bai eta jaun filosofoek ere, inoiz maiteminduta egon badira behintzat, aitor dezakete tentelkeria hauek serioski irrikatzen direla), Andere lagun sendatuari izeneko oda ez zen eratuko Foscoloren izpirituan; eta poetak bere lagun-jainkosaren liluragarritasun perilez betea irudikatzeko erabiltzen dituen irudiak ez ziren agertuko hain bizi eta berez. Baina, arimaren oldartasun hori, orain irudikapen liriko bikain bilakatu dena, zer ote zen? Foscolo, soldadu, abertzale, jakintsu, hainbat izpiritu-beharrek astindua, benetan ahitzen ote zen irrika horretan?, eta berau egiatan ari ote zen ekintza bihurtzeko eta, nolabait, haren bizitza praktikoa zuzentzeko adinako indarrez? Foscolok, bere amodioen barruan noizean behin adimen argiak huts egin ez zion era berean, bere poesiaren aurrean ere, oldar sortzailea baretu ondoren, bere senera itzuliz eta adimen argia berreskuratuz edo osorik eskuratuz, bere buruari galdetzen dio eta saiatzen da argitzen zer ote den berak benetan nahi zuena edo emakume hark merezi zuena. Beharbada, irudiaren sorkuntzan bertan linburtua zen eszeptizismo horren izpi bat, geure belarriak ez bagaitu engainatzen han eta hemen, oda horietan, aditzen dugunean emakumearekiko eta, orobat, bere buruarekiko ironia-kutsu dotore bat edo beste: horrelakorik ez zen gertatuko izpiritu xaloago batean, eta poesia bera ere erabat xalo aterako zen. Nolanahi ere den, Foscolok, betegintzarrera iritsitako poeta izanik eta, horregatik, jadanik poeta ez izanik (berriz poeta sortu ezean), bere egiazko egoera ezagutzeko beharra somatzen du orain, ez du irudia sortzen, jadanik sortu duelako, ez du ametsaldirik adierazten, baizik ohartu eta kontatu egiten du ( "emakume hark -esango du gero "jainkosa" hartaz- garun pusketa bat zeukan bihotzaren lekuan"); eta irudi lirikoa, bai beretzat eta bai guretzat, autobiografia baten pasarte edo oharkizun bihurtzen da.

Oharmenarekin batera izpirituaren alor berri eta guztiz zabal batean sartu gara; eta, egiazki, ez dago behar adinako hitzik zirika aritzeko irudia eta oharkizuna, bai orain, bai iraganean, nahasten dituzten, eta irudia oharkizun bilakatzen duten (artea naturaren erretratu, kopia edo imitazio bezala, gizabanakoaren edo garaien historia bezala, etab.), eta, are okerrago, oharkizuna "zentzuekin" antzemango litzatekeen irudi moduko zerbait bihurtzen duten pentsalariekin. Baina oharkizuna erabateko juzkua da, hain zuzen, eta juzkua izanik, irudi bat eta irudia menderatzen duen adimen-kategoria edo kategoria sorta (errealitatea, nolakotasuna, etab.) dakartza berekin; eta irudiaz edo sentimenduaren eta irudimenaren sintesi a priori estetikoaz (intuizioaz) den bezanbatean, irudikapenaren eta kategoriaren sintesi berri bat da, sujetu eta predikatuarena, sintesi a priori logikoa, zeini buruz komeniko bailitzateke errepikatzea aurrekoari buruz esandako guztia, eta, nagusiki, horren baitan edukia eta forma, irudikapena eta kategoria, sujetua eta predikatua ez direla bi osagai hirugarren batek uztartzen dituenak, baizik eta irudikapena kategoria bezala dago, eta kategoria irudikapen bezala batasun askaezin batean: sujetua predikatuan bakarrik da sujetu, eta predikatua sujetuan bakarrik da predikatu. Orobat, oharmena ez da, beraz, ekintza logikoa beste ekintza logikoen artean, edo haien arteko eskas edo marketsena; baina bere barruan dituen altxor guztiak ateratzen dakienak ez ditu hartaz kanpo bilatu beharko logikotasunaren beste zehaztapenak, zeren eta oharkizunetik bikoizten baitira (eta hura bera da bikoizpen sintetiko hau) egiatan gertatuari buruzko kontzientzia, bere literatur tankera nagusietan Historia izena hartzen duena, eta unibertsalari buruzko kontzientzia, bere tankera nagusietan Sistema edo Filosofia izena hartzen duena: eta filosofiak eta historiak, haien sorleku eta bizilekua diren oharmenezko juzkuaren lokarri sintetikoagatik behintzat, filosofoek filosofia eta historia bat eginez aurkitu duten batasunik gorena osatzen dute, zentzu oneko gizonek beren erara ere aurkitzen dutena ohartzen direnean airean zintzilik dauden ideiak mamuak direla, eta egia den eta ezagutzea merezi duen gauza bakarra gertatzen diren egitateak, egitate egiazkoak dira. Orobat, oharmenak (oharkizun ugariek) azal dezake zergatik giza adimena lehiatzen den haietatik kanpo irtetera eta haien gainean jartzera molde eta lege mundu bat, neurriek eta erlazio matematikoek gobernatua; hau da, zergatik sortzen diren, filosofiaz eta historiaz harantzago, natur zientziak eta matematikak.

Nire hemengo eginbeharra ez da Logikazko zirriborro bat ematea, Estetikazko bat eman dudan eta ematen ari naizen bezala; eta horregatik, Logikaren koadroa, eta adimenezko, oharmenezko edo historiazko ezagutzarena, zehazteari eta garatzeari utzita, bilakaeraren hariari helduko diot berriro, baina oraingoan ez izpiritu artistiko eta intuitibotik, baizik eta irudia oharkizunaren bidez landuz izpiritu intuitiboa gainditu duen izpiritu logiko eta historikotik. Asebidea aurkitzen al du era honetan izpirituak? Jakina: mundu guztiak ezagutzen ditu jakintzak eta zientziak ematen dituzten asebide bizi-biziak; mundu guztiak froga bidez daki nolako irrika sortu ohi den guregan errealitatearen aurpegia, geure liluraldiek ezkutatua, aurkitzeko; eta, aurpegi hori ikaragarria izanik ere, aurkikuntza horri ez zaio falta egiaren jabe izateak ematen duen atsegin sakona eta asebidea. Baina, asebide hori, arteak ematen duena ez bezala, osoa eta helmugakoa ote? Errealitatea ezagutzeak ematen duen asebidearen ondoan ez al da ernatzen, beharbada, ezinasea ere? Hau ere egia da erabat, eta ezagutu izanak ematen duen ezinasea ekintzarako irrikaren bidez azaleratzen da (mundu guztiak esperientziaz dakien bezala): ondo dago gauzen egiazko egoera ezagutzea, baina ekiteko; mundua ezagutzea, ezin hobeto, baina hura aldatzeko: tempus cognoscendi, tempus destruendi, tempus renovandi. Gizon bakar bat ere ez da gelditzen ezagutzarekin, ezta eszeptiko edo ezkorrek ere, zeinek ezagutza horren ondorioz honelako edo halako jarrera, honelako edo halako bizimodua hartzen baitute. Eta jasotako ezagutzak finkatzea bera, "ulertu" ondoren "uste izate" hori, zeinen faltan (Dantek esango lukeen eran) "ez baita zientziarik egiten", molde eta legeak eta neurri-kanonak eratzea, zientzia natural eta matematikoak, duela gutxi aipatu ditudanak, teoriaren egitatea atzean utzi eta ekintzaren egitatera igarotzea zen. Eta mundu guztiak daki, froga bidez, eta egitateen azterketaz egiazta dezake gauzak horrela direla; eta ez hori bakarrik: pixka bat pentsatuz gero, argi dago ezin zitekeela bestela izan. Behiala uste zen (eta orain ere askok, platonikoek, mistikoek eta jakingabeko aszeta askok uste dute) ezagutzea arima Jainko batengana, Ideia batera altxatzea zela, ideiazko mundu batera, giza mundu fenomenikoaren gaineko Absolutu batera; eta gauza naturala zen arima, naturaren kontrako ahalegin batez bere burutik urrundu eta gero goreneko esfera horretara iristen zenean, lurrera zozotuta itzultzea: han geratu behar eta ahal zuen, betiko zoriontsu eta geldi; gogoeta horrek, jadanik gogoeta ez zenak, errealitate bat zeukan parez pare, egiatan errealitate ez zena. Baina, ezagutza lurrera jaitsi zenez geroztik (Vico, Kant, Hegel eta antzeko beste autore heresiarka batzuk), eta errealitate geldi baten kopia zurbil moduan hartzen ez denez geroztik, eta bai ordea ideia abstraktuak ez baina kontzeptu zehatzak -silogismo eta juzku historikoak, errealitateari buruzko oharkizunak direnak- sortzen dituen giza lan etengabe baten moduan, praktika ez da jadanik ezagutzaren apaltzea irudikatzen duen zerbait, zerutik lurrera edo paradisutik infernura berriz erortzea, ez eta erabaki daitekeen edo absteni gaitezkeen zerbait; aldiz, teoriarekin bateratsu doa, teoriaren ezinbesteko baldintza bezala: nolako teoria halako praktika. Gure pentsamendua mundu historiko bati buruzko pentsamendu historikoa da, garapen baten garapena; eta errealitate bat epaitu orduko, epai horrek ez du balio, beste errealitate bat eragin duelako, beste epai bat behar duena. Beste errealitate bat, bizitza ekonomiko eta morala dena, eta gizon adimenduna gizon praktiko bilakarazten duena, politikoa santu, industrigizona heroi, eta sintesi a priori logikoa sintesi a priori praktiko bihurtzen duena; baina, halere, beti sentipen berri bat, irrikatze berri bat, grinatasun berri bat dena, zeinetan izpiritua bera ere ezin baita gelditu, eta, batez ere, gai berri bezala intuizio berri bat, lirika berri bat eta arte berri bat eskatzen dituena.

Horrela, sortaren azken buruko osagaia bat egiten da (hasieran adierazi dudan bezala) lehenengo osagaiarekin, zirkulua itxi egiten da eta ibilbidea berriz hasten: ibilbide hori egindako bidea berriz ibiltzea da; hemendik dator Vicok asmatu eta klasiko bihurtutako kontzeptu bat, "berribilera" alegia. Paratu dudan azalpenak ongi argitzen du artearen burujabetasuna, bai eta, orobat, zergatik mendeko iruditu zaien doktrina okerrak (hedonistikoak, moralistak, kontzeptualistak, etab.) sostengatu dituztenei; doktrina horiek kritikatu ditut lehenago, baina kritikatzearekin batera ohartaraziz, bestalde, haietako bakoitzak zerbait egiazkoa seinalatzen zuela. Galdetzen bada izpiritu-iharduera desberdinen artetik zein den erreala, edo denak errealak ote diren, erantzun behar da bakar bat ere ez dela erreala, zeren eta iharduera horien guztien iharduera bakarrik baita erreala, eta hori ez datza haietakoren batean edo bestean: apurka-apurka bereiztu ditugun sintesi desberdinen artetik -sintesi estetikoa, sintesi logikoa, sintesi praktikoa-, sintesien sintesia baino ez da erreala, egiazko Absolutua den Izpiritua, actus purus delakoa. Baina, beste alde batetik eta arrazoi beragatik, denak dira errealak, izpirituaren batasunean, haien betiereko jarraitubehar eta errealitatea den ibiltze eta berribiltzean. Arrazoia dute artearen barruan kontzeptua, historia, matematika, moldea, moraltasuna, atseginbidea eta beste edozein gauza ikusten dituztenek, artean gauza horiek guztiak daudelako, izpirituaren batasunaren indarrez; are gehiago, horiek denak egoteak, eta artearen aldebakartasun indartsuak, bai eta beste edozein forma berezirenak ere -denak bakar batera biltzen dituenak-, azaltzen ditu batetik bestera egiten den igarotzea, forma bat bestean burutzea, eta haien garapena. Baina lehenagoko horiek oker ere badaude (bereizketaren indarrez, batasunaren osagai banaezina baita), elementu haiek guztiak aurkitzen dituzten moduagatik, denak abstraktuki parez pare edo mordoiloan. Izan ere, kontzeptua, moldea, kopurua, neurria, moraltasuna, baliagarritasuna, atseginbidea eta oinazea artean daude arte den neurrian, edo aurrekari edo atzekari bezala, edota, hobe esateko, aurrekari eta atzekari bezala; horregatik, aurreuste (erori eta ahaztuak, De Sanctisek asko maite zuen esapidea erabiliz) edo aurresentipen bezala daude hor. Aurreuste hori gabe, aurresentipen hori gabe, artea ez litzateke artea izango; baina, era berean, ez litzateke artea izango (eta izpirituaren beste forma guztiek horren eragina jasango lukete), baldintza horiek ezarri nahi balitzaizkio arteari artea den neurrian, berau intuizio hutsa baino ez baita eta ezin baita izan. Artista beti da moralki errugabea eta filosofikoki gaitzestezina, baita bere arteak maila txikiagoko morala eta filosofia gai baditu ere: artista den aldetik, ez du ekiten eta ez du arrazoitzen, aldiz, koblatzen, margotzen, kantatzen du, edo, labur esanda, bere burua adierazi egiten du; bestelako irizpiderik hartuko bagenu, berriro gaitzetsiko genuke poesia homerikoa, hamazazpigarren mendeko kritiko italiarrek eta Louis XIV.aren garaiko kritiko frantsesek egiten zuten bezala sudurra zimurtzen zutenean beraiek "usadio" deitzen zutenaren aurrean, hots, heroi borrokazale, berbajario, gogortzale, anker eta gizabide gutxikoen aurrean. Egin daiteke, noski, Danteren poeman datzan filosofiaren kritika, baina kritika hori Danteren artearen lurpean barnatuko da, sator-zulo batetik bezala, eta kalterik gabe utziko du lurra, artea baita, beraz; deuseztu ahal izango du Niccolò Macchiavellik Danteren ideial politikoa, askatzaile gisa gomendatuz, ez naziogaineko enperadore edo aitasantu bat, baizik tirano edo printze nazional bat; baina ezingo du goiasmo haren lirika danteskoa deuseztu. Eta, era berean, gomendatu ahal izango da ume eta gaztetxoei ez erakustea eta ez irakurtzen uztea halako pintura batzuk, halako elaberri batzuk eta halako drama batzuk; baina gomendio hori eta debeku hori esfera praktikoan gertatuko da eta eragina izango du, ez artelanetan, baizik artearen erreprodukziorako tresna diren liburu eta oihaletan; berauek, lan praktikoak direlarik, merkatuan urrearekin edo gariarekin pareka daitekeen salneurria jaso ere jasotzen duten era berean, kabinete edo armairu batean gordeak ere izan daitezke, bai eta erreak ere "hutsalkerien su" batean Savonarolaren modura. Ondo ulertutako batasunak, aldi berean bereizketa zorrotz ere badenak, hona hemen zer galarazi eta ekidin behar duen: hots, azalpenaren fase desberdinak gaizki ulertutako batasun-bultzada bategatik nahastea, moralak artea mendera dezan nahi izatea, non eta arteak hura menderatzen duen ekintza berean, edota arteak zientzia mendera dezan, non eta zientziak hura menderatzen, hau da, gainditzen duen ekintza berean, edo bizitzak berak artea lehendik ere menderatu eta gainditu duenean.

Galarazi eta ekidin behar du, baita ere, zirkuluko maila desberdinen zehaztapen antolatuak posible bihurtzen duelako ulertzea ez bakarrik izpirituaren forma desberdinen beregaintasuna eta mendekotasuna, baina orobat haietako batak besteetan antolaturik irautea. Alde horretatik azaltzen zaizkigun arazoen artetik, komeni zait bat aipatzea, edo berriz ukitzea, lehenago ere aipatu dut-eta: fantasiaren eta logikaren, artearen eta zientziaren arteko harremana. Arazo hori, funtsean, poesiaren eta prosaren arteko bereizketaren bilaketa bezala agertzen den berbera da: bai behintzat aitortu denetik (eta aurkikuntza hau goiz egin zen, Aristotelesen Poetika-n bertan ikusten baita) bereizketa hori ez dela oinarritu behar hitz lau edo neurtuaren irizpidean, daitekeena delako hitz lauzko poesia (elaberri eta dramak, adibidez) eta hitz neurtuzko prosa (poema didaskaliko eta filosofikoak, adibidez) egotea. Oinarri izan behar duen irizpidea barnekoagoa izango da, hots, lehenago argitu dena, irudia eta oharmenarena, intuizioa eta juzkuarena; eta poesia irudiaren adierazpena izango da, eta prosa juzkuaren edo kontzeptuaren adierazpena. Baina, egiazki, bi adierazpen horiek izaera berekoak dira, adierazpen diren heinean, eta biek balio estetiko berbera daukate; ezen poeta bere sentimenduen lirikoa bada, prosagilea ere bere sentimenduen lirikoa da, hots, poeta, kontzeptuaren bilaketan eta bilaketatik sortzen zaizkion sentimenduena bederen. Eta ez dago inolako arrazoirik poeta maila onartzeko soneto baten egileari, eta ukatzeko Metafisika, Summa theologica, Zientzia berria, edo Izpirituaren Fenomenologia moldatu dituztenei, edota Peloponesoko gerlako historiak, Augusto eta Tiberioren politikarenak, edo "historia unibertsala" kontatu dituztenei, obra horietan guztietan edozein poema edo sonetotan bezainbesteko grina eta adierazpen-indar lirikoa dagoelako. Hortaz, kalitate poetikoa poetari bakarrik onartuz eta prosagileari ukatuz egin diren bereizketa guztiak konpara litezke mendi erpinera neke handiz eraman eta gero berriz haranera oldarrean amiltzen diren harkaitz batzuekin. Jakina, bistan da badagoela desberdintasun bat; baina, hura zehazteko, ez da komeni poesia eta prosa bereiztea logika naturalistaren moduan, bi kontzeptu koordinatu eta sinpleki elkarri kontrajarriak daudenak balira bezala; aldiz, komeni da poesiatik prosarako igaroaldi bezala hartzea. Eta, igaroaldi horretan, hala nola poetak, izpirituaren batasunaren indarrez, grinazko gai bat landu ezezik grinatasun horri poetaren grinatasun maila (artearekiko grina) ematen baitio, era berean pentsalari edo prosagileak, grinatasun horri zientziarekiko grinatasun maila emateaz gain, indar intuitiboari eusten dio, eta horrela haren juzkuak haien inguruan dagoen grinatasunarekin batera irteten dira adierazita, hots, haien izatasun zientifikoarekin batera izatasun artistikoa ere dutelarik. Eta guk beti antzeman dezakegu izatasun artistiko hori, jakintzat emanez izatasun zientifikoa, hau da, berau eta zientziaren kritika albo batera utziz, honek hartu duen forma estetikoaz gozatzeko; hori dela eta, zientzia aldi berean sartuta dago, modu desberdinetan bada ere, bai zientziaren historian eta bai literaturarenean, eta, bestalde, burukeria da gutxienez erretorikoek zerrendatzen dituzten poesia moeten artean sartu nahi ez izatea "prosaren poesia", sarritan askoz poetikoagoa izan arren hainbeste poesiaren poesia handinahi baino. On izango da orain berriro aipatzea lehenago bidenabar atera dudan tankera bereko beste arazo bat: artearen eta moralaren arteko harremana, batak bestearekin duten berehalako lotura bezala ukatua izan dena, baina orain berretsi behar dena, ohartaraziz ezen poetak beste edozein grinatasunetik bere burua askatzen duenean artearekiko grina mantentzen duen bezala, honekin batera mantentzen duela betebeharrari (artearekiko betebeharrari) buruzko kontzientzia, eta poeta oro, sortzen duen ekintzan, morala dela, egiteko sakratua betetzen duelako.

Izpirituaren forma desberdinen antolakera eta logikak, haietako bakoitza besteetan beharrezko bihurtuz eta, beraz, den-denak beharrezkoak izanik, argi uzten du oker egiten dela haietako baten izenean beste bat ukatzen denean: oker hori arteari eta poesiari uko egiten dieten filosofo (Platon), moralista (Savonarola edo Proudhon) eta naturalista eta gizon praktikoarena (hainbeste izanik, ezin izenik eman!) da; eta, orobat, tragedian hainbeste "erromantikok" eta komedian gure egunotako hainbeste "dekadentek" egiten duten bezala, kritika, zientzia, praktika eta moralaren aurka altxatzen den artistarena ere. Oker eta erokeria horiek, hala ere, nolabait barkakizun direla onar dezakegu bide batez (inor nahigabeturik ez uzteko gure metodoari jarraituz beti), bistan dagoelako eduki positiboa daukatela beren negatibotasunean bertan, halako kontzeptu faltsu batzuen edo artearen eta zientziaren, praktika eta moralaren adierazpen batzuen aurkako errebolta bezala (Platon, adibidez, poesia "jakintza" dela dioen ideiaren aurka; Savonarola Italiako Berpizkunde Aroko zibilizazioaren aurka, austeritate gabea zelako eta, horregatik, harjoa eta laster usteldu behar zena, etab.). Baina erokeria egiten da, halaber, pentsatzen denean arterik gabe filosofiak huts egingo liokeela bere buruari, bere arazoak baldintzatzen dituena faltako litzaiokeelako, eta, bera bakarrik artearen aurka baliaraztearren, arnas daitekeen airea ere kendu egingo litzaiokeela; eta praktika ez dela praktika, nahikarien, eta, esaten den bezala, "goiasmoen" eta artea den "irudikatze maitagarriaren" bitartez mugitzen eta biziagotzen ez bada; eta, alderantziz, moraltasunik gabeko artea -dekadenteen artean "edertasun hutsa" titulua lapurtu duen artea, zeini intsentsuak erretzen baitzaizkio deabruzko idolo bati egindako akelarre batean bezala-, bera jaiotzen den eta inguruan duen bizitzan moraltasunik ez egotearen ondorioz, arte bezala desegiten eta nahikeria, lizunkeria eta hitz-jario bilakatzen da; eta artistak ez dio orduan arteari zerbitzen, eta bai ordea arteak, jopu doilor baten antzera, haren interes pribatu eta hutsalei.

Bestalde, zirkuluaren ideia guztiz baliagarria izanik artearen eta izpirituaren beste formen beregaintasun harremanak argitzeko, haren eragozpen gisa esan izan da azaltzen duela izpirituaren lana egite eta desegite aspergarri malenkoniatsu bat bailitzan, bere buruaren inguruan biraka ibiltze betiberdin bat bailitzan, inolako nekerik merezi ez duena. Eta, jakina, ez dago metaforarik parodiari eta karikaturari leku uzten ez dienik; dena dela, hauek, une batez alaitu gaituztelarik, serio itzularazten gaituzte metaforan adierazita dagoen gogoetara. Eta gogoeta hori ez da berribiltzean ibiltzearen errepikapen antzuari buruzkoa, bestea baizik, argi dagoen bezala, hots, berribiltzean eta berribiltzeen berribiltzeetan ibiltzearen etengabeko aberastearena. Azken osagaia, berriz lehena dena, ez da orain lehenagoko lehena, baizik eta aurkezten da lehenagoko lehenak ez zeukan kontzeptu aniztasun eta zehaztasun batez, bizi izandako bizi esperientzia batez, bai eta so egindako artelan esperientzia batez ere; eta gaia ematen dio arte goragoko, finduago, konplexuago eta helduago bati. Horrela, beti berdina den etengabeko bira bat izan ordez, zirkuluaren ideia aurrerakuntzaren ideia filosofiko egiazkoa bera da, izpirituaren eta errealitatearen beraren hazkunde amaigabearena, zeinetan ezer ez baita errepikatzen hazkundearen forma izan ezik; non eta ibiltzen ari den gizon bati ez zaion aurpegiratzen bere ibilera hori egote bat dela, hankak beti erritmo berberaz mugitzen dituelako!

Sarritan aurkitzen da ideia berari egiten zaion beste eragozpen bat edo, zehazkiago, beste errebolta-saio bat: egonezina sortzen dela batzuengan edo askorengan, ahaleginak egiten dituztenean bizilege den zirkulutasuna hautsi eta gainditzeko eta antsiaz beteriko ibileratik atseden hartzea eta, itsasotik kanpo, hegitik uhin arriskutsuei errezeloz begiratzea posible den bazter batera iristeko. Baina lehenago aukera izan dut atseden hori zer den esateko: errealitatearen ukapen garbia, haren gorapen eta goralpen itxurarekin; eta bazter horretara iristen da, bai, baina heriotzari deitu egiten zaio: norbanakoaren heriotzari, ez ordea errealitatearenari, berau ez baita hiltzen, eta bere ibiltzearekin nekatu ez baizik gozatu egiten baitu. Eta beste batzuek zirkulua askatzen duen izpiritu-forma goragoko batekin egiten dute amets, forma horrek izan beharko lukeelarik Gogoetaren Gogoeta, Teoretikoaren eta Praktikoaren batasun, Maitasun, Jainko, edo nahi bezala deitu; eta ez dira konturatzen gogoeta hori, batasun hori, Maitasun hori eta Jainko hori badaudela zirkuluan eta zirkuluagatik, eta alferrik ari direla berritzen lehendik burura iritsi den bilaketa bat, edo aurkituta dagoena metaforizatuz errepikatzen ari direla, mundu bakarraren drama irudikatzen duen beste munduaren mitoaren barruan ia.

Drama hori marraztu dut orain arte, den bezala, ideala eta denboraz kanpokoa, lehenaz eta ondorenaz baliatuz hitzen egokitasun hutsagatik ordena logikoa zehazteko: ideala eta denboraz kanpokoa, ez dagoelako ez unerik ez norbanakorik ere zeinetan hori osorik ospatzen ez den, hala nola ez dagoen unibertso osoan Jainkoaren izpirituaren arnasa hartzen ez duen partikularik. Baina une idealak, drama idealean zatikaezinak izanik, zatikatuta bezala ikus daitezke errealitate enpirikoan, bereizketa idealaren ikur sendo baten modura ia. Ez daude egiatan zatikatuta (idealtasuna egiazko errealitatea da), baina enpirikoki horrela agertzen zaizkio motak bereiztuz so dagoenari, eta bere arretagai diren egitateen banakotasuna motatan zehazteko daukan modu bakarra bereizketa idealak gizendu eta exajeratzea da. Horrela, badirudi bata bestearengandik bereiz bizi direla artista, filosofoa, historiaria, naturalista, matematikaria, negoziogizona eta gizon zintzoa; eta bata bestetik bereiz eratzen direla kultura artistiko, filosofiko, historiko, naturalista, matematiko, bizitza ekonomiko eta etikari dagokienaren esfera eta haiei lotuta dauden erakunde ugariak; bai eta gizateriak mendez mende izan duen bizitza arotan banatzen dela, zeinetan irudikatuta baitaude forma idealetako bat, bestea edo bakar batzuk besterik ez: aro fantastikoak, erlijiosoak, espekulatiboak, naturalistak, industrialak, grina politikaz beteak, sutsualdi moralez beteak, plazerrarekiko adorazioz beteak, etab.; eta aro horiek badauzkate beren ibiltze eta berribiltzeak, osoak edo ez hain osoak. Baina, norbanakoen, klaseen eta aroen itxurabatasun horretan, historialari-begia daukanak etengabeko desberdintasuna antzematen du; eta filosofo-kontzientzia daukanak, desberdintasunean dagoen batasuna; eta filosofo-historialariak, desberdintasun eta batasun horretan, aurrerabide ideala ikusten du, aldi berean aurrerabide historiko bezala.

Baina, hitz egin dezagun guk ere une batez enpirikoen modura (zeren eta enpirismoa, horrelakorik egonez gero, zerbaitetarako baita baliagarria); eta galde diezaiogun geure buruari zein moldetan sartzen den gure aroa, edota atzean uzten ari garena; zein den haren ezaugarri nagusia. Galdera horri segituan erantzungo zaio, aho batez, kulturan naturalista izan dela eta praktikan industriala; eta, adostasunez ere, ukatuko zaizkio handitasun filosofikoa eta handitasun artistikoa. Baina (eta hara nola enpirismoa arriskuan dagoen) aro bat bera ere ezin bizi daitekeenez gero filosofiarik eta arterik gabe, gure aroak ere izan du bai bata eta bai bestea, eduki zitzakeen moduetan. Eta haren filosofia eta haren artea, azken hau zuzenean eta bestea zeharka, gogoetaren aurrean kokatzen dira gure aroa bere konplexutasun eta osotasunean egiaz izan den horren dokumentu bezala; dokumentu horiek interpretatuz argitu ahal izango dugu zein puntutan sortu behar duen gure eginbeharrak.

Arte garaikidea, sentsuala, ase-ezina gozamenduekiko irritsean, ideal boluptatetsu moduan edo nagusikeria eta ankerkeriazko ideal moduan agertzen den aristokrazia gaizki ulertu baterantz hurbiltzeko saio ilunez zeharkatua; batzuetan irrikaz nahi duena mistikotasun aldi berean berekoi eta boluptatetsu baterantz abiatu; federik ez duena Jainkoarengan ez eta pentsamenduan ere, sinestegabe eta ezkorra -eta askotan guztiz ahaltsua aldarte horiek zabaltzen-; arte hori, moralistek alferrik gaitzirizten dutena, bere sakoneko motiboetan eta bere sorreran ulertua izatera iristen denean, ekintzaren beharrean egongo da, eta horrek ez du berriro artea gaitzetsi, zapaldu edo zuzenbideratuko, eta bai ordea bizitza zuzenbideratuko moraltasun osasungarri eta sakonago baterantz, berau edukian nobleagoa eta, hau ere esango nuke, filosofia nobleagokoa izango den arte baten ama izango delarik. Nobleagoa gure aroa baino, berau ez baita gai ez bakarrik erlijioa, zientzia eta, orobat, bere burua, baina ezta artea bera ere azaltzeko, artea misterio sakon bihurtu delako, edo, areago, trakeskeria ikaragarri batzuen gai, positibista, neokritiko, psikologo eta pragmatikoen eraginez, zeinek orain arte irudikatu baitute, haiek bakarrik, filosofia garaikidea, arteari buruzko kontzepturik kaskar eta baldarrenetara jaitsiz (indarberritzeko eta arazo berriak umotzeko, noski!).