Testuingurua
[aldatu]Une gogoangarriak politikan eta oihartzunak kulturan
[aldatu]Naiarako Gartzia
[aldatu]Antso Nagusia hil zenean, bere legezko lehenseme Gartzia gelditu zen oinordeko Iruñeko erreinuan; beste seme eta bere ondorengo izango zirenen artean, “erregeari zor zaion leialtasuna zela eta, erreinutik erabat bereizi gabe zeudenez”[1] banatu ziren gainerako ondare‑ondasunak: Aragoiko konderria Ramirorentzat, Gaztela‑Leon Fernandorentzat eta Sobrarbe‑Ribagortza Gonzalorentzat.
Gaztelako kondeen ingurumarian zalantzan ibili ondoren, Araba, Bizkaia eta Durangori, eta baita Gipuzkoari buruz ditugun datak, Iruñeko erresumaren eta San Joan de la Peñako sorreraren lehen berri historikoen garai berekoak dira.
Gartziak (1045ean) Calahorra konkistatu zuenean, behin betirako etenak gelditu ziren nafarren eta musulmanen arteko harreman onak, eta etenik gabeko errekonkista aro bat hasi zen, 1492aren bukaera arte jada amaituko ez dena. Aldaketa politiko horrek bere isla izango du arte eta kultura mailako mozarabismoaren atzera egitean.
Naiarako Santa Maria monasterioko sortzaile izan zen eta horregatik Naiarako Gartzia esaten zitzaion; Donemiliaga Kukulako monasterioko babesle sutsua ere izan zen. 1067an inauguratu zen Yusoko monasteriora santuaren erlikien lekualdatzea bere aginpide aldian egin zen. Zoritxarrez, mugetako jabegoaren auziak Gartzia eta bere anaia Fernandoren artean sorturiko lehiak, azken honek bere buruari 1037az geroztik Gaztela eta Leongo Errege izena –eta ez konde– eman ziolarik, Atapuerkako topaketan amaiera lazgarria izan zuen. 1054ko irailaren 1a egun tamalgarria izan zen: batetik, Nafarroako erregeak bizia galdu zuelako, eta, bestetik, Nafarroa eta Gaztelako bi erreinuen arteko areriotasun luze baten hasera markatzen duelako.
Errege lurralde batzuk “seniores” edo tenenteen bidez gobernatzen ziren orduan. Horixe zen Iñigo Lopezen kasua. Hau Bizkaia eta Durangoko lehen kondea zen eta Naiarako Gartzia erregearen alaba Todarekin ezkonduta zegoen; Iñigo Lopezek bere aginpidea mantendu zuen Antsoren erregealdian[2].
Antso Peñalengoa
[aldatu]Gartzia erregea errioxar monasterioen babesle sutsua izan zen bezala, traizioz hil zuteneko lekuarengatik modu honetara izendaturiko bere seme Antso Peñalengoak (1054‑1076) abade Veremundok gidatzen zuen Iratxeko monasterioaren alde egin zuen bereziki. Baina ez zion Donemiliagako monasterioa zaintzeari utzi; zeren eta, Gaztelarekiko mugan egonik, zeregin oso garrantzitsua jokatzen baitzuen, “bi erreinuen arteko oreka politikoan”.
Antso Peñalengoaren 1076ko heriotza-datak, gaztelar eta aragoarrek, Baskoniaren bizkar, zuten zabalkunde egarriaren hasera adierazten du. Bere anaia Antso II.aren Zamoran eraila izan ondoren Leonen birtronuratu eta Gaztelan beranduxeago onartua izan zen. Gaztelako Alfontso VI.a, krisi politikoaz eta nafar monarkiaren ahultasunaz baliatzen da errioxar plaza gotortuez jabetzeko –Naiarakoa eta Calahorrakoa. Era berean Bizkaiko guneaz, Durangoz, Arabaz eta Gipuzkoaz jabetzen da eta baita Egaren mendebaldean Mojardin arteko nafar lurraldeez ere.
Antso Ramirez
[aldatu]Peñalengo erailketaren ondoren, noblezia nafarrak bere menerako Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak erantsi zituen. Antso Ramirez, Aragoiko erregeari eskuratu zion erreinuaren aginpidea; haren erregetzak egonkortasun eta sendotasun irudia ematen baitzuen. Erromara (1068) erromes joan zelarik, Aita Santuaren begiko izatera iritsi zen nonbait Nafarroak eta Gaztelak baino lehenago eskuratuz liturgia erromatarra Aragoirentzat eta San Joan de la Peña eta San Victorianoko monasterioak gotzaingoaren zaindaritzapean jartzea lortuz. Ekonomia indartsu batekin berak jarri zituen gerora Jaka hiriburua izango zenaren zimenduak eta bertan gotzain-egoitza ipinita, katedralaren eraikuntza hasi zen.
Haren erregetza (1076‑1084) eta bere seme Pedro Santxezena, Gaztelako Alfontso VI.aren atxikitze asmoen kontra eta Errekonkistarantz begira, bere jabegoen ekialdeko alderdiei frankiziak edo foruak ematearekin markatuak egon ziren. Alderdi horietan mende bukaeran, nafarren eta aragoarren kristau-gudarosteak lortu zuen, Aierbe (1083), Arquedas (1084), Huesca (1094), Monzon (1089), Milagro (1098) eta Barbastro (1100) hartzea.
Momentuz, Gaztela Nafarroako bere aurreko lorpenei uko egitera behartua zegoen. Baina batasun garrantzitsu bat irabazi zuen Bizkaian Iñigo Lopez edo Eneko Lupis Bizkondearen familiarekin. Berau 1076an hiltzean bere seme Lope Iñigezek (Lope Enneconis) Gaztelako Alfontso VI.a erregea omendu zuen eta agirietan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Konde izenarekin azaltzen da 1081etik 1092ra.[3] Kristauen armen Zalakako hondamenak, 1086ko urriaren 23an, Alfontso VI.aren handinahi inperialak geldiarazi zituen, eta honek Europako kristandadeari laguntza eskatu behar izan zion, Cid‑arekin adiskidetu eta Santxo Ramirezekin akordio batera iritsi; ondorioz, Nafarroa erreinuaren autonomia denboraldi batez desagertu eginzen.[4]
Euskal lurretan bere familiak lehenago Errioxan izan zuen jauntasunarengatik Lope Iñigezek bere seme Diego Lopez de Haro deitua, (1093‑1124) izan zuen oinordeko. Familia honetan XI. mendearen bukaeratik “Bizkaiko jaun” izendapena ukaezina egiten da sasimonarkia hereditarioetan “tenentzia” edo konderrien itzultze prozesua hasten delarik, eta Bizkaia hain zuzen ere Gaztelaren zaintzapeko feudoz printzerri bilakatu zen.[5]
Pirinioen iparraldean, Lapurdin, Gaskoniako Dukerriaren barruan bizkonterri bat kokatu zuen 1023.ean baina euskal lurralde hau ingeles bilakatu zen 1154.ean Akitaniako Leonor eta Plantagenet‑eko Enrike II.aren arteko ezkontzarekin, eta ez zen Frantziako koroara 1451era arte itzuliko.
Zuberoa XI. mendean ere Antso Gilermoren menpeko Bizkonterri bat zen, 1307.ean Ingalaterraren menpekoa eta 1449.ean Biarnorekin egin zuen bat.
Nafarroa Beherea baino ez zen gelditu Nafarroaren barnean XII. mendetik 1512ra arte, “Ultrapuertoseko merindade” moduan.
Elizari dagokionez euskal biztanleria hiru elizbarrutiren menpe zegoen: Baiona, Akize eta Oloroe. Eta lurralde hartan ez zen monasterio-fundazio handirik.
Alfontso Borrokalaria
[aldatu]Nafarroako erreinuko krisi politikoa esan daiteke Alfontso Borrokalariaren tronuratzearekin (1104-1134) amaitu zela, baldin eta Aragoi eta Iruñeko errege berriaren garaipen militarrak kontutan hartzen baditugu. Naiaratik Lopez de Haro bidali zuen eta Balterra (1110), Zaragoza (1118) eta Tuteraren (1119) jabe egin zen Ebro ibarrean, kristau-errekonkistan eta egungo Nafarroako lurraldeak berreskuratu zireneko aldi garrantzitsuak adierazten dituen garaipenak direlarik.
Bereziki esanguratsua eta garrantzi handikoa izan zen setio eta liskarrez beteriko hilabete batzuen ondoren Zaragoza hartzea, bertan Borrokalariaren aldeko noble nafar eta aragoar asko biltzeaz gainera, Frantziako hegoaldetik etorritako nobleen hainbat gudarostek hartu baitzuten parte.[6] Artearen eta Kulturaren edozein historian azpimarratu beharreko garrantzia duen gertaera da hau; izan ere, Gurutzaden idealen kartsutasuna adierazteaz gain, Donejakuerako erromesaldiak erraztu zituen eta Europako herrialdetan kultur batasuna gauzatzen lagundu zuen. Latinaren erroetatik sorturiko erromantze hizkuntza ezberdinak garatuz zihoazen heinean, kultur batasuna berrituz zihoan hizkuntza artistiko bateragile baten bidez: Erromanikoaren bidez.
Baina, kristau-erreinuak bateratze asmoarekin, Alfontso Borrokalariaren eta Gaztelako Urrakaren arteko ezkontzak porrot egin zuen, eta 1134.ean erregea ondorengorik gabe Fragako batailan hiltzean Nafarroako krisia berpiztu egin zen. Iruñeko errege aulkia hutsik gelditu zen eta Nafarroa bi botere handizale inguruan zituela aurkitu zen berriro: Aragoi eta Gaztela ziren.
Gartzia Ramirez
[aldatu]Nobleen aukeraketa Antso Nagusiaren ondorengo zuzena zen Gartzia Ramirezengan eskuetara etorri zen berriro. Erreinuak XI. mendeko mugak berreskuratu zituen. Gartzia Ramirez “Berrezarleak” bere burua “regnante in Navarra, et in Alava et in Bizcaya” izendatu zituen. Lurralde honetan Lopez de Haro familiaren konde aginpidea indargabetzeko Gartzia Ramirezek konde agintea Gebarako Ladron Iñigezi eman zion. Baina, familia horrek XII. mende osoan zehar Nafarroa eta Gaztelaren arteko harat honako politika eraman zuen, egoeraren eta jokoan zeuden interesen harira.
Antso Jakitunak, (1150‑1194) zailtasunez hasi zuen bere erregetza, bere egiazkotasuna Erromako kuriak zalantzan jarria baitzuen. Hala ere, bere erreinuari indarra eta egonkortasuna ematea lortu zuen. Bere kantzelaritzak Pampilonensium Rex izena utzi eta bere ordez Rex Navarrorum hartu zuen. Gaztelako Alfontso VII.aren gutxiengoaz baliatu zen Peñalenen heriotzaz geroztik 1076an Gaztelaren babespean zegoen Errioxaz jabetzen saiatzeko. Baina gutxi iraun zuena izan zen bere arrakasta eta 1176an suetena sinatu behar izan zuen eta ondoren 1179an, bakea. Izatez, 1174az geroztik Alfontso VII.ak Bizkaia berreskuratua zuen luzerako.
Bere alaba Berengela Ingalaterrako errege Rikardo Lehoi Bihotzarekin ezkontzeaz gain, Antso Jakitunaren politikaren lorpenik handiena Gipuzkoa eta Araban hiritar biztanleriarentzat gune berriak sortzea izan zen: Donostia, Guardia, La Puebla de Arganzón, Antoñana, Bernedo, eta abar. Horrela mugak sendotu, hirien eta merkataritzaren garapena sustatu eta, jauntxo eta baroiek zuten eraginaren kaltetan, ingurune soziopolitiko berri baten arautzaile bihurtu zen. Iruñeko Andre. Maria katedralean hilobiratua zuten Antso Jakitunak errege onaren irudi idealizatua iradoki zien bere berriemaileei: homme de gran savoir, bon catholique et hijo obediente de la Iglesia de Dios, muy querido y amado[7].
Antso Indartsua
[aldatu]Nafarren jabegoen aurka Gaztelaren operazio maltzurrari jarraipena eman zitzaion Antso Indartsuaren erregealdian (1194‑1234). Nafarroako erregearen “afrikarra” deituriko ekimenaren arrazoia eta ikuspuntuari dagokionez historialariak argitu ezinik dabiltza berriemaileen kontraesanak direla eta. Ez dirudi Nabas de Tolosako (1212) heroitzat hartua izan zenari kristau-errekonkistako bere idealak uka dakizkiokeenik. Baina, kontua da Gaztelako erregea Nafarroatik at izateaz –edo agian, batzuen aburuz, bere gaixotasunaz– baliatu zela Gasteiz eta Trebiñuren jabe egiteko... eta horrela “jabetu ziren Araba eta Gipuzkoaz”.
Berengela eta Rikardo Lehoi Bihotzaren ezkontzaz geroztik, Nafarroak beste erreinu europarren asaldaketa politikoen eraginak sentitu zituen, eta bereziki Rikardo ondorengorik gabe hil eta bere anaia eta oinordeko zen Joan Sin Tierra eta Frantziako Felipe Augustok bultzaturiko hautagai Bretainiako Arturoren artean sortu zen gatazkak eraginikoak (1180‑1223). Rikardoren arreba Leonorrekin ezkondurik zegoen Gaztelako errege Alfontso VIII.ak (1158‑1214) ere nahi izan zezakeen oinordekotza. Antso Indartsuak inguruan zituen auzoek irentsiko zutenaren arriskua sentituko zuen, eta behar bada beldur hori izan zen musulmanen artean ere laguntza bilatzea iradoki ziona. Gaztelako erregeak azpijoko haiek Erromako Kuriaren aurrean salatu zituen. Eta Zelestino III.a Aita Santuak Antso Indartsua bere politika bideratzera bultzatu zuen, nahiz eta Nafarroako errege izendapena –1134az geroztik ukatua– onartu egin zion, eta Gaztelari Nafarroako subiranotasunari begirune izan ziezaiola eskatu zion. “Antso Indartsuak bere hartan jarraitu zuen eta horregatik Alfontso VIII.aren kantzelaritzak eskaturiko eskumiku bat nozitu behar izan zuen”.[8] Bestalde, Alfontso VIII.ak atseginez eta konplizitatez ikusiko zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kondeek, 1180az geroztik Nafarroako erregeek zuten hiribilduen sorrerako antolaketari zioten gaitzespena, nobleziaren pribilegio politiko eta ekonomikoen aurka zihoan jokaera izanik.
Eskuraturiko lurraldeen aginpidea Diego Lopez de Haroren esku utzia izan zen (1170‑1214), eta Nabasko garaipenean eman zuen laguntzarengatik, Gaztela eta Errioxan zituen gaztelu batzuez gain, Durango, Enkarterriak, Balmaseda eta Urduñako aginpidea ere jaso zuen; delako herri hauek feudalismorantz zihoazen eta egungo Bizkaia dena izatera iristean Diego Lopez de Haro jaunaren agintepean geratu ziren Gaztelaren eskumenean.
Gaztelarren aldeko historialariek –besteak beste, Garibaik– gertakizun hauei sarraldi militarraren izaera emateari uko egin diote. Gasteiz elkartzeak garrantzi ekonomiko handia zuen; izan ere, Ozeanotik Burgosera hedatzen zen gune ekonomiko baten osaera errazten zuen.
Kultur oihartzunak
[aldatu]Batze honek elizaren administrazioan ere isla izan zuen, eta ondorioz, baita garapen kultural eta artistikoarekin lotura estua zuten elizaren gune eta eraikuntzen antolaketan ere. Horrela, XI. mendean Armentiako gotzaindegia desagertu egin zen Calahorraren mesedetan. Jaun nobleak, Gaztelako errege Fernando santuaren laguntzarekin, Lopez de Haro V.etik hasita, ederki baliatu ziren elizen behin behineko agintea eskuratzen. Familia nobleetan zaindari edo ugazaben eskubidearen sistema hori lorturiko eskubide bat bihurtu zen.
Hemen zera azpimarratu nahi da: euskaldunek eta nafarrek ipar Pirinioetako boterearekin bat eginik jokatu zuteneko gertaera politiko eta militar horiek guztiek Baskonia zaharra Europako estatuetako kultur mugimendu handian sartzea ekarri zuten. Nafarroa ezkontza bidezko loturez irekia zen jada XI. mendean Europara. Erromesbideak sortuak zituen gainera Antso Nagusiak bere agindupeko estatuetan zehar. Europa aratz hau indar handiagoz sumatu zen Alfontso Borrokalariaren garaietan. Alfontso zen Baionatik Iruñerako ibilbidearen sortzailea eta bere Gurutzadetako politikak Pirinioen alde biei komunikazioa erraztu zuen. Gurutzadara abiatzekoa zen, 1108.ean, Toulouseko Konde Bertranen bisita jaso zuen eta errege aragoarraren zaintzapean utzi nahi zituen bere agintepeko hiri batzuk. Béziers bizkondeak ere antzeko arrazoiak zituen Alfontsori feudoan eskuratzeko bere hirietako batzuk. Eta, lehen esan bezala, ez ziren gutxi izan Zaragozaren setioan eta ondorengo bereganatzean parte hartu zuten Akitaniako, eta baita Normandiako nobleak ere.
Gartzia Berrezartzaileak bere estatu propioen defentsan buru-belarri saiatu behar izan bazuen ere, bere seme Antso Jakituna bere alaba Ingalaterrako errege Rikardo Lehoi Bihotzarekin ezkonduz, Frantzia eta Ingalaterrako arazo dinastiko eta politikoetara oraindik ere gehiago ireki zen. Ipar Pirinio aldeko Baskoniaren zati bat 1451ra arte ingelesena izan zen eta Iruñeko erreinuak 1234an frantses dinastia baten agindupean bukatu zuen.
Arte erromanikoa, hizkuntza europar bat
[aldatu]Erromanikoa: kultur gertakaria
[aldatu]Erromanikoa arte estilo bat baino zerbait gehiago da. Kultur gertakari bat da. Mendebaldeko kristautasunean X. eta XI. mendeetan zehar osatuz joan zen pentsatzeko, sentitzeko, adierazteko eta bizitzeko modu jakin bat da. Izaera oso ezberdineko eragileen elkartzea izan zen eraketa honen egiea.
Politika alorrean, berriz, ziurtasun egoera: estatu kristauak lehenago arriskuz estutzen zituzten kontrako indarren aurrean –Hungaroak, Bikingoak nahiz Musulmanak– lortzen ari ziren nagusitasun gero eta handiagoak sorturikoa. Nafar euskaldunen lurraldeari bagagozkio, sortu berri zen Aristatarren monarkia Ebro ibarreko Banu‑Kasiren gorteko interesetatik urrundu zenean eta musulmanen aurkako frontearen behin betiko atzeratzea lortu zenean hasi zen aldi hori eta ehunka familien monasterio txikiek bereganatu zituzten sarrazenoek utzitako lurrak.
Bizimodua gizarteko eta ekonomiako kimu berrien garapenari esker ere aldatu zen eta, hazkunde demografiko ikaragarri batekin batera, hiriko merkataritza eta gizarte baten sorrera erraztu zuen. Iruñeko erreinuari dagokionez, Lacarrak XI. mendean diruaren garapenak izan zuen garrantzia azpimarratzen du, musulmanei zergetan eskatu zitzaien urrearen bitartez eta, Iruñeko errege‑erreginak Donejakueko erromesbidetik pasatzen ziren kanpotarrentzat sorturiko ostatuen bidez sortzen zen gaur egun “dibisen mugimendua” izena emango geniokeen horretan oinarrituz, eta Iruñea, Lizarra eta Garesko “Frankoen” burgu berrien ezarpenekin lortuak.[9]
Giza alderdia ere erabakigarria izan zen: pertsona erlijioso ospetsuen agerpenak funtzio handia izan zuten gizalegeari dagokionez. Nahikoa da kultur alorrean ezohiko eragina izan zuten artzain batzuen izenak aipatzea, Clunyko abade ospetsuetatik hasita: beraien abadia ikaragarriaren eraikitzaile Mayolo (906‑984), Odilon (962‑1049), eta ondoren Hugo Handia (1034‑1109); bere garairako jakituria entziklopedikoa zuen Gerberto balioanitza (938‑1003), Silbestre II.a izenarekin gotzain duintasunera igoa izan zena; Adson bere laguna, Saint‑Benigne de Montier‑en‑Der abadiako lehenengo berritzaileetako bat; Oton III.aren hezitzailea izan zen Hildesheimeko Bernward (960‑1022); Gauzlin (980‑1030), Hugo Capeto Frantziako erregearen sasiko semea eta Fleury‑sur‑Loireko abadea; Caengo Saint‑Etienneko abade eta Ingalaterrako gotzain Lanfranco (990‑1030); Dijongo St. Benigneko abade Volpianoko Gillermo (962‑1033); Chartresko gotzain, zientzialari, poeta eta musikari, Europa guztiko ikasleak biltzen zireneko eskola humanistiko ezagunaren sortzaile izan zen Fulberto (960‑1028); bere monasterioari Naiarako Gartzia erregeak Garinoaingo eliza –Elotik hurrean dagoena–) eta Erroko Antso kondeak Erronkariko Burguko eliza eta ospitalea eman zion Conqueseko Sainte‑Foyeko Odalrico abadea; konde eta erregeen kontseilaria, avant la lettre esaten zioten europar bat, Fleuryko Gauzlin eta Clunyko Odilon abadeekin eskutitzezko harremanak izan zituen Ripolleko Oliva abadea; Toledoko artzapezpiku Clunyko Bernardo (1086‑1124); eta Baskoniara etorriz, Saint‑Sever‑sur‑l'Adoureko abade Montanerko Gregorio; Rodako (Rodez) edo Andouqueko Pedro (1083‑1115), Iruñeko gotzain bizia, eta abar luzea.
Erromanikoa: artea
[aldatu]Noiz eta nola jaio ote zen arte erromanikoa? Azal dezagun, lehenik eta behin, XVIII. mendean erabiltzen hasi eta latinetik eratorritako Erromaniako hizkuntzak oroitzen dituen erromanikoaren izendapena desegokia dela; izan ere XI. mende hasieratik “iparraldeko erromanikoa” azaltzen da, eragin mediterraneoarekin zerikusi handirik ez duena, eta arte erromanikoan arrago bat berean elementu kultural arras ezberdinak urtu ziren, hainbat mundutakoak: latindarrak, germaniarrak, zeltak, bizantziarrak eta arabiarrak nahiz ekialdekoak. Erromanikoaren sorreran gai eztabaidatua izan da bidearen eragina. Denboraldi batez erromesaldiei oinarrizko garrantzia eman izan zaie arte erromanikoaren jaiotzan. Aro modernoan iritzi hori kritikatua izan da. Ez da Bideko arterik, idatzi zuen Bango Torvisok nolabaiteko anbiguotasunez.
Ziur asko, eta Donejakueko katedrala salbuespentzat hartuz, erromanikoaren foku nagusien sorreran Bidea ezinbesteko eragilea ez zela izan froga daiteke; hau da, monumentu erromaniko nagusiak erromesaldiak bultzatu nahia ez bezalako arrazoiengatik eraiki zirela. Baina, ukaezina da erromesen joan-etorriek arte erromanikoari hats estilistiko nahikoa bateratzailea ematen ziela eta Europako herrialde ezberdinetan bere zabalkundea erraztu zuela.
Eraikuntza erromaniko handi asko Europako iparraldetik jaitsiz Donejakue aldera Frantzia eta Espainiatik pasatzen diren lau ibilbide nagusi ezagunetan kokaturik dauden monasterio eta elizak dira. Donejakuerako ibilbideak Ostabat eta Garesen elkartzeak nahikoa frogatzen du Baskoniako arte erromanikoaren garapenean Bidea erabakigarria izan zela dioen tesia.
Baina, non jaio zen erromanikoa? Baina Donejakue izan al zen estilo honen ama, edo Burgundian edo Languedozen jaio ote zen gerora Pirinioen hegoaldera eramateko?
Iparramerikatako ikertzaile handi Arthur Kingsley Poterrek baieztatu egin zuen Donejakuerekiko lehentasuna. Bere teoriaren aurka, besteak beste, Emile Mâle, Paul Deschamps eta frantses aditu batzuk altxa ziren, eta hauek estilo berriaren bultzatzaile nagusia Clunyko Ordena izan zenaren iritziari eutsi zioten. Historialariak sutu egin zituen eztabaida horrek 1920‑1930ko hamarkadan. Hasieran sutsuki babesten zuen frantziarren tesia George Gaillardek; besteen jarrerak arindu eta korronte paraleloei buruz hitz egitera iritsi zen.[10]
Gaur egun ez da jada eztabaidarik sortzen arazo horri buruz eta artisau, eraikuntza irakasle eta monjeen bi norabideetako joan-etorriak zentzu bietan eraginak sortuko zituela onartzen da.
Erromanikoa: elkartasun espirituala
[aldatu]Donejakuerako ibilbideen bitartez egin zitezkeen eraikin-formulei eta modu estilistikoen transmisioari garrantzia eman beharrean, agian Europako hainbat herrialdetako jendea topatzen zeneko bide eta bidegurutze hauetan sortzen ziren elkarte espiritualak azpimarratu beharko genituzke. “Jainkoaren ibiltari” haiek hainbat herrialde eta gizarte maila ezberdinetakoak ziren; eta jende heterogeneoen aldibereko mugimendu hark “Europa erromaniko” izenez ezagutzen zen kultur batasun handia bultzatu zuen.
Baina, Europari nolabaiteko batasun bat eman zion espiritu erromanikoarena ez da ulertu behar era bereko egituren moduan, izan ere garaiko monumentuak gertutik behatzen direnean harrigarria da egituren eta eraikuntzako irtenbideen ugaritasuna. Zentzu materialean baino gehiago, balio sinbolikoan begiratu behar den XI. eta XII. mendeetako gizaki ia nomada hezurmamitu zuen mugimendu haren zentzu sakonean sartzea da historialariari gehien axola zaiona: lurretik askatu eta betikotasunaren bilaketarako prestutasun seinale da Bidea. Bidearen mistikak –Gurutzadetako mistikak bezala– horrela batzen mistika eskatologikoarekin.
Lehendabizi, mende haietako sinestunak erlikia sagaratuak ikusteko, ukitzeko eta muin emateko sentitzen zuen egarri bizi hura zuela eta, ibiltari izatea fedearen kanpoko zeinu bat ote zen ulertu behar da, Raymond Ourselek idatzi zuen bezala egarri hura “debozio erromanikoaren zutabe eta hazgarrietako bat izan zen”.[11] Bekatuaren kontzientzia, zigorraren beldurra, epaimahai baten epaia betetzeko beharra, bizitzako une zail batean emaniko zin-hitzarekiko leialtasuna edo bidearen aszetika gogorraren bidez martiri eta santuen antzeko izan nahia oso bizirik zeuden mende hartan, ez zen falta egarri hura sentitzeko arrazoirik.
Monjeek beraien egonkortasun botoa unibertsoaz haraindiko erromesaldi espiritual batekin elkartzen zuten monasterioetako peregrinatio in stabilitate‑ren aurrean, bere fedean sendo zegoen herri bat astintzen eta mugitzen zen –stabilitas in peregrinatione– santuen, erlikien eta mirarien etengabeko bilaketan.
Hain zuzen ere, 1200. urtearen ingurumarian, XIII. mendearen hasera honetan ikus daitekeen guztiaren pertzepzio sinbolikoa unibertsoaren arrazoi mailako ikuskera batez ordezkatzea izango zen erromesaldien zaletasun haren gainbeheraren eragilea. Debozio hori elizetako eta katedraletako benetako kristau-liturgian oinarrituriko gurtza arrazional baten menpe egonkortzen denean amaituko da garai erromanikoa. Gerora ere, monjeak izango dira –baina ez lehengo kontenplariak, berriak baizik, “Mendikanteak”– “abian jarriko direnak”.
Euskal artea erromes bihurtua
[aldatu]Erromesbideak eta gurutzadak
[aldatu]Agiri ofiziala IX. mendean Santiagoren hilobiaz eta bere gainean eraiki beharrezko elizaz hitz egiten hastearekin batera, Kristautasuna erromes bihurtu zen, abiatu egin zen eta gaur egun, kristautasunaren Hirugarren Milurteko honetan, Apostoluaren hilobi alderako jaiera ibiltarian hamaika mende igaro direla esan dezakegu.
Hasierako mendeetatik jada ez ziren gutxi, Eteria moja galiziarrak bezala, Salbatzailearen Hilobi Santua Jerusalemen bisitatzeko ametsa betetzen zuten lagunak. Eta X. eta XI. mendeetan Jesusen lur honetako aberriaren gainean musulmanen indarrek Palestina alderako bidaia guztiz arriskutsua bihurtu zutenean, Erromako Gotzainek deituriko borroka santuarenganako berotasuna hedatu egin zen kristautasunean. Gurutzadak gerra ekimenak izan ziren, kristautasun osoak bereak bezala hartu eta Palestina aldeko santutegien profanazio eta txikiziotik salbatzeko eta halako lekuetara sinestedunak joaten jarraitu zezaten lortzeko beharrezkotzat hartu zituzten gerrak.
Erromes ala gurutzatu izatea bekatuetatik askatu eta salbamena ziurtatzeko bi moduak ziren. Kokatuak gauden garai honetan hiru izen mitiko izan ziren Jerusalem, Erroma eta Donejakue; eta XII. mendean sorturiko Gesta Kantek horren berri ematen dute.
Baina, erromesaldi eta gurutzaden erlijiozko ikuspegi honek ez dizkigu beste ikuspegiak ahaztarazi behar, nazioarteko merkataritzari indar berria ematearekin batera, arte eta kultura egitura berriak lotzeko bitartekoak izan baitziren, Donejakue aldeko bideak. Antso Nagusiak[12] buruturiko lan itzela laburtu nahi izan denean, artearen historiarekin zuzen-zuzeneko zerikusia duten hiru gertakari aipatu izan dira: Donejakuerako erromesbideak, Almanzor eta Abd‑al Malik‑ek txikituriko elizen berreraikuntza eta mugetako gotorleku-marrak.
Nafar errege handia izan zen Donejakue bideko aldaketaren sustatzailea, euskal probintzietan sartzeko bide deserosoak utzi eta Pirinioetan bi igarobideak, Orreagakoa eta Somportekoa hartuz, Nafarroatik eta Errioxatik Gaztela aldera sartzeko “frantses Bidea” sortu eta sustatu zuena. Santiagorako bide berriak XI. eta XII. mendeetan barna garrantzi oso eraginkorra izan zuen Europa erdialdeko herrien lotura sozioekonomikoak eta kulturalak eragiteko; izan ere, gertakari honek era guztietako fundazioak, hasi zubi eta ospitaleetatik eta auzo edo ”burguak” eta baita, Galtzadaren zerbitzu hoberako jaioak ziren hiri osoak ere, egokitu behar izan baitzituen.
Lau bideak
[aldatu]Egia bada ere erromesen hedapenik handiena XIII. mendean eman zela, egia da halaber arte erromaniko ikusgarrienak egungo Donejakue aldera doazen Europa aldeko lau ibilbide famatuetan aurki ditzakegula. Hori dela eta kapitulu honetan aipatzea merezi dute:
- Frantzia iparretik, Paristik eta Orleansetik, zetorrena, Tours, Poitiers eta Angulemetik pasatzen zen, eta “turonense”a esaten zitzaion;
- Alemania iparraldetik Burgundian sartuz, lehendabizi Vezalay‑ko abade-etxe eta santutegitik eta ondoren Limoges eta Perigeux‑etik pasatzen zena: limusina bidea;
- Alemania hegoaldetik Lyonera zetorrena, Le Puy‑en‑Velay santutegitik eta Conques eta Moissac abade-etxetatik igarotzen zena.
Hiru bide hauek “ad Hostavallem”en (Erromesaren gida), 1140 aldera hiri pilaketa bezala aipatzen den egungo Ostabat euskal herrixka ondoan elkartzen ziren, Nafarroan, Ibañetako Zize mendatetik sartzeko.
- Laugarren bideak Italia eta Frantziako hegoaldeko erromesak biltzen zituen eta Arles, Tolosa eta Oloroetik pasatuz, Somport mendatetik zeharkatzen zituen Pirinioak. Handik Jaka eta Monreal zeharkatuz Garesera iristen zen, aipaturiko beste hiru bideekin bat eginez.
Beste bide batzuk. Euskal Herriari dagokionez, ez dugu ahaztu behar Bordeletik eta Baionatik zetozen bazirela bi bide, euskal itsasaldetik sartzen zirenak, eta besteak baino gutxiago ibiliko ziren bideak nonbait.[13]
- Bata, Baionatik Gasteizera jaisten zen eta Burgos aldeko lurretara Mirandatik sartzen zena;
- Bestea, Kantauriko itsasertza jarraikiz Zumaia eta Astigarribiatik Kantabrian sartzen zena.
Bi bide horiek XI. mendera arte izango ziren ibiliak, Errioxako ibilbidea musulman zelatarien hatzaparretatik oraindik aske ez zen garaietan.
Ibañeta‑Orreaga igarobidea
[aldatu]Baina, Ibañeta eta Orreaga ziren Nafarroa eta Frantzia arteko ibilbide arruntak. Antzina, Burdigalatik Asturikara zihoan galtzada erromatarra “summus Pyrimeus” horretatik egin zen.
Lacarraren ustez, Orreagako inguruetan egona izango zen San Zakariasen monasterioa, 848. urtean San Eulogiok bisitatu zuena –“situm ad radices montium Pyrinaeorum”, dio Kordobako santu martiriak–, zeinak bertatik monasterioko liburutegitik altxor aberats bat eraman zuen. Orreagatik gertuan izan ziren Leire eta Sante‑Foy de Conques‑en menpe egonak izan ziren monasterio eta ospitale fundazioak.
Calixtino Kodizeko Erromesaren Gidak delako Crux Caroli batez hitz egiten du; elezaharrak dioenez, mendiaren gailurrean Carlomagnok kokaturikoa zen, eta gailur horren gainetik egin ohi zioten erromesek Santiago apostoluari beren lehen otoitza.
Antso erregeak, Peñalengoak, 1071. urtean monasterio bat eman egin zuen –Sanctus Salvator de Ibañeta– edo Rolandi Kapera. Monje edo kanoniko elkarte txiki bat izango zen, agustindarrak ziur asko, kaperaz arduratu zena. Lehenbiziko eraikin hura behin eta berriz suntsitua eta beste hainbestetan berreraikia izan zen.
Artean ere, XVII. mendean, erromesak Ibañetan igaro ohi zuten gaua, biharamunean Orreagara jaisteko. Egun, eguraldiak eta bestek gogorarazten dizkigute zenbait alditan hondaturiko monumentu xume bat, Pirinioetako ospitaletan fundazio zaharrenetarikoa, eta han gertuan nonbait hil zen Chanson de Roland‑en egile-heroia.
Ibañetaren magalean, mendiaren hegalean bertan, Orreagako Andre Mariaren Errege Kolegio‑eliza dago.
Mendiko lehen ostatu bat sortzetik hasi ziren 1127. urtean.[14] Gerora mendiaren hegalera ekarri zen, gaur egun Kolegio‑eliza dagoen lekura. Urteekin Iruñeko Kabildoaren ondasunez eta bestelako emaitzez jantzi egin zen, ospitalea eta aterpetxea bihurtzeko, aldi berean. Erromako Gotzainaren babes eta eskumen zuzenean erromesen aldeko osasun, ospitale eta ongizatezko lanak burutzen zituelako sona handia hartu zuen, ondorengo mendeetan. Pixkanaka aipaturiko zeregin hau Erroldan heroiaren elezaharrarekin lotu zen, eta azkenean “Erromesen Gidan” Hospitale Rotolandi esaten zaio.
Ostatuaren ondoan Sancti Spiritus kapera eraiki zen, Orreagako eraikinik zaharrenetarikoa, XII. mendekoa; karratua da eta egitura bera duen kobazulo baten gainean eraikia, ospitalean hiltzen ziren erromesen hezurtegi modura erabiltzen zena.
Kolegio‑elizaren hegoaldean –1215. aldera, nonbait–, Santiagoren Kapera eraiki zen eta, egun utzia badago ere, Orreagako eraikinik zainduena da. Txikia eta xumea da, ojibazko bi tarte dituena, saihetsetan kapitel loreztatuak dituen hiru zutabe parerekin du atea eta krismoi bat tinpanoan.
Orreagako eraikinik galantena Santa Maria Elizarena da; nafar gotikoaz hitz egitean aipatu beharko dugu.
Orreagatik Garesera
[aldatu]Orreagatik erromesak Auritz, Aurizberri eta Bizkarretatik igaroz Zubiri zubia zeharkatu, eta Larrasoañara iristen ziren, XI. mendean Santa Mariari eta San Agustini eskainitako monasterioa eta ospitale bat sortuak ziren lekutik. Eraikin luze bati eusten zioten horma‑bular zati batzuk geratu dira zutik, eta aurrealdeko horma batean Orreagako gurutzea ikus daiteke.
Hurrengo ibilaldia Iruñean bukatzen zen, eta erromesek han, harrera atsegina eta ostatu erosoaz gain, guretzat ikusezina den edertasun bat goretsi zezaketen: katedral erromanikoa.
Nafar hiriburuaren barruko ohiko ibilbideak Katedralaren mendebalde aldera jotzen zuen, Curia eta Mercaderes kaleetan zehar, San Zernin auzora arte. Han bazen ospitale bat –XIV. mendean, bederen– Burgoko frankoek gobernatzen zutena. Erromesentzat jaiera bereziko eliza zuen honek, San Saturninori eskainia; zeren eta leku honetan San Saturninok lehenengo kristauak bataiatu zituela uste izaten baitzen. Hemen ere izan zen lehen eliza erromaniko bat, gerora, XIII. mendearen azken aldera egungo eraikin batek ordezkaturikoa.
Nafar hiriburua utzi ondoren, erromesen batzuk agian, Gazolazko eliza bisitatzeko kilometro pare bat desbideratuko ziren, eta haren atariko kapitelen ederra gozatu ahal izaten zuten. Gehienak ordea, Erreniega mendikate aldera abiatuko ziren errenkan. Egungo errepidetik ezkerretara saihestuz Zizur Txikin kokaturiko ospitale batera iristen zen. Gaur egun, ez dago Jerusalengo San Joan Ordenari 1135. urtean emaniko eliza bat besterik, han emaitza ugariak jasoaz jarraitu zuen honek, XII. mendean Ordenako gunerik garrantzizkoena bilakaturik. Protogotiko estiloko eliza honek lau tarte eta zirkuluerdi-formako absidea du; 1835. urtean, desamortizazioaren ondoren, bazterreratze tristea izan zuen, duela gutxi (1989) zaharberritua izan den arte.
Zizur Txikitik ospitale txiki bat zegoen Astrain aldera jarraitzen du bideak eta mendikatearen gorenean, mendi berari izena eman zion Barkamenarena deritzon ermita. Jaitsieran, erromesek San Joan Ordenako etxe bat topatzen zuten, Garesko Gurutzearen zaintzaren menpe zegoena, Legardatik jarraitu eta beharbada Obanosera hurbilduko ziren beren ibilbidea Garesen bukatzeko; han aurkitzen baitzituzten beren debozioak behar zuen berotasuna eta arte aberastasun apartak, geroxeago azalduko dugun bezala.
Garesen bide guztien elkargunea. Kale Nagusitik herriari izena ematen dion zubi ospetsura iristen ziren. Gaur egun oinezkoek eta animaliek besterik erabiltzen ez duten zubi hau, sei arkuz osaturikoa da, XI. mende hasierakoa eta beraz, Santiago bidean zutik daudenetatik zubi erromanikorik garrantzizkoena da eta hemen elkartzen ziren Donejakuera zihoazen bide guztiak.
Somporteko bidea
[aldatu]Somportetik Garesera
[aldatu]Frantziako hegoaldetik edo Erromatik zetozen erromesak Somportetik sartzen ziren eta Santa Kristina ospitalean hartzen zuten ostatu. Canfrac‑tik barrena Jakaraino jaisten ziren, eta han Antso Ramirezek XI. mendean eraikitako katedral erromanikoa bisitatzen zuten. Santutegi bikain honen oroimena bide luzean lagun izango zuten halako bikaintasuneko beste eraikinik ez baitzuten topatuko Donejakuera bitartean.
Erromes batzuk San Joan de la Peñako monasterioa ikusteko desbideratzen ziren, aurrerago Tiermas herria aldenik alde igaroz sartzen zirelarik Nafarroan, ordurako ospetsua zen Leireko monasteriora igota; izan ere, IX. mendean, San Elogio martiriak bisitatu zuenetik harturiko izen ona Europa osoan barreiatzen hasia baitzen.
Leiretik auzoan zegoen Zangozara pasatzen ziren, herri hau lehendabizi Rocaforte muinoan eraikia izan bazen ere, Aragoi ibaiaren ertzeko egungo kokalekura Sancho Ramirezek (1076‑1094) eraman zuen, erromesaldiak sustatu nahiez eta bere menpeko lurretan frankoak finkatzeko erraztasunak bilatuz. Santiago eta Santa Maria la Real elizak –eraikuntzaz eta irudizko apainketaz XII. mendean zehar osatzen zihoazkienak– bisitatu ondoren, Aragoi ibaia han bertatik igarotzen zelako, Vadoluengo zeritzan San Adrian ermita eta ospitalea bisitatzen zituzten erromesek.
Monreal aldera jotzen zuen bideak; herri hau da, gainera, Erromesen Gidaren arabera, Aragoiko Biderako azken txangoa. Aragoiko galtzada horretako erromesak Garesera iritsi aurretik Eunateko eliza liluragarri honetatik pasatzeko zoriona ere bazuten.
Garestik Lizarrara
[aldatu]Garestik erromesak Mañeru eta Ziraukitik jarraitzen zuten, bertan San Romanen eliza ederra bisitatu, eta atariko eskulturak kontenplatzen gelditu ondoren. Gero, gaur egun oraindik zutik dirauen zubi batetik erreka zeharkatu, eta Vilatortako San Migelera iristen ziren, han bertan izandako eliza eta ospitaletik arte latz batez landutako harlandu batzuk baino ez dira gorde; horiei buruz hitz egin dugu aurreko kapituluan. Ez oso urrun, beren ibilbideko txango baten azkena bistaratzen zitzaien: Lizarra. Calistino Kodizearen Gidak herri hau Bideko txango nagusi moduan goraipatzen du: “Erromesak han aurkitzen du ogi ona, ardo bikaina eta haragi nahiz arrain ugari eta era guztietako zoriona”. Herria oinetan begiztatzen zuen muinoan, Sancho Ramirez (1063‑1094) “aragoitarrak”, Borrokalariaren aitak, gaztelu bat eraikia zuen –1572. urtean eraitsirikoa– eta XII. aren azken aldera Nafarroako Erregeen Jauregia altxatu zen. Anaidiek zaintzen zituzten ospitalez betetzen joan zen hiria. Ez zen falta ez, urte horietan eraikitzen hasi ziren santutegi eta erlijiozko monumenturik: Lizarrako San Pedro, Ruako San Migel, San Pedro, San Joanen parrokiak eta Hilobi Santuarena.
Lizarratik Logroñora
[aldatu]Logroñoko bideak, aldaketa gutxi batzuk gorabehera, XIX. mendeko egungo errepide beretik jarraitzen zuen. Rocamadorretik frantzes erromesek, Quercy‑tik zetozenak alegia, bada, lortu zuten beren zeruko zaindaria han ere gurtua izateko modua, berehala eraiki baitzen Iratxeko monasterioa, X. mendeko monasterio beneditarra, Zisterko monjeek monasterioa okupatu zutenean altxa zen hiru habeartetako eliza erromaniko bikaina.
Iratxetik bideak, Montejurra eta Monjardinen artetik jarraitzen zuen, delakoen gaztelua Turpinen Kronikan aipatua azaltzen delarik. Gaur egun ez dira aurriak besterik geratzen. Mendiaren oinetan, berriz, atari eder bat erakusten duen parrokia-eliza erromaniko duen Villamayor de Monjardin aurkitzen da; haren kapiteletan gurutzadetako heroien borroka-eszenak ikus daitezke.
Urantziatik, XIII. mendetik aurrera garatuko zen hirigunetik, eta ospitale bat zegoen Santzoletik igaroz iristen ziren erromesak Torresera, Donejakuerako bidean eliza‑faro izenekora; hau hilobi-eliza izan zen, Eunatekoa bezala. Gurutzaturiko nerbioak zituen kalifa-ganga bereziek erromesei gogora ekarriko zizkieten, Pirinioak zeharkatu aurretik, Oloroen eta Done Bladin lehen ikusiak zituztenak.
Torrestik, Poyoko Andre Mariaren ermitaren ondotik pasa ondoren, erromesak Vienara iristen ziren. Antso Indartsuak eraiki zuen hau, Gaztelaren noizbehinkako erasoetatik Nafarroa babesteko. Berehalakoan hazi eta garatu zen. Gaur egun desagertuak diren eliza batzuk ere eraiki ziren. Bazen han erromesek aurki zezaketen aterpetxe bat baino gehiago; hantxe indarberriturik bide lauetatik barrena, baratza oparo eta zelai berdeetatik pasatuz, Logroñora iristen ziren.
Ebro gainetik zubia zeharkatzean, beste erreinu batean sartzen zireneko ezaugarria zen ibiltarientzat Errioxan sartzea, txanpon aldaketak egin behar baitzituzten –oraingoan ez ordea kornadu nafarrez, Gaztelako marabediez baizik. Orain zeharkatzen hastera zihoazen lur haiek eta bide haiek Gaztelakoak ziren 1076.az geroztik.
Baionatik Mirandarako bidea
[aldatu]Gaztelakoak ziren, halaber, Baionatik zetozen erromesak hautatzen zituzten Gipuzkoa aldeko lur eta bideak, erlijio ikuspegi nahiz ikuspegi estetikotik interes gutxi eskaintzen zuen bidea izateaz gain, Beasaindik hasita bihurriak eta neketsuak ziren, Aizkorri mendikatea aldenik alde igaro behar baitzen elezaharretako San Adriango zubitik. San Adrianetik Araiara jaisten ziren eta Aistrako baselizak –San Joan eta Santa Basilia– eta Amianoko San Joan, denak ere Zalduendon –Erdi Aroko “Saldodon”– direnak bisitatu ondoren, harrapatzen zuten, bada, Arabar lautada: Agurain eta Gasteiz.
Asko harritzen zituen halako paisaiak, han erabatekoa baitzen aldaketa. Gasteiztik –1200ez geroztik, hau ere Gaztelari lotua– bidea laua zenez ez zen inolako eragozpenik aurrera egiteko, gotzainaren egoitza zuen eliza zoragarria duen Armentiatik antzinako Iruña (Veleia) inguratu, eta Arganzon eta Lakorzana herriak aldenik alde zeharkatuz, Mirandara iritsi arte.
Araba aldeko ia herri hauek guztiek –nahiz eta oso desitxuratuak dituzten izenekin erromesaldietako kroniketan askotan aipatzen diren herri hauek– gaur egunera arte oso gutxi gorde dute Jainkoaren bidazti haiek kontenplatu zutenetik eta zenbait lekutan gorde direnak ez dira arte balio handienekoak. Santiago Apostoluaren hilobiari muin egin nahi zioten milaka erromes haiek barren-barrendik bilatzen zuten atsedena eta babesleku atsegina eskaintzen zien lekuek garai haietan zuten garrantziaren kontzientzia izatea oso da zaila, gaur egun.
Beste ibilbide batzuk
[aldatu]Donejakuerako bidearen eskemaren laburpen honetan aipatu ditugun izenak berriro ere ahoan erabili beharko ditugu arte erromaniko eta gotikoaz hitz egitean. Baina ezin ahaztuko ditugu bigarren mailako beste bide batzuk:
- Baionatik Iruñera, Baztandik barrena zihoana;
- Iruñetik Gasteizera, Arakildik eta Aralartik zihoana,
- Ebroren ibarretara, Tafalla, Erriberri, Balterra eta Tuterara iritsiz jaisten zena.
Ez da zalantzan jartzekoa antzinako Baskonian arte garapenerako erromesbide hauek izan zuten garrantzi itzela, ezta Antso Nagusiak Europa aldera irekitzeko egin zituen ahaleginak ere. Arrazoiez zioen Iñiguez Almechek, Antso Nagusiaren Frantzia aldeko ibilerek eta klunitarren aldeko proiektuek baieztapen egokia dutela eragin zituen artelanetan;[15] hala ere, irekitze horrek ez zuen eragotzi Nafarroak ohikoa zuen berezko izaera eta arte tradizioaren zati handi bat gordetzea.
Ibili beharrekoak dira erromes-galtzada zabal eta bide estu horiek, baldin eta Nafarroako eta Arabako arte aberastasun galant horren ezaguera osoa hartu nahi bada. Ez dugu ahantzi behar, esaten den bezala, bide guztiek Erromara daramatela egia baldin bada, beste hau ere hala izango dela: gure Euskal Herrian, “bide guztiek Donejakuera garamatzatela”.
Lehen euskal erromanikoa
[aldatu]Azalpena
[aldatu]“Lehen arte erromaniko” kontzeptu hau Puig i Cdafach‑ena da, eta Penintsula mailan, berak eman nahi dion zentzu zehatzean, Kataluniako eliza batzuetan baizik ez zen hasi, eta gerora arkitektura erromanikoa izango den berrikuntzari dagokio. Bestalde, gogoan izan behar da beti, lonbardiarraren ondoan oso bestelakoa den “otoniarra” dei diezaiokegun beste “Iparraldeko lehen arte erromanikoaz” hitz egin daitekeela.[16]
Puig i Cadafalchek lehendabizi bere ideiak katalanez argitaratu zituen, L´Arquitectura románica a Catalunya izenburua zuen lana lau liburukitan, 1911tik 1918ra bitartean. Gerorago azalduak dira gai berberari gaztelaniaz eskainitako El Primer Arte Románico eta Geografía del Primer Arte Románico izenburua duten beste bi lan hauek (1929‑1932). Eraikitzaile katalanek hainbat herri eta eskualdetatik jasoko zituzten eragin ugariak aztertu eta aipatzen ditu egile honek, hala nola: Ekialdea, Italia, Languedoc‑a eta Proventza, Cluny, musulmanen Hispania eta abar. Ondoren, Kataluniako lurraldeetan azaldu ziren hainbat kristau-eliza diakronikoki kokatuz eta horien hainbat motatako desberdintasunak deskribatuz jarraitzen du.
Ezaugarriak
[aldatu]Puig i Cadafalch-entzat “Lehen arte erromanikoa” eraikuntzako ezaugarrietatik ezagutzen da: paramentuan harri zakarra erabiltzen du, kolpekako tresneriaz moztua eta opus spictum eran kokatua sarritan; bere hutsarteak oso estuak dira, barruko espazioak kanoi-erdiko gangez estaltzen da; eta ez du apaingarritako eskulturarik.
Erromaniko zakar eta funtsezko hau hasieran bere burujabetzaz garatzen da baina, luze baino lehen, X. mende erdialdean edo,[17] Italiako Iparraldeko eragina jaso zuen eta bat egin “estilo lonbardoaz”, bere kanpoaldeko apaingarriak alaitzen dituzten zerrenda eta arkuengatik ezagut daitekeenaz. Kanoi-gangen gainean tronpa gainetan kokatua dagoen oskolpe edo kupula azaldua da, XI. menderako jada, italiar elizen erara, eta, beroietan bezala, saihetsetan leiho askoz zulaturiko dorre garaiak eta arkuen apainduria dutela, esaterako, Ripoll, Cardona, Cuixa, eta abar.
Espainiaren Iparraldeko erromanikoari buruz Raymond Oursel‑ek azpimarratzen du –Kataluniaz pentsatuz, batez ere–, sistema berriak, ordura arte erabiltzen ziren mozarabiarren formulak utzita, beste hizkera bat sortu zuela egituran, esaterako, bere ferra arkuen profil gaindituak; eta horien ordez, hartu zituen “italiar Lakuetan garaitsu hartan bertan nagusi ziren egitura eta apainketa osagai guztiak, egundoko antzarekin, alegia, mailuz mozturiko paramentu txikiak, zerrenda eta arku makurrak, absideko horma‑hilobiak eta sigi‑sagako osagai apaingarriak”.[18] Arkitektura hau, “lonbardiar” izenekoa –geografikoki, etenaldi bitxiak dituen arren–, ia Italia, Dalmazia, Frantzia mediterraneoa, Katalunia, Suitza, Renania, Burgundia eta Herbehere osoan hedatu zen.
Euskal eta Nafar monumentuetatik mozarabiarren eragineko osagaiak baztertu zituena, eragin lonbardiarra izan zen XI. mendearen azken aldean; mozarabiar hauen agerpenak prerromanikotzat hartzera bultzatu izan gaitu, batzuetan behintzat –Aragoiko Serrabloko eliza, adibidez–, eta, irizpide kronologiakoetatik kanpo utzirik, aurreko kapituluan kokatzera bultzatu gaitu. Dena den, kultur ikuspegitik behintzat, gogoan hartu behar dugu kristau-errekonkistak beti eta nonahi ez zuela islameko kultura deuseztatzea eragin, eta XI. mendetik Ebro ibarreko kokaleku judutarrek, arabiarren kultura eta kristauen kulturaren arteko transmisio ildoak ezarri zituztela.
“Lehen Arte Erromanikoaz” hitz egiten duten idazle guztiak ez zaizkio katalan historialari honek duen irizpide zorrotzari lotzen. Azken batean, hizkera edo deitura horrekin normalean, estilo erromanikoaren lehen aldia izendatu nahi izan du, idazle bakoitza bere erara definitzen saiatzen baita.
Lehen erromanikoaren esanahia
[aldatu]Hemen behintzat, lehen arte erromanikoaren izenburuari esanahi kronologikoa emango diogu, batez ere, betiere, ohartarazi nahiez, Europako arte estiloen ibilbide historiko guztian gertatzen den bezala, ez dela sinkroniarik izan hainbat herrialdeetan. Guretzat lehen arte erromanikoa soil-soilik arkitekturari atxikitzen zaion kontzeptua izango da.
Eraikuntza mota berria da, harrizko gangez espazioak estaltzen hasi, eta hainbat habearte artikulatzeko edo erdiko habeartea bere gurutzadurarekin lotzeko egiturazko konponbideen bila baitabil.
Gehienetan bere paramentuak zakarrak dira, eta normalean ez du eskulturarik. Eta noizbait azaltzen bada, oso soiltasun latz eta esanahirik gabekoa da, apaingarritako erliebe gisa begiratu beharreko ebakidurak dituzten ateburu eta kapitelak alaitzeko besterik ez.
Leireko monasterioa
[aldatu]Antso Nagusiak nabarmenki lagundu zien, bai alde materialean nahiz alde espiritualean, Nafarroako monasterioei; izan ere, jabetza pribatuzkoak zirelako, asko izan arren, kulturaz eta erlijioz bizimodu ahuldua zeramaten.
Erreforma politiko garbi batean saiatu zen Errege Handia, monasterioetan beneditar arautegia sartuz eta jabetza pribatu eta laikoen eskutik berauek askatuz; hauek helburutzat harturik etorrarazi zituen zenbait fraide Clunytik, Paterno buru zutela eta San Juan de la Peña monasterioan eman zien bizilekua. Litekeena da, 1022an, bere eskutik zaharberritua izatea Iruñeko eliza, laster bota zutena. Antso Nagusiaren ondoren, Nafarroako beste errege-erreginek ere jokaera bera izan zuten eta, behin eta berrizko emarien ondorioz, LEIREKO monasterioa erreinuko egoitza erlijiosorik garrantzizkoena izatea lortu zuten.
Goñi Gaztanbidek azaltzen duenez, kultur gune handi bat izan ez bazen ere, gauza materialetan behintzat, aurrerapen maila handia iritsi zuen bere baitan beste monasterio asko bildu zituelako.[19] Eskumenean 72 monasterio eta zazpi herri izatera ere iritsi zen Leire.[20] “Leireko abade-etxea Nafarroak Frantziarekin izan beharreko harremanak ziurtatzen zizkion monasterio guztiak bilduz joan zen”.[21]
Antzeko gertakariak esan daitezke Iratxeko monasterioari buruz ere. Han santu baten, San Verebundo deritzonaren– itzalak erakarpen handi bat sortzen zuen, egia bada ere XI. mendeko hamarkada horietan Nafarroako monasterio hain handi bati buruzko agiriak guztiz urriak direla. Iratxeko ondarea nabarmenki hazi zen eta honek XII. mendeko eliza erromaniko bikaina eraikitzen lagundu zion. Leireko ondasunak handitzeak monasterioaberreraikitzeko zeregina erraztu zuen.
Leireko San Salbatore eliza, 1057an sagaratu zenak monasterio bizitzako unerik gorena erakusten dute Antso eta Joanen abadetza aldietan, hauek Iruñeko gotzain ere izan ziren. Lanbide honi, Antso Nagusia erregeak lehenik eta, ziurra izan daitekeen babesaren ondoren, bere seme Gartzia Santxezek eman zion jarraipena.
Leireko eliza erromanikoak bakearen gozotasunera baino borrokako ohituretara jarriagoak dauden gizon batzuen espiritua bistaratzen du. Lanak kriptatik hasi ziren eta burualdetik jarraitu, biak ere batera sortuak nonbait, eta aldaketarik gabe burutuak, Lamperezen ustez. Horregatik gorde dute halako oreka. Horma lau eta biluzien, profil garbien eta hainbat ñabardurako hareharrien margo beroenganako zaletasun modernoa duenarentzat, Leireko abside hirukoitzaren kanpoko ikuskizunak edertasun liluragarria eskaintzen du.
Lur sailaren maila desberdinen oztopoa gainditzeko pentsaturiko kriptak burualdearen zama izugarria jasan behar du. Horregatik, nonbait, halako harritzat izugarriak, fusteen garaiera txikia eta haien bikaintasun ikusgarria –usteen arabera, berriz erabilitako erromatarren garaiko harroinak dira. Erdiko habeartearen zabalerak beldur emango zien eta goiko elizaren zama guztia jasan beharko zuen harrizko gangaren ziurtasunagatik, arrisku guztietatik ihes egitea erabaki zuten, espazioren ikuskizun estetikoaren kontura: beste eusgarri ilara bat kokatu zen erdiko habeartearen ardatzean. Kontraesan arkitektoniko horrekin guztiarekin, eta, egitura osoaren laztasun itzelaz aparte, bisitaria ez da geldituko oroimenetik ezabatu ezinezko harridurarik gabe.
Goiko elizaren burualdea, halako oinarri sendoen gainean finkaturik, oldartsu altxatzen da goialdera. Zirkuluerdi-formako oinplanoa duten hiru abside zoragarri ditu, nolabait ere mozarabiar zaporedunak. Luze-zabalean habearteak berdinak eta Hispaniako artearen historiaren barruan berrikuntza dira. Bi tartetako hiru habearteak –ez dakigu gehiago egin ziren– kriptakoei dagozkienak dira; lerdenak dira kanoi-ganga jarraituez estaltzen dira. Harlanduetan ohikoa ez den neurri galantak edonor uzten du harriturik.
Arrazoi osoz idazten zuen On Luis Mª Lojendiok Leireko San Salbatoreko funtsezko pieza burualde erromanikoa dela eta bere garrantzia antzinakotasunean sustraitzen dela esatean. Lehenengoz, 1057an sagaratu zen eta 1090ean hurrengo aldian.[22] “Espainiako erromaniko monumentu handietan lehenengoa da, lonbardiar joerako eragina duten eliza kataluniar batzuen salbuespenarekin. Jakako katedrala, Leongo San Isidoro, Fromistako San Martin eta zalantzarik gabe Santiagoko katedrala baino lehenagokoa da. Bere marren zehaztasunak, bere handitasunak, bere kapitelen berezitasunak eta aitortzen zaion antzinakotasuna dela eta Leireko burualdea paregabea eta bakarra da”.[23]
J.Gudiol eta J.A.Gaya Nuñok “Nafarroako erromanikoko lehen lan gorena” dela diote eta “monumentu jakin honetan eta Aragoiko ibarretako eliza zenbaitetan guztiz zehaztua gelditzen dela bertan jaio zirenen eraikuntza-eskola baten aukera” ere erakusten duela.[24]
Lehendabiziko ataria –gaur egun Porta Speciosa deritzona– ondoren egun dagoen kokalekura eraman zuten, XIV. mendean handiagotu zen multzo gotiko osoaren ate izateko. Horregatik, bada, bere eskultura zatiak neurriz kanpoko handitasuneko ate-markoetan txertaturik azaltzen dira.
Jakako katedrala
[aldatu]Ramiro I.ak, Antso Nagusiaren semeak, oinordekotzan Aragoiko konderria bereganatuz dinastia bat sortu zuenak, 1063an kontzilio bat bildu zuen Jaka hirian. Idazle batzuen ustez, errege hori edo bere seme eta oinordeko Antso Ramirez izan zen bere eraikuntza hasi eta bultzatu zuena (1076‑1082): baina iritzi berriago batek beraren hasierako data 1094‑1098 artean kokatzen du.
Arkitektura nafar-euskaldunaren ondoren etorriko denaren gainean Jakako eragina izan zuen eraikin honek, merezi du hemen arreta pixka bat. Eraikina, Leireko eliza erromanikoa baino askoz beranduagokoa izanik, ez baitzen 1130era arte bukatu, Pirinioetako alde honetan eginiko guztiaren gainetik jartzen da handitasunean.
Elizak baditu hiru habearte, gurutzadura eta absidea. Horma trinko eta sendoek eta hutsarte gutxi batzuk ematen dute garai hartako borrokarako indar latzeko espirituaren berri. Oinarriak zutabeekin txandakatzen dira.
Hiru absideek begirada berezia merezi dute, jatorrizko bat besterik ez delarik geratzen: zoruen arteko altueran garatzen diren inpostaz markaturiko hiru gune horizontaletan, tako edo zerrenda klasikoz apaindurikoei xake-itxurako jakarrei izena emango diena eta ondorengo eraikin erromaniko askotan aurkituko dena.
Gurutzaduraren besoak kanoi-gangaz estaltzen dira eta erdiko zatia nerbio-gangaz, kupula itsu moduan, tronpa gainetan etzanak daude eta ez dira kanpora azaltzen.
Habearteetan gangak gotikoak eta oso beranduan altxaturikoak dira.
Sartaldeko atariak uztaitzen du elizaren bi sarbideetatik bat. Atari ederra da, landutako kapitelak dituzten zutabe eta arkiboltekin, bi lehoiek uztaituriko krismoia duen tinpanoaz. Eskulturazko erliebeak, arte erromaniko guztia goiargiz janzten zuen espiritua oroimenean edukitzeko, behingoz buruz gogoan hartzea komeni izaten den idatziez uztaiturik izaten dira sarritan. Jakako katedraleko sarrerako krismoiaren ondoan latinezko bertsoetan idazkun batek bere sinbologia azaltzen du:
HAC IN SCULPTURA, LECTOR, SIC NOSCERE CURA: P. PATER, A GENITUS, DUPLEX EST SPIRITUSALMUS. HII TRES QUIDEM DOMINUS SUNT UNUS ET IDEM
Irakurle, eskultura honetan saia zaitez hau ikasten: P aita dela, A semea; bikoitza Espiritu Saindua. Hirurak Jaun bat bera dira.
Alboetako irudiztatzeak Kristo adierazten dute lehoi irudian (Ap. 5, 5) eroritako gizonari barkatzen eta sugearen gainean ibiliz doana edo, hartzari eutsiz, herensugearen gainetik dabilela (Ps 91, 13). Bi erliebeak bakoitza bere idazkuna buruan dutela daude. Lehengoak hau dio:
PARCERE STERNENTI LEO SCIT, CHRISTUSQUE PETENTI
Lehoiak badaki bere aurrean makurtzen denari barkatzen, eta Kristok bere izenari dei egiten dionari
Bigarrenean irakurtzen denak hau dio:
IMPERIUM MORTIS CONCULCANS EST LEO FORTIS
Herioaren erresuma zapaltzen duen lehoi indartsua da
Tinpanoaren azpian beste idazpuru bat hedatzen da:
VIVERESI QUAERIS QUI MORTIS LEGE TENERIS HUC SUPLICANDO VENI RENUENS FOMENTA VENENI. COR VICIIS MUNDA, PEREAS NE MORTE SECUNDA.
Heriotzaren legeari lotuta zauden horrek, bizi nahi baduzu, zatoz hona otoizlari, sen pozoitsuak utzirik. Garbi ezazu zure bihotza bekatu guztietatik bigarren heriotza batean hil ez zaitezen.
Ez da zalantzarik eliza honen egitura berriek miresmena sortuko zutela. Eta laster asko asmakizun berri haren imitazioak ikusi ahal izan ziren. Pentsatu izan da Carcipollera ibarreko Iguacel elizak Jakakoaren eragina jaso zuela; baina dena galderatan gelditzen da, Jakako katedralaren data zehatza argitzen ez den bitartean, izan ere, Iguaceleko atariaren gainaldean idazpuru batek elizaren eraikitzea Antso Galindez eta bere emazte Urrakari zor zaiela dio, Santxo Ramirez agintean zela egina dela, 1072. urtean.
Uxueko eliza
[aldatu]Jakako eredu hau Uxuera eramana izan zen, zalantzarik gabe, Gartzia Berrezarlea Erregearen erabakiz. Baina Uxuera, 1089an eraikitzen hasi zen eliza ikusi nahiez joaten den bisitaria uste gabekoarekin topatzen da. Habearteak eraitsiak izan ziren beranduxeago eta absideak estali egin ziren eta deanbulatorio modura, gotiko garaian eraiki zen eliza gazteluan bereganatua geratu zen. Hala ere, tako ilarak ikus daitezke oraindik, baita Jaka aldeko artearen eragineko apaingarri latzak ere.
Nolanahi ere, Dulce Ocon Alonsok hain zehazki idatzi duen legez, garrantzizkoena da Leire eta Uxuerekin “Nafarroa europarturiko arkitekturaren joeretan sartu zela”.
Aralarko santutegia
[aldatu]Aralarko San Migel in excelsisen Santutegiari dagokionez, bere karolingio jatorriaz aipamenak eginak ditugu. Iruñeko elizakoa zen eta, nahiz eta hasieran Zamartzeko monasterioaren menpe izan, bere ondareak gero eta gehiago haziz joan ziren azkar, Pedro I.a Erregeren ustezko mirarizko sendakuntza zela eta. Horrela, abade-etxe bihurtu zen.
Lehendabiziko eliza erromanikoa, habearte bakar eta zirkuluerdi-formako absidea zituena, agian 1074an sagaratu zena, bukatzerik gabe geratua izango zen; garai horretakoak dira absideen azpieneko zatiak.
Ondorenean, aurrealdea berregin zen absideen altuera haziz, harburuzko erlaitzak erantsi zitzaizkion eta tronpen gaineko kupula egin edo berreraiki zen. Hiru habearteak eta nartexa ere eraiki ziren. Alfontso Borrokalariaren garaian beharbada hasiak izango ziren lan hauek, XII. mendean zehar luze jo zuten, baina ez da ziurtasunez bere sagaratzearen datarik azaltzen.
Azkenik elizaren barruan monjeen otoitzerako kapera bat eraiki zen. Zamartzeko eraikuntza-lana egin zuen arkitektoa bera izatea litekeena da, oinplanoaren planteamendua, inposten egitura, erroseten eta zerrenden apainketa eta hutsarteetako diseinu urria berdin berdinak baitute.
Ikonografia erromanikoa
[aldatu]Esanahiak eta jatorriak
[aldatu]Eskultura erromanikoren azterketa, bai Euskal Herrian nahiz kanpoan, lehen mailako garrantzia duena da kristau artearen historian. Zenbait mendeetako isiltasun ikonografikoa igaro ondoren, Europa berriko kristau-elkarteak bere fedea adierazteko beharra izan zuen, egitura plastikoen sorkuntza-lanen bitartez, “salbamen historia” deituko dena bistaratuko dutenak. Goiz Erdi Aroko mututasun plastikoa gaindituz, arte erromanikoa saiatu zen, XI. mendeko bigarren erdi aldera fedearen misterioak kanporatzen, adierazpide horretantxe utziz aldi berean, kristau eliza hornitu eta edertzearen zeregina.
Kultur ilunaldi bat
[aldatu]Edozein arte historialarirentzat antzinako kulturak nozitu zuen bi ala hiru mendetako geldialdia, Iparraldeko herrien eskualde mediterraneoak indarrean hartu zituena, nonbait nabaritzekotan ikonografian nabarituko zen. Zenbait mendetan sartaldeko gizonak inguratzen zuen mundu naturala beste nonbait adierazia ikusteko gogo guztia galdua zuela esan daiteke. Axolagabetasun honek, beste sentiberatasun bat adierazten zuen honek, ertilari grekolatindarrak burutu zituen arte klasiko zoragarri haiek burutzeko erabilitako teknikak ahanztea ekarri zuen. Herri horiek kristautzen eta, nolabait ere, “erromanizatzen” joan ziren heinean, marrazketa eta eskulturaren berezko tekniken berreskuratzea astiro egina eta geldia izan beharko zuen, besteak beste, judu‑kristauak inguratzen zuen mundu sentikorra adierazteko sentitu behar zuen mesfidantzagatik.
Gizon Egitearen misterioaren ondorio logikoak norberaganatzea eman zenean, desagertu egin zen mesfidantza hori, antzinako arte klasikoaren edertasunak ezagutzen eta miresten ziren abiada berean, ertilariak arte figuratiboa menderatzen eta eskuratzen hasi ziren eta Europa prest zegoen estilo berri baten jaiotza onartzeko.
Kultur laburbiltze berri bat
[aldatu]Ikonografia erromanikoa, –marrazketa eta eskultura– orduan, zenbait iturrietatik ateratako osagaien bilduma bezala jaio zen: Jainkoa Gizon Egitearen dogma, ekialdeko irudimen bitxi eta zoragarria, iparraldeko herriek edergarrietarako zuten sena, eta paganismorik sakoneneko herrien “genius locia” elkartzetik, alegia.
Arte erromanikoan ikonoen estilistika bilduma batetik sortzen da: errealismo mediterraneoaren eta ekialdeko abstrakzioaren arteko bildumatik; imitatzeko irudiaren eta sinbolo adierazgarrien bilduma, eta berezko egituren edertasunarekiko nahiera heleniarraren eta apaingarri atseginen eta edergarri bikainenganako zelten eta anglosaxoien zaletasunaren laburpen.
Garai bateko Baskonian, kristautasunaren sarreraren aurka luzez gogor eutsi ondoren, eskultura, prerromanikoa deitu diogun arkitekturari herabetasunez atxikia azaltzen zaigu. Leireko kriptako kapitelen ebakidurak eta Villatuertako harlanduen egitura lau eta eskematikoak ezin igar daitezke jaiotzen saiatzen den artearen hastapeneko bultzada gisa izan ezik.
Arte txikiak
[aldatu]Euskal artearen historialariaren arreta eskatzen duen esparru tekniko bat da arte txiki ala luxuzkoena, non ertiaren jeinua ala talentua, Europa iparraldeko jatorria duten herrien edergarrietako tradizio handiko ahaleginetik abiatuta, egitura naturalen irudigintzaz liluratua sentituko den. Kristau-ikuspegitik, lilura honi mesedegarri zaio, neurri txikiko objektuak izatea –kutxak, erlikia-ontziak, antipendioak, ostilamendu liturgikoak– gurtzako idolo jarrerarik ez baitute eragiten. Hortxe dago beraz, arte historiaren begirale soilarengan nahasmena sortzen duen nolabaiteko kontraesan hori, gorputz-irudienganako leialtasuna eskatzen duenarentzat konkor biribileko, hegalkin handiko eta betiere, osatu gabea eta munstrozkoa denaren bitxitasuna, eta, bestetik, arte txiki ugarietan –marfilak, metalak, esmalteak, eta abar– teknika menderatze baten ondoan, egitura naturaletan, kontaketetan eta adierazpenetan errealismo alderako joera garbi bat adierazten den eskulturen artekoa.
Marfilezko kutxak. Hain zuzen ere, atal honetan gogoratu behar ditugu Donemiliagako monasterioan gordetzen diren marfilezko kutxak. Donemiliagako kutxa deritzona, non zorionez, salbatu ziren erasoan etorritako soldaduen irrikatik monasterioaren sortzaile bakarzalearen bizitza eta mirariak kontatzen direneko marfilezko lauki txikiak, gaur egun metal bitxiez gabeturiko kutxarenak. Naiarako Gartziaren garaikoak dira, 1053koak eta Leongo San Isidro elizako, San Joan eta San Pelaioren kutxa osatzen dutenen oso antzekoak dira. Beste beranduagoko data –XI. mende azken aldekoa– Yusoko San Millan monasterioan jasotako bigarren kutxari dagokio: San Felicesen kutxa.
Monumentuzko eskultura
[aldatu]Monumentuzko eskulturaren sorrerari dagokionez, arte erromaniko bikainaren ezaugarri izango denari buruz Henri Focillonek markatu dituen aldiak gogoratzea onuragarria gerta dakiguke.
Lehenengo aldia “tutu-formako” esaten zaiona da, naturako egiturak eskema batean tolesten direlako non geometriazko tutu-forman azaltzen diren gorputz atalak.
Bigarren aldi bat “arkupeko pertsonaia” duena bezala ezagut daiteke, sarritan presbiterioetan eta ateburu antzinakoenetan ikusten dira; giza irudiak oso modu zapalean erakusten dira, arkuek eta beren eusgarriek eskaintzen duten tartean zorrozki egokituak direlarik. Hirugarren aldi bat “frisoen artea” deritzonak osatua izango litzateke; giza irudia, gorputz egiturari leialago izango zaio eta, berezkoa duen dinamismoa erakutsiz, arkitekturaren esparruko menpekotasun orokorraren arauak hautsi gabekoa da.
Eskultura erromanikoak berezkoa duen garai klasikoa –XII. mendeko bigarren azken zatia– “Atearen mendekotasun” horren ondoan, ezaugarri orokor bezala aipa litezke nolabaiteko irrealtasun espiritualista, sinbolismo alderako joera eta, bere apaingarri eta edergarrien zainketagatik, “horror vacui”an inspiraturikoa. Ezaugarri horiek, arte erromanikoaren eskulturari kutsu berdin eta nahastezinezko bat eman zioten, horregatik Europako eskualde bakoitzean “genius loci”-aren agerpena eragotzi gabe.
Atal honen hasieran aipatu dugu arte erromanikoaren jaiotzaren kontua, data eta kokamenak, historialari batzuen nazio-espiritua sutan jarri zuen kontua. Delako gorabehera hau eskulturan kokatu zen, batez ere, eta eztabaida sutsuan esku hartu zutenak arte esparru honetan adituenak izan ziren.
Eskultura erromanikoaren jatorria, Frantzian –Tolosa eta Moissac monasterioetan– jarri behar da? edo Espainian –Jaka, Silos, Donejakuen? Arazoa konpondu gabe gelditu zen eta batak besteaganako izan zuen eraginen interpretazio bat aurkitu zen eta konbentzigarria izan ez bazen ere, bai bakerakoa.
Arte historialariarentzat bereziki interesgarria gertatzen da gorabehera hori Euskal Herrian; izan ere, herri hau, Nafarroa zehazkiago, Bidearen erdian finkaturik dago, Pirinioen alde bateko nahiz besteko eraginen aukera berdinetan. Gure eskualdeko lehen eskultura-lanei buruz hitz egiterakoan, Nafarroako Erdi Aroko Artea lanaren egileak Jaka aldeko joera nabarmentzen zuten Iguacel, Uxue eta Naiarako eraikinetan.
Zenbait maisuren talentua bi mendeen abagunean agertu zen eta beroien lanak ondoren ekarriko zuen erromaniko plastikoaren garapen bikainaren norabidea. Uste izaten da 1100 urtea baino hamar urte lehenago jarri beharrezkoak direla Nafarroako arte erromanikoaren maisu bikainen artelanak: mende haren bukaeran Nafarroako bi eliza nagusienak eraiki eta apaintzeko hautatu zirenak: Iruñeko katedrala eta bere klaustroa eta Leireko eliza. Has gaitezen, zorigaitzez azkar asko eraitsi zutenetik: Katedraletik.
Esteban maisua
[aldatu]Magister Stephanus da euskal arte erromanikoaren historiak gogoan gorde behar duen lehenengo izena. Nafar batekin zegoen ezkondua zegoen, eta Marina izena azaltzen da agirietan, baita maisuaren beste etxe, lur eta errentak ere.[25] Biziki ibiltaria izango zen. Egiatzat har daiteke, Leongo Barkamenaren Atean, Donejakuen Zilarrezko Atean eta Iruñeko Katedralean aritu zela; “erromesaldietako artea” deitura zuzenesten duten –esaterako, Durliat– haiei argudio sendoak ematen zizkioten gertakaria.
Iruñean
[aldatu]Katedral erromanikoaren kapitelak. Baina, 1100 urtean sagaratua eta 1391. urtean eraitsi zen Iruñeko katedralaren inguruan nahikoa harri gelditu da, 1101 eta 1127 bitartean landurikoen artean, Esteban maisuaren edo bere lantegiaren estetikako kalitatearen berri emateko adina: bi erlaitz eta eliza atariko zazpi kapitel handi.
Haietako bat, “txorien kapitela” deritzana, hankak mokokatzen dituzten eta batzuetan beren lepo luzeak elkar gurutzatzen dituzten bi txori izanik, beste Nafarroa eta Aragoiren mugako beste elizetan kopiatua izan da.
Nahikoa ederki gordeak izan diren hainbat zatiren artean, hiru dira eskulan bikainekoak, hauetako bat zapatari bat irudikatzen duena.
Leiren
[aldatu]Leireko eliza erromanikoaren eskulturari heltzerakoan, ez da imitatzeaz hainbeste hitz egin behar, baizik eta egileaz beraz: Esteban Maisuaz. Bertako kripta eta burualdea eraiki zutenek zelaitua zeukaten bidea.
Gogora ekar dezagun, bere kripta zirraragarrian sumatzen direla, nolabaiteko zantzu figuratiboa duen apaingarritako eskulturaren bilaketa-saioak. Han XI. mende erdialdera, kapitelak lantzen zituzten batzuen lan xaloek harritzen gaituzte: ildoak eta kiribildurak tartekatuak, buruak edo fruituak adierazten dituzten bolekin. Oso oinarrizko lana da, kriptaren berehalako segidan eraiki izan zen elizaren burualdeko beste kapiteletan ikusten direnen antzekoa. Historialariek Erdi Aroko Katalunia eta Frantziako beste lan-garaikideen ahaidetasunak aurki dezakete horietan.
Baina, Leireko elizaren kapiteletan ezagunak ditugun marra-eskemak, erroleoak, erronboak, eta marradura geometrikoez gainera, giza aurpegiak ere azaltzen dira, oso oinarrizko trazu eta kerak ferra-arkuetan uztaiturik, desagertu nahi ez duen mozarabiar joera baten islak, zalantzarik gabe.
Alderantzizko zentzuan berriz, elizaren hegoaldeko saihetsean, XIV. mendeko handiagotze zistertarra egin zeneko hartan, zenbait leiho eta XII. mendeko hegoaldeko atea eta arkupe erromaniko bat errespetatu egin ziren: tinpanoaren erdian krismoia dago; eta kapiteletan, estilizaturiko landare-gaiak, erromesaldietako bideetan ematen zen estilo hoberenaren araberakoak.
Speziosa Atea
[aldatu]Garaturiko eskultura erromaniko bat elizako ate nagusian aurki dezakegu, bi mendeetako egoera hartakoa. Ate hori ordea, agiri zehatzik agerian ez dagoenez, benetako misterioa da.
Bere itxura bikainak zirrara eragiten du, alde bakoitzean fuste lauak dituen hiruna zutabe dituela, ertz biribilez bihurrituak izatean, seiren itxura dutenak. Alboetako janbetan eskulturazko irudiak egonak izango ziren, haietatik bat bakarra gelditu denez, ezker aldean. Erdi erdian, ezkila‑formako janzkerak dituzten irudi zaharreko tinpano bitxi bat dago, zirkuluerdi-formako errosetaz inguraturik, eta lehoi eta zezen baten burugainera jaisten da. Erdian mainela, kapitel eta harroin oso apainduekin.
Tinpanoaren gainean eta ertzetan irudi mordoa eta talde sakabanatuak, beren arteko antolaketarik gabekoak, halabeharrez jarriak, tarte hutsak betetzeko besterik gabe.
Atari honek, itsatsitako irudietan antolaketa gabea izanik –hau hala izanagatik Porta Speciosa deritzona–, ez du bermatzen inongo ziurtasunik Sartaldeko Atearen pieza guztiak Maisu bakar bati dagozkionak direla esateko. Azterketa formalak badirudi alderantzizko zerbait esan nahi duela, hots, multzo osoaren eraketa astiro egina dela, eta eskulturen eraikuntza hiru unetan eginikoa.
Tinpanoa
[aldatu]Tinpanoko tailak dira zaharrenaren garaikoak. Jatorriz zazpi irudi ziren, eta egungoa baino txikiagoa zen tinpano bati zegozkionak.
Irudietako bat desagertua da, beste biri burua falta zaie. Ongi samar gorde diren beste lau geratzen dira: Salbatzaileak erdiko tartea hartzen du; bere eskuinaldean Maria Birjina dago eta haren ondoan San Pedro, giltza eta guzti; bestaldean apostolu gazte bat, San Joan Ebanjelaria izan behar duena, eta gero beste apostolu bat. Kontrako aldean Ebanjelari bat izan daitekeen irudi bat, burua falta zaiona. Eskulturek beren egilearengan, esanguratsuak diren xehetasunak errealismoz osatzeko arreta azaltzen dute. Kristok ongi samar landutako bizar joria du. Besteen aldean, Ama Birjinari aberastasuna nabarmentzen zaio jantzian, harri bitxizko ilaraz osatua.
Atariko gainerako irudietakoak baino margo okre ilunagoko harria da honena, honexegatik baieztatu daitekeelarik kronologia desberdintasuna. Itxura guztien arabera, neurri txikiagoko aurreko atariaren tinpanokoa zen, 1098an sagaratu zen elizari sarbidea ematen zionarena. Une honetantxe berdindu nahi izan ziren neurri desegokitasunak, erroseta zerrenda bat sarturik.
Kapitelak eta arkiboltak
[aldatu]Leireko bigarren eskultura multzoa bere kapitel eta zutabeek osatzen dutena da. Ezkerraldetik eskuinaldera, Jaka aldeko eragina duten lauoineko batzuk ditu lehenengoak. Bigarrenak kuzkurtuta dagoen irudi bat du, erromesen bideko irudi jatorra da. Hirugarrena lepoak gurutzatuak dituzten txoriena da, eta lehen aipatu dugun Iruñeko katedrala ekartzen dute gogora. Gainerako kapiteletan landare gaien geometrizazioak dira nagusi.
Tinpanoaren gaineko biran lau arkibolta jarri ziren, era guztietako animalia-irudi oso finki landuekin; zalantzarik gabe moral sinbolismoaren balioa dutenak dira. Hemen ere, beste multzo erromanikoetan bezala, bizipoza, bihurrikeria eta moral mailako asmoak nahasten dira.
Arkuteriaren gainean
[aldatu]Horretaz gain, badira, atearen arkuen gainean, hormatal bat eta ertz parea, oso bitxi eta heteroklitoena izan daitekeen irudi sail bat nabarmen jarriak dituena: Kristo Pantokratorretik eta San Pedro edo San Migel bezalako Santuetatik hasi eta Ebanjelioko –Andre Maria Gizakundekoa eta Aingeruak bisita egin zionekoa– irudietarainokoak, infernuko irudiak eta abar, hau dena –diote Gudiol eta Gaya Nuñok– “Santiagoko zilargintzako atearen urrutiko isla” da.[26]
Iruñeko klaustroaren maisua
[aldatu]Esan daiteke katedralean Esteban Maisuak eginiko lanak eta delako Maisuaren Leireko atariko lanak Nafarroako eskualdean XII. mendeko eskultura erromaniko galantaren osotasun miresgarrirako bidea libre uzten zutela jada. Horretatik laster asko sartu zen, bada, Klaustroko Maisua izenez ezagutzen duguna.
Kapitelak
[aldatu]Klaustroa 1122 aldera hasi zen eraikitzen. Artean, behintzat, lanean ari ziren 1122an; izan ere, agirietan azaldu egiten da bukatu ahal izateko eskupekoak eskatzen zirela. Biziraun duten kapitelak, ustez 1120 eta1140ko aldian eginak dira, eta, bada gainera Melero Moneoren ustea bera duenik, Moissacen lantegiaren eragina jaso dutela dionik. Bederatzi kapitel bikoitz dira –gaur egun Nafarroako Museoan direnak–, landare apaingarriak dituztenak horietako sei dira, eta gainerako beste hirurak, berriz, apaindurez hanpaturiko tailak dituztenak.
Kapitel landaredunak
[aldatu]Hosto-zuztar eta gurutzadurez –horietako batzuetan animalia irudi txikiak ere sartzen dira– hornituriko sei landareetan tailaren trebezia gorengo mailara iristen da. Aski da lanbide horren fintasuna egiaztatzea bere egilearen ala egileen –itxura guztien arabera lantegi bat baldin bazen– arte- kalitatea zenbaterainokoa zen ikusteko.
Apaindurez hanpaturiko kapitelak
[aldatu]Halako hiru kapiteletan talentu handiko eskua azaltzen da. Hauek dira gaiak: Joben bibliako historia, Kristoren Nekaldia eta Piztuera. Hiruretan, ikusgarria da irudimen bizia, simetriaz eta simetria gabeko antolaketaz esku jakintsu baten bidez lorturiko konposaketa plastikoaren sentiberatasun estetikoa, eta harriaren lanketa oso egokia.
Joben kapitela
[aldatu]Jobenak harrituta uzten gaitu, bere indar eta irudimenezko hizkeraren trinkotasunagatik: Jainkoak bidaliko dion frogaren aurreko Joben bizimodu zoriontsua; Jainkoarekin hizketan dagoen deabrua; artaldeen akabatzea; etxearen hondamendia –deabrutzar batek erdiko ardatzetik gogor astintzen duen oihal denda bitartez adierazitakoa–, Joben konbertsioa bere emazte eta lagunekin; Job zauri artean; Jon bere zaurietatik sendatua...
Nola esan daiteke hainbeste kontu hain leku murritzean? Ez da inola ere harritzekoa pieza hauek “Nafarroako erromanikoaren gailurra” direla aitortzea. Benetako harridura sortzen du eskulturagile honek, zein maisuki dakien filigranazko lanketa bidez, itzal sakonak sortzen dituen puntu jakinetan benetako zulaketekin jokatzen non, puntzoiak arropa finak iradoki behar dituen.
Ahaidetasunak eta kontrasteak
[aldatu]“Deus ez dakigu egileaz –idazten du Lojendiok– baina ez dago zalantzarik ere, Nafarra da, eta Aragoi aldeko eraginekin, eta artelanetan ahaidetasuna du Uncastillo, Unxeko San Martin eta beste Frantzia aldeko lantegiekin”. “Gaiari heltzeko moduan, Frantzia aldekoari buruz esan daitekeenarekin kontraste garbia du. Bai baitago beste Joben kapitel bat Toulouseko Agustindarren Museoan, La Daurade monasteriotik datorrena. Frantziako kapitel hau urregintza garbikoa da, oso ederra gainera. Iruñekoa monumentu eskulturagile handi batena da, bere trinkotasun eta adierazgarritasunaz gainera, historian zeharreko Hispaniako arte jatorraren trazuak azaltzen zaizkio”.[27]
Nekaldiaren kapitela
[aldatu]Eskulturagileak, nekaldiaren irudiak egiteko nahiago izan du gai nagusiak kapitelaren alderdirik estuenetan ipintzea, gainerakoak kontakizuna osatzeko utzirik.
Judaren iruzurraren eszena da indartsuen adierazita dagoena. Musuan, Kristoren ezpainak eta apostolu iruzurgilearenak elkartzerakoan, pertsonaia bakar batenak direla dirudite. Salbatzailearen buru ederra, gurutzeko koroi argitsu batez inguratua, konposaketa osoaren erdian dago, alde bakoitzeko hiru lagun simetrikoz osatzen dena. Juda bera da hiruetako bat. Beste bostak Jesusen bila datozen borreroak dira. Batek Haren gainean dauka eskua.
Gainontzekoek lan-tresnak dituzte eskuetan arma modura. Eszena hau beste alderdian osatzen da. Alde batera hiru lagun –bat, ezpatatzar bat duela–, eskribau eta farisearren segizioko taldea osatuz. Deabru itxura duen makur bat ere ikusten da, baita San Pedro bat ere, –besomotza, zoritxarrez– indarrez besoa jasotzen duena defentsazko jarrera hartuz, beste besoarekin pertsonaia txiki bati heltzen diolarik –belarria moztu zion morroia.
Eskuineko aldean, kapitelaren alde bikoitzarenean, irtetera doan Kristo ikusten da, Anas eta Sanedrinen etxetik kanpora botata bezala. Gozotasuna eta noblezia isurtzen duen irudia da.
Bere bigarren erdian, kapitelak Gurutziltzatzearen gaiari heltzen dio: Kristo gurutzean dagoen ohiko eszena kokatzen da, alderdi estuan, eta bai alde batera eta bai bestera, lapur onaren nahiz txarraren oinazeak azaltzen dira. Piztueraren kapitela. Kapitelaren lau aurrealdetan piztuerako hiru unerik funtsezkoenak garatzen dira: Gurutzetik jaistea, hobiratzea eta piztuera.
Jaitsierakoan gurutzearen besoak goi samar azaltzen dira, Kristoren gorpuari neurria berezia emateko. Nikodemo eta Arimateakoaren irudiak bizitasunez beteak daude.
Baina batez ere, Hobiratzearen eszena da edertasun plastiko paregabea harrapatzen duena. Hilarria luzexka da eta bi zutabe sailez eutsitako aldare baten antza du. Estalgarriak arku baten itxura du eta bi lagunek eutsita, erdian Kristoren gorputza ageri da hil-oihalez guztiz bildurik. Honek delikatuki areagotzen du gorputz sagaratuaren tamaina. Hil-oihalaren eta mihiseetako tolesturen errealismoa eta simetriarik gabeko antolaketa oso dira erakargarriak, erromanikoaren erliebetako jardueran aurki daitezkeen onenak. Konposaketa osoak, Kristoren irudiari darion misteriozko argia mantentzen du.
Kapitel bereko beste aurre bikoitzak Piztueraren eszena gogorarazten du. Erdian, hilobi hutsetik aingeru batek eta emakumetako batek estalkia altxatzen dute; eta azpian, soldadu eta tankera guztietako arma-nahaste bat pilatzen da. Eszenako pertsonaia guztietatik, aingerua da erakargarriena, kapitelaren bazter batera eramanak diren emakumeei piztueraren berri ematen die eserita jarririk; horietako batek lurrin gozoko ontzia lurrean utzi du, hilobiaren estalkia altxa ahal izateko.
Kapitelaren beste aurre estu batean ertilariak sentiberatasun handiz Madalena landu du Pedrori mirarizko gertakariaren berri ematen. Ederra emakume honen burua, finki landutako kapela jantzita, esku batean bere lurrin-ontzia eta bestea zerua erakusten duela. Soina makurtua, jantziaren eta zangoaren mugimendua, sorbaldetatik jaisten zaion mantua, denak eszenari berotasuna eman nahirik.
San Joan de la Peñako maisua
[aldatu]Aldi honetan kokatu behar dugu, hain zuzen ere, San Joan de la Peñako Maisua, monasterio sonatu horretako klaustroko eskulturen egilea. Egile honetaz esan izan da, gogoan oso garbi zituela Iruñeko katedralean ikusiak.[28] Bere jarduera 1145 eta 1175 artean kokatzen den maisu honek lan handia egin zuen Aragoiren alde.
Bere lanik ezagunena Huescako San Pedro el Viejo‑n ikus daiteke. Han aginduko zitzaion noski, Ramiro Monjearen (1147) hilobi kapera; zeren eta, han gelditu baitziren bere hilobiko idazkunak.
Litekeena dirudi Iruñeko Klaustroko Maisuagandik ikasia izatea bere taldeak sendoki uztartzen. Baina, bestalde bere nortasuna ahaztezina da. Ezer baino lehen esan dezagun, bere irudien kanona oso motza dela: ez ditu lau buruak gainditzen. Gainera erraldoi-begiak jartzen zizkien, beren profilak zakarki kanporatuz. Hark eginiko pertsonaia guztiak hotz ageri dira, bai aurpegiz nahiz jarreraz. Hark bere eskulanetan nahiago ditu zoru zertxobait uhinduak. Irudien jantziak marra txikitxoz osatzen diren ildo ilarez gauzatzen da. Maisu horren eskua ikusi nahi izan da beste hainbat lekutan ere: Zangozako Andre Mariaren elizako atari konplexuaren goieneko aldean, –Huescako probintzia– Santiago de Agüeroko eskulturetan eta –bere azken aldian, agian– Egea de los Caballeros‑eko eliza atarian.[29] Ez dirudi Nafarroan lan egiteko traturik egin zuenik.
Uncastilloko maisua
[aldatu]Aragoar Maisuaren garaikide zorrotza izan zen beste ertilaria, nafarra agian Gudiol eta Gaya Nuñok Uncastilloko Maisua abizena eman zioten herri horretan egin baitzuen bere lanik ezagunenetariko bat: Santa Marta eta San Migel elizako tinpanoak eta kapitelak –egun Bostonen direnak.
Leireko Maisuarenak izan litezkeen itzalez eta Artaizko erlaitzaren harburuen antzaz hitz egin izan bada ere, Uncastilloko Maisuaren hizkera plastikoa oso berea da. Janzkera handi eta zabalen eta aurpegietako bibote luzatuak libre uzten dituzten ezpain guztiz handien alderako joeraz ematen du ezagutzera bere burua. Arkiboltako hutsuneak betetzen dituzte bere irudiek: eta kanpoaldeko baketoiez zapalduak bezala ikusten dira. Kapritxozko txibistetan, hostoil lauak edo pitxiz beteak, eta tximino-buru exotikoak egiten atsegin hartzen zuen. Delako irudiei eman behar zaien esanahiagatik garbi ikusten da joera satiriko eta barreragilea duela.
Beste maisu batzuk
[aldatu]Hain urrutiko mendeetan Euskal Herriko artisten bizitza eta jarduera zuzen zuzenean aipatuko dituzten dokumenturik ez egoteak baldintzaturik gaudenez, gure eliza erromanikoen monumentuzko apainketan eginiko hain lan handiaren hari gidatzaile modura, nolabaiteko zuzentasun eta argitasunez azaltzen lagunduko digun azterketa estilistiko batera jo beharra daukagu.
J.E. Urangak[30] dioen bezala, XII. mendearen erdialdean, Nafarroan arte bultzada berri bat gertatu omen zen eskultura erromanikoan, Iruñean mende horren hasieran bertan gertatu zenaren parekoa. Nafar eskuen iaiotasun plastiko eta arte sentiberatasunaren lekukoak aurki daitezkeen atarien zerrenda luzea egiten du idazle honek berak, hasi Iratxe, Artaxona, Gazolaz, Orisoain eta Zarikiegi eta Zirauki eta abarrera arte.
Nabarmendu dezagun, adibidez, filobizanziar artista nafar baten lan fina, Erriberriko San Pedro elizako atearen kapiteletan eta zimazioetan dagoena.
Beranduago beste ertilari bat etorri zen tinpano eta ateburu gotiko batez apaintzera. Iñiguezek badu susmo bat, Silosko bigarren maisuaren lana izan zela loratze horren bultzada erabakigarria.
Orokorrean onartua izaten da, XII. mendeko elizen arkitekto maisua ados izaten zela monumentuzko apainketa lan osoa zuzentzen zuen eskulturagile nagusiarekin. Hori dela eta, XII. mendeko euskal erromaniko eskulturari heltzean, ez dugu aldi berean arkitektura aipatuz baizik egingo. Ikuspegi honek, kristau figuratibo plastikoa Kristautasunaren arkitektura sagaratuko Erromaniko handi eta oparoa den barrunbe horretatik jaiotzen dela dakien inor ez du harrituko.
Nafarroako erromanikoaren hedapena
[aldatu]Ondare erromaniko aintzatsuak, beste toki askotan bezala, Nafarroan eta, oro har, Euskal Herri osoan izan zuen zoritxarreko halabeharra gogoratuz hasi beharko dugu.
Frankoen eliz erasoa
[aldatu]Nafarroa hasia zen Antso Nagusiaren garairako jada bere erresuma europartzen, hau da, ipar Pirinioetako irizpideak, errito liturgikoak eta kultur ereduak bereganatzen. Baina Aragoi eta Nafarroako errege Antso Ramirezen (1076‑1094) agintaldian areagotu ze,n batez ere, mugimendu hori. Errege hau, bigarren ezkontzaz Roucy kondearen alaba Felizianarekin ezkondu zena, Iruñeko egoitzan bere anaia jartzen ausartu zelako Erromarekin zeukan lehenengo arazo bat gainditu ondoren, jakin zuen onartzen Saint‑Pons de Tomières‑eko Gregorio VII. abade eta Aita Santuaren eskualde hartako gorabeheretako ordezkaria zen Frotardok bere gustuko gotzainaren aukeraketa. Honako hau Pedro de Rodez izan zen –edo Pedro Andouque–, monje frantziar bat, jantzia, azkarra eta bizia, Saint‑Foy de Conques monasteriotik zetorrena eta elizbarrutiko historiografian Rodako Pedro izenez ezagutzen dena. Berau izan zen San Agustinen araudiaren araberako aginpide kanonikoa Iruñeko elizan sartu, eta Goñi Gaztanbidek “frankoen eliz eraso” izenpetzen duena babeslea.
Bestalde badirudi, nafarren errentak, eliza eta monasterio frankoetara bidaltzen neurriz gainezka ibili zela eta horretaz gain, ez zuen eragozpenik jarri bere elizbarrutiko aginpidezko karguetan monje frantsesak jartzeko. Deyoko San Esteban monasterioan monje frantsesak indarrez sartu ziren nafarrak bidali ondoren. Pedro gotzainak bere katedraleko nagusi izendatu zuen Aymon frantsesa. Halako kontuak bat baino gehiago izan ziren. Hugo de Conquesek duintasun bera lortu zuen. Eta Iruñeko katedraleko Artxiboan elkarteko kolonjei buruzko izen frantses ugari azaltzen da.[31]
Frantsesen aldetiko “eraso” hau ez zen elizbarrutian soilik gertatu. Nafarroako errege-erreginek populatze politika aurrera eraman zuten burgu frankoen kokapena erraztuz, harrigarrizko moduan ematen hasi zen ekimen hau, batez ere Iruñea, Zangoza, Gares eta Lizarran. XI. mendeko ondarearen suntsiketa. Ezin jar daiteke zalantzan, Iruñeko katedraletik hasita, nafar eta aragoarren erresumako jabegoetan arte erromanikoaren garapen eta hedapenaren maila guztietako aurrerapen bistakoan eragileek babesa jaso zutela, Iruñeko egoitzaren eta Alfontso Borrokalari hedapen -zalearen aldetik (1104‑1134). Arkitekturaren loratzea, Raul Glaberrek esan zuen esaldi ezagun horretako gaia izango zen: “Kristautasuna elizen mantu zuriz jantzi zen”. Historialariaren lumatik atera zen lilurazko berotasun lehertze haren ondoren, hurrengo urteetan halako ondare aberatsak desagerrarazi zituen hondamendi suntsitzaileren gainean negar egiten jarraitu beharko du. Nafarroari dagokionez, J.E. Urangak gure hausnarketa merezi duten eta arte ederrenganako maitasun apur bat duenari zirrara eragingo dion zati baten zenbaketa egin du datuekin:
“Kristautasunak galdu zituen, besteak beste, XI. mendeko Naiara eta Yusoko Donemiliagako monumentu nagusiak; bolada berak jarraitu zuen XII. mendean eta Iruñeko katedrala, klaustroa eta burguetako eliza guztiak, Zangozako Santa Maria eta Garesko Santiago izan ziren txikituak. Lizarrako hasierako eliza guztietan gauza bera gertatu zen; haietan abside batzuk baino ez ziren utzi zutik. Eta hauei eransten badizkiogu mila monasterio eta monasterio ondo, Tenplarioen eta Jerusalengo San Joanen ospitale eta aterpetxe-fundazioak, ondorioa da arte erromanikoaren gune handiak ziren haietatik funtsezko guztia falta dela eta Leondik zetorren eta Naiaran garatu zen arkitektura handia izango zenaren zati bat besterik ezin irudika dezakegula; edo Jaka aldetik zetorrena, Zangozan garatuz Iratxeko burualdean bukatu zena; ezta Donejakue aldekoa ere, Iruñeko katedralean inspiratu izan zena”.[32]
Beste hondamendiak
[aldatu]Eta antzeko zerbait esan daiteke gainerako euskal lurraldeez ere, Barrio Loza irakasleak idatzi duen bezala, gure lurrean borroka eta gizarte gatazkak zirela-eta eman diren hondamendiei buruz: “1794.go inbasioa frantsesa, Independentzia gerra, Karlisten Gerra Zibilak, eta Espainiako Gerra Zibila. Guzti honi, gizarte gatazka eta Bandoen Gerra bukaezinak eransten badizkiogu, erraz ulertuko dugu Penintsulako zigortuena izan dela euskal artea eta batez ere Erdi Arokoa”.[33]
Suntsitua izan denaz gain, aberatsa da Nafarroan arkitektura erromanikoa, beste gainerako euskal probintzietan baino aberatsagoa. Hainbestekoa, non merezi duen ezaugarri bertsuak dituztenak taldeka aipatzea.
Eliza‑faroak
[aldatu]Dorre ireki eta argitsua zutelako eta galtzada bazterretik Santiago Bidean erromes zihoanaren bidea argitu eta haien urrats suharrak biziagotzen zituelako merezi zuen eliza talde honek izen berezi hau.
Vadoluengo
[aldatu]Zangozako ingurunean aurkitzen da Vadoluengoko San Adrian eliza, nafar eta aragoar Pirinioetako mendi adarrak utzita, Aragoi ibaia zeharkatzeko eta Ebroko erribera aldera beren urratsak abiatzeko, erromesak prestatzen ziren tokian, hain zuzen ere. Alfontso Borrokalariak eman zion, 1141ean sagaratu zen eliza hau Clunyko abade-etxeari.
Bere oinplanoa bi zatiko angeluzuzen xume bat eta burualde zirkuluerdi-formakoa du. Garaipen arkua, erdi-puntu tolestua, zutarri gainean etzaten da. Zimazioen altuera berean inposta bat du inguru osoan. Barruan apaingarritako osagai guztiak jakatarrak dira. Arku zerrenda gainean kanoi‑erdiko ganga du eta absidea labe tankerakoa da.
Kanpora aldeko ataria Epistola aldetik irekitzen da; baditu bi arkibolta lau; fuste motzeko bi zutaberen gainean etzaten da barrukoa. Ateburua eta tinpanoa osatu dira oraintsu zaharberritzean; baina krismoi bat gordea da. Apaingarrizko osagaiak eta animaliak adierazten dituzten harburu-ilara bat doa teilatu-hegal osoan zehar.
Habeartearen azken zati gainean, behealdean gezi‑leiho bat duen dorre lauki bat jaikitzen da, eta goiengo gorputzean leiho biki parea alde banatan, profil oso lirainekoak, eliza‑faro izena egiaztatuz.
Eunate
[aldatu]Garestik ez oso urrun, zelai artean bakarti, erromesaren zain beti, Eunateko Santa Maria eliza, 1175 aldera eraiki zen eliza erromaniko erakargarria.
Bisitariari oso harrigarria gertatzen zaio honen oinplano berezia. Torreskoren antzera, oktogonoa da, eta batez ere ermita bere alde guztietatik inguratzen duen arkupea da berritasun bakarra, ez egituran eta ez eraikinean kaperarekin inolako loturarik ez duen oktogonozko arku irregularrez osaturikoa.
Gauza jakina da eraikin honen funtzioa 1520an hilerri izatea zela. Baina bere jatorriari buruzko ezer ez dakigu. Urteak dira Tenplarioen Ordenako fundazio bat izan zitekeenaren gogoetak ibili zirela, egitekorik garrantzizkoena erromesak zaintzea zuelarik. Orain berriz, Jerusalemgo San Joan Ordenaren ondasuna izan zitekeela uste da, eskualde honetan izan baitzituen halako fundazio batzuk.
Ermitak, bi gorputzeko abside ñimiño bat du, behealdekoa arkupe itsua duena, eta goialdekoa erdi‑puntuko arkuduna. Ermita honen berezitasunetako bat da sarrerako atea eta absidea bata bestearekiko elkarzutak izatea. Aurrealdean, inposta lau batez bereizten diren bi solairu biltzen dira. Goialdekoak, fuste oso motzez inguraturiko hutsarteetan irekitako leihoak ditu. Zutabetxo horien gainean gangen nerbio hasierak daude kokatuak, txermen‑formako musulman kutsuko kupula. Gangak biltzen dituzten nerbioak okertzen hasten dira, nahiz eta kokatzen direneko horma, beste inposta lau bateraino zuzen igotzen den.
Multzo osoaren tamaina oktogonala ez da prismazko dorretzarra han dagoelako baliogabetzen, ez horixe, baizik eta teilatura igotzeko eta Izarbeibar lautadan kokatua dagoen ermita erakargarri horrek faroaren eginkizuna duela ere esan daiteke.
Multzo osoaren apaingarritako osagai bakarrak zutabeetako kapitelak dira. Landareak, benetako animalia- eta mamu-irudiak, baita giza irudiak ere: hauen artean dantzari eta musikarien eszena bitxiak ere badira. Baina argi dago eraikin honen balioa estetikoa eta erakargarritasuna bere arkitekturaren edertasun soil, berezian, eta apartekoa esan genezakeenean dagoela. Gauza bera esan daiteke gertuan dagoen Torresko eliza-faroaz ere.
Torres
[aldatu]Hilobi sainduaren eliza
[aldatu]Donejakueko galtzada zaharraren ertzean dagoen herri xelebre bat da Torres, Urantzia eta Viena arteko bidean. Badakigu han bazela ospitale bat; baina oraindik eztabaidan dago Hilobi Sainduaren Zaldunena ala Iratxe monasterioaren menpekoa zen.
Eliza 1170ean eraikia izango zen. Beranduko data badu ere, harginentzat ez zen eragozpen izan mozarabiarren oroimena gordetzeko eta beren esparru hori kalifa-gangaz estali zuten, gurutzatzen diren arren giltzarrian elkartzen ez diren arkuez.
Jerusalengo elizaren aztarna bezala, oinplano erdiratuak badirudi lehenengo hipotesia iradokitzen duela, baina, egia esan eliza horren oinplanoa ez da biribila, baizik eta nabarmenki oktogonala.
Elizako sarrera hegoaldetik da; bere aurrealdea, altueraz txikiagotzen diren bi gorputzen bitartez batzen da jakaldeko tradiziozko takeaturiko inpostaz bereiziak. Barruko esparruak horrela oso multzo trinkoa osatzen du, edertasun plastiko ahantzezinezkoa. Eraikin nagusiari sartalde aldean, benetako “faroa” izan zedin eta eliza bukatuta, eskuargi lirainean suari pizturik eusteko, dorretzarra eraiki behar izan zitzaion, karakola-eskailera itsatsia eta guzti; kontrako aldean abside txiki bat ireki zitzaion, burualde gisa.
Iñiguezen[34] ustez, eskulturak, Iruñeko oroigarriak Arabako San Vicentejoko eta Ozkabarteko emariak biltzen ditu bere baitan. Kapitelen artean badira, ederki landuriko batzuk. Beren ikonografiagatik bereziki garrantzizkoak dira garaipen arkuko zutabeetako kapitelak, Piztuerako gertakariak sirobizanziar tradizioaren erara erabakitzen dituztenak. Absideko leiho txaranbelduak uztaitzen dituzten zutabetxoetan nagusi dira apaindutako kapitelak, hosto- edo animalia-irudiak (gameluak), hautako batzuek Ozkabartekoen eragin garbikoak direlarik. Badira zistertarren tradiziokoak ere.
Hiru habearte eta eliza oso apainduak
[aldatu]Eliza berezi moduan, lehenik eta behin, monumentalak direnak aipatu beharko lirateke –nekazaritza alorrean kokaturikoak batzuk, gainera–, hiru habearte eta edergarri ugari dituztenak.
Aibarko San Pedro
[aldatu]Aibarko San Pedro 1146koa da: Bideko elizetako arte erromaniko jatorra duenetarikoa.
Honek agertzen duen berezitasuna hiru ataletako hiru habearte izatearena da, eta uste izatekoa da bazuela, XVI. mendean eliza zabalagotu zenean desagertu ziren zirkuluerdi-formako hiru absidetako burualde bat. Altxaeran habearteak kapitelak dituzten gurutze egiturako sei harroinez bereiziak daude, beren aurrealdeei atxikitako zutabe erdiekin.
Hain zuzen ere, bere 23 kapitelen aberastasun eta joritasuna dira Aibarko San Pedro honen benetako arte altxorra. Ezin ditugu deskribatu. Baina berauetan aurki daiteke erromaniko helduaren monumentuzko apaingarrietan gai aberatsen agerpen zabala: kiribildurez hasi eta aldaskaz bukatzen diren landare geometrizatu, lehoi eta lauoinekoak, arranoak, sirenak eta beste irudimenezko izakietaraino. Eskultura multzo aberats hau Leongo erromanikoarekin zerikusia duena dela aitortzen da, nahiz eta beste batzuk gertuagoko ahaide batera jotzen duten, Loarreko gaztelura, alegia; zeren eta txori eta arranoen gaiak hangoak izan baitaitezke. Baina, aho bateko aitortza da Aibarko maisua Ozkabarteko erromanikoaren gai eta estilistikan guztiz murgilduta dagoela.
Zangozako Santa Maria
[aldatu]Aibartik kilometro gutxitara, Zangozako Santa Maria arkitekturazko multzo oso interesgarria da, modu iradokitzaile batean zaharberritua, mende batean zehar luzatu zeneko –erromanikoetatik hasi eta protogorikoetaraino– lan baten emaitza konplexua.
Arkitekturaz mintzatu garenean esan dugun bezala, Zangozako Santa Maria mendearen bigarren herenean hasia izango zen eraikitzen eta hala hartu behar da, San Joanen Zaldunen mesedetan 1131n Alfontso Borrokalariak fundatu zuenetik laster.
Guztiz erromanikoa den horretan hiru habearte geratzen zaizkio –erdikoa alboetakoak baino garaiagoa–, hiru solairutan egituratua, bi inposta marrez bereiziak, kanpoaldean bezala, jacaldeko eragina azaltzen dutelarik.
Baina, Santa Mariako eskultura da erromesaren eta bisitariaren arreta erakartzen duena eta historialariari igarkizunak kanporatzen dizkiona.
Miresgarria da monumentuzko apaingarri-mota eta ugaritasuna, atariaren estalgarri, espainiar erromanikoetan lanketarik aberatsena duena.[35]
Atariaren maisuak
[aldatu]Esku batek baino gehiagok landua da zalantzarik gabe, gutxienez bi maisuren zuzendaritzapean; argi dago, bata XII. mendeko azken laurdenekoa eta bestea XIII. mendearen hasierakoa denaren ondoz ondoko bi atariei dagozkien eskulturak berrerabili egin zirela. Garai honetantxe osatua izango zen ataria egun ezagutzen dugun bezalaxe; zabartasun handi samarrez, gainera, bi aldeak zentratu gabe gelditu zirela ikusten bada.
San Joan de la Peñako Maisutzat ezagutzen den egilerik zaharrenak egina hartzen da goiko aldea, hau da, Pantokratorra buru dela apostolutza estaltzen duen koroaduran dauden bi arkuteriak; geldi-geldian dauden irudiak dira, ebakidura soilezko tolesturak eta begi handietako aurpegi karratuak dituztenak.
Beste maisua Leodegario da, ezkerreko janbako zutabe-estatuan sinatzen duelako ezagutzen da. Aurrekoa baino garatuagoa da maisu hau, frantsesa izango da agian, edo Chartreseko Portail Royaleko eskultura bikainen berri bazuena behintzat, nahiz eta beste batzuk arte borgoindarrarekin lotzen duten.[36]
Atea
[aldatu]Zangozako atea txaranbeldua da eta bost arkibolta puntadunez egituratzen da zutabe-estatuen gainean finkatzen direlarik –hiruna, alde banatan– eta 1200 baino lehenagokoak ez direnak. Horietan monumentuen hieratikotasuna, adierazpide plastiko moduan, bikain uztartzen da erritmo eta kontraste zentzu on batez.
Ezkerretako hiru janbetakoak hiru Mariak adierazten dituzte –Madalena, Jesusen Ama eta Santiagoren eta Joanen ama– Birjina Mariak eusten dion liburuaren gainean utzi nahi izan zu egileak bere sinadura: LEODIGARIUS ME FECIT.
Eskuineko hiru janbetakoak dira San Pedro, San Paulo eta apostolu iruzurgilea: JUDAS MERCATOR; idazkunaren bitarteko ezagutza egileak bilatu duena izan da, agian erromesei laguntzen zien merkatari lukurreroen mehatxuen aurka ohartaraziz.[37]
Atariko erdiko atala
[aldatu]Alboan utz ditzagun kanpoko arkiboltak eta kapitelak eskaintzen duten arte aberastasuna eta lanketa fina, bai barrukoak nahiz kanpokoak –batzuek Iruñeko Klaustroko Maisuaren eta Naiarako hilobi‑hutsaren egileren antza hartu diotenak–, atariko erdiko atalean begirada pausatzeko.
Ateburuan, berriro ere hamabi apostoluak ikusten dira Andre Maria buru dutela. Apostoluak, bakoitzak berea duen idazkunagatik ezagutzen dira eta jantziak daramatzaten soingainekoek tolesdura txiki eta lerro itxurakoak dituzte.
Tinpanoan, oso gizatiar eta bedeinkatzailea den Kristo, sorbalda agerian eta belaun gainean liburu bat duela, Azken Epaiaren irudikapena dago. Sumatzen da Epaile sagaratuak salbatuko direnengan gehiago pentsatzen duela –bere ezkerretan– ilara estuetan pilatuta, alde batera beren galerara eroriz doazelarik galduko direnengan baino.
Atariko ertzetan, hainbat neurritako eta mota askotako edukiak dituzten erliebe sailak txertatu dira multzo askotatik datozenak zalantzarik gabe. Ikonoetako nahaspila horrek, atariaren funtsezko zatietan azaltzen diren tamainarekiko zentzu handi horrekin desegoki direlarik, berriro ere sentiberatasun erromanikoaren “horror vacui”ari erantzuten dio, baina kategoria gutxiagoko maisuen esku-hartzea ere susmarazten du.
Habearte bakarra eta tronpa-kupula duten elizak
[aldatu]Nafarroan ere badira hainbat eliza, beren egitura berezia dela-eta arte erromanikoaren aberastasuna agertzen dutenak. Beronen ikerketak, itxurazko batasun-ideia baten gainean gure erromanikoarekiko irizpidea zehaztetik urruntzen gaitu. Bada Nafarroan eliza txiki taldetxo bat, habearte bakarrekoak, gurutzadurarik gabeak gainera, baina tronpa-kupula batez bere erdi-erdiko gunean estaliak direnak. Uste izatekoa da, Loarreko elizaren kupula eraiki zuten maisuak ala hauen ikasleak direla hauetan lan egin zutenak.
Azueloko San Jurgi
[aldatu]Leku honetan bazen berehala desagertu zen beneditarren monasterio bat. Naiarako Santa Mariaren menpe zegoen abade-etxe bat izaten hasi zen 1054an. Gaur egungo eraikina, Azueloko San Jurgiren elizarena, XII. mendeko lehen laurdenekoa da. Baina, zaharberritua izan da hainbat alditan. Bere ganga, adibidez, XVI.go berrikuntza bati dagokiona da.
Erromanikoz egin zen lehenengo eraikuntzak Loarre gazteluko eliza izan zuen eredu.
Bere habearte bakarra bi tartetako karratu zabala da, horma‑hobi artean du gurutzadura, eta burualdea kanoi-erdiko tarte batez osatua eta zirkuluerdi-formako absidea lau esferaz estalia. Gurutzaduraren erdiko tartea, lau tronpa txaranbelduren gainetan finkatzen da, karratua oktogono bihurtzen dutelarik; hau garai batean gaur egun galdua den oskolpe batez estaliko zen.
Altxaera zutabe lirainez batzen da harroin poligonal bikoitzetan eta zenbait kapiteletan.
Kanpotik ikusita, eliza honek horma sendoak ditu ongi lauturiko harlanduzkoak, eta bere burualdeak bolumen-joko ederrak eskaintzen ditu gurutzadurako gorputz kubikoaren bitartez, estalkiaren poligonozko gorputzetan eta bere absideko zirkuluerdi-formakoetan amaituz. Gurutzaduraren barrualdean apaindurez hanpaturiko kapitelak ditu eta Loarrekoak etortzen dira gogora: Badituzte lehoiak eta beste irudi sinbolikoak, Kristo aintzatsuarena nabarmentzen delarik. Absideak hiru leiho ditu zutabetxoak eta hainbat motatako kapitelak, landareki gaiak gailentzen dira besteen gainetik.
Katalaingo Kristoa
[aldatu]Katalaingo Kristoren Santutegia Orreagako kolegio‑elizari eman zitzaion antzinako monasterioa genuen. Donejakueko erromesen ospitale modura erabilia izan zen. Eta denbora pasa ahala garrantzia galduz joan bazen ere, gaur egunera arte iraun izan du Katalaingo Kristorenganako jaiera herrikoiak.
Eraikin erromanikoa da santutegia, nahiz eta oso aldatua iritsi den guganaino, XVIII. mendeko lanak batetik eta duela gutxi eginiko zaharberritzea direla bestetik. Gorde diren zatiak, XII. mendekoak, altxaerako sistema, estaliriko absidea, inguruko hormak –habearte bakarreko lau tartedunak– eta elizaren aurpegia dira. Multzoari batasuna eta izaera ematen dion oskolpea eta elizaren aurpegia koroatzen duen kanpai‑horma berriz, beranduago zaharberritu zirenekoak dira.
Apaingarri monumentalak
[aldatu]Beharbada gehien axola zaiguna izanik, Jakako artearen ukitua duena da, Valdorba eskualdekoa, gainerako elizak bezala. Absidea bi inpostaz bereizitako bi erregistroetan zatiturik dago, behekoa takeatua da eta goikoa boladuna. Behealdeko gorputzak erdi-puntuko zazpi arkuen galeria aurkezten du, Loarren bezala, hosto eskematikoez apainduriko kapiteletako zutabeen gainetatik, gainetik doakion zimazioa duela. Bigarren erregistroan hiru leiho txaranbeldu irek dira, aurrerago labe tankerako ganga datorrelarik.
Elizako atariak, goialdeko zatian, hiru leihoz zulaturiko hormatal bat du. Azpian, erdi-puntuko bi arkibolta lau, eta hauei, kiribilean erroleoz apaindutako kanpoko arkua eta behean hosto-eskemazkoa beste bat erantsi behar zaizkie. Alde banatako bi zutabeak zenbait motatako kapitelez koroatuak daude: harpiak eta asko ezagutzen ez diren pertsonaiak. Tinpanoan krismoi bat dago. Jakako estiloaren eragina ikusten da denean, baina era zakarragoan.
Olletako Jasokundea
[aldatu]Olletalo Jasokundeko parrokia XII. mendeko bigarren zatian sortua izango zen, biek duten antzagatik, aurreko bi elizen eraginpean; eta haien antzera, zenbait zaharberritze nozitu dituzte.
Oinplanoa angeluzuzena da hiru zatitan, zirkuluerdi-formako abside sakona, kapitel sendoak eta tronpa gaineko kupula handia, egitura karratuko dorre batean kokatua. Azuelon bezala, alboetan –iparrean eta hegoan– horma‑hobiak tronpak baino lehenagoko mailan, oskolpearen zama botatzen dute. Oinarriek zutabe erdiko entregak dituzte kapitel eta zimazioekin. Barruan halako kapitel sail handiaren artean, badira figuratiboak –eseritako irudiak, animaliak eta mamuak–, baita landarekiak eta apaingarritako beste gai batzuk ere. Absidea, hostoz apaindutako inposten gaineko labe-gangaz estaltzen da, zeinaren azpian erdi-puntuko hiru leiho txaranbeldu dauden. Inguruko horma, era guztietako harburuz apaindurik dago hegalean, eta lau kontrahorma lirainez sendotua. Sarrerako atea, erdi-puntuko arkuduna da biribileko bi arkibolta lodiez –kanpoaldekoa, erroseta eta boladuna– fuste lauzko zutabetxo ukondotuez zutituak. Kapiteletan buruak ikusten dira, kiribildura eta aldaska artean; beraietan zimazioetan bezala, Jaka aldeko aztarna ikus daiteke.
Beste hamaika baseliza
[aldatu]Aipatu berri ditugun hiru eliza horiez gain, eta beren neurri eta topografiagatik hiriguneetatik urrutiratuak diruditenak –Gudiol eta Gayak “XII. menderen lehen erdiko landa-eraikinik onena” izendatu dute Azuelokoa–, gogoratu behar genituzke hementxe. Nafarroako zelaietan barrena sakabanaturik, landako erromanikoak eman zituen elizatxo mordoxka dago eta sentiberatasunez begiratuko lukeenaren bisita merezi dute, ez egituretan edo edergarrietan fintasun berezia izateagatik, baizik eta halako eraikuntza natural eta xumeen berezko graziagatik. Hala ere, honek ez du harridura atseginik kentzen batzuen eskultura-apaingarrietan.
Halakoetan adituak gustura aritzen dira lehen aipaturiko maisu handien lanak eta landako beste eliza nafar askoren arteko berdintasunak erregistratzen; monumentu berezirik ez duten ermitak bazterretan gordeak. Nabarmendu ditzagun haietako batzuk.
Artaizko San Martin
[aldatu]Irunberri eta Iruñea artean dagoen Artaizko San Martinen ate ederrean ikusi nahi izan dira Iruñeko Klaustroko Maisuaren arrastoak. Egia da, bai, atearen alboetan diren lehoi sinbolikoak alde batera utzita, bai alde bakoitzeko zutabeek, bai arkibolta eta kapitelek trebezia berezia duen artista bat erakusten dutela.
Hango sei kapiteletatik bik dituzte finki landutako landareak, beste bik harpia irudiak eta gainerakoak apaindurez hanpaturikoak dira. Harburuetako irudiak nekez ezagutzen dira, eta metopetan, badira eskulangintza zakarrekoak –arimak pisatzen, meza, Epulon aberatsa, eta abar.
Zamartzeko Santa Maria
[aldatu]Arakildik ez oso urruti, Zamartzen antzina monasterio bat izan zela azaltzen da dokumentuetan; Iruñeko egoitzari X. mendetik loturikoa zen. Hurrengo mendean, San Migel in Excelsis monasterioa, Zamartzeko monasterioaren buru azaltzen da; baina, honek ondorengo urteetan bereganatu zuen garrantziagatik, monasterio hura bigarren mailako bihurtu zen.
Eliza txikiaren eraikuntza, gaur egun ikusten dugun moduan, Aralarko eliza baino beranduagokoa izango zen. Arkitektoa, Jakako erromanikoa egoki ezagutzen zuenak, hutsarteen inguruei arkuen zorioneko konponbide eman zien, Zangozako ereduei jarraituz. Eskulturetako apainketak landare-egiturak ditu. Palma-itxurako apaingarriak eta gurutzaketak sentiberatasun handikoak dira eta Artaizko elizakoen antza dezente dute.
Unxeko San Martin
[aldatu]Muino bat garaituz, Uxuetik hurbil dago San Martingo eliza, Unxeko San Martingo baserriari izena eman zion eta gaur egun desagertua den gaztelu baten bueltan osatuz joan zen.
Elizak lau tartetako habearte bat, kripta gaineko zirkuluerdi-formako absidea eta oinetan koru garai bat du, arku zorrotz baten gainean –XIV. mendeko lana. Absidea eta kripta dira zatirik antzinakoenak. Absideak hiru leiho ditu erdi-puntuko arku tolestuekin, eta lazki landutako mamu buruak dituen harburu figuratibo gainetan inposta lauez amaitzen da. Epistolaren alboan, XVIII. mendean eraikinari beste habearte bat erantsi zitzaion.
Atari nagusia da, iparraldetik beste bat baitu, lehen erromanikoa. Arkupe moderno batek babesturik dagoen eskultura landuak erakartzen du bisitariaren arreta. Hiru arkibolta txaranbelduak zutabe ukondodunek zurkaizturikoak dira eta zimaziozko kapiteletan amaitua. Hauek Uncastilloko Maisuarenak direla esaten da. Hauen arteko bat funtsean edergarria da; gainontzeko hirurak irudidunak. Batean, leku hartako zaindari santua, San Martin dakusagu, bere kapa eskalearekin erdibitzen. Janbetan buru arraroak ikusten dira txibistez nahasian; arkiboltak edergarritan oso soilak dira, eta harburutxoetan musikarien eta irudi bihurrikatuak sortzen dira; Artaizkoan ikusten dira horien modukoak.
Aguilar Kodesko San Bartolome
[aldatu]Kodesko mendilerroaren oinetan, Azuelotik ez oso urruti, San Bartolomeren ermita dago.
Eliza, habearte bakarrekoa da eta bi tarte eta zirkuluerdi-formako absidea du, XII. mendeko hormak zutik ditu baina, gerora zenbait alditan zaharberritua izan da; bere estalkia gurutze-ganga da, habearteetan protogotiko estilokoa et galloi‑kupula absidean.
Jatorrizko eraikinetik zati nagusia bere ataria da eta, zenbaiten ustez, bere zutabeen kapiteletako irudiek –harpiak, hegazti harrapariak, arrano buruak eta abar– Esteban Maisua oroitarazten omen dute.[38] Tinpanok, lehoi- eta ahuntz-buru irudiko harburuen gainetan kokatuak, bere baitan hartzen ditu ateburu estu batean Bibliako idazkun batekin dauden bi aingeru makurtuek eutsitako Krismoi baten barruan Bildots Mistikoaren erliebea; Armentiakoaren kidea den lanarekin lotu daiteke.
Ama birjina larreko
[aldatu]Nabaskozetik gertuan, errepidearen ondoan, Ama Birjina Larreko ermita aurkitzen da, gaur egun hilerriko kapera modura erabiltzen bada ere. Xumeetan xumeena den ermita honel XI. mendearen azkenekoa ala XII. aren hasierakoa dirudi.
Tarte bereizgarririk gabeko habearte bakarrekoa da eta zirkuluerdi-formako absidea esfera‑laurden batez estaltzen da. Habeartearen gainean, ganga zorrotz bat abiatzen da, inguru osoa ibiltzen duen inposta lau batetik.
Bere barneko kapiteletan eta harburutxoetan, batez ere, lumaje gogorreko eta moko sendoko txoriak, eta XII. mendeko hasierako hamarkada horietan oso herrikoiak ziren alegia-bildumetako irudiak ikusten dira. Kuzkurturiko giza irudiak, ileak laztanduz, musulman eskatologiako arima zigorkatuak, eta abar.
Berriobeitiko Garbikundea
[aldatu]Berriobeitiko Garbikundeko egungo parrokia-elizak 1200 aldeko eraikin protogotiko bat du.
Elizak hiru tartetako angeluzuzeneko oinplanoa duen habeartea eta labe-itxurako ganga eta zirkuluerdi-formako burualdea ditu. Habeartearen estalkia kanoi-ganga da, zutabe karratuetan zintzilikaturiko erdi-puntuko arku zerrendaz eta korurakotze arkuan atxikitako harroin bikoitzez eutsitakoa.
Ataria da eliza honen bitxikerietako bat, behin eta berriz eginiko zaharberritzeetan oso aldatua izan den ataria, hain justu. Baketoiak dituen hiru arkiboltako ataria da, arkibolta hauetako zutabe gainetako kapitelak, zentauroaren eta san Migelen arteko borrokaren irudiez apaindurikoak dira, Baskonian goiaingeruaren irudikapen zaharrenetarikoa delarik. Sarrerako arku zorrotza krismoi batez bukatzen da. Eskulturazko lan honek guztiak oso antzinako zapore herrikoia du.
Artzeko Santa Maria
[aldatu]Artze ibarra eliza erromaniko txikiz beterik egon zen. Gelditu direnen aztarnetatik eta oraindik landetan aurki daitezkeen ermitetatik, Artzeko Santa Mariaren eliza nabarmentzen da.
Elizak oinplano angeluzuzena eta hiru tarte desberdin ditu eta aurretik tarte zuzen bat duen burualde zirkuluerdi-formako bat, arku zerrenden artean kanoi erdi batez estaltzen da, garaipen arkua besteak baino makurragoa delarik. Zerrendak harroinetan finkatuak inposta lauez bira osoa inguratzen du. Beste inposta takeatu bat aurrekoa baino beheragoko mailan dago kokatua. Absidean hiru leiho daude eta bi habeartearen alde banatan. Erdi-puntukoak dira, landarezko kapitelak edo errosetak eta palma-itxarako irudiak.
Kanpoan, hegalaren azpiko harburuak higaduraz nahikoa hondatuak badira ere, Artaizkoak gogorarazten dituzten giza aurpegi eta irudiak igar daitezke. Kanpoko hutsarteetako arkuen kapitelak, landareki eta estilo eskematiko berekoak dira.
Atariak, hegoaldean kokatua denak, hegal baten azpian hiru arkiboltako erdi-puntuko arku bat azaltzen du puxtarriz, burutxoz eta pinaburuz apainduak. Arku hauei eusten dien zutabeek ederturiko kapitelak daramatzate, kanpoko biak gurutzaturiko landaredunak eta barrukoak irudidunak; eskuinekoak Kristo mandorladuna, bost lagunez inguratua, eta ezkerretakoa sei irudi dituena. Oso hondatua badago ere, Igokundeko eszena dela esan daiteke.
Jakako eraginak
[aldatu]Eraginei buruz hitz egiten hasiz gero ez da zalantzarik ere, erromesaldietako Galtzadan kokaturiko eliza askotako gramatika zeinuak badirela. Jakaldeko apainketa modua Nafarroako leku askotan ezarria izan zen, hain zuzen ere lehen aipatu ditugun, Vadolungoko San Adrianen, Aibarko San Pedron, Katalain, Azuelo eta abarretan. Nahiko zaharrak diren datak aipatu ditugu jada.
Protogotiko elizak
[aldatu]Nafarroan landako beste eliza asko beranduagoko aldietan kokatu behar dira, sarritan protogotikoan izendatzekoak baitira; izan ere, guztiz erromanikoa denetik oso gutxi baitago, adibidez: Aberingo San Joan Bataiatzailean, Badostaingo San Migelen, Ziraukiko San Romanen, Lergako San Martinen, Etxanoko (Oloriz) San Pedro ad Vinculako ermitan, Eusako San Estebanen, Orisoaingo San Martinen, Egiarteko Santa Marian eta abarretan.
Bideko foku handiak
[aldatu]Gares
[aldatu]Donejakuerako erromesbide nagusiak Garesen biltzen ziren. Hiribildu honen jatorria, zubi erromanikoari estuki loturik aurkitzen da, honen ondoan kokatuz eta haziz joan baitzen. Zubia XI. mendean eraiki zen hiribilduaren sorrera bera baino lehenago, Arga ibaiaren beste aldera erromesak igarotzen laguntzeko ezinbestekoa baitzen.
Santiago eliza
[aldatu]Rua (kale) nagusian kokaturik, Santiago elizaren ataria Donejakueko galtzadara begira dago zuzenean. Antza denez 1142rako eraikia zegoen. Baina, hasiera hartako elizatik, habearte oso zabal bat inguratzen duten hormak baino ez diraute zutik; baina XII. mendean hiru izango ziren, agian.
Hegoaldeko ataria da eliza horretan garrantzitsuena eta erromanikoa. Tinpano gabeko ate baten gainean arku gingildunak Lizarrako Ruako San Pedron eta Ziraukin bezala, bere bost arkiboltetako erdi-puntuko arkuak turuta itxura hartzen dute, eskultura landuz beterik, ez erradio eran kokatuak, baizik eta arkibolta bakoitzaren lerroa jarraituz segidako eskulturekin.
Arkiboltak, oso egoera hondatuan dauden giza buruak eta beste gai batzuk ikusten dira, kapitel txikiak dituen zutabe ukondodunen gainean kokaturik. Alboetako hormak apainduak eta egoera hobean gordeak diren harpia zerrenda batek badirudi San Joan de la Peñako Maisuaren presentzia iradoki nahi duela, Garesen.
Arkiboltetako edergarriei buruz, aldiz, egoera onean zaindu izan balira, 79 erliebeek arretaz eginiko azterketa bat mereziko zuketen; izan ere, multzo osoak oso ongi hausnarturiko egitasmo batena dirudi.
Hori asko nabarmentzen da adibidez, arkibolta bakoitzaren giltzarria okupatzen duten irudiak begiratuz gero. Birjina Maria dago lehenengoan; aingeru bat, bigarrenean; Espiritu Saindua, hirugarrenean, Gizakunde bat, “Erospenaren historia”ko oinarrizko gertakaria oroitarazten duena.
Arkibolten biran aingeruak ezagutzen dira lehenengoan; San Jurgi eta zentauro batzuk, bigarrenean; Haurtzaro aldiak, hirugarrenean; Sorreraren saila, azkenekoan.
Gurutzearen kapera
[aldatu]Gurutzearen kaperan, Murugarren auzoan kokaturikoa –Garesko Hiribildu zaharra deritzonean–, gaur egun hiribildu historiko honetan gorde den eliza erromanikoetan zaharrenetakoa da. Lehenbiziko elizak XII. mendearen azken aldeko data dauka. Tenplarioen Ordenak eraikia izango zen. Nafarroako eliza erromanikoetan hainbestetan errepikatu den eskema jarraituz eraiki zen: lau tartetako habearte bakarra, tarte zuzen batekin eta zirkuluerdi-formako abside batez osaturiko burualdearekin, zorroztasun apur bat duten arku zerrenda, kanoi-gangez estalia.
Eraikin erromanikoari XIV. mendean iparraldetik beste habearte gotiko bat erantsi zitzaion.
Absideko monumentuzko zenbait apaingarri erromanikoz aparte, Gurutzearen kaperako gauzarik nabarmenena bere hegoaldeko ataria da. Hiru arkibolta eta beroien artean leudekeen bi baketoi ditu. Atari honetan gure begirada erakartzen dute oso finki landutako moldurek. Ataria inguratzen duen azken moldurako hostoek bizantziar estilo garbia dute.
Bisitariaren begirada liluratzen dute arkiboltetan pilatzen zaizkion gai figuratiboek. Hostoenak eta gurutzaketak ugari dira, baita hegazti eta lauoinekoak ere; baina, batez ere, harrigarrienak gizakiaren grina txarrak gogorarazi nahi dituzten irudiak dira ugari: diruzalekeria, haragikeria, haserrea, sabelkoikeria, emakume tentatzailea... katekesi oso bat erromesen erabilerako.
Lizarra
[aldatu]Gure erromesaldiarekin jarraituz, Garestik laster iritsiko ginateke Lizarrara, lehenengo herri gune batetik; Lizarra, eta XI. mendean Antso Ramirez erregeak babesturiko ondozko ondoko burguen fundazioetatik –frankoenak eta nafarrenak, ongi bereiziak hasieran– hiria garatuz joan zen eta, erromesbidea denez, garrantzian haziz. Erromesek han arte eta debozio-leku galanki aurkitzen zituzten, ospitaleaz gainera.
Ruako San Pedro
[aldatu]Ruako San Pedro XII. mendearen azken laurdenekoa da. Muino baten gainean eraikia eta San Juan de la Peña monasteriokoa izan zen hasieratik, Iruñeko Gotzaindegiarekin auzi luzeak izan bazituen ere.
Elizak hiru habearteak ez ditu zabalera berekoak. Hiru abside dituzte. Erdikoak hiru absidiolo ditu. Arkuak, zistertarren eraginekoak, zorrotzak dira. Alboetako habearteen gangak XIV. mendean berritu ziren; baina beranduago zaharberritze baten premian izan zen, XVI. mendean.
Ruako San Pedroren ikusgarritasunik handiena agian, bere klaustro erromaniko handian egonen da, Nafarroako eskulturgintzako multzorik aberatsena baita. Zoritxarrez, gaur egun bi hegal besterik ezin ikus ditzakegu; izan ere, beste biak 1572. urtean txikituak izan ziren eliza gainean kokaturiko gazteluaren hondoratze dorpe baten erruz. Inondik ere, 1170. urtean landua izango zen. Egile honek ezagutzen zuen Iruñekoa, zalantza handirik gabe, eta baita San Joan de la Peñako maisuaren lanak ere beharbada.
Bere kapiteletako gaiak oso dira aberats eta ugariak. Badira landarekiak, baita animalienak ere, eta argitzen oso erraz ez diren harpien sinboloak. Ebanjelioen araberako Kristoren bizitzako gertaerak eta beren martiritzako akten araberako apostolu eta martirienak dira jarraian. Hauetako batzuetan, eszenak azalpen epigrafiakoa ematen du:
San Lorentzorenak,
Hic tadit Laurencius tesauros
San Andresenak,
Hic iubet eum Egeas incarcenari
Ikonoetako bitxitasunagatik eta ia lauak diren azalera kurbatuen gaineko tolesturen grabatuengatik, J. E. Urangaren ustez, ertilariak bere ereduak bilatu zituen, ez hainbat Silosko klaustroan, baizik eta erromaniko aragoarrean.[39]
San Migel
[aldatu]San Migelen eliza ere berant erromanikoa da. Berau, 1187rako egina zela baiezta daiteke, auzo eta azoka berria populatzeko Antso Azkarraren agindua ezagutzen delako. Elizak hiru zistertar habearte ditu. Burualdea besterik ez du erromanikoa.
Iparraldeko ataria
[aldatu]Hegoko eta iparreko bi sarreratatik, iparraldeko ataria da interesgarriena, aro modernoan berriro armatua, nahaspilatsua beraz. Nafarroako eskultura erromanikoaren sinkretismoaren adibidea da San Migelen ataria, estilo protogotiko baten barruan hainbat eragin biltzen baititu, eta hurrengo urratsa izango dira Tuterako Epaiaren Atea[40] eta beste ondorengo multzoak. Han, beste ateren batetik ekarritako Apostoluak daude, batzuk zutabeei itsatsiak eta paramentu lauei besteak, Zangozako ataria ekartzen dute gogora. Azterketa estilistikoaren arabera badirudi hainbat maisuren lana dela.
Lehenengo maisuak beretzat hartu zuen tinpanoaren lanketa –Kristo Pantokratorra tetramorfoekin; Maria eta San Joanen imajinak, alboetan–, arkiboltak –aingeru lurrinkari, profeta eta abarrekin–, kapitelak eta Apostoluen bi erliebe handiak. Horien identitate-ikurrak buru iletsu eta zapien ezaugarrietan bil daitezke. Ertilari garden bat da, burdin ziriz eginiko kaligrafia eta okerduretako lanketa nahiago izan zuen jantzietan eta aldi berean aurpegiak nolabait idealizatzea, gotikoaren aldarrikapena eginez. Komentariogile batek egiten duena gehiegizkoa iruditzen zaigu: honen estiloa Silosko Andre Maria Gizakundekoaren Maisuaren estiloarekin lotzea.
Tinpano erdian Kristoren irudia inguratzen duen argi-koroan latinezko epigrafiaz eginiko bi seioinekoren irudikatze trinkoa interesgarria da, idolatriazko sineskerietan erortzeko tentaldiaren aurka erne jarrarazteko.
NEC DEUS EST NEC HOMO PRAESENS QUAM CERNIS IMAGO; SED DEUS EST ET HOMO QUEM SACRA FIGURAT IMAGO
Ez da Jainkoa ez eta Gizona ere ikusten duzun gizona; baina Jainkoa eta Gizona da irudi honek adierazten duen Hura
Lau arkiboltak Bibliako gaiez eta ebanjelioetako gertakariez estaliak daude. Kanpoaldeko eraztuna, bosgarren arkibolta bat izango litzatekeena, santuei eskainia dago: San Pedro, San Joan Ebanjelaria, San Lorentzo eta abar. Ezker aldeko zutabeetako kapiteletan Haurtzaroko aldiak eta beste gaiak doaz. Janbetako erliebeetan: San Migel herensugea lantzaz zauritzen eta arimak haztagan pisatzen; hilobi hutsa eta emakume santuak: hau dena, lanketa finetan, oihalen kokatze ugarietan, eta zentzuzko konposaketa ederrean.
Zutabe‑estatuak bigarren maisu batenak direla esan behar: apostolu eta profeten irudi handiak, aurpegi eskematiko eta modelatu laburrekoak, lerrodura handieneko tolesturak dituztelarik.[41]
Hirugarren esku batek tailatuak izango dira atariko eskuin aldeko muturreko bi kapitelak, erromesaldiei buruzko gaiak. Konposaketaren oso bestelako irizpide bat adierazten du, eta sakona da bere teknika, argi‑ilunen eragina bilatzen duena.
Hemen ez gara geldituko Lizarrako San Pedro elizaren aipamena egiten, zalantzarik gabe Lizarrako zaharrena delarik ere, baina gerora gotiko bihurtua; ezta Hilobi Santuarena ere, beranduko erromaniko hasierako eliza baten eskema errepikatua aurkituko baitugu, burualde hirukoitza eta zistertar estiloko hiru habeartetan jarraitzen duena, eta beharbada izan zuen eskultura lanetatik baliozkoa duen ezer gelditu ez zaiona. Dena aldatu egin zen ondorengo mendeetan.
Errege Jauregiak
[aldatu]Errege Jauregiak, aldiz, merezi du bisita bat, bera baita erromaniko zibiletik gelditzen zaigun aztarna apurra. San Martin plazan dagoen hau, XII. mendearen azken herenekotzat jo daitekeena, eskulangintza erromaniko izugarria handi bat duena da.
Eraikinak baditu harlanduzko bi gorputz eder, moldurazko inpostez markatua fatxada bakoitzean, hainbat mailatan. Apaindurazko edergarrietan, giza eta gai adierazkorren apaingarrien ordez zistertar artearen geometriazko eta lorezkoen aldaketa hasia ikusten da. Arku eta zimazioen edergarri guztiak zerra-hortz edo moldura soilak baino ez dira. Leihoetako kapitel txikiek behin eta berrizko osagaiak errepikatzen dituzte, harpiak eta irudimenezko animaliak Ruako San Pedroren klaustrokoen senideak inola ere.
Orreagari buruzko Gesta Kantuetan inspiraturiko gaiagatik, Erroldanen eta Ferraguten arteko borroka irudikatzen duen kapitel bat ezaguna da, eta horrela sinatzen du:
MARTINUS DE LOCRONIO ME FECIT.
Duelu mitiko baten historia da eta merezi du begirada pausatu bat borroka garaiko uneak eta armen zein janzkera benetakoak nolako errealismoz gogoratzen diren.
Iratxeko Santa Maria
[aldatu]Iratxeko Santa Maria monasterioaren antzinako jatorriaz ezer gutxi dakigu. Monasterio hau, Nafarroatik Errioxarako igarobidean kokatuta egoteak hazkundean mesede galanta egin zion XI. mendean zehar. Emari asko jasotakoa da. Eta mende honen bigarren erdian santu batek –San Verebundok– gobernatu zituen haren norabideak. Gaur egun oraindik baden eliza bikain hau, hainbat alditan izan zen eraikia hurrengo mendearen erdialdean, eta osatu, berriz, zistertarrak bertan monasterioa okupatu zutenean osatu zen. Bere gainbehera XIII. mendean hasi zen eta, diziplina lasaitu ahala, eraikina bera ere hondatuz joan zen. Maila guztietako berreskuratzea lortzeko eta klaustro plateresko ederra eraikitzeko, XVI. mendeak iritsi behar izan zuen.
Beharbada, aurreko beste prerromaniko baten ordez etorri zen, monasterio-eliza XII. mendearen erdi aldera hasi zen eraikitzen. Garai horretakoak dira abside hirukoitza duen burualdea eta gurutzadura. XIII. menderaino iritsi ziren ondorengo aldi batzuetan gurutzadura eta hiru habearteak zistertar erara estali ziren, gurutze-gangaz.
Atariko altxaeran, hiru gorputzetan zatitzen da erdiko habeartea, takozko inpostez, landare gaiez eta gurutzaduraren besoetatik luzatzen diren diamante-muturrez bereizirik. Erdiko habeartearen behereneko gorputza itsua da; honen gainean dagoen bigarrenak badu zutabetxoen gaineko erdi-puntuko arku sail bat eta bien artean hiru leiho txaranbeldu ditu. Hirugarren gorputzaren amaiera begi‑zulo eta arku txiki itsu sail batek ematen du. Guztien artean multzo orekatu eta bitxia osatzen dute.
Monumentuzko bere apaingarriei buruz lehendabizi Ebanjelarien lau irudi antropomorfoak aipatu behar dira, animalia-buru sinbolikoak dituztela, gurutzaduraren tronpa azpian egokituak eta beharbada XIII. mendean landuak. Honek ataria ere zistertar eraginekoa du, XII. mendekoa.
Baina kapiteletan azaltzen dira dotoreen eskultura-apaingarriak. Zutabe handien buruetan direnak bikainak dira; baina leihoak uztaitzen dituztenak ez dira gutxiago. Habearteetan eta gurutzaduran ugari dira jatorriz zistertarrak direnak, landarezkoak eta geometriazkoak alegia. Absideetakoak zeharo erromanikoak dira, apaindurez hanpaturikoak eta landarezkoak elkarren ondoan direlarik.
Garaipen arkuan kokaturikoak dira ederrenak: ezkerretako zutabeak zaldunen arteko borroka bat erakusten du eta eskuinaldekoak, berriz, Agerkundearena. Biak, lerromakurrezko eta tratamendu laburreko marrazki bikaineko irudiak dituzte agerian. Interesgarriak dira San Martin bere kapa ebakitzen eta ametsetan Jesus azaltzearen ikuskaria dutenak. Gainerako kapiteletan gerrarien borrokaldiak, sagittarius bat, zuztarrez elkar loturiko zomorroak –Lizarrakoan bezala. Desagertuak dira arkiboltak eta haien ordezkoak dira moldura gotikoak.
Tutera: mugako erromaniko bat
[aldatu]Tutera Ebro ibarreko hiriburua delarik, Tuterako erromanikoa, kronologiaz eta aldi berean geografiaz nolabaiteko muga batean garatzen da. Ezin harrituko gaitu, sorreraz islamdarra eta Alfontso Borrokalariak 1119an bere errekonkista burutu zuen arte, zenbait mendez musulman, mozarabiar eta juduez populatua izan zen Tuterak berant erromaniko eta protogotiko baten ezaugarriak azaltzeak.
Madalenaren eliza
[aldatu]Gorde direnetatik elizarik zaharrena Madalenarena da. Ba omen da han, XII. mendearen hasierako urteetatik dirudienez mozarabiarra izan daitekeen eliza bat.
Gaur egunko eliza mende horretako bigarren erdikoa da. Trazu irregularreko habeartea eta ardatz desbideratua du, zazpi tartetan bereizia. Kanoi erdiko ganga zorrotz batez dago estalia, zutabe-erdiz bukatzen duten arku zerrenda indartsuez zurkaiztua dago. Denbora joan ahala eliza honi kaperak erantsi zitzaizkion; horietako batek, kanpoaldera, gaur egun oso zaharkituak dituen apainketa desberdineko arkiboltak eta kapitel apaindurez hanpatuak dituen ataria zuen.
Eliza honetan deigarriena, zalantzarik gabe, erdi-puntuko atari nagusia da, eta badu berezitasun bat, atari erromaniko nafarretan bitxia dena: lau arkibolten erradioetan kokaturiko irudi landuak.
Barru aldeko arkiboltan, Gizakundeko Andre Mariaren gertakaria landu zen. Oso bitxia da bere diseinua: eserita entzuten du Andre Mariak belauniko dagoen Aingeruaren berria. Gizonoi eskaintzen digun Jainko Haragi eginaren Egoitza soil izatearen Andre Maria baten antzinako ulermenetik urrutiratzen gaituen lana da. Oraingoan bera da koroaturiko Erreginaren begirada eta begirunea erakartzen duena. Eta hantxe bertan dago aingeruaren ondoan, argi‑koroetan dagoen usoa, Espiritu Sainduaren sinboloa, Birjinaren sabela sagaratzen duena. Bigarren arkiboltan harpia eta animalia sinboliko sail bat dago: benetako eta fantasiazko animalia-multzo oso bat.
Mandorla laugingildun baten barruan tetramorfoz inguraturiko Kristo dakusagu tinpanoan; eta bi emakume –zalantzarik gabe Marta eta Maria dira, zeina Madalenarekin identifikatzen zen. Azken Epaia gogorazten duten tronpetak joaz, aingeruak ikusten direneko mentsula gainetan kokatua dago tinpanoa.
Kapitelak, kanpoko atarian –oso egoera txarrean dago– nahiz barrukoan, Kristori buruzko ebanjeliotako gaiak dira, haurtzarokoak batez ere. Landarezkoak ere badira eta hauek estilistikoki Katedraleko lehenbizikoenekin zerikusia dutenak dira. Multzo hau Iratxen ala Ozkabarten ikus daitekeen harburu-multzoaren oso antzekoa da.
Beronen kronologiari dagokionez, badirudi Madalenaren eliza hau, Tuterako katedralaren klaustroko lanak baino zerbait lehenagokoetan sailkatu behar dela.
San Nikolasen eliza
[aldatu]Izan ziren bai, zalantzarik gabe Tuteran beste eliza erromaniko batzuk, baina ez dira beroien zati batzuk baino geratzen. Aipa dezagun San Nikolas eliza, 1131n eraiki eta Oñako monasterioari eman zitzaiona. Eraitsia izan zen beranduago eta horren ordez eraikin barroko bat jaso zuten.
Hasierako elizaren tinpano erromanikoa besterik ez da gorde. Gaur egungo elizaren saihetseko ate baten sarrerako arku gainean kokatu zen. XII. mendearen azkenaldikoa da. Honen erdiko puntua hostotza mardul eta pinaburuak dituen zuztar zerrenda aberats batez dago apaindurik.
Hirutasun Santua da gaia, goitik behera irudikaturik: Usoa mendelaren muinean dago, eta Aita azpian, bere belaun gainean duela Semea, ezkerreko eskuan ebanjelioa daraman Jesus Haurra. Aita eta Semea hesitzen duen mandorla mistikoa tetramorfoen eta ertz batean kuzkurtuta dauden Dabid eta Eliasen irudi profetikoez inguraturik dago.
Ohartaraz dezagun Silosko hirutasun taldea ere (1160‑70) –honen eredua izan daitekeena– bertikalean egituratua dagoela, Jeseren Zuhaitzaren amaiera moduan; baina, ez Tuterako hirutasunaren antzera, zeren eta Aitaren esku bedeinkatzailea ez baitago konposaketaren ardatzean jarria.
Eredu bizantziarraz hitz egin izan da. Dena dela, hemen molduren, zuztarren eta profeten lanketa San Nikolasen lanarekin alderatzen da, batez ere, Lizarrako Magdalena eta San Migelekin.
Ukitu erromanikoak dituen hirutasun gaiaren antzeko garapen bat Donejakueko Aintzaren atarian besterik ezin aurki dezakegu, gainontzekoak gotikoak baitira.
Katedrala
[aldatu]Abia gaitezen orain Katedraleko lanetara. Bazen Santa Maria Zuria izeneko eliza bat berau eraiki aurretik. Berari itsatsita hasi ziren gaur egungo klaustroa eraikitzen. Gerora eliza osoaren berritzea etorri zen, eta katedrala eraiki.
Klaustroa
[aldatu]Egokia da beraz, gure aipamena klaustrotik hastea. Gauza jakina da zenbait gela bazela klaustroan, 1160 aldera. Hormako oroigarri batean ikus dezakegun datagatik: 1174. Eta agirietan ere azaltzen da 1186. urtean oraindik eskupekoak ematen zirela “klaustroko lanetarako”. Beraz, kronologikoki mendearen azken hereneko eraikina dela esan dezakegu.
Bi hegal ditu, ipar eta hegoan, bederatzi arkuz osatuak; eta beste bi, sortalde eta sartaldean, hamabikoak; txandakako bi eta hiru zutabe-taldeen gainetan zurkaiztuak. Bada deseginiko kapitelen bat baina, orokorrean, nahikoa ongi gordeak dira, gaiak ezagutu eta bere taila ederrak estimatzeko. Ipar galeriako kapitelak Kristoren bizitzari eskainiak daude, ebanjelioen arabera, Nekaldiko eszenak falta badira ere. Hego aldeko galerian apostolu eta santuen historiak ikus ditzakegu. Sartaldeko galerian berriz era guztietako animalia eta zomorroen gaiek ugari dira.
Estilistikoki, tolesdura astun ugariez jantzitako irudi trinkoak nagusitzen dira, gorputzak nabarmentzea lortzen dutelarik. Badirudi klaustroko maisuei buruak axola zaizkiela gehien, nabarmenki markaturiko begiak dituzten buru handiak, arima begietaratzeko behar gotikoa sentitzen hasiak balira bezala. Ileak eta bizarrak batzuetan ildo soilez zirriborratuak daude, eta besteetan berriz kizkur eta txirikorda mardulak xeheki landuak. Irudiak batzuetan hondo arkitektoniko edo landarezko era baten gainean emanak dira, estilo berri bat aldarrikatzen duen paisaiaren garapena.
Tuterako klaustroaren ikerketarik osoena egin zuen De Egryren arabera, estiloz eta ikonografiaz, lan honen ezohiko “nafar” berezitasuna azpimarratzekoa da,[42] eta antza denez hiru eskuren ezagupidea sumatzen du kapitel horien lanketan: iparreko eta sortaldeko kapitelak esku bat berarenak dira; aurrekoaren antzeko eskuaren estilokoa, baina askeagoa, hegoaldeko horma-tartea, eta hirugarren batena, sartaldeko arkuteria, estilo aurreratuago eta naturalistago bat nabaritzen zaiona.
Eliza
[aldatu]Klaustrotik katedralera igarotzen bagara, beste garai batera igo garela konturatuko gara. Tamaina handiko eliza protogotiko bat da, kolegio‑eliza izaerakoa –XIX. mendera arte ez zuen katedral izenik jaso–, antzinako meskitaren sailean eraiki zen eta harlandu onez jantzi XII. mende bukaeran eta hurrengoaren hasieran, Antso Azkarraren eta Antso Indartsuaren erregealdi artean.
Zistertarren arkitektura eskemak jarraituz lau tartetako hiru habearte ditu, hauetatik nagusia garaiagoa eta zabalagoa da, eta tarteak angeluzuzenak, aldiz, alboetakoak karratuak. Bost zatitan ongi markaturiko gurutzadura batez jarraitzen du, erdikoa karratua eta burualdea zikloerdiko erdigune sakoneko absidea, zirkuluerdi- eta karratu-formako kapera bikoitz artean, Zistertarren tradizioren arabera. Bai habearteak eta bai gurutzadura, hirugingilezko traza duten gurutze-gangaz estaltzen dira, beren ertzetan baketa handiz zuinkaturiko arku zerrenda indartsuez berezitakoak, zistertar ezaugarri jatorrak, ia erabatekoa den apaingarririk eza bezala.
Barrualdeko erromanikoa, burualdean eta gurutzaduran bilatu behar da; ipar eta hegoaldeko ateek, ziur asko, aldi hartan lanean zebilen klaustro lantegietan eginiko kapitelak dituzten.
Ateak
[aldatu]Katedralera eginiko bisitan azpimarratzekoak dira bere hiru ateak. Hiruretan zaharrena hegoaldekoa da, “Birjinaren atea” ere esaten zaiona. Ez du tinpanorik; bai, ordea, ongi gordetako kapitelak, nahiz eta ez diren oso kalitate onekoak. Kristoren Piztueraren gai bat kontatzen du.
Iparraldeko gurutzaduraren atariak, “Santa Mariaren atea” izenekoak, arku zorrotzak ditu. Hiru arkibolta ditu eta haietan Joan Bataiatzailearen historia eta San Martinen kaparen eszena kontatzen dute. Atlante pare batek osatzen du tinpanoa: Sansonek eta Dabidek. Ate nagusiak, Epaiaren atea izenez ezagutzen denak, sortzen du bisitariaren jakin-minik handiena. Galdua du tinpanoa; baina nahiko ongi gorde ditu joritasunez apainduriko bere zortzi arkiboltak. Lerroan jarriak ditu zenbait irudi giltzarrietan: Agnus Deia, Andre Maria, aingerua eta martiria.
Arkiboltetako gai nagusia Azken Epaiarena da: ikuslearen ezkerraldean dohatsuen poza eta beste aldean kondenatuen saminak. Eskatologiazko adierazpen batzuen araberako Erdi Aroko pentsamendua laburbiltzen duten 51 dobela ditugu gizadiaren amaierari buruzkoak: sartaldekoak, bizantziarrak eta musulmanak. Herri arimaren ezten zirikatzaileak irudimena aske utzi duela dirudi bekaturik higuingarrienei buruzko bere epaia adierazteko eta zigorrik finenak irudikatzeko[43]: Merkatari gezurtiak, trukatzaileak eta lukurreruak, baita infernutik ateratako “ehiztari makurra” ere.
Atearen alde banatan, mentsula gainetan, hirien irudiak ikus daitezke pizti eta animalia musikariekin. Gorago, errosetoi handiaren azpialdean harburutxoen erlaitz bat.
Arkiboltak zurkaizten direneko kapitelek Hasierako gaiak garatzen dituzte; nekez gaindi daitekeen kalitatea dute. Kontenplari sinestuna gizakiaren sorrerako irudietatik azken hondameneraino igarotzen da. Aldi baten amaierako igarotze-krisi eta arrazionalismo gotikoko aldiaren inguruan “gizadiaren historiaren” laburpen moduko bat zen. Margo anitzetan irudika dezagun, halakoak izango baitziren klaustroko kapitelak, baldin eta garai hartako gizon emakumeengan sortuko zuen eragin emozionalaren antzeko ideia hartu nahi badugu. Eliza atari honen barrokotasuna ariko zen estilo baten akidura islatzen. Katekesi baten irakasbide zorrotzetan baino gainezka egin eta gaiztoturiko herri fantasiaren irudikapen gehiago sartzen uzten zion estiloa zen hau nonbait. Monasterioetako artea, ikonoetako lasaikeria horrek kutsatua gertatu zen, eta horren aurka haserre biziz altxatzen hasiak ziren, nahiz eta aldi bateko eta erdizkako arrakastaz izan, Klarabaleko San Bernardoren asmoak.
Arte erromanikoa Ipar Piriniotako Baskonian
[aldatu]Iparraldeko Euskal Herrian erromanikoa, baserri girokoa bereziki, ugaria izango zen. Baina, gehienetan XII. eta XIII. mendetako elizak ondorengo mendeetan funtsean aldatuak izan ziren eta, ondorioz, burualde eta abside batzuk besterik ez da gelditu.
Lapurdi
[aldatu]Ainhoako Ama Birjina
[aldatu]Bada Ainhoan, Andre Mariaren eliza bat, hareharrizko harlanduen paramentua eta okre eta more kontrastezko margoak dituena, bisitariaren begirada liluratuz. Birmoldatu egin zuten XVI. mendean; bere barrunbean ez da dotoreziarik, ez berezitasunik falta, labe abside ederra, eta elkarte fededunarentzat gordetzen den esparru guztia euskal erako zurezko balkoi bikoitzak zeharkatzen du aldenik alde. Bere bost mailatako dorrea, oktogonoz hesituriko dorretxo batez bukatzen da, lau piramidetzarrez karratuan sartua eta arbelezko xafladun gezia duelarik buruan ( XVII. mendea).
Donibane Lohitzuneko San Joan Bataiatzailea
[aldatu]Donibane Lohitzunen, Luis XIV.a eta Espainiako printzesa Maria Teresa Austriakoaren ezkontzako San Joan Bataiatzailearen eliza oso adibide argia da lehen aipatu dugun berrikuntzen kontu horretan, bere oinarri erromanikoak besterik ez baititu gorde.
Irisarriko ospitalea
[aldatu]Jerusalemgo San Joanen zaldunena izan omen zen egun oraindik ikus daitekeen XII. mendeko eraikina, Irisarriko ospitale eta prioretxea; XVII. mendean zaharberritua da.
Senpereko eliza
[aldatu]Senpereko elizak ere, XVII. mendeko erretaula galantean interesaturik eta euskal herriko ezaugarri bereizgarrik dituen zurezko balkoia ikustera turista ugari biltzen duenak, baditu bere egituran XII. eta XIII. mendeetako aztarnak.
Nafarroa Beherea
[aldatu]Zuzen-zuzenean Iruñeko errege-erreginaren menpe zegoen eskualde honetan XII. eta XIII. mendeetako elizen aztarnak ez dira gutxi; baina, betiere ondorengo mendeetan birmoldatuak eta aberastuak.
Bidarraiko Andre Maria
[aldatu]Kanbotik 16 km‑tara, muino batean den Bidarraiko Andre Mariaren eliza, oinetan baserriz ereindako zelai berdeetako paisaia eder bat begiztatzeko aukera eskaintzen duena, hareharrizkoa da, eskualde horretan beste asko bezala. Jatorrizko eraikuntza erromanikoaren aztarnak ditu.
Laurhibar ibarra
[aldatu]Laurhibar ibarrean, Donibane Garazitik bost kilometrotara Alzietako Gurutze Saindua eta Baskasango San Andres kapera erromanikoak hargin berak eginak dirudite, hain baitira berdinak. Begien gozamenerako kanpoaldeko itxuraren goxotasuna eskaintzen dute, barrualdeko aberastasun ezohikoa lagun dutela: esku sotil baina jakintsu batek margoturiko zurezkoak ditu gangak.
Haranbeltzeko San Nikolas
[aldatu]Nafarroa beherea alde horretan bertan, Haranbeltzeko San Nikolasen kapera beroa topa dezakegu, abeltzaintzako, merkataritzako eta erromesaldietako bide zaharraren ertzean kokaturik. Prioretxe‑ospitale batena zen eta XII. mendeko agiriek diotenez Maltako Ordenako “kideek” agintzen zuten bertan, Ostabat alderat –lau bat kilometro harantzago, ez gehiago– eta handik Orreagako pasabidera zihoazen milaka erromesen laguntzaile ziren.
Badu oraindik aterpe ireki zabal bat, agian oso erosoa ez bada ere, gauak harrapatu dituen erromesentzat aterpetxea segurua. Erdi-puntuko arku zabaleko aterpe hau kapera xume baten ondorengoa da, zorua angeluzuzena du eta XII. mende aldera eraikia izango da ziur asko, eta barroko aldian berreraikia. Barrualdean ez du erromanikoa gogorarazten duen ezer. Atariak barruko zatian badu, zorionez, Kristoren monograma duen krismoi eder bat, Alfa eta Omega, zirkulu batean sarturiko Maltako gurutzearen azpian.
Bidaxune
[aldatu]Baskonian beste asko bezala, XIII. mendean eraiki ziren baina, aire erromaniko arnastuz, XIII. mendeko Bidaxuneko elizak erdi-puntuko arku bikoitz bat duen ataria du, berezitasun batekin, inon kokatu gabeko giltzarri zintzilikako bat duela.
Iratiko San Salbatore
[aldatu]Haritzgurutzeko lepoa igaroz, abside prerromaniko baten zatia gordetzen duen San Salbatoreren kaperara iristen da. Haren habeartea XII. mendekoa da, ondorengo mendeetan birmoldatua. Gurtza prerromaniko egin zitekeeneko toki batean dago eraikia Malta Ordenako ospitale zahar hau, kanpoan zutabe txikien gainean Gurutze Bide bitxi bat duela. Barrua, garai batean irudietan aberatsa, orain hutsa dago zoritxarrez.
Donazaharrek badu oraindik imus pirineus‑etako iragan latzaren zenbait oroigarri. Hemendik gertu, utzia dagoen Done Bladiko santutegia erromanikoa dago, Aphat‑Ospital deitua, Donejakue alderako erromesen ospitale-aterpetxea izan zena. Badu oraindik arku zorrotz samarrak dituen ataria.
Usakoako San Pierre eliza XII. mendekoa da, baina oso zaharberritua dago. Hala ere, badu oraindik bere atari zaharra, apaindurez hanpaturiko kapitelak eta irudimenezko piztiak dituena.
Donibane Garazin merezi du historialariaren bisita Ugandeko Santa Eulalie elizak. Oraindik ikus daitezke arte erromanikoaren aztarna batzuk, esaterako, Baigorriko Doneztebeko eliza.
Zuberoa
[aldatu]San Migel Eliza erromanikoa
[aldatu]Zuberoako Ordiarpen, Errobi ibaiaren ertzean, paisaia ederren batean, zutik da oraindik San Migel eliza erromanikoa.
Zilindro-formako egitura duten bi oinarrik, ziur asko gotikoak izan daitezkeenak, bereizten dute habearte soila beste ondoko bietatik. Burualde erromaniko zabala, erdiko zati bat eta alboetako biz osatzen dena, kanoi-erdiko gangaz estaliak, hiru zirkuluerdi-formako absidetan bukatzen da, baina berauen aurrean azaltzen da lotsatu antzera arku zorrotza, uste gabeko eta itxaropen sortzaile den kimu baten antzera. Itsatsiriko zutabeak dituen oinarri gainetan kokatzen da burualde erromanikoa. Hurrengo zatiak konpondu beharra izango zuen, zeren eta oinarriak kapitelik gabeko zilindro-formako eusgarri landuez ordezkatuak izan baitziren arkuak han ezartzeko.
Raymon Ourselen ustez, multzo hau dena “Zuberoako bizkonterri osoko eta baita Euskal Herri osoko ederren eta bitxienetakoa da”.[44]
Done Bladi Ospitale
[aldatu]Biarnoren mugan Zuberoako azken muturrera iristen bagara, bere historian Baskoniari hertsiki loturiko herrialdea izanik, aurkituko dugu bai azkenik, arte erromanikoaren barruan benetan berezia den zerbait. Garai bateko Done Bladi Ospitaletik eliza erromaniko bizantziar bat geratzen da, XII. eta XIII. mende bitarte horretan eraiki zena ziur asko. Ipar Euskal Herriak gaur egun duen lan erromanikorik ederrena eta interesgarriena da, zalantzarik gabe, eta Euskal herrian Erdi Aroko frantziar ondareetan behar bezala zaindua izan den eraikin bakarretakoa. Bitan zaharberritua dago:1903an eta 1980ean.
Gurutze grekozko oinplanoaren gainean orekatzen eta antolatzen dira bere gorputzak gurutze-gangei eta oktogonozko linterna ikusgarri bati eusteko, tronpa gaineko kalifa‑kupula bat buruan duela, berau delarik euskal lurraldeko ale bakarra.
Elizak gorde du bere hasierako gangaren egitura zati garrantzizko bat; harrituta utzi dituzte eraikuntzetako arkeologoak, absidearen hormetan atxikitako zurezko erlaitzaren egitura apartak eta erlaitza bera estalkiaren egiturarekin elkartzen zuten habeek. Zuraren hondakinen azterketa dendrologikoak eraikuntza-lanen hasierako ustezko data eman du: 1184a.
Multzo batu eta trinko honek guztiak, kanpotik begiratuta, tamainen joko eder eta orekatuak miresmena sortzen du.
Historialariari eliza honek emango dion beste ustekabekoa klaustraz ala hareharrizko konbinaketa geometrikoz eginiko mudejar tankerako leiho itxiak dira. Xehetasun honek eta kalifa‑gangak –gertuan duen Oloroeko Done Marian berriro azaltzen da–, eskualde honek Torres, Almazan eta beste lur hispaniarrekin izandako kultur batasuna adierazten du.
Donejakuera alderako erromesentzat Done Bladi bigarren mailako ibilaldia zen, non Euskal Herri aldera sartuz, Arlestik Somport‑erantz zihoanetik desbideratzen zen.
Kanpandorre hirukoitzak
[aldatu]Gure herrialde honetan zenbat eta ekialderago sartu, orduan eta aldi erromanikoko aztarna ugariago eta bitxiagoak topatuko ditugu, labe absideak, atari ederrak eta abarrekoak adibidez, Laguinge‑Restoue elizan, Aturbetik 3 km-ra, Sunhar‑ekoan, Haux‑ekoan.
Baina bitxi ikusgarrienak hirutasun egitura duten kanpandorreak dira: hormapiko oso garaia pinakulu hirukoitz batean bukatzen da, erdiko hortza garaiera handiagoa hartuz nabarmentzen delarik. Mota bitxi honetako erakinik adierazgarriena Gotañe‑Libarreux‑eko Andre Done elizan dago, Aturbetik 10 km‑tara. Baina ez dirudi erromanikoak direnik.
Santa Grazi
[aldatu]Biarnoko mugan, baina Zuberoako lurralde berean, eskualdeko santutegirik ospetsuena aurkituko dugu; historiaz aberatsa da, frantziar bidean kokatua delako eta bereziki garrantzizkoa, erromanikoaz eskaintzen eta gordetzen duenagatik. Santa Graziko eliza da, erromesaldietako santutegi honetan, Zaragozako zaindaria den, santa martiriaren besoa gurtzen da. Antzina abade-etxe bat izan zen, XI. mendean Frantziako erregeak, Aragoikoak eta Nafarroakoak sortua izan zen, toki hunkigarrian mendi lepo eta uharren artean estuki itxia dago.
Kareharriz eraikitako elizak badu kanpandorre erdi bat, estalgarri eta guzti, eta oso berriak diren XIX. mendeko kontrahorma handiak. Eliza zaharrak lau tartetako hiru habearte eta hiru abside ditu. Transeptuko eta absideetako oinarriek kono-enborrezko kapitelak dituzte, bibliako historiak ongi zizelaturik –emakume santuak eta Apostoluak Kristoren hilobi aurrean– eta profanoak –ehizakoak, txalupariak, irudi sinbolikoak.
Iparreko arkupea, elizarako sarbidea, gai figuratiboak dituzten kapitel eta arkiboltaz apaindurik dago, eta bere tinpanoan alde banatan krismoi eder bat, aingeru banarekin.
Oloroen
[aldatu]Eskualdeko erromanikoaren begizko ezaguera osatzeko Baskoniaren muga estuetatik irten eta euskal lurrarekin bere historiazko hainbat elkartasun, bai ahaidezko nahiz politiko gogoratuz Biarnon sartu beharko genuke eta lurralde honetako hiriburua bisitatu.
Santa Gurutze
[aldatu]Oloroen deigarriena Santa Gurutzeko eliza da: Hiru habearte, hiru tarte eta hiru abside ditu, kalifa-tronpa estilokoak eta nerbio gainean oktogono ganga nabarmen duelarik; apaindurez hanpaturiko kapitelak.
Andre Maria
[aldatu]Hiri berean bisita merezi du Andre Mariaren elizak, garai bateko katedralak.
Ikonografia konplexuzko atari sonatua dauka: arku handiaren azpian, irudimen erromanikoan oso arrunta ez den gaia, Kristoren gorputz hila gurutzetik jaisten. Arku handi horren barruan beste bi daude, alde banatan kokatuak. Apokalipsiko 24 zahar Bildotsaren inguruan eseririk dauden bileraren adierazpena den. Arkuaren arkiboltatan hainbat urtaroetan gizonaren lanei dagozkien eszenak adierazten dira. Badira ehiza, arrantza, mahats biltzeak eta batez ere, etxeko eta herriko otoruntzen eszenak. Hemen, ertilari erromaniko herrikoia azaltzen da hizkera bizi eta ekintzailean.
Arte erromanikoa Araban
[aldatu]Arabako lurraldean, bere arte erromanikoaren ondare zati handi bat gorde ahal izan da zorionez. Honen ezaugarria da, monumentuzko apaingarrien kalitateaz gain, ugaria dela emaitza. Arabako erromanikoaren historia osoaren azterketa, agian, oso oinarrizko “lehen erromaniko” baten urratsak miatuz hasi beharko litzateke; XI. mendean jada bere lehen haur hotsak probintziaren iparrean emanak izango zituen Donejakue alderako erromesek ezkutuko bideen bila ibilitako haietatik; hau da, Ayuda ibarrean zehar, Valdegoviatik eta Ebroko goialdeko aldetik, zeren eta defentsazko dorreen babesean bizirik gordeak izango baitziren biztanle-guneren batzuk.[45]
Hain urrutiko kronologia hori agian Toberako Santa Maria elizatxo bitxiari eman beharko zaio, zirkuluerdi-formako burualdea eta kapitel irudidunak, oso erliebe lauez landuak, eta prerromanikoa gogorarazten duen ezkila-formako janzkerak dituztela.[46]
Egia da, Araban ez dela posible benetako erromaniko monumentala aurkitzea –azterketa egiteko moduan ongi zaindurikoa–, XII. mendean oso aurrera ez bada, Nafarroako errege Antso Azkarra eta Antso Indartsuaren eskutik foruak, besteak beste, Trebiñu (1161), Guardia (1164), Labranza (1196) eta Gaztelako Alfontso VIII.ak Lapueblari (1190) ematen hasi zirenetik, hau da, erromanikoaren beranduko aldietan izan ezik. Atzerapen hau erraz ulertzekoa gertatzen da, eskualdearen historia politikotik begiratuz gero; izan ere, arabar lurraldeko ia gehientsuenetan erlijiozko eta kulturazko ezarpen egitasmo gutxi egitaratu zitezkeen sarrazenoen matxinaden aurrean abangoardiako gotorleku gisa iraun behar zuen urteetan. Iruñeko erregeen zaharberritze egitasmoetan, Araba, XII. mendearen erdialdetik aurrera baino ezin sar zitekeen.
Hala ere, atzerapen hau berehala berdindu zen erlijio eta arte eraikuntzen egitasmo ugariak abian jarri zirenean. Arabako mugetatik errekonkista borroka frenteak betirako ihes egin zuenetik gertatu zen biztanleriaren hazkundeak eta ondoriozko biztanleriaren kokapenak eta lekune irekiak laborantzarako hartzeak gurtza-tokien benetako beharra ekarri zuten. Arkitektura erromanikoaren ernamuintze hau bi ezaugarri orokorretatik deskriba daiteke: ugari izatea eta landakoa izatea, bi edo hiru eraikuntza monumental izan ezik. Lopez del Valladoren ustez, monumentu erromanikoetan ehun arte ere konta daitezke, osorik nahiz zati bat gorde dutenak, zenbaki horretan estilo protogotikoa azaltzen zaien eraikinak sartuz gero.[47] Lauzpabost eraikin ezagun aipatzetik hasiko gara.
Armentia
[aldatu]Armentiako egoitza
[aldatu]Alvaro Velegia izeneko gotzain baten ziurtasuna badugu agirietan 881. urtean jada, arabar lurraldean izan zenekoa, eta 987. urtean aldiz Munio azaltzen da Arabako gotzain, baina ez da zehaztasunez agertzen gaur egun Gasteiztik 3 km‑tara dagoen Armentiara noiz aldatu zen egoitza. Calahorra musulmanen eskuetan erori zenean eta Valpuestako elizbarrutia sortu zenean, zeinaren menpe geratu zen Araba ipar-ekialde osoa, Bizkaiko Enkarterrietara arte, elizaren babesik gabe geratua izan zitekeela uste izaten da; inola ere, hau izango zen Armentian egoitza zuen Arabako gotzaindegia sortzeko arrazoia. Eta han gelditu zen 75 urtez, indar nafarrek Calahorra berreskuratu eta herri hartan berriro Arabako gotzaindegiak bat egin zuen arte (1087).[48] Armentiako egoitza Kolegio‑eliza moduan gelditu zen 1498. urtean, Gasteizko Santa Mariara eramana izan zen arte.
Eliza
[aldatu]Armentiako eliza lehendabizi San Andresi eta azkenik San Prudentziori eskainia izan zen. Kaskanteko Errodrigo, 1146tik 1190era Calahorrako gotzaina izan zenak sagaratua, beraz, argi azaltzen da, XII. mendeko bigarren zatian izango luke eraikuntza data.[49] Berrikuntza handiak egin ziren 1776. urtean, batez ere, kanpoko aldean, desagertu egin baitzen ataria, arkupea (zimitorioa) eraiki eta eraikin zahar osoa, absidea izan ezik, horma berriz inguratuz.
Habeartea lehenbiziko egiturarena izango da, oinplano gurutze latindarra, orain ganga modernoz estalitako gurutzadura duena. Alboetako bere bi besoak kanoi puntudunak dira. Gurutzaduraren gainean zinborioa altxatzen da, bi gurutze arkuz osatzen dena eta bere abiapuntutan tetramorfoaren irudiez –lau ebanjelariak: lehoi, zezen, arrano eta aingeru-buruaz sinbolizatuez– eutsitakoa; Iratxekoa eta Lizarrako San Migel elizakoak gogora ekartzen dizkigun kupulako gangak eta Gaztela‑Leongo antzeko egitura garaikideek, Poitou frantsesaren iturriaren jatorrikoak izan daitezkeen pentsatzera eramaten gaituzte.
Armentiako presbiterioa bi zatitan antolaturik dago; kanoi-gangaz estalia bata, gurutzadurarekin elkartzen den garaipen arkuaren egiturari egokiturikoa; eta ondoren, abside txikiagoa eta estuagoa, labe-gangaz estalia. Absidearen sakonean hiru leiho txaranbeldu irekitzen dira, erdi-puntuko arkuez; beroien azpitik bost ilaratako xake-itxurako erlaitz bat igarotzen da.
Elizatea
[aldatu]Oinetan bi ate zeuden, iparraldera bata, komentuko geletara sarbidea zuena eta hegoaldean bestea, egungo eran, kanpoaldera ematen zuena. Elizpean, 1776an kokatu ziren hasierako elizak ate nagusian zituen erliebeak.[50]
Antza denez, hegoaldeko atariak bi mailatan landutako lanak ditu. Azpikoan, erdi-puntuko arkuaren azpian Bildotsaren tinpanoa erakusten zuen ate burudun bat zegoen; gainean, begi ala agian leiho baten inguruan, Apostoluen Salbatzailearen tinpanoa zegoen kokatua eta saihetsetan Hobiratze Santua eta Anastasisenak izan behar zuten erliebeak. Eskultura-lan hori guztia, XVIII. mendeko berrikuntzan eliza aurrera ekarri zen.
Ulertzekoa da, jatorrizko elizari egin zaion berrikuntza garrantzizkoaren ondorenean, Armentiako basilika horrek gaur egun eskaintzen digun gauzarik nabarmenena eta interesgarriena apaingarri eskultorikoetan dagoela esan behar izatea, ez berrikuntza aldian zorionez salbatu ziren bere kapitelen eta erliebeen kalitate eta berezitasunagatik soilik, baita erliebeei interpretazio ikonologiko bat eman eta jatorrizko ordena eta kokapena dokumentatu nahi duen historialariarengan sortzen duen arazo larriagatik ere.
Azterketa estilistikoak erakusten duenez, eskulturen tailak hiru maisuen artean eginak dira.[51]
Lehenengo maisuarenak lirateke absideko leihoaren kapitelak. Aldarte herrikoia, tolesgabea eta adierazkorra duen ertilaria da egituretan nolabaiteko arkaikotasuna eta zenbait sinplifikazio geometrikorako joera duena. Egitura bitxiko mamuak, deabru-buruak adieraztea gustatzen zaio, landare gaiez nahastuak. Bere lanei XII. mendearen azken hereneko data jar diezaiekegu.
Bigarren maisua, Galtzadako artearen egitura eta gaiei dien leialtasunarekin azaltzen da. Berari zor zaizkionak izango lirateke gurutzadurako zortzi kapitelak; eta baita agian bertako harburutxoak eta ebanjelariak ere. Bere eskua sumatzen da Gizakundearen, Konstantinoren eta eliza aurreko beste erliebe batzuetan ere, besteak beste: Bildotsaren tinpanoa. Bere lan honi 1200. urte aldeko data eman diezaiokegu.
Hirugarren maisuak, XIII. mendean jada, Silosko artera bideratzen digu pentsamendua, Kristoren hilobiko Marien irudiagatik eta elizaren aurreko Anastasis eta Apostoluekin dagoen Kristoren tinpanoagatik.
Harri Pontea
[aldatu]Bada Armentian bataiarri erromaniko bat ere, zimazio baten zatia izan behar zuen oinarri baten gainean jarria. Kopak tailaturiko apaingarriak ditu, angeluetan ferra lanketa batzuk imitatuz, inguru osoaren biran koruko zutabeen oinarrietakoak gogorarazten dituzten arkutxo batzuekin.
Estibalitz
[aldatu]Gasteiztik 8 km‑tara, gutxi gorabehera, mendixka baten gainean, 1074. urtean jada bazen Naiarako Santa Maria Erreginaren menpean zegoen monasterio bat. Bi tartetako habeartea zuen. Mende honen hasieran hirugarren tarte bat erantsi zitzaion. Eta 1972-1973 bitartean burutu zen hirugarren zaharberritzea.
Eliza
[aldatu]Gaur egun oinplano gurutze latindarraren gainean eraikitako basilika bat ikus daiteke, gurutzaduran linterna duena, erdiko habeartean abside bat eta gurutzaduraren beso gainean irekitzen diren bi kaperei dagozkien beste bi. Armentian bezala, elizaren burualdea, aurreko tartea baino txikiagoa den angeluzuzenezko tarte batez eta zirkuluerdi-formako abside batez dago osatua. Honako hau gurutzadurara irekia dago garaipen arku zorrotz baten bitartez eta kanoi-gangez estaltzen da. Labe gangaz estaltzen da absidea eta xake-itxurako lau ilaratako erlaitz batetik abiatzen da. Erdi-puntuko arkuak dituen bi leiho baino ez ditu sakonean, lauak dira, hona ermita batetik ekarriak izan zirela sumarazten dute. Hegoaldeko absideak ere bi leiho ditu.
Hegoaldeko gurutzadurakoak eta habeartekoak puntudun kanoi-gangak dira, iparraldeko gurutzadurako besoetan, berriz, ojiba-gangak. Eusgarriak prisma-formakoak dira, zutabeak haiei itsatsitarik, arku zerrendak eta barruak zurkaiztuz, zeinetan gangaren ojibak zamalkatzen diren. Oskolpea edo zinborioa kanpoaldera nabarmentzen da, dorre karratu moduan eta angeluetan zutabetxoak dituela. Berandukoa da bere data, arkuen zurkaiztetatik eta bere eskultura apaingarrien garapenetik atera daitekeen ondorioa delarik.
Eskulturak
[aldatu]Eskultura-lanak, bere habearte bakarrean, kapitel eta zutabeetan banatzen dira. Hemen ere azterketa estilistikoak hiru maisuen aipamena egiten du.
Lehenengo maisua gurutzaduratik burualderako lau kapitelen egilea litzateke. Erospenaren misterioa azaltzen da horretan ikusgai: Adan eta Ebaren bekatua, paradisutik jaurtitzea, Aingeruak Mariari eginiko bisita eta bekatu nagusiak.
Bigarren maisua, zenbait aztarna islandarrei loturiko hainbat klasizismorengatik, eta zulagailu teknika dela eta ezagutuko litzateke. Barruko zenbait kapitel zor zaizkio: bata gurutzadurakoa, bestea habeartearen abiapuntukoa eta Epistola aldeko biak.
Eliza atariei buruz berriz, esan dezagun sartaldekoak ez duela ezer berezirik: berreginiko ate bat da horma-bular edo kontrahorma lauen artean kokatua, arku zorrotza eta eskema kiribileko kapitelak dituen bost arkibolta lauak.
Hegoaldeko atea deigarriagoa da, eskultura monumentalaren benetako harri bitxia; nahiz eta, Lopez del Valladoren ustez, apaingarri ugariek dotoreziari osotasunean kalte egiten dioten, bere eusgarrien apainketak miresmena sortzen du, berauetan Borgoinako eliza klunitarren inspirazio ongarri bat ikusiz, Gaztela edo Aragoitik –Uncastilloko Santa Maria– agian zeharka jasotakoa.[52] Eliza ataria inolako zalantzarik gabe XII. mendean landua da.
Janbetan bi zutabe ukondotu ditu alde banatan, apaindutako fusteak irudi berak errepikatuz, simetrikoki; hala ere eskuinaldekoak ezkerraldekoak baino taila finagoa agertzen du, izan ere, lehenengoaren perlaz tartekaturiko lau lhostotako lore nerbiodunak, marrazki geometriko lauak bihurtzen dira ezkerreko zutabean.
Atearen ondo ondoko beste zutabeetan, fusteetako apaingarriak txirikordazkoak dira, gurutzaturiko lau harizpien zerrendatan. Horien kapitelak eliza barrukoen aldean bestelakoak dira. Horietako bik badute nolabaiteko kutsu korintiotarrik, beste biek landarezko erroleoekin jokatzen dute.
Janbetan irudiak azaltzen dira: ezkerretara Pantokratorraren gaia: eskuinetara, San Joan Bataiatzaileaz gainera, gurutzaturiko zenbait irudi apaingarritako hostotzekin. Lau arkiboltak agerian dituzten egiturak eta eskemak apaingarritako soilak dira. Erliebeetan ageri dira Gizakundeko Birjina, sagitario bat eta beste.
Estibalizko eraginak egiazkoa dirudi Argandoñan, Duranan, Lasarten, eta bereziki Lopidanan.
San Bizentejo
[aldatu]San Bizentejo ermita zoragarria, gaur egun Arabako San Bizenteko Guztiz Garbiari eskainitako ermita bezala ezagutzen dena, 1963. urtean izan zen zaharberritua. Idazkun epigrafiko bat daukanez, 1162ko data zehatza emateaz gainera, eskaintza bat du:
IN NOMINE DOMINI NOSTRI JHESU CHRISTI AEDIFICATUM EST HOC TEMPLUM IN HONOREM SANCTI VICENTII ERA MILESIMA CC.
Eliza gozo honen jatorrizko egitura bizantziarrak harritu ez gaitzan, gogora dezagun garaitsu horretan Zamorako katedraleko kupula ari zirela eraikitzen (151‑1174), joera bizantziar garbikoa. Neurriz oso da txikia, euskal erromanikoan aurkitzen dugun ia guztia bezala, San Bizentejo Gasteizko elizbarrutiko eraikinik ederrenetarikoa da.
Eliza
[aldatu]Oso da soila bere arkitektura: habearte bakarra, bi tarte eta hirugarren tarte motzago batez osatzen den presbiterioa eta zirkuluerdi-formako absidea. Harlanduzko gangez estaltzen da, kanoi-erdi zorrotzez habeartean eta labe-gangaz absidean. Arku zerrendak, zutabe erdiak itsatsian dituzten harroinez osatuak diren babesgarrietan etzaten dira. Neurri handiko kapitelek badituzte akanto-hosto eder estilizatuak eta giza aurpegiak ere. Lanketaren fintasunak eta beren buru-zuloen sakontasunak bizantziar eta musulman eraginak bistaratzen dituzte. Barruko hormetan apaindu gabeko mentsuletan kokaturiko erlaitz bat doa, burualdean gizaki eta animalien irudiz eta landaredi eta geometria gaiez edertua. Absidean dauden hiru leiho txaranbeldu ditu, modu berean kanpoaldera. Presbiterioko tartearen alde banatan bakoitzak erdi-puntuko arku bikoitza duen bi horma‑hobi egin ziren, mainel sendoetan kokatzen direnak, egun inork ez dakien moduan galduak.
Kanpoaldean, absidea horma-bularrez bereizten diren bost planotan zabaltzen da, zutabe erdiz eta beren arteko poligonozko oinarriez osatuak; zutabe erdi hauek hiru hutsartetako arkuak zurkaizteko balio dute. Harroinak teilaturaino igotzen dira urratuz, hau da, beren neurria haziz. Bi kapitel erakusten ditu bakoitzak, garaiera desberdinetan. Teilatuaren ondokoek, oso zulaturiko hosto sortez apainduak daudenak, paregabeko edertasuna dute.
Bata bestearen gainean jarritako gorputzek absidearen neurria goialderako mugimendua areagotu egiten dute. Lehen gorputza trinkoa eta zirkuluerdi-formakoa da. Bigarrenak bost hormatal osatzen ditu, aurretik aipatu ditugun hiru hutsarteen artean erdikoan irekiz, landaretza apainketa naroa duten arku eta kapitelak dituztela. Hirugarren gorputza berriro ere zirkuluerdi-formakoa da eta apainduretan, erlaitzetan kokaturiko arku hirugingildun itsuak daude itsatsiak.
Elizako sarbidean kapitel zistertarretan zurkaizturiko sei arkibolta dituen ate bat dago, musulman kutsua duten biribilak dituzten eta apainketa soileko hiru izan ezik, harlandu lauez eginiko hegal baten pean. Oso ederrak dira bere kapitelak, arte korintiar garbi samarrekoak batzuk, hostotzak jakintsuki tratatuak daude, buru zulaketa egokiez.
San Bizentejo oso eraikin berezia da euskal erromanikoaren barruan. Estilistikoki antz ugari aurkitu izan zaizkio: Silos, Donejakue, Zamora, Burgundia eta abar, eta guztien gainetik eredu bizantziarrak eta musulmanak. Bestalde, San Bizentejoko ereduak Araba, Errioxa, Nafarroa eta Gaztelan hedatzen direla esan izan da. Begien bistakoa dirudiena da kanpotar ertilariren bat izan zela egilea.
Tuesta
[aldatu]Arabako hego‑mendebaldean, Tuestako Jasokundearen parrokia “Gaubeako katedrala” izenez ezagutzen da. Harritzekoa da hain herri antzinakoa izanik –993an jada dokumentuetan agertu izan da– bere eliza berant erromanikoak joan den mendera arte historialarien arretarik erakarri ez izana.[53] Agian, ahazte honen arrazoia nahasmendu estilistikoan eta eliza honen eraikitze aldiei buruz eman den hainbat kronologiatan bilatu beharko da. Eraikuntza XIII. mendean hasi bazen ere, bere gorputz eta esparruak ondorengo eranskinez aldatuak ditu.
Eliza
[aldatu]Habearte bakarrekoa da, 29m luzean eta 11m zabalean, lau tartetakoa eta santutegiaren zatia ere erantsi behar zaio; poligonozko burualdea bost hormataletan bilduak ixten du, beste hainbeste leihorekin. Paramentuz ezin hobea da eta kareharriak isodomoz landuak ditu, oso berdinduak neurrian eta bukaera zaindua ertzetan. Erromanikoaz pentsarazten digun gauza bakarra bere burualdea da: erdiguneko espazioan biltzen dira marra indargarriak giltzarrian, gurutzea daramaten aingeruen inguruan, eta batez ere garaipen arkuaren amaieran kokatua dagoen Pantokratorrarenean, zeinaren gainean badirudien gangako sei zainak batzen direla. Hauek gangetako osagaien zama arintzera datoz, absideko poligonoko angeluetan sartuak dauden zutabe ederren kapitelen gainetan.
Elias maisua
[aldatu]Ez dugu arrazoirik ikusten maisu eraikitzailearen izaera zalantzan jartzeko, zeren eta Elias izena idazkun bati itsatsirik baitago eta, espiritu erromanikoaren arabera, eskatologiazko egia galanten aurrean sinestunari bere betebeharrak gogorarazten baitizkio:
O DIVES, DIVES, NON OMNIS TEMPORE VIVES FAC BENE DEO IN VIVIS, POST MORTEM VIVERE SI VIS. ELIAS ME FECIT
Oi aberats, aberats, ez zara betirako. Egizu on Jaungoikoarentzat gizonengan, hil ondorenean ere bizi nahi baduzu. Eliasek egin ninduen
Markiz
[aldatu]Trebiñuko Arabako mugan, mendialdeko eskualdean Markiz hiribildutik kanpo dagoen San Joan ermitaz mintzatu gara aurreko atalean. Hau ere gaur egunera arte gurtza katolikorako gorde den monumentu erromaniko deigarria da. Ermita honi buruzko agiririk ez da ia geratu, baina, bere fatxada nagusian duen idazkun batek 1226ra eramaten gaitu, eraikuntzaren eta Calahorrako gotzain Juan Perezek fundatu zueneko garaira.[54]
Eliza
[aldatu]Trantsizio aldiko eraikin baten aurrean gaude, lanketa oneko harlanduez jantzia, hegoaldeko habearteko horma izan ezik, hau harlanduskoz eraikia baitago. Kanpoaldetik, eraikin osoa bisitariari erliebe deigarriz azaltzen zaio, bai aldaparen desnibela konpontzeko burualdea altxatzen duten harroinengatik, bai edergarritarako dituen apaingarriengatik: takeatuzko apaingarriak dituen erlaixa eta horma bitan zatitzen eta, multzoaren zabalerako garapenarekin, goialderako mugimendua oreka ederrean zatitzen duen, altuera erdiko inposta marra.
Arabako eliza txiki hauen guztien eskemaren arabera, bere oinplanoa areto egiturakoa da, hiru tartetako habearte bakarrekoa, zertxobait zorrotza den kanoi-ganga, pilastratan zutituriko bi arku zerrendez zatitua. Burualdea bi tartetan zatituriko zirkuluerdi-formako da, zeinaren altuera pixkanaka gutxituz doan. Burualdearen eta gainerakoaren altura desberdinek tamainen arteko joko ederra eskaintzen dute. Estalgarria, hasieran egurrezkoa izango zena, zaharberritze aldiren batean beste zeramikazko burdin lan batez ordezkatu zen.
Bat bestearen atzetik estutzen diren bi tartetan zatituta dago burualdea. Absidearen erdigunean, hutsarte bat dago, neurriz gainerakoak baino txikiagoa. Erdi-puntuko arku egitura du, eta inposta batean kokaturiko bi baketoiez osatua da. Burualde osoa horizontalki tartekatuta dago biletez apaindutako inposten bitartez. Harritu egiten du barruko apainketa soilak, eta kapiteletako landareen eskematismoak.
Atari bakarra, habeartearen bigarren tartearen hegoaldeko fatxadan dago, turuta-antzeko ate bat jartzen uzten duen kanpoalderako gorputz bat osatuz: landarez eta besante sortez apainduriko hiru arkibolta baketoiez tartekaturik. Arkiboltak, hiruna atzapar harroinezko zutabeen gainetan atseden hartuz eta baketoiak zutabe bitartetan; eta sistema bera azaltzen da janbetan. Kapiteletan landarekiak azaltzen dira gehien. Lopez Valladori arkiboltak lantzeko erak iradoki dio, lan hauen egilea Estibalizko edo Duranako eskolako ertilari bat izan zitekeela.[55]
Hegoaldeko horman bi antzeko leiho daude, bata atariaren ondoan eta habeartearen lehen tartean bestea. Erdi-puntuko arkuak dira, baketoie eratuak eta hiruna atzapar harroinezko zutabe parea, inposta soilak eta akanto-hostoko kapitel ongi landuak eta zutabe atzeko harroinetan besante (txanpon) sorta.
Arabako beste eliza erromaniko bat
[aldatu]Arte historialariarentzat garrantzizko alderdiak eskaintzen dituzten beste elizen artean, arabar lautadakoak dira nabarmenenak, gotzain-egoitza izan zenetik ez oso urrun.
Lasarteko eliza
[aldatu]Lasarteko lehendabiziko elizatik absideko bi leiho txaranbeldu gelditu dira, Armentia eta Estibalizko eskultura eta erliebeen garai berekoak diruditenak eta beharbada egile berak tailatuak. Hego aldean dagoenak akanto-hostoz apainduriko hiru arkibolta ditu, bai barrualdean bai kanpoaldean.
Lasarteko elizaren alderdirik deigarriena absidearen hego-ekialdeko horman duen beste leihatea da. Apostoluen irudiak ditu bere leiho‑zangoetan, sei kanpoaldean eta beste seiak 1974. urteko zaharberritzean bistaratu diren barrualdeko txaranbelduan. Irudiek ez dute ezaugarririk eta kapitelen ondo-ondoko fusteen ordez jarriak daude, antzinako kariatideen tradizioa eskuratu nahiko balitz bezala. Hauetan, Armentiakoen gelditasun bera eta zapien kokamen bera sumatzen da. Leiho honen gainerako apainketa akanto-hostoen eta geometriazko gurutzaketetan oinarritua dago.
Zaharberritzearen aurretik Aingeruak Andre Mariari eginiko bisitaldiaren bi irudiak hutsartearen saihetsak hartzen zituzten, beste irudien kariatide-jarrera berdin berdinean. Ezkerretara aingerua lore bat eskuan duela; eskuinaldean Birjina, barkila antzeko tolesturak dituen soingainekoaz jantzita. Azkenekoz zaharberritu zenean bi irudi hauek eliza barnera sartu ziren.
Duranako San Esteban
[aldatu]Duranako San Estebanen XIII. mendeko elizan ere, antzinakoena eta ikusgarriena ataria da; burualdea XVI. mende aldera bi tarteetan zabaldu zitzaion. Bere arku zorrotza, lau zutabe bihurrituen gainean iraultzen da alde banatan eta hauek hostotza soilez apainduriko harroinetan. Lau arkiboltak duten apainketak harridura sortzen du ugaritasunagatik eta ekialdeko ezaugarriengatik.
Apainketa nahiko laua da. Arkutxoak, palmondo-hostoak, zirkulu izarreztatuak, zinten sigi-sagak eta sugeak dira oinarrien apaingarriak eta zutabeen oinarriak. Janben izkinak eta hauen aurreneko aurpegiak eta arkibolta batzuk ekialdekoen kutsua dute. Eta agian ekialdetik etorriak izango ziren, halaber –Lopez del Valladoren ustez–, kapiteletan, buru latzak, gezurrezko kiribildurak, palmondo-hosto zakarrak, zirkulu eta triangeluen egileak; eta zenbaiten izkinetan borrokan ari diren mamuak, arrano hatzaparlariak, kopa beretik edaten duten hegaztiak eta abar.
Argandoñako Santa Kolunba
[aldatu]Gasteiztik eta Estibaliztik kilometro gutxitara Argandoñako Santa Kolunba elizak XIII. mendeko arabar erromaniko elizak duten egitura ezaguna erakusten du: habearte bakarra, puntudun kanoi erdiz estalia, hiru tartetako arku zerrenda, zirkuluerdi-formako absidea, eta abar.
Badu atari eder bat ere, Estibalizkoaren antzera zestozko fusteak dituen zutabeduna; eta absidean, leiho bikain bat, lehen ziren bietatik bat. Harrigarriak dira bere zimazioak eta bere sei pare zutabeetako kapitelak eta hauek kokatuak direneko janba izkinak dituzten apaingarri ugariak. Duranako ahaidetasuna oso begien bistakoa da.
Lopidanako eliza
[aldatu]Arabar elizetan, Estibalizko eragina nabarien agertzen zaiona, Lopidanako parrokia‑eliza da, agian. Arkuen zurkaitzak oso deigarriak dira, hutsarteetan batez ere. Angeluzuzenezkoa du burualdea, erromaniko bizkaitarrak bezala. Absideak baditu zenbait leiho, baketa handiz osaturiko arkiboltekin, baketa handien zutabeetan zatikatzen direnak berauek ere, baina kapitel oso bereziekin; hauetako batzuk giza buruez soilik osatuak.
Zalantzarik gabe Lopidanako gauzarik deigarriena bere atari ederra da: hiru arkibolta ditu, hiruretan erdikoa da akanto-hosto estilizatuez edertua. Alde bateko zutabeak beste aldekoen berdinak dira. Kanpoko lauak zestozkoak dira eta barruko biak sarekarak. Argandoña eta Lopidanan bezalako fuste zestodunak Okarizen ere ikus daitezke, zalantzarik gabe Estibalizko monasterioa izango zen arabar erromanikoaren foku horren eraginean sorturiko lana.
Baselizak
[aldatu]Nafarroan bezala Araban ere, arkitektura erromanikoaren zerrenda luze batek lekuen izenak aipatzera behartzen gaitu, parrokia-elizak izan ziren baselizetatik hasita. Bi aipatuko ditugu, hala nola:
Amamioko San Joan, Donemiliagaren menpeko Araia eta Albeniz herri komuneroen artean dago; oinplano angeluzuzenekoa duen eraikin txikia, burualdea zuzena eta ongi eraikia du eta bertan leihate txaranbeldu bat. Burualdeko saihetsetan xake-itxurako inposta beste apaingarririk ez duena.
Toberako Santa Maria ermita, lehen esan dugun bezala, probintziako hego‑mendebaldeko eskualdeetan erromaniko elizetan zaharrena da.[56]
Trantsizioko elizak Gotikorantz
[aldatu]Tuesta eta Markizen frogatu dugun bezala, gotiko alderako trantsizioko beste eliza askotan ere adierazten da eta hauetako batzuk merezi dute hemen aipatzea:
Dulantziko Aiarako Ama santutegiak egitura protogotiko garbia du, deskribatu dugun eskemaren arabera; apaingarri gutxikoa: apaingarrizko landareak dituzten kapitel batzuk, presbiterioaren hegoaldean hutsarte interesgarri bat, hegaleko harlandu sail bitxia eta abar. Otogien eta Otobarrengo bi parrokia‑elizak, beren egituran XIII. mendeko protogotikoak dira.
Otogoiengo elizak harlanduzko horma zabalaren monotonia hausten dute hiru gorputzetan banatzen duten bi inpostek eta erdi-puntuko bi leihok, baina ez da ikusten inongo apaingarri eta moldurarik, ez hauetan, ez erlaitzetan, ez hegaletan, ez eusgarri dituzten harlandutxoetan.
Otobarrengo elizak apainketa alderdia bereziki zaindua du. Burualdeko hegalean oso apaindutako harlandu ilara agertzen du; gero, absideko erdiko gorputzeko txanponetan, itsatsitako zutabe erdiez banatuta, ia erdi-puntuko hiru leihotzar daude, akanto-hostoko eta xake-itxurako arkiboltaz apainduak batzuk. Ederrak dira baita ere kapitelak apaintzen dituzten akanto-hostoak. Arku zorrotza duen ataria baketoiak dituen bost arkibolta ditu eta hauek apainketa ugaria duten kapitelez koroaturiko baketa handietan etzaten dira: hostotzak, giza irudiak, buruz buruko animaliak, eta abar.
Betoñoko San Estebanen atariak, proportzio ederrak ditu eta ia zurkaiztu gabea da. Bere hiru arkiboltak, begi apainketa urrikoak, ia kapitel berdinak dituzten hiru zutabe paretan bermatzen dira, soil-soilki apainduak daude, akanto-hostoz, kiribilduraz eta pinaburuz. Garrantzizko beste aztarna batzuk hainbat elizetan ikus daitezke, adibidez, Urrialde, Miñao Gutxia, Gazeo eta Guardiako San Andresen.
Erromanikoa Bizkaian
[aldatu]Bizkaiko erromanikoa, zalantzarik gabe, Arabakoa baino urriagoa da, hala kantitatean nola kalitatean. Hala ere, lurralde honetan aurki ditzakegu, zati eta puska ugariez gain, erromanikoak izan daitezkeen eta ia osorik gorde diren eraikinak ere.[57]
Hemen ez dugu Arrigorriagako Abrisketako San Pedro ermitaz hitz egingo, aurreko atalean jada, eginak baititugu prerromaniko eta agian bisigotiko aztarna batzuk dituen kapera oso antzinako honen aipamenak.
Muxikan, Erdi Aroko arte historialariarentzat garrantzizko bi gurtza leku aurki ditzakegu: Ugarteko San Bizente parrokia eta San Erroman ermita.
Ugarteko San Bizente
[aldatu]San Bizente elizak baditu garai batean eliza erromanikoa izango zenaren arrastoak, hala nola, oinplano angeluzuzena, bi tarte karratu eta burualdea. Gogoratu ditugun arrastoak, iparraldeko horman hutsarte bikoitz pare bat, gaur egun itsuak badira ere, eta zenbait harlandutxo bestaldeko horman, eliza aurrean babesten eta profil ganbil bateko erlaitzari eusten diotenak. Erlaitzean, apainketa gaiak hostoak dira, modu zakarrean landuak baina berezko grazia apur bat badutenak. Figuratiboak dira bost harlandu txikiak, baina denborarekin higatuak daudela-eta ezagutu ezinezko gaiak dituzte. Teknikaz, berriz, esku zakar batek eginak dirudite, nahiz eta, beste alde batetik, lan osoa XII. mende bete betekoaren aurrekoa ez den arte erromanikoari dagokiona izan.
San Roman
[aldatu]San Roman ermita, tontor atsegin batean dago eta ohiko habearte bakarra eta burualde angeluzuzenaren eskemari jarraikitzen zaio. Hargin-lan xumekoa da; harlanduak ertzetan baino ez ditu. Estua izateak, hasiera hasieratik beharbada, zurez estaltzen utziko zuen. Hegoaldetik du sarrera, zortzi dobela handiz buruturiko arkuaz zurkaizturiko hutsarte batetik. Dena lanketa latzeko inposta baten gainean dago kokaturik. Sartaldeko paretan bi hutsarte daude. Baina, beharbada deigarrienak bere absideko bi leiho bikiak dira, maineldunak, kanpoalderako isuri nabarmena dutenak; arku zorrotz xumeak ditu estalgarri. Bitxia da, halaber, tinpanoa eta inguruan dituen arkuak harlandu bakar batean landuak izatea.
Zumetxagako San Migel
[aldatu]Zumetxagako San Migel ermita, kokapen eroso, ingurune latz eta kalitate estetikoagatik Bizkaiko arte erromanikoaren maitaleek gehien bisitatzen eta estimatzen duten tokia da.
Arkitekturaz ohiko eskemari jarraikitzen zaio: oinplano angeluzuzena, habearte bakarra eta absidea ere angeluzuzena. Horma-harri txikiz osatua da ermitaren ertzetan eta hutsarteetan harlanduz tartekatua. Horma gizenetakoa izan arren, sendogarri horma‑bular batzuk jarri behar izan zaizkio eraiki ondoren. Jarraian doan inposta batetik abiatzen den kanoi-ganga bat du barruan. Absidea karratua eta estua da –4 m baino gutxiago– eta erdi-puntuko kanoi batez estalia da.
Badu leihate zoragarri bat txaranbeldu joerakoa, bi arkutakoa, landare eta taila gurutzaketak dituena bata. Bi arku hauek zutabe gainetan daude, bata fuste laua duena eta bestea apaindua; geometria alderako kapitelak, bakarren batean giza bururen bat ikus daitekeen arren.
Hiru sarbide ditu ermitak. Interesgarriena hegoaldekoa da. Bi arkibolta lau dituen ate txaranbeldu joerakoa. Kanpo aldekoena horma gainean bermatzen da eta besteak janba gainetan. Deigarri egiten da apainketarik ez ikustea. Arkiboltak zutitzen direneko zutabeek hainbat tankeretako fusteak dituzte. Hauen arteko bik, irudi geometriko eta landare-irudien nahasketak dituzte; besteak zestozkoak dira. Hainbat tankeretakoak dira bere kapitelak ere, izan ere, batak giza aurpegia dauka eta besteetan hostotzak eta pinaburuak nagusitzen dira, akanto-hostoak eta aldaxkak dituztela. Barrio Lozak, kanpotik ikusita, leihotxo honen edertasuna azpimarratzen du, “bai apainduria ugariengatik, herri estetikan hain sustraituriko gaiengatik eta hain ongi gordea egoteagatik”.[58] Herri usaia handia bada ere, bere fuste zestozkoetan Arabarekin, Estibalizekin eta Argandoñarekin, zerikusia baduela eta honekin batera euskal hargin talde ibiltariak izan zitezkeela ere pentsatzera behartzen gaitu.
Bakioko San Pelaio
[aldatu]Bakioko San Pelaio elizak, Bermeotik askatu zenetik Bakio esaten zaiolarik (1927), Gaztelugatxeko San Joanera igo eta jaitsi ibiltzera behartuak zeuden jendeei liturgia zerbitzu erosoago bat eskaintzeko balio izan zuen monasterioa, 1053. urtean San Joan de la Peñari emana izan zitzaion.
Zumetxagatik gertu dagoen San Pelaio betiko eskematan sartzen da: habearte bakarra eta abside angeluzuzena. Habeartea zurezko teilatuz estaltzen da, eta absidea gangaz. Paramentua hareharrizkoa da ertzetan tarteka harlanduekin. Hormak metrokoak dira zabalean, eta azken zaharberritzearen ostean itxura bikaina hartu du.
Barruan garaipen arku zorrotz batek hartzen du habeartearen zabalera osoa. Zarpadun harroin euskarrietan babesturiko zutabe erditan eusten da. Fustak ahulak ditu, kapitelak ez bezala, zestozko hostodun oso handiak baitira. Moldura lau eta ez oso lodi batek inposta nazelatu garbi bat bideratzen du. Zabal samarra den absidea –4 m eta erdikoa– leihate txaranbeldu atsegin bat du, zutabe txikietan kokaturiko arkuak, alde banatan bana eta zestozkoak dituena.
Atea
[aldatu]Ermitako sarrera bakarra sartaldeko eliza aurrean dagoena da. Txaranbeldua da. Atearen arku aldetik kanpoaldeko hiru arkiboltak lauak ditu; zutabe ukondotuen gainetan inposten bidez daude kokaturik, fuste lauetan, eta berezitasun batekin: plinto kubiko batzuen gainean lurretik tarte bat utzita daudela kokaturik. Kapitelek itxura latza dute, beren diseinu bakarra profil okerrez barneraturiko ildoak dituela, nekazari giroko egileak zirela nabarmen utziz.
Frunizko San Salbatore
[aldatu]Frunizko San Salbatoreren antzinako eliza erromanikotik geratu den gauza deigarri bakarra ataria da. Elizaren hego aldean kokaturik, fuste garai eta mehezko zutabeek eutsita dagoen kanpoalderako gorputz batek uztaitua eta babestua dago, multzo osoak metro erdiko zokalo baten gainean uzten du bere zama.
Atearen hutsartea, argiz 1,22 m-koa dena, janba, erlaitz eta arkibolta zorrotzez mugaturik dago. Horietan ederrena barne aldekoa da, landare eta akanto-hostoz landutako dobelaz osatua dago –giza irudia agertzen duen erdikoaz aparte. Atari honetan arreta handienaz landurikoa eusgarrietan dago, animalia figuratiboen harroinen gainetan kokaturik dauden zutabe ukondotuak dira. Ertzetako fusteak bikiak dira txirikordazko sare estu batean sartuak, erronbozko zirrikitu sakonekin.
Piramide‑enborrezko kapitelak ere interesgarriak dira, kementsu zulaturiko hostoak, pinaburuak eta kardo-hostoez apainduak. Beste bi kapitelak figuratiboak dira pertsonaia geldiak eta zaldunak azalduz, oso litekeena da torneo ala borroketako eszenak irudikatu nahi izatea. Multzo hau dena, uste da kronologikoki 1200ean koka daitekeela, arabar erromanikoaren eraginekoa izan daitekeenez.
Lemoizko Andre Maria
[aldatu]Atari bat, absideko leiho bat eta beste arrastoren bat geratu da XIII. mende hasierako elizatxo zaharretik, Lemoizko Andre Marin. Ataria, erdi-puntuko hiru arku dituen sarrera txiki bat da, eta hari dagozkionak bi arkibolta eta bukaera-arkua. Kapitelak eta Jakako takeatuz biziagotzen den erlaitzaz gain, apainketarik gabeak dira atari honen gai guztiak: janbak, zutabeak eta arkuak. Kapitelak bakarrik dute apaingarri ugari, ikonozkoak batzuk, eta estilizaturiko landareak eta gai geometrikoak besteak. Haietan ez da erraz irudiak eta gaiak ezagutzea. Batean badirudi gotzain bat irudikatu nahi izan dela. Kapera honen hormetan leihate erromaniko bat ere gorde da, oso xumea, zutabe gizentxoak eta hosto zabalen kapitelak dituela.
Tobirako San Pedro
[aldatu]Bizkaia aldeko lurraldeetan agirietan antzinakoenak Durango aldekoak dira. Gauza jakina da han, XI. mendean, zenbait monasterio txiki izan bazirela. Horietako bat Tabirako San Pedrorena zen. Haren antzinakotasuna paretetako horma-atal batzuen lekukotasunak baino ez adierazten, eta berauek begiratzeak garbi dago ez doala XII. mendea baino harantzago.[59] Agian, 1180a da dagokiona, garai hartan eman baitzion Antso Azkarrak, Nafarroako erregek bere forua Durangoko Villanueva hari. Nahiz eta oso eraldatua dagoen XV. mendeko eranskinez eta ondorengo zaharberritzeez, garbi ikusten da hasierako elizak ohiko eredua zuela, oinplanoa angeluzuzena habeartean eta absidean.
Hegoaldeko horma‑atalak baditu bi bao: profilez erromanikoa da bata eta oxkaturiko arku‑barnera duena bestea, zistertar joerakoa. Ikusgarriak dira beste bi piezak: koruko baranda, taila mozarabiarra – batzuek XII. menderaino atzeratu diote jatorria– eta bataiarri bat, eskema erronboidez apaindua, XIII. mendekoa izan daitekeena.
Barrikako Andre Mari
[aldatu]Barrikako Andre Mariaren eliza ere, monasterio bat sortzearekin lotu beharra dago, XI. mendeko emarien agirietan azaltzen baita.
Baina, hasierako elizatik leihate bat duen absideko horma besterik ez da geratu. Honek agertzen du garaiko eliza bizkaitarretan txaranbelduena dela. Erdi-puntuko hiru arkibolta ditu eta bolaz apainduriko hauts-babesa. Kanpoaldeko arkibolta laua da; beste biak zirkulutxo soilez daude apainduak, txaranbeldu osoan zehar doan inposta baten gainean kokatzen dira, janbak barne direla. Kono-enborrezkoa eta landare gaiak inolako fintasunik gabe eskematizatzen dituen kapitela da. Zutabetxoek ebakidura geometrikoz apur bat apainduriko fusteak dituzte.
Galdakaoko Elexalde
[aldatu]Esparru estilistiko eta ikonografiko baten barruan, Bizkaiko elizarik deigarriena Galdakaoko Elexaldeko Andre Mariarena da, nahiz eta kronologikoki saihesten bada ere, oraindik ere erromaniko bezala sailkatu dezakegun. Ikerlariek XX. mendearen hasieratik Bizkaian gehien bisitatu eta aztertu duten Erdi Aroko arte monumentua da.[60] Barrio Loza eta F. Malo Anguianoren arabera, badira 1250ko data emateko agiri frogagarriak. Bestalde, Leopoldo Torres Balbásek dioenez, Galdakaoko zenbait emakumeren buruko kapela Alfontso Azkarraren (1252‑84) eta Antso IV.aren (1284‑95) erregealdian modan zeuden. Elexaldeko Andre Mariren eliza, beste euskal eliza asko bezala, oso eraldatua izan da ondoren.
Eliza
[aldatu]Erromanikoz arnasten duen eraikin zabal bat da, ezaugarri gotiko nabariak baditu ere. Aurretik beste eliza bat izana da, agirietan eliza “zaharra” izenez aipatzen dena. Gaur egun ikusten duguna, bere atzealdean XIII. mende aurreratukoa da: habeartearen bi tarteak oinetan. Gerora, burualde osoari eragin zion errenazimenduko berrikuntza bat iritsi zen, eta 1738an bestea. Zaharberritze hauetan hutsarte batzuk itxi egin ziren, aire korronteak eragoztearren, ospakizunak zailtzen baitzituzten. Eraikuntza sendoa da, horma‑bular indartsuez babestua, eta harlandu onez eginikoa paramentua. Habeartea zabala da: 30 m luzeran eta 18 m-ko zabalera gurutzaduran eta 7 habeartean. Eraikin hau protogotikotzat jo behar da, baina badu erromaniko jatorrizko zerbait, zutikako parpain-arku gizenen egituran, nerbioak eusten dituzten zutabe barneratuen kapiteletan, eta jasaten dituzten harroin garaietan. Habeartea hegoaldeko horman irekitako bi leihotzarrez argiztatzen da, bata txaranbeldua da eta bestea, atari gainean dagoena, bikoitza. Eraikina, oso zaharberrituriko kanpandorre sendo batez koroaturik dago eta gotorleku baten tankera ematen dio.
Elizako ataria, isurki batez eta ia hiru zirkuluerdi-formako arkiboltaz eta bere barrualdean beste arku hirugingildun batez mugatua dago. Arku hirugingildun horren eta azken arkiboltaren artean gelditzen den tartean Gizakundearen eszena –Aingerua ezkerretara eta Birjina eskuinetara– ikus daiteke, gai nagusia bera dela nabarmendu nahi izango balitz bezala. Gainontzeko apainketa arkitektonikoa arkibolta eta kapiteletan isurtzen da. Hauek fuste monolitiko lauetan zutabe ukondotuen gainean dira kokatuak, turuta antzean. Goitik atea bederatzi harburu txiki dituen hegal batez mugatzen da. Egiturazko zenbait ezaugarrik protogorikoaz pentsatzen jartzen bagaitu ere, bere atariko ikonografiak erromanikora itzularazten gaitu.
Isurkia bere ertzetan bi aingeruren gainean babesten da, eta landarez apaintzen. Kanpoeneko arkiboltak hildakoen piztuera gogorarazten du. Beste arkiboltatan apainketa era askotakoa da: landareak, animaliak eta gutxi ezagutzen diren giza irudiak. Lerromakurrean daude irudi guztiak, erresel gotiko zakarren azpian. Zenbait aurpegietako irribarreen zirriborroek azaltzen dituzten espresio bilaketan loratzen den naturalismo hasiberri batez hitz egin daiteke. Kosme Barañano eta Gonzalez de Duranaren lan jakintsu eta agiri asko duenak atari honen ikerketa ikonografiko osatu eta xehea egiten du, azterketa ikonologiko bat oraingoz ezinezkoa dela ohartaraztearekin batera, garai horretako kultur berririk ez baitago. Atari nagusiko ikonografiaz gain, azpimarratu behar dugu horman beste gai figuratibo batzuk txertatuak badirela, ezagutzen zailak badira ere, eta bigarren ate bat ere badela, txikia eta zutabe, kapitel eta abakoetan kokaturiko arku zorrotza eta berauen gainean oso zaharkituriko bi aingerutxo.
Jatorrian espiritualki gutxitua den gizartearen berezko ezaugarria izanik, eta frantziskotarren bizitzarekiko ikuspuntuarekin zerikusia izan dezakeen naturaltasun irribarretsu baten bilaketak ikono gaietan nahasketa bitxia duen Galdakaoko eliza berezi honi jatortasuna ematen dio.
Aztarna erromanikoak
[aldatu]Kapitulu hau bukatzeko konta ditzagun aztarna erromanikoak aurki daitezkeen lekuak, hauetako batzuk ez dira-eta arte mailan garrantzirik gabeak. Bizkaiko sartalde aldeko lurraldeetan zehar abiatuz Kolitxa mendiaren gainean San Roke eta San Sebastian ermita aurkituko dugu, paramentu xumea duen eraikina, zalantzarik gabe denboran zehar bere egitura eta paramentuaren zakartasuna errespetatu duten behin eta berrizko berrikuntzak jasandakoa eta antzinako bi sarbide salbatu zaizkiona: ataria erromanikoa baketa handiko bi arkibolta oso estuak mentsula mehe gainetan kokatuak dituen, eta hegoaldeko beste ataria estilo protogotiko handiagoa duena.
Fede eta gurtza beraren elkarte baten sinboloa gisa, antzinako elizaren zati baten begirune izatea XVI. eta XVII. mendeetako berreraikuntza guztietarako agindu ofiziala balitz bezala Artzentaleseko San Migelen elizan zuhurki gorde da, marrazki geometrikoz apainduriko bi arkiboltako atari estua. Era berean Bizkaia hegoaldeko mugatik oso gertu, Orozkoko Olarteko San Bartolomen antzinako elizarena izan zen atari erromaniko bat ikus daiteke.
Baketoi zakarrezko arkiboltak dituzten ateak ikus daiteke, halaber, Iurreko San Kristobalen, arku erromaniko zorrotzen testigantza. Modu berean Arteagako Andre Marin, bertako atari txaranbelduak baditu oraindik ere zorrotzagoak diren hiru arkibolta.
Aztarna erromaniko ala protogotikoak dituzte Getxoko Santa Mariak eta Murgiako San Pedrok –kapitelak, bietan ere–, Kortezubiko parrokia-elizak bataiarri bat, Sondikako San Joan Bataiatzaileak, Bermejilloko San Lorentzoren ermitak, eta abar. Gaur egun aztarna hauetako batzuk Bizkaiko Historia Museoan erakusgai daude.
Santurtziko San Jurgi
[aldatu]Museo honetan bertan dago jasota Santurtziko San Jurgi elizarena zen tinpano bitxia. Bitxia esan dugu, Bizkaian gordetzen den zirkuluerdi-formako tinpano ale bakarra delako; eta bitxia baita ere, lanketaz zakarra delako.
Apokalipsiko Teofania adierazten da bertan, Kristo Aintzatsuaren inguruan Tetramorfoa duelarik. Irudiaren diseinu zakarrarekin kontrajarria dagoen sigi-sagako apainketa finezko zerrenda batez inguratua dago. Baina, agian irudien marrazketa eta lanketaren zakartasunaz baino gehiago hitz egin beharko litzateke oinarrizko espresionismo itxuragabetzaileaz.
Berari buruzko kronologiaz eztabaida luzeak egon dira. Batzuen ustez, “itsas ertzeko San Jurgi monasterioa” elizaren emailearen agirietan azaltzen denaren garaikide egin behar du –1075ekoa, alegia. San Jurgiren hasierako elizaren beste ohar batzuengatik bada tinpano hau XII. mende bete betean kokatzen duenik (Apraiz). Gaya Nuñok, haren lanketa lau eta zakarraren laztasuna azpimarratuz, XII. mende aurreraturikoa dela uste du.
Erromanikoa Gipuzkoan
[aldatu]Astigarribia Deba ibaiaren arroan alde batera utziz, gaur egungo Gipuzkoan zeharreko lurraldeetan, arte erromanikoak aztarna apal batzuk besterik ez ditu utzi. Beste behin ere esan beharra daukagu probintzian eraikin erromanikorik ez aurkitzeak, ez duela izan ez zirenik adierazi nahi. A. Felix López del Valladok ematen duen azalpena guztiz zuzena iruditzen zaigu. Haren iritziz, Erdi Aroko elizen desagertzea nazioko bizitzan XVI. mendean gipuzkoarrek izan zuten esku-hartze handiaren ondorioa izan zen, eta “herri honetara zetozen aberastasun asko, eraikin handi guztiak berreraikitzen ala berriak altxatzeko izatea” da honen arrazoia.[61]
Leihoak
[aldatu]Bedoña
[aldatu]Arkeologo honek berak dio probintziako aztarna erromanikorik antzinakoenak Arrasatetik 3 km‑tara dagoen Bedoñan ikus daitezkeela: gaur egungo elizaren hormetan itsatsirik dauden leiho bat eta beste baten zutabeak. Hasierako eliza beraren beste leiho bat apaiz-etxera eraman zen.
Igeldo
[aldatu]Eta erromaniko profileko leihoak zenbatzen jarraitu behar izanez gero, Donostian Igeldoko elizan presbiterioko horman azaltzen diren bi leihotxoak gogoratu beharko lirateke.
Astigarribia
[aldatu]Ez ditzagun ahantzi lehen aipaturiko Astigarribiako leihoak.
Atariak
[aldatu]Baina, atariak dira Gipuzkoan gorde diren arrasto erromanikorik esanguratsuenak. Edertzeko hartu den arretarengatik zenbait desberdintasun sumatzen zaien dozena bat atariek, esan daiteke arte fineziagatik ez bada ere, neurriengatik historialariaren arreta ia beti erakarri behar luketela; zeren eta agerian jartzen baitute nekazari-herri sakabanatu batek elizkizunei eskainitako eraikinek barrualdean izan behar zuten handitasuna.
Tolosa
[aldatu]Adibide garbi bat gaur egun Tolosan bataiategiko atea da, hiribilduaren kanpoaldean zen San Estebanen antzinako ermita batetik ekarritakoa. Sei arkibolta ditu eta txaranbeldua da, janben antzera eskailera moduan; baketa handiko zutabe sendoetan kokatzen dira, arkuen abiada osoa etenik gabe zeharkatzen duen xake-itxurako erlaitz alakatu deigarri batek koroatzen duelarik. Horma honen ertzak ere baketa handizkoak dira. Inpostaren kanpoko zatitik izarrez apainduriko arkibolta bat irteten da eta hurrengo biak era berean ditu: horietako bat, barrualdera takeatuz edertua, eta zerra hortz handiez, bestea.
Abaltzisketa
[aldatu]Neurrietan, apaingarrien soiltasunean eta arkibolten kopuruan Tolosako horren antzeko ataria du Abaltzisketako elizak. Sei arkuen aurrealdeko zati lauan sigi-sagako soka bat erakusten du eta kapiteletako uhinak –horrela deitzerik balego– kordoi edo kiribilduren marra-lerroak ditu.
Idiazabal
[aldatu]Aurreko bien antzekoa da, baina neurrietan handiagoa. Idiazabalgo parrokia-elizakoa da, izan ere, zazpi arkibolta ditu. Lehenengoan arkutxo zorrotz koskadun hirugingildunak erakusten ditu. Inposta-lokarri handi batez koroatua da; janben izkinetan zenbait buru tailatu ziren eta berauen aurrealde lauak, baketa handirik gabeak, lokarrien apainketaz edertzen dira, lauhostoz, gurutzaketaz eta irudi geometrikoez biribilak osatuz, López del Valladoren ustez “ekialdekoen ukitua du”.
Beste zenbait
[aldatu]Aipa ditzagun Gipuzkoan mota askotakoak ez diren beste zenbait atari erromaniko; haien apainketa oso soila da, ezer ere gabea dela ez esatearren, eta bakoitzean desberdina gainera.
Erdi‑puntuko atariak
[aldatu]Pasai San Pedron, gaur egungo hilerrian, antzinako elizaren zati bat den horretan, aztarna erromanikoak ikus daitezke beraren atari bikoitzean. Antzeko kasua da Aretxabaletako kanposantuko atea, antzina parrokia elizakoa izana. Era berean, Azkoitiko parrokia-elizaren antzinako atea hilerrira eramana izan zen eta han aurkitzen da orain.
Hain zuzen ere, tokiz aldaturiko hiru ate hauek, erdi-puntuko garbiak dira. Erdi-puntu hau bera ikus daiteke Amezketako Ugarteko atean eta Arrasateko Garagarzakoan.
Arku zorrotzeko atariak
[aldatu]Urnietan, berriz, San Migel parrokia-elizan dorrepean dagoen atari handiak arku zorrotza du, trantsizio aldietakoen antzekoa, baina oraindik badu kareharrizko arkibolta eta kapiteletako jokoan nolabaiteko kutsu erromanikorik.
Hernanin, lekaime agustindarren elizako ataria XVI. mendera arte antzinako parrokia-eliza izandakoaren ateak arkibolta lau eta soilak ditu.
Berastegi, Elduain eta Berrobiko atarietan egitura gotikoak azaltzen dira jada.
Antiguako baseliza
[aldatu]Zumarragan, “Gipuzkoako ermiten katedrala” deritzon Antiguakoari buruz Manuel Lekuonak azpimarratu egiten du. Absideko egitura laua eta estiloetan sailkapena egiten erraza ez den leiho txiki bat du “hala ere, –dio berak– erromanikotzat har daiteke, egitura osoa tankeraz erromanikoa baita, eta, batez ere, barrualde osoa zurez hornitua duelako, dena ere erromaniko kutsukoa”.[62] Horretaz gain, Lekuonak ohartarazten du berak XII. mende betekoa dela deritzon atariari eman behar zaion kronologia desberdina dela, hegoaldeko alde horretan, elizari itsatsirik zeuden lehenagoko eraikuntzak botatzean azaldu ziren hormako leiho itsuen aldean.
Antiguako elizaren barruan landutako zureria eder eta interesgarriaz, hauxe dio Lekuonak: “erromaniko jatorreko lanketak, atxiki ezinezko gure kutxa maiteen artea ekartzen digu oroimenera; hauek ere erromanikoan inspiratuak, beti lerro simetriko eta trazu geometrikoak zituzten, ia beti erregela eta konpasaz eginak”.
Arrasto hauek denak, Gipuzkoaren hedadura estua gogoan ez duenarentzat, gutxienekoak eta esanahi txikikoak izango dira. Baina arkitekturazko zatiak izanik, halaxe baitira, garrantzizkoak dira, lurralde honetan arkitektura erromanikorik izan zela erakusten baitute. Beste alde batetik, arrasto guztien arabera, eliza txikiak zurezko gangez estaltzen ziren eta materialaren ahultasunak berak eragin zuela –kasu hauetan eta beste askotan ere, ziur asko– beste eliza sendoago eta iraunkorragoez ordezkatu beharra.
Zenotafioak, irudi solteak, luxuzko arteak
[aldatu]Zenotafioak
[aldatu]Blanka Nafarrokoaren zenotafioa
[aldatu]Monumentuetatik mende horretako beste arte erakusgaietara igarotzen bagara, arte baliogatik Naiarako XII. mendeko Blanka Nafarroakoaren hilobi hutsa aipatu beharko genuke. Sarkofago bat da eta Santa Maria elizan bere senar Antso “Desiratua” Gaztelako eta Leongo erregeak kokatu zuen. Lan hau 1156 eta 1158ra bitartean egina izan daiteke, senar emazteen heriotza datari lotzen bagatzaizkio.
Sarkofagoaren estiloan aurkitu ditu Urangak hainbat eragin: Iruñeko klaustroko Maisuarena eta Borgoinako eskulturagilearena, Gislebertus frantsesarena hain zuzen ere; agian, honek Autuneko San Lazaron tinpanoko Azken Epaia zirraragarria urte batzuk lehentxeago, 1148. urtean, bukatua zuelako; eta Blanka Anderearen hiletarien samin agerpenetan eta Errugabeen Zintzur ebakitzeetan, erraz suma zitekeelako kidetasuna Autungo infernura zigortuak zirenen aurpegi izutuetan. Baina eragin hori ez da oso konbentzigarria, baldin eta Hilobi hutseko irudien kanon motza kontutan hartzen bada, desberdinegia baita Gislebertorena, izugarri luzea eta guztiz leiala baita hizkera espresionistarekin.
Santxa Anderearen Zenotafioa
[aldatu]Hemen aipatzekoa da, halaber, mende bereko maisu lan bat, apainketa arkitekturaren sailekoa ez dena: Santxa Aderearen Hilobi hutsa. Printzesa hau Ramiro I.aren alaba zen, Antso Nagusia erregeren biloba, beraz. Aragoiko lurretan bizi eta hil bazen ere, Nafarroako gorteetako haren ahaidego eta hurbiltasun topologikoagatik, haren hilobia nafar erromanikoaren alorrean eginiko lana dela esan daiteke.
Santxa Anderea Serosko Santa Gurutze monasteriora erretiratua bizi zen eta 1095. urtean hil zen. Monasterio horretako elkarte erlijiosoa Jakara lekualdatu zen, eta urte gutxi batzuen buruan –1622.go azaroaren 22an, hain juxtu– Santxa Anderearen sarkofagoa ere, hara eramana zen. Artelan hau XII. mendearen azken urteetakoa da eta beraren egilea beste lan batzuk egin zituen maisu ezezagun batena dela esaten da, Santxa Anderearen Maisutzat hartzen delarik. Harri gris gogor batean landua den sarkofagoa, oinarri trapeziala du eta garaieran baditu 65 cm eta mutur baten zabalerak 85 cm eta bestearenak 55 cm. Harlosa lau eta landugabe batez estalirik dago; lau aurpegiak, berriz, landuak ditu, horietatik bat apaindurez hanpaturikoa da eta besteak sinbolozkoak.
Konposaketa ezin hobea du aurpegi nagusian; erdian, hildakoaren arima, gorpuz biluz eta sexurik gabearen irudian, zerurantz bi aingeruk daramatela ikus daiteke. Alde batean, aulki tolesgarri batean eserita eskuan liburu bat duela eta bi anderez inguraturik dago Santxa Anderea; beste aldean, erdiko pertsonaia, gotzain ala abade, gotzain makila daramana, apaingarriak daramatzaten bi elizgizon lagun dituela. Talde hauek babesten diren arkuen sostengu dira, hegoak zabaldurik eta hatzapar artean liburuak dituzten bi arranoen oinpean daude kapiteletako zutabeak.
Bigarren aurpegiak, lehenengoaren kontrakoak, arkuez mugaturiko hirutan zatitze bat agertzen du, eta lehen bi zatietan zaldizko gerrari armatu baten irudia dago bakoitzean; erdikoa ezkutuarekin, ezkerraldekoaren aurrez aurre jartzen dela, eta eskuinaldekoa, lehoi bat zamalkatzen.
Sarkofagoaren ertz batean bi grifo daude, edergarriez, zuztarrez eta hostoz, apainduriko zirkulu batean finkatu eta itsatsirik. Beste ertzean finki landutako krismoi oso eder bat erakusten du, eta erdiko zirkulu ñimiñoan gurutzea duen Bildots mistikoa dago. Krismoiaren hizkiak, diseinu fineko apaingarri-zerrenda batek osaturik.
Mariaren irudiak
[aldatu]Ikonografia
[aldatu]Europako arte erromanikoan orokorra den bezala, Euskal Herrian eskultura askeak kristau-fedearen oinarrizko bi gaiak hartzen ditu, Gizakundea eta Erospena: Jaungoikoaren Ama eta Kristo Gurutziltzatua.
Jaungoikoaren Amaren eskulturei dagokienez –Erdi Aroan, horiek ziren gairik ohikoenak–, bi irudi mota bereizi izan ohi da –inposatua zaigun bereizketa, bestalde– bai edukiz, bai egituraz eta baiestiloz, horietatik atera baitaiteke nolabaiteko data. Sedes Sapientiae tankerako ikonoa. Bada lehen eredu arkaiko bat: Birjina Haurrarekin, Sedes Sapientiae esan ohi zaion jarrera horretan, Birjinaren Theotokos edo Kiriotissa adierari erantzuten dio. Normalean XI. eta XII. mendeetan, Eliza ofizialak arianismo berpiztu bati aurre egiteko ezagutzera eman izan duen irudia da: Birjina Mariaren dogma nabarmentzea beharrezkoa zela-eta, Jaungoikoaren Hitzaren hartzailea gizasemeoi erakusteko eta emateko.
Nafarroa
[aldatu]Nafarroan, Pirinioen ekialdean, badira ideia dogmatiko horri erantzuten dioten Mariaren hainbat irudi. Tronuratuta eta jarrera hieratikoan dagoen Birjinak, Jainko Haur bedeinkazio-emailea erakusten du magalaren erdian eserita. Hoa hemen talde horretako zenbait:
- Iharnotzeko Birjina, erromanikoan ohikoa denez, buruaren eta gorputzaren arteko proportziorik gabea da, eta amaren magal betean eseritako Haurraren eskaintza hieratikoaren keinu nabarmena du;
- Uxuekoa, aurrekoaren antzekoa da, errege-erregina nafarrek hainbestetan gurtua eta XIV. mendean zilarreztatua;
- Tuterako “Birjina Zuria” deritzona, harrian landua eta hieratikoa, baina finki landua, janzkeraren toles geometriakoetan; oraindik baditu jatorrizko koloreanitzetatik gorri eta urdin arrastoak;
- Iratxekoa, gaur egun Deikaztelun dago, zurean landua da, baina mailuz jotako zilarrez jantzia, baina –Uxuekoaaren antzera– zurezko eskuak eta burua koloreanitzez utzi zitzaizkion.
Araba
[aldatu]Beste euskal probintzietan badira, asko ez badira ere, Birjina mota arkaikoago hau irudikatzen duten beste batzuk:
Estibalizkoa esate baterako, 1898ko eraberritzean oso aldatu bazuten ere, bizantziar ereduari jarraikitzen zaiola ikusten da, simetriaz ardatz bakarreko eta toles oso soilak baititu; XII. mendekoa izango da agian.
Artziniegako Arteko Andre Mariarena ere hasierako eskemari jarraitzen zaio. Maria ikus dezakegun aurrez aurreko jarreran, bere bi eskuak luzatuz, Kristo salbatzaile moduan, bere magalean janzkera ospetsuan eta Bizitzako Liburua eskuan duela Jesus munduari eskaintzeko. Sendadianokoa –gaur egun, Gasteizko Elizbarrutiko Museoan dena– erromanikotzat jo beharko dugu, jada XIII. mendekoa den arren, aurrez aurreko jarreran eta simetrian, erromanikoak bere-bereak dituen goitik beherako toles ezaugarriak eta guzti.
Gipuzkoan
[aldatu]Gipuzkoan, Junkaleko Andre Mari Probintziako Birjinetan erromaniko zaharrena dela esaten da. Itziarkoa eta Hernaniko Zikuñagakoa.
Badira elezaharretan “Birjina Beltzak” izenez sartu diren beste batzuk, XIII. mendekoak, hauetako bakarren bat jendearen gurtza tokitik desagertu egin zen, esku pribatuetara joateko, antza denez.
Ikono Protogotikoa
[aldatu]Gure antzinako santutegietan sarriagotan ikusi ohi ditugu, sorreraz eta egituraz, protogotikoak diren bigarren mota honetako Birjinaren estatuak. Hauetako batzuetan –Bizkaiko zaharrenetan gertatu ohi den bezala– zenbait taxu erromaniko ikusten bada ere, ez da zalantzarik berriagoak direlako iritzien atzetik doala eta horren ondorioz estilo aldaketa bat hasten dela. Birjina Mariarengan oraingoan ama berriago baten irudia bilatuko du. Beste garai bateko espiritua islatzen duten irudiak dira, eta haiei buruz gotiko estiloari eskainitako atalean hitz egin beharko dugu.
Kristo Gurutziltzatuaren irudia
[aldatu]Gure eskulturagile eta tailagile antzinakoenen artea teologia beste gai iradokitzailea Kristo Gurutziltzatua da.
Gauza jakina da, gurutzeko Eroslearen irudiak, teknika guztietan berregin izan denak –miniaturatatik hasi eta marfilezko erliebeetara arte–, historian etengabeko tradizioa du, VIII. eta IX. mendeetan nolabaiteko ilunaldia izan bazuen ere.
Ikonografia
[aldatu]Gurutziltzatuaren irudia XI. eta XII. mendeetan indarrez azaltzen da eta erraz ezagut daitezke haren ezaugarri ikonografiak: Gurutziltzatuaren irudia zuzen azaltzen da, gutxi batzuetan izan ezik, bere bi oinak, hiltzedun finkoak hasieran zabaldu eta gero paraleloan jartzen dira; besoak oso dira horizontalean edo apur bat okertuak; behatzetako hatz lodiak “abdukzioan” irekitzen dira hasieran eta beste behatzengana biltzeko joera hartzen dute; sarritan, burua zuzen eta apurka-apurka eskuineko sorbalda aldera makurtzera jotzen du: ez du minik adierazten eta errege-koroa izaten du sarritan –ez da ohikoa arrantzazko koroa; hasieran zurruna bada ere, antzinakoen irudietan gorputz osoa siriar jatorrikoa den colobium edo errege estalkiz jantzia azaltzen da; gerora perizonium‑ez “garbitasun oihal” deritzonean jantzia, gerrian lotua eta belaunetaraino iristen zaiona besterik ez dute azalduko.
Halako eredua dute Kaparrosoko Kristo hunkigarri eta bareak –gaur egun, Iruñean, katedraleko Santa Kristina Kaperan dena–, Pitillaskoa, Torreskoa eta beste batzuk.
Prozesioetako gurutzeak
[aldatu]Gainerakoan euskal lurraldeetan, bulto solteei dagozkion Gurutze batzuk, aipatu ezaugarri jakin batzuk besterik ageri ez dutenak, gorde izan dira, eta erromanikotik gotikorantz garatzen ari ziren garaikoak direla dirudite. Izan ere arruntena den Kristoren oinak hiltze bakar batez zulaturiko xehetasun ikonografiko hau, gorputz atalak bigundu nahi horrekin uztartzen dela dirudi, gotikoko errealismo alderako ezaugarria. Mende haietatik orokorrean, Kristo gurutziltzatuaren gurtzaren lekuko geratu zaiguna prozesioetako gurutzea da. Gipuzkoan adibidez, Zegamako prozesioetako bi gurutzeak, Aizkorrikoa eta Zeraingoa, XII. mendearen azken aldekoak ala XIII. mende hasierakoak izan daitezke.
- Zeraingoak errege-koroa darama, baina besoek eman egin dute gorputzaren zamapean;
- Zegamakoak besoak horizontalki dauzka baina bere errege-koroaz, bere garaian buruan eusteko behar zituen bi hiltze besterik ez zaio geratzen. Bietan ere, zangoak gurutzaturik dauzkate. Aurpegiko jarrera lasaia eta baketsua da.
Luxuzko arteak
[aldatu]Orreagako ebanjelarioa
[aldatu]Luxuzko arteari buruz berriz, Euskal Herrian ez da benetako arte kalitatea duen ezer geratu. Izatekotan, gogora dezagun Orreagako ostatuko ebanjelio liburuaren azalean, ezaugarri erromanikoak dituen Gurutziltzatuaren irudia, dena mailuz landua da, zilarreztatua eta filigrana eta harri‑kristalez apaindua.
Aralarko aurrealdea
[aldatu]Balio handikoa eta kalitate berezikoa da Aralarko San Migelen aurrealdea, batzuen ustez “Europako esmalteztaturiko kobre-lanik hoberena” da. Jatorriz, Iruñeko katedraleko aldare nagusiko antipendioa izan zen, Santa Mariaren gorespenari eskainia baitago eta ez dago bertan San Migelen inolako adierazpenik.
Marko modura 1765ean eraberritzeko agindua hartu zuen urreginak. Letoizko burutezko ertza erantsi zion taulak baditu 2 m luzean eta 1,40 m zabalean. Erdian du mandorla moduko gorputz bat, saihetsetan bi solairutako arkuteriaren babesean, apostoluak eta 18 domina handi adierazten dituzten irudi esmalteztatuak. Taularen hondo guztia apaindua dago ebakiez eta harri naturalez. Irudietan dauden pertsonaiek burua erliebean dute, bikain landua. Erromanikoko hieratismoa distiratzen badute ere, XIII. mendeak berea duen indar adierazkor bat islatzen da jada harengandik. Amanda-begietako irisak esmaltezko bolatxo pittinez eginak diranez, bizitasun zoragarria ematen diete. Laino urdin eta izarreztatua den zeruaren erdian tronuko Birjinaren irudiak, Jainko Haurra du bere magalean benedikapena emanaz; edertasun plastiko liluragarria du.
“Maisu baten bikaintasuna jartzen dute agerian, bai jarrerak, bai pertsonaia bakoitzaren janzkera desberdin zoragarriak, arte industrialean parekorik gabekoak, eta irudien estilizazio espirituala eta landetako esmalteen margo-banaketa orekatuak”.[63]
Margolanak
[aldatu]Margolanen alorrean, ia ez dugu Baskonian zeharo erromanikotzat har eta izenda daitekeen adibiderik aurkitzen. Trebiñuko Añastroko erretaula gogora dezakegu, gaur egun New York eta Zumaiako Zuloaga Museoaren artean banatua: Hasierako eta San Andresen bizitzako eszenak margotuak dituen taula horrek, erromanikoak berea duen estilo zurrunekoa baldin bada ere, ez dirudi 1300ekoa baino lehenagokoa denik.
Laburpena
[aldatu]Ugaritasunaren zeinupean
[aldatu]Itxuraren eta izatearen ugaritasuna
[aldatu]Baskonian arte erromanikoaren garapena laburtuz ondorio batzuk atera beharko bagenitu, lehendabizi nabarmendu beharko litzatekeena bere ugaritasuna da, bere izaeratik hasita gainera; zeren eta, Nafarroan eta maila batean baita Araban ere, erromanikoak lekuko ugari eta deigarriak baldin baditu, urriak dira gainerako probintzietan. Izatekotan, maila bateko urritasuna Bizkaian eta Gipuzkoan eta gainera erraz adierazi daitekeena eta xehetasunak eman gabe baieztatu beharko ez litzatekeena.
Urritasunaz hitz egiten dugunean beti zentzu mugatu batean, gorde izan denari buruz eta ez benetan izan zenari buruz, ulertu behar da. Gorde izan denaren gabezia hau bi arrazoiengatik izan zen.
Ezer baino lehen, eta lehen arrazoi erabili zuten gaia da: zura. Lehenbiziko eraikin erlijiosoak, XI. mendekoak zurajez estaliak zirela, ez da funtsik gabeko iritzi merke bat. Europa erromanikoko beste nekazari eskualde askotan ziurtatua izan den historiako gertakaria da, eta honek Henri Focillon historialariari motiboa eman zion “zuraren zibilizazioaz” hitz egiteko. Hemen ere, nekazari eta mendi arteko Baskonia honetan, XI. mendean egiaz izan ziren eliza asko desagertu egin ziren, agirietan azaltzen den bezala. Berauen inolako arrasto materialik ez da gelditu, toponimiazkoak izan ezik.[64]
Bigarren arrazoia, Bizkaia eta Gipuzkoan hurrengo mendeetan eman zen hazkunde ekonomiko eta demografikoa da, honek ekarri zuen eraikinak bota eta haien ordezko beste handiago eta hobeto prestatuak egiteko bidea.
Beste ikuspegi batetik, Nafarroa eta Arabako zenbait leku eta hiribilduetako “monasterio” eta eliza batzuen garrantzia nabarmendu dugularik, alde batera uzten baditugu, amaitzeko esan beharra dago Baskonian gorde den erromanikoa apala dela. Ia eliza guztiak neurri oso motzekoak dira. Nafarroan, hiru habeartetakoak dira baina, gainerako euskal lurraldeetan habearte bakarrekoak dira nagusi. Eta habearte horietatik, hiru tarte gainditzen dituztenak gutxi dira.
Monumentuzkoagoa den artea hiribilduen sorrera eta garapenarekin batera etorri zen, XIII. mendearen hasieran. Hirigintzaren gabeziak, eta populazioa sakabanatua izateak lehenengo eliza erromaniko haien egitura eta izaeran mugatzaile izango beharko zuten: monumentu izaeran, esparruen zabaleran eta egituraren konplexutasunean. Esan daiteke Baskonian, erromesen joan‑etorriko lekua izanik, arte erromanikoa jaio, hazi eta hedatu demografiaren abiada berean eman zela.
Bizkaiaz hitz egitean, Barrio Lozak adierazten du “Euskal Herrian garrantzia duten gune politiko nahiz erlijiozkoak ez izateak” ezin zezakeela erraztu eliza handien eraikuntza erromaniko nahiz gotikorik, Europako beste herrialdeetan gertatzen zen bezala eta Baskonian bertan bi mende beranduago gertatuko den bezala. Bizkai aldeko arte erromanikoaren nolabaiteko “lehertzea”, azken hamarkadetan adieraziz joan denak, ezin dezake inor harritu XI. mendean zehar dohaintzan emanikoen dokumentuetako berriak gorde diren egoitza sagaratuen trinkotasuna kontutan hartuz gero.[65]
Arte estilo bati loturiko demografiaren gertakari hau bereiziki nabarmena gertatzen da Arabako erromanikoan. Hiribilduen sorrerak berekin ekarri zuen estilo berri batean, protogotikoa deritzanean, gurtza-lekuak handitu beharra. Hala, teknikari esker gainera, gero eta ugariagoak ziren eliztarrak hartzeko gai izango zen lekua handitzea ekarri zuen. Hala ere, XII. mendean populazioa oraindik ere nekazaria eta sakabanatua zen. Irizpide honek, gure ustez, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Nafarroako zati handi batentzat balio du. Eraikuntza eta estiloen ugaritasuna
Eraikuntza eta estilistika gaietan ugaritasuna azpimarratu behar da, batez ere. Euskal erromanikoan kalifa‑artearen, mozarabiarraren, bizantziarraren, frantses eta iparraldeko erromanikoaren eraginak suma daitezke. Baina eragin hauetako bakoitzaren garrantzia bestelakoa da eta eraikuntza bakoitzaren kronologia, kokapen geografikoaren arabera, hainbat modutan sumatzen da.
Irizpide horrekin, has gaitezen agian kanpokoak izan ziren maisu handien –Esteban Maisua, Leodegarius, Adelbertus, Iruñeko klaustroko Maisua eta abar– garrantzia azpimarratzen eta gurtza leku handien –Leire, Iruñea, Jaka, Lizarra, Gares, Estibalitz eta abarren– sona adierazten.
Bestalde, eraikuntza eta edergarrietako gai jakin batzuk kokaleku geografikoetan, ibarretan eta bestetan, hedatzen direla ziurtatzen da, onartuak izateko garaian, eragile nagusia gertutasun fisikoa balitz bezala. Nafarroan ohikoak dira zirkuluerdi-formako burualdeak; Araban ere badira halakoak, baina angeluzuzenezko diseinuak ere ikus daitezke. Bizkaian, azkenik, oinplano karratuko absideak orokorragoak dira. Nafarroan kupulazko estalkiak ez ziren bakanak; Araban ere badira halakoak; Bizkaian berriz ia ez dira agertu ere egiten.
Harburuen, mentsulen, kapitelen, arkibolten, janben, tinpanoen eta erlaizpeen edergarriei buruz, Nafarroan gai figuratibo eta gizatiarrak –Bibliakoak, gehientsuenetan–ugari dira; beste eskualdeetakoen kontrastean, non zenbait irudi izugarrien ondoan, landare eta gai abstraktuen estilizazioak eta geometrizazioak nagusi diren.
Gertakari hau agian norbaitzuk gure eliza protogotikoetako espiritu zistertarrak eraginikotzat joko dute; baina, Zisterrek Nafarroan ez bestetan erroak egin ez zituenez, pentsatu nahiago dugu ikonoen suhartasun honen arrazoia sakonagoa dela eta “Saltus Vasconum‑eko” biztanleei zuzen-zuzenean dagokiena dela.
Beste alde batetik, Jakako artearen talka aipatu behar da; izan ere, bere xake-itxurako edergarriak Ebro hegoaldeko Nafarroaraino iristen dira eta Arabaraino ere sartzen.
Zuzena da eman izan den oharra, Erdi Arotik populazioak, Arabar Lautadan gertatu izan den bezala, ia herri antolaketaren sorrera beretik gorabeherarik nozitu ez duen eskualdeetako eliza eta ermiten trinkotasun berezia kontutan hartu beharrezkoa dela. Bizkaiko Jaurerrian ere antzeko zerbait suma daiteke, non “ibar eta hegien artean eta herri eta auzo artean” ia berdinean banaturiko elizak, “erromaniko txikia, Erdi Aroko estetikari emaniko funtsezko laguntza” horren arrazoia agerian utziko duen azterketa sakon baten gonbidapena egiten ari dira.
Kostaldeko probintzietako erromanikoaren apaltasun hori, bere demografia eta ahalbide komertzialen mugak ekarritakoa izango zen, barrualdeko hiribilduen aurrean, Nafarroako eta Arabako lautadetan barrena Donejakue Bidea erabateko nagusitasunez ezarria izan zenetik.[66]
Aipatu sakan hauetan eraikuntza eta egituretako ezaugarrien elkartasun garbiak, batetik bestera beren langintzako jardunean ibiliko ziren hargin taldeez jartzen gaitu pentsatzen, mende batzuk beranduago euskal harginen beste belaunaldi batek egingo duen modura, baita Baskoniako mugetatik kanpora ere.
Kanpoaldekoen eragin ugaritasuna
[aldatu]Eragin herrikoi eta endemiko horietaz aparte, guztiz naturala eta edozein herritan ematen dena izateaz gainera, zein beste eragin suma daiteke “euskal erromanikoan?” Burgundia eta Frantziako Uharteko frantses erromanikoarena oso nabarian jartzen da Nafarroako erromanikoan.
Beste batzuk “iparraldeko” eraginak ikusi nahi izan dituzte, Araban bereziki eta Nafarroan, halaber, fusteetan, arkiboltetan eta “sarraldi handien artea” izenekoa iritsi dela dirudien beste puntu batzuen apaingarrietan ziurta daitekeena, “erromatarren klasizismoa –dio Barrio Lozak– landareki, gurutzadurak, zestozkoak eta abarretako gai geometrikorantz eraldatuko duen artea”. Iparraldekoen talkak nabarmena dirudi eta arte erromanikoa, orokorrean, hainbat iturburu duten korronteak eta bereziki zelten mundukoak eta Europako iparraldeko arrazetakoak urtzen diren arrago handi moduan deskribaturikoan baieztatu genuen. Baina baieztapen hori dela eta esan ote daiteke eragin horiek bide zuzenetik datozela Euskal Herrira, bikingoen sarraldien bidetik, adibidez?[67] Honek baino iritzi hobea dirudi, Kosme de Barañanok irizten duen bezala, erromanikoa ez zela Euskal Herrira itsasontziz sartu, baizik eta lurretik barrena eta hego aldetik.
Euskal “genius loci” baten zantzuak
[aldatu]Dena den, ez da zentzugabea Euskal Herrian bi mende horietan, espiritu bera ezagutu daitezkeen etengabeko zenbait ezaugarri begiztatu eta azpimarratzea, horixe baita guk historia bihurtu nahi genukeena.
Azken batean, orokorrean, ikonografia erromanikori berezkoa zaion gaiarik baldin badagokio, hori espirituzko elkartasuna da Europako artearekin. Lehenago ere arituak gara horretaz, garai horretatik iritsi zaizkigun Birjinak eta Gurutzeak aipatzean. Europak XI. eta XII. mendeetan erlijio ideal bat bera bizi du. Leku guztietan, historialariek aipatzen dituzten gaitz moral nabarmenaz aparte, hautsiezinezko berotasunez bizi zen Kristoren jainkotasuna, Birjina Mariaren amatasun jainkotiarraganako fedea, adopzionista heresiaren arrastoen aurrean. Bestalde, betiko kondenari zitzaion beldurra endemikoa zen. Tuterako Kolegio‑elizako Epaiaren Atean, fededunek haren arkiboltatan infernuko oinaze finak ikus zitzaketen; Jakako ala Tuestako katedraleko latinezko idazkunak (Oi dives, dives...!), elizako liderren egitarauari jarraikiz, gizarteko maila guztietan jarrera espiritual berdin baten adierazpide ziren erromanikoaren mendeetan –eta ez Berant Erdi Aroan soilik–, Beldurra Sartaldean lan ezagunean Jean Delumeauk aipatzen duena. Bere gurutzeko heriotzaz kristauari errukiaren eta jainko-barkamenaren ziurtasuna zekarkion Berrerosle baten beharraren sentipena eta fedea piztea zen ahalegina. Horiexek ziren ertilari erromanikoek ukitu behar zituzten gaiak. Garaiko ikonografia hasiberriari dagokionez, arte erromaniko motak ezin harrapatuzkoak dira, estiloan izan ezik; eta hor ere, autonomia eta berezitasuna topatzea ez da erraza gertatzen, Frantzia eta Borgoinako zizelari handienen arte sonatu eta liluragarria Donejakue aldeko galtzada guztietan zurrustaka sartzen zenean.
Gure “genius loci” izan litekeenaren arrasto bat, gure erromanikoaren bereizgarria den edergarrien suhartasuna eta apaingarri geometriko ala estilizatu naturalekiko joera izan daiteke. Egia esan, delako apainketa biluzi, soil eta geometrikoa herrialde askotan berdina da, baina Euskal Herrian areagotu egiten dela ere egia da, eta hizkera horri mende luzeetan lur honetako jendeek gogor eutsi diotela esan behar, non badirudien koherentea dela gero euskal arte herrikoia esango dugunarekin.
Gipuzkoari buruz ari zenean Manuel Lekuonak erromanikoaren izaera herrikoia azpimarratu zuen. Eta Joxe Migel Barandiaranek arkeologia eta etnologia elkarrengana biltzeko zuen joera bidezko horretan, euskal arte herrikoian, antzinako arteak bizirik iraun zueneko orrialde iradokitzaileak idatzi zituen. Euskal Herriak unibertsaletik zerbait baduten gai plastiko horiek bereganatu egin ditu, eta mende luzeetan zehar tinkotasun bereziarekin eutsi, beste kulturak baino modu sakonago eta zorrotzago batean islatzeko, herriaren beraren nahimen eta sentipenak.[68]
“Euskal herriko arte herrikoiaren gai gehientsuenak –idatzi zuen Joxe Migel Barandiaranek– artzain eta nekazariei zor zaizkienak dira, edo langintza horien ezaugarriko beharrei erantzuten dietenak gutxienez. Artzaina eta nekazaria langintzetan jarduten dira eta hainbat gai erabili behar dute... Hauek eta antzeko jarduera herrikoi jatorretik sortu dute arte adierazpen zenbait, nolabait ere oinarrizkoak”. Edergarritarako gaiak. Euskal Arte Herrikoiaren erakusketa batean, 1930ean erakusten ziren objektuak begiratuz, hara zer dioen: “Hemen ikusten ditugun lan batzuk oso antzinako arteari eskua ematen die... Sarritan euskal nekazari etxeetan ate eta leiho zangoetan ikusten ditugun grabatu eta margolanak gurutze egiturako zeinuak adierazten dituzte. Egitura ugarikoak azaltzen dira... Eta artzainek eta abeltzainek batez ere erabiltzen dituzten adarrezko tresna eta edalontzi asko hainbat irudiz apainduak izan ohi dira. Zerra egiturak eta xake-itxurako apaingarriak adibidez, sarritan ematen da delako ontzietan eta baita esku makila, piparen ahotxoetan, inauterietako antzinako jantzietan eta abarretan. Halako edergarri hauek ugari dira hemen, Erdi Arotik hona bederen”.[69]
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ J. M LACARRA, Historia politica del reino de Nabarra. Iruñea, 1972, I. libk. 228 . or.
- ↑ “Jaurerri honen profila –J.A. Garcia de Cortázarrek dioenez- bi osagai dituena da: bere onibar eta ondasunen jabegoa izatearen baldintza, eta agintaritza publikoaren izaera Bizkaigune multzo osora (Nerbiotik Debara) hedatua eta Durangaldearena”.(Vizcaya en la Alta Edad Media. Bilbo, 1983, 44. or.)
- ↑ Ordezkaritza hau, Gaztelako erregeri berak izan zion leialtasunaren ordaina izan zen; baina, trukean, bere aitak gobernatua izan zen Naiarako Jaurerriari uko egin behar izan zion, izan ere Naiara eta ia Errioxa osoa Garzia Ordoñez kondearen eta bere emazte Urrakaren menpeko izatera pasa ziren, Alfontso VI. arentzat hauek baitziren “gure erreinuko aintzaren buruzagi” (LACARRA, O. c., 274. or.)
- ↑ Hitzarmen honen ahalmenez (1087) Errioxan eta Ega hegoaldean Marañonekin, Araba eta Bizkaia hain zuzen ere okupatuz zetorren lurrak Gaztelara igaro ziren behin betirako. Aragoirentzat Mendiko lurrak izango ziren, Aragoi ibaiaren Sortaldean kokaturikoak...eta Irati ibaiaren Iparraldean eta Iruñearen sakanean... Erriberan Antso Ramirezek azkena konkistatu zuenaz gainera, Arkedas bezala (1084). Nafarroako konderria sortu zen, Iruñea, Aibar eta beste zenbait hiribildu... konderri ñimiño bat Santxo Sánchez kondearen gobernupean eta Gaztelako erregeren menpeko, Antso Ramirez Aragoiko erregearen agintepean geratzen zena. (J.M LACARRA, O.c., 275. or.).
- ↑ Prozedura honen lekukotza egiten dute agiriek: “Alfontso errege, Espainia osoa gobernatuz, Bizkaiko konde Lopez Ennekonisek, Araba eta Gipuzkoa...”
- ↑ Toulousen bilduriko kontzilio batean, Arles, Auch eta Leskarrekoak, Iruñea, Baiona eta Barbastroko gotzainek, denak ere frantses jatorrikoak, parte hartu zutenak, gurutzada bezala kanporatuz Espainiarako bidalketa onartua izan zen. Dei honi erantzunaz ultrapirinioetako erresumek Zaragozako biltokira etorri ziren, Biarnoko Gaston Bizkondea, Zentulo bere anaia, Bigorreko kondea, Bernardo,Commigeseko kondea, Pedro, Gabarreteko Bizkondea, Auger, Miramonteko Bizkondea, Lavedango Arnaldo eta Guy de Lons, Leskarreko gotzaina. Hiria errenditu ondoren, zeinarekin mende batzuetako musulmanen aginpidea bukatutzat ematen zen, Zaragozako Jaun Biarnoko Gaston izendatu zen, errekonkistaren benetako egilea. (J. JAURGUIN, La Vasconia, 1979, II. libk., 113. or.; ikusi halaber, J. M LACARRA, O.c., 310. or.
- ↑ M GOYHENETXE, Historia general del País Vasco. I. libk. (Donostia, 1999) 261. or.
- ↑ Badirudi Erromak bazuela erresuminerako beste arrazoiren bat nafar erregeekin: judutarrekin harrera onezko politika, hain zuzen ere.
- ↑ J. M LACARRA, Historia Política del reino de Navarra, I. libk. 337. or. eta beste.
- ↑ “Nous n´avons aucun raison de supposer que le courant ait éte unilatéral; au contraire, il est vraiment vraisenblable qu’ il y a eu influence réciproque et action dans les deux sens” (G. GAILLARD, les débuts de la sculpture romane espagnole. Leon, Jaca,Compostelle. Paris, 1938, 227. or.).
- ↑ R. ORSEL, El mundo románico. Encuentro Argt., 1983, 100. or.
- ↑ J. E. URANGA eta F. IÑIGUEZ ALNECH, Arte Medieval Navarro (N. E. A. A.) Iruñea 1973, II. libk. 9. or.
- ↑ J. L. ORELLA eta E. KORTADI, “Santiago bidea Gipuzkoan. Zuberoatik Zalduondora”. Eusko Ikaskuntzan. Arte plastikoak eta monumentuzkoak, 3, 1985; Elisa GARCIA REYES, “El camino de San Adrián (Gipuzkoa -Araba) en la ruta jacobea. Análisis documental y arqueológico”. E.A.A. 15ean, 1987; M PORTILLA, Una ruta europea. Por Alava a Compostela. Del paso de San Adrián al Ebro. (Gasteiz, 1991)
- ↑ “In vertice montis qui dicitur Roncesvals, iuxta capellam Caroli Magni..in quo ut incolae testantur, multa millia quamplures vivi devorati sunt ab impetu luporum ..” B.A.H., IV. libk., 1884, 180. or. J. M LACARRAk aipatua, “Roncesvalles”. Estudios de Historia navarra-n. (Iruñea, 1971) 114. or.
- ↑ A.M N., II, 48. or.
- ↑ L. GRODECKI, Au seuil de l´art roman. L´Architecture ottonienne. 1958.
- ↑ L´Arquitectura Romanica a Catalunya, II, 32. or.
- ↑ R. OURSEL, El mundo románico. Encuentro Argt., 1983, 95. or. Euskal Herrian erromanikoari buruz, XX. mende hasieratik jada, baina 50 urtetik aurrera batez ere, bibliografia oso ugaria da. kus, A.GOMEZ GOMEZ, “Bibliografia de la arquitectura y escultura románicas”. A. P. M 15ean, 1996, 529-561. or. Bibliografia funtsezko bat Dulce OCON ALONSO, “La arquitectura románica vasca: Tipos, modelos y especificidad”. Ibid. 55-58. or. bere oharrekin. Oraindik berrikiago, A. GOMEZ GOMEZ, “Asimilación y transición del arte románico en el País Vasco”. Kobie (Arte Ederrak) 12an, 1996, 241-261. or.
- ↑ J. GOÑI GAZTAMBIDE, Historia de los Obispos de Pamplona. (Iruñea, 1978), I. libk. 236. or.
- ↑ Ibidem, 304. or.
- ↑ J. GOÑI GAZTANBIDE, O.c., 235. or.
- ↑ J.Goñi Gaztanbidek dio (o.c. 304. or.) ziurra dela azken eta behin betirako sagaratzea 1098. urtean izan zela. Monasterioetako antzinako larrukietan elizen sagaratze data bikoitz hori sarritan ematen da. Badu ordea honek azalpenik, izan ere, sarritan aldarea sagaratzen zen lehendabizi eta eraikin bukatua azkenean.
- ↑ Luis M LOJENDIO, Navarre Romane. Zodiaque Argt. , 1967, 61-120. or.; 370-371.
- ↑ “Arquitectura y escultura románicas” A.H.n V. libk., 1948, 121. or.
- ↑ J. M LACARRA, “La catedral románica de Pamplona”. A. E. A.A. VII.ean, 1931, 73-86. or.
- ↑ A.H.n V. libk., 142. or.
- ↑ L. M LOJENDIO, Navarre romane. Zodiaque Argt. 1967, 233. or. Zein mailataraino iritsiko zen, horren arabera, Moissac-en tailerraren eragina, M L.Molerok baieztu duena? Cf. “La sculpture du cloître de la cathedrale de Pampelune et sa repercussion sur l´art roman navarrais”.Cahiers de civilisation médievale 35.ean (1992) 241-246. or. ID.: La escultura románica en Navarra. Espainiako artearen kuadernoak. “Historia 16”, 1992, 6-12. or.
- ↑ URANGA-IÑIGUEZ, A.M N. III. libk., 23. or.
- ↑ J. GUDIOL, J .A. GAYA NUÑO, “Arquitectura y escultura románicas”. A.H.n V libk.156. or eta hur.
- ↑ A.M N. III, 149. or.
- ↑ J. GOÑI GAZTANBIDE, O.c., 297. or.
- ↑ A.M N.,
- ↑ J. A. BARRIO LOZA, La arquitectura románica vizcaína. (Bilbo, 1979), 13. or.
- ↑ A.M N., III, 70-79. or.
- ↑ Ikus, Zangotzako Santa Maria la Realeko eta bere atariko deskribapen zehatza, bibliografia ugariduna, C.M N. IV. libk., 2: Merindad de Sangüesa, 367-381. or.
- ↑ J. E. URANGA, “Zangozako Santa Mariako eskulturak”. Las esculturas de Santa Maria la Real de Sangüesa-n”. Pirineos VI-an 1950, 53-66. or.
- ↑ C.M N. IV, 2, 372. or.
- ↑ Urangaren ustez, beren hankak mokokatzen dituzten hegaztien gaia, Sosen hasi zen, Leiren jarraitu zuen, iruindar katedraleko hondarretan eusten eta Uncastillon (1156), Ozkabarten (1160), Agüero (1170), Zangozan eta abarretan berrazaltzen da.
- ↑ 39. A.M N., III, 151. or. eta hu.
- ↑ J. M AZKARATE, “Nafar eskulturaren sinkretismoa”. P.V.n 1976, 142-143. znb. 131-150. or.
- ↑ C.M N., II, 1, 483-487. or.
- ↑ Anne de EGRY, “Tuterako katedralaren klaustroko eskultura”. P.V.n, 74-75 zenb., 1959, 63-107. or., gehi 164 irudi. Ikusi halaber, A. de Egryren artikuluaren laburpen on bat J. R. CASTRO ALABAren Tudela monumental.en T.C.P., 227. znb. III. libk. Iruñea d/g 16-27. or. Anne de Egryk bere azterketa sakonean, Aragoiko artisten eragina aitortzen du baina ohar bat ematen du, bere aurreko aragoarretatik bereizi egiten dela tuterar klaustroko kapiteletako estiloa “eszenen arkitekturazko inguratzetan eta irudien gaineko tarteak adierazpide berdinekin betetzean. Berau, XII. mendean orokortu egiten den jarduera da, Nafarroako klaustroetako eskulturen kidetasunean, adibidez, Iruñeko katedralaren klaustroko XII. mendeko antzinako kapitelen antzera edo Lizarrako Ruako San Pedrorenak...”
- ↑ Ikus, Tuterako Epaiketaren atariaren ikonografiazko deskribapen on bat, J. E. URANGA- F. IÑIGUEZ ALMECH, A.M N. III. lanean, 169-170. or.
- ↑ R. OURSEL, El mundo románico. Encuentro Argt., 1983, 278. or.
- ↑ Izengabekoa. “Erromanikoa eta protogotikoa Araban” . Alava en tus manos-en (A. Llanosek zuzen.), (Gasteiz, 1983), IV. libk., 46-49. or.
- ↑ A. GOMEZ GOMEZ, “Toberako Santa Maria”. Kobie (Arte Ederrak) 6an, 1989, 269-276. or.
- ↑ F. LOPEZ DEL VALLADO, “Kristau monumentuzko arkeologia Euskal herrian”. Primer congreso de estudios vascos-en , 1919, 846. or.
- ↑ A. MAÑARIKUA, Obispados en Alava, Guipuzcoa y Vizcaya hasta fines del siglo XI. (Gasteiz, 1963) 37. or.
- ↑ J. AMADOR DE LOS RIOS, Estudios monumentales. 44-45. or.; BARAIBAR, Epigrafia armentiense, 257-260. or.
- ↑ P. Lopez del Valladok uste duen bezala, litekeena da han, XI. mendekoa baino lehenagoko eliza bat egona izatea. Beste XII. mendekoaz ere zalantzak eta iritzi desberdinak daude hainbat ikertzailerengan...Ikus, Dulce Ocon Alonsoren ikerlan berria: “Lehenbiziko Armentiako (Araba) San Andres ataria: Agirietako oharrak”. Kobie, 9an, 1992-1993, 107-180. or.
- ↑ V.V., M N. E. I. libk.: Araba. Eusko Jaurlaritza 1985, 6-12. or.
- ↑ F. DE MENDOZA, El ornato arquitectónico de Estibalitz. (Donostia 1931) 14. or.; A. GOMEZ GOMEZ, “Arte erromanikoaren barneratzea eta transmititzea Euskal Herrian”. Kobie 11n, 1995-1997, 241-261... or.
- ↑ Berriki, merezimendu handiko ikerketak izanak dira Tuestari buruz: F. LOPEZ DEL VALLADO, “Erromanikoa Araban... Tuesta”. Geografia General del País Vasco-Navarron. (Carrera Candiren Zuzen.), 846-851. or.; S. RUIZ LOYZAGA, “Tuestako parrokia-eliza”. B. I. S. S. XXII.ean, 1978,55-85. or.; M PORTILLA, “Arte erromanikoa. Sustraiak eta garapena”. Alava en sus manos-en (Gasteiz 1983), 41-72. or.; Izengabea: “Tuesta. Gure Amaren eliza”. M N. E.n Araba (Eusko Jaurlaritzak Argt.), 1985, 337-347. or.; J. LOPEZ DE OCARIZ, Templo de Nuestra Señora de la Asunción de tuesta (Gasteiz, 1986).
- ↑ Idazkunan Gartzia Pangua “Armentiako maisua” aipatzen da azken tokian. Ez dugu berari buruzko inolako berririk. Frai Fernando de Mendozaren iritziz, “Armentiako maisuaren” izengoitia, ohoragarri hutsa izan daiteke. “Araba artistikoa. Markizko San Joan ermita. San Vicentejoko Sortzez Garbia”. Euskal Herriaren-alde-n, Bilbo, 1974, V. libk. 134. or.
- ↑ LOPEZ DEL VALLADO, O.c., 858-859. or.
- ↑ A. GOMEZ GOMEZ, “Toberako Santa Maria: landa erromanikoaren agerpen bat Araban”. “Kobie-n” (Arte Ederrak) 1987; Idem: Toberako Santa Maria. Kobie-n. Arte Ederrak. 6, 1989, 269-276. or.
- ↑ K de BARAÑANO eta J. GONZALEZ DE DURANAk gaur arte (1982) ezagutzen diren Bizkaiko erromaniko eraikin eta aztarna guztien errolda egin zuten beren “Etxebarriako San Agustinen arte erromanikoari buruz eta abar.” ikerketan. Kobie-n (Arte Ederrak), Bilbo I, 1983, 65-131. or.
- ↑ Fuste hauen urrutiko izan daitekeen iturburuari buruz, ikus, J.A. BARRIO LOZA, La arquitectura románica vizcaína, 56-57. or.
- ↑ Harmoraren zenbait tokitako paramenduaren desberdintasunak Lopez del Valladori zera pentsarazten dio, agian segidan buruturiko eraikuntza batzuk izango direla, denak ere antzinakoak (Arkeologia....,870. or.
- ↑ Galdakaoko santa Mariari buruz, ikus: P, VAZQUEZ, “Zumetxagako San Migelen ermita”. Bol. De la Comisión de Monumentos de Vizcaya, I.ean, 1909; eta baita, Bol. de Excursiones, XVI. libk.,127. or.; P. LIZARRALDE, Andra-Mari. Ikonografiazko, elezaharretako eta historiazko saiakera. (Bilbo 1934); N. PIQUERAS, “Galdakaoko Santa Maria”. Vida Vasca-n 1966; J. M BARREBETXEA, “Galdakaoko eliza-aurrea”. Vida Vasca-n 1966. F. MALO ANGUIANO, Galdakao,Etxebarri eta Zaratamo. Historia-artezko ikerketa. (Bilbo, 1997).
- ↑ J. A. BARRIO LOZA, O.c., 76. or.
- ↑ “Erdi Aroko artea Euskal Herrian”. Cultura Vasca-n (Donostia, 1978) II. libk. 63. or.
- ↑ J. M JIMENO JURIO, Aralarko San Migel. Iruñea d/g. , T. C. P., 78 znb., 30. or.
- ↑ J. A. BARRIO LOZA, O.c., 27. or. eta beste.
- ↑ Ikus, monasterioekin elkarturiko ala beraiei dohainez emanikoak bezala azaltzen diren elizen zerrenda luzea, nahiz eta horrek ez duen esan nahi delako elizak materialki izan zirenik. A. MAÑARIKUA, Gotzaindegiak... 167-174. or.
- ↑ Barrio Lozak Bizkaiko arte erromanikoaren deskribapena bereizgarri dituzten ezaugarriak, bai landare, burualde, estalki, kapitel, eliza-atari nahiz paramendu eta abarri dagozkienak laburbilduz bukatzen du. Kostaldeko erromanikoaren nolabaiteko urritasun eta apaltasunari buruz, Dulce Oconen iritziarekin bat egitea besterik ez zaigu gelditzen, Euskal Herriaren ekonomia eta historian oinarrituta, Bizkaia eta Gipuzkoako erromaniko monumentuen nolabaiteko urritasuna eta bere antzinakotasuna Santiago Bidearen egitura zela eta sorturiko baldintzei dagokien bizirautearengatik eman zirela, non honek barrualdeko hiriei lehentasuna eman zien kostaldekoen aurrean. “Une hauetan sorturiko kostaldeko hiribilduek (Getari eta Mutriku 1209.ean, Hondarribia 1203an, Bermeo eta Zarautz 1236.ean) ez dute ekonomi gaitasunik izango, ekialde-mendebalde ardatzean garrantziaren mailakako galera eta ipar-hego ardatzaren gorakadaren ondorioz sorturiko baldintzei erantzuteko. Orduan, barrualdeko hiriak izango dira salgaiak bideratuko dituztenak irabazi ekonomikoak eskuratuz, eraikin berriak sortzeko erabiliz zati bat”. D. OCON ALONSO, Euskal arkitektura erromaniko. Motak, ereduak eta berezitasunak. Saileko kuadernoak. Plaskiko eta monumentuzko arteak. 15. libk. 1996, 77. or. Ikusi halaber, E. FERNANDEZ DE PINEDO, “Berant Erdi Aroko Gasteiz eta bere inguruneko ekonomia eta gizarteko gaiak”. Vitoria en la Edad Media. Historiako Ikerketen Lehen Bilkura: 1981. (Gasteiz, 1982) 65-73. or.
- ↑ Badirudi Gaya Nuñez izan zela ipar irlandar jatorria iradoki zuena euskal arte erromanikoarentzat (Borrow eta Kells-en liburuetako artearena); via maris bitartez etorria izan zitekeena, eta Anjel Apraizek litekeena zela onartu zuen eta baita Barrio Lozak ere beranduago. Ikusi, gai honi buruzko bibliografia A. GOMEZ GOMEZ-en, “Ikerlanen hastapenak Arte erromanikoari buruz Euskal Herrian”. “Ondare-n” (Eusko Ikaskuntza) 16, 1997, 173. or.
- ↑ Cristina LLANOS URRUTIA, Euskal Herriko arte adierazpenetako sinbolo iraunkorren azterketa. Gasteiz, 1991) 64. or eta hu.
- ↑ J.A. BARANDIARAN, “Zenbait oinarrizko arte kasu euskal herriko gaur egungo etnografian”. “V. Congreso de Estudios Vascos-en”, (Bergara, 1930), OC. V, 353-361. or.
Bibliografia
[aldatu]- ARTADILL, J.: “Nuestra escultura románica”. “Bol. de la Com De Monum Hist. y Artísticos de Navarra”‑n, 1925, 224‑229. or.
- AMADOR DE LOS RIOS, J.: “La basílica de San Andres de Armentia y la Iglesia de Santa María de Estibalitz (Álava)”. “Museo Esp. De Antigüedades”, VIIan, 1872, 383‑393. or.
- ANDRES ORDAX, S.: “Arte”. País Vasco. Tierras de España. (Madril ,1987).
- IZENGABEKOA: “Iglesia de San Juan de Laguardia”. E.M N. Araban. (Bilbo, 1985), 219‑234. or.; “Iglesia de Nuestra Señora, Tuesta”. Ibid. 337‑347. or.; “Iglesia de la Asunción, Lasarte. (Álava)”. Ibid. 247‑253. or.
- IZENGABEKOA: “El románico en Vizcaya”. Nosotros los vascos. Arte 2. libk., Bilbo 1987, 196‑207. or.
- IZANGABEKOA: “El Románico y el protogotico en Álava”. Álava en tus manos‑en. (Armando Llanosen zuzend.). (Gasteiz, 1983) 4. libk. 46‑72. or.
- APRAIZ , A.: “El Románico en Álaba”. “Revista Euskal Herria”, 65ean, (1911), 154‑156. or.
- APRAIZ, A.: “La Historia del Arte en el País Vasco. Problemas e indicaciones”. “Hermes. Revista del Arte Vasco”, 13an (1918).
- APRAIZ, A.: “Problemas en la Historia del Arte del País Vasco”.Primer Congreso de Estudios Históricos Vascos”‑en (Bilbo, 1919‑1020) 741‑754. or.
- APRAIZ, A.: “Ermita de San Miguel de Zuméchaga”. E.I.N.A.‑n. 1925, 367‑370. or.
- ARAGONES ESTRELLA, Mª E.: “El Maestro de San Miguel de Estella y su escuela: Relaciones estilísticas entre la obra esculpida de varias iglesias navarras. El arte español en épocas de transición.‑en IX C.E.H.A., Leonen, 1922.
- ARCO, R.: “El monasterio de Santa Cruz de la Serós”.Linajes de Aragón IV‑an, 1913, 431‑455. or.
- ARCO, R.: “El Real Monasterio de San Juan de la Peña”. (Jaka, 1919).
- ARCO, R.: “El Real Monasterio de Siresa”. “I.E.E.A.” XXVII‑an, 1919, 270‑305. or.
- ARIGITA Y LASA, M : Historia de la imagen y santuario de San Migel in Excelsis”. (Iruñea, 1904).
- ARRONIZ, J.: “La básilica de Estibalitz vista por los arqueólogos y los críticos de arte”. Estibalitz, Fe, Historia y Arte‑en. (Gasteiz, 1973).
- AZCARATE, A.: “Elementos de arqueología cristiana en la Vizcaya Medieval”. Eusko Ikaskuntza. Historiaurreko eta arkeologiako saila, 2 (1984) 7‑135. or.
- AZCARATE, J. M : Sincretismo en la escultura románica en Navarra”. P.V. 1976, 131‑150. or.
- AZCARATE, J. M : La basílica de San Prudencio de Armentia. (Gasteiz, 1984).
- BANGO TORVISO, I. C.: El arte románico en España. “Historia 16”. Madril, 1922.
- BARAÑANO, K.: “El capitel en el románico en Vizcaya”. Congreso de Estudios Históricos. Vizcaya en la Edad Media.‑an (Bilbo, 1984).
- BARAÑANO, K. y GONZALEZ DE DURANA, F. J.: “Acerca del arte románico en San Agustín de Etxebarria (Elorrio), Santa Maria de Galdakoa y de Vizcaya en general”. Kobie‑n (Arte Ederrak), 1 (1983), 65‑131. or.
- BARAÑANO, K., G. DE DURANA, F. J., JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. (Madril, 1988).
- BARRIO LOZA, J.A.: La Arquitectura románica vizcaína. (Bilbo 1979).
- BASAS, M : Vizcaya monumental. (Donostia, 1987).
- BECERRO DE BENGOA, R.: “Contemplaciones artísticas: Armentia”. Ateneo Iean, (1870‑1871),77‑80. or.
- BECERRO DE BENGOA, R.: “Contemplaciones artísticas: Estibalitz”. Ateneo Iean, (1870‑1871), 84‑86. or.
- BIURRUN, T.: El arte románico en Navarra. (Iruñea, 1973).
- CAMON AZNAR, J.: Las bóvedas de crucería de la catedral de Jaca y Santa Cruz de los Serós. CSIC. Estación de Estudios Pirenaicos‑en. 1945.
- CHUECA GOITIA, F.: Historia de la arquitectura española. Edad Antigua y Medieval. (Madril, 1965).
- DIAZ DE ARCAYA, M : La basílica de Nuestra Señora de Estibalitz. (Gasteiz, 1904).
- DIAZ DE ARCAYA, M : Armentia, su obispado y su basílica de San Andres. (Gasteiz, 1901).
- DURLIAT, M : España románica. (Madril, 1993).
- EGUIA Y LOPEZ DE SABANDO, J.: “Elucubraciones en torno a la basílica de San Prudencio de Armentia (Álava)”.Fiestas de San Prudencio, * patrón de las Tierras de Álava. (Gasteiz, 1984).
- ENCISO VIANA, E. y CANTERA ORIVE, J.: G.M K.I. libk.: Rioja alavesa. (Gasteiz, 1967).
- ESNAOLA, J.: “La antigua basílica de San Andrés de Armentia”. I.E.E.A. Xean, 1902.
- ESNAOLA, J.: Monografía histórica de Santa María de Estibalitz. (Gasteiz, 1919).
- GAYA NUÑO, J. A.: “El románico en Vizcaya”. “A.E.A.”n 1944, 24‑48. or.
- GOMEZ GOMEZ, A.: “Estudio iconografico de la portada románica de Lemóniz”. Kultura I.ean (1990) 57‑61. or.
- GOMEZ GOMEZ, A.: Rutas románicas en el País Vasco. Encuentro Argt., 1998.
- GOMEZ GOMEZ, A.: “Algunos aspectos del arte románico en el País Vasco. Extensión y relaciones de un arte periférico”. Actas del VIII Congreso Nacional de la Historia del Arte. (Mérida, 1992), 73‑79. or.
- GOMEZ GOMEZ, A.: “Asimilación y transmisión del arte románico en el País Vasco”. Kobie‑n. Arte ederrak saila, 12 (1996).
- GOMEZ GOMEZ, A.: “La escultura románica en Navarra , Álava y su entorno”. Revisión del arte medieval en Euskal Herria‑n. Saileko koadernoak. Plastiko eta monumentuzko arteak. Eusko Ikaskuntza, 15. znb. (Donostia, 1996), 98‑101. or.
- GOMEZ GOMEZ, A.: “Los inicios de la investigación sobre el Arte Románico en el País Vasco”. Ondare 16an, Eusko Ikaskuntza (Donostia, 1997) 167‑174. or.
- GONZALEZ DE ZARATE, J. M : “La imagen de la Virgen y su entorno iconográfico‑bíblico en la basílica de Estibalitz”. Estibalitz‑en, 1985, 4‑8. or.
- GONZALEZ DE ZARATE, J. M eta beste: “En torno a los motivos ornamentales en la portada Speciosa en la básilica de Estibalitz”. Estibalitz‑en 1987, 19‑26. or.
- GUDIOL RICART, J. y GAYA NUÑO, J. A.: “Arquitectura y escultura románicas”. A.H., V. libk. (Madril, 1948).
- HUICI, S.: “La iglesia de los Templarios de Torres del Río”. Arquitectura, Vean, 1923, 52. znb.
- HUICI, S.: “Arqueología vizcaína. Ermita de San Miguel de Zumechaga”. Euskalerriaren alde, 14ean (1924).
- IBANEZ, E.:Esbozo histórico de Villatuerta. (Iruñea, 1930).
- IÑIGUEZ ALMECH, F.: “Sobre tallas románicas del siglo XII”. P. V. 112‑113.ean, (1968), 203‑207. or.
- LACARRA, J.M , y GUDIOL, j.: “El primer arte románico”. P. V.n 1944.
- LACOSTE, J.: “San Miguel de Estella”. Homenaje a J. Mª Lacarra‑n. 5. libk. (Zaragoza 1977), 101‑132. or.
- LAMBERT, E.: “El pórtico octogonal de Eunate”. Bol. de la Com De Monum Hist. Y Art. De Nav., 1925, 219‑223. or.
- LAMBERT, E.: “La catedral de Pamplona”. P. V.n, 1951, 9‑35. or.
- LAMPEREZ, V.: Monumentos arquitectónicos de España. 8 libk. (1859‑1881).
- LAMPEREZ, V.: Historia de la arquitectura cristiana española en la Edad Media. II. libk.
- LAMPEREZ, V.: “Portadas de Ujué y Olite”. “I.E.E.A.”‑n VI, 1898.
- LEKUONA, M : “El arte medieval en el País Vasco”. Cultura Vasca.‑n II. libk., (Donostia, 1978).
- LLANOS Y ORTIZ DE LANDALUCE, A.: “Hallazgos arquitectónicos en Estibalitz”. Estibalitz‑en 1973.
- LOJENBIO, L. M : Navarre romane. Zodiaque Argt., 1967.
- PEREZ DE OCARIZ, J. J., y MARTINEZ DE SALINAS, F.: “El arte prerrománico y románico en Álava”. Eusko Ikaskuntza. (Plastiko eta monumentuzko arteak) 5ean (1988).
- LOPEZ DE OCARIZ, J. J.: Templo de Nuestra Señora de la Asunción de Tuesta. (Gasteiz, 1986).
- LOPEZ DE OCARIZ, J. J.: “El temor al infierno hacia 1200. Análisis iconográfico de la anástasis de Armentia”. II Curso de Cultura Medieval. Alfonso VIII y su época‑n. (Aguilar del Campóo, 1990).
- LOPEZ DE OCARIZ, J. J.: El tetramorfos anglomorfos en Iratxe y Armentia. Análisis iconográfico e iconológico”. P. V.‑n. Primer Congr. General de Hist. de Navarra. 11. eranskina (1988) 317‑331. or.
- LOPEZ DEL VALLADO, F.: “Arqueología monumental cristiana en el País Vasco”. Primer Congreso de Estudios Vascos. 1919, 755‑771. or.
- LOPEZ DEL VALLADO, F.: “El románico en Vizcaya”. Geografía del País Vasco‑navarro. Arqueología. Bartzelona, data gabea, 878‑889. or.
- LORENZO VILLAMAYOR, F.: “Iglesia de San Pelayo‑Bakio”. Monumentos de Vizcaya, II. libk.an, (Bilbo, 1987) 15‑21. or.
- MAÑARICUA, A.: Santa Maria de Begoña en la historia espiritual de Vizcaya. (Bilbo, 1950).
- MAÑARICUA, A.: Obispados en Álava, Guipuzcoa y Vizcaya hasta fines del siglo XI. (Gasteiz ,1963).
- MARTINEZ DE AGUIRRE, J. M : “La portada de San Miguel de estella. Estudio iconológico”. P. V. 173an, 1984.
- MARTINEZ DE MARIGORTA: San Prudencio de Armentia y su maestro Saturio. (Gasteiz, 1939).
- MARTINEZ DE SALINAS, F.: “Temas decorativos en el románico del condado de Treviño”. La formación de Álava. 650 aniversario del pacto de Arriaga (1332‑1982)‑an. Congreso de Estudios Históricos, Gasteiz 1982, (Gasteiz, 1985) II. libk. 627‑654. or.
- MENDOZA, F.: Los relieves del pórtico de Armentia.Ateneo (Gasteiz, 1913).
- MENDOZA, F.: “Álava románica”. Euskalerriaren‑alde 2an, 1912, 43‑47. or.
- MERINO URRUTIA, J. J.: “La ventana románica de la iglesia parroquial de Barrika”. R.S.A.P.A.n, (1954), 351‑354. or.
- MOLERO MONEO, L. M : La escultura románica en Navarra. E.A.K. “Historia 16”, Madril,1992.
- OCON ALONSO, D.: “La primitiva portada de San Andrés de Armentia (Álava). Datos documentales”. Kobie‑n (Aret Ederren atalean) 9 (1992‑1993), 167‑180. or.
- OCON ALONSO, D.: “Los ecos del último taller de Silos en el románico navarro‑aragonés y la influencia bizantina en la escultura española en torno al año 1200”. El románico en Silos‑en. IX Centenario de la consagración de la iglesia y claustro 1088‑1988. Silos (Burgos, 1990), 501‑510. or.
- OCON ALONSO, D.: “Ego sum ostium, o la puerta del templo como la puerta del cielo en el románico navarro‑aragonés”. Cuadernos de Arte e Iconografía. Fundación Universitaria española”. 2, 3 (1989) 125‑136. or.
- OCON ALONSO, D.: “La recepción de las corrientes artísticas europeas en la escultura monumental en torno a 1200”. El arte español en época de transición. IX C.E.H.A., (León, 1992) 17‑26. or.
- OCON ALONSO, Dulce: “La arquitectura románica vasca: tipos, modelos y especificidad”.Cuadernos de sección. Plastiko eta monumentuzko arteak (Eusko Ikaskuntza), 15. znb., 1996, 51‑78. or.
- PINEDO, R.: El santuari de Estibalitz. (Madril, 1940).
- PIQUERAS, W.: “Para que no se pierda. Santa Maria de Galdácano, el primer monumento románico de Vizcaya”. Vida Vasca‑n, 1939, 191‑193. or.
- PORTER, Arthur K.: “Spain or Toulouse? And other questions”. Spain or Toulouse? And other questions. Art Bulletin Bulletin‑en (1924‑5).
- PORTER, Arthur K.: Romanesque Sculpture of the Pilgrimage Rouds. 1923, I. libk.
- PORTILLA, M : Álava artística y monumental. “Diccionario Enciclopédico Vasco”, I. libk., (Donostia 1970).
- PORTILLA, M : “Arte románico. Raíces y evolución”, Álava en sus manos‑en. (Gasteiz, 1983).
- PORTILLA eta beste.: G.M K. 8 libk. (Gasteiz, 1967‑2001).
- RODRIGUEZ VALLE, E., PEREZ BARRIO, M , PASTOR VELEZ, B., IBISATE ARREGUI, A.: “Estibalitz, escuela iconografíca para las iglesias de la Llanada alavesa”. Estibalitz 1988, 27‑31. or.
- RUIZ MALDONADO, M : Escultura románica alavesa: el foco de Armentia. (Bilbo 1991).
- RUIZ DE LOIZAGA, S.: “El templo parroquial de Tuesta”. S.A.E.A. 22an (1978).
- SANTANA EZQUERA, A.: Ermita de San Miguel de Zuméchaga‑Munguia”. Monumentos de Bizkaia, 2. libk. (Bilbo, 1987) 167‑274. or.
- SANTANA EZQUERRA, A.: “Iglesia de San Salvador‑Fruniz”. Monumentos de Vizcaya‑n, 2. libk. (Bilbo, 1987), 101‑108. or.
- SANTANA EZQUERRA, A.: “Ermita de San Pedro de Abrisketa‑Arrigorriaga”. Monumentos de Bizkaia‑n 3. libk. (Bilbo, 1987) 79‑85. or.
- SERRANO, E.: “Esculturas románicas navarras”. I.E.E.A., IX, 1901.
- SOTO. S. M : “Recuerdos arqueológicos de Álava”. Estibalitz‑en. (Gasteiz, 1984).
- TEJERA, L.: “El monasterio de San Juan de la Peña”. I.E.E.A., XXXVII.ean, 1929, 31‑59. or. eta 179‑198. or.; XXXVIII.ean, 1930,204. or.; XXXIX.ean, 1931, 52‑66. or.
- URANGA GALDIANO, J.: “La iglesia parroquial de San Jorge de Azuelo”. P.V. 3. znb‑an, 1940‑41. or.
- URANGA GALDIANO, J.: “Esculturas románicas de Codés. P.V.‑n, 1942, 249. or.
- URANGA GALDIANO, J.: “Esculturas románicas del Real Monasterio de Irache”. P.V. 6an, 1942, 9‑20. or.
- URANGA GALDIANO, J. eta IÑIGUEZ ALMECH, F.: N.E.A.A.II eta III. libk.‑ak (Iruñea, 1973).
- VAZQUEZ, P.: “Ermita de san Miguel de Zumetxaga. Bol. de la Com De Monum De Vizcaya”, I, 1909.
- VAZQUEZ, P.: “Monumentos artísticos de Vizcaya”. I.E.E.A., XVI, 1902, 35‑49. or.
- VAZQUEZ DE PARGA, L.: “La historia de Job en un capitel de Pamplona”. A.E.A. XIVean, 1940‑41, 410. or.
- VAZQUEZ DE PARGA, L., LACARRA, J. M eta URIA RIU, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela. 3 libk. (Madril, 1949).
- VEGAS, J. I.: “Románico en Álava. Itinerarios para su visita y conocimiento”.Eusko Ikaskuntza‑n. Plastiko eta monumentuzko arteak. 4, (1986).
- VEGAS, J. I.: “San Vicentejo (Álava). XIV Congreso Nacional de Arqueología”. (Zaragoza, 1977) 27‑28. or.
- YARNOZ, J.: “Las iglesias octogonales de Navarra”. P.V.‑n 1945, 515. or.
- YARZA, J.: Arte y arquitectura en España 500/1250. (Madril, 1985).
- YBARRA, J.: Catálogo de los Monumentos de Vizcaya. (Bilbo, 1958).
- YBARRA BERGE, J.: “Una joya del románico en Fruniz”. Vida Vasca‑n, 1947.