Estetika brebiarioa/IV. Artearen kritika eta historia

Wikitekatik
Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
IV. Artearen kritika eta historia
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


IV. Artearen kritika eta historia


Askotan, artisten ikuspegitik, literatur eta arte kritika pedagogo erretxindu tirano bat da, agindu kapritxosoak ematen, debekuak ezartzen eta lizentziak ematen dituena, eta haien obrei mesedea edo kaltea ekartzen diena, bere apeten arabera haien fortuna baldintzatuz. Horregatik, artistak, edo haren ondoan jartzen dira, otzan, apalik, lausengari, losintxari, nahiz eta beren bihotzean hura gorrotatu, edota, haien helburua lortzen ez dutenean edo beren harrotasunak debekatzen dienean gortesau-arte horien mailara jaistea, haren aurka altxatzen dira baliagarritasuna ukatuz, kritikalaria irainduz, haren lepotik iseka eginez, eta gonbaratuz eltzegilearen lantokira sartu eta eguzkitan lehortzen ari ziren artelan hauskorrak bere quadrupedante ungulae sonitu-az txikitzen dituen astoarekin. Oraingo honetan, egia esateko, artistek dute errua, ez dakitelako kritika zer den, eta honek eskaini ezin ditzakeen mesedeak itxaroten dituztelako eta eragin ezin ditzakeen kalteak jasotzeko beldurrez daudelako: argi egonik kritikalari batek ezin duela artista bihurtu artista ez dena, era berean, kritikalari batek ez dauka, ezintasun metafisikoagatik, artista den halako artista bat porrokatzerik, suntsitzerik ez eta arin mailatzerik ere. Honelakorik ez da inoiz gertatu historian zehar, ez da gertatzen gure garaiotan, eta espero izatekoa da etorkizunean ere ez dela gertatuko. Baina beste batzuetan, ordea, kritikariak, edo kritikari ustekoak dira egiatan pedagogo, orakulu, arte-gidari, legegile, igarle eta profeta jokabidea hartzen dutenak; eta hau bai eta beste hori ez egiteko agintzen diete artistei, gaiak jartzen dizkiete, poetikotzat jotzen dituzte materia batzuk eta besteak ez, oraingo egunetan egiten den arteari muzin egiten diote, eta iraganeko beste garai batean edo bestean egiten zenaren antzekoa nahi lukete, edota beste bat, etorkizun hurbil edo urrunean ikustatzen omen dutena; eta kargu hartzen diote Tassori Ariosto ez delako, Leopardori Metastasio ez delako, Manzoniri Alfieri ez delako, D’Annunziori Berchet edo frai Iacopone ez delako; eta etorkizuneko artista handiaren eskema marrazten dute, hornitzen dutelarik etikaz, filosofiaz, historiaz, hizkuntzaz, metrikaz, prozedura koloretsu eta arkitektonikoz eta, haien ustez, beharrezkoa den guztiaz. Eta oraingoan argi dago errua kritikalariak duela; eta artistek arrazoia dute, horrelako basapiztia baten aurrean, basapiztiekin ohi den bezala jokatzen dutenean, otzandu nahirik, engainatuz edo liluratuz, hura beren zerbitzuan jartzeko, edota harrapatu eta hiltegira bidaliz inolako zerbitzutarako onak ez direla erakusten dutenean. Dena dela, kritikaren ohorez erantsi behar da kritikalari apetatsu horiek kritikalariak baino areago artistak direla: porrot egindako artistak; zaletasun handiz irrikatzen dute halako arte mota bat, beren zaletasuna hutsa eta kontraesankorra zelako edota beren ahalak huts egiten zielako erdietsi ezin izan dutena; eta beren goiasmoa bete ez izanagatik arima mingostuta dutelarik, ez dakite hartaz hitz egiten baino, deitoratzen dute nonahi haren hutsunea eta nonahi eskatzen haren presentzia. Batzuetan, aldiz, ez dira porrot egindako artistak inondik ere, bete-beteko artistak baizik, baina beren nortasunaren indarragatik beragatik gauza ez direnak beren baitatik irteteko, beraienak ez bezalako beste arte mota batzuk ulertzearren, eta, beraz, beste arte mota horiek gogorkeriaz arbuiatzeko jarrera hartu ohi dutenak; horrelako ukapenak lagun du odium figulinum edo artistak artistarekiko duen jelosia, ondamua, zeina zalantzarik gabe akatsa baita, baina artista baliotsu askok erakutsi duten akatsa, eta horregatik ez zaie ukatu behar emakumeen akatsen aurrean izan ohi den barkaberatasuna -emakumeen akats horiek, jakina den bezala, nekez banan daitezke haien maitagarritasunetik-. Beste artistek honako hau erantzun behar liekete lasaitasunez artista-kritikari horiei: "Jarrai ezazue zuen arteaz horren ondo egiten duzuena egiten, eta utzi guri egin dezakeguna egiten"; eta porrot egindako artista eta itsumustuko kritikalariei, ordea: "Ez guri eskatu egin dezagula zuek egiten jakin ez duzuena, edota etorkizuneko obra izan behar duena, ez baitakigu horretaz ezer, ez guk, ez eta zuek ere". Egiatan, ordea, ez da horrela erantzuten, grinak sartzen baitira tartean; baina hori da erantzun logikoa, eta erantzun horrekin amaitzen da logikoki auzia, baina pentsatzekoa da ika-mika hau ez dela amaituko; aitzitik, artistak, artista intoleranteak eta porrot egindakoak dauden bitartean iraungo du, hau da, betiko.

Badago kritikari buruzko beste ulerbide bat, aurrekoa pedagogoaren eta tiranoaren bidez aditzera ematen zen bezala, auzi-maisuaren eta epailearen bidez agertzen dena; honek kritikari ematen dion egitekoa ez da artearen bizitza suspertu eta zuzentzea -berez, horrela esan nahi bada, historiak bakarrik suspertzen eta zuzentzen baitu, hots, izpirituak bere ibilbide historikoan egiten duen ekintzak, osotasunean hartuta-, ezpada, soilik, jadanik sortuta dagoen artearen barruan zer den eder eta zer itsusi bereiztea, eta ederra dena onetsi eta itsusia gaitzestea bere epai latz burutsuen solemnitateaz. Baina beldur naiz beste definizio honekin ere ez zaiola kenduko kritikari alferrikakoa izateko salaketa, baita salaketa horrek motibazioa aldatzen badu ere. Kritika beharrezkoa al da benetan zer den ederra eta zer itsusia bereizteko? Artegintza bereizketa horixe da berez, hain zuzen ere, zeren eta artistak, adierazpenaren garbitasun hutsera iristeko, itsusia dena baztertzen baitu, garbitasun huts hori zikintzeaz mehatxatzen duelako; eta itsusia den hori bere gizon-grinak dira, arte-grina hutsen aurkako zalaparta ateratzen dutenak, bere ahulkeriak dira, bere aurriritziak, bere probetxuak, axolarik ez hartzea, bizkor ihardutea, begi bat artearentzat eta bestea ikuslearentzat, argitaratzailearentzat edo enpresariarentzat edukitzea: gauza hauek guztiek galarazi egiten diote artistari bere irudi-adierazpena ernaltzea eta behar bezala munduratzea, poetari soinu ederrez eta sormenez beteriko bertsoa ontzea, pintoreari marrazki segurua eta kolore harmoniatsua taiutzea, musikagileari melodia osatzea; eta horren kontrako babesik hartzen ez badute, bertso ozen baina hutsak, okerrak, desarmoniak eta soinugaitzak agertuko dira beren obretan. Eta, artista sortze-ekintzan bere buruaren epaile, eta epaile oso zorrotza izanik, ezertxok ere ihes egiten ez diona -ezta besteei ihes egiten dienak ere-, gainerakoek berehala eta oso ongi nabaritzen dute, berezko behaketan, artista non izan den artista eta non gizona, gizon gizaxoa; zein obratan edo obra zatitan diren errege berotasun lirikoa eta irudimen sortzailea, edo non hoztu diren lekua utziz beste gauza batzuei, artea izateko itxurak egiten dituzten eta horregatik (itxurakeria horren ikuspegitik hartuta) "itsusi" deitzen direnei. Zertarako da kritikaren epaia, epaia jadanik eman dutenean jeinuak eta gustuak?; eta jeinua eta gustua samalda dira, olde dira, elkar-aditze orokor eta mendez mendekoa. Hain da hori egia, ezen kritikaren epaiak beranduegi iristen baitira beti: goresten ditu jadanik oniritzi orokorrak (eta ez nahastu oniritzi soila munduaren txaloarekin edo zaratarekin, loriaren iraunkortasuna fortunaren iragankortasunarekin) solemneki goretsi dituen tankerak; eta gaitzesten ditu jadanik gaitzetsita, arbuiatuta eta ahaztuta dauden itsustasunak, edota hitzez laudatuta daudenak, bai, baina kontzientzia txarrarekin laudatuta, alderdikeriagatik edo harrokeriazko setagatik. Kritikak, auzi-maisutzat hartzen denean, hildakoa hil egiten du edo guztiz bizirik dagoen biziari putz egiten dio aurpegira, pentsatuz jainko bizi-emailearen arnasa dela putz egite hori; hau da, alferreko gauza bat egiten du, alferrekoa lehendik ere gauza eder eta egina delako. Galdetuko nuke ea kritikalariak izan ote diren Danteren, Shakespeareren edo Michelangeloren handitasuna finkatu dutenak, ala irakurle eta ikusle samaldak izan ote diren. Eta handi horiek goraipatu eta goraipatu dituzten samalda horiei, naturala den bezala, eransten bazaizkie lanbideko literaturgileak eta kritikalariak, goraipamen horiek denak berdinak dira, baita umeenak eta herriarenak ere, denak gertu baitaude beren bihotza edertasunarentzat irekitzeko; izan ere, edertasunak mundu guztiari hitz egiten dio, non eta ez den isiltzen erdeinuagatik, kritikari-epaile baten aurpegikera zorrotzari erreparatzean.

Horrela, kritikari buruzko hirugarren ulerbide bat sortzen zaigu: interpretazio edo iruzkin hutsa den kritika; kritika honek txiki bihurtu behar du bere burua artelanaren aurrean eta mugatu bere zereginak: koadroari hautsa kentzen, argi on baten azpian ipintzen, pintatua izan zen garaiari edo irudikatzen dituen gauzei buruzko argitasunak ematen dituenaren pare edota poemaren hizkuntz formak, aipamen historikoak eta berezko eta pentsamenduzko oinarriak azaltzen dituenaren pare geratuz; kasu batean edo bestean, zeregin horiek betetzen dituenak arteari berari uzten dio eragina edukitzen, berez, ikuslearen edo irakurlearen ariman, hauek beraien barne-barneko gustuaren arabera epai dezaten. Kasu honetan, kritikaria bide-erakusle jakintsu baten edo eskola-maisu eroapentsu eta sotil baten antzekoa litzateke; "kritika irakurtzen irakasteko artea da": horrela definitu zuen, hain zuzen ere, kritikalari ospetsu batek; eta definizioa ez zen oihartzunik gabe geratu. Gaur egun inork ere ez du ukatzen museo eta erakusketa gidalarien edo irakurketa-maisuen baliagarritasuna, eta are gutxiago gidalari eta maisu jakintsuena, gauza asko dakizkitelako, jende gehienarentzat ezezagunak, eta jakinbide handiak eskain ditzaketelako. Guregandik urrunagoko arteak ez ezik, iragan hurbilekoak ere, garaikidea deitzen den horrek ere behar du era honetako laguntza, begien bistakoak diruditen gaiak ukitu eta formak eskaini arren ez delako beti behar bezain jakinekoa; izan ere, batzuetan beharrezkoa izaten da ahalegina egitea, eta ez ahalegin txikia inondik ere, jendea prestatzeko halako poematxo baten edo beste edonolako artelan baten edertasunaz jabe dadin, atzo bertan sortuak izan arren. Aurriritziak, usadioak eta ahazmenak hesi batzuk dira, obretara iristea oztopatzen dutenak; eta interpretatzailearen edo iruzkin-egilearen esku trebea behar da traba horiek kendu edo zuzentzeko. Esanahi honekin, kritika erabat baliagarria da egiatan; baina orduan ez da ulertzen zergatik deitu behar zaion kritika, lan mota horrek interpretazio, iruzkin edo exegesi izena duelako. Komenigarria litzateke horrela ez deitzea behintzat, oker ulertze gogaikarririk ez eragiteko.

Oker ulertzea, bai, ezen kritikak beste zerbait izatea eskatzen du, nahi du, eta da: ez artea bere mende hartu, ez ederra denaren edertasuna eta itsusia denaren itsustasuna berraurkitu, ez bere burua txiki bihurtu artearen aurrean, baizik eta handi bihurtu handia den artearen aurrean, eta, nolabait, haren gainetik egon1. Zer da, beraz, egiazko eta legezko kritika?

Hasteko, orain arte argitu ditudan hiru gauza horiek, denak batera; esan nahi baita, hiru gauza horiek haren derrigorrezko baldintzak dira, jaio ahal izateko bete behar dituenak. Artearen mementua gabe (eta artearen aurkako artea da, nolabait, ikusi den bezala, bere burua eragile eta sormen-laguntzat hartzen duen kritika edo halako sorkuntza mota batzuk gaitzesten eta beste batzuk goresten dituena), kritikak ez luke edukiko aztergairik. Gustua gabe (kritika epaitzailea), kritikalariari arte-esperientzia faltako litzaioke, hau da, haren izpirituaren barruko osagai bihurtutako artea, artea ez den horretatik bereiztua eta haren kontra gozatzen dena. Eta, azkenik, esperientzia ere faltako litzaioke exegesirik eduki ezean, hots, irudimen birsortzaileari oztopoak kendu ezean, izpirituari behar dituen ezagutza historikoak eskuratuko ez balitzaizkio, irudimenaren suan erreko den egurra baitira horiek.

Baina hemen gaudela, aurrera jarraitu aurretik, komeni da literatura filosofikoan eta pentsaera arruntean aurkitzen eta askotan azaltzen den zalantza larri bat argitzea; izan ere, zalantza horrek kolokan jarriko luke, bidezkoa den lekuan, ez bakarrik kritikarik egon ahal izatea bera, komentatzen ari garen bezala, baina baita irudimen birsortzailea eta gustua ere. Posible ote da, benetan, inoren artelana (edota geure lehenagoko obra bera, geure oroimena estutzen dugunean eta geure paperak begiratzen ditugunean, horiek sortzean nolakoak ginen gogoratzeko asmoz) erreproduzitzeko behar diren materialak biltzea, exegesiak egiten duen bezala, eta irudimenean erreproduzitzea artelan hura haren sortzezko tankeran? Amai ote daiteke behar den material osoa biltzeko lana?, eta, amaitzen bada, horren loturapean jarriko ote da irudimena birsortze-lanetan? Ez ote da, aldiz, irudimen berri baten gisa hasiko, material berria ekarriz?; edo, ez ote da horrela arituko ezinezkoa zaiolako inoren hori eta iragana egiatan erreproduzitzea? Pentsagarria ote da banakotasunaren, individuum ineffabile delakoaren erreprodukzioa, filosofia zuzen orok erakusten digularik unibertsoa bakarrik dela betierean erreproduzigarria? Hortaz, inoren edo iraganeko artelanen erreprodukzioa ez ote da ezintasun hutsa?; eta, ohiko solasaldietan ekintza baketsutzat hartu ohi dena, arteari buruzko eztabaida guztien oinarri garbi edo isila dena, ez ote da menturaz une fable convenue izango (oro har historiaz esan zen bezala)?

Arazo honen inguruan aieruka hasiz gero kanpotik begira bezala, badirudi nekez izan daitekeela sinesgarria inolako oinarririk ez daukala guztion baitan artearen ulergarritasunaren alderako dagoen fede irmoak; are gehiago, ikusten bada teoria abstraktuak eginez erreprodukzioen posibilitatea, edo, haiek dioten bezala, gustuaren absolututasuna ukatzen duten berberek tinko eusten dietela gero beren gustuetan oinarritutako iritziei, eta ondo asko dakitela zeinen desberdina den esatea ardoa gustatzen zaidala edo ez zaidala nire gorputzerako ona delako edo ez, eta halako poema ederra dela eta holakoa itsusia: izan ere, bigarren iritzi motak (Kantek analisi klasiko batean frogatu zuen bezala) badu berekin nonnahi eta noiznahi egiazkoa izateko ustea, ezin itzalduzko ustea gainera; haien eraginez odola berotu ere egiten da, eta zaldunen aroan bazegoen Jerusalem obraren edertasuna defenditzeagatik ezpata hartzeko prest zegoenik ere; aldiz, nik dakidala, inork ez du inoiz bere burua hiltzen utzi ardoa ona edo txarra dela baiezteagatik. Eta ez du balio argudiatzeak artearen ikuspegitik traketsak diren obrak jende askoren edo norbaiten gustukoak direla halere, eta bai behintzat egilearen gustukoak; izan ere, zalantzagarria da, ez bakarrik inoren gustukoak izan direla (ezer ezin baita sortu izpirituan haren oniritzirik gabe eta, beraz, horri dagokion atseginik gabe), baina orobat atsegin hori estetikoa izan dela eta gustuari eta edertasunari buruzko iritzi batean oinarrituta dagoela. Eta kanpotik begiratuz gai honek daukan zalantzagarritasun horretatik igarotzen bagara bere barrutik ikertzera, komeni da esatea erreprodukzio estetikoaren posibilitateari egiten zaion ukoa oinarrituta dagoela atomo-pilaketatzat hartzen den edo abstraktuki monadistikoa den errealitate batean, elkarren artean lokarririk ez duten eta bakarrik kanpotik armonizatuta dauden monada batzuez osaturiko errealitate batean. Baina errealitatea ez da hori: errealitatea batasun izpirituala da, eta batasun izpiritualean ezer ez da galtzen, dena betiko edukitzen den gaia da. Erreala denaren batasunik ez balego, artearen erreprodukzioa bera eta, oro har, edozein egitateren oroitzapena (intuizioen erreprodukzioa baita) ezin pentsatuzkoa lirateke; eta, Zesar eta Ponpeio gu geu izango ez bagina, hau da, behiala Zesar eta Ponpeiorengan zehaztu zen eta orain -haiek gure baitan bizi izanez- guregan zehazten den unibertsoa, orduan ez genuke izango Zesar eta Ponpeioren inolako arrastorik. Bestalde, banakotasuna erreproduziezina dela eta unibertsaltasuna bakarrik dela erreproduzigarria, filosofia "egokiaren" doktrina izango da, baina filosofia eskolastiko egokiarena, hots, unibertsala eta banakoa bereizten, bigarren hau lehengoaren eranskin (denborak barreiatzen duen hauts) bihurtzen eta egiazko unibertsala unibertsal banakotua dela eta egiaz effabilis dena ineffabilis delakoa dela -hau da, zehatza eta banakoa dena- ahazten zuen filosofiarena. Eta, azkenik, zer axola du beti eskura ez badaukagu iraganeko artelan guztiak edo haietako bat bakarra zehaztasun osoz erreproduzitzeko behar den material guztia? Iraganaren erabateko erreprodukzioa, edozein giza lanen antzera, infinituan burutzen den ideial bat da, eta, horregatik, beti burutzen da, denboraren edozein unetan errealitatearen eraketak onartzen duen moduan. Ba al dago, poemaren batean, esanahi osoa antzeman ezin dugun ñabarduraren bat? Inork ez du esan nahi izango ñabardura hori, orain asetzen ez gaituen ikuspen lausoa edukita hari buruz, ezin izango dela hobeto zehaztu etorkizunean, ikerketaren eta hausnarketaren bidez, horretarako behar diren baldintza egokiak eta horren araberako korronteak sortzen direnean.

Horregatik, gustua bere arrazoibideen egiazkotasunaz seguru dagoen neurrian, ikerketa eta interpretazio historikoa nekaezinak dira iraganari buruzko ezagutza berreskuratu, iraunarazi eta zabaltzean; utz ditzagun, beraz, erlatibistak eta gustua eta historia zalantzan jartzen dituztenak noizean behin beren oihu larriak egiten kanpoan, ez baitute inor eramaten, ez eta beren buruak ere, ikusi den bezala, juzkurik ez ematerainoko egiazko larrialdira.

Hortaz, parentesi luze baina ezinbesteko hau amaituta, eta mintzaldiaren hariari berriro helduz, artea, exegesi historikoa eta gustua, kritikaren aurreko badira ere, ez dira oraindik kritika. Izan ere, hiru osagai horiekin, irudi-adierazpenaren erreprodukzioa eta gozamena baino ez da erdiesten; hots, artista produktorearen mailara itzultzen gara hor, hain zuzen ere, bere irudia produzitzeko ekintzan. Eta maila horretatik ezin da irten, batzuek uste bezala, poetaren eta artistaren lana tankera berriaz produzitzeko burubidea hartuz, horri baliokide bat emanez, horrela kritikalaria definitzen dutelarik artifex additus artifici moduan. Ezen janzkera berriaz eginiko erreprodukzio hori itzulpena izango litzateke, aldaki bat alegia, beste artelan bat, nolabait aurrekoan inspiratua; eta, berdina balitz, erreprodukzio hutsa litzateke, erreprodukzio materiala, hitz berberekin, kolore berberekin eta doinu berberekin: bestela esanda, alferrikakoa. Kritikalaria ez da artifex additus artifici, baizik eta philosophus additus artifici: haren lana hasi, hasten da jasotako irudiak bere hartan dirauenean eta, aldi berean, harantzago ere iristen denean; lan hori gogoetaren barruan kokatzen da, fantasia gainditzen eta argi berriaz argitzen baitu, ikusi dugun bezala, intuizioa oharmen bihurtuz, errealitatea antzemanez eta errealitatetik bereiztuz. Oharmen horretan eta bereizketa horretan, hau da, beti ere kritika eta, beraz, epaia den horretan, orain bereziki jorratzen ari garen arte-kritika galdera batekin sortzen da: alegia, arazo moduan agertzen zaigun egitatea intuizio ote den eta zein neurritan, hau da, erreala ote den, eta zein neurritan ez den hori, hots, zein neurritan den irreala: errealitatea eta irrealitatea, artean edertasuna eta itsustasuna deitzen direnak, logikan egia eta okerra, ekonomian onura eta kaltea, eta etikan ongia eta gaizkia. Beraz, arte-kritika osoa ondoko proposizio laburrera bil daiteke, nahikoa izanik kritikaren beraren lana bereizteko artearen lanetik eta gustutik (beren hartan hartuta, logikoki, mutuak baitira) eta erudizio exegetikotik (sintesi logikorik ez baitu eta, beraz, mutua baita orobat): "Badago a artelan bat" -eta dagokion ukapena-: "Ez dago a artelan bat".

Hutsalkeria dirudi horrek, baina beste horrenbesteko hutsalkeria zirudien, orobat, artea intuiziotzat jotzen zuen definizioak ere, eta gero ikusi dugu zenbat gauza zituen haren barruan, zenbat baieztapen eta zenbat ukapen, hainbeste ere non ezin izan eta ezin izango baitut aipamen txikiren bat baino egin, bide analitikotik sartuta ere. Eta lehenago jarri dugun arte-kritikari buruzko proposizioak - "Badago a artelan bat"-, edozein epai edo juzkuren antzera, badu halako sujetu bat (a artelanaren intuizioa), exegesiaren eta erreprodukzio fantastikoaren langintza behar duena, gustuaren bereizpidearekin batera; eta ikusi dugu lehenago zeinen zail eta korapilatsua den hori eta, orobat, nola asko galdu egiten diren hor fantasia ezagatik edo beren kulturaren eskastasun edo axalkeriagatik. Eta, bestalde, badauka, beste edozein juzkuk bezalaxe, predikatua, kategoria bat, eta kasu honetan artearen kategoria, juzku horretan sortu behar dena eta, horregatik, arteari buruzko kontzeptu bilakatzen dena. Eta arteari buruzko kontzeptua dela eta, ikusi dugu orobat zenbat eragozpen eta arazo sortzen diren haren bidez, eta nola orekarik gabeko zerbait den, etengabe erasoak eta oldarpenak jasaten dituena eta etengabe defenditu behar dena eraso eta oldarpen horietatik. Arteari buruzko kritika, horregatik, arte-filosofia bera garatzen, gainbeheratzen eta berpizten den neurrian garatzen, hazten, gainbeheratzen eta berpizten da; eta edozeinek egin lezake gonbarazio bat eta ikusi zer izan zen hura ertaroan (esan baitaiteke izan ere ez zela izan) eta zer bihurtu zen xix. mendearen lehen erdian, Herder, Hegel eta erromantikoen bitartez, eta, Italian, De Sanctisen bitartez; eta, alor estuagoan, hura De Sanctisekin izan zena alderatu ondoko aro naturalistan izatera iritsi zenarekin, aro horretan arteari buruzko kontzeptua lausotu egin baitzen, bai eta nahastu ere fisikarekin eta fisiologiarekin edo, are gehiago, patologiarekin. Eta juzkuei buruzko eztabaidak, erdizkan edo erdia baino gutxiagoan, artistak egin duenari buruzko argiulertzearen araberakoak eta atxikimendu edo gusturik ezaren araberakoak badira, erdizkan ere, edo erdia baino gutxiagoan, arteari buruzko ideien arteko bereizketa garbirik ezean dute sorrera; horrela, sarri gertatzen da bi lagun funtsean ados egotea halako artelan baten balioaz, baina haietako batek bere hitzekin goraipatzen duena besteak txarresten duena izatea, arteari buruzko definizio bana erabiltzen dutelako.

Hortaz, kritika arteari buruzko kontzeptuaren mendeko izanik, kritika faltsu mota ugari behar dira bereiztu, arte-filosofia faltsuak dauden adina, gainera; eta, lehenago aipatu ditugun mota nagusietara mugatzearren, badago halako kritika bat, artea erreproduzitu eta azaldu barik, zatikatu eta sailkatu egiten duena; badago beste bat, moralzalea, artelanak ekintzatzat hartzen dituena, artistak bere buruari jarritako edo jarri beharreko xedeei begira; eta hedonista dena ere badago, alegia, artea agertzen duena irritsa eta jolasa lortu dituen edo ez dituen zerbait bezala; eta kritika intelektuala ere badago, hots, artearen aurrerapausuak filosofiak aurrera egiten duen heinean neurtzen dituena, eta Danteren filosofia ezagutzen duena baina ez haren grina, Ariostori ahul deritzona haren baitan filosofia ahula aurkitzen duelako, eta Tasso serioagotzat jotzen duena filosofia serioagoa daukalako, eta Leopardi, aldiz, kontraesanez betea haren ezkortasunean; eta badago beste bat edukia formatik banantzen duena, psikologikoa deitutakoa eta, artelanei begiratu ordez, artisten psikologiari begiratzen diona, artistak gizonak diren neurrian; beste bat badago, formak edukietatik banantzen eta forma abstraktuak laket dituena, antzinatea edo ertaroa ekartzen diotelako gogora, kasuen eta bakoitzaren begikotasunen arabera; eta beste bat ere, edertasuna apaingarri erretorikoak aurkitzen dituen lekuan aurkitzen duena; eta, azkenik, hor dugu beste bat, behin genero eta arteen legeak finkatu eta gero, artelanak ontzat edo txartzat hartzen dituena lehendik taiututa dauden ereduetatik hurbil edo urrun dauden arabera. Ez ditut denak aipatu, horrelako asmorik eduki ere ez neukan, eta ez dut kritikari buruzko kritika azaldu nahi ere, ez bailitzateke izango gorago markatu dugun Estetikaren kritika eta dialektika errepikatzea baino; eta egin ditugun aipamen apurretan antzemango zenuten ezinbesteko errepikapenaren hasiera. Probetxugarriagoa litzateke kritikaren historia laburki azaltzea (laburpen batek ez luke gainera leku gehiegi hartuko) eta dagozkien izen historikoak ipintzea seinalatu ditugun jarrera idealei; eta, orobat, azaltzea nola ereduei buruzko kritika indartu egiten den Italia eta Frantziako klasizismoan batik bat, kritika kontzeptualista, ordea, xix. mendeko Alemaniako filosofian, eta kritika moralzalea, aldiz, erreforma erlijiosoaren edo Italiako berpizkunde nazionalaren garaian; eta kritika filosofikoa Frantzian Sainte-Beuverekin eta beste askorekin; kritika hedonista munduko jendearen iritzietan eta aretoko eta egunkarietako kritikarien iritzietan zabaltzen da batez ere; sailkapenak egitea maite duena, ostera, eskoletan, bai baitirudi bertan zuhur betetzen dela kritikaren eginkizuna, aztertu denean metrikaren, "teknikaren", "gaien" eta literatur eta arte "generoen" sorrera delakoa, eta aipatu genero bakoitzak izandako ordezkariak.

Bestalde, azaletik deskribatu ditudan motak kritika-motak dira, okerrak izan arren; baina ezin da gauza bera esan, egiatan, beste mota batzuez: haietako batek, esaterako, "kritika estetikoa" du izena, eta besteak "kritika historikoa", baina nik baimena eskatzen dut beste izen batzuez bataiatzeko, merezi duten bezala: hots, kritika sasiestetikoa (edo estetizista) eta kritika sasihistorikoa (edo historizista). Bi mota horiek, elkarren aurkari porrokatuak izanik ere, bat datoz oro har filosofiari eta, bereziki, arte-kontzeptuari dieten gorrotoan: gorroto diote arte-kritikaren inguruko pentsamenduzko edozein partehartzeri, ezen batzuen ustez hori arima artistikoen betekizun da, eta, besteen ustez, jakintsuen betekizun. Bestela esanda, bai batzuek bai besteek kritikaren mende jartzen dute kritika, batzuek artearekiko gustu eta gozamen hutsera eramanez, eta besteek erreprodukzio fantastikorako langaien ikerketa exegetiko edo prestakuntza hutsera. Nekez esan daiteke zer ikustekoa duen "estetikak" -arteari buruzko hausnarketa edo kontzeptuak, alegia- gustu hutsarekin, kontzepturik ez duenez gero; eta, halaber, are zailagoa da argitzea zer ikustekoa duen "historiak" arteari buruzko jakintza lokabearekin, berau ezin baitaiteke historiarekin batera antolatu, ez duelako arteari buruzko kontzepturik eta ez dakielako artea zer den (kontuan izanik Historiak beti behartzen duela historia bezala kontatzen den hori ezagutzera); gehienez ere, oharmenera ekar genitzake bi hitz horiek lortu duten "arrakasta" bitxiaren zergatiak. Nolanahi, inolako okerrik ez legoke izen horietan, ez kritika egiteko ukoan ere, baldin eta joera bakoitzaren bultzatzaileak egiatan geratuko balira beraiek jarritako mugetan, eta batzuk artelanez gozatuko balira eta besteek exegesirako langaiak bilduko balituzte, eta kritika egin nahi duenari utziko baliote kritika egiten edota konformatuko balira kritikaz gaizki esaka aritzearekin, hari dagozkion arazoetan sartu gabe; eta, gehienez ere, beren antzekoekin tupust egitean, euren artean konponduko balira, animaliek egiten omen duten bezala (egia ote?), hitzik egin gabe: oharkabean aurpegiak erakusten duen lilurak, mirespena adierazteko zabaltzen diren besoek edo izandako gozamenagatik esker-otoitza egiteko elkartzen diren eskuek esan behar lukete dena. Eta historizistek hitz egin lezakete, bai, baina bakarrik kode, zuzenketa, denbora-datu, gertaera politiko, gora-behera biografiko, lanaren iturri, hizkuntza, sintaxi eta neurriez, eta ez ordea arteaz; izan ere, horren zerbitzari dira, baina jakintsu soilak baino ez direnez gero, ezin dituzte begiak altxatu haren begitartera, morroiak etxekoandrearen aurpegira altxatzen ez dituen bezalaxe, soinekoak zepilatzen edo janaria prestatzen dion bitartean: sic vos, non vobis. Baina joan eta eskatu gizonei, haien ideiengatik xelebreak edo xelebrekerien aldeko porrokatuak izanik ere, antzerako buru-ukapen, sakrifizio eta heroitasunak! Zoazte, eta bereziki eskatu edozergatik ere denbora guztian artearen inguruan dagoenari ez dadila mintza, ez dezala iritzirik eman arteaz! Estetikazale mutuek arteaz mintzatu, iritzia eman eta arrazoitu egiten dute, eta gauza bera egiten dute historizistek, inolako ondoriotara iritsi gabe; eta nola mintzaldi horietan ez daukaten arteari buruzko filosofia-kontzeptuaren gidaritza, gorrotatzen eta gaitzesten baitute -nahiz eta kontzepturen baten beharretan egon-, zentzu onak zuzena dena iradokitzen ez badie (haiek konturatzen ez direlarik horretaz, gainera), orduan noragabean ibiliko dira erromes, era guztietako aurrekontzeptu batetik bestera, orain helduz moralistei eta hedonistei, gero intelektualista eta edukizaleei, formazale eta erretorikoei, ondoren fisiologiko eta akademikoei, lehenago aipatu dudan bezala, eta azkenik denak nahastekatuz eta kutsatuz. Eta denetan ikusgarriena (baina filosofoak erraz aurrikus dezake hori): estetizista eta historizistak, aurkari porrokatuak izan eta jarrera desberdinetatik abiatu arren, arteari buruzko beren ateraldi zentzugabeetan guztiz batera datoz, hainbesteraino ere non azkenik ateraldi zentzugabe berberak egiten baitituzte; oso dibertigarria da ideia intelektualista eta moralista atzeratuenak aurkitzea arte-maitalerik hunkituenen orrietan, hunkipen horrek pentsamendua gorrotatzera eraman dituenean; gauza bera esan daiteke historialari guztiz positibistei buruz, hain direlako positiboak non beldur baitira beren positibismoa ez ote duten kolokan jarriko beren azterketaren helburua -kasu honetan, artea- ulertzeko ahaleginetan.

Arte-kritika egiazkoa kritika estetikoa da noski, baina ez filosofia arbuiatzen duelako kritika sasiestetikoaren antzera, baizik eta filosofia eta arteari buruzko ulerbide bezala funtzionatzen duelako; eta kritika historikoa ere bada, baina ez artearen kanpoko osagaiari lotzen zaiolako kritika sasihistorikoaren antzera, baizik eta datu historikoak erabili ondoren erreprodukzio fantastikorako (eta puntu honetan oraindik ez da Historia), behin erreprodukzio fantastiko hori erdietsi eta gero, historia bilakatzen delako, bere fantasian erreproduzitu duen hura zer den zehaztuz, hots, gauza hura kontzeptuaren bidez azalduz, eta gertatu den hura zehazki zer den finkatuz. Gauzak horrela, bi joera horiek bat datoz kritikan, kritikaren azpiko irizpideetan elkarren aurkakoak izan arren; eta "arteari buruzko kritika historikoa" eta "kritika estetikoa" gauza bera dira: berdin-berdin da hitz bata edo bestea erabiltzea, eta bai batak eta bai besteak beren erabilera berezia eduki dezakete abagaduneari dagozkion arrazoiengatik bakarrik, esate baterako azpimarratu nahi denean lehenarekin bereziki artea ulertzeko beharra, eta bigarrenarekin irizpide horren objetibotasun historikoa. Horrenbestez konpontzen da metodologista batzuek planteiatu arazoa: hots, historia bitarte ala helburu bezala sortzen den arte-kritikaren barruan; izan ere, dagoeneko argi dago bitarte gisa erabiltzen den historia, bitarte izanik, ez dela historia, langai exegetikoa baino; eta helburu balioa duena historia badela izan ere, baina ez dela sartzen kritikaren barruan elementu berezi bezala osagaia eta osotasuna bezain ongi; horixe izanik "helburu" hitzak adierazten duena, hain zuzen.

Baina, arte-kritika kritika historikoa ere baldin bada, orduan hortik eratortzen da ederra dena eta itsusia dena bereizteko eginkizuna ezin izango dela mugatu zerbait ontzat edo txartzat hartzera bakarrik, artistak bere barruan egiten duen bezala produzitzaile den heinean, edota gustua duen gizonak ikusle den heinean egiten duen bezala; eta, beraz, azalpena izatera altxatu eta iritsi behar du. Eta historiaren munduan (horixe berez delarik mundua, besterik gabe) egitate negatibo edo pribatiborik ez dagoenez gero, gustuari itsusia eta arbuiagarria iruditzen zaiona artistikoa ez izateagatik, irizpide historikoarentzat ezin da ez itsusi ez arbuiagarria izan, horrek badakielako artistikoa ez dena beste zerbait dela, eta existitzeko eskubidea baduela, existitu ere existitu baita. Ez da artistikoa Torquato Tassok bere Jerusalem-erako ondu zuen alegoria katoliko bertutetsua, edo Niccolini eta Guerrazziren deklamazio abertzaleak, edota Petrarcak bere errima noble, eder eta malenkoniatsuetan sartu zituen fintasunak eta kontzeptu-ugaritasuna. Baina Tassoren alegoria Kontraerreforma katolikoak herrialde latinoetan burutu zuen ekintzaren agerpenetako bat da; Niccolini eta Guerrazziren deklamazioak ahalegin gogorrak dira italiarren artean arrotzen eta apaizen aurkako sentimenduak pizteko edo horrelako deialdien aldeko atxikimenduak lortzeko; Petrarcaren fintasunak eta kontzeptu-ugaritasuna, ordea, koblatzaileen dotorezia ohikoarekiko mirespena, Italiako zibilizazio berrian berpiztu eta aberastua; bestela esanda, den-denak egitate praktikoak dira, begirunea merezi dutenak eta historikoki mami handikoak. Edertasunaz eta itsustasunaz mintzatzen jarrai daiteke kritika historikoaren alorrean, hizkuntzaren bizitasunagatik eta hizkera arruntera moldatzeagatik, baldin eta aldi berean erakusten, aipatzen edo aditzera ematen bada -edo, gutxienez, ezkutatzen ez bada- ederra denak ezezik itsusia denak ere baduela eduki positiborik; horregatik, itsusia dena ezin da errotik arbuiatu bere itsustasunagatik, non eta ez den osotasunean hartzen eta ulertzen, zeren eta kasu horretan erarik zorrotzenean kanporatzen baita artearen esparrutik.

Arrazoi horrengatik, arte-kritika egiatan estetikoa denean, hots historikoa, ekintza horretan bertan bizitzari buruzko kritika izatera iristen da, eta ezin ditu epaitu artelanak -hau da, haien ezaugarriak azaldu-, haiekin batera ez baditu epaitzen bizitza osoko lanak, bakoitzari bere ezaugarria egokituz: horixe da, hain zuzen ere, kritikalari handiek egiten dutena, De Sanctis-ek bereziki, berau kritikalari oso sakona izanik bai artearen eta bai filosofiaren esparruetan, edo moralaren eta politikaren esparruetan, bere Italiako literaturaren historia-n eta Saiakera kritikoak izenekoan, batean bezain sakona bestean, eta alderantziz: egile horrek arteaz duen ikusmolde estetiko hutsaren indarra moralari buruzko ikusmolde moral hutsaren indarra da, filosofatzeari buruzko ikusmolde logiko hutsaren indarra, eta abar. Izan ere, izpirituaren formak -kritikak epai-kategoria bezala erabiltzen dituenak- bereiztu egin daitezke batzuk besteetatik haien batasunaren barruan, baina berez ezin daitezke bereiztu batasun horretatik, ez bada ikusi nahi nola zimeltzen eta hiltzen diren. Arte-kritika beste kritika moetetatik bereiztean aditzera ematen da, bakar-bakarrik, hizlariaren edo idazlearen arreta eduki bakar eta banaezinaren alderdi bati zuzentzen zaiola beste bati baino areago. Enpirikoa da, orobat, arte-kritika eta artearen historia banatzen dituen bereizketa, nire hitzetan erabili dudana argitasun didaktikoaren onerako: izan ere, garbi dago "kritika" hitza hobeto dagokiola gaur egungo literaturaren eta artearen azterketan nagusi den doinu epaizale edo eztabaidazaleari; eta "historia" hitza, aldiz, badirudi hobeto doakiola urrunagoko literaturaren eta artearen azterketan nagusi den tonu narratiboari. Jakina, kritikarik egiazkoena eta osoena gertatu denaren kontakizun historiko lasaia da; eta historia da gizateriaren eginei buruz egin daitekeen egiazko kritika bakarra, horiek ezin baitaitezke ez-eginak izan, gertatuak direlako, eta horiek ulertuz bakarrik mendera baititzake giza gogoak. Eta arte-kritika bestelako kritiketatik ezin bereiztuzkoa dela ikusi den bezala, halaber artearen kritika nabarmentze literarioagatik bakarrik bereiz daiteke giza zibilizazioaren historia osotik: egia da horrek artearen lege bereziei jarraitzen diela, baina giza gogo osoaren mugimendu historikoaren barruan kokatzen da, eta ez giza gogo horren forma aparteko baten barruan.

1912