Testuingurua
[aldatu]Euskal Herria, XIII. eta XIV. mendeak
[aldatu]Nafarroako erresuma
[aldatu]CHANPAGNEKO DINASTIA. Nafarroako erresuma, gaurko Nafarroa, XIII. mendean Nafarroa Beherea eta arabar Guardiak bestek ez zuten osatzen. Antso Azkarra ondorengorik gabe hil zenean, nafar nobleziak Aragoi eta Gaztelaren gose espantsionistak bultzatuta eta bere askatasunaren jeloskor zelarik, Champagnako kondea, Teobaldo I.go defuntuaren iloba errege azkar hautatu zuen, horrela dinastia berri bat sortuz.
Errege berri honek Jaime I.a Aragoiko erregearen gutizia makurtzea lortu zuen, Tutera eta beste gotorlekuei zegokienean, halaber, Gaztelako erregearen konkista nahiak zapuzten. Nafar Foruen begirunearekiko zina egin bazuen ere, laster azaldu zitzaion indarkeriako joera; baina laster indargabetu zuten nobleek joera hori, antzinako beren eskubideekiko begirunea lortuz, erregearen kanporaldian gobernurako nafar seneskal bat hautatzean eta Foruen idatzizko adierazpena eskatu ziotenean.
GURUTZADAK ETA KONPONDU EZINA. Poesia eta musikari zaletasuna eta dohainak ez ziren eragozpen izan errege berriak 1239an Gregorio IX.ak sustatutako Gurutzada gidatzeko, abentura hura arrakasta baino porrot gehiagorekin amaitu bazen ere. Agian, errege honen erregealdian arazorik larriena izan zen –1253an bera hil zen arteraino iraun zuena–, Iruñeko gotzaina zen Gazolazeko Pedro Ximenezekin konpondu ezina; zeren eta, honek ez baitzion erresumako hiriburuan benetako gobernari izatearen eskubideari uko egiten, lege mailan hiri osoko nagusia izaten gotzaingoak jarraitzen baitzuen.
FRANTZIA ALDEKO ERAGINA. XII. mende bukaeratik errekonkistaren aurrerakada eta merkataritzaren garapenari esker, Nafarroak gainerako Penintsulak bezala XIII. mendean zehar ezagutu zuen gorakada ekonomiak lagundu zion ekimen artistikoen berriztapena aurrera eramaten, mende horretan frantsesen jabegoetan sortzen ari ziren lan eder eta handi zein hilezkorrak eredu hartuta. Frantziako eragin hau Nafarroan sartu zen batez ere, kultura eta arte mailan, lingua navarroruna gordetzearen bizkar izan bazen ere. Eragin horri bultza zion frankoen burgoen garapenak, XII. mendearen hasieratik jada Erresumako hirigune nagusietan kokatuak baitziren eta erregeen laguntza izan baitzuten garapen ekonomikoan.
Are handiagoa egin zen Frantzia aldeko eragina Teobaldo II.a (1253‑1270) Luis Santuaren alaba Isabelekin ezkondu zenean. Hala, Aragoi eta Gaztelako erregeekin zituen harremanek hobera egin zuten. “Hiribildu on” askok beren foruak eta berezitasunak berretsiak ikusi zituzten. Eta Alfontso X.a Gaztelako erregeak Donostiako eta Hondarribiko gotorlekuak eman zizkion.
Nafarroako errege gazte honen egonaldiak behin eta berriz eteten ziren Frantziarako bere joan-etorriak zirela eta, aginpidea seneskal baten eskuetan uzten zuelarik. Teobaldo II.a zoritxarreko Tunezko Gurutzadan izurriteak jota hil zen, bere aitaginarreba, Frantziako errege santua hiltzen ikusi eta handik gutxira hil ere, Nafarroako monasterio eta ospitaleen aldeko bere maitasuna eta onginahia adierazten duen testamentu historiko bat idatzi ondoren (1270).
NABARRERIAKO BORROKA. Enrike I.aren erregealdia, izen on handirik gabekoa izan zen (1270-1274), Nabarreriaren harresiak eraikitzen utzi baitzuen, hiriburuko beste bi burgoen (Zernin eta Nikolas) arteko zatiketa sakonagotu zuen ekimena bultzatuz –esan dezagun, hasierako populazioa guztiz nafarra zen. Eta haren ondoren errege-makila Joana izeneko neskatila baten eskura etorri zen, bere erregina‑amaren agintaritzapean. Botere nagusiaren ahuldadeak eta Aragoi eta Gaztelaren alde zeudenen handinahi eta haserreek ondorio bat izan zuten: frantses alderdiaren indartzea eta, tristea bada ere, hain ospetsu izan zen “Nabarreriako borroka zibila”, burguaren suntsiketa eta bertako biztanleenganako sarraski basatia frantses erasotzaileen eskutik (1276).
FRANTZIAREKIKO MENPEKOTASUNA. Felipe (Frantziako IV.a eta Nafarroako I.goa) Ederra zeritzonak hartu zuen errege aulkia. Iruñeak mitraren menpeko izateari utzi zion eta Nafarroa osoa mende erdiz erregeordeen agindupean egon zen; denak frantsesak ziren. Nafarrek, frantses erregearen hiru semeak jasan behar izan zituzten, kapeta familiakoak: Luis Hutin (1314‑16) erresistentzia oro bihozgabeki zapuzten zuena, Felipe V.a Luzea (1316‑22), eta Karlos IV.a (1322‑28) erregetzako zinik ere egin ez zuena.
EVREUX-TARREN ETXEA. Nafarroako hereje-aulkia 1328an Evreux‑tarren Etxera aldatu zen, Joana, Luis Hutinen alaba, Evreux‑eko Felipe kondearekin ezkondua zena, erregina hautatua izan zenean. Baina, galiarrenganako mendekotasun egoerak berdin jarraitu zuen, erregeak Frantzian bizitzen jarraitu baitzuten Nafarroarako agintari eta gotzain frantsesak izendatuz. Bistakoa da Nafarroako kulturak eta arteak moduan eta estiloetan eraginik izango zutela, XIV. mendearen azken aldera Evreuxen dinastiaren 100 urte horietan, 1276.etik eta hasia zen “nafarreratzera” arte.
Hiru probintziak
[aldatu]LEINUAK ETA BANDOAK. Hiru euskal probintziak zenbait leinu nobleen aginpidearen menpe egon ziren, aldi berean. Araba eta Gipuzkoak Gaztelaren eremuetan iraun zuten. Gizarte antolaketan, “baserrietako lur eta ondasun” zenbaitetan “etxe” boteredunak sortzen eta hazten joan ziren, honako hauen babesean: “monasterioa”, ermitaren bat, dorre, errota, burdinola nahiz soro ala baratza, mendi edo basoak zituztelarik.
Leinu Nagusiak zeritzanak ziren jabeak, landa-inguruetako “jende xehearen” babesle izateaz gain, menderatzaile ere baziren. Leinu hauek denborarekin bandoetan bildu ziren –Oinaztarrak eta Ganboatarrak, Gipuzkoan; Butroiak eta Abendainoak Bizkaian, Mendozatarrak eta Gebaratarrak, Araban– eta luzez bizi izan ziren horrela, etengabeko haserre eta gogorkerietan. Denbora joan ahala, XV. mendearen bigarren erdialdean, beren artean itunak eta hitzarmenak sortu behar izan zituzten etsai beraren aurka borroka egiteko: hiribilduak; izan ere, horien ordainarazpenetatik babesteko “nekazari-lurretako jendeak” hiribilduetan auzotzen hasiak ziren.
HIRIBILDUEN SORRERA. Gipuzkoan, nafar errege batek, Antso Azkarrak, emandako foru batez sortutako Donostiaz kanpo, Gaztelako erregeak Kantauri aldeko portuekin komunikazio-bideen bila zebiltzalarik, 1203.etik (Hondarribia) 1383.era arte (Urretxu) hogeita lau hiribildu sortu zituzten. “Gipuzkoako hiribilduak bata bestearen atzetik sortzea hori benetako iraultza izan zen; zeren eta, oso denbora laburrean, landako leinu-taldeen antolamendua, burgesen hiriko antolamenduak ordezkatu baitzuen” [1].
Bizkaiaz ere antzeko zerbait esan daiteke. Bi mende ere ez zuten behar izan 21 hiribildu sortzeko. Hiribilduetan antolatzeko jendeak lur lauak uzten zituen, segurtasunagatik; eta jauntxoen eta erregeen laguntza izaten zuten beren baliabideetan hazteko eta industria eta merkataritza sustatzeko.
Araban hiribilduek jatorrian beste arrazoi batzuk izan zituzten, arrazoi jakin eta desberdinak. Araba bi monarkia etsaien artean kokaturik, arrazoi politikoak zirela-eta, populazioguneek beren sorrerako foruak Nafarroako ala Gaztelako erregeengandik jasotzen zituzten, aginpidearen pendulua alde batera ala bestera joaten zenaren arabera. Hala gorde zuten euren landa-izaera beste bi probintziak baino gehiago.
GIZARTE-ALDAKETA. Hiribilduen hazkunde demografiko eta ekonomikoarekin eta beren eskubideak defendatzeko Ermandadeak sorturik, berehala iritsi zen ondorio izugarriak izango zituen gizarte aldaketa, erregeen aginpide aldetik jasotako laguntza zela eta, Ahaide Nagusien neurriz kanpoko eta bidegabeko botereari aurka egiteko.
Arabako lurraldea Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200ean indarrez hartu zuenetik banatuta zegoen nafarren aginpidetik “señorio apartado, et este era cual se lo querian los Fijosdalgo y Labradores, naturales de aquella tierra de Alava”, eta Arriagako Kofradia osatu zuten lehen aginpidean egonak zirenek. Hau, lur sail handien eta herrien jabe zen “antzina‑antzinako garaietatik”, jada errege lurrak ziren Gasteiz, Agurain eta Trebiñuko hiribilduak eta herrixka batzuk izan ezik.
ARRIAGA EMATEA. Kofradiako ordezkariak, 1332.ean Calahorrako gotzaina buru zutela Arriagara iritsi ziren, eta ordurako Burgosen zegoen Alfontso XI.ari dei egin zioten. Han, Araban ondasunen jabe ziren goi-mailako pertsonaia multzo baten aurrean “errotikako aldakuntzan zegoen nobleziak” erregeari lurrak eman zizkion abantaila eta mesede batzuen trukean.
Arriagako eskaintzaren lekuko noble haien seme eta ilobetatik irtengo ziren gero, XV. eta XVI. mendeetan, Gaztelako nobleziaren gorengo kideak.
Aialako Pedro Lopezek, XIV. mendearen bigarren erdian jada, nobleziako erantzukizun gorenak iritsi zituen Enrike II.a, Joan I.a eta Enrike III.a erregeren enbaxadore lanetan eta 1398tik Gaztelako Kantzelari Nagusi karguan, 1406ran hil zen urtera arte. Ez da esan beharrik, erregeari Arriagako Kofradiak eginiko emaria borondatezkoa, maila batean baino ez zela izan; izan ere, alde batetik Kofradiaren menpe zeuden herrixken gainean Gasteizek egin zuen estutze ahaleginaren emaitza izan baitzen.
“Nolanahi ere, esan daiteke Arabako kofradiakideek, aitoren seme, ezkutari, apaiz eta nekazariek, garaien aldiei begira zeudelarik, erregearen eskuetan uztea erabaki zutela lehen beren eskuetan zeukaten orain korapilatsua, hitzarmen eta arauen bidez, gerorako salbatu nahi baitzuten, bai pertsonalki eta bai instituzio mailan egoera korapilatsu horretan zeudenez” [2].
Nafarroa eta hiru probintziak
[aldatu]Euskal probintziekin Nafarroak zituen harremanak, XIV. mendearen lehen erdian, asaldura handia nozitu zuten, mugaldeko herri nafarrek gainean zituzten bidelapurretak zirela-eta, eta, ondorioz, lurralde haietako Ahaide Nagusi haietako batzuengan, Oinaztarrengan, babestu ziren.
Gipuzkoari, merinoarekin adostasunera etortzeko ahaleginak bertan behera utzita, nafarren aldetik mendekuak etorri zitzaizkion, horrela etengabeko etsaigoa sortu zen eta, nahiz eta Nafarroa eta Gipuzkoako Ermandadeen aldetik adostasunera iristeko saioek egin, ez zuten konpontzerik lortu.[3]
Hala ere, liskar horiek ez zuten Iruñeko eta Gipuzkoako kaien arteko merkatari harremanik eragotzi, Lekunberri‑Tolosarako bideetatik eta Bidasoan zeharreko ibarretik, ezta Nafarroako Karlos II.a erregearen zerbitzuan, Normandiako (1353) irtenaldian saripeko zaldun gisa giputzak jardutea ere.
HUTS EGINDAKO SARRALDIAK. Nafarroako errege Karlos II.a “Gaiztoak” Gipuzkoa eta Arabako jabegoa eskuratzen saiatu zen, Gaztelako Pedrori Trastamarako bere anaiorde Enrikerekin zituen borroka dinastikoetan eman zion laguntza militarraren ordainetan; baita sartu ere egin zen Gipuzkoan,1368an. Halako saio horiek bertan behera gelditu ziren, lehenik, Pedro Ankerraren heriotzagatik, eta dirudienez, herriko jendeak “Gaztelarekin elkarturik jarraitu nahiago zuten, nahiz eta orduko agintaldian hutsuneak izan” horrela erabaki baitzuten.[4]
Nahaspilen artean edertasuna
[aldatu]Elizaren bizitzari dagokionez, esan dezagun mendearen azken laurdenean Mendebaleko zisma deritzona gertatu zela (1378‑1417). Espainia eta Baskonia, Avignoneko gotzainen –lehenik, Klemente VII.a eta gero Benedikto XIII.a– esaneko geratzean, euskal noble bat izan zela, Aialako Pedro Lopez, Elizaren egoera tristeak gehien penatu zuena, bere Rimado de Palacio lanean azaltzen denez.
Kaosetik urrun ez zegoen elizaren agintaldi baten erdian, bandokideen etengabeko gehiegikerien ondoriozko gizartearen ezegonkortasun egoeran, beren haserreen mendekatzea eta aginte gosea legetzat harturik, ez da erraza gertatzen salerosketaren gorakada nabarmena eta ondoriozko kultur aurrerapena nola eman zitekeen ulertzea; baina eman egin zen. Bere Bienandanzas y fortunas lanean Lope Garcia de Salazarrek kontatzen dituen etengabeko mendeku odoltsuetako egutegi horretan katedralak jasotzeko eta monasterioak eraikitzeko nahikoa denbora eta gogo tartekatzea ezinezkoa dirudi. Gertakari honek, landa-gizartetik hiri-gizartera eta lurraldeen erregimen feudaletik udalerri egiturara igarotzeak, ideia ematen du nolakoa izango zen iraultza[5].
Arte gotikoa
[aldatu]Historiako testuinguru honetaz, “gotiko” deritzon artearen kokapen eta lehen zabalkundea aipatzeari eskainitako gure historiaren atal honetarako muga eta “terminus ad quem” bezala XIV. mendeko azken hamarkada jarriko dugu, zeinetan ikusiko dugun, bai Nafarroan, nahiz beste probintzietan, Euskal Herriaren historian tinkotasun‑puntu bezala hartu litezkeen zenbait gertakari eman zela.
Arkitektura gotikoaren muina
[aldatu]Europako hainbat eskualdeetan distira nabarmena lortu zuenean, orduan iritsi zen gotikoa Euskal herrira. Giorgio Vasari-ren ustez, godoengandik iritsi zen eta horregatik gaizki deritzon “gotiko” estilo berria erromanikoaren berezko garapena izanik, ez da eragozpen egituraz eta adierazpenez guztiz desberdina izateko. Azken batean, beste espiritu batek egina baita. Nolanahi ere, “gotikoa arkitekturan osotasunaren muina da –idatzi zuen duela gutxi Pier Luigi Nervik–, eta eraikitzaileak garen partetik, ez dugu inoiz lortu hura gainditzea. Egituretan erabateko garbitasuna du, gaur egun guretzat inola ere errepikaezina dena”.[6]
Katedrala: Eraikuntza eta apaingarriak
[aldatu]Eraikin paradigmatikoa da katedrala, lehengo abade-etxe erromanikoaren ordezkoa. Nabarmena da oso haren egituren berezitasuna, orain hormak galdu egin du eusgarri izatearen eginkizuna eta gangen zama toki jakinetan kokaturik, arku sistema diagonalaren eta arbotanteen bitartez, zama hori eraikinetik kanpora eramaten da. Horren ondorioz ganga ez da pieza osokoa, baizik eta elkarren artean menpeko diren lau edo sei osagaiduna, bakoitzak egitura plastiko desberdina duelarik. Horrela ondorio bi lortzen dira, estiloa berehalakoan bereizi eta ezagutzeko:
- bere bertikaltasun jarraiki eta nabaria
- eta bere argitasun bikaina.
Gurutze-ganga
[aldatu]Arkitekturaren historialariek luzez egin duten galdera da ea estilo berriaren ezaugarrien artean gainerakoen bereizgarri izan zitekeen muin-muineko osagairik ba ote zegoen. Aho batekoa dirudi iritzia, logikoa denez, eraikinei zabalera eta garaiera handiagoa emateko jaio eta garatu zen estiloa, “gurutze-ganga” bikainaren asmakuntzatik abiatuta.
Lehengo ertz‑ganga, arku diagonalen bidez “ikusgarriago” egin nahi izatea, edo zenbait joera gutxi-asko elkarteko eta nazionalak ala sentimenduei adierazpen aparta eman nahi izatea, egun badirudi estilo berriaren alderdi erabakigarria baino gehiago dela egituretako asmakizun baten ondorioa.[7]
Dena dela, bada gurutze-ganga eraikuntzako tresneria soil bat besterik ez dela izan uste duenik, baita egituran berrikuntza egiazkoa ertz‑gangarekin asmaturik zegoela erakutsi nahi duenik ere.
HISTORIA. Gurutze-ganga, lehen aldiz, Durham‑go (1096‑1104) katedral erromanikoaren koruan eta Bretainia Handiko eta Normandiako beste elizetan azaldu zen.[8] Baina, Frantziako Erregearen Jabegoetan azaldu zen esperientzia erabakitzailea: Saint‑Denis basilikan (l´ile‑de‑Francen) bereziki, Suger abadeak bultzaturik nartexko eta burualdeko kaperetan gurutze-gangak jarri zituztenean. Europan zehar handik hedatu zen sistema, opus francisgenum izenez ezagutzen dena.
BILAKAERA. Gurutze-gangak eraikuntzan eskaintzen zituen abantailak zirela-eta berehala hartu zuten zistertarrek berentzat, horregatik estalgarri-sistema berriaren zabaltzaile handitzat hartu behar direlarik.
Hasieran, eliza arrunta tribunaduna zen; gerora etorriko zen “bitan banatutako horma” deritzona, triforioa sortuz eta katedralari lau maila edo solairuetako altxaera emanaz. Aurrerago, alde batera utzi ziren tribunak, bertikaltasuna areagotzeko; ondoren, gotikoaren “mural gardentasuna” iturburuari erantzunez, triforioa gardendu egin zen, eta azkenik deuseztatu egin zen erdiko habeartearen arkuteria, gainetan leihate handiak besterik gabe jasoaz, Beauvais‑eko katedralean, esaterako. Prozedura horrekin hau adierazi nahi zen: arkitekturako atal guztiak ez zirela gotiko bihurtu ez aldi berean, ez maila berean. Gaur egun oraindik XII. mendean eraikitzen hasitako zenbait katedral handitan ikus daitekeenaren arabera, eraikinaren beheko zatiak –aldaketak artean ezin harrapatuak–, eta gurutze-gangak ezin hobeak ziren.
Beste zenbait osagarri
[aldatu]Katedral gotikoan, eskulturak kanpoko arkupeetan eta janbetan arkitekturatik askatu egiten dira, mukulu biribileko eta berezko balioa izateko joeran.
Barrualdean, ezarritako zutabeek nortasuna gordetzen dute eta kapitelak mendekotasunik gabekoak dira –maila desberdinetan–, aldiz, gangak sei muturrekoak eta terzeletezkoak dira.
Zutabeak laster galtzen dira oinarrietan. Denbora joan ahala, gangak, teknika izugarri bat erakutsiz, izar eta sarezko egiturak hartuz joan ziren.
Arkuetan egitura berriak azaldu ziren XV. mendean: karpanelak, eskartzanoak, konopialak. Kapitelak gero eta txikiagoak ziren, eta galdu egin zuten egituraren gorengo maila azpimarratzearen eginkizuna; gerora “landareki” apaingarriak ziren ugari, zerrenda jarraian kardu hostoz osatuz.
Idi-begi erromanikoa arrosa-leiho gotiko bihurtzen da, hiru sarrera nagusietako hormetan jarririk. Arku zorrotzeko leihate gainetan eta horman zulatutako arrosa-leiho horiek, hasieran egitura zuzenak azaltzen dituzte barruan; gerora hauek uhindu egin ziren eta diseinua aberastu, nahiz eta beren erradioen banaketa bere horretan gordetzen duten.
Gotikoaren jatorria
[aldatu]Aurreko kapituluan ikusi dugu erromanikoaren sorreran eragin mugatzailea izan zutela, ekonomia, gizarte, politiko eta erlijioso mailako zenbait gorabeherek. Gotikoari buruz ari garen honetan, antzeko oharrak jaso beharrean aurkitzen gara.
Artean, estilo berri baten sorreran, baldintza eta arrazoien arteko bereizketak egin behar dira nolabaiteko zorroztasun filosofiko batez hitz egiteko. Adibidez, baldintza ekonomiko eta sozialek erraztu egin zuten gotikoaren jaiotza.
BALDINTZA EKONOMIKO, SOZIAL ETA POLITIKAKOAK. Gotikoaren erro bakarra gurutze-ganga asmatzea izan zela erakusten ez da gauza oso samurra, besteak beste gotikoa ez zelako arkitekturan soilik gauzatu. Estilo berri bat da, teknika eta egitura estilistiko multzo oso korapilatsu baten heldutasun antzeko bat; lehenik Zistertar Ordenak erabilitako irtenbide arkitektoniko berrietatik letorkeen guztia gainditzen du.
Eraikuntzaren ikuspegi soiletik begiratuta, gurutze-ganga erromanikoaren eraldaketa logiko moduan hartu badaiteke ere, onartu beharrezkoa da, halaber, abiapuntu itzel horretan –hiru mendeetan zehar egitura berrien jaiotza eta garapena sustatuko dituen eragin ahaltsu horretan–, Europa mailan aldaketa nagusi batek esku hartu zuela, hau da, baldintza eta egitura ekonomiko, sozial eta batez ere politikoari eragingo zion aldaketak.
Historialariek ikusia dute Europako herrialdeen ekonomian XII. mendearen bukaera aldera gertatu zen aldaketa, Europa mendebaldean nekazal jardueran atzerapena gertatu zen arren, aurrerapen ekonomikoa are gehiago handitu baitzen. Hiribilduen sorrerarekin beste gizarte mota bat jaio zen –burgusiarena, alegia– eta artisautzan eta merkataritzan jardungo zuen talde ugari sortu ziren. Nazioarte mailan gorabehera ekonomikoa garatu egin zen, txanponen erabilerak eta Gurutzadek irekitako Ekialde Hurbileko joan-etorrirako komunikazio-bideek errazturik.
Euskal Herriari dagokionez, baldintza horiek Nafarroako eta Gaztelako erregeek erraztuak izan ziren, hiribilduak sortu eta Kantauri aldeko kaietara bideak irekitzearekin.
HIRI-INGURUA. Nekazari-giroan ere sartu zen merkataritza-sistema berri hori eta horren ondorioa izan zen hainbat taldetako harreman-aldaketa, desberdintasunak areagotu eta aurretik zuten oreka haustea ekarri baitzuen. Burgesiaren boterea zabaldu eta areagotu egin zen, aldiz, noblezia apurka ahuldu eta nekazari-giroko zapalketa-egoera larriagotu.
Dagoeneko hasia zen sistema feudalaren gainbehera eta errege-aginpidearen etengabeko indarberritzea, eta hazkunde horrek presio fiskal handiagoarekin batera, bizimodu zibil eta erlijiozkoan esku-hartze zuzenago, eraginkorrago eta ikusgarriago bat eskatzen zuen. Nekazari gehientsuenak baserriak utzi eta hirietan kokatu ziren; eta honako hauen garapena beharrezkoa izan zen: zerbitzu publiko, industriaren bulego eta merkataritzaren biltegiena; horren guztiaren eraginez hiri arkitekturaren fisonomia aldatu egin zen. Sarritan, egoera berriaren adierazle izaten zen, populazio-guneetatik aparte izaten ziren antzinako abade-etxe erromanikoen ordez, hiri erdiko katedralaren agerpena.
ZISTERTARREN ERAGINA. Arrazoizkoa dirudi, beste adierazpen moduetan erromanikoaren espiritua gainditzen sumatu aurreko jardueretan nabari den aldaketatik hasten bagara, jakinaraztea hasia zela XII. mendearen erdialdera jada deskribatu berria dugun arkitekturako tresneria hedatzen Frantziako uhartean eta, mende horretan bertan Nafarroan sartzen “monje zurien” edo San Bernardoren semeen eskutik. Espainiako kristauengan XII. mende horren erdialdera hasia zen klunitarren eraginaren gainbehera, eta horren ondorioz Donejakuerako erromesaldietan artean zuten eragina txikiagoa zen Zistertarren Ordena berriaren eraginarekin alderatuz gero”.[9]
Zister arkitektura
[aldatu]Nafarroako zistertarren hasierako jatorriari buruzko zalantzak handiak dira. Nafarroan, Aragoi eta Gaztelako lurren artean kokaturiko bakartegiei dagokienez, arrazoiak badira zenbait agirien benetakotasuna zalantzan jartzeko; dokumentu horien arabera, Oliba monasterioren eraikuntza Ramon Berenguer IV. kondeari zor zaio (P. Moret‑en ustez eta haren arabera) eta Tulebraskoa (serorak) nahiz Fiterokoa (fraideak), berriz, Nafarroako errege Gartzia Ramirez “Berrezarleari”.
Egia da, zistertarren erako harrizko lehen eraikuntzak Nafarroako lurretan ez zirela XII. mendearen azken herenera baino lehenago eraiki. Estilo berria monje “zurien” edilen arautegian finkatua zen jada garai horretarako,.
ESTILO NEURRITSU BATEN EZAUGARRIAK. Sobera ezaguna da San Bernardok bere Ordenako eraikuntzei erantsi zien espiritu neurritsua. Ez zuten neurri ikaragarririk onartzen, eta bai luzean nahiz garaieran ostiko-arkuak erabiltzen ez zuten lanik izan; beirate koloreztatuak, eta zoladura ikusgarriak debekatuak ziren; ikonografia ere desagerrarazia zen, eta Kristoren gurutzea besterik ez zuten izaten.
Gurutzezko oinplanoa hautatu zuten, burualde angeluzuzena emanaz; deanbulatorioa edo ingurubidea eta kaperak ere angeluzuzenekoak. Traseptoak modu bereko hainbat kapera zituen, bere bi besoetan eginak.
Estalkiak hasieran parpain-arkudun kanoi‑gangak, xumetasun handiko gurutze‑gange bihurtu ziren. Estalgarrien zistertar teknikak, gotikoaren lehen une hori erakusten du (lehen gotiko deritzona), eta, harengan erdi-puntuko arku diagonalak kanporatzean, parpain-arkuak zurkaizteko beharra sortzen da. Hasierako zistertarrean, barruko arkuteria horiek guztiak angeluzuzenezko ebakidurazko nerbio soilez osatuak daude.
Zistertar elizak gordetzen du erromanikoaren aire apur bat, ez baitauka arbotanterik eta bere eusgarriak oinarriak eta kontrahormak baitira bizkarrean zutabe erdiak finkaturik, horman txertatzen direnak zoruraino jaitsi baino lehen; eta zutabetxoak angelu edo ukondoetan.[10]Oso gutxitan ematen dira irudiak kapiteletan, eta ia beti landare-irudiak azaltzen dira apaingarrietan.
Fiteroko Santa Maria
[aldatu]Ikerketa berrien arabera, Fiteroko Santa Maria monasterioa, Nafarroako zistertarrik zaharrenetarikoa da eta agian baita Espainiakoa ere. Lehen egoitza Yerga mendian izan zuen. Scala Deitik zetozen monjeak ziren, Morimond‑en harikoak eta Tarbeko elizbarrutikoak, Yergako elizan egiten zuten araututako bizimodua, Durandoren zuzendaritzapean Gaztelako Alfontso VII.ak Niencebaseko (1140ko urriaren 25ean) lekua eman zien lekuan.[11] Baina, leku hartako lehortea ikusi ondoren, berriro ere lekuz aldatzera behartuak gertatu ziren. Erraimundo abade Santuak jakin zuen Nafarroako eta Gaztelako erregeen nahiz Aita Santu eta gotzainen babesa lortzen, eta monasterioaren behin betirako egoitzan kokatu zen, Fiteron (1152).
Hasiera batean monasterioa gaztelaua izan zen. Gaztelako erregeek sortu eta babestua zen eta ondasunik gehienak Gaztelan zituen. Baina, laster hasi zen Nafarroaren arreta erakartzen eta, horretarako epaile izendaturik, Bolognako Guido kardinalak erabaki zuen, monasterioa Tutera eta Corellako mugen barruan kokatua zegoenez, Nafarroarena zela.[12]
Eliza. Fiterok, zorionez ongi samar gorde duen elizak –gaur egun parrokia–, bere kapitulu‑gelak eta klaustroak arreta bizten dute apaingarrien soiltasunagatik, zalantzarik gabe lehen zistertar arteari dagokion neurritasun bera baitu. Antza denez, 1152tik eta 1237ra bitartean eraiki zen dena, monasterioaren mezenas izan zen Toledoko artzapezpikuak eliza sagaratu zuen urtea delarik bigarrena. Gerora, Inozentzio IV.a Aita Santuaren bulda iritsi zitzaion, 1247an induljentziak eskainiaz.
Eliza zistertarren eraikinik zabalenen artean nabarmentzen da Espainian. Honen girolak, Veruelakoaren antzekoak, zorroztasunean gainditzen du. Leiho batzuk, kanpoaldera, jarraian doan moldura batez babestuak daude, ez harroin eta ez kapitel, Iratxetik eta Ozkabartetik kopiaturikoak dira. Ganga guztiak gurutze-ganga xumez eginak dira, erdiko habeartearen lehen tarteak izan ezik, XIV. mendean eraldatuak ziur asko. Girolen pilareak zilindrikoak dira eta bizkarrean finkatutako zutabeak dituzte, baina ingurubidearen saihets aldetik soilik. Gurutzeriaren oinarriek ere bizkarrean finkaturiko zutabeak dituzte, landu gabeko hostoak dituzten kapitelekin. Habearte nagusiarenak aldiz, oso gurutze egiturakoak dira, zutaberik gabekoak eta kapitel izugarri soilak dituztenak, pilastren kanpoalderako angeluetan zeharka jarriak. Agian honexegatik ikusi behar da zati honetan, E. Lambert‑ek iradokitzen duen bezala, Borgoina aldeko eragin zuzenago bat, eliza beraren burualdea inspiratu zezaketen Akitania aldeko ereduen aurrean.
Kapitulu-gela. Fiteroko kapitulu‑gelari ere apaingarrietan duen neurritasunak egiten dio distira, kapitel landaredun estilizatu nahiz geometrikoek. Mendebaldeko atariaren kapitelak estiloz gotikoak dira, baina frantsestuagoak.[13]
Oliba monasterioa
[aldatu]Iritzi onargarri moduan bederen gaur egun onartzen da Oliba fundazioa Gartzia Ramirez “Berrezarleari” zor zaiola. Lehenengo urteetan zehar, eliza eta lur sailak biltzen zituen fundazioak emaitza modura, jarraian hainbat Aita Santuren pribilejioak izan zituen, emariz jasotako ondasunez baieztaturik.
Lehenengo eraikina San Jesu Kristo deritzon elizatxo bat izan zen, eta, zenbaiten ustez, 1140ean eraiki zen. Baina, emaitza nagusia Zarrakazteluko elizarena izan zen, harengandik lur-saila hartu batzuen 1164an (“ut possint ibi ecclesiam aedificare”), Iruñean Antso Azkarra errege zelarik. Eraikina, 1198an, Santxo Indartsuaren garaian eman zen bukatutzat. Urte horretako uztailean egin zen eskaintza (burualdea, aldarea berekin zuela baino ez, ziur asko), urte luzeetako lana izango baitzen kapitulu‑gela, klaustroa, logela, jantoki eta sukaldea bukatzea.
Eliza. Eliza zister arkitektura jatorrekoa da: gurutze latindarra du oinplanoa, hiru habearte eta sei tarte, kanpoaldera horma‑bular handi eta zabalak dituztenak, trantseptua, lau absidiolo zuzen eta zirkuluerdi-formako burualdea, Claravalekoaren modura.
Erdiko habearteak 74 m‑ko luzera du eta trantseptuak berriz, 39 m-koa. Funtsezko egitura erromanikoa da, baina estalkiarentzat irtenbide gotiko baten bila zebiltzala ere ikusten da, zeren eta, arku zorrotzak gurutze-gangarentzat prestatuak dituzte. Gurutze-itxurako harroinek, aurrealde bakoitzean, ezarritako zutabe bikoitzak dituzte zeharkako arku eta formeroak biltzeko. Arku zorrotzak barrualde osoan nagusi badira ere, gurutzeriaren gertuko bi arku formeroak, erdi-puntukoak dira, honen bidez ikusten delarik XII. mendeko eraikuntza-lanak alde horretatik eta burualdetik hasi zirela.
Apaingarri eskultorikoak guztiz neurritsuak dira: kapitelak, bi figuratiboez kanpo (sirenak eta barregarriak), gainerakoak landare gaiak dira, betiere kapitel beraren kopari neurriz egokituriko gaiekin. Zaharrenak liratekeen kapiteletan, burualde eta absidiolo aldeko kaperetakoak dira landare aberatsen eta ugarienak dituztenak. Lepazuriak ere oso finki landuak daude, arroba, hosto mutur eta zintzilikako pinaburuak dituztela... gai kontutan eskulturagileak zisterraren lehen soiltasunarekiko begirunea azaldu nahi balu bezala, baina, formen edertasunekiko iaiotasuna eta sentiberatasuna ezkutatu nahi ez balitu bezala. Elizako kapitel guztiak daude hiru baketa handiko molduraz osatuak, non inposta jarraiki bat dirudien.
Trantseptuak bost tarte ditu, eta beren angeluetatik bereizita dauden zutabe fin eta garaiek ojiban zehar doazen arku formeroak biltzen dituzte. Arku toralak zorrotzak dira, eta diagonalak, hiru baketaz osatutako molduraz inguratzen dute plementaria. Barrualdean gangak kupula baten zirrara eragiten du, kanpoaldera berriz, kanpandorreko oktogonozko zinborio dotore bat irteten da.
Gurutzadurako kaperak alde bakoitzeko bi dira. Oinplano karratua dute eta gurutzeriazko tarteak dituzte. Erdiko kapera, antzinako “San Jesu Kristoren kaperaren” kopia zehatza dena, jarraian doan bi tartetako kanoi‑erdiko ganga zorrotzez eta, lurretik irteten diren ezarritako zutabe gainetan, elkartzen diren lau nerbioduraz, zatitzen den esfera laurdeneko ganga batez estaltzen da.
Burualde osoa txaranbeldu sakonekoa da eta isurtze luzea eta jatorrizko hutsartea hirukoizten duen bost erdi-puntuko hutsarte edo bao eder eta urratuek argiztaturik agertzen da, eta eguzki jaio berriaren argia abside gainean astiro irristatzen utziz. Saihetsetako habearteak baino pixka bat gorago altxatzen denez erdikoa, bere leihateek ezin dezakete garaiera handirik izan.
Monasterioaren alderdi batzuk, esate baterako, elizako atariak –harburutxoak, jarraian doazen kapitelak, eta abar– erromaniko espiritua baldin badu ere, baditu XIV. mendekoak diruditen edergarriak.[14]
Klaustroa. Olibako klaustro ederraren diseinuak, zistertarren estilo ortodoxoa urruti uzten du. XIV. eta XV. mendeetan burututako lanak dira, eta Iruñeko klaustroaren garaikideak direnez, beranduago aipatu beharko ditugu, nahiz eta bere lau hormartetako gangak –6 tartetakoa bakoitza– horma erromaniko zaharretan eta kanpoaldeko ostikoetan kontrajarriak dauden.
Irantzuko monasterioa
[aldatu]Andia mendilerroaren oinetan eta Lizarratik 8 km‑ra, Irantzuko monasterioa, Fiterokoaren antzera, Scala Dei (Gaskonia) monasterioari eginiko emari moduan sortu zen eta Parisko Pedro gotzainak fundatu zuen 1174an. Badirudi hasiera batean han erromaniko aurreko monasterio bat izana zela, eta ondorenean baita beste beneditar erromanikoa ere. Zistertarren bakartegiak Antso Azkarra eta bi Teobaldoren aldetik etorritako emari ugarien laguntza jaso zuen.
Mende luzeetan eraitsirik egon ondoren, berriki zaharberritu da eta gaur egun fraide Teatinoak bizi dira bertan. Monasterioaren zatirik garrantzizkoenak dira eliza eta klaustroa.
Eliza. Hiru habearte eta hiru horma-atal zapaleko absideak dituena da eliza. Gangek Olibakoak baino nerbiodura-profil aurreratuagoak dituzte. Hala ere, hormaren zenbait puntutan, aurrez ikuskatu ez ziren gurutzeriarentzako tupusteko sostengu gisa gangen abiapuntuak ikusten dira.
Klaustroa. Elizari bizkarrez ezarritako klaustroa aurkitzen da: bere bi hormarteak erromaniko estilokoak dira; beste bietan gotikoa agertzen da. Sukaldea eta kapitulu‑gela ere gotikoak dira; azken hau txikia eta xumea da, klaustrora begira dago erdi-puntuko arkuaz eta alde banatan leiho bakar bat duela.[15]
Beste fundazio batzuk eta eragin zistertarrak
[aldatu]FUNDAZIOAK. Nafarroan lekaime zistertarren beste fundazioak ere izanak dira: Tulebrasen (Espainiako lekaimeen zaharrenetarikoa), Martzillan (Karitateko Andre Mariarena) eta Lizarran (Salasko Andre Mariarena); eta gaur egungo Nafarroako mugetatik kanpo badago, halaber, nafar erregeek sortutakoa izan daitekeen beste moja‑etxe bat Barrian (Arabaren iparraldean), Burgosko Las Huelvas monasterioaren kidea izan zena; baina toki hauetan ez da geratu zistertarren artetzat har daitekeen ezer.
Eraginak. Nafarroan zistertarrak sartu aurreko eraikin askotara ere iritsi zen estilo honen ortodoxia, edo XIII. eta XIV. mendeetan eraiki ziren beste batzuetara.
Batzuk gogora ditzagun. Iratxeko monasterioaren elizari zisterraren eragina Ozkabertetik zehar datorkio; eta habearteetako harroinetan finkatutako zutabe bikoitzetan ikusten da; zeharkako arkuak baino askoz beheragoko mailan jarritako arku diagonalen abiapuntuetan; kapitel askotako xumetasunean eta hutsarte batzuk inguruan dituzten baketa handi xumeetan (Fitero eta Ozkabartekoan).
Aurreko atalean esan dugunez, zistertarren eragina oso itsatsia dago, halaber, Tuterako katedralean, “eskola berriaren eraikuntza teknika onak, erromaniko apaingarrien aberastasunarekin”[16] ongi uztartzea lortu baitzuen. Gurutzeriako pilareek beren aurrealde guztietan zutabe bikoteak dauzkate ezarriak eta baita ukondotxoetan ere beste batzuk; lehen gotiko languedoziar motatako bereizgarriak, Kataluniako distiraren kutsua dutenak. Gogora dezagun Tuterako kolegio‑elizako aldarea Tarragonako artzapezpiku On Ramón Rocabertik sagaraturikoa. Era berean, Olibako elizaren imitazioren bat ikus daiteke burualdean ere, zeren eta erdiko kainoi zorrotzak gurutzeriazko tarte zuzen bat bai baitu eta zirkuluerdi-formako gunea, zeharkako arku bertikalean hiltzen den erradiozko nerbioez sendoturik.
Oliteko Santa Mariak ere badu zistertarren ukiturik, habearte bakarraren oinplano xumean eta angeluetan kontrahorma sendoz finkatua dagoen burualdeko abside poligonalean –gainerako habeartean errepikatzen direnak–, non hormura gainetako gangen bultzada sentitzen duten parpain-arkuek.[17]
Zistertar arteak Euskal Herriko arkitektura gotikoan sartzeko gonbitea egiten digu. Baina, esan beharra dago hautaketa zorrotza egitera behartuak daudela, eta gotikoari dagokionean, benetako arte balio berezia eta nabarmena duten eraikin eta lanak baino ez ditugula aipatuko, dela Nafarroan, dela beste lurraldeetan.
Nafarroako lehen arkitektura gotikoa
[aldatu]NEKAZARITZAN OINARRITURIKO EKONOMIA. Goiz Erdi Aro bitartean, Europan gainerako eskualdeetan bezala, Euskal Herrian joera berak bizi ziren demografiari, ekonomiari eta gizarteari zegozkienetan. Euskal gizartea erabat zegoen nekazaritzan oinarrituriko ekonomiaren baitan. Nagusi ziren XI. eta XII.aren hasieran, lurrarekin bat eginda bizi ziren lurjabe eta eliz agintariak (monasterioetako abade, baroiak, jaunak, ahaide nagusiak eta abar) eta nekazari eta abeltzain zen populazioa eta zerbitzuetako populazioaren (nekazarien morroi, behartsu, eta abar.) arteko harremanak ia feudalak.
HIRIBILDUEN JAIOTZA. Baina, nekazari multzo handi batek, XII. mendearen bukaeran eta XIII. mendean zehar, etengabe lurrak utzi eta hiribilduetan finkatzeak industria eta merkataritzaren garapena sustatu zuen eta honek krisialdi sozial eta politikoa ekarri zituen, Europako gainerako herrialdeetan bezalakoa.
Euskal Herrian, foruen eta hiri‑gutunen bidez sorturiko hiribilduak fundatzeak egitura ekonomiko eta sozial baten ekarpena egin zuen; hain zuzen ere, lehen noble nekazariekin jasan behar izan zituzten egoeraren aldean oso bestelakoa. Inola ere aldakuntza oso astiro joan zen, eta XV. mendearen aurreko aldi horretan gizartean etengabeko ezadostasun giroan, historialariaren arreta ezerk pizten badu, irtenbide tekniko eta estilistikoetan profil berriak azaltzen zituen erlijiozko artea bultzatzeko eta garatzeko gogoa eta baliabideak izatea da.
Nafarroako frantses gotikoa
[aldatu]Orreagako kolegio‑eliza
[aldatu]Orreagako kolegio-eliza XI. mendearen azken alderako bederen eraikia zegoen beste eliza baten ordezkoa da. Ostatu sonatua duen eliza da, hau da, 1132an Ibañetako tontorretik mendi magalera eta Donejakueko galtzadaren ertzera lekualdatu zen. San Agustinen kanonikoek gobernatzen zuten ostatu horretan erromesek eta gaixoek zerbitzu egokia aurkitzen zuten eta horregatik gotzainen pribilegioak merezi izan zituen, baita XIII. mendeko olerkari batek eskaini zion latinezko gorespenezko olerkia ere –batzuen ustez, Radako Rodrigo Jimenez gotzainarena da; delako latinezko poemaren eskuizkribua kolegio‑elizan jasoa da.
Eliza desitxura dago suteak (1445), hondoratzeak (1609), konponketak eta eraberritzeak jasan ondoren. Ez dira jatorrizkoak ez sarrerako arrosa-leihoa, ez tinpanoa. Hori guztia gutxi balitz bezala, 1940tik 1945era zaharberritzeko saioetan eraberriturik, bere hasierako edertasuna galdu zuen: beirateak, pulpituak eta aldareak jarri ziren, eta Birjinaren irudiaren gainean zilarrezko baldakinoa, Gironakoaren kopia.
Eliza. Agirietan azaltzen denez, Antso Azkarrari esker egina izan zen eliza eta hiru habeartetakoa da. Erdikoa albokoen gainetik igotzen da eta burualde pentagonala du eta leihate galantak horma nagusietan. Ez da oso handia; 25 m ditu luzean eta 18 m zabalean eta 15 m garaieran. Bost tartetako habearteak, txandaka diametro desberdineko zutabeez bereiziak daude (0,94 m eta 0,72 m); berauek, kapitelak bitarteko, sei zatiko gangetako nerbioak zutitzen dituzte, hormetan ezarritako zutabetxoen bidez. Harrizkoak diruditen gangak, itxuraz atalak diruditen arren, adreiluzkoak dira.
Torres Balbásen iritzian, jabego frantsesen eraikin gotikoetan –Paris aldekoetan, batez ere– jakituna zen arkitektoa frantses bat izango zen egilea dirudienez, zeren eta Orreagako elizak jarraitzen ditu XIII. mendearen hasierako katedralen ereduak, hala nola, Sens, Noyon, Senlis, Bourges eta Pariskoak. Horien antzera, tarte bakoitzak lau arkuko triforio lerden bat du, eta bere gainean arrosa-leiho zabalak irekitzen dira; Jouy‑le‑Moustier-en eta Marey‑Marly‑en gertatzen den bezala. Parisko katedralean bezala, honen euskarriak zutabe zilindrikoak dira. Nafarroan, lehenengo aldiz ikusiko dugu gangen zama kanpora botatzen duten arbotanteak dituen eliza.
Orreagako eredua. Gogoan hartzekoa da Orreagak duela Penintsulan ikusi zen lehen frantses gotikoa, eta Leon, Burgos eta Toledoko katedralik bikainenak ondorengo estiloari dagozkionak direla, “gotiko dirdiratsu” deritzonari, alegia.
Orreagako eliza “eskola egina”[18] izango zen, Zangozako Santiagon imitazio bat aurkitzen baita. Eliza horren barrualde erromanikoa aldatu egin zen, alde batzuetan zirkulu-formako ebakidura duten oinarriak ezarriz, haien gainean gangen nerbioak, angeluzuzenezko tarteak –sei zatitakoak, Orreagan bezala– jasotzeko bizkarra finkaturiko zutabeak zutitzen direla. Horien baoetan, idi-begiak aurkitzen ditugu, baita mainel eta trazeria xumezko beste batzuk ere.
Agilarreko San Bartolome ermitako absideko gangetan eta bere sartaldeko fatxadaren hormapiko soil‑soilean ere hainbat zistertar eragin sumatzen da.
Baionako katedrala
[aldatu]Ipar Pirinioetako Baskonian altxatako eraikin gotikoetan nabarmenena Baionako katedrala da, inolako zalantzarik gabe, Lapurdiko hiriburuan –garai bateko Lapurdumgo hiriburuan. Eskualde honek ingelesen menpe bazeramatzan mende eta erdi, Goiz Erdi Aroko eliza baten ordezko katedrala eraikitzen hasi zirenean [19]: Baina, ez zen soilik Ingalaterra izan, eraikin berriari ukitua ematen jardundakoa.
Eraikuntza-lanak XIII. mende hasierakoak badira ere –1258an jasandako sutearen ondorengoak–, egitura XIV. mendekoa da, gotiko dirdiratsu estilokoa.
Elizak. Hasteko, oinplano gurutze latindarra du, baina alboetan erantsi zaizkion kaperak direla-eta, ez da ikusten kanpotik. Itxura bikainekoa da, 80 m baditu luzean eta 33 m zabalean, bere gangak 26,50 m-ra iristen dira garaieran, eta baditu hiru solairuko zazpi tarte. Iparraldetik sei kapera eta bataiategia erantsi zitzaizkion. Elizaren espazioa hegoaldetik ere zabaldu egin zen, klaustroko lau hormarte moldatu eta kapera bakar bat osatzeko –San Leonena– eta elizan baitaratzeko; eta beste tarte bat –gurutzaduraren eskuinaldeko hegalari zegokiona izateagatik, gainerakoak baino zabalagoa– ere klaustroari ostu egin zitzaion sakristia egiteko. Eraikina triforio batek zeharkatzen du aldenik alde, elizaren beheko arkuen gainetik. Honen atzetik distiratzen dute XIX. mendean zaharberritutako errenazimentu garaiko beirategi ederrek.
Ganga‑giltzarri batzuetan Ingalaterraren koroaren armak ezagut daitezke (hiru lehoinabar) eta besteetan berriz, lirain azaltzen dira Frantziako lirioak. Burualdea, Lamberten ustez, Soissons‑eko katedralean inspiraturiko bi kapera karratu (alde banatan bana) eta poligonozko bostek osatzen dute deanbulatorio batez elkartzen direlarik. Beraren aurrean, atxikitako lau zutabetxoz osaturiko sei oinarriz inguratua dago presbiterioa.
Klaustroa. Elizaren esparrura sarturiko klaustroaren ipar alderdiak baditu hiru hegal, multzo homogeneo orokor bat osatuz.
Baionako katedralaren kanpoaldeko ikusmira bikaina da. Harri eta zur geratzekoa da haren leihateen garaiera eta ostiko-arku andana osorik ikusita, dorretxoz koroatutako kontrahorma eta guzti. Harriaren kolore argiagoa dela-eta, erraza da XIX. mendeko eraikinak bereiztea: lehenengo hegoaldeko dorreari erantsitako gezia, eta iparraldeko dorrea bera ere, 80 m‑ko gezi batek koroatzen duena.
Espiritu Santuaren kapera
[aldatu]Sonatua da Baionan, halaber, antzinako Espiritu Santuaren kaperatik geratzen dena: Aturriren gainean eraiki zen zubi bat zela-eta ospitale batekin batera erromes eta bidaiarientzat eraiki zena. Luis XI.ak 1483an kolegio‑eliza bihurtu zuen, eta multzo osoa eraberritu egin zenez, ezin jakin dezakegu nolakoa zen jatorrizko kapera gotikoa.
Oloroeko katedrala
[aldatu]Oraingoz, ipar Pirinioetako eskualde horretatik irten gabe, aipa dezagun Oloroeko Santa Mariaren katedralera[20] igaro zela Baionako katedralaren plano bera, burualdeko erradioko kaperen batasuna, hain zuzen ere, eta, hemen merezi du aipamen bat gertutasun geografiagatik eta Biarnok Nafarroa Beherearekin sarritan izandako harreman politiko eta kulturazkoengatik bada ere.
Beste eraikin gotikoak
[aldatu]Elie Lambert gotiko historialariaren ustez, erromanikoa Espainian –iparrean nahiz sartaldean– sakonki girotua gertatu zen, “hainbeste girotu ere, non, Nafarroak bere horretan leial jarraituko zuen ia XIV. mendera arte ere”.[21] Eta egia da, zistertarren elizak eta Orreagakoa alde batera utzita, Euskal Herrian ez direla XIII. mendeko azken urteetan baino sortzen, aurki daitezkeen eliza gotiko zaharrenak.
Bilduma honetan gure arreta merezi duten eraikinak azpimarratuko ditugu, beren eraikuntzako kronologiaren arabera.
Oliteko Santa Maria
[aldatu]Zerrenda honetan lehenengoa da aipatu berria dugun Oliteko Santa Mariarena, halakoxe zistertarren eragina duena. Eraikitzen XIII. mendearen lehen herenean hasia izanik ere –dokumentuetan 1243an agertzen da–, mende horretan zehar burutu zen. Egia da, bai, estalgarriaren egiturak erromaniko aldera bultzatzen gaituela, arku zerrendak direla-eta.
Eliza. Habearte bakarra du, angeluzuzenezko ebakidura duten nerbio sendoz osatutako lau zati soileko tartez estaltzen da. Eraikinaren oinetako koruari dagokion gurutzeria ere gotikoa da, aurreragoko joera gehiago antzematen bazaio ere –1300 aldekoa ziur asko– eta gainerakoa baino garaiago kokatua dago. Kapera nagusia, zistertarren loreak gogoratzen dituzten landarezko kapitelen gainetan bukatzen diren zutabeetan kokatutako baketa-nerbio hirukoitz galloidun gangaz estaltzen da.
Jauregi multzo batean bildurik gelditu zen eliza, hori dela eta kanpoaldeak ez dira apartean geratzen, burualdea izan ezik, guztiz gazteluan txertatua baitago, eta atariari, Azkarateren ustez, Balearretako eragina sumatzen zaio.[22] Elizaren fatxadaren behealdean atari gotiko txaranbeldu eder bat da nagusi, eskulturak babesten dituen trilobilatuzko arku-frisoz erdiratua.
San Saturnino (San Zernin) Iruñekoa
[aldatu]Iruñean, San Saturnino –San Zernin– oso interesgarria da. Historialariek bere berezitasunagatik aipatzen dute.[23] Eraikuntza-lanak XIII. mendeko azken laurdenekoak dira (1276‑1297), Nabarreriako borroka bukatu eta berehalaxe hasiak. Baina, eraikuntza-lanari buruzkorik ez da agirietan ezer geratu.
Eliza. Habearte bakarra eta oso zabala du (15,30 m ), eta sei zatiko gangez estaliriko bi tarte ditu, 25 m-ko garaieran. Bitxia bada ere, burualde zabalak, habeartearen zabalera berekoa denak, bost kaperetara irekitzen den pentagono bat marrazten du.
Erdikoa gainerakoak baino handiagoa da, eta alde bakoitzean ondoan dauden biek oinplanoa poligonala dute; beste biak karratuak dira eta gainean dorreak dituzte –burgoen arteko borroken oroimenez ziur asko. Erdiko kapera argiztatzeko, jatorrizko arrosa-leihoen ordez jarriak izango ziren leihate garaiak ditu. Beste kaperak itsuak dira eta kanpotik ikus daiteke haien egitura poligonala.
Artaxoako Hesiko San Saturnino
[aldatu]Artaxoan, nafar lurretan Erdi Aroan eraiki ziren gotorleku ugarien artean, harresi multzo ikusgarria gorde duen hiribildu bakarra den honetan, Hugo de Conques gotzainak, 1100ean eliza erromaniko bat eraikiarazi zuen, gerora eraitsi, eta beste eliza gotiko bati utzi zion haren izendapena eta eginkizuna.
Hesiko San Saturnino eliza eta gotorlekua hesiaren horma-zati gisa, XIII. mendean hasi zen eraikitzen. Habearte bakarrekoa da, zabala eta liraina, beren kapitelak galdu dituzten zutabe gainetan –sorta moduan babesturikoak– gurutze-gangaz estalirik. Burualdea poligonala da, eta alboan ikonozko kapitelak dituzten zutabetxoak ditu, baita arku zorrotzezko hiru leihate ere. Eliza berriaren burualdeko horma eraiki ondoren, denbora pasako zen habeartea eraiki baino lehen, burualdekoen kontrastean, bere leihateen liraintasuna eta argitasuna kontutan hartzen bada.
Ikusgarria du ataria, arku txaranbeldu sakona duena, arkuteria itsuez inguraturik eta irudirik gabea eta San Saturninoren martiritzako eszenak irudietan azaltzen dituen tinpano eta ateburuarekin.
Osagai eta aztarna gotikoak
[aldatu]AZTARNAK. Historialarientzat garrantzia baldin badute ere, XIII. mendeko eliza gotikoen artean, zein egoera galgarritan dauden ikusita, arkeologoentzat arreta gehiago merezi duten aztarna garrantzizkoak dituzten batzuk aipa ditzakegu:
Vianako San Pedro 1250 baino pixka bat beranduago hasi zen eraikitzen. Iruñeko San Zerninekin badu zerikusia, Iruñekoaren hiruen ordez, presbiterioko erradiozko bost kapera dituelako.
Lizarrako Santo Domingo, sermolaritzako asmoz, 1258an sortu zuten eskeko fraideek –domingotarrak eta frantziskotarrak–, habearte bakarrekoa eta arkuduna antolamendua.
Lizarrako Hilobi Santua (1272) ere, bestea bezalaxe, habearte bakarrekoa zen, gurutze-ganga xumez estalirik; apaingarritako arkuak atarian, ataria arku zorrotzetako arkibolta molduratuez inguraturik.
BERRIKUNTZAK. Nafarroako gotikoaren berrikuntzak izan ziren:
- elizatik bereizita altxa ziren babeserako dorreak: Iruñean, San Zernin eta San Nikolas; Guardian, San Joan Bataiatzaile eta Santa Maria;
- kanpandorretako geziak ere garaitsu horretan sortu ziren, Oliteko San Pedro elizan.
OSAGARRIAK. Era berean gogora ditzagun XIV. mendean gotiko estiloz osatu ziren eliza erromanikoak:
- Leireko habeartea, orain luzatu eta tertzelete gangez estalirik dena,
- eta Uxueko Santa Maria
UXUEKO SANTA MARIA erro‑errotik eraldatu zen eta Birjina honi bere bihotza emanik, haren gangetako giltzarri batean bere armarria jarri zuen Karlos II.a erregeak, alegia. Hasierako elizaren mendebaldeko zatia 1349tik hasita bota egin zen eta ondoren beste eliza berri bat eraiki: bere oinplanoa gradu batzuk ipar‑mendebalde aldera aldatu zen norabidez, era honetan eraikin erromanikoaren ardatza tokiz aldatuz. Zabalean 15 m zituen habearte zabal bat eraiki zen, ganga oso garai batez estalia, kanpoaldeko horma‑bular sendoz arindurik. Hauek arbotante luze batzuez sendotuak gelditu ziren iparraldetik eta sartaldeko hormaren muturrean kokatutako bi dorrez, bietatik bat bukatu gabe utzi zena. Hiru habeartetako burualde erromanikoari erantsi zitzaion horien zabalerako bakarra.[24]
Nafarroan, XIV. mendean zehar, habearte bakarreko elizak erruz ziren. Kaseda, Munarriz, Bilatorta, Urzainki eta abarretan ikusi daitekeenez, XV. mendean zehar era honetako landa-elizei eutsi egin zitzaien.
IRUÑEKO KATEDRALA. Iruñeko katedrala eta klaustroa aipatzen hasi aurretik gogora dezagun –beharturik baikaude– katedral inguru osoaren barruan hor geratzen direla XII. mende hasierako harlandu erromanikoez gain, eliza baino lehenagoko gotikoaren arrasto prestuak, adibidez:
1. On Pedro Rodaren kapera, txikia, habearte bakarrekoa, burualde karratua eta giltzarririk gabekoa, eta gurutzatutako nerbioen gangak –XIII. mendeakoak– zeharkako arku zorrotzak dituena.
2. Sukaldea oso zabala da eta ganga oktogonala du. Harridura sortzen du erdi‑erdian eta ertzetan tximiniak dituela ikusteak, Espainian ere ez baita horrelakorik;
3. Jantokiak –gaur egun katedraleko museoa da– zabalera nabarmena du, zortzi leihate luze eta estuez jantzirik –sei alboetan eta bi buru‑hormetan– arrosa-leiho baten saihetsetan. Lau zatiko gangaz estalia dago. Gela handi honek, latinezko idazkun batean 1330eko data du, Barbazan gotzainari zor zaizkio harren garaiko klaustro berriaren bi hegal. Jantoki honek eta sukaldeak inguratzen dute klaustroa.
KATEDRALEKO KLAUSTROA. Iruñeko katedrala eraiki aurrekoa dela esan behar da klaustroaren eraikin luzea. Eraikuntza-lanak 1280an[25] hasi ziren; eta XIV. mendean artean jarraitzen zuten lanek.
Barbazana kapera. Barbazan gotzainak egin zuen (1317‑1355) kapitulu‑gela izan behar zuena eta bertan lurperatu zuten; gela eder hau, Barbazana kapera deritzona gaur egun (1319), izar egiturazko zortzi aldeko ganga batez estali zen, Toledoko katedralaren San Ildefonsoren zortzi aldeko kapera gaztelauaren jatorrikoa, bereziki estimatzekoa.[26]
Iruñeko klaustroa
[aldatu]Iruñeko klaustroak alde bakoitzean 38 m-ko karratu ia oso bat egiten du; galeria bakoitza zortzi tartez osatzen da, angelukoak barne, eta erdialdeko seiek leihate oso handiak dituzte lorategi aldera; ia 9 m‑koa da gangen garaiera eta bataz besteko zabalera 5 m‑koa.
LAU ETAPA. Iruñeko klaustro honen deskripzioa eta historiako ikerketa osoena eta dokumentuz hornituenaren egileek lau etapetan kontatzen dute eraikuntza.[27]
1. aldia. Ekialdeko hegaletik hasitako lanak iparraldeko hegalaren erdiraino iritsiko ziren.
Jatorrikotzat hartzen den diseinua hemen azaltzen da: bozel bikoitzeko oinarriak, inguruko zokaloak lau gingilez apainduak, eta kontrakoan trilobulatuzko arkuak; landare apaingarriak arkiboltetan; apaindurez hanpatuak kapitelak, eta tarte bakoitzean hiru mainel oso finez eutsitako leihatearen trazeriak –erdikoa zertxobait gizenagoa– barruan bost arku zorrotz finkatzen direlarik, babestutako bitik behin egitura bereko beste bat, eta zirkulu-formako hiru arrosa-leiho.
Diseinuak lehen gotikoak berea duen eredu xume eta arina jarraitzen du. Arku artetan arku itsuak gainjarri ziren geroago.
2. aldia. Barbazan gotzainaren eraginez egina da ziur asko (1318‑1355), data horretan bukatua izango zen iparraldeko hegala eta sartaldekoa hasi.
Bozel bikoitza galdu egiten dute pilareek, eta gangetako nerbio guztien batasuna osatzen; trazeriak konplexuagoak bihurtzen dira idi‑begi eta biribil irudi gero eta gehiagorekin, arkuarteak apaintzen dituzten arkutxoei bizitasun gehiago ematen zaie, eta maila horren gainean klaustro osoa zeharkatzen duen baranda kalatu bat kokatu zen.
3. aldia. Hegoaldeko hegalari dagokio, eta XIV. mendearen azken herenera arte iraungo zuen.
Berritasun handiena erlaitz eta barandekin gurutzatzen diren arkuarteko arkutxoetatik doazen gableteen eransgarrietan dago, marrazki kalatuen triangeluetan tinpano txikiak uzten dituztelarik.
Klaustro gaina eraikitzea erabaki zen urte horietan, eta 1472ra arte iraungo zuten lanek. Gain horretara igotzeko, erdian begia eta poliki sarturiko baranda bat duen helize‑eskailera batetik joaten da.
4. aldia. Garai hartan, klaustroko lanak denbora luzez geldirik egotera behartuak izango ziren, 1348ko izurrite handiaren ondorioak zirela, mendearen bukaerako gertakari politikoak zirela eta 1391n katedral erromanikoaren burualdea hondoratu zela medio. Hala, XV. mendea aurrera sartu bitartean ez zuten jarraipenik izango XVI. mendean bukatu ziren lanek.
Azken aldi horretan (1492?‑1507), klaustro osoa ia erabat bukatu zenean, sartaldeko hegala arkuartez, barandaz eta gableteez jantzi zen.
Klaustroaren mendebaldeko hegalak ez du gableterik, baina bere barandak pinakuluz josita daude; gainerako hegalak badituzte gableteak eta ertzetan pinakuluak dituzten baranda jarraikiak.
DENA LIRAINTASUN ETA EDERTASUN. Halakoxea da, klaustroa osotara ikusteak sortzen duen zirrara, lanen luzapenez ezinbestean sortutako ondorioen inkoherentziak ikusten diren arren.
Azkaraterentzat, “manierismoaren txanda horretan, arkitektura gotikoaren adibide hoberenetako bat” da. Lambert eta Torres Balbásen iritziz, “inongo klaustro frantsesik ezin daiteke Iruñekoarekin parekatu”.
Arkitektura militarra
[aldatu]Nafarroako gazteluak
[aldatu]Gotiko garaian Nafarroan oso ugaria izan zen arkitektura militarra, eta mota askotarikoa:
- mugen zaintzeko ziren gazteluak;
- seinale dorreak, inoizko erasoen aurkako defentsazko dorreak;
- gotorleku-egitura eta -itxura duten gazteluak eta abar.
Gaztelu ugari. “Hirurehun gaztelu baino gehiago, agian” idatzi zuen gai honetan jakitun den Jose Mª Errekondok. Horien arteko batzuk ia guztiz desagertu dira; beste batzuk, egoera oso galgarrian daude, Cisnerosen eraispen-aginduak eta betiko bandalismo dela-eta; baina ez da dokumentu bidez guztiak katalogatzeko saiakerarik falta izan.[28]
DORREAK. Nafarroan badira erregearenak eta nobleziarenak; hauek, hasieran dorre bakan moduan eraiki ziren, esaterako, Longida ibarrean Aiantzeko almenazko guztiz ederrak, ala Zilegietakoa, angeluetan zilindrozko kuboak eta guzti dituztenak. Inguruan izaten dituzte barrendegi apalagoak gehigarri eta sarritan dorretzar bat ezarririk; zeren eta “XI. eta XII. mendeko dorre xumeari, omen gisa geratu litekeenari, saihetsetan beste bi dorre txikiagoak sortzen zaizkio; hesiak ixten dituzte gortina eta harresiaren barruko poligonoak eta kanpoan uzten ateisilak eta arrasteluak dituen zuloak” (J. M. Errekondo).
GAZTELUAK. Baina gerora sortu ziren gazteluak, angeluetan defentsarako kuboak dituzten harresitzarrez inguraturiko dorrea dutenak. Gogora dezagun adibide modura, zaharberritua dagoen Xabierko gaztelua.
Neurri handikoak eraikitzen ziren, harlandu oneko hormez, garaiera egokian jarririko murru-arteka zulatuez, kanoi‑zuloez eta matakanez.
ESKEMA ARKITEKTONIKOAK. Eraikin hauen oinplanoari buruzko dokumentu zehatzik ez den arren eta barruko esparruaren zatiketari buruzko ezer gutxi dakigun arren, zerbait zehatzagorik ezagutzen dugu honako hauetako batzuei buruz.
Zangozako Gazteluaz dakiguna da 1390ean gazteluak bazuela “inguruan barbakana, zain‑etxola bat gainean ate nagusi batekin, hiru dorre ertzetan, ganbara garai bat eta areto handi bat”.[29]
Garañoko dorrea babesten zuen barbakanan ere hiru dorre altxatzen ziren.
Teobaldo II.aren (1253‑1270) erregealdikoa dela esaten den Tiebasko gazteluaren aurriek erakusten dute XIII. mendean defentsa izaerako nolako errege-gazteluak eraiki ziren: eraikuntza sendoa, oinplano angeluzuzeneko patio bat inguratuz. Horrelakoxea izan behar zuen jatorrizko Oliteko gazteluak ere.
Arabako arkitektura gotikoa
[aldatu]Guardia
[aldatu]Guardiatik hastera bultzatzen gaituzte logikak eta kronologiak; zeren eta, hiri hau Nafarroakoa baitzen, Gaztelak 1461ean bereganatu zuen arte. Gotikoaren lehen aldi honetan oraindik ez da libratu aurreko aldian defentsarako hain beharrezkoa izan zen erlijiozko lantegia konplexu hartatik. Araban eta Nafarroan “harresiak, elizak eta hirigintza egitasmo bat beraren azpian zeuden”. Hauxe gertatzen da, besteak beste, Guardia, Agurain eta Gasteiz hirietan, “oso zuhurki hautatutako kokalekuetatik, beren defentsarako erabiltzen dute topografia eta muinoetan kokatuta, inguruko eskualde osoa menderatzen dute, bai begiz eta estrategiaz”.[30]
SAN JOAN BATAIATZAILE PARROKIA. Eliza erromanikoan hasi eta gotikoan bukatu zen. Gerora, zenbait estilozko gehigarriekin garatu zen; baina eraikinaren zatirik garrantzizkoena XIII. mendekoa eta XIV.aren hasierakoa dela esan daiteke.
Hiru habearte dituen eliza da, baina XVI. mendean beste bat eraiki zitzaion iparraldetik. Zati desberdinak ditu, gurutze-ganga xumez estalia dago, koruaren erdiko tartea estaltzen duena izan ezik, hau tertzeleteak dituena baita.
Atarian izan zen arrosa-leiho izugarria, diametroz 3,40 m zituena, XIV. mendekoa ziur asko, eta Pilareko Amaren kapera eraiki zenean hormaratua geratu zen. Hiru zirkulu zentrokidek inguraturiko arrosa-leiho berezi hau, lau gingileko sail bat duen zirkulu batez dago osatua. Abside aldetako hiru kaperetako leihate luzeak –XIII. mendeko jatorrak– horma‑bular sendoen artetik altxatzen dira.
Ate baten gainean defentsa militarreko dorrea dago zutik, elizatik kanpo geratzen dena baina beraren babesean.
ERREGEEN SANTA MARIA ELIZA. Honek ere aldakuntza handiak izan zituen, eta San Joan Bataiatzailearen elizan bezala, hau ere erromanikotik gotikora igaro zen. Koruaren atzealdeko hormaren babesean dauden zutabeak, oinarri batzuk eta koruko eskaileraren gaineko arku zorrotzeko leihatea trantsizioko erromanikoari dagozkiona da.
Gaur egun eliza hau zabala da, hiru habeartetakoa; gotikotik, gaur egun behe aldeko bi tarteak gordetzen dira, izan ere, XVI. mendean gaineko beste tarte bat eta burualdea desagertu egin ziren, beste errenazimenduko batez ordezkatzeko. Erdi Aroko habearteak terzeletezko gangaz estalirik daude.
Lan hau XIV. mendean eman zen bukatutzat, atari ederrekoa da bera, eta badu arku zorrotz txaranbeldu oso handi bat, bost arkiboltakoa, Apostoluen irudi batzuen gainean tinpanoa apaindurez hanpatua, arku eskartzanoa eta bi ate trilobulatu eta Birjinaren irudi airosa duen mainela dituela. Atari hau XVI. mendean osorik itxi zen, izar-ganga itxurako batek estalitako kapera osatzeko.
Gasteiz
[aldatu]KATEDRAL ZAHARRA. Gasteizko Santa Maria Katedrala, inolako zalantzarik gabe Araba osoan sortutako eraikinik ederrenetarikoa da. Gaur egungo eraikin hau beste erromaniko baten ordezkoa da, 1181an Nafarroako errege Antso Azkarrak hiri‑gutuna eman orduko eraiki zena. Burgu zaharrean, goi‑lautada estu baten ipar-muturreko kokapen estrategikoak pentsarazten du eliza-gotorleku baten osagaietako bat izan zela, eta hala izan ere; azken urteetan egiten ari diren indusketetan azaldu da, jatorrizko eliza erromanikoaren azpiko kripta argitara ateratzean, antzina Gasteizena zen harresia aprobetxatuz eraiki zela eraikina. Eliza‑gotorleku bat zen, bere inguruko zati handi batean –iparraldekoan–, Erdi Aroko eliza‑gotorlekuetan ohikoa zen igarobidea salbatu duena.
Kolegio‑eliza izatetik Katedral izatera. Baina gaur kontenplatzen dugun eliza honen eraikuntza-lanak 1340‑1345 bitartean, Alfontso X.aren erregealdian hasiko ziren, nahiz eta harrigarria ere baden 1350era arte dokumenturik ez izatea. Eraikina estali aurretik beharrezkoa izan zen liturgia ospakizunak ziurtatzea, kapera gehigarri bat (1390‑1400) eraiki baitzen, gaur egun parrokia bati dagozkion eginkizunak burutzen dituena. Eliza nagusia, Santa Mariari eskainia, 1498an kolegio‑eliza izatera hartu zuen –Armentiakoa lekuz aldatu zelako– eta 1861ean katedral izatera igaro.
Eliza hiru habeartekoa, oinplanoan gurutzadura oso nabarmena du eta hiru tarte alde banatan; besoetara zister estiloko bi kapera ireki ziren alde banatan, hirugarren tarte trapezoidala girolaren abiapunturako utzirik. Gurutzaduratik abiatuta habearteek sarrera aldera bost tarte dituzte; eta burualdetik bost tartetako girola bat hasten da –aipatutako abiapuntuko biak barne–, honi absidean hiru kapera pentagonal ireki zaizkio. Habearteen saihetsetan, horma‑bularren artean, sakontasun gutxiko kaperak daude.
Oinarrian, zirkulu-formako oinplanoak dira, gangetako nerbioekin egokitzen diren atxikitako zutabetxoekin. Egia dirudi, lehenengo eraikin gotikoak zurezko estalkia zuela eta, haren ordez harrizkoa egin zitzaionean, horma‑bularren kokapena eskasa izan zela, eta eusgarrien erortzeak –gaur egun begien bistan dagoena– eraikinaren sendotasuna ziurtatze aldera, oinarrien liraintasuna eta gangen batasuneko edertasuna sumatzea eragozten duten eusgarriak –arku apaldu batzuk– gainjarri zirela.
Zaharberritze lanak, 1962 eta 1964 bitartean egindakoak, lau “ukondo arkuak” kentzeko egin ziren, hain zuzen ere. Hogeita hamar urte beranduago, badirudi katedralaren egitura berriro ere mugitzen hasi dela eta gaur egun sendotze-lanak egiten ari zaizkiola. Kapitelak, landare estilizatuak dira ia denak. Gangen gurutzeria xumea da. Katedral honen ezaugarririk bereziena triforioa da, pasabide gisa estua bada ere (50 m), eliza osoa inguratzen du, arkuak trilobulatuak dira, lau orriko barandak eta moldurak multzo osoa inguratzen duelarik. Oinetan eta gurutzaduraren sartaldeko angeluetan dauden eskailera kiribiletatik igotzen da hara.[31]
Argia habeartera idi‑begitik sartzen da eta burualdera, berriz, habeartearen lehenengo tartetik, eta alboetara XIV. mendeko trazeria ziztatua duten leihateetatik. Elizan sartzen denari ahaztu ezinezko zirrara eragiten dio argitasunak, kanpotik begiratuta bloke itxi baten itxurari kontrajartzen zaiona, eta halaber, triforioa eta arrosa-leihoekin habearteko arkuteria zorrotzen konbinazio jakintsua.[32] Eliza hau aberasten eta bisitaria hunkituta uzten duen beste osagai bat da eskultura-lanen ugaritasuna, batez ere, arkupeko hiru ateetakoak, XV. mendeko bigarren zatikoak.
SAN PEDRO ELIZA. Batek pentsa dezake, proportzio oneko triforioak Santa Maria elizari ematen dion edertasunak inspira zitzakeela San Pedro elizaren gasteiztar eraikitzaileak; inola ere, Santa Marian artean lanean ari zirela, San Pedro eliza eraikitzen hasiak izango baitziren. Bada oraindik eliza honi buruzko 1257ko dokumenturik, baina litekeena da egungoa baino lehenagoko eliza bati buruzkoak izatea, alderdi batzuetan behintzat. Hiriko harresiari atxikirik eraiki zen, honek oraindik ere bere horma zati batzuetan gordetzen diren gotorlekuko zenbait ezaugarri azal ditzakeelarik.
Eliza. Hiru habearte oso motz ditu, hiru tarte besterik ez trantseptutik hasita. Honek gurutze-ganga xumez estaltzen diren bost tarte ditu; koruari eta gurutzeriaren hegoaldeko muturrari dagozkionak izan ezik, tertzeletezkoak baitira.
Burualdea bitxia da, oinplano gurutze latindarrari dagozkion abside aldeko hiru kaperei, laugarren bat erantsi baitzitzaion Ebanjelioaren aldetik, laugarren habeartea horrela osatuz. Erdiko absideko kapera heptagonala da, beste hirurak, aldiz, pentagonalak. Lau kapera hauek leihate luzangak dituzte, kanpoaldera ordea, horma‑bular sendoak.
Gurutzaduraren aurrealdean, ezkerrera, badu katedral zaharreko bao hiru trilobulatuak eta lau orrien kalatuzko barandak kopiatuak dituen triforio bat.
Burualdeko eta gurutzadurako oinarriek lau aldeko gune bat badute atxikitako lau zutabetxorekin. Kapiteletan landare errealista samarrak nabarmentzen dira; badira ukitu erromaniko sakona duten animalia-irudiak dituztenak ere.[33]
Gasteizko beste elizak
Arabar gotikoak eman duenetik garrantzizkoenen aipamena nahitaez laburtu beharrez, ez dugu gogoratu baino egingo XIII. eta XIV. mendeetan zehar, hainbat eliza gotiko eraiki zirela eta batzuk jada desagertuak direla, esate baterako, San Ildefonsorena –Gaztelako errege Jakintsuak sortua–, eta dominikarren eta frantziskotarren komentuetako elizak.
Zutik iraun dutenen artean aipamen bat merezia dute:
- San Migel eliza, funtsean Santa Mariarena bezain zaharra, XV. mendean zehar eraiki zen, eta ondorengo mendeetan berritu eta eraldatu;
- eta San Bizente, hiru habearte dituena, XV. mendean hasi eta hurrengo mendean hallenkirchen edo euskal areto-eliza eredura egokitu zen; gerora atal berezi bat eskainiko diogu.[34]
Bizkaian eta Gipuzkoan gotikotik gorde den ia guztia XIV. mendekoa ala hurrengoa da. Gainera, XVI. mendean artean euskal maisu batzuk gotikoaren formuletan itxirik jarraitzen zuten. Bizkaitik hasiko gara, elizarik zabalenak eta garrantzizkoenak baino ez aipatzeko.
Bizkaiko arkitektura gotikoa
[aldatu]Santiago katedrala, Bilbon
[aldatu]Bilbon Santiago jauna gurtzen zen XIII. mendean bederen, Begoñako portua besterik ez zenean. Portu‑auzoa 1300an hiribildu bihurturik, eliza eraikitzen hasi ziren, baina ez mendea erdialdera iritsi aurretik. Eta 1379an zabalagotzea erabaki zen, 1404an ia gaur egun ezagutzen dugun bezala gelditu zen. Denbora pasa ahala erantsiz joan zitzaizkion hainbat osagaiek –kaperak, atariak, arrosa-leihoak eta abar– ia ez dute arkitektura gotikoaren garbitasun inpresioa eragozten, kontenplatzen jartzean.
Euskal Herriko eliza gotikorik handiena da, eta azken aldiko garbitze eta eraberritzean (1997‑2000) euskal eraikin jatorretan adierazten den edertasun zurrunaren monumenturik duinen eta adierazkorrena bihurtu zuen.
Elizak. Lau tartetako hiru habearte ditu, horma‑bularren artean babestutako kapera txikiak eta txandakako girolak tarteetan dituela, behin trapezoidalak eta triangeluarrak hurrengoan. Azken hauek hiru nerbioetako gangez osatuak dira, zilindrozko oinarrietan bukatzen direlarik, atxikitako zutabetxoekin. Gurutzadurako zeharkako habeartea bere aurreko jasoeran besterik ez da nabarmentzen.
Habearte nagusiaren, presbiterioaren eta gurutzaduraren besoetako paramenduak triforio batek biziagotzen ditu. Kanpoaldera triforio itsua bada ere, barrualdera, Gasteizko katedraleko ia marrazki berdinak dituen zutabetxo ugarien trazeriaz apaindua dago; gainean ditu hainbat trazeria konplexuko leihoak.
Gangek diagonaleko nerbio soilak dituzte, gurutzaduraren erdiko tartekoak eta presbiteriokoak izan ezik, hauek tertzeleteak eta lokarriak baitituzte. Gangarik garaienari eusten dioten oinarriei tinkotasuna ematen diete arbotanteek.[35]
KLAUSTROA. Elizaren ezkerraldera hedatzen da klaustroa, gurutze-gangazko lau hormartez inguratua dago eta trazeria flamigeroz ederturiko leihate handietatik patio karratu batera ematen du.
ADEITASUNA ESTILOETAN. Girolaren berezitasuna, berriki esan dugunez, tarte trapezoidal eta triangeluar zatituetan Hispaniako zenbait katedralen antzeko diseinua aurki daiteke, baina Torres Balbásek, Bilboko portuko merkataritza harremanak gogoratuz, nahiago du Frantzia, Flandria eta Normandiako elizekin, eta askoz zehatzago esateko, Normandiako Caudebec‑eko katedralarekin dituen ahaidetasunak aipatzea.[36]
San Anton, Bilbon
[aldatu]Honen eraikuntza data eta apaingarri dituen osagai batzuen estiloa dela eta, San Anton parrokia‑eliza gotiko berantiarraren atalean aipatu beharko litzateke; barruko soiltasunagatik eta Santiagoko katedralarekin egituraz eta itxuraz duen antzagatik, XIV. mendean Bizkaian eraikitako elizekin ahaidetasun handiagoa luke.
Ibaiaren ondoan egoteagatik, kokapenaren estutasunak oso baldintzaturik eraikia izan behar du. Horretan datza, bada, bloke trinko eta batua, ia karratua izatea (32 m x 28 m), areto baten antzekoa; beranduago iparraldetik hiru kapera erantsita luzatu nahi izan zen.
Eliza. Hiru habearte ditu eta, erdikoa zabalagoa izateaz gainera, alboetako habearteak baino bi aldiz garaiagoa da; berezitasun bat badu, kokapenaren zailtasunak eragindako zenbait arazo zirela-eta, ez habearteak eta ez lau tarteak ez dira neurriz guztiz berdinak; eta ez du absiderik, bere barrualdeko frontisa horma zuzen doi batez ixten baitu. Pilareak zilindrozko nukleo handi batez osatuak daude atxikiriko zutabetxoak eta harrointxoak dituztela, aurreneko haiek arku perpiañoei eta beste hauek arku formeroei dagozkienak. Kapitelak troxa lauen modukoak dira, taulamendu baten antzera.
Tertzeletezko gangaz estaltzen da erdiko habeartea, alboetakoak berriz gurutze-ganga xumeez, Epistola aldeko lehen tartea izan ezik, poligonozko oinplanoa duenez, erradiozko gangaz estalia baitu. Kanpoko eusgarriak prismazko horma‑bularrak dira, haietan arbotanteak, egitura ziurtatuz bi kokalekuetan finkatzen direla.
Bizkaia aldeko beste elizetan bezala, San Antonek triforioa itsua du, lau‑orritako baranda duen hutsarte trilobulatuez zehaztua; igarobide gisa estua da, beste Bizkai aldeko eliza handien antzekoa, 60 m ditu. Goialdeko hutsarteak, trazeria zabalak dituzten lau bikoizketako arku zorrotzeko zulo zabalak dira.
Lehenengo liturgia ospakizuna 1433ko abuztuaren 5ean egin zela ere gauza jakina da; eta eraikuntzak nahiz egiturazko beste osagaiei eginiko azterketak ondorio honetara eramaten gaitu, eliza estaltzea eta bukatzea 1500az geroztik egin zela.[37] Gaur egun zaharberritze sakon batean murgildurik dago.
Lekeitioko Santa Maria
[aldatu]Bizkaiko gotiko jatorrenetarikoa dugu Lekeitioko Santa Maria eliza. Itsasoa aurrez aurre duela gailur batean, eta Bizkaiko Jaunaren jauregi ondoan eta portura zihoan ate ondotik gertu egoteak ondotxo adierazten du azkenik, XV. eta XIX.ean hainbat esku-hartze nozitu izanagatik, hasieratik eman nahi izan zitzaion zabalera, sendotasuna eta tinkotasuna –bost habearte baititu.
Eliza. Gaur egun hiru habearte ditu, lau tarterekin, alde bakoitzean kapera ilara bat duela horma‑bularren artean kokaturik. Baina aldaketa oso serioak egin zitzaizkion 1882‑1883ko berrantolaketarekin. Ebanjelio aldeko kaperak, kanpoaldeko arkupe bihurtu ziren; alboetako absideak desagertu egin ziren, girolak bereganatu zituelarik; sakristia ere, lehen absidearen atzean Ebanjelioaren ondoan zena, Epistola aldera eraman zen. Haren hiru absideetatik, pentagonala besterik ez da gorde gaur egunera arte.
Bilboko bi eliza gotikoren sistema jarraitzen duen triforioa du. Igarobide estua da (2,05 m garaieran, eta 0,65 m zabaleran, gutxi gorabehera), eta trazeria XIV. mendeak berea duena da: lau orridun baranda baten gainean, arku hiru trilobulatuak daude erdi-puntuko arkuetan txertatuak.
Lekeitioko elizak ez du gurutzeriarik. Estalgarriari dagokionez, berriz, absideko ganga erradiozkoa da; girolakoak lau zatitakoak, trapeziozko diseinu behartu baten gainean; erdiko habeartearen lehen zatia estaltzen duena, luzetako joskera bat duen lau zatiduna da, gero bi izar-ganga itxurako eta tertzeletezko beste batek jarraitzen dute; gainerako guztiak gurutzeria xumez egindakoak dira. Aipa dezagun xehetasun bitxi modura eraikin osoak duen okerdura, bere atzealdeko ardatza iparraldera desbideratzen duena.
Kanpotik begiratuta Lekeitioko elizak badu nortasunik bere pinakulu eta guzti, arbotante-multzo bikoitzagatik eta bere kanpandorreagatik, eraikitze aldiko istorio luzeak dituena; Epistola aldeko arbotanteei babesgarri zaie hormen sendotasuna.
ERAGINAK. Burualdearen egituretan Elie Lambertek Gaztela aldeko katedralen eragina ikusi dio, Cuencakoarena batez ere; beste batzuen ustez berriz eragin hori Gasteizko San Pedro elizatik hartua du, zuzen-zuzenean.
Ingeles gotikoaren eragina ere ikusi izan da leihateen trazerietan, ulertzen erraza den eragina, bestalde, kontutan hartzen bada Kantauri aldeko portuek Normandia eta Ingalaterrarekin merkataritza-harremanak izan zituztela, XV. mendean.[38]
Gipuzkoako arkitektura gotikoa
[aldatu]Getariako San Salbatore
[aldatu]Euskal lurralde txiki honetan, garai horretan gorde den eraikin gotikorik deigarriena –bakarra ere esan liteke– Getariako San Salbatore da. Torres Balbásen ustez, eliza hau Bilboko San Antonen inspiraturikoa da. Elizaren barruan (aurreko eliza batean) 1397an Batzar Nagusiak[39] egiten zirelako da sonatua: Gonzalo Moro Korregidorearen gidaritzapean antzinako foru-legearen oinarriak onartu ziren eta bandokideen gehiegikeriak zapuzteko Ordenantzak ere aldarrikatu ziren. Merezi du barruko edertasuna eta trazuen berezitasuna ikusita gaurko elizagatik berarengatik ospe hori gordetzea.
Gaurko eraikinak, 1420an bukatu omen zenak, XIV. mendearen hasieran tradizio erromaniko pilareez eraikitzen hasia izan behar zuen, alboetako bi habearteekin batera elizaren zatirik zaharrenak direlarik.
Elizak. Hiru habearte ditu, baina, erdikoa, 20 m garaieran, 31 m luzeran eta 10 m zabaleran dituena, besteak baino garaiagoa da. Hiru tarte dituzte, oinarri zilindrikoz bereiziak daude, zutabetxo atxikiekin, eta gurutze-gangaz estaltzen dira, xumeak dira alboetakoak eta erdiko habeartekoak izar‑ganga itxurakoak, erliebezko bustoen egituran tailatutako loretzar moduan giltzarrietan bukatzen direnak. Arku zorrotzen bultzada, berauei dagozkien hormen horma‑hortzetan biltzen direnak, arbotanteen bidez kanpoko horma‑bular lau batzuetara igortzen da, gotiko estilo klasikoenaren arabera.
DISEINU BITXIAK. Eliza honen ezaugarri bitxietako bat presbiterioa leku garai batean egotea da, bertara igotzeko hamalau harmaila igaro behar dira alboetako bi eskaileretatik. Triforio handiak ere arreta pizten du, arku kalatuz bukatzen da eta erdiko estalkiaren garaiera harrapatzen baitu.
Baina, berezitasunik deigarriena oinplanoaren trazadurak duen irregulartasuna da; izan ere, ez hormak dira paraleloak, ez eraikinaren luzetako ardatzarekin ez du simetriarik gordetzen, eta horma batetik besterako tartea handiagoa da oinetan burualdean baino. Horretaz gainera, honen eta oinen artean bada metro bateko desnibela, hegoaldeko sarrerako ate aldera maldan jarria, honako hau kaleko sestra mailan aurki dadin. Gaur egun barrokoa den sarrera nagusiko ate hori, kanpoko arkupe batek babesten du.
Arkupearen gainetik dorre bat altxatzen da, bost gorpuzkitan egituraturik; oinarrian angeluzuzena da eta goiko aldean kanpaiak kokatuak dauden lekua oktogonoa izatera iristen da.
Getariako elizak, 1836ko karlisten gerratean asko nozitu zuen, eta bere erretaulak eta Andres Araotzen harlanduak galdu zituen; duela gutxi berritu dute.
Lehen gotikoko eskultura monumentala
[aldatu]Eskultura monumentala eta eskultura soltea
Arte historialariek eskultura monumentala eta eskultura soltearen artean egin ohi duten bereizketak ez du argibide gehiagoren beharrik. Delako bereizketa, monumentuen plastika funtsean apainketa helburuagatik soilik adieraz daiteke, esanahia eta balioa ematen dien helburuak berak baldintzen baitu, aldi berean.
KRISTAU IMAGINAGINTZAREN ITZULERA. Bestalde aipatzen ari garen une historiko honi dagokionez, bereizketa hori beste arrazoibide osagarri batek argitzen du. Erromanikoaren hasieraz eta Goiz Erdi Aroko zenbait mende iraun zuen irudimen plastikoaren gabeziaz hitz egiterakoan, noizean behin kristau elizan sortzen den harako hoztasun tradizional edo irudienganako alergiari buruz ari gara, non une horretan, kristautasunaren aurrean (ikonoklasta) edo kristau heterodoxoaren (adopzionista) izaerako ideologia arrasto luzea izan zen kokapenean. Bernard de Angers eskola-maisuak, XI. mendean artean, bere erromesaldiko lagunari honela zioen Santa Fe de Conques‑en zilarreztaturiko irudiaren aurrean: “Anaia, zer deritzozu idolo honi?”.[40]
Erromanikoak Berant Erdi Aroko Europako kristau-sentiberatasunari hoztasun hori gainditzea eta kristau irudimen horren berpiztea ekarri zion, baina jakin zuen edergarri arkitektonikoaren mugen barruan mantentzen, San Bernardok gaitzetsi egiten bazuen ere. Aurreko atalean, arkitekturari eskainitako alderdian hau zela-eta, eskultura erromanikoan nabariena zena aipatu genuen.
ASKATASUN PLASTIKOA. Baina, XII. mendearen amaierak natura begiratzeko eta historiaren egia sentitzeko modu berri bat adierazi zuen. Oraingoan, irudi naturalen edo gertakizun historikoen errepikapen plastikoak berezko balioa izateko premia nabari zen, eraikin-multzo bateko edergarri soil izatea baino haratagoko nahia.
Katedralen eliz atarietan eskultura askea izaten hasi zen; estatua bihurtu zen, eta apaintzen zuen tokitik jaisteko eskatzen zuela zirudien, arreta eta gorespen autonomo bat izan nahi balu bezala. Aurreko mendeetan delako autonomia horren adibide, erlikitegi‑estatua batzuk ez baziren, oso noizbehinkakoak izan ziren. Erromanikoan berezkoa izan zen arkitektura esparruan menpeko legea ordezkatu egin zuen askatasun plastikoaren legeak, jatorrizko apaingarritako erliebe izaera utzi eta beste izaera bateko eskultura sortuz, hau da, solte edo mukulu eskulturaren izen esanguratsua jasotzen hasi zena.
Alabaina, aldaketa hau ez zen bat‑batekoa izan. Atal hau eskaintzen ari gatzaizkion gotiko klasiko honek markatzen du, bere apaingarri izaera erabat utzi gabe, eskulturak berezko balioa hartzen hasiko den unea. Horrela, XIII. eta XIV. mendeetan mukulu biribileko esan daitekeen eskultura aurkitzen dugu, baina bestalde, horren zati handi bati ezin diezaiokegu solte esan, izen hori dela eta, sarritan gure elizen apaingarri eta atarietako oinarrizko edergarriak diren apaingarriei helburu guztiak kendu nahi bazaizkio.
Esan dezagun, halaber, lehendik aipatu dugun bezala, estilo berriaren osagairik erabakigarrienetako bat eskulturaren autonomia baldin bada, guztiz naturala da historialariaren lehen aukera giza soina izatea, beste edonolako apaingarriri dagokion alderdiaren gainetik. Eta aldi berean eskultura figuratibo eta monumentala da ondorengo orriotan azalduko dena.
Eskultura gotiko ugari
Eskultura-lan gotiko bikainak ez ditugu soilik Baiona, Iruñea, Bilbo eta Gasteizeko gure katedral ederretan aurkituko, baita beste eliza batzuetan ere. Eguraldiaren gogortasunak eta giza axolagabekeriak eragindako kalteak galantak badira ere, garai horretako euskal eskultura ondare guztiak deskribatzea, oraindik egin daitekeen gauza dela esan dezakegu, ugari baitira. Hautaketa zorrotz bat egina izanagatik, oso gaitza gertatzen da irizpide kronologiko zehatzen arabera sailkatu eta ordenatzea; izan ere, kasurik gehienetan horiei buruzko dokumentu zehatzak falta zaizkigu, eta gainera beroien ondoan, edergarri moduan zeuden eraikinak bi eta hiru mendeetan zehar hazi eta garatu egin ziren.
NAFARROA, IMAJINAGINTZAREN ATEA
Baskonian irudigintza gotikoak oso lotsati eta maila apalean egin zuen bere agerpena, ordurako Giovanni Pisanok landutako Bertuteak Pisako pulpituari eusteko adinako soin-indar bai baitzuen eta Paris, Chartres eta Reimseko katedraletako arkupetako Aitalehen eta Profetek irribarre egiten baitzuten.
Euskal Herrian, 1234az geroztik frantses dinastiaz gobernatua izan zen Nafarroa da, zalantzarik gabe, aurrea hartuko zuen Donejakue aldera iparraldetik zetozen erromesak igarotzen ziren lekuetan.
Lehen eskultura gotikoa
[aldatu]LEGARDAKO ANDRE MARIA. Mendabian, Legardako Andre Maria ermitan eskultura gotikoaren lehen saioetako batzuk ikusi zituzten F. Iñiguez eta J. E. Urangak.Ermitaren atariak duen egitura erromaniko erakoa da.
Jatorrizko eraikinetik, gai geometriko eta figuratiboz apainduriko zazpi arkibolta dituen sarrerako arku ia zorrotza geratzen da.
Tinpanoan, Azken Epaiaren gaia kontatzen da. Erdiko irudiak, ohiko Tetramorfoa duenak –Kristo Epailea, Kristo Zaurituarekin bat eginez– kristau artearen bi aldi, bi estiloren arteko trantsizioko une hori nahikoa adierazten du.
LIZARRAKO HILOBI SANTUA. Baina, balio gotiko eta arte-balio garbiagatik lan nabarmenei begira jartzen bagara, beharbada, Lizarrako Hilobi Santuaren elizatik hasi beharko genuke.
Azken Afariaren ateburu bat erakusten du atarian, irudietan nolabaiteko zurruntasun eta monotonia azaltzen den arren, idazkun batean data ere badu (1270). Irudimen ugari eta kalitatezkoak bere tinpanoko bi erregistroetan azaltzen dira. Gorenean Kalbarioko eszenak garatzen dira, Birjinaren, San Joanen, Longinosen eta Stefanosen irudiak barne direla; behean, Ebanjelioek kontaturiko Piztueraren une desberdinak, infernuko munstro baten aurpegiaren sinboloa hartuz, Kristo linbora jaisten.
Janzkeren tolesduretan, kokapenetan eta pertsonaien jarrera eta keinuetan naturalismoaren hasierako ukitua hartzen da. Janbetako horma-hobietan kokaturiko apostoluen estatuetan ere, beren kanon motza eta jarrera zurruna eta guzti, aurpegietako espresibitate alderako joera antzematen da.
ARTAXOAKO HESIKO SAN SATURNINO. Artaxoako hesiko San Saturnino elizaren eskulturari dagokionean, bere atari nagusia nabarmentzen saiatuko gara, ateburuan Nafarroa frantses erregearen jabego izatera heldu zenean (1284‑1305) garatu baitziren, ziur asko, zaindari santuaren martiritzako elezaharren gertakariak.
Tinpanoan gotzain santua ikusten da zutik bere martiritzako zezenaren gainean, emakumezko deabru bat uxatzen. Santuaren irudiaren azpian dauden errege (Felipe Ederra) eta erreginari (Nafarroako Joana, bere emaztea) han irudikatua dagoen deabruaren uxaketari sinbolozko adierazpena eman nahi izan zaio: zera adierazi nahi luke eszenak, bi erregeen jabegoko –Languedoc eta Nafarroa– lurraldeetatik jentil izaera oro kanpora botatzea.[41]
Errealismo gogo nabarmen bat ikusten bazaie ere, erliebe hauek halakoxe zurruntasun eta zaharkitu itxura dute eta artelan erromanikoa izan zitekeela pentsatzen ere jarri izan da zenbait idazle.[42]
UXUEKO SANTA MARIA. Uxueko Santa Mariaren apaingarri monumentala, agian, une horretan kokatu beharko litzateke; nagusia eta egileak argi eta garbi errealismo gotikoaren alde azaltzen diren arren, oraindik estilo berriaren savoir faire horretara iristen ez den horretan. Utz ditzagun alde batera, bai bere habearte bakarreko apaindurez hanpaturiko landarezko kapiteletan, mentsuletan eta beren janbetako kapiteletan eta kanpoko hormetan ugari diren eskultura-lanak, ia maisulan[43] handiko egitura duten zenbait karatula alai dituztenak, eta koka dezagun gure arreta haren bi ateetan. Eskulan itzel hau Karlos II.aren garaikoa da inola ere, berak eliza horri zion jaiera handiagatik (1349‑1387).
Sartaldeko atearen lan figuratiboa irudi monotonoz osaturiko Azken Afariaren adierazpena agertzen duen ateburuaren eta Epifaniaren misterioko bost pertsonaien tinpanoren artean banatzen da. Hiru Errege Magoak ezkerraldean daude, belauniko bata eta zutik beste biak; hauetako batek besoa jasotzen du eszenaren buruan, espazioko ardatza okupatzen duen izarra erakutsi nahiez. Aurrez aurreko jarreran azaltzen da Birjina eta amaren belaun gainean zutik Haurra, Erregeei harrera egiten balego bezala.
Ertilaria saiatu zen pertsonaien jarreretan kontrasteak sortzen, baina bere modelaketa oraindik lehor eta gogor samar azaltzen da, erromanikoaren lerrotik erabat askatu ezinik. Laster iritsi zen eskulturagile gotikoek atzeko paisaia sintetikoki gogoratzen jakingo duten garaia, baina Uxueko ertilariak artean ez zekien zer egin esparru hutsekin.
OLITEKO ANDRE MARIA. Gure arreta erakartzen duen beste multzo bat da Oliteko Santa Mariarena, errege-kapera bihurtu zen eliza, ia osorik jauregi multzoaren barruan gelditu zelarik.
ATARIA. Aipatzekoa da honen atariko artelan ederra, 1300ean edo zerbait lehenago landurikoa.
Arku zorrotz txaranbeldu baten egitura du, eta saihetsetan arkuteriaz babesturiko apostoluen estatuak dituelako erakartzen du begirada. Atearen arkua zortzi arkiboltaz osatua dago, droseleteen azpiko irudiez nahasturiko landare ugariz apaindurik. Modu berean ikusten dira, droseleteen azpian, arkibolten abiapuntuetan, Jesusen haurtzaroko irudiak. Kanon laburreko irudiak dira, baina duintasunez tratatuak, tolestura urriak harmoniatsu jarriak. Txikiak dira arkiboltak zutitzeko zutabetxoak, eta berauetan animalien borrokak eta Hasierako eszenak, Birjinaren irudi bat eta erlijio-gizon batzuk daude irudikaturik, izenpetze honekin: “Franciscus fecit”.
TINPANOA. Baina, atari honen gauzarik deigarriena tinpanoa da. Ateburu baten gainean, landareak zein trufa eta satira-moralezko asmoz eginak[44] diren egunoroko bizitzako eta fantasiazko irudi txikiak pilatzen dira; erdian azaltzen da Maria Birjina eserita eta koroatua, belaun gainetan bedeinkapenak emanez eseritako Jesus Haurra erakutsiz.
Alboetan, tinpanoa bitan banatua geratzen da:
Azpikoan: Jesusen Haurtzaroko eszenak ageri dira. Erdiberri bezala etzanda dagoen Maria erakusten duen Jaiotzarena, San Jose pentsalari, eta hondoan, sehaskan estalitako Haurra, astoaren eta idiaren arnasez berotua nabarmentzen dira.
Goikoan: Jesus elizara eraman zuteneko eszena ikusten da, San Jose usoak dituela, angeluko esparruari egokitua; erdian, aldare txiki baten gainean Haurrari eusten dion Birjina; Simeon zaharrak osatzen du eszena. Eskuinaldean, Kristoren Bataioa. Bi aingeru azaltzen dira, beste aldean, Simeon eta San Jose azaltzen diren lekuan.
Ateburuan azaltzen da eskultura-lan oso fin bat: landare eta paisaia ugari, giza eta animalia irudi benetakoak eta irudimenezkoak.
KLAUSTROA. Santa Mariako klaustroan ere lan bikainak ikus daitezke, besteak beste erregina irudi bat orrazkera hanpurus batekin eta otoitzerako jarreran; hegoaldeko hormartearen oinarrian bada Haurra duen Birjina bat, zoritxarrez bururik gabe agertzen badira ere.
Oliteko maisua. Iñiguezek zalantzan jartzen du, erdiko Madonnari bizia eman zion eskua bera izatea Haurtzaroko eszena biziak landu zituena. Aldiz, haren ustez, bereak izan daitezke atariaren alboan dagoen horma-hobia okupatzen duten apostoluen estatua batzuk. Estatua hauek bikainak dira egiaz, eta beren zorroztasunagatik eta aurrez aurreko jarreragatik gotiko klasikoko garaia artean iritsi gabea zela ikusten bada ere, ez zeuden heldutasun horretatik urruti; izan ere, eskulturagileak kontu handia izan zuen pertsonaia bakoitza bereizterakoan, bai janzkeren mugikortasunean, bai aurpegietako ezaugarri bereizgarrietan: orrazkeran, bizarretan eta ilajean. Horietan, jatorrizkoetatik ziur asko asko bereiziko ez den koloreaniztasun baten arrastoak aurkitu dira.
Artaxoako maisuekin alderatuz, igarpen ona da Oliteko Santa Mariako eskulturagileak aurrerapauso bat ematen duela eta errealismo handiagoa eta bizi-adierazpen zein bizitasun handiagoa lortu zuela pentsatzea. Frantziskotarrek errealitateaz duten berezko ikuspegi horretan pentsatuz, Jimeno Juriok iradoki du Franciscus fecit sinadurarekin identifikatu daitekeena dela dohain bereziak zituen egilea, eta berau erlijiokide-talde batek ongi babestutako frantziskotar fraideren bat izan zitekeela.[45]
OLITEKO SAN PEDRO. Aurreko atalean aipatu genituen bere atari gotikoaren osagarriak, elizaren erromanikoari buruzko lanean.
Ataria. Hain zuzen ere, tinpanoak, hiru arkutxo trilobulatuen azpian eta neurri txikiko San Pedro bedeinkatzailearen irudia azaltzen da, saihetsetan Andres eta Santiago Santuak, bi aingeru intsentsularirekin.
Ateburua, irudi oso txikiez izenburuaren historia kontatzen duena deigarriagoa da: giltzak ematea, apostoluaren epaia, bere gurutziltzatzea, eta “Pedroren ontzia”; frantses naturalismoan inspiraturikoa da erabat eta XIII. mende oso aurreratuan eginiko lana, agian.
Klaustroa. Elizako atariaren garaikidea eta gotikoa da klaustro ere. Honen kapiteletan hostoen, loreen eta buruen konposaketak ikusten dira, denak ere kalitate kaskarrekoak, sentiberatasun herrikoi baten gertuko egileen lana, ziur asko.
Iruñeko katedraleko estatuak
[aldatu]Nafarroako hiriburuko San Zernin elizako arkupea, kapitelak eta hilobiak aipatuko ditugu, besterik ezingo baitugu egin.
Iruñeko katedraleko klaustroan ikus daitekeen estatua-lan ugarietan kokatuko gara, inolako zalantzarik gabe Euskal Herriko Erdi Aroko eskultura-multzo garrantzitsuena baita. Lan honekin sartuko gara bete-betean XIV. mendean.
Jantokia eta Barbazana kapera
[aldatu]Klaustroko horma artean sartu aurretik, jantokiko hamalau mentsulak eta Barbazana kaperako hamabiak ikusten geratu beharko genuke.
Era askotarikoak dira gaiak: ehizak, animaliak, irudi mitikoak edo irudimenezkoak, egunoroko bizitzako gorabeherak. Satirazko eta moralezko balio sinboliko bat ematen zaie, baina beraietan multzo bateratu samar bat ere ikus daiteke, “gizonak naturarengan duen nagusitza adierazi nahiko lukeena” batez ere.[46]
Nolanahi ere, lan horien egileengan honako joera hauek agertzen dira, hala nola, konposizio-sen eta gaitasun artistiko bikaina, esparruan egokitzea, irudimena eta naturalismo.
Klaustroa
[aldatu]Klaustroaren barruan, mende bat baino gehiago luzatu zen prozesu batean zehar landutako kapitelen erliebeak alderatuz, desberdintasunak sumatzen dira, hau da, lehen aldian burututako irudi ugariren –ekialdeko hegala eta iparraldekoaren zati batean daudenak– eta hurrengo aldi batzuetakotzat hartzen direnen artean –hegoalde eta mendebaldeko hegaletakoak–, horietan irudiak desagertzera egingo baitute eta landare apaingarriak parrastatzen hasiko.
Ekialdeko hegalaren kapitel irudiztatuk xehetasun harrigarriz adierazten dituzte Hasiera liburuko gaiak: Adan eta Ebaren historia, Noerena, Babel dorrearena, eta Joben kontakizuna.
Galeria honetan bertan eta hegoaldekoan eskulturagileek gai ugari landu dute: egunoroko gaiak eta jolasak, dantzak, ehizaldiak, torneoak, eszena bukolikoak, animalia eta elezaharretako gaiak, eta Erdi Aroan herrikoi bihurtu ziren satirazko eta moralezko alegiak. Kasu askotan harria larriki higatua aurkitzen da eta ez da erraza gaiak ezagutzen. Beste batzuetan, aldiz, hegoaldeko kapiteletan torneo-eszenak ikusten dira, esaterako, tresneria ederreko zaldietan modelatuaren bikaintasun eta osotasuna nabaritzen da.[47]
Garrantzizkoak dira baita klaustroko gangen giltzarrietako eskultura apaingarriak eta hormarteko arkuak ere. Horietatik 46 daude irudiz apainduak: alegia moduan, gizonaren lurreko bizitzaren ikuspegi kosmologikoa erakusten dute: Paradisuko ibaiak, lau haizeak, urteko hilabete eta urtaroak, bakoitzari dagozkion lanbideak eta guzti; horiez gainera, Kristoren bizitza eta santuen martiritzako eszenak.
Eskultura solteak
[aldatu]Pozaren Birjina. Klaustroa apaintzen duten eskultura solteen artean, lehen kalonjeen jantokia apaintzen zuen eta orain Barbazana kaperaren buruan dagoen Kontsolamenduaren Birjina nabarmendu beharko litzateke. Harrian landua eta koloreanizduna da aurrez aurre dagoen Birjina, soingainekoz eta mantuz jantzia, aurpegiaren inguruan zirkulu bat marrazten duen buru zapi batez estalia du burua, ezkerreko besoaren gainean Haurra jasoaz bere sorbaldaraino.
Ezaugarri horiek eta naturaltasunez goitik behera eta zango gaineko okergunea apur bat adieraziz erortzen diren soineko-tolesturak XIV. mende erdialdeko data iradokitzen dute.
Berri Onaren Birjina. Eskultura gotikoaren okerrune hau Mariaren Europako irudi askotara hedatu zen, manierismo alderako joeran; horrelakoen adibideak Iruñeko katedralean ere ikus daitezke, esate baterako, klaustro aldera ematen duen atearen eskuinetara, zutarri batean galkatutako mentsula baten gainean aurkitzen den Berri Onen Birjinarengan. Haurraren aldera itzulitako amaren aurpegiko samurtasun keinua nabarmena da, baina honen irudiak badauka halako zurruntasun bat, eta multzo osoari XV. mendean Europan hedatu ziren frantses inspirazioko Birjinen liraintasuna falta zaio.
Pedro eta Paulo Santuak. Kaperaren sarreran, alde banatako saihetsetan bi apostolu, Pedro eta Paulo adierazten dituzten bi eskultura daude. Jarreraren bizitasuna eta jantzien tolesduren bitartez gorputz mugimendua eta barru indarra adierazi nahi izan duten bi irudi dira; horien garaieraren kanon urriak XIV. mendeko lehen herenaren data iradokitzen du.
Hilobiak
[aldatu]Barbazan gotzainaren hilobia. Kaperan behin sartuz gero, giltzarriaren azpian Barbazan gotzainaren hilobia dago. Artzain etzanaren irudia bere gotzain janzkeraz agertzen da. Garai horri dagokion hilobi-irudi bat da. Horretan bat egiten dute doitasunak, idealizazioak eta gustu bikainak. Barbazango Arnaldoren ehorzketa agirietan, 1355eko azaroaren 6an egin izanak egiaztatzen du eskultura honen data.
Asiaingo Santxez gotzainaren hilobia. Iruñeko klaustrora doan bisitariak alderaketa egin dezake Barbazanaren mausoleoa kontenplatu ondoren, 1364an, bere aurrekoa baino bederatzi urte beranduago hil zen Asiaingo Santxez gotzainaren hilobiarekin. Asiaingo Santxezen hilobia arkusolio baten azpian dago babestua, hormako horma-atal bat betetzen duen trazeria zulatu eta guzti. Defuntua, Barbazan bezala dago estalia, bere gotzain janzkeraz harlandu angeluzuzen handi batean landua da irudia, zenbait tokitan moztuak ditu zati batzuk. Zoritxarrez, multzo trinkoegiaren irudipena sortzen du, adierazpen naturalista baten bilaketaren kaltetan.
Ateak
[aldatu]ARTZAPEZPIKUTEGI ETA JANTOKIKO ATEAK. Klaustro aldera ematen duten ateetako bik –Artzapezpikutegikoak eta Jantokikoak– ziklo ikonografiko bakarra adierazten duen tinpanoak dituzte, Kristoren Nekalditik Piztuera bitartekoa eta Elizaren garaipena. Lanaren egileek errealismo eta aniztasunezko bilaketa noble bat erakusten dute, giza irudiaren kanonean eta talde jendetsuen konposaketan bete-betean asmatzea lortu gabe.
Iruñeko klaustroaren eskultura-irudirik nabarmenenak, bisitariari miresmena sortuko dioten bi ateetan ikusi behar dira: Babesekoa eta Zoragarria deritzatenena.
BABESEKOAREN ATARIA izango da ziur asko zaharrena, 1330 eta 1340a bitarteko data duena.
Atearen mainelean Birjinaren beste irudi bat altxatzen da, Babeseko Birjinarena atea ere esaten zaiona. Nahiz eta oso litekeena den biak garaikideak izatea, Kontsolamenduaren Birjinak ez bezala, honek bere ezkerreko besoan duen Haurrarengana itzultzen du burua, buruko zapiaz estaliz. Badirudi, Jesus Haurrak bere Ama gonbidatzen duela bien artean eutsirik duten Orduen liburuan otoitz egitera.
Tinpanoan. Tinpanoko erliebeei dagokienez, Birjinaren Loaldia da gaia: Ekialdeko bizantziarren elezahar hain ezagunetik atera eta Mendebaldeko artera ekarria ziur asko: Aingeru batek Birjinari bere berehalako igaro beharraz hitz eginik, apostolu guztiak Mariaren etxera eramanak izan ziren haren heriotzan han izan zitezen. Ondoren, Jesu Kristok bere Amaren arima jaso eta zerura eraman zuen, han gorputz eta arimaz koroatzeko.
Katedraleko eskulturagileak, Toulouse aldeko Rieux [48] lantegitik etorritako ertilaria izan daitekeenak, eszena honetan jakin zuen errealismoa eta dramatismoa elkartzen. Pertsonaia guztien buruak Birjinaren ohe gainean pilatzen dira eta aipatutako eszenaren berotasun espiritual eta mistikoa adierazten laguntzen dute bai hondoko argi‑ilunen moldaketak nahiz itxurazko ordenarik ezak eta buruen ardatzen arteko urduritasun zein irudi bihurrituek. Azkenik, indar espresionista itzela duen multzo honek ez du zerikusi handirik Zoragarria izeneko atearen ordena, argitasun arrazional eta kontakizunarekin.
ATE ZORAGARRIA. Klaustroa antzinako logelarekin batzen duen ate hau, kalonjeak honen azpitik igarotzean kantatu ohi zuten salmoagatik jaso zuen bere izen hau: “Pretiosa in conspectu Domini mors sanctorum eius”.
Janbetan, ebanjelioko aingeruaren Deikundeko eszena gogoratzen da, neurri naturalean, Aingerua eta Birjina alde banatan bereiziz. Bestalde, bitxia da atearen tinpanoan Babeseko atearen elezaharretako gertaera berriro ikustea, baina hemen xehetasun handiagoz lau sortetan garatua. Mariaren koimesisa, abuztuaren 15ean ospatzen duen ekialdeko Elizaren jasokundeko apokrifoen kontakizuna delarik,[49] hots, Sergio Aita Santuak (687‑701) Erroman sartu zuen liturgia-ospakizuna.
Lehenengo sailean aingeruak Mariari adierazten dio berehala igaro behar duela; honek berria bere ahaideei ematen die eta San Joan laino batek ekarri du; Birjinak bere soingainekoa eta hil‑oihala erakusten dizkio Joani. Bigarren sailean apostoluak iristen dira eta Mariak bere ganberara eramango ditu; hirugarrenean, Mariak bere soingainekoa eta mantua hiru emakumeei ematen die; jarraian, Loaldiaren eszenak, apostoluen negarrak, eta juduen ahalegina, Birjinaren gorputza lohitzen. Laugarren eta azken eszena Mariaren Koroatzeari eskainia dago. Eta egin dezagun behingoz gai honi buruzko behaketa ikonografiko bat: Errege gorenak, Jesusek, bere Ama Erregina koroatzen du. Irudi honen esanahi mistikoa, garai hartako errege-erreginen koroatzeak zirela-eta, Europako monarkien errealitate politikotik bereizezina da, luxuzko ospakizunak begi ninian eta herri irudimenean bereziki eragiten baitzuen.[50]
Ate Zoragarria estilistikoki Babeseko atearen antitesi gisa agertu zen. Gotikoaren une klasizistari erantzuten dio, eta ordena naturalista gailentzen zaion historia baten irakurketa arrazionala egitera gonbidatzen du. Ikus dezagun urte gutxiren buruan, zein urrats garrantzitsua eman zen Babeseko Birjinaren mentalitate ia erromaniko batetik, non historia baten hainbat une konposaketa bakar batean biltzen diren, plastikotasun trinkoan buruturik, emanaldietan zatitzen den historia: jarraian baina bakan, ikuspuntu eskolastikoarekin bat eginez. Egilea, 1380 aldera lan egin zuen frantses bat izan daiteke.[51]
Beste hainbat eskultura-multzo
[aldatu]Errege Magoen multzoa. Jesusi eta Mariari beren eskaintzak agertzen dizkieten hiru Errege Magoen estatuak ere XIV. mendekoak dira, eta talde hau klaustroaren ekialde eta iparraldeko hegalen arteko hormaren babesean aurkitzen da. Talde bat baino gehiago, hiru estatua bakan dira, beren artean tarte libre batez ezarriak eta landarez apainduriko mentsularen gainean; noizbait oso hondatua gelditu zen Agerkundea da, zeren eta zurez eginiko soin‑adar batzuen berrikuntzak baititu.
Zeharka eta mugimendu-jarreran dagoen Birjinaren irudiak modelatuan eta mugimenduzko irudien konposaketan oso eskulturagile iaioa adierazten duen arren, esan daiteke gotiko naturalista alderako joeran ez duela lortzen ate Zoragarriko eskulturagilearen kalitate plastikoa. Egileaz ezagutzen dugun bakarra frantses nazionalitatea da, bere lana izenpetu egin baitzuen: Jacques Perut: fit: ceste: istoire.
Profeten eta apostoluen eskulturak. Klaustroko galeriak apaintzen dituzten profeta eta apostoluen gainerako eskulturez ez dugu deus esango, ezta XV. mendean gableteak apaintzen zituztenez ere; izan ere, higadurak hain nabarmen hondatu ditu, non ebaluaketa estilistiko zuzena eragozten duen.
Neskatila printzesa baten hilobiko irudia. Estalperik gabe ez dagoenez eta izaera berezia duelako arretazko begirada merezi du antzinako katedraleko kaperaren batetik ekarri eta orain Babeseko atetik hurbil zutik eta hegoaldeko gurutzaduraren horman itsatsita dagoen neskatila printzesa baten hilobiko irudiak. Bi aingeruk neskatilaren gorpua datzaneko hil‑oihala prestatzen dute eta etzanda dago lehoi bat oinetan haren inozentziaren zaindari. Neskatilak begiak irekiak ditu eta eskuak bata bestearen gainean goxoki jarriak.
Ezin zalantzan jarri, eskulturagileak ereduarekin berdintzea bilatu duela, agian bere aurpegitxoko trazu biribilean fintasuna eta irudi osoaren grazia nabarmenduz, zeren eta, sorbalden estutasuna kontrastatzen baita gorputzaren liraintasunarekin. Ez da ezagutzen nor zen printzesa; baina babesten duen errezelak eta oinetan duen lehoiak XIV. mendearen bigarren erdiko klaustroetako tradizioa agertzen dute.
Arabako eskultura gotikoa
[aldatu]Eskultura gotiko monumentalean hiru euskal probintzien artean aberatsena da Araba, eta litekeena da kalitatean ere hoberena izatea. Arrazoiez idatzi izan da “artearen historiari probintziak eman dion laguntzarik adierazgarriena eskultura gotikoa dela”.[52] Ohiko desfase kronologikoarekin, arrazoi ekonomikoak, sozialak eta politikoak direla-eta, Baskonian artearen prozedura estilistikoa aurrera doa Frantziaren ondoan; hala, Araban lantegi gotikoen ekimena XIV. mendearen bigarren herenetik aurrera sortu zen.
Guardiako San Joan
[aldatu]Deikundea. Lehenbiziko eszena Guardiakoa da. San Joan parrokiako hegoaldeko atarian Deikundeko zutabe‑estatuek mugimendu txiki bat egiten dute beren zurruntasun erromanikotik askatzeko.
Pilareko Andre Maria. Baina zalantzarik gabe garrantzizkoena mendebaldeko fatxadaren izaera gotikoa da, haren atarian gorde da Maria Birjina adierazten duen irudia mainelean. Herrian mendeetako jaiera duen Guardiako Pilareko Andre Maria deritzonaren irudi hori, gaur egun, elizaren barruan aurkitzen da, kapera oktogonal handiaren erdiko horma-hobian; berau eraikitzeko atari nagusia bota behar izan zen. Zutik dago, gorpuzkeraz luzanga eta zurrun samarra da eta aurpegi politean irribarre estereotipatu samarra marrazten zaio. Jantzien tolesduretan eta amaren ezkerreko beso gainean eseritako Haurraren jarreran, lehen gotikoak bereak dituen ezaugarri alai baten zantzuak suma daitezke. gutxi gorabehera 1300ean egina izan daiteke.
Tuestako Santa Maria
[aldatu]Frisoa. Guardiatik irtenda, Arabako hiriburura iritsi aurretik, beharrezkoa zaigu denboran atzera egitea Tuestako Santa Mariaren eskultura-lana bisitatu ahal izateko. Aurreko atalean aipatu dugunez, eliza erromaniko beranta da eta bertan dago zehaztu ezin daitekeen zazpi irudien friso sonatua, garai batean atariaren gainean jarri arazi zena, arkiboltaren goialdeko giltzarria eta hegalaren artean irekitako hutsarte batean kokaturik.
Eskailera mailatako oinarri gainean daude kokatuak, Haurra duen Mariaren irudi hieratikoa aurrez aurreko jarreran dago ohiko Andra Maria, Sedes Sapientiae modura. Hari begiratzen diote alde banatan hirunaka jarririk dauden gainerako irudiek. Eskuinaldera, San Josea –Isaias, agian– eta Deikundearen eszena. Ezkerraldean, koroa buruan eta soingaineko zein kapaz jantzita hiru Errege Magoak, eskaintzak erakutsiz Jaungoiko Haurrari.
Eskulturagilearen izena, Tuestako Martin Lopez, XIV.go eskuizkribu baten bitartez aurkitu da, Ruiz de Loyzagaren ustez. Elizaren egilea Elias ez dela behintzat ziurta daiteke, izan ere, zazpi estatuen gaiak espiritu erromanikoa badu ere, estiloz gotikoa da eta elizako gainerako eskulturen ondorengoa. Arabar gotikoan jakitun handia den Mª Lucia Lahozek irizten duenez, eskultura hauek XIII. mendekoak dira, eta “Arabako eskultura gotikoaren hasiera” markatzen dute, eta euren estiloz “Burgoskoen jirabiran dabiltzanez han bilatu beharreko da jatorria”.[53]
Gasteizko katedral zaharra
[aldatu]Gasteizko hiriaren kasko zaharrean gotikoak agintzen du estiloetan.
Hango Santa Maria eliza, Katedral Zaharra izenez ezagutzen dena, Erdi Aroko Arabako hiriburuko eraikinik artistikoena eta interesgarriena da. Agiri gabeziaren aurrean, frantziar katedral handien eta Leon eta Burgoskoen antzeko estiloaren azterketa da hiru atetako arkupe oso zabal bat eskultura-lan aberats eta miresgarriak dituen eraikinaren oinetan kokatzera bultzatu zuen eragin gotiko mardularen kronologia eta argibideak eman diezazkiguken bakarra. Horren guztiaren arabera, XIV. mendeko lana da.
SANTA ANAREN ATEA. Agerian utzi zuen 1962ko zaharberritzeak gurutzaduraren hegoaldeko besoan dagoen Santa Anaren atea. Zoritxarrez oso hondatuak dauden eskultura-lan ugari ditu.
Bost arkiboltaz jantzirik, oso nekez ezagut daitezkeen aingeruen eta santuen irudiak agertzen dituzte horietako lauk, barrualdekoenak, aldiz, Haurtzaroa garatzen du.
Ateburuan, Jesusen Ahaidetasun Santua adierazi nahiko lukeen sail batean zazpi pertsona heldu eta bi haur ikusten dira. Tinpanoak bi grabatu aurkezten ditu: azpikoan, ezagutu ezinezko zortzi irudi daude eta, goikoan, Kristoren bataioaren eszena, oso hondatua dagoena hau ere. Ebanjelioko gaiak dituena, inola ere, parrokiako bataiatokiaren gertutasunak behartutakoa da.
Janbak bi mailetako horma-hobiz ederturik daude, baina gorengo mailan baino ez dira gorde irudiak; nitxoen garaierak eskatzen duena baino askoz neurri txikiagoko santuak, gizonezkoak eta andrazkoak, agertzen dira, eta hori dela oinarri batzuk XVI. mendean jarriak izango ditu.
MENDEBALDEKO ARKUPEA. Hala ere, Gasteizko katedraleko eskultura-lan garrantzizkoenak, elizaren mendebaldeko arkupe handian irekitzen diren hiru atarietan aurkitzen dira.
Atari aurretan badira aurreko arkupe batenak izan behar duten pilareak; hor bertan XIV. eta XV. mendeetako irudiak babesten dira, drozel sendoen azpian, profeta-txartel luze bat, ezaugarri gisa Isaias, eta Aingerua eta Deikundeko Birjina, biak ere irudi zapal samarrak, baina jada mugimendu errenazentista alaiak izan daitekeenak adieraziz.
Programa ikonografikoa. Hiru atariei buruz, laburtuz esan daiteke erdikoa Maria Birjinari eskainia dela, eskuinaldekoa Azken Epaiari eta ezkerraldekoa Elizako andere eta gizon santuei. Frantzia eta Espainia aldeko XIII. eta XIV. mendeko beste eliza handietan kontenplatu daitezkeen programen aldean ez da askoz desberdinagoa.
Erdiko ataria. Erdiko ataria begiratzen badugu, janbetan santu ugari ikusiko ditugu, Alexandriako Santa Katalinaren irudia nabarmentzen delarik, bere martiritzako gurpila dela eta ezagut daiteke eta XIII. mendeko tradiziorik hoberenaren barruan eredu bikain bati erantzuten dio. Arkiboltetan ohitura jarraitu egiten da, alegia, aingeru, profeta eta andere eta gizaseme santuez betetzen dira, hauetako asko oso hondatuak azaltzen badira ere. Mainelean Maria Birjinaren irudi oso alai bat altxatzen da. Bere gorputzeko okerdura arinagatik, tolesdura ugari eta zimurrengatik, txoritxoa duen Haurraren irudiagatik, eta beste gai batzuetako sinboloak diren biribila, lorea eta dragoiagatik, germaniar maisuen eragina susmarazten du.[54]
Tinpanoko lau grabatuetan garatu diren eszenak, Erdi Aroko tinpano eta erretauletan hainbat alditan adierazi izan diren Maria Birjinaren eszenei buruzkoak dira. Guardiako Erregeen Santa Mariarena da Gasteiztik gertuen dagoena. Gasteizko katedral honetan, tinpanoko eskulturak, kanon lirain bat nahiago duen maisu batek eginak dira, agian aipaturiko Santa Katalinaren irudia landu zuen ertilariarena.
Eskuinaldeko ataria. Santuen irudiz okupaturiko janbak ditu, eta, besteak beste, ukenduaren pitxarra daraman Santa Madalena bederen ezagut daiteke. Tinpanoko irudi batzuk ezin ezagutu dira; beste batzuetan aldiz, oso nabarmena da Azken Epaiaren adierazpena, arimak pisatzen ari den Aingerua, zauriak erakusten dituen Kristo, aintzara sartzera doan Birjina eta abar.
Ezkerraldeko atariak ez du eskulturarik janbetan; arkiboltetan aingeru musikari ala kantariak, santuak, erregeak eta profetak ikusten dira. Ziurtasunez ezagutu ez diren eszenak eskaintzen dituzte tinpanoko lau grabatuek. Apraiaz maisuak, Santo Toman apostoluarekin lotzen zituen eszena batzuk. Errukizko ekintzen aipamena ikustea iruditu zitzaion Canterari.
Duela gutxi pentsatu izan da San Gilenen historia dela atari osoari batasun ikonografikoa ematen diona, bere bizitzako agerraldiak adieraziz, Urrezko Kondairan kontatzen denaren arabera.
Eskultura gotikoa Gipuzkoan
[aldatu]Gipuzkoako gotiko monumentuetan, lanik deigarriena lehen gotikoari dagokiona izan daitekeen Debako parrokia-elizaren ataria da.
Debako Santa Maria
[aldatu]Monreal de Itziarko auzotarrek, 1292az geroztik hiri‑gutun batez baliatzen zirelarik, XIV. mendea erdira iritsi zenean, Alfonso XI.ari ibarraren barrenean eta itsasoaren ertzean kokapen berri bat eskatu zioten, porque sean más ricos y más guardados. Itsas ertzera jaistea koherentea zen, gogo bikoitz eta orokorra kontuan hartuz gero, babestuago izatea eta merkataritzagatik eta ekonomiagatik itsasoa bilatzea. Hau guztia, gizartean desadostasun eta ezinikusi-giro izugarria bazegoen ere, laster azaldu zen kultur eta arte-ekimen aurreratuetan.
Eliza eraiki zen beste ezer baino lehen, horixe izango zuten biztanle berriek egitekoa. Litekeena da XIV. mendean jada hasiak izatea eraikuntza-lanetan, eta mende horretan bertan aurrera egingo zuten lanek, urte horietan zureriaz estalirik, zeren eta gauza jakina da 1390etik elizaren barrunbean egiten zirela udal biltzarrak,[55] harik eta XVI. mende aurreratuan habearteak guztiz berritzea eta harrizko gangaz estaltzea erabaki zen arte, Euskal Herrian hain jatorrak diren eliza zutabedunak sortzeko aukera emanez. Aurrerago atal berri bat eskainiko diegu.
ATARIA. Erdi Aroan landu zenetik mendebaldeko ataria da garrantzizkoena. Lehenengo eliza egiterakoan, defentsarako dorrearen oinarrian hutsarte handi bat gelditu zen lekuan kokaturik dago.
Ate bikoitz handiak, mainela ere baduenak, alde banatan arkitekturako paramendu sendoak ditu, gutxi gorabehera garaiera berdina duten bi zatitan banatuak: zimentarriak beherenean eta janbak goragokoan.
Zimentarriak, horma lauez, jarraian doan bankua eta geometriazko apainketak dituen frisoetan gorago bikoizturiko hirugarren gorpuzkiz osaturiko zokalo altu batez eginak daude.
Janbetan, estatuak idulki gainetan daude, arkibolten baketoi handiei dagozkien zutabe finez bereizirik eta arku konopial profilezko tontorrez amaitzen dira. Litekeena da Apostoluen egitasmoa ikonografikoa goiztiar samarra izatea, Guardiako Santa Mariaren ereduan inspiratua agian, lanaren bukaera askoz beranduagoko dela dirudi arren.
Arkiboltetan azaltzen da batez ere errioxar eredua. Guardian bezala, Itun Zaharreko irudiz jantziak daude dobelak: profetak, erregeak, musikariak, emakume martiri santuak, birjinak eta santuak. Irudietan diren pertsonaia guztiak ezagutzea erraza ez izan arren, garbi dago tinpanoko egitarau nagusiarekin zerikusia duten irudiak direla.
Hiru erregistroetako tinpanoa. Maria Birjinaren biografiari eskainitako tinpanoak, Guardia, Gasteiz eta garai bereko beste askok bezala, hiru erregistro ditu.
1.go erregistroa. Jesusen Haurtzaroko gertakariak txertatzen dira. Deikundearen xehetasun berezia, Gabriel Goiaingeruaren jarrera da, grabitate legetik at, airean aurkitzen baita. Ikustaldian Elixabet, adin helduari dagokion buruzapiagatik ezagutzen delarik berau, lehengusuaren aurrean erreberentziaz belaunikatzen dela dirudi makurturik. Jaiotzaren gertakarian, ohean etzanda dagoen bere Ama Birjinak eusten duen Haurra ikusten da, ertz batean San Jose bere burukoa bigundu nahirik, eta beste ertzean emagina, mirarizko erditzea laguntzen. Badirudi Haurra altxatzen duela Birjinak goiko zatian bi animaliaren buruak azaltzen diren estalpean jarri asmotan.
Erregistroaren erdigunean, Birjina tronuratua eta koroatua dagoen irudi batez okupaturik, magalean Haurra duela azaltzen da, saihetsetan dituelarik sinbolismo ezezaguneko bi multzo eskematiko. Amaren magalean eseririk, Jaungoiko Haurra, lerroan dauden Errege Magoetara zuzentzen da apur bat –errege bat belauniko dago, izarraren azpian eta beste biak zutik, baina jarrera desberdinean.
2. erregistroa. Birjinaren Loaldia, elezaharretako gaiari eskainia dago.
Ezker aldean hamaika buru ikusten dira –hamaika apostoluak harrigarriro doaz laino gainean; erdigunea zeruetara Jasotako Birjinaz estaltzen da, bere mandorla mistikoaz inguraturik, jada koroatua eta soineko ikusgarriz jantzirik. Zeru mailara hiru aingerutxoz jasoa ala eutsia dirudi, hirugarren batek –sinesgogorra eta damutua den Tomas apostolua– berriz, belaunikaturik Birjinaren gerriko ospetsua jasotzen du.
Berezko kronologiari inolako begirunerik gabe, hurrengoan Mariaren heriotza garatzen da, Kristok besoetan jasotako arimaren xehetasun ohikoarekin, eta hainbat interpretazio egin zaizkion pertsonaia bizardun bat, eskuetan liburu bat duela. Ezkerraldeko eszena estaltzen duten bi emakume-irudi ezagutzea zaila gertatzen da.
3. erregistroa. Bistakoa denez, goiko erregistroak Mariaren Koroatzea eskaintzen du. Saihetsetan ikusten dira aingeruzko irudiak: Aita Jaungoikoa, Semea eta Espiritu Santua, bi aingeru intsentsulari, eta haien oinetan belaunikaturik beste bi aingeru musikari.
Estiloa. Tinpano hau arretaz begiratzen bada, azterketa egin ondoren, ikonoetako elezaharrari zaion leialtasun zaindua eta jarduera plastiko zakarraren artean dagoen kontrasteak sentipen bitxi bat sortzen du, batez ere, janbetan dauden apostoluen estatuekin alderatzean.
Irudi hauetan, motza bada ere, gorputzarekiko leialtasunak, oso fin modelatua izateak eta jantzien tratamendu ugariak, errenazimentuko klasizismoa aldarrikatzen duen gotikoaz pentsarazten du. Tinpanoko lanarekin duen kontrastea izugarria da.
Gauza bera esan daiteke maineleko irudiaz, Kristo piztua erdi‑jantzirik, bere zauriak agerian dituela eta heriotza garaitu izanaren ezaugarria duela; kanonaren moztasuna da hemen benetako Errenazimentu hasieraz hitz egitea galarazten duena.
Kronologia. Barneko ikuspuntu batetik eta alderaketak eginez, Debako atariaren estiloa ikertu dutenek diotenez nabarmena da jatorrizko moldea Arabako ereduetan: Guardiakoa eta Gasteizkoa.[56] Kronologiak finkatu nahi direnean azaltzen da harridura.
Gipuzkoako atarien zakartasuna ikusita, bada arabar lanekin alderatuz honek kronologiaz duen lehentasuna zalantzarik gabekoa dela uste duenik. Baina gaur egun ezin jar daiteke zalantzan, garapena estilistikoa ez dela denboraz gainerako irizpideen baztertzailea, ezta nagusia ere. Talentu itzeleko eta abangoardiako maisu bat izan daiteke egilea, formula zaharkituei itsatsita edo kanpoko joera berritzaileei asko irekitzen ez zitzaion beste baten garaikidea. Hauxe bera izan daiteke Debako tinpanoaren maisuaren kasua.
Deba inguruan gizakia finkatzen hastea eta Berant Erdi Aroko eliza eraikitzen hastea garai bertsuko kontuak izango zirenez, programa ikonografikoa Guardia (K.o. 1350) eta Gasteizkoaren (K.o. 1390) adin berekoa izan badaiteke ere, oso litekeena da ataria beranduagokoa izatea –XV. mendean zeharrekoa– bi maisu ala lantegiek egina gainera, apostolutzaren arduraduna modernoagoa eta aurrerazaleagoa zelarik.[57]
Bizkaian lehen gotikoko eskultura monumentala denik ezin dugu ia ezer aurkitu, izan ere, eliza nagusiak ez baitziren XV. mendea ongi sartu arte bukatutzat hartzekoak izan.
Irudi solteak
[aldatu]Aurreko orrietan irudigintza plastikoari dagozkionez kristau arteak nozitutako gorabeheren zergatia azaldu dugunen, eta Berant Erdi Aroa berreskuratze aldia izan zela eta Elizako agintariek idoloen sineskerietan berriro erortzearen beldurra galdu zutela ere esan dugularik. Helburu didaktikoekin egin zen Biblia pauperum‑etik irudien gurtza onartze dogmatiko baterako pausoa eman zen.
Irudigintzak beste bultzada berri bat bizitu zuen, gizarte kristauaren barruan. Harrez gero arte kristauaren historia ez zen soilik elizako hierarkek eliztarrak katekizatzearekin batera apaindu nahi zituzten gurtzalekuen histori izan. Elizako agintaritzagandik etorritako irudiak gurtzeko bultzadak eragin zuen imajinagintza deritzon arte plastiko horren berpiztea. Mendebaldeko artearen historian, XII. eta XIII. mendeetatik atal berezi bat izan zen ikono sagaratuena.
Imajina solteei buruz modu berezi jardungo dugu orain, izan ere, irudi sagaratuek erromanikoaren atarian birjaioz geroztik, berebiziko garapena eta birbaloratzea bizitu zuten gotikoaren mendeetan. Bestalde, gertakizun horrek uste gabeko gailurrak iritsi zituen, zeren eta Europa kristauan, bere helburu erlijioso soiletik aparte, irudi sagaratuak gurtzeak, eskultura soltearen garapen orokorra ere erraztu egin baitzuen.
Mariaren imajinak
[aldatu]Erdi Arokoak izan eta gaur egunera arte Euskal Herrian gorde diren Maria Birjina eta santuen irudiak ezin konta ahalako kopurua dira. Nafarroan soilik, gorde eta jaso direnak bost ehun zenbatu badira, hauetatik hiru ehunen bat Birjinak dira. Euskal Herriko azken muturreraino kristautasuna berandu hedatu izanaz hitz egin badugu ere, Maria Birjinaren irudi zaharragoren batzuk gordeak izatea litekeena da; baina, Nafarroan eta beste euskal lurraldeetan gorde diren zaharrenak ez dira XII. mende erdikoak baino lehenagokoak.
Horietako gehienak zurezko tailak dira. Gutxi dira jatorriko lan polikromoa zatiren batean gorde dutenak. Oso gutxi badira ere, badira harrian, marmolean eta alabastroan landuak. Batzuk erromaniko garaian zilarrez estaliak dira, eskuak eta burua izan ezik.
Andre Mariren Ikonografia
[aldatu]Aurreko atalean esan dugun bezala, Euskal Herrian Andra Mari esan ohi zaion eta Haurra duen Birjinaren irudi solte motako eskultura gehienak dira espiritu gotikoa dutenak.
Oraingoan, Theotokos, Jaungoikoaren Ama, dogmazko egiaren esanahia baino gehiago bilatzen da giza amatasun sentimenduen adierazpena. Jesus Haurra orain amaren belaun baten gainean eseririk aurkitzen da eta errenazimendu aldera hurbiltzen goazen heinean, Ama‑Seme harremana nabarmenduz joango da.
Birjinak berekin izaten du koroa –Haurrak ez bezala, oraingoan koroatua izatea bitxiagoa baita. Maria soingaineko estuz jantzia egon ohi da, lore batez lepoan ixten duen atorra, eta guztien gainetik belaunetan tolesten zaion mantu zabal batez jantzia; burua berriz buruko zapi eta koroaz estalia izan ohi du. Eskuineko eskuan, ia beti lore bat ala fruitu bat duela agertzen da, bestea Haurraren sorbaldan kokatua; Haurra, berriz, janzkera berdin‑berdina duela ezkerreko belaunean eseririk, liburu bati helduta eta bedeinkapen jarreran eskuina. Amaren jarrera eta keinua gozoagoak dira orain, eta batzuetan irribarrea sortzen zaio.
Mariaren imajinak Nafarroan
[aldatu]Nafarroan Erdi Aroko Birjinen ugaritasuna kontuan hartuta, ikuspuntu ikonografikotik lauzpabost taldeetan banatzeko saioak izan dira, beste askoren eredu izateko balio izango zutela eta bereziki estimatzen eta gurtzen ziren irudiak baitira.[58] Hemen ere ederrenetariko batzuk aipatuko ditugu, gure ardurakoa den ikusmolde estilistikotik.
Rocamadorreko Andre Maria. XIII. mende bukaera ala XIV.aren hasierakoa da; izenak dioen bezala, Rocamadour santutegian du jatorria (Quercy frantsesean), eta Zangozako Santa Maria Erregina elizako erretaula nagusian buru dago; Mariaren irudi goxoa zurezkoa da, eskuak eta aurpegia zilarreztatuak; aurrez aurreko jarreran koroatu eta tronoratua agertzen da, sagarra eskuineko eskuan duela eta Haurra ezkerrekoan besarkatuz.
Los Arcosko Birjinak berezko neurria du 154 cm. Amaren belaun gainean eserita dago Haurra. Birjina aurrez aurre egoteak eta Haurrarekin inolako harremanik ez izateak irudi erromanikoak ekartzen dizkigu gogora, nahiz eta bestalde, jantzien tolesdurek XIII. mendearen azkenaldira eramaten gaituzten.
Gauza bera esan liteke Oliteko Santa Maria elizako zaindariaz.
Garatuagoak dira Garesen Santiago elizako Soterrañakoa eta San Pedro de la Ruakoa, Lizarran.
Lizarrako Puy‑eko Birjina. Herriak jaiera handiagoa dion Birjina, Lizarrako Puy‑ekoa (100 cm) zilarrez jantzia dago: bai Amak eta bai Semeak aurrez aurreko jarrera gordetzen dute eta antzinakoa den keinu hau, Haurraren sorbaldan kokatzen ez den Amaren besoaren jarrerarekin harmonian dago; hala ere, soinekoaren modelatuak, XIV. mendearen hasierara eramaten gaitu.
Orreagako Amabirjina. Zilarrez xaflatua da, baina gotiko garbiagoa Orreagako Birjina (90 cm): honengan aurrez aurreko erromanikoa hautsi egiten da; ikuslearekiko profilez dago Haurra; Ama eta Haurra elkarri begira daude; Amak samurki begiratzen dio; soinekoan agertzen diren tolesduren errealismoak eta ugaritasunak XIV. mendearen bigarren erdira igortzen gaitu, eta jatorrizkoa izan daitekeen lehen aipatutako Rieux‑eko (Toulouse) lantegiko norabidean eramaten.
Artaxoako Birjina. Zalantzarik gabe XV. mendekoa eta eragin gotiko flamenkoak aurreratuak eta are arte kalitate hobea duena da Artaxoakoa, bere edertasun fina Hesiko elizako erretaula nagusian eskaintzen duela.
Eserita dauden Nafarroako Amabirjinak. Eseritako jarreran dauden Nafarroako Amabirjinen artean Iruñeko katedraleko Birjinez lehenago jardun dugu:
- Kontsolamenduko Birjina, Barbazana Kaperakoa,
- Babeseko Birjina, izen bereko atearen mainelekoa,
- eta Berri Onaren Birjina, klaustroko atearen ondoan dagoena.
FRANTZIA ALDEKO ERAGINA DUTEN IMAJINAK. Berri Onaren Birjina “hancheuses” izeneko galiar eragineko Birjinen eredua da; hain zuzen ere, lerromakur mugimendu bat gorputzari ematearren, izter gaineko hezurrari ematen zaion okerdura dela-eta; irribarrea isurtzen eta modelatu manierista azaltzen dutenetako Birjina bat da.
Halakoxea da Uharteko Birjinatxoa ere, Frantziatik ekarria zalantzarik gabe, marmol zurikoa, oinazpiko marmol beltz gainean dagoena, eskuan lore sorta eta buruaren makurtzearekin kontrastea egiten duen gorputz osoko mugimendu alaia eta tolesdura sinfonia eder bat sortuz, goitik beherakoak soingainekoan eta zeharkakoak mantuan.
Uhartekoaren oso antzekoa eta frantses jatorri berekoa da Soraurengo Birjina ere.
Antzekoa da, halaber, nahiz eta Malinasetik (Flandes) ekarria izan Kortesko Birjina. Neurriz gaineko aurpegiko trazu finak –kopeta argia eta ponpatua, betazal kurbatuak, aurpegi biribila– Europa iparraldeko errenazimentuaren ateetara eramaten gaitu (XV. mendea).
Mariaren imajinak Araban
[aldatu]Araban gorde diren Birjinak ere molde bereko Andre Marien eredukoak dira; naturalismoa eta gotikoaren alaitasuna nabarmentzen zaio, eta ia beti Birjinak bere Haurrari lore bat, fruitu bat ala makila loretsu bat eskaintzen dio.
BIRJINA ZURIA. Zentzu horretan, Trebiñuko San Pedro elizako Birjina Zuritik hasi beharko genuke. Elizaren kanpoaldean dago kokatua, hiribilduaren jabe gisa, XIII. mendeko irudi polit bat da. Oinazpiko baten gainean eta errezel gotikoa duen horma-hobi batean babesturik, Jesusen Ama koroatuak, herensuge gaiztoa zapaltzen du, bere Semeari begiratzen dion bitartean, irribarre estereotipatu batez. Haurraren aurpegia naturalagoa eta adierazkorragoa da; eta zapiak erortzerakoan badute graziarik, ez protogotiko geometrizaziotik kanpo.
ESKLABUTZAREN BIRJINA. Sail honen barruan, merezi du ezohikoa toki bat Gasteizko Santa Maria elizako Birjinak, Alfontso X.a Jakintsuak emana izan daiteke, Gasteizen gaixotasun larri batetik Birjinaren bitartekotzari esker sendatu ondoren.[59]
GOTIKO BERANTIARRA. Gotiko berantiarrak, XIV. mendekoak, eta besteak bezain eder eta garrantzizkoak dira:
- Okarizkoa,
- eta Aguraingo San Joan elizakoa, zoritxarrez bi besoak moztuak dituena. Okarizkoa bezain nabarmena da neurriarengatik, metro eta erdira iristen baita,
- eta Zurbaoko Erremedioetako Ama deiritzona. Honako hau Probintziako Museoan dago gaur egun; aipatu ditugun ezaugarri ikonografiko guztiak baditu; nahiz gaur egun oso hondatua dagoen; XVIII. mendean egindako ukituak eta estaldurengatik ez du bere edertasun plastikorik galdu.
Gotiko berantiarren artean, XV. eta XVI. mendean, Errenazimentuko atalean kokatzera gonbidatzen dutenen artean dago, Kutxoko Esnearen Ama, adibidez.
Ahaztuan gelditu beharko ez luketen beste batzuk:
- Martiodako, Sokorriko Ama, Frantzia aldeko grazia duena, jatorriz kanpokoa dela esan ohi dena;
- eta jakina, Gasteizko San Migel elizako Birjina Zuria deritzona, harri polikromoa da eta 2 m ditu garaieran, eta data jartzeko garaian, dokumentu-faltagatik, iritziak erdibiturik daude, zeren eta batzuk XIV. mendean kokatzen badute ere, beste batzuen ustez, errenazimentuko eskulturagile bat da egilea, gotikoaren adierazgarritasun tolesgabea imitatu nahi izan zuena.
Mariaren imajinagintza Bizkaian eta Gipuzkoan
[aldatu]Bizkaian, jaiera biziko foku gisa Begoñako eliza nabarmentzen da. Bizkai aldeko lurretan nabarmentzen dira, besteak beste:
- Galdakaon,
- Gaztelu-Elexabeitian,
- Arratiako Arantzazun,
- Lekeition.
Gipuzkoako imajina ugarien artean, lehendik aipatuak ditugunak alde batera utzita, hona hemen, Irungo Junkalekoa eta Debako Itziarkoa; berezko hieratikotasun erromanikoa ikusirik, hemen azpimarratzekoa litzateke Arantzazuko Birjina, XIII. ala XIV. mendean harrian landua eta XVI.ean zertxobait itxuragabetua, 36 cm neurtzen du. Munduaren bola eskuetan duela eserita dago eta Haurra bere ezkerreko belaun gainean eserita.
Halaber, aipatzeko Birjinak lirateke:
- Zikuñagakoa (Hernanin),
- Guadalupekoa (Hondarribian),
- Ordiziakoa (eseria)
- Aizarnakoa,
- Loinazko Amaren ermitakoa, (Beasainen), eta abar.
Gurutze gotikoak
[aldatu]Bereizgarri ikonografikoak
[aldatu]Gurutziltzaturiko Kristoren irudietan gotiko estiloaren berrikuntzak azaltzen dira, halaber, eta agian modu bereziago batean.
Hasierako errealismo alderako joerak nolabaiteko gorputz leialtasunera eramaten du; gorputz-atalei mugimendua eman nahirik hiltze bakar batez gurutzeari bi oinak josiak irudikatzera eramango du, Jesusengan sufrimenean pazientziaren paradigma ikustea beharrezkoa duen herri debozioak gero eta hizkuntza espresionista batera bultzatzen zuen; desagertu egin ziren osoko soingainekoa eta erromanikoan espiritu mistiko eta sinbolo zaleak sortu zuen errege koroa, eta perizoniuma, aldiz, belaunetaraino luzatu.
Ikonoen berezitasun hauek funtsezkoak dira garaiko Kristoak ezagutzeko, baina ez uste salbuespenik gabeko araua denik.
Nafarroako Kristoak
[aldatu]Kristo gotikorik zaharrenetarikoa Peñako parrokia-elizakoak izan behar du (XIII. mendea), erromaniko aldiko Kristoei darien bakea zerbait gordetzen duena.
Gurutziltzatuaren aurpegian min gogorregiaren arrastorik gabe, ia alderantziz baizik, egonarria eta bakea adierazten duten arrastoekin, gurutziltzatzearen oinazea eta heriotzaren abaildura aditzera eman nahi duten hauek berantiarragoak dirudite, besteak beste:
- Lizarrakoa,
- Alloko Uretako Santo Kristoa,
- Iruñean katedralekoa, eta abar.
Estimazio berezia merezi duten bi ale nabarmendu beharko genituzke:
Oliteko Santa Maria elizako Heriotza Onaren Kristoari hunkigarritasun berezia ematen die aurpegi luzeak, saihets-hezur nabarmenduen xehetasunak, zangoen tolestadurak eta gorputz osoko makurdurak; XIV. mendeko lana da zalantzarik gabe, Gaztelakoekin zerikusi gehiago duena, hispano‑flamenko eskulturarekin baino.
Oinaze adierazpen are handiagoa du barruan beraren babesle den elizari izena eman dion Garesko Gurutzeak, benetako zuhaitz bat imitatzen duen gurutzearen imajina da eta Eroslearen gorputzak, beheko zatia ezkerraldera begira jarririk eta goian enborra aurkako aldera itzulirik daukanaren arteko kontrastea du agerian.
Tipologiagatik, ia ezin daiteke zalantzan jarri gurutze honek Germanian ikusten diren batzuekin zerikusia duenik, adibidez, Koloniako Santa Maria del Capitolio‑koarekin (1314), eta Italiako Sienako Katedraleko Museoko Giovanni Pisanokoarekin (1296). Zeharkako dokumentu batek Garesko gurutzeak XIV. mendeko lehen hereneko data duela pentsarazten digu.
Arabako Kristoak
[aldatu]Araban garai horretako taila onen artean nabarmentzea komeniko lirateke, honako Kristo hauek:
- Zurbaokoa, XIV. mende hasierakoa (Elizbarrutiko Museoan),
- Arrianokoa, gotiko berantiarra, bere parrokia apaleko erretaula xumean buru dagoena,
- eta hiltzetik askaturiko besoagatik eta jarrera baketsu eta minberagatik, oraindik ere hunkigarriagoa den Trebiñuko San Pedro elizakoa, XV. mendekoa.
- Askoz neurri txikiagokoa dena baina, bere gorputzaren okerduragatik oso nabarmena da Sojoko San Lorentzoren ermitatik ekarritako gurutzea (gaur egun Probintziako Museoan dena): besorik gabea da, tolestutako oinak hiltze batez zulaturik, gorputzean lerromakur gozoak, jarrera minbera, aurpegi zorrotz eta baketsua eta garbitasun oihala angeluzko tolesduretan jarria; XIV. mendean koka daiteke.
Kexaako Santo Kristoa, XV. mendekoa jada, eskema errealistago eta ez hain estilizatu bati erantzuten dio, eta Gurutziltzatuaren giharretan eta garbitasun oihalean zuritasun handiagoa du.
KALBARIOAK. Izan gogoan gainera, Araban gotikoak Kalbario osoko hainbat adierazpen plastiko utzi duela (Maria eta San Joan gurutzearen bi saihetsetan): Nabarmentzen direnen kalbarioen artean daude:
- Erentxungoa,
- Egiletakoa,
- eta Guardiako San Joanena.
Horien guztien multzoak, xehetasunetan tailak osotasuna dutenez, gotikoa gainditua zela pentsatzera eramaten gaitu.
Gipuzkoako Kristoak
[aldatu]Gainontzeko euskal probintzietan ez da gotiko aldian kokatu beharreko kalitate bereziko Kristo gurutziltzatuaren ikonografiarik. Gipuzkoan aipatzeko Kristoak lirateke:
- Albizturkoa,
- Andoaingo Zumea ermitakoa,
- Alegiakoa, Lazkaokoa, Segurakoa (Frantziskotar mojen komentukoa),
- eta hain ezaguna den Lezoko Santo Kristoa, jatorriaren arrasto ziurrik ez duena.
Durangoko Krutziaga
[aldatu]Eroslearen Gurutziltzatze gaiak, Krutziaga deritzon Durangoko Kalbariora bideratzen gaitu, ikonografia oso aberatsa eta deigarria zein kalitate handiko plastikotasuna duen monumentura.
Ez da landa gurutze bat, ez mugarri, eta ez bidegurutzetako bat ere; hiriko gurutze bat da, gaur egun ezaguna ez den helburu jakinen bategatik jasotakoa. Durangon, 1442.ean Beguinoen eta Bergandoen heresiari eutsi zion Anaia Alonso de Mellari erantzun ortodoxo bat emanez jarritakoa izan zitekeela ere uste izan da; iradokizun hau Karmelo Etxegarairi zor zaio.
Irlandako gurutzeen ahaidetasuna ere bilatu nahi izan zaio, eta zehatzago esanda Bretainia Behekoekin; baina, hain bitxia izanik ez da erraza gurutze ezagunetan antzik aurkitzea.
Multzo ikonografiko honek denak izan dezakeen garrantzia sinbolikoaz asko hitz egin da eta bibliografia ugaria du.[60]
Altueran 4,30 m dituen gurutzea da. Multzo osoak oinarritzat daukan pilare lirain baten gainean gorpuzki zilindrozko bat zutitzen da, beraren zirkulu inguruan adieraziak dauden hamabi apostoluak (Elizaren sinboloak?) kanon motzeko irudiak dira, baina taila sendokoak, bakoitzak daraman tresnagatik ezagut daitezkeenak.
Zilindro horren gainean, 1,60 m neurtzen duen gurutzearen masta dago zutik; bere ingurune osoan emakumezko aurpegia duen Paradisuko sugea kiribiltzen da eta Lehen Bekatua eta bere zigorra gogorarazten dira. Baina ebanjelioetako berezko historiako irudiak ere pilan azaltzen dira: Maria eta San Joan eta gainerako zeinu eta Kalbario tradizionalak bere bereak dituen irudiak. Bistan azaltzen da teologoren batek markaturiko egitaraua, Bekatua eta Erospena uztartuz.
Gurutzeak badu irudirik atzealdean: Andra Mari bat, eta gizaseme eta andere santuen irudiak, denak ezagutzen ez badira ere.
Nolanahi ere, lan honen balioa plastikoa azpimarratzea da kontua, adierazpide naturalistarako iaiotasun jakintsu batez erromanikora erakartzen gaituzten irudietan azaltzen dela dirudien lanaren laztasuna, eta konposizio zentzua eta egituren edertasunerako sentiberatasun izugarriaren arteko bilduma bitxia. Zentzuzkoa dirudi monumentu hau gotiko berantiar gisa izendatzea eta 1490 eta 1510a bitarteko data ematea.
Gizaseme eta emakume santu herrikoiak
[aldatu]Kristau-izendegiko santu heroien gurtzak, gotikoaren hiru mendeetan zehar, hazkundea sumatu zuen. Baskonian irudietan gehienetan azaltzen diren santu gustukoenak dira: Santiago eta Pedro Santuak, eta eliz zaindari batzuk, San Migel, San Martin, San Jurgi, San Nikolas, San Saturnino, Santa Maria, San Esteban Satua, Santa Katalina eta abar.
NAFARROAN: Santuen imajina batzuk, ez askok hala ere, teknika menderatze handia eta hizkera plastikoaren jakinduria berezia azaltzen dute, eta tailak kanpotik ekarritakoak izatearen susmoa sortzen dute, hala nola:
- Santsol parrokiako San Pedro
- Garesko Santiago.
Beste batzuk, aldiz, ez dute jatorriz herrikoiak ote diren zalantzarik pizten:
- eserita dagoen San Pedroren zenbait irudi,
- Lizarrako San Pedro de la Rua elizako San Nikolas,
- Tuterako Santa Magdalenako San Blas eta abar.
- oso neurri handian eta hispaniar‑flamenko zantzuak dituena da Lizarrako San Migel elizako kaperako San Jurgi(1500.a);
- Flandestik datorrena izango da taila fineko (XV. mendea K.o.) beste San Jurgi bat da –zutik jarririk herensugea lantzaz zulatzen– Zangozako Santa Maria elizan dagoena.
GIPUZKOAN berriz, Elizbarrutiko Museoan ikusgai dauden batzuk merezi du nabarmentzea:
- Astigarragako Santiago erromesa, oraindik hizkera erromanikoan egina, funtsezkoena bilatzen duen alabastro txiki eta trinkoa da (XIII. mendea).
Egitura herrikoiagoa, baina jada gotiko naturalismo aldera irekiagoak dira, garaiera ederreko zenbait emakume-irudi, XV.-XVI. mendeetan koka daitezkeenak:
- Goroeta (Aretxabaleta) eliz aurrekoa den Santa Ines alaia, 53 cm-koa,
- Oxirondoko (Bergara) Santa Marinatik ekarritako Santa Katalina, 86 cm-koa;
- eta Oñatiko San Migel elizako Santa Madalena, 113 cm-koa, soinaren okerdura alaiez Errenazimentua aldarrikatzen duena (XVI. mendea).
Belaunaldi hirukoitza izendatzen den gai bakar bati buruz, (Santa Ana, Maria Birjina eta Jesus Haurra) baditu Donostiako Museoak “gotikoa” esaten zaien horren azpian zenbat gauza dagoen adierazten duten bi multzo: biak ere Elgoibarkoak dira; hauetako batean eskulangile herrikoi baten xalotasuna nabarmentzen da, eta bestean (Santa Klararen komentutik datorrena) teknika menderatzeari loturiko lantegi flamenko baten berezko joera naturalista ezagutzen zaio.
Pintura gotikoa
[aldatu]Aurretik esana dugu, guztiz erromanikoa gisa izendatu daitekeen inolako pinturarik ez dela gorde Euskal Herrian, nahiz eta izan zela pentsatu behar den, gainerako Hispania aldeko eskualdeetan bezala. Erdi Aroko jendeari ez zitzaion gustatzen harriak bistan uztea bere eliza eta ermitetan. Nahikoa adierazia dago karez zarpeatzea eta gainetik margoz estaltzea atsegin zitzaiola, absideak batez ere, irakaspen eta apainketa asmoz.[61] Orokorrean, “lehorrean” eginiko margo baten ahultasunak ezin jasan izan ditu hezetasunaren erasoak eta eguraldi-baldintza kaskarrak.
Oihaletako margogintzan, nahiz oholetako margoetan gotiko garaian, bai gertutasunagatik eta bai iparraldeko erregeen dinastiarekiko bere ahaidetasunagatik, Nafarroako erresuman da, Europako gorteetako pinturaren joera berrietara irekia den margolanezko artean garrantzizko lanik gehien aurki dezakegun lekua, zalantzarik gabe.
Nafarroatik kanpo ezer gutxi aurki daiteke, gainerako euskal probintzietan aurki ditzakegun margolan guztiz gotikoekin alderatuta. Gotiko berantiarrak dira, XV. mende bukaerakoak eta XVI.aren hasierakoak. Oholetako margolanak dira ia denak (erretaulak eta aldare aurrealdeak) eta errenazimentuko gisa sailka daitezke.
Teknikak eta aldiak
[aldatu]Atal honetan azpimarratzen ari garen gotikoa hiru mendeetan zehar hedatzen dela dakigularik, jarduera honetan behartuak gaude hainbat aldi estilistiko bereiztera, sartaldeko gainerako herrialdeetan –Frantzian eta Ingalaterran, batez ere– pintura gotikoaren hainbat aldiren elkarkidetasunean; erabilitako hainbat teknikek ezarritako diferentziak ahaztu gabe: beirateetako margolanak, hormako margolanak, oholetako margolanak eta eskuizkribuetako margolanak.
BEIRA MARGOLANAK: Euskal Herrian lehen eliza gotiko haietako baoak betetzen zituzten hasierako beirateetatik ez dela ezer gorde baiezta daiteke, eta ziur asko ez zirela arte ikuspegitik begiratuta balio handikoak; izan ere, bertako beira-lantegien agiririk ez baitago. Hormetako margolanei dagokienez, susmoa da maila ekonomiko ona zuten elizetan baino ez zirela egin.
HORMAKO MARGOLANAK: Beraz, gaur egun ezusteko atseginak hartzen dira landa-giroko eraikinetan, helburu praktiko batzuk betetzeaz gainera –eguraldiaren eragineko hondamenen aurkako paramentu-babes hobea, argitasun gehiago eta abar–, benetako arte kalitate on bat dutela aurkitzean.
Baskonian hormetako margolanik gehienak duela gutxi aurkitu dira, eta 1944tik aurrera behar bezala eraberrituak. Nafarroari dagokionez, arreta handiz eraman izan dira Museora, nahiz eta badiren in situ uztea nahiago izan diren beste batzuk.
BOST ETAPA: Erdi Aroko artearen historian ohikoenak deritzoten haietara egokituz, eta berriro ere lan hauentzat gotiko izena desegokia dela onartuz, bost aldi bereiziko ditugu, gutxi gorabehera kronologia aldiekin egokitzen direnak:
- lehen gotikoa,
- gotiko lineala;
- eta, Erdi Aroaren azkenetan jada,
- italiar gotikoa,
- nazioarteko gotikoa
- hispaniar flamenkoa.
Lehen gotiko estiloa
[aldatu]Artaxoako Maisuaren bi lan
[aldatu]ARTAITZEN. Artaitzeko San Martin elizako hormetako margolanen zatiak, gaur egun Nafarroako Museoan daudenak XIII. mendeko azken hamarkadatakoak izan behar dute.
Absideko zilindro erdia betetzen dute eta adierazten duten gaia guztien gainetik erromanikoa da: Bildotsaren Gurtzarena (Ap. 7‑9). Gizonezkoen irudiak dira, bizardunak denak, soingainekoek adierazten dutelarik apaiz, gotzain eta noble ohoragarriak direla, erdi‑puntuko lau arkuen azpian ikusten dira, erdiko hutsarte estuaren alde banatan kokatuak. Apokalipsia liburuko idatzietan inspiraturiko dohatsu-jende andana iradoki nahi zituen margolariak, bata bestearen gainean ezarritako buruen bidez, erdiko domina handian margoturiko Bildotsa mistikoaren sinbolo aldera burua itzulirik dutela gurtza jarreran.
Irudi oso luzeak dira, jantzita dituzten mantu zabalen tolesdurak, hasiera bateko naturalismoa, zentzu erritmiko nabarmen batez jokatuak daude; marrazketa garbi eta sendoz nabarmenduak eta oso margo beroez margotuak, batez ere. Margolan erromanikotzat ere har daitezke, pertsonaiek profil erdizkako joera irekia azalduko ez balute. Artaxoako Maisu ezezagunarenak direla esan ohi da.[62]
ARTAXOAN. Artaxoako Maisua deritzo izen bereko hiribilduko San Saturninoren elizako burualdeko marrazki apaingarrien egileari, eta Kristok apostoluei eginiko agintzaria gogorarazi nahi dutela dirudi: “Nire atzetik etorri zaretenak, zuek....., Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzen denean, eseriko zarete zuek ere, eta...” (Mt 19‑27 eta hur.). Hauek ere gaur egun Museoan daude.
Ertilariak hemen Kristo Aintzatan adierazi zuen, eserita dauden apostoluez gurturik eta saihetsetan bi goiaingeru dituela; leihoaren alde banatan horma-hobi antzeko batzuetan zutik jarritako San Pedro eta San Paulo oso nabarmentzen daude. Erdiko hutsarteak lore-apaingarri zoragarri bat gordetzen zuen, erromanikoa zirudiena. Baina, zahar-tankera horren guztiaren erdian egunsenti berriak ikustatzen dira: Kristo Aintzetan, Nafar Erdi Aroko Artearen[63] egileek ederki asko adierazten duten moduan, ez da Epaile Nagusia, ezta azken egunean aintzazko distiretan etorriko dena ere; bere zauri salbatzaileak erakusten dituen Kristoa baizik.
Santo Domingo elizako girola erromanikoan, Palentziako Lebanzan, Tuterako klaustroan, eta batez ere, Donejakueko Aintzaren arkupeko tinpano handian ere azaltzen denaren antzekoa da. Hau, gure itxaropena eta aro berri baten gozamen epel eta arrazoibidezko bat biztu nahi dituen margolana da: teologia eskolastikoarena.
Oliteko San Pedro elizako margolanak
[aldatu]Oliteko San Pedro elizaren dorre azpian kokatua zegoen kapera bateko margolanak ere Nafarroako Museoan dira. Gangako lau plementoetan lau aingeru margotu ziren, eta hainbat gaiez apainduak daude inposta bidez bi erregistrotan banatuak diren kaperako hiru hormak.
Aurrez aurreko horman, Pantokratorra eta Tetramorfosa daude goiko aldean, eta Jesusen Haurtzaroko irudiak beheko aldean.
Eskuineko horman, goieneko mailan daude San Saturninoren bizitzako eszenak eta inpostaren azpiko aldean, San Pedro eta San Pauloen irudiak.
Ezkerreko horman Mariaren Koroatze eszena, eta beste pertsonaia eta ezagutzen oso zailak diren Bibliako pasarteek estaltzen dute.
Olitetik datozen margolan hauek, Artaxoakoak baino zertxobait arkaikoagoak dirudite –Pantokratorra, adibidez, erromaniko zoragarri bat da–, baina, bestea baino okerrago gordea denez, ez da egileak eta kronologia zehazteko bistako oharrik ematen. Dena dela, Iñiguez Almech eta Uranga ados daudela dirudi W. Spencer Cook‑en iritziarekin, hau da, margolan hauen egilea, Hueskako Sigenako kapitulu‑gela sonatuan lan egin zuen maisu beraren lana dela aitortzean.
Miniaturak
[aldatu]Erdi Aroko eskuizkribuen margolanik Euskal Herrian ia ez denez gorde, jaso ditzagun kalitate handikoak diren batzuk.
FITEROKO SAKRAMENTU-LIBURUA. Gotiko estiloaren lehen aldi honetakoak dira Fiteroko Zistertarren Sakramentu‑liburuko miniaturak, (gaur egun Nafarroako Artxibategi Nagusian direnak). Urtean Zeharreko mezaren hainbat idatzien hasierako hizkien egitura eta neurrietan txertaturiko margolan sail garrantzitsu bat da.[64] Sakramentu‑liburuetan ohikoak diren ebanjelioetako pasarteak adierazten dituzte, Deikundekoak, Agerkundekoak, Mendekostekoak eta abar.
Azken kasu horretan gertakari bitxi bat azpimarratu behar da, Te digitur‑arekin batera Mezaren Kanonaren ohiko hasierako Gurutziltzatuaren irudia ordezkatzen duela Kristo Zigorkatuak.
Miniatura hauek XIII. mendeko data dute, erromanikoaren nolabaiteko tolesgabetasuna eta aurrez aurreko jarrera oraindik ere gordetzen dutenak, baina jada espiritu gotikoaren arrasto garbiak agertzen dira aurpegien adierazkortasunean, tolesduretan, keinu eta jarreren errealismo bilaketetan; margoen harmoniazko sentiberatasun on bat gordetzeaz gainera, hondoak urdinez margotu eta uztaien gorria kontraste dira. Miniatura sail honen Maiestas Dominiak Artaxoako San Saturninoaren gai bereko horma‑pinturarekin ahaidetasun nabaria du.
LEIREKO SAN SALBATORE IRAKURLIBURUA. Antzeko zerbait esan behar da liburu honen miniaturei buruz (Nafarroako Artxibategi Nagusian dago): hau ere XIII. mendekoa da eta aurrekoaren ondoan desberdintasun hauxe du, margoen gama aldatu egin dela, oraingoan urdinaren ordez gorriaz nahasten den morea nabarmentzen delarik.
Gai honi buruzko ikerketan Silva Berastegik ezaugarri erromanikoak gorde dituzten beste dokumentu miniatu batzuk deskribatzen ditu, nahiz eta hauetako batzuetan irudien luzatzeak eta hasierako makurdurak edo bere estilo kaligrafikoak gotiko alderako joerak bistaratzen dituen.
Lerroen gotikoa
[aldatu]Miniaturetako margolanak eta baita gotikoak ere eragindako lerroen gotikoa, franko‑gotikoa ere esaten zaiona, inola ere, irudi lauak zehazten dituen lerroengatik da ezaguna, normalean margo bakarreko hondoen gainean egiteko joera izateagatik.
Gogora dezagun zenbait mendeetan Nafar erregeak sendi frantsesetakoak izan zirela eta Parisen edo Iruñean bizi zirelarik nafar erresumaren gobernamendua Pirinioez gaindiko gotzain eta ordezkarien bitartez burutzen zutela, Karlos Noblearen erregetza aldira arte bederen. Nafarroako artearen frantses eragina, bai gaietan, bai estiloan nabarmena da.
Nafarroan
[aldatu]Nafarroan, horma‑pinturen eredu eta bereizgarritasun nagusia Iruñeko katedralean bilatu behar da. Katedraleko eta bere klaustroko margolan asko Nafarroako Museora eraman dira, hauez gainera baita erresumako beste zenbait elizetakoak lan batzuk ere.[65]
JESEREN ZUHAITZA. Margolan horietan Jeseren Zuhaitzaren gaia ukitzen duena da deigarrienetako bat. Isaiasen profezia mesianikoaren bibliako iturburua duen gaia “Jeseren zuhaitz-enborretik kimu berri bat sortuko da...”, XI. mendean sartu zen artean, bikainki kokatu zuen Suger Abadeak Saint‑Denis‑ko beirate batean, eta handik hedatu zen miniatura ugarietara, beirateetara, horma‑margo eta oholetara eta baita eskulturetara ere –Silosko Klaustrora. Frantziatik igaroko zen ziur asko.
Iruñeko katedraleko bertsio hau. Iruñeko klaustroan, Ate Zoragarriaren ondoan dagoen hormaren zati bat estaltzen zuen margolan bat da. Gaur egun Nafarroako Museoan ikus daiteke. Neurri handiko konposaketa bat da (6,05 m x 4,14 m) eta tenplez egina dago, oliozko ukituak baditu ere, eta klaustroko hezetasuna dela medio, ia guztiz galdua du bere lan polikromoa, zoritxarrez. Hori dela eta honen garrantzia ikonoek dutena da soil-soilik.
Bere adarrak dituen zuhaitzaren eskema hartzen badu ere, “Jesusen arbasoak” gai tradizionala bakandua da, lau mailatan agertzen diren irudi eta eszena garrantzizkoen batzuetan finkatzeko: Deikundea eta Agerkundea, Jesusen Ama, Gurutziltzatzea, eta Hirutasuna. Ebanjelioetako gai horietako bakoitzaren inguruan sortzen dira Kristoren “zuhaitz genealogiko” sagaratuaren adarrak eta beroietan, giza izaeraren Eroslea den Jesusen arbaso eta profeta gisa, beren larrutxekin Judako hamabi erregeak daude kokaturik. Badirudi, “Jeseren zuhaitza” ez baino, “Gurutzearen Zuhaitza” esan beharko litzaiokeela.[66] Lan honi 1305 eta 1328 arteko data eman zaio. Dena dela, bere gai eta estiloagatik, Frantziako eta XIV. mendearen lehen erdiko Iruñeko bertako beste margolanekin ongi uztartzen da; adibidez, gaur egun katedralaren aldare atzean ikusgai dagoen Gurutziltzatzearen oholarekin.
GURUTZILTZATUAREN OHOLA. Ohol bikain honek, lerrozko edertasun zoragarri batez Lignum crucis‑aren historia eta mistikako gaia erakusten du: urrezko hondo baten gainean, zuhaitz-gurutze batean josirik Jesus hilotzaren irudia altxatzen da, sinboloz inguraturik eta hiru Mariak –Jesusen Ama, Simeonek iragarritako ezpataz bularra aldenik alde zulaturikoa– eta San Joan alboetan dituela.
Kalbarioko eszena inguratzen dute zerrendan jarririko apostoluen irudiek; eta horien azpian, katedraleko hiru habearteetan garatzen dela dirudien elizaren historiako gertakari bat kontatzen da: saihetsetako habearteetan kokatutako bederatzi pertsonaietako bi talde –apaiz eta nobleak– habearte nagusira begira daude, non badirudien gotzain bat bere egoitzaren jabe egiten dela.
JOAN DE OLIVERREN HORMA-IRUDIAK. Beranduxeago, Joan Oliverrek (Johannis Oliveri depinxit istud opus) kanonikoen jantokiko horma‑pintura izenpetu eta datatu zuen –gaur egun katedraleko Museoa dago–, Nekaldiko gertakariak segidan dituela.
Angeluzuzeneko konposaketa handi bat da, tapiz baten moduan jantokiko hormaren zabalera osoa estaltzen zuena, Kristoren nekaldi, heriotza eta piztuerari buruzko berezko neurriaren erdia duten irudiak direlarik. Bata bestearen gainean jarritako lau zerrendaz osatua da, goitik behera irakurri beharrezkoak:
- Goieneko zerrendan, arku trilobulatuen azpian bi eszena bereizi ikus daitezke: zigorradak eta Kalbarioko bidea;
- hurrengo zerrendan, jendez beteriko eszena bakar batean, gurutziltzatzeari eskainitako eszena osoa dago;
- hirugarrenak hilobiratzeko bi uneak osorik eta piztuera agertzen dizkigu;
- beherenekoa, predela moduko zerrenda estu bat da armarriak dituena beren eusleekin.
- Konposaketa handi honen saihetsetan, goitik beherako bi zerrendetan hamabi profeta azaltzen dira, seina alde bakoitzean, beren filakteriekin.
Beraz, sekulako konposaketa konplexu bat da. Freskoan egina dago tonu distiratsu eta kolore ugariko paleta aberatsez. Beti marra gailentzen bada ere, maisu handi bat adierazten duten ñabardura eta tonu aberatsak bistaratzen dira. Ikonografian bada zenbait xehetasun, erromaniko bizantziar inspirazioaz hitz egitera bultzatzen duenik; adibide modura, lapur gaizto baten gainera igotako deabru baten irudia.
Zein zen Joan Oliver? Adituak ez dira ados jartzen. Badira dokumentuak, erregeren zerbitzuko Iruñear margolaria den Joan Oliveri buruzkoak, baina beranduagoko datagatik pentsatzekoa da ez dela gure margolaria, haren semeren bat baizik. J Gudiolen ustez, honako hau Bartzelonan (1364) Pedro Zeremoniatsuaren zerbitzuan egondako ertilaria zen; beste batzuk mendearen erdian Avignongo Aita santuaren gortean zegoen margolari bat ezagutzen dute. Dena den, Nafarroan luzaz bizitako norbait izan behar zuen eta bere ikasketak Frantzia ala Ingalaterran egin zituena, ziur asko.[67]
ARTAXOAKO SAN SATURNINOREN HORMA-IRUDIAK. Joan Oliverren garaikidea da Artaxoako San Saturnino elizan kapera nagusiko saihetseko hormak apaindu zituena.
Hegoaldeko horman, Karlomagnoren aginduz Parisko Saint‑Denis abade-etxetik Toulouseraino San Saturninoren gorpua eraman zeneko langedoziar elezaharra margotu zuen.
Iparraldeko horman berriz, Toulouseko egoitzan San Saturninoren ordezkari zen San Exuperioren bizitzako eszena bat irudikatu zen.
Ondoen gorde zelako, konposaketa hauetako lehenengoa museora eraman zen. Hauek ditu neurriak 1,62 m x 3,46 m eta sei tarte berdinetan zatiturik dago, arku trilobulatuez koroatuak; hauen gainean zerrenda estu bat dago, hizki gotikoz idatziriko idazkun batek pertsonaia eta eszenak kontatzen dituelarik: Santuaren gorpuari harrera egitera irteten den Toulouse herriko jendea, Karlomagno, soldaduak eta abar.
Zorionez, beheragoko beste zerrenda batean egilearen eta dataren berri ematen zaigu: “Rokek margotu zuen .... 1340an....”
Bistakoa denez, ez zen Artaxoako Roke, lehen aipatu dugun San Saturnino elizan bertako burualdean Azken Epaiaren eszena margotu zuena. Estilistikoki ikusi egiten da aurreko mendetik emandako urratsa. Izan ere, XIV. mendeko frantses miniaturen artearen lerrotze zehatz eta melodiatsuaren eragina sumatzen da, eta baita zenbait puntutan ikuspegi arkitektonikoaren bilaketa-ahaleginak ere.
EKAY-KO SAN MARTIN: Garai berekoak, XIV. mendearen erdialdekoak, eta estilo berekoak dira Zangozako merindadeko Ekay‑ko San Martin kapera nagusian margoturik daudenak, eta gaiez, berriz, zaindari santuaren bizitzako gertakizunak.
IRUÑEKO SAN NIKOLAS: Iruñeko San Nikolas elizan aurkitu berriak direnen antzera, eraikinaren bi pilareen aurrealdeak apaintzen zituzten San Eloy eta San Mauroren irudiak. Hain gaizki zainduak aurkitu ziren, non salbatu ahal izateko zurezko euskarri gainean eraman behar izan ziren.
GALIPENTZUKO LEHEN MAISUA: Nafarroako Museora eraman ziren 1947an XIV. mendeko beste margolan batzuk ere, oso zaharkituak, Galipentzuko San Salbatore elizan hurrengo mendeko margolanen azpian aurkitu zirenak.
Margolan horiek Kristoren bizitzako hainbat eszena agertzen dituzte. Galipentzuko Lehen Maisua deritzon egile ezezagun hau kaskar samarra da nolabait esateko eta iaiotasun gutxikoa, garai hartan arrunta zen naturalismo aldeko joeran; ñabardura beroen aldeko izateagatik eta joera espresionistagatik bereizten da.
OLITEKO BIGARREN MAISUA: Marrazko margolan gotikoen artean agian ikusgarrienak Oliteko San Pedro elizatik ekarritakoak dira.
Kanpandorrearen oinetan kokaturiko Kanpanaleko Birjinaren kaperako behereneko zatia apaintzen zuten eta margolari ezezagun batek, Oliteko Bigarren Maisua izena eman zaionak eginak dira, gangetako eta lehen gogoratu ditugun hormako margolanak baino dezentez geroago eginak dira.
Zatiren batzuk galbidean utziak diren arren, Deikundetik hasi eta Koroatzerainoko Maria Birjinaren bizitzako hainbat une adierazten dituzte.
Errealismo alderako joera ausartak, azalerako konposaketan zentzu estetiko bat izateak eta polikromiako zatietan kontrasterako iaiotasun berezi batek erakusten dute XIV. mendean zehar margogintzan eman zen aurrerapausoa. Oraindik profilek, gorputzenak edo janzkerenak, eta errainu figuratiboak erabakitzen dituzten marren barruan, aldi berri baten hasiera adierazten dute lan hauek, margo-apainketaren historian.
Kodizeak
[aldatu]Gogora ditzagun, halaber, Iruñeko katedralaren liburutegian gordetzen diren hainbat kodizetako margolanak.
Gauza jakina da Arnalt Barbazanen gotzainaldian miniaturez argituriko Orduen Liturgia liburu bi egin zirela, bata 1332an eta bestea 1354ean bukatu zirelarik. Orriak urre eta margo nagusiez apainduak dira, ertzetan zerrenda ederrak dituztela.
Miniaturazko margolanak neurri txikikoak dira eta idatzien zutabe artean txertatzen dira, izenburuetan dauden hizki nagusien apaingarri gisa, dagokion idatziari aipamena egiten dien ebanjelioetako eszenak adierazteko.
Miniaturagileak gertakarietan hondo moduan margotzen dituen urdin, arrosa eta urrezko sare geometrikoak pertsonaiak hobeto nabarmentzeko erabiltzen ditu. Beharbada, irudien gorputzetan zehaztasun bila dabilenari apur bat huts egingo dio. Baina egia da zoragarriak direla, bai grafismoaren graziagatik nahiz adierazkortasunaren indar eta trinkotasunagatik.[68]
Arabako lerrozko gotikoa
[aldatu]GAZEOKO HORMA-IRUDIAK. Lerrozko gotikoko margolan sail honen barruan toki egokia dute Arabako ekialdeko Lautadan den Gazeoko parrokia-elizako horma‑irudiek. Hauek 1967an aurkitu ziren, gainean ezarria zegoen 1700go erretaula kendu zenean. Aurkikuntza horrek beste ikerketa batzuk eginarazi zituen eta ondorioa izan da Araba aldeko elizetan hormetako margolanak ohikoak zirela ziurtatzea erromaniko berantiarrean eta gotikoan, eta pentsarazi ere egiten dute, bai Araban eta bai Nafarroan, aurreko garaietan joan‑etorriko maisuen ordezko izan ziren lantegi egonkorrak egon bazeudela. Gazeoko margolanak Gasteizen kokatua zen ertilariren batenak izan zitezkeen. XIV. mendearen lehen hamarkadako data eman zaie.[69]
Programa ikonografikoa. Irudi multzo honek –batzuk galduak eta besteak zaharkituak– abside aldeko zatia eta presbiteriokoa besterik ez zuen apaintzen.
Absidean, Graziazko Tronuaren ikonografiazko ereduaren araberako Jainkotasuna dago adierazia. Hirutasunaren irudikatze modura ere har daiteke, zeren eta, konposaketaren hainbat tokitan margoa galdua duenez, badirudi usoa ere galdu egin zuela, Aitaren eta Kristoren aurpegien artean jarririk Espiritu santua irudikatzen zuena. Dohatsuek kontenplaturiko Hirutasuna litzateke.
Beheragoko mailan, absideko zilindro-erdiaren ezkerreko aldean, gurutziltzatzea dago irudikaturik, lapur On eta Txarraren irudiekin, Maria eta San Joan, Longinos eta Stephaton; eskuin aldean, arima bat pisatzen ari den San Migel dago, San Bartolome eta Santa Marinaren ondoan[70].
Jainkotasuna kontenplatzen dauden dohatsuek santutegiaren ganga ere estaltzen dute. Kondenatuak, aldiz, aldare aurreko hegoaldeko horman azaltzen dira, ertilariak halako ikuskizun izugarri hau liturgiara etorritako eliztarren begi aurrean zuzenean agertu nahiko ez balu bezala.
Presbiterioaren iparraldeko hormaren gainean, gangetaraino iristen diren bat bestearen gaineko zerrendetan, Kristoren bizitzako eszenak agertzen dira, kontakizuna guztiz modu didaktiko batean deskribaturik.
Estiloa. Nahiz eta ikonografiaren zati batek eta bat bestearen gaineko zerrenda gainetan margotzeko zaletasun honek erromanikoa ekartzen digun gogora, estiloa oro har, gotiko aurreratukoa da, franko‑gotiko gisa izendatu daitekeena.
Eta ertilariari, pertsonaia bakoitza bakarka adieraztea ez zitzaiola axola iruditu arren, zuhaitz-gurutze bati hiru hiltzez jositako Kristo gurutziltzatuarekin lortu zuen adierazpen lazgarri eta era berean estetikoki atsegin bat, Jesusen aurpegiko egitura eder eta bere gorputzaren hasierako “contraposto” jarrera orokorraren bidez.
Margo‑sorta urria eta aberatsa da. Gorri iluneko margo bakarrak agintzen du zenbait lekutan eta urdin berdexkak hondoetan. Jatorrizko polikromia biziagoa izango zen zalantzarik gabe. Baina, nolanahi ere, margoak lauak dira eta marrak gainditzen dira irudi guztietan. Marrak nagusi izateak eta soinekoetan mailakatutako tolesdura angelutsuen eta ia simetrikoen zaletasunak pentsamendu honetara bultzatzen gaitu, alegia, XIII. mendearen azkeneko frantses miniaturen margolanen eragina izan dezaketela.
Alboetan, nekezago ikus daitekeen Gazeoren lana, Europa aldeko lantegietako fintasunetan gutxi zaildutako herri mailako maisu batena dela esan daiteke; baina bestalde, abside erdiko pertsonaien luzatzeak, marrazkigintza ia espresionista bikain baten ausardiaz zehazturikoak, zertxobait zaharkituaren aldeko bere joeraren barruan, uzten digu lerrozko gotikoaren maisu handi bat izendatzen.
AIALATARREN FRONTAL ETA ERRETAULA. Kexaako dorrean, Aialatarren kaperako aurrealdea eta erretaulako margolanak ere lerrozko marrazketaren barruan kokatu behar dira; zeren eta Araban, XIV. mendetik gorde diren apurretakoak baitira. Kaperaren zaharberritzea zela-eta, 1959an burutu zirenak orain erakusten dira jatorrizko aleen errepikapen zehatz moduan, izan ere 1913an saldu eta Londresen enkantean izan ondoren, Chicagoko Arte Institutura eraman ziren.
Erretaulak eta aurrealdeak Maria Birjinaren ondoan Kristoren Haurtzaroko misterioa erakusten dute. Aiala eta Guzmantarren armarriak ertzetan dituela dagoen erretaula azpiko zerrendako idazkunak honela dio: “mandaron fazer don Pero López de Ayala e donna Leonor de Guzmán su mujer al servicio de Dios e Santa Maria en el año del nacimiento de nuestro Señor Ihu Xpo de mil e trescientos e noventa e seis años”.
Erretaulak bi zerrenda ditu:
Azpiko zerrenda
- Ezkerreko zerrendan on Pedro eta bere seme on Fernanen otoitz irudiak azaltzen dira, San Blasek zaindu eta bedeinkatuak; jarraian, Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta Magoen Gurtza, Elizan Sartzea eta Egiptoko Ihesa;
- Eskuineko muturrean, belaunikaturik dauden Leonor Anderea eta bere erraina, Maria Sarmientokoa Anderea, Santo Tomas Akinokoak bedeinkatzen dituela.
- Zerrenda honen erdiko tartean Adatsaren Ama Birjina deritzonaren erlikitegiaren eki‑santu gisa erabili zen.
- Aurrealdean Epifaniaren eszena errepikatzen da. Irudi horiek denak esparru arkitektonikoetan kokatuak daude, saihetsetan urrezko zutabeak dituztela eta arku trilobulatuez burutuak, hauek urreztatutako gableteak eta erdian lauorriak gainjarrian dituztela.
Bigarren zerrendak.
- Antzeko zazpi eszena agertzen ditu: Jesus eliz gurasoen erdian, Kanako Ezteiak, Piztuera eta Gurutziltzaturiko Kristo, kantzelariaren bi biloben otoitz-jarrerako irudiekin. Ondoren, Igokundea, Mendekoste eta Birjinaren Jasokundeko eszenak. Aurrealdean Magoen Gurtzaren eszena errepikatzen da berriro.
“Irudi horien hondoak lauak, leunak eta krema-koloreko ñabardurak dituena da. Kontakizunean esanahi handi bat nabarmentzen zaie, irakurriak izateko eginak dira. Irudiak beren keinuez hitz egiten dute, aurpegiek ez baitute ezer adierazten. Garaiko janzkerez jantziak daude, Errege Magoen kasuan, esaterako, batzuetan oso aberatsak dira, eta besteetan berriz herrikoiak, baina betiere xehetasun handikoak. Konposaketak xumeak dira eta paisaiako xehetasunetan naturarekiko maitasun handia azaltzen dute”.
Egile ezezagun honek zaletasun frantses puska bat azaltzen du; garaiari zerion italiar kutsua antzematen zaio ezaguna zuena. Gogoan har dezagun Aialako On Pedro Lopez Frantzian enbaxadore izana zela; zazpi aldiz ere joana zen bertara, eta 1381ean lortu zuen frankoen eta gaztelarren arteko ituna; Avignonen ere Klemente VII. Aita Santuaren aurrean enbaxadore izana zen, Italiako ertilari onenak han behar zireneko aldi hartan. Dena den, erretaula burutzeko hartu zen ertilariak ikonografian eta grafismoa gailentzean, tradizio gotikoaren barruan finkaturik jarraitu zuen.[71]
Azken aurkikuntzak. Antzinako eliza batzuetan gaur egun arte erretaula barrokoez estalitako horma‑ipinturak bilatzeko saioek emaitza baikor batzuk eman dituzte. Horrela gertatu da Gaubeako hainbat tokitan:
- Belloginen,
- Alaitzan
- eta Valderejoko absideetan agerian gelditu dira hamabi Apostoluen irudiak eta beheragoko beste maila batean, Adan eta Evak egin zuten bekatuaren eszena.
Laburpena
[aldatu]Euskal Herriko estilo gotikoaren lehen adierazpenei eskainitako atal honen bukaeran aipatu dugun guztiaren laburpena egiten saiatuko gara.
Gotikoa. Arte historialariak beren langaia, helburu didaktikoekin, kronologikoki antolatzera behartuak direlarik, hiru mendeetako (XIII., XIV. eta XV. mendeak) tarte luze horretan, gotiko izena onartuz, Europan eginiko arte-adierazpenak pilatzen dituztenean, ez lituzkete ahaztu behar hiru gizaldietan zehar, bat bestearen atzetik doazen forma estilistiko ugariak. Batzuetan izen jakin batzuen bidez bereizi nahi liratekeen formak izango dira, baina betiere “gotiko” hitza eskutik utzi gabe.
Aldaketa garaiak. Artea gizartearen ispilua baldin bada, beti gogoan izan behar da, hiru mende gotiko horietan Europan, Espainian eta Euskal Herrian gertatu ziren gertakariak, berebiziko ondorioak izan baitzituzten:
- erregetza boteretsuen menpeko estatu nazionalaren ezarpena
- burgesiaren jaiotza
- hiri‑gizartearen agerpena
- nazioarteko merkataritzaren zabalkundea...
Iraultza gisa izendatu daitezkeen aldaketak.
EUSKAL INGURUA. Halako aldi luzeetan ezarritako aldaketa horiek gutxi balira bezala, Baskoniari bere barruan hainbat egitura politiko ezartzea erantsi behar zaio.
Frantziako dinastiaz gobernaturiko Nafarroako erresuma, 1234az geroztik nolabait ere finkaturiko mugak zituela-eta, Errege Kontzejuak eta Gorteko erakunde zehatzez hornitua dagoela bere-bereak dituen bide gorabeheratsuetan ibili zen, harik eta Gaztelako Koroak bereganatzea lortu zuen arte –nahiz eta honako esaldi hau esan “Nafarroan lehenago izan ziren Lege eta Erregeak ...Gaztelan baino”.
Bitartean, Lapurdi eta Zuberoa eta kontinente aldeko Baskoniaren zati bat ia hiru mende horietan zehar ingelesen aginpidean eroriak ziren.
Eta Pirinioen azpiko probintziak errege nafar ala gaztelarren eskumenean tenentzia eta jauntasunen menpe bizi ziren, azkenean Gaztelaren eremuko izanaz bukatu zuten arte.
Hau horrela izanik, gobernamendu politikoan desberdintasunak funtsezko izanik ere, esan liteke hiru mende horietako ekonomia sozialaren garapen garrantzizko hau ez zela asko nabarmendu antzinako Baskoniako lurralde guztietan.
Gotikoaren sistematizaziorako irizpideak
[aldatu]Bi aro bereiztetik hasi gara, eta “gotiko” estiloaren konplexutasun aberatsaren aurrean, muga bereizgarria XIV. mendeko azken hamarkada litzatekeenez, beste atal baterako utzi dugu gotiko berantiar artea izenda dezakeguna.
Bestalde, hautatu dugun irizpide metodologikoa eztabaidagarria da –arte adierazpenak, Arte Plastiko tradizionalen ugaritasunaren araberako taldeetan banatzea–, inola ere desegokitasunera eraman gaituzten irizpideak dira, hau da, beharbada guztiz garaikideak diren lanak hainbat sailetan zatitu beharra; honen adibide izan daitezkelarik Gasteizko Santa Mariaren burualdea, Guardiako Erregeen Santa Maria elizako ataria eskultorikoa eta Kexaako erretaula eta fatxada.
Denbora aldietan zehar garapen estilistikoa eragiten duten arrazoiez arduratzen diren historialariek, hiru edo lau eragile mugatzaileetan laburbildu ohi dute arazoa: langaia, teknika, gizartea eta ertilaria.
Gotikoari dagokionez, atal honen hasieran ohartarazi dugu horretaz, estilo berriaren egitura berrikuntzak maila batean, behintzat, langaien eta teknika mailako asmaketa bikain horren emaitza izan zela gurutze-ganga; sistema horrek aldaera teknikoak eragiten zituen, aldi berean euskal-nafar arkitektura gotikoan suma daitezkeen aldaerak, tokikoak eta denborazkoak.
OSAGAI IDEOLOGIKOAK. Gauza jakina da bestalde, Europa aldeko munduaren ideologia, erlijio eta kultur batasun trinkoak, tresna ofizial aldetik latin hizkuntza bitarteko eraspena eginez, ez zuela oso norberarenak ziren adierazpide moduen ernetzea errazten, honako hauei loturik: goi-mailako kulturari, dogma katolikoekiko fedeari, erlijio-gurtza bat bera ospatzeari eta Aita Santuari zor zitzaion menpetasunari. Ideologia edo sentimenduen mailako nahimen autonomoei erantzunez, norberaren estiloak, aro modernoan baino ez ziren sortu ahal izan, Errenazimentuko kemenak gizabanakoaren gorespen-bandera jaso zuenean. Honek ongi azaltzen du hein batean, bederen, Berant Erdi Aroko ertilariak ia orokorrean anonimatuan gelditu behar izatea ondorengoentzat. Beraz, gotikoaren estilo-aniztasuna, hiru mende horietan gizarteak nozitu zuen garapenarekin alderatuta ikusi behar da, batez ere.
Artea eta gizartea Baskonian
Baskonian garapen hori alderdi hauetan nabarmentzen da: populazioetan, udal erakundeen sorreran, gorabehera demografikoetan, landa ekonomiaren ordezko hiri ekonomian eta nekazaritzako ekoizpen-sistema nagusi izatetik eskulangintza eta merkataritza-sistemara areagotze historian.
Baskonian “lehen gotikoari” atal honetan eskaini dizkiogun orriak, garapen sozial horren lehenaldi edo aroari dagozkienak dira.
Nafarroako Erresuman galiarren dinastiaren ezartzetik hasi eta Evreux dinastiako erregeekin XV. mende hasieran eman zen “nafarreratzera” arte doan denbora tarte horretan, frantses kulturaren arrasto indartsuaren berri eman genuen.
Euskal probintziei buruz, berriz, Leinuen aginpideen aurrean hiribilduen fundazioek markaturik azaltzen den gizartearen garapena, gure ustez, 1397 [72] inguruan desbideratze puntu bat ikus daiteke, XV. mende ongi aurreratura arte bandoen borrokak luzatu baziren ere, Bandoen arteko gehiegikeriak menderatzeko Gaztelako Erregeen eta beren errege Korrejidoreen ekintza gogorrak hasi zirenean. Hain zuzen ere, orduan sumatzen da askapena ekonomikoaren hastapeneko politika sozialean antolaketa berri, nagusigoa hiritar populazioaren eskuetara pasatzean. Egoera berri horretan zera gertatu zen, Bandoen eta Hiribilduen arteko gogorkeria, hein batean bederen, beste batek hartu zuela indar: udalen arteko gatazkak, lurraldeen arteko muga egonkorrak kokatzerakoan sortu ziren arazoek eragindakoak. Dena dela, oraingoan udalerriei egokitu zitzaien kultur eta arte mailako ekimenetan esku hartzea eta murgiltzea. Berant Erdi Aro aldi horri eskainiko diogu hurrengo atala.
BIZKAI ETA GIPUZKOA. Ikusi dugun bezala, Kantauri aldeko probintzietan eliza erromanikoen eskasia, eskualde horietako populatzeen atzerapen garbi eta naturalaren ondorioa izan bazen, oraingoan, Nafarroakoaren aldean, Bizkaiako eta Gipuzkoako arkitektura gotikoaren beranduko data azaltzen zaigunean, antzeko zerbait ziurta daiteke. Sartaldeko Baskonian, hiribilduei buruzko dokumentuetan azaltzen denez, sarritan hiribildu baten fundazioa eliza baten eraikuntzarekin loturik ikusten da.
Gipuzkoan giza taldeei emaniko foruak ia beti monasterioren bati lotuta daude. Antzeko lotura zehazturik azaltzen da honako herri hauen sorrerako dokumentuetan: Bilboko (1300), Portugaleteko (1323), Lekeitioko (1325), Markina‑Xemeingo (1355), Gerrikaitzeko (1366), eta Ermukoan (1372). Beste batzuetan monasterioari ala elizari dagokion aipamena egiten da, izena bera aipatu ere egin gabe. Bestalde hau ere gertatzen da: eliza, herriaren esparrutik kanpo eraikitzearen egitasmo gisa aipatzea.[73]
Datak alderatuz gero, hiribildu garrantzizkoen eraiketa, zegokion elizaren eraikuntza-erabakiarekin bat zetorrena, behin hiribilduak sortu zirenetik ekoizpen edo kontsumoko ondasunen (Gaztelako artileak, Bizkaiko burdina eta abar) joan-etorriak Kantauri aldeko portuetara erraztu zituenean sortu zen lasaitasun ekonomikoen aldiei dagokiona da, hau da, 1280 eta 1350 urte bitartekoa.
Aldi horretan, eraikitzen hasi ez arren, eraikuntza erabakitzen zen eta neurri handiagoko eta estilo berriko eliza batzuk planifikatzen –Bilboko Santiago, Getariako San Salbatore, Arrasateko San Joan Bataiatzaile; eraikuntza kementsu horrek XIV. mendearen bigarren erdian abiada moteldu egin zuen, bizimodua garestitzearen eta izurriteen aldiak zirela kausa, abiadura ona XV. mendea ongi aurreratuan berreskuratzeko, aurrerapen ekonomiko nabarmeneko hamarkadak ziren eta beste eliza handi batzuen sorrera ekarri zuten, horien eraikuntzak XVI. mende erdiraino ere iraungo dutelarik.
Hiru gotikoak
Gertakizun horiek kontuan harturik, euskal eskualde zenbaitetan gertatu ziren antolamendu politiko desberdinak, Nafarroako Erresumarekin lotura politikoan pixkanakako etena, eta XV. mendean, itsas merkataritzaren jarduera abian jartzearekin euskal probintzietan berreskuratze ekonomia eta abar zela-eta, hiru aldi estilistiko proposatu dira arkitektura gotikoaren garapenean, eta erraz gogoratzeko asmoz izen hauek jarri zaizkie: Nafar gotikoa, Gaztelako gotikoa, eta Euskal gotikoa.[74]
NAFAR GOTIKOA. Frantziako hego eta ipar-ekialdeko elizetan inspiraturik frantsesa ere esan daitekeena eta, arrazoi berberez, Frantzia aldeko katedral handien diseinu jakinak nahiko leialtasunez birsortzeagatik Lamperezek garbizale izena eman ziona da, Baskoniako monumentu handien eta nobleenetan agertzen dena, Baiona[75] eta Iruñeko katedraletatik hasi eta Bizkaiko elizarik nagusietan bukatzeraino: Bilboko Santiago eta San Anton, eta abar.
Orri hauetan deskribatu ditugunen arabera, eliza hauek:
- hiru habeartekoak dira eta girola dute, transeptua eta triforioa ia ingurune osoan,
- arbotanteak,
- atari zabal eta bikainak,
- eta sarritan klaustro bat.
Frantses ereduaren ziurtapena zehaztu egin behar da; izan ere, ziur asko euskal probintzietan Nafarroako ereduetatik sartua izango da, eta bestalde hainbat desberdintasun nabaritzeko, geografia nahiz baldintza psikiko eta sozialek izan zuten eraginik:
- argia ez da premiazko gisa bilatzen eta horren ondorioz horma beiraz ordezkatzeko joera etena geratzen da;
- zenbaitetan transeptua moztu ala kendu egiten da;
- leihateak eta arrosa-leihoak oso goian kokatzen dira;
- eta barrunbeetan ez dira apaingarriak oparotasunez eskaintzen.
Artea, pentsamendua eta espiritualitatea
Kontu jakina da mende horietan ekimen artistikoak printze zibil nahiz elizakoen artean bultzatu eta zati batzuetan bederen elkarren artean ordainduak izaten zirela.
Nafarroari dagokionean, Iruñeko eta Baionako errege eta gotzainen laguntza kementsua eta berehalakoa izan zitekeen ekimen arkitektonikoetan.[76]
Ez da horrela ordea gainerako euskal probintzietako hiribilduetan non, errege eta elizaren laguntza ez zen hain berehalakoa izan, bai, ordea, gorabehera gehiagokoa eta berantiarragoa. Esan dezagun, Bizkaiari dagokionez, bere gotzainari (Calahorrakoa) ez zitzaiola zilegi Jaurerriko mugak zeharkatzea.
Baina, zenbaterainokoa izan zen elizako buruzagi horien eragin espirituala, ez soilik Europan hedatuak ziren eraikuntza-formula berriak bereganatzerakoan, baizik eta arte figuratiboetan eman zen aldaketa funtsezkoetan?
Gure azalpenetako hainbat unetan aritu gara Baskonian pintura eta eskulturen estilistikako berrikuntzak nolako atzerapenez jaso ziren esaten eta ugaritasun eta berrikuntza horiek direla eta jaso izan dituztela historialarien aldetik izen zehatz desberdinak, hala nola, lerrozko gotikoa, italiar‑gotikoa, eta abar. Jakingarria eta irakaspenezkoa litzateke aurkitzea nolako elkarrekikotasuna eta aldi bereko izaera (errotikakoa ez bada guztiz) izan zuten delako egitura-aldagaiok eta aldi bakoitzeko pentsamendu eta erlijiozko sentiberatasun sakonenen diseinuak. Beste toki batean argitaratua dugu ikonoei buruzko ikerketa-mota honetako saiakera bat, gotikoari buruzkoa, Europako maila zabal eta orokorrean.[77]
MONASTERIOEN ERAGINA. Kontura gaitezen ezer baino lehen Europako kristau bizitzak XII. mendean eman duen aldaketaz. Bizitzari buruzko kristau ikuskeran alderdi erabakigarria monjeak ziren. Ordura arte Klunyko Ordena libreak burutu zuen eragina Zistertarrak esnatu zuen jaiera harrigarriaren arrakastak ordezkatuko zuen.
Klunyko monjeak araudi beneditarra jarraitzen zuten; hauetan nagusi zen otoitza, kontenplazioa eta liturgia; burulanak eta eskulanak oso gutxi okupatzen zituzten.
Zistertar monjeak lana hautatu zuten, hain zuzen ere xumetasunaren eta pobretasunaren eredu izateko.
Klunitarrak pentsatzen zuten dena ere gutxi zela elizaren otoitza edertzeko eta aberasteko. Muin-muinean kontenplariak ziren (Betaniako Maria bezala), hitz honen adiera oinarrizkoenean gainera. Klunyn ez ziren inola ere falta izan erromaniko handiaren egiturazko edertasunearekiko sentiberatasun handia zuten gizonak.
Bernardo Claravalekoak gidatzen zuen zistertar ordena, langileak ziren (Betaniako Marta bezala). Eskulan gogorretara erakarritako horietan, euren artean lantzen eta erabiltzen zuten harria, adreilua eta mortairua; horretan iaioak ziren asko sortu ziren. Horrelaxe bihurtuko ziren, logika, sendotasuna, soiltasuna eta praktikotasuna bilatzen zuten arkitektura berri baten maisu. Hau, lehen gotikoa zen. Bigarren aldi batean, gotikoak arrazoi ideologikoengatik egin zuen aurrera batez zituzten. Unibertsitateetan kristaututako Platon baten idealismoa, Aristotelesen logikaz ordezkatu zen. Garapeneko aldirik bikainenean zegoen gotikoa, mende haietan, Unibertsitateetako pentsamenduari zegokion estetikazko elkartekide izan zen.
Baskonia
Euskal Herriko muga estuen artean, gotikoari dagokionez, ezinezko egin zaigu delako elkarkidetasunak aurkitzea eta dokumentuez ziurtatzea. Garaiko kristau-gizartearen ideologia, bere iturbururik sakoneneko Bologna, Paris, Padua, Oxford, Salamanca, Praga eta abarretako Unibertsitateetako maisu handien idazlanetatik zaigu ezaguna. Baina, ikuspuntu horretatik begiratuta, hiru mende horietako Baskonia basamortu bat da. Ez dugu pentsamendu filosofiko edo teologikoan buruzagirik aurkitzen, Europako liderrekin alderatu daitekeenik; eta herri honetan ez ziren artean jaio ez Gasteizko Frantzisko, ez Azpilikuetako Martin –“Nafar sendagilea”–, ezta Loiolako Inazio eta Uharteko Joan Santua ere. Ezta monasterioetan ere Ordenetako maisu ospetsuen arteko buruzagirik; izan ere haien kokapena Euskal Herrian berandukoa izan baitzen, ezta Iruñeko egoitza okupatu zuten gotzainen artean ere, ez zen inor izan filosofian edo teologian jakinduriaren arrakasta sonatua izan zuenik.
Teologia tratatu bat –Hirutasunari eta Gizon egiteari buruzkoa– XII. mendean idatzi zuen bakarra Parisko Pedro (1167‑1193) gotzaina izan zen, horrela zeritzona, hain zuzen ere Senako Unibertsitatean ikasia zelako. Hurrengo mendeetan Asiaingo Semen Gartzearengana (1317) iritsi behar da, San Fermin egoitza urtebetez baino okupatu ez zuenarengana, edo Zalbako Martin kardinal sonatuarengana (1404‑1416), XV. mendekoa) maila zientifikoa duten gotzainak aurkitu ahal izateko, eta beti Zuzenbidera mugaturiko goi-mailakoak izaten ziren.
Goñi Gaztanbidek aztertu duen Iruñeko gotzainen historia segida tamalgarri eta etengabekoa da, esaterako, administrazio mailan, politikoan batzuetan eta ia beti gai ekonomikoei buruzko zuzenbide jatorrizko gatazka eta eztabaidetan, eta inoiz ere ez zen azaltzen Bibliaren exegesia, dotrina dogmatiko edo pentsamendu filosofiakoei buruzko gairik. Orokorrean, kalonjetzari lorturik, Parisko Unibertsitatera ala beste Unibertsitate batera ikastera joan zitezkeen apaizak –lortzen zutenean, betiere katedraleko Batzarrean tokia bermatu ondoren izaten zen– inola ere neurriz kanpokoa ez zen Zuzenbide gaietan ezagutza hartuta etorri ohi ziren. Egia da, Ganbarako Artxidiakono Aizagako Joan Juanizek 1305eko martxoan Ikastetxe bat sortu zuela Parisen, bertako Unibertsitatean ikasketak egin nahi zituzten lau kalonjeri ostatu emateko gai zena; baina ikastetxea denbora luzez egon zen hutsa, eta azkenik itxi egin zen.[78]
Gotikoaren lehen urteetan, gai ikonografiko nahiz estilistikoetan ikusten diren aldaketei buruz, Europa mailako pentsalarien hainbat jarrerek funtzio erabakitzailea izan zuten: Abelardorengandik Alberto Magnorengaino doazen filosofoek, Bernardo Claravalekorengandik Tomas Akinoko eta Esaeren Maisuarenganaino doazen teologo berritzaileek eta heroien bizimoduko gizasemeek, ikuspuntu ebanjeliko berritua zuten pastoralgintzako metodologia iraultzailea zutenak, hasi Asisko Frantziskorengandik eta Domingo Guzmango eta Gerardo Groots-enganainokoak, azken hau Elkar Bizitzako Anaien eta Devotio Moderna deritzonaren sortzailea. Hauek guztiek ideia berrien eta portaera berrien isuria mugimenduan jarri zuten. Erakunde eta gizarte mailako ikuspuntutik erlijiozko bizimodu berrietan gorputz nabaria hartzen ari ziren, ebanjelioetako perfekzioa aparteko bakartegietan bilatu ordez, hiri‑aglomerazio handietan bilatzen zutenak ziren: Eskeko Ordenak.
Horrelaxe jaio zen talde sozial berri bat: hiri kristaua; horrela, bada, jakitate guneak arrazoiaren eskubideak onartzen hasi ziren, ospea galdua zuen autoritatezko argudioen kontura; horrela, ezagutza ala esperientziaren balioa arrazoiaren oinarritzat onartzen hasi zen; hala, kristauaren gizabanakoarekiko funtsezko balioa onartze bidean hasia zen eta horren ondorioz onartu egin zen kristau misterioaren adierazpen objektiboa ez zedila jada eragozpen izan norbere sentipen bakunak adierazteko.
Horrek guztiak izan zuen eraginik arte-egituretan. Gotikoaren modu estilistiko ugariak sortuz eta garatuz joan ziren.
Hara zergatik munduari eta bizitzari buruzko begirada berri hori, eta Errenazimentuaren hurbileko kultura aldarrikatzen zuen ethos berri hori, iritsi zen hain berandu Baskoniara. Horren ondorioz ezin harrituko gara aldaketa horien adierazgarri ziren arte-egiturak Euskal Herrira ere berandu iritsi baziren.
Bibliografia
[aldatu]- ARTADILL, J.: Castillos medievales de Navarra. (Donostia, 1934).
- ANDRES ORDAX, S.: Arte. País Vasco‑n. Noguer Argit. (Madril, 1987) 173‑185. or.
- APRAIZ, A.: Algo nuevo sobre la vieja Catedral. Boletin de la Sociedad de excursiones Manuel Iradier‑en. (1966), 96. znb.
- ARANBURU, Mª J.- KORTADI, E.- MORENO, M.: Euskal Artearen Historia: Gotikoa Gipuzkoan eta Iparraldean. Kriselu Argit. (Donostia, 1990).
- AZCARATE RISTORI, J. M.: Arte gótico en España (Madril, 1990).
- AZCARATE RISTORI, J. M.: El protogótico alaves.Vitoria en la Edad Media‑n. “Actas del I Congreso de Estudios Históricos,1981”, (Votiria‑Gasteiz 1982) 43‑54. or.
- BANGO TORVISO, I.: Arquitectura gótica. Historia de la arquitectura española.‑n (Zaragoza, 1985) II. libk., 552‑556 eta 580. or.
- CAMON AZNAR, J.: Pintura medieval española. S.A.n, XXII. Libk., (Madril,1966).
- CANTERA ORIVE, J.: El Pórtico y la portada de la catedral (Gasteiz, 1951).
- CHUECA GOITIA, F.: La iglesia de Santa María de los Reyes de Laguardia. B.I.S.S., 1957, I. libk., 39‑45. or.
- CLAVERIA ARANGUA, J.: Iconografía de la Virgen en Navarra (Iruñea, 1942‑1944).
- CLAVERIA, J.- VALENCIA, A.: Crucifijos en Navarra. Esculturas. Cruces procesionales. Cruces de término. Gomez Argit. (Iruñea, 1062).
- ENCISO VIANA, J.: La primera construcción gótica de Santa María de los Reyes de Laguardia, Álava. B.I.S.S. 195an, I. libk., 21‑32. or.
- ESNAOLA, I. – MORENO, Merche: Euskal Artearen Historia: Gotikoa Bizkaian. Kriselu Argt. (Donostia, 1990).
- FERNANDEZ LADREDA, C.: La Sonrisa Gótica. El Arte en Navarra‑n. 15. znb., Diario de Navarrak Argit.
- FERNANDEZ LADREDA, C.- GARCIA GAINZA, Mª C.: Salve: 700 años de arte y devoción mariana en Navarra. Erakusketa. Gobierno de Navarrak Argit. Nafarroako Aurrezki Kutxa, Iruñeko Artzpp. (Iruñea, 1994).
- GARCIA GAINZA, C.(zuzd.): Catálogo Monumental de Navarra. (C.M.N.) 9 libk. (Iruñea, 1980‑1997).
- GIL MASSA, J. – ARAMBURU, Mª J.: Euskal Artearen Historia: Gotikoa Nafarroan. Kriselu Argit. (Donostia, 1990).
- GRANDE, M.: Krutziaga. Bizkaia 25ean. (Bilbo, 1965).
- GUDIOL RICART, J.: Pintura gótica. A.H. IX.a, 1955.
- JIMENO JURIO, J.: Monasterio de la Oliva. T.C.P., 66. znb., (Iruñea, d/g.).
- JIMENO JURIO, J.: Fitero. T.C.P. 72. znb., (Iruñea, d/g).
- JIMENO JURIO, J.: Artajona. T.C.P. 45. znb., (Iruñea, d/g).
- JIMENO JURIO, J.: Olite Monumental. T.P.C., 93. znb., (Iruñea, d/g).
- KORTADI, E.: Arte Gótico. Arte Vasco‑n (Donostia, 1982) 101‑130. or.
- LACARRA DUCAY, M. C.: Aportación al estudio de la pintura mural gótica en Navarra. (Iruñea, 1974).
- LACARRA DUCAY, M. C.: Pintura mural gótica en Navarra y su ámbito de influencia. A.P.M. 15ean, 1996, 171‑193. or.
- LACARRA DUCAY, M. C.: Pintores aragonesen en Navarra durante el siglo XIV. P.V.n, 1979, 81‑86. or.
- LAHOZ, L.: El arte gótico en Álava. Arabako Foru Aldundia. (Gasteiz, 1999).
- LAHOZ, L.: “El friso de Tuesta y los comienzos de la escultura gótica en Álava”. A. P. M. 11n, 1993, 57‑72. or.
- LAHOZ, L.: Aproximación estilística e iconográfica a la portada de Deva. A. P. M. (Ondare 16), 1997, 5‑54. or.
- LAMBERT, E.: El arte gótico en España en los siglos XII y XIII. (Madril, 1977).
- LARREA,.: La cruz de Krutziaga, E.D. III.ean, 1911.
- LOPEZ DE GUEREÑU, G.: Álava solar de Arte y de Fe (Gasteiz, 1962).
- LOPEZ DE SABANDO, J.-PORTILLA, M. J.: Euskal Artearen Historia: Gotikoa Araban. Kriselu Argit. (Donostia, 1990).
- LOPEZ DEL VALLADO, F.: Arquitectura monumental cristiana en el País Vasco. (Bilbo, 1920).
- LOPEZ DEL VALLADO, F.: Santa Maria de los Reyes y San Juan Bautista de Laguardia. R.I.E.V.‑en (Donostia, 1921).
- MARIN, H. Mª : Abadia cirterciense de la Oliva: Historia y Arte, T.C.P. 242. znb.an, (Iruñea, d/g).
- MARTIN IBARRARAN, I.: Santos Cristos en Álava (Gasteiz, 1993).
- MARTINEZ DE AGUIRRE, J.: Castillos y palacios góticos en Navarra. El arte en Navarra, 12. znb.an, Diario de Navarrak Argit.
- MARTINEZ DE AGUIRRE, J.A: La pintura mural gótica. El arte en Navarra 13. znb.an, Diario de Navarrak Argit.
- MARTINEZ DE LAGOS, E.: Una marginalia realizada en piedra? A proposito del dintel de Santa María de Olite. A.P.M. 15ean, 1996, 383‑395. or.
- MARTINEZ DE MARIGORTA, J.: La catedral de Santa Maria de Vitoria (Gasteiz, 1964).
- MARTINEZ DE SALINAS, F.: Portada de la parroquia de San Pedro de Treviño. A.P.M. 2. znb.an, 1983, 7‑19. or.
- MESURET. R.: De Pamplona aToulouse. En torno a Juan Oliver. P‑V‑ XIX.ean, 1948, 9‑18. or.
- MOLERO, Mª L.: La sculpture de cloître de Pamplune. Cahiers des civilisation médievale, 35, 1992.
- MORAL, T.: Monasterios. T.C.P. 35ean (Iruñea, d/g).
- ORBE SIVATTE, M. de: Relicarios medievales. El arte en Navarra. 16. znb. Diario de Navarrak Argit.
- RECONDO, J. Mª : Castillos. T.C.P. 22.ean (Iruñea, d/g).
- SAN JOSÉ SEIGLAND, Castillos y Torres‑Fuertes del País Vasco. Lancia Argit. (Leon, 1994).
- SESMERO PEREZ, F.: Arquitectura religiosa en las villas vizcaínas durante la Edad Media. Las formas de pobalamiento del Señorio de Vizcaya durante la Edad Media (1975). (Bilbo, 1978), 355‑368. or.
- STEPPE, J.C.: Las pinturas murales de Gaceo. Una catequesis a través del arte. C.M.V., V. libk., 1982, 179‑245. or.
- TORRES BALBAS, L.: Arquitectura y escultura góticas. A.H. VII. libk.an.
- URANGA, J. E.- IÑIGUEZ ALMECH: Arte Medieval Navarro. (Iruñea, 1971‑1973), III, IV eta V. libk.ak.
- URANGA, J. E.: Cien imágenes navarras de la Virgen (Iruñea, 1972). Diario de Navarrak Argit.
- VALDÉS FERNANDEZ, M.: Factores de unidad y diversidad en la arquitectura religiosa vasca gótica. A.P.M. 15ean, 1996, 103‑123. or.
- VALLE LERSUNDI, P. del: Estudio arquitectónico de Santa María de Lekeitio. Kobie‑n. Arte Ederrak. 7, 1990, 51‑84. or.
- VAZQUEZ DE PARGA, L.: La Dormición de la Virgen en la catedral de Pamplona. P.V. 1946, 241‑258. or.
- Hainbat egile: Nosotros los vascos. Arte. El estilo gótico. LUR Argit. 1990, II. libk., 220‑381. or.
- Hainbat egile: Monumentos Nacionales de Euskadi. (M.N.E.) (Bilbo, 1985). 3 ale.
- Hainbat egile: Catálogo Monumental de la diócesis de Vitoria. (C.M.V.) (Gasteiz, 1967‑2001) 8 libk.
- Hainbat egile: Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica (J.A.Barrio Lozaren zuzd.pean). Bizkaiko Foru Aldundia (Bilbo, 1989), 3 libk.
- Hainbat egile: Euskal Artearen Historia. Kriselu Argit. (Donostia, 1990).
Erreferentziak eta oharrak
[aldatu]- ↑ J. L. BANUS ETA AGUIRRE, El movimiento municipalista de Guipúzcoa. V.V.n: Las formas del poblamiento del Señorio de Vizcaya durante la Edad Media. III. Historiaren Batzarreko Aktak, 1975eko martxoa. (Bilbo, 1978) 58. or.
- ↑ 2. Emate hau ezin har daiteke guztizko eta jakinaren gainean eta askatasun osoz egina balitz bezala; izan ere, Ermandadeen mende zeuden herrixketan Gasteizek behartzearen emaitza izan zen. Azken batean esan daiteke “aldien zantzuei begira erne zeuden Arabako Kofradeek, Aitoren seme, ezkutariak, apaizak eta nekazariak errege aldera igarotzea erabaki zuten, bai pertsonalki nahiz erakunde mailan murgildurik sentitzen ziren orainaldi gatazkatsu batean eskuetan zuten iragana, gerorako salbatzen saiatuko zen hitzarmen eta arau baten bitartez”. M. J. PORTILLA, La cofradía de Alava en 1332. V.V.n: Historia del Pueblo Vasco. I.ngo libk. 206‑221. or. (Donostia, 1978).
- ↑ 3. Gaizkile haien mugaz eta Beotibarko gatazka sonatuaz, ikus J. ZABALO ZABALEGI, El reino de Navarra en la baja Edad Media. V.V.n: Historia del Pueblo Vasco (Donostia, 1978) I.go libk. 134. or. eta hur.
- ↑ J. A. Garcia Kortazarrek Bilboko portuaren eraikuntza eta garapenari buruz egiten duen galdera zilegi da, halako gertakizunen ostean: “Banderizoak ala merkatariak? 1300ean, on Diego Lopez Harokoak Bilbori bere forua eman zion urtean bertan, “quemaron de noche los de Leguizamón al mayor de los de Martiartu...e forun azotados por el Señor de Vizcaya ... E dende a 20 años quemaron los de Martiartu a los Zamudianos con los Alcaldes de la Hermandad a los hijos de Diego Pérez de Leguizamón e a sesenta omes e catorce mujeres, e ...derribaron la dicha torre”...”En 1337 mató Juan de Avendaño... a Pedro Ortis de Avendaño... siendo primos... La causa porque lo mató fue porque en Arratia manda más que no él, que era tenido por mayor. E porque no dejó fijo, quedó todo el poder de Arratia en el dicho Juan de Avedaño... Se envalentonó Juan de Avendaño y le movió a nuevas y encarnizadas peleas...Y en 1342 este Juan de Avendaño sendo bullicioso y guerrero e para mucho, fasía guerra al Concejo de Bilbao...Pero tuvo mal fin...En 1356 mató el Conde Don Tello, Señor de Vizcaya, a este Juan de Avedaño, en la villa de Bilbao, dentro de su palacio, etc. etc.”. Beraz, urte horietan “Bilbo gauza zen Santiagoko eliza bezalako bat eraikitzeko, katedral neurrikoa; baita beranduago, frantziskotarren komentu bati eusteko ere, eta zerbait beranduago, dominikoena eta, azkenik, zenbait serorategiren jaiotza bultzatzeko ere. Hiru gertakariok hiri garapenaren aztarnak dira”. J. A. Garcia de Kortazar, “Sociedad y poder en la Bilbao medieval”. Bilbao, arte e historia. Bizkaiko Foru Aldundia (Bilbo, 1990) 22. or
- ↑ Kontraste modura, gogora dezagun, 1368an bertan Karlos II.ak Logroño, Gasteiz eta Araba aldeko beste herriak –Agurain, Kontrasta, Santikurutze Kanpezu– nahiko erraz konkistatu zituela, eta bere mende eduki 1372tik 1373ra bitartean. Ikusi J. ZABALO ZABALEGI, o.c. 140. or. Gipuzkoari eta 1200ean Gaztelaren bere “gogozko” itsaspenari dagokionez berriz, historialarien iritziak bata besteagandik urrutiratu egiten dira. Dena dela, gertakari hau, hiribilduen eraketa eta merkataritzaren hedapenarekin lotu behar da. Alde batetik, Gipuzkoa zabalkunde aldi batean murgildu zen eta nahitaez berekin ekarri zuen emaitza soberakinak izatea. Beste alde batetik, Nafarroako monarkia lehendabizi eta Gaztelakoa ondoren kostaldeko zerrendan aginpidea izatearen garrantziaz konturatzen hasi ziren beren emaitzei irtenbidea emateko (Nafarroa Bidasoaren bidetik eta Gaztela Kantauri aldeko portuetatik). Ikusi J. L. ORELLA (zuzen.): Guipuzcoa y el Reino de Navarra en los siglos XIII y XIV. (Donostia, 1981) 23. or.
- ↑ Zenbait idazle alemanen ustez, gotikoa germaniarren arimari dagokion estiloa da; beste batzuen ustez, aldiz, Europarren espirituari egitura ematen diona da; gotikoa, kristau gizartearen egitura konplexua ala filosofia eskolastikoaren arrazoizko prozedura logikoa adierazten duena dela uste duenik ez da falta.
- ↑ Domus lanean, 710. znb. (Milan, 1990), 30. or. Paloma GILek aipatua, El templo del siglo XX. (Bartzelona, 1999) 164. or.
- ↑ Elie Lamberten zenbait lanetatik abiatuta, batzuk, gurutze-gangen jatorria, kalifa eraginekoa, denentzako giltzarririk gabeko gurutze-ganga nerbiodun erromanikoetan ikusten zela zioten.
- ↑ E. LAMBERT, El arte gótico en España en los siglos XII y XIII. (Madril, 1977) 76. or.
- ↑ “Oinarrien aurrealdetan zutabe bikoitzak agertzea langedoziar eskolako ezaugarrietako bat da eta 1171n jada hasia ikusten dugu Tarragonako katedraleko burualdean, eta 1185ean hasi zen Fiteroko gurutzerian”. J. M. AZKARATE, Arte gótico en España. (Madril, 1990) 12. or.
- ↑ Hurrengo urtean monjeak Yergatik bi legoatara zegoen baserri honetara lekualdatu ziren. Niancebaseko aldarea Antsok, Calahorrako gotzainak, zabaldu zuen eta bere lehen abadeak, Fiteroko San Erraimundok beronengandik jaso zuen benedikapena. Santu honek eskatuta, Niancebaseko monasterioa eta bere ondasun guztiak bere zaindaritzapean hartu zituen Eugenio III.ak.
- ↑ Tomás MORAL, O. S. B.: Monasterios. T. C. P., 35. znb. (Iruña, d/g) 17. or.
- ↑ J. JIMENO JURIO, Fitero. T. C. P., 72. znb. (Iruña d/g). Ikus bere bibliografia.
- ↑ J. JIMENO JURIO, Monasterio de la Oliva . T. C. P. 66. znb. (eta berak aitatzen dituen idazleak); H. Mª. MARIN, Abadia cisterciense de la Oliva. Historia y arte. T. C. P. 242. znb. (Iruña d/g).
- ↑ J. JIMENO JURIO Iranzu. T. C. P., 69. znb. (Iruea, d/g). Ikusi, berak aipatutako beste idazle batzuk.
- ↑ A. M. N. IV. libk., (Iruñea, 1973), 72. or.
- ↑ Oliteko Santa Mariari buruz, ikus, BIBLIOGRAFIAN, J. JIMENO JURIO, TORRES BALBAS eta J. M. AZKARATEren... lanak.
- ↑ A. M. N. IV. libk. 107. or.
- ↑ Baionako katedralaren datari buruz, ikusi E. LAMBERT, O.c., 240‑247. or.
- ↑ Oloroeri buruz, ikusi E. LAMBERT, O.c., 244. or.
- ↑ Ibidem, 21. or.
- ↑ J. M. AZKARATE, O.c. 46. or.
- ↑ Iruñeko San Zernini buruz, ikusi aipamenak A.M.N. IV, 134. or.; G. E. STREET, Some account of Gothic architecture in Spain. (Londres, 1963). Ikusi halaber, V. LAMPEREZ, Hist. De la Arquitectura cristiana Española (Espasa‑Calpe 1930), III, 225; L. TORRES BALBAS, Arquitectura gótica. A. H. VII. liburukian, 221. or.; J. M. Azkarate, Arte gótico en España. (Cátedra ,1990).
- ↑ Torres Balbasek dio Aragoi aldeko zenbait elizen kopia dela Uxue, habeartea inguratzen duten esparru garaiak sortuz eta gurutze-ganga txikien azpitik horma‑bularrak zeharkatuz.
- ↑ Uncastilloko Migel Santxez gotzainak (1277‑1287) dirua eskatzen zuen 1286 aldera, graziak eta barkamenak eskainiz klaustroaren eraikuntzan laguntza ematen zutenentzat. Eta 1291n agindu bat dokumentatu zen “Iruñeko Santa Mariako klaustro lanetarako”.
- ↑ J. M. AZKARATE, O.c., 58. or.
- ↑ Clara FERNANDEZ LADREDA AGUADE eta J. LORDA, La catedral de Pamplona. Arquitectura. V.V.n, La catedral de Pamplona, 1394‑1994. Ed. Nafarroako Gobernua, I.go libk. 163‑273. or. Ikusi, halaber, A.M.N., IV, 162 eta hur.
- ↑ J. ALTADILL, Castillos medievales de Navarra. (Donostia, 1934), 3 libk.; J. M. RECONDO, Castillos. T. C. P, 22. znb. Nafarroako Foru Aldundia Argit., (Iruñea, d/g); J. MARTINEZ DE AGIRRE, Castillos y Palacios góticos en Navarra. El arte en Navarra. 12. znb.an, Diario de Navarra Argit.; Aitor IRIARTE KORTAZAR, Algunas observaciones acerca del Palacio Real de Olite. A. P. M. 15ean, 1996, 331‑340. or.
- ↑ J. MARTINEZ AGIRRE, O.c., 101. or.
- ↑ J. M. AZKARATE, O.c., 59. or.
- ↑ L. LAHOZ, El Arte Gótico en Alava. Arabako Foru Aldundia (Gasteiz, 1999) 28. or. eta hur.
- ↑ Eliza honen ezaugarriek bazuen zerikusirik Gasteiz bertako San Pedro, Lekeitio, Gernika, Bilboko Santiago eta San Anton elizak beste euskaldunekin, nahiz Ozkabarte eta Toledo, Palentzia, Leon eta abarretako burualdeekin. C. M. V. III. libk., 85. or.
- ↑ M. PORTILLA, El arte en los templos vitorianos. (Gasteiz, 1981); Ikusi, halaber, C. M. V. III, 148. or.; L. LAHOZ, O.c. 32. or. eta hur.
- ↑ G. LOPEZ DE GEREÑU, Dos noticias para una monografía de de la parroquia de San Vicente de Vitoria. (Donostia, 1958). B.R.S.B.A.P.ko separata, XIV. urtea, 2. koadernoa; ikusi C.M.V. III, 221. or.
- ↑ L. TORRES BALBAS, Arquitectura y Escultura góticas. A.H. VII, 160. or.
- ↑ J. A. BARRIO LOZA, Iglesia de Santiago, Bilbao. M. N. E.n, III libk. (Bilbo, 1985) 85. or. eta hur. J. IBARRA, La basílica de Santiago. 1950; T. MARTINEZ, Del Señor Santiago. (Bilbo, 1982).
- ↑ Iglesia de San Antón, Bilbao. (J.A. Barrio Lozaren zuzendaritza). Monumentos Nacionales de Euskadi, III libk., 67‑81. or.
- ↑ Pilar del VALLE LERTXUNDI, Estudio arquitectónico de Santa María de Lekeitio. Kobie‑n. Arte Ederrak, 7, 1990, 51‑84. or.; Iglesia de Santa Maria de Lekeitio. Euskadiko nazio monumentuak‑en, (M.N.E.) III, 221‑239. or.
- ↑ Gipuzkoako probintzia mailako bizitzaren hastapeneko unetzat har daitezkeen Batzar horietan, erregeren aginduz eta Gonzalo Moro Korrejidorearen zuzendaritzapean bildu ziren Hiribildu guztietako eta bost alkatetzetako ordezkariak, hau da, orduan Gipuzkoan ziren udal mailako erakunde guztietako ordezkariak. Ikusi Kontzeju horien zerrenda J. L. BANUS Y AGIRRE, El movimiento municipalista de Gipuzcoa. Las formas de poblamiento en el Señorio de Vizcaya durante la Edad Media. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua. (Bilbo, 1978) 62‑63. or.
- ↑ Ikusi pasadizo honen kontaketa eta zentzua J. PLAZAOLA‑ren, Historia y sentido del Arte Cristiano. B. A. C., (Madril, 1996), 292. or.
- ↑ J. JIMENO JURIO, Artajona. T.C.P., 45. znb., (Iruñea, d/g) 15. or.
- ↑ Mª Eugenia IBARBURU, La iglesia fortificada de San Saturnino del Cerco de Artajona (Navarra). P.V. 37an, 1976, 179‑180. or.
- ↑ Ikus argazki kopiak A.M.N.V.ean, 246‑258. or. irudiak.
- ↑ Eukene MARTINEZ DE LAGOS: ¿Una marginalia realizada en piedra? A propósito del dintel de Santa Maria de Olite A.P.M. 15ean, 1996, 383‑395. or.
- ↑ J. JIMENO JURIO, Olite monumental. T. C. P., 93. znb., 31. or.
- ↑ N. E. A. A.ko idazleak izan dute beren azalpenak erreportaje grafiko ugari eta ordezkatu ezinezkoz lagundurik emateko ardura; ikusi, T.V. V.ean, 9‑11. or. Ikusi halaber, Clara FERNANDEZ‑LADREDA, La catedral de Pamplona. El arte en Navarra.n, 10. znb. 153. or.
- ↑ Iruñeko klaustroko kapiteletako lanketa horren guztiaren deskribapen zehatz bat A. M. N. IVan ikus daiteke, 229‑231. or.; eta oraindik ere zehaztasun eta xehetasun gehiagoz V.V.n, La Catedral de Pamplona. I.go libk., 274. or. eta hur.
- ↑ Rieuxeko lantegi hau azaltzea, historiako arazo interesgarri bat da, hartatik jaso diren Kristo bat, Maria bat (Baionako Bonnat Museoan) eta Apostoluen irudi zenbaitek (Toulouseko Museoa) errealismo manierista izugarri azaltzen dute.
- ↑ L.VAZQUEZ DE PRAGA, La dormición de la Virgen en la catedral de Pamplona. P.V., 1946, 241‑258. or.; La catedral de Pamplona idatzi zutenen ustez nahikoa agirikoa badela inspirazioaren iturburua, Tesalonikako Artzapezpiku Joanen lana izan zela pentsatzeko.
- ↑ Monarkiaren goraipatze politika baten barruan, ez zen gehiegi neurtu erregearen koroatze ospakizunak zuen garrantzia, tradizio handia zuen erritoa izanik, miniaturez ilustraturik zihoazen elizkizunen idazketa laster eskatu zuena. Adibide modura gogora dezagun, Westminster-ko (Londres) abade-etxeko Liber Regalisa, eta zehatzago esanda Erregeen Koroatze Elizkizunaren kodizea (abade-etxe berekoa), miniatura ederrez apaindua den hartan haren batzuk S.Silva eta Berastegiren liburuan kopiak datoz. (O.c. 94. or.). Hauetako batean bi gotzainen eskutik koroatua den erregina bat ikusten da, elezaharrak dioenez: “die quo regina sola coronada est”.
- ↑ C. FERNABDEZ‑LADREDA, O.c., 158. or.
- ↑ L. LAHOZ, El arte gótico en Alava, Gasteiz ,1999, 41. or.
- ↑ El friso de Tuesta y los comienzos de la escultura gótica en Alava. P. M. A. 11n, 1993, 57‑72. or.
- ↑ C.M.V., III libk., 91. or.
- ↑ Beatriz ARIZAGA, Urbanística medieval (Guipuzcoa). Kriselu Argit., Kantabria. (Donostia, 1990), 193. or.
- ↑ Mª A. ARRAZOLA, El renacimiento en Guipúzcoa. (Donostia, 1968) II, 193‑200. or.
- ↑ Debako atariaren datari buruzko iritziak ugariak izan dira eta oso desberdinak gainera. Denak ere, L.Lahozen lan sakonean topa daitezke, bibliografia aldetik ere bera delarik osoena: Aproximación estilística e iconográfica a la portada de Deba. Ondare 16,1997, 5‑54. or.
- ↑ Besteak beste, eredu hauek Zangoza‑Rocamadorreko, Otsagabia (Muskilda) eta Orreagako birjinak lirateke. Zangozakoaren antzekoak eta euskal‑nafar‑errioxar modukoak trantsizio garai batekoei dagozkienak dira, zeren eta Haurra alde batera lekualdatzen bada eta mugimendu alderako nolabaiteko joera azaltzen badu ere, beste ezaugarri batzuk joera erromanikoak dira eta ez dira XIV. mendeaz geroztikoak. Askoz gotiko-mota garbiagoa da Orreagako Birjinak adierazten duena, 1350 aldera eginiko irudia delarik. Ikusi FERNANDEZ LADREDA, La Sonrisa Gótica. El arte en navarra. 15. zenbakian. Diario de Navarrak Argit.; ikusi, halaber, J. CLAVERIA URANGUA, Iconografía de la Virgen de Navarra. (Iruñea, 1942‑44); José Esteban URANGA, Cien imágenes navarras de la Virgen (Iruñea, 1972). Diario de Navarrak Argit., Clara FERNANDEZ‑LADREDA eta Mª Concepción GARCIA GAINZA, Salve. Mariarenganako artea eta jaiera 700 urtez Nafarroan. Erakusketa. Nafarroako Gobernuak Argit., Nafarroako Kutxa eta Iruñeko Artzapezpikutza. (Iruñea, 1994)
- ↑ L. LAHOZ, El arte gótico en Alava, 108. or.; ikusi, halaber, G. LOPEZ DE GEREÑU, Andra‑Mari en Alava. Iconografia mariana en la diócesis de Vitoria. (Gasteiz, 1982).
- ↑ Ezezagun batena da, Cruz de Kurutziaga. M. N. E. IIIan, 125‑133. or.; R. PINEDO, La cruz de Kurutziaga. 1942; M. GRANDE, Kurutziaga. Bizkaia 25, 1965; Jesus LARREA RECALDE: La cruz de Kurutziaga. (Durango, 1972); W. GIESE, Monumentos religiosos de piedra en el Pais Vasco. Homenaje a J. M. Barandiaran, II, 1966, M. VIAR, Cruces de Vizcaya. Deustuko Unibertsitatea. Arteren Historia Saila, 1980.
- ↑ Juan Carlos STEPPE, Las pinturas murales de Gaceo. Una catequesis a través del arte. C.M.N.V. libk. 1982, 100. or. eta hur.
- ↑ M. C. LACARRA DUCAY, Aportación al estudio de la pintura mural gótica en Navarra. (Iruñea, 1974, 48‑56. or.; ikusi, halaber, Pintura mural gótica en Navarra y su ámbito de influencia. A.P.M. 15ean, 1996, 171‑193. or.
- ↑ A.M.N. V, 220. or.
- ↑ S. SILVA BERASTEGI, la Pintura Medieval en Navarra. (Iruñea, 1988).
- ↑ M. Carmen Lacarra Ducayk bere Nafarroako Erdi Aroko margolanei buruzko ikerlanean Iruñeko margolanaz gainera (Katedraleko, San Zernin eta San Nikolas) biltzen ditu Ribaseko San Pedroren monasterio zaharreko (Iruñea) beste batzuk, Ekayko San Martin elizako (Zangozako merindadea) margolanak, Arellanoko San Erroman parrokia‑elizan azaldutako beste batzuk, Eristaingo San Joan Bataiatzaile (Oliteko merindadea) elizakoak, Galipentzuko San Salbatore elizakoak eta joera estilistiko honetako azken aldia suposatzen zuen Oliteko San Pedro elizako dorrearen behereneko zatikoak”. Pintura mural gótica en Navarra... A.P.M. 15ean, 1996, 178. or.
- ↑ Erdi Aroko Nafar margolanetan jakituna den emakume honen iritziz, egileak Lignum crucis‑aren omenetan Italiako Venancio Fortunato (530‑600), Poitierseko gotzainaren latinezko poema luzea den Nekaldiaren ereserkia Pange lingua gloriosi‑a erabiliko zuen ikonografiazko jatorri moduan. O.c., 179. or.
- ↑ A.M.N. V, 230. or.; R. MESURET, De Pamplona a Toulouse. En torno a Juan Oliver. P. V. XIXan, 1948, 9‑18. or.; M. C. LACARRA, O.c., 103. or.; J. MARTINEZ DE AGUIRRE, La pintura mural gótica. El arte en Navarra. 13. znb. (Diario de Navarrak Argit.), 198‑199. or.
- ↑ S.SILVA Y BERASTEGI, La miniatura Medieval en Navarra. (Iruñea, 1988) 110‑140. or. Nafarroako Foruen kodizearen irudiak eta liburutegi berak jasoak dituen beste batzuenak eskematikoagoak dira eta ez hain dotoreak.
- ↑ J. GUDIOL, Pintura gótica. A.H. IX.ean, 1955; J. C. STEPPE, O.c., 191. or.
- ↑ Azken batean, arima baten Epaia gogoratzea da helburu, bere ekintza onak pisatzen direneko une estu horretan, deabruaren erasoen aurrean eta santu babesleen laguntza dutela. Euskal Herrian jaiera handia zaion Santa Marina galiziar santari, esate baterako, Araban soilik 50 santutegi eskaini zitzaizkion. J. C. STEPPE, O.c., 200‑211. or.
- ↑ J. CAMON AZNAR, Pintura medieval española. S.A. XXII, 1966; J. GUDIOL RICART, Pintura gótica. A.H. IX.ean, 1955; M. ARANEGI, El Canciller Ayala. B.I.S.S. XVIII.ean (Gasteiz, 1974); J. M. PORTILLA, Torres y casas fuertes..., II. libk. 1978, 853‑886. or.; S. SILVA Y BERASTEGI, Las empresas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Estudios Históricos: Vitoria en la Edad Media (Gasteiz, 1985), 761‑778. or.; M. N. E, 298‑299. or.; C.M.V. VI. libk., 786‑792. or.
- ↑ Karmelo Etxegarayk, bakea ez zela berehalakoan lortu ohartarazten badu ere, 1397an ospatu zen Getariako Batzarrari berealdiko garrantzia ematen dio, data gogoangarria omen bere ustez; izan ere, baserri giroko eta hirietako herri xehearengan banderizoen ahalmena berehalakoan desegingo zenaren itxaropena biztu zuen. Las Provincias Vascongadas al final de la Edad Media. (Donostia, 1985) 150. or. eta hur.
- ↑ F. SESMERO PÉREZ, Erdi Aroko hiribilduetako erlijiozko arkitektura. Las formas de poblamiento en el Señorio de Vizcaya durante la Edad Media. Bizkaiko Foru Aldundia Argit. (Bilbo, 1978) 355‑368. or.
- ↑ F. SESMERO PÉREZ, Ibidem, 358‑359. or.
- ↑ Manuel VALDES FERNANDEZ, Euskal gotiko erlijiozko arkitekturaren batasun eta bereizitasun eragileak. Revisión del arte medieval de Euskal Herria. A. P. M. 15. znb. 111. or., oharra: Baionako katedrala da Pirinioen alderako Champagna ereduen zabalkundean adibiderik garrantzizkoena.
- ↑ Honi buruz oso egoki aipatu izan da, Baionako gotzaina, Guillaume de Godin kardinalaren eta Klemente V.a Avignongo lehen Aita Santua, Villadraut (Gaskonian) jaio zenaren artean emandako elkarlanen emaitzak 1258ko sutearen ondoren Baionako Amaren katedraleko lanen berreraikuntzan eragin itzela izan zuela. M. VALDES FERNANDEZ, O.c., 111. or. eta hur.
- ↑ J. PLAZAOLA, Historia y sentido del arte cristiano. (Madril, B. A. C., 1996) 462‑482. or.
- ↑ J. GOÑI GAZTANBIDE, Historia de los obispos de Pamplona, 163. or.: Jon Joaniz Aizagakoak sortutako Parisko ikastetxeak oso bizimodu laburra izan zuen. Aldi batez itxirik egon zen. Agian kalonjeek Teologiazko ikasketak baino nahiago izango zituzten Zuzenbide ikasketak, eta Arnalt de Puyanek bezala Toulouse nahiago izango zuten Paris bera baino. Azkenean, apaiz jendeak ehun liberaz saldu zuen”.