Testuingurua
[aldatu]Europako mapa politikoari dagozkionez, Lehen Mundu Gerraren ondoriorik garrantzizkoenak izan ziren, besteak beste, Europaren erdialdeko inperio handien desagertzea, nazionalitate berrien sorrera eta estatu berrien jaiotza. Bestalde, munduaren etorkizunari begira jarrita, Ameriketako Estatu Batuek eskainitako laguntza izan zen garrantzizkoena, aliatuen garaipenerako erabakigarria, baina Europarentzat, munduko mapa politikoan bere hegemoniaren amaiera laster eragin zuen. Europako eta munduko bizimodu politikoa 70 urtez markatuko zuen beste gertakari bat Errusiako boltxebismoaren garaipena izan zen.
Pentsamendu politikoaren mailan bi mugimendu sortu ziren, XX. mendean zehar elkar osatu ala elkarren aurrez aurre jarri beste irtenbiderik ez zutenak: asimilaziorako neke handiak ekarriko zituen espiritu demokratikoa, eta aldiz, gorakada mehatxatzailea izango zuen nazionalismoa. Europa demokratikoarentzat izaera mehatxatzaile hori bera SESBek eragingo zuen Stalinen aginpide zorrotzaren menpean.
Europako Gerra 1918an amaitu berria zela, Wilson lehendakariak bultzaturik, Nazioetako Elkartasuna zeritzona fundatu zen munduari bakean eusteko eta Estatuen arteko Elkartasuna bultzatzeko. Baina bake negoziaketetan estatu bakoitzak bere interesen alde egin zuenez, eta neurri gabeko eskakizunez gainera, gerra berri baten mamua laster azaldu zen zeruertzean.
Alemanian, Frantziaren gehiegizko xedeek, elementu kontserbatzaileen akatsek eta marxismoari zitzaion beldurrak Nazional Sozialismoari erraztu egin zioten botererako igoera.
Italian faxismoa jaio zen gizarteko gatazken (1919-1920) eta ultranazionalismoaren aurrean beharrezkoa zen autoritatearengatik. Mussolini 1924ko hauteskundeetan iritsi zen agintera gizarterako erreforma eta lurraldeen konkista, eta sindikatuak eta alderdiak (sozialista eta komunista) ezabatzeko proiektua berekin zuela. Ganbarak ezeztatu egin zituen, haien ordezko "Kontseilu Faxista Handia" jarriz.
Espainian eta Europako gainerako estatuetan erregimen demokratikoari eustea lortu zen, baina krisialdi ekonomiko eta soziala zela eta, oso egoera aldabera eta nolabaiteko batean. Primo de Riveraren Diktadura, gizarte mailako nahasmendu larrien eta gobernuko parlamentarien eraginkortasunik ezaren aurrean jaio zena, ez zen gaizki hartua izan Euskal Herrian, ez bederen klase kontserbatzaileen artean. Aurreko urteetan gorakada nabaria izan zuen Nazionalismoak, oligarkia finantzariaren aldetik erregimen berriarenganako zuen atxikimendua ikusita, antolamendu bidezko herri-kirol, folklore eta arte alorrera atzera egin beharrean gertatu zen. Erregionalismoa sustatuz, egoera bideratzeko Diktadoreak zituen asmo onak hutsean gelditu ziren gizarteko krisialdia larriagotu, erregearen aldetiko uste ona galdu eta politikako azpilanaren aurrean. Diktablanda deituak ez zuen inolako irtenbideren ekarpenik egin. EAJko kideengan sendoturik gertatu zen herri mailan haziz zihoan indarraren kontzientzia. EAJren ELA sindikatuak greba iraultzailean parte hartu zuen.
Donostian bilera bat egin zen 1930eko abuztuaren 17an errepublikazaleen, sozialisten eta katalanisten artean –euskal nazionalistak bertan ez egote bitxia nolanahi ere– oinarrien deklarazio famatu bat eginez amaitu zelarik. Donostiako Itun sonatua, hain zuzen, errepublikazaleen eta sozialisten bat-bateko elkartasun emaitza izan zen, eta harekin aurkeztu nahi izan zuen ezker espainiarrak udal hauteskundeetara. Inolako asaldaketarik ez zuen eragin horien emaitzak, ez eta inolako gogorkeria azalpenik ere, baina nahikoa izan zen –esan izan den bezala– monarkiak bere buruaz beste egiteko. Errepublika Eibarren aldarrikatu zen lehenik –eta Vigon, agian–, eta Madrilen biharamunean.
Nazionalismoaren presentzia berehala hasi zen hazten berriro euskal probintzietan; eta alkate-komisio batek Espainiako Errepublika Federalari loturiko Euskal Gobernu bat eratzearen egitasmoa deklaratzen zuen. Eta 1931ko uztailaren 14an Lizarran Hego Euskal Herriko Udalen Biltzarra ospatu zen, bertan Euskal Herriko Estatuko Estatutu Orokor baten egitasmoa eztabaidatu eta onartu egin zen gehiengo handi batekin: 548 udaletatik, 427 aldeko zituen, 1836aren aurreko egoera berreskuratu xede. Ofizialki Gobernuko buruzagia zen Alcalá Zamorari aurkeztu zitzaion Estatutu hau azkar geratu zen artxibaturik.
Espainiako Bigarren Errepublikaren bizitza, sei urte ere bete ez zituena, hiru alditan bana daiteke: ezkerraren aginpideko lehenengo bi urteak bizimodu politiko baten borroka-urte mingarriak izan ziren (komentuak erre, Jesusen Lagundiaren sakabanaketa, Gasteizko gotzaina eta Segura Kardinala, Espainiako Gotzainburua kanpora botatzea, nazionalismoaren zapalkuntza eta abar). Asturiasko iraultzean amaitu (1934ko urrian), eta honen azpiraketa eta zapalketaren ondoren, erradikalekin elkartuta eskuinaren aginpideko beste aldi bat hasi zen, zenbaitek biurteko beltza deritzona; azkenik, Fronte Popularraren (1936ko otsaila) hauteskundeetako garaipenaren ondorengo hirugarren aldian, alderdi kontserbatzaileen zapalketa indartu egin zen konspirazio antierrepublikar eta espiritu katolikoa probokatuz, tradizionalisten eta falangisten laguntzaz indar armatuko zati handi baten altxamendua hezurmamitu (1936ko uztailaren 18an), eta horrela, inork aurreikusi gabeko eta nahi ez zituen iraupen eta ondorio lazgarriak izango zituen gerra zibil izugarri bati hasiera eman zitzaion.
Hemen axola zaizkigunetan gertakari hauek izan zituzten ondorioei dagozkienez, historialarien aldetik baiezko nahikoa orokor batez onartzen da, dena den, 1931ko erregimen monarkikoaren erorketa Espainiako kultura eta artearen garapenerako onuragarria izan zela.
Oriol Bohigas-ek oso argi eta garbi lotzen ditu arkitekto arrazionalisten kemen berritzailea, askatasun politiko eta "Bigarren Errepublikako abentura egiazkoekin", "gizarte mailako kezka eta bere maila guztietako konformagaiztasuna" zama guztiarekin.[1] Euskal Herriari buruzkoetan antzeko gauzak baiezta daitezke, zeren eta ikusiko dugun bezala, Errepublika aldarrikatu orduko Donostian bederen artearen indarberritze nabaria gertatu zen.
Arte giro berri bat
[aldatu]Euskal Herrian, kritika, arte forma berriak ontzat hartzen nola hasi zen aurreko atalean azaldu dugu. Gogora dezagun, neurri handi batean, ikusleriaren artean irekitze horretan sentiberatasun-eragile erabakigarriak erakusketak izan zirela. Irekiera ekimen horretan Bizkaiko probintzia izan bazen ere aurrelari, eragin horren zati handi bat Euskal Aste Nagusia zela eta 1928ko uztailean egin zen Donostiako Kasino Handiko erakusketari esker gertatu zela ikusi dugu. Ordurako bertan ikusi ziren Europako arkitektura garaikidearen ereduak.
Ertilari Iberikoen Erakusketa. Are garrantzitsuagoa izan zen Arkitektura eta Arte garaikidea izenburupean 1930ean Ateneo donostiarrean antolatu zen Erakusketa, eta Espainiako geografian zehar laster abiatzekotan zen arkitektura arrazionalista hartan euskalerritar arkitekto batzuk izango zuten zeregin garrantzitsua iragartzen lagundu zuen.
Horren harira, aipa dezagun hemen penintsularen erdialdean sentitzen ziren kezka artistikoekin izandako harremanek momentu hartan Euskal Herrian sartu zuen eragina. Espainiako hiriburuan, 1925ean ireki zen abangoardia artistikoen sorreran ondorio onuragarri bat izan zuen Artista Iberiarren Erakusketa izenekoak, geroxeago, Bigarren Errepublika ezarria zela, Artista Iberiarren Elkartean forma hartu zuen mugimendua izan zelarik. Hau guztia esanahi handikoa gertatzen da 30ko eta 40ko hamarkadako Euskal Herriko artearen historiarako, zeren eta Artista Iberiarren Bigarren Erakusketa Donostian 1931ko irailean egin baitzen.
Euskal Herriko Artisten Elkartea. Bizkaian, bestalde, Euskal Herriko Artisten Elkarteak (EAE) bere erakustaldien maiztasunari eutsi egin zion Errepublika aldiko lehen urteetan, taldekakoei eta bakarkakoei. Era honetan, ertilari gazteak kaleratzen lagundu beharrean, jada sona lortua zuten ertilariak bultzatzea besterik ez zuen egin.
Adibidez, Arte Modernoaren Museoan egindako Artista Baskongadoen Bigarren Erakusketa (1931-32), 20ko hamarkadako belaunaldiaren (Aranoa, Urrutia, Olasagasti) eta EAEren sortzaileen (Arruetarrak, Zubiaurretarrak, Tellaetxe, Maeztu eta abar) baieztatze artistikoa izan zen; hain halakoa, non ertilari gazte batzuk, bazterturik sentituta, bazterrera utzitako beraien lanak erakusteko lokal bat eman ziezaietela eskatu zuten eta lortu ere, lortu zuten. Honek guztiak arte modernoaren inguruko ideia eta eztabaida-giro beroa biziagotzen lagundu zuen, baina ez ertilarien jarduerak bide-zidor berritzaile eta sortzaileetatik zuzentzen.
Apur bat gainbehera etorri zen EAEren jarduera, nahiz eta urtero egiten zen bere Euskal Herriko artearen talde-erakusketa ohikoarekin jarraitu. Artista Baskongadoen Hirugarren Erakusketa 1934ko abenduan egin zen.
Artea-Batasuna. Belaunaldi gaztearekiko desadostasun egoeratik irtetea Elkarte berria sortu zenean iritsi zen: Artea-Batasuna. Artea sustatzea xedetzat harturik 1933ko maiatzaren 20ean jaio zen –modernoa, bistakoa denez–, baliabiderik gabeko ertilariak laguntzeko "guretzat hain kaltegarria den egoera hau leunduko duen bloke bat osatzeko", eta zehatzago esanda, Arte Eskolatik irten berriek beren berri emateko bitartekorik gabekoentzat. Horretarako, Korporazioen eta Prentsaren laguntza eskatzen zuten. Hala lortu zuten beraien Lehen Erakusketa antolatzea abuztuaren 12tik 30era bitartean, horretarako Udalak utzitako Berastegiko ikastetxeetan. Artisten 200 lanetik gora jarri ziren ikusgai, besteak beste, Matias Angel Alvarez, Arturo Azebal Idigoras, Joan Luis Kruzalegi, Joakin Lucarini, F. Maidagan, Higinio Polo, L. Revenga, Santtafe Largatxa eta abarren lanak.
Arte-Batasunak, 1934ko martxoan 60 bazkide zituenak, gerra zibila baino lehen beste zenbait erakusketa egiteko laguntza lortu eta kultur hitzaldiak antolatu zituen. Herriarengandik EAE baino gertuago egon zen. Baina horrek ez du esan nahi modu honetara gazteenei eskaintzen zitzaizkien erraztasunek joera berritzaileen zabalkunde handiagoa ekarri zutenik. Aitzitik, artearen zabartzea sustatu zuten, eta badirudi abangoardiaren aurkako jarrera hartu zutela. Prentsak ez zituen bereziki goraipatu, eta ez zuten babes handirik aurkitu, jada sona irabazia zuten artisten aldetik ere.
ALEA taldea. 1936an, taldekideei dagokionez oso talde konplexua zen eta Bilboko kultur bizitza suspertzea helburu zuen ALEA izeneko beste elkarte batekin egin zuen bat azkenean.
Errepublikaren lehen urte haietan, europar joera berrien haize-erauntsi hark Donostia beste inor baino indar handiagoz astindu zuen. Hantxe bertan hasi zuten egiazko abangoardia mugimendua, Artista Berrien Lehiaketan saritutako artista batzuek. Aldi labur bat izan zen, Pilar Murren iritzia aplikatu behar zaiona: "Errepublika urteetako Bilbotarren halakoxe utzikeria baten aurrean, Donostiak hartua zuen Herriko norabide artistikoaren batuta".[2]
Gu taldea. 1934ko gertakizunik garrantzitsuena GU taldearen sorrera izan zen, arte erakusketak, hitzaldiak, kantaldiak eta omenaldiak antolatuz, kulturaren berrikuntza bat bultzatzeko asmoa zuen elkartea zen. Fundazio honen muina Donostiako Madrid Kafetegiko solasaldietako parte hartzaileetatik sortu zen: Aizpurua, Olasagasti, Karlos Ribera, Julian Tellaetxe eta Angel Cabanas Oteiza. Beraien egoitza, hiriko alde zaharrean zutena, Sorondok apaindua zen eta Sanchez Mazasen hitzaldi batekin inauguratua. Ideologia alorrean, osagairik eraginkorrenak badirudi Aizpurua eta Lagarde arkitektoena izan zela, beraien adierazpenei falangista-kutsu apur bat igartzen zitzaien.
Eusko Pizkunde. Kontrako norabide batean, baina GU taldearen garaikide izanik, Eusko Pizkundeak ere jardun zuen, antzezpen eszeniko eta musikalak, erakusketa eta ekitaldi kulturalak sustatzen. Abangoardiako esperimentazioak bazterrean utzita, nazionalismoaren oso gertuko izaera folkloriko-populista bati eutsi zion.
Arkitektura
[aldatu]Mendearen hirugarren hamarkadan, 1925 aldera zehatzago esanda, Europan jarduera artistiko batzuk azaldu ziren eta hauei buruzko informazioa sartzen hasi zen Espainian eta Euskal Herriko espiritu irekienetan, sentiberatasun berri baten mesedetan, honako hauei dagokiena:
- arkitekturako arrazionalismoari,
- konstruktibismo kubistari,
- eta abstrakziorako joera duen garbizaletasun geometriko bati.
L'Esprit Nouveau aldizkariak 1920an jada hasi zuen bere ibilbidea eta bere orrialdeetan Le Corbusier-ek arkitektura berri baten beharra aldarrikatuko zuen. Handik gutxira Alemanian, Deutscher Werkbunden alderdia zen Die Form aldizkaria agertu zen. Antzeko joera zuten aldizkariak agertu ziren beste herrialdeetan ere.
Gropiusek 1925ean, Internazionale Architektur-a aldarrikatu zuen eta norabide bereko liburuak argitaratzen hasten: Die Baukunst der neuen Zeit, Gustav Adolf Platzen eskutik, eta Bauen in Frankreich, Eisen und Eisenbeton, Sigfried Giedion-en eskutik.
Garai berean, talde berritzaileak egituratu ziren, hala nola, Stuttgarten Die Ring eta Italian Grupo 7. Le Corbusierek arkitekto berritzaileen talde bat mugiarazi zuen Arquitectura aldizkariaren inguruan, eta denbora labur baten buruan AMNK (Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Kongresuak) fundatzea lortu zuen.
Abangoardiako ahalegin hauen inguruko albisteak, Bartzelona eta Madrilgo Arkitektura Eskoletako ikasleen ingurumarian sartu ziren, jakin-mina eta gogo bizia sorraraziz. Ikasketak bukatu berriak zituen Josep Lluis Sert, Le Corbusierrekin lan egitera joan zen rue de Sèvres-ko bere lantegira. Madrilen, ikasketak bukatzear zituen eta mugimendu berriaren motorra izango zen gazte talde baten aitzindari izan zen García Mercadal, geroago ikusiko dugunez, Euskal Herriko arkitekto zenbaitek ere parte hartu zuen.
Pintura
[aldatu]Arkitektura alorreko mugimendu berritzaile honek guztiak izan zituen islak beste alor estetikoetan, eta bereziki margolarien alorrean; lehenago aipatu dugun hau, Arkitektura eta Pintura modernoaren Erakusketan gauzatu zen, zati batean bederen, J. Manuel Aizpuruak antolaturik Gipuzkoako Ateneoan 1930eko irailean ospatu zen hartan.
Arkitektura berriaren oinarriek artista guztiengan joera berri bat sortzeko adinako eragina izan zuten:
- araztasuna materialen eta tekniken erabileran,
- sentimenduen adierazpena baino gehiago formaren bikaintasun bilaketan,
- mito edukigileak albora utzi eta arte teknika bakoitzak berezkoa duen hizkeraren bidezko adierazpenean.
Honela lortu zen Euskal Herriko artista gazte askorentzat kubismoa gutxienez ulergarria izatea, eta Cézanne eta Juan Grisen artean kokatzen zela zirudien Vázquez Díazen formulek artista gipuzkoar batzuen hizkeran eraginik izatea. Hala eta guztiz ere, badirudi joan-etorri artistiko honen guztiaren lehentasuna arkitekturaren alorrari dagokiona dela; eta bertatik hasi behar du historia honek.
Arkitekturako arrazionalismora iragaitea
[aldatu]Teodoro Anasagasti
[aldatu]Teodoro Anasagasti (1880-1938) trantsizioko arkitekto izendatu beharko litzateke; ertilari honek bere zaletasun historizista eta sezesionistatik arrazionalismo aldera jo baitzuen. Eta ziur asko eskola horretan irakasle on bat izango zen heriotza goiztiar batek bide hau eten izan ez balio. Ezbehar hura areagotuz, gerrak haren estudioa hondatu zuen, bere material guztiak barruan zituela. Anasagasti, Bermeon XIX. mende bukaeran jaiotako arkitektoen belaunaldikoa da, Antonio Goikoetxea, Frantzisko Arzadun eta Pedro Ispizuarekin batera.
Erroman bizi izan zen errentaz eta, hasiera batean, Alemaniako monumentaltasun erromantiko baten eragina bereganatu zuen. Erromako errenta 1910an irabazi zuen. Erromako Nazioarteko Erakusketan, bere Hilerri Idealaren Proiektuarengatik sei sari nagusietako bat eman zioten 1911an, eta hauetariko beste bat eman zioten Vienako mugimendu sezesionistaren sortzaile izan zen Otto Wagnerri.
Aipagarriak dira bere proiektu hauek ere:
- Hilerri Ideala,
- Hilobia,
- Minaren tenplua (1909).
Aurrekoen antzera aipagarriak dira obra hauek ere:
- Monumentua Maria Kristina Erreginari (1928)
- Isiltasunaren dorrea.
Denek badute zerikusirik elkarren artean, Manuel Abrilek dioen bezala, "beti berdinak izate horretan, ordena, gelditasuna eta betikotasunarekin; bere lehorte horretan, atsekabearekin; bere handitasun serios horretan, begirunezko maiestatean, bere osotasun horretan, azkenik, izugarri, misteriotsu eta handia den zerbaiten aurreko nahigabe larri eta isilarekin".
Geroago, Bermeoko udal-teknikari zela hauek eraiki zituen:
- San Jose Ikastetxea (1909)
- Eskola Nautikoa (1917)
Beranduago, Espainiako beste hiriburuetan eraikuntza hauek diseinatu zituen:
- Malagako Postetxea,
- Madrilgo San Jorge eliza,
- Madrilgo Erret Zinema, vienar sezesioaren ezaugarri batzuk dituena,
- Madrilgo Pavón Zinema, hau ere marmolez egindako lana da eta apaingarrietan garbitasun ia erabat arrazionalisten lerrokatze modernista batzuk erabiltzen ditu obra honetan.[3]
Salbuespenezko kasu bat izan zen hau, teknika berriak hartu beharraz goiz jabetu zelako; Euskal Herriko arkitekturan hormigoi armatua sartu zuenetako bat izan zen. Anasagastik baditu, gainera, beste meritu batzuk ere arkitekturako teoriko modura, berezko estetika arkitektonikoaren[4] gainera argia isurtzen duten artikuluak argitaratu baitzuen, eta testu interesgarri batzuk ere utzi zituen idatzirik: Eraikuntzen ironia (1927), Hondoratzeak, eraikuntzaren hondamendi handiak (1931).
Saiakera hauen aurretik, bere lanbidearen Irakaskuntza berritzearen inguruko lan bat egin zuen: Arquitectura y Enseñanza de la Cultura Moderna, teorico y práctica (1923).
Anasagasti, Torres Balbas-en iritziz, bere irudiak kode erromantikoan sentitu zituen poeta bat izan zen, baina bere lanak hizkera moderno batean egin zituen, hastapen historizistak ageri zitzaizkiola.[5]
Sekundino Zuazo
[aldatu]Secundino Zuazo (1887-1970) bilbotarra, gerra zibilaren aurreko bi belaunaldietako gizonik jantzienatzat har daiteke penintsulako osoko arkitekturaren alorrean.
Sociedad Bilbaina. Nahiz eta Sociedad Bilbaina izan bere lehenbiziko eraikinetako bat, Emiliano Amannen ondoan jardun zuen eta oraindik monumentu neobarroko gisa sailkatu beharko da, eta garai berrien hirigintzako beharretarako, baliozko formula egokiak iradoki zizkion bere izaera errealista gorenak.
Eraikuntzen proiektua. Fullaondok sullivandar inspirazioaren antzeko zerbait ikusten du Bilboko Ripa kairako (1923) eraikuntzen proiektuan, eta "sekulako intuizio" moduan markatzen du.
Musika Jauregia. Madrilera joanda, Zuazok Musikako Jauregia diseinatu zuen (1926) On Diego Lopez de Haro kalerako, halako italiar ukitu erromantiko bat duena. Ordura arte egindakoetan, eklektikotzat hartu behar da.
Postetxea. Holandara egindako bidaia baten ondoren, bistako adreiluaren eta paramentuen biluztasunaren erabateko erabileran, Berlage estiloko halako zorroztasun arrazionalista bat agertu zuzen ertilariak Bilboko Postetxean (1927). Zuazo arkitekto kontzientziaduna zen; bere eraikuntzen zati bakoitza arretaz zaintzen zuen, eta aukerak ondo aztertu ondoren, logikaz aukeratzen zituen materialak.
Madrilgo hiri-plangintzaren Lehiaketan parte hartu zuen, eta hutsik gelditu arren, Zuazoren proiektuak merezitako ospea ekarri zion egileari.
Ministerio Berriak. Indalezio Prietok Ministerio Berrien eraikuntza agindu zion, geroago beste arkitektoen eskuetatik pasa ondoren, nahikoa desitxuratuak gelditu ziren obrak direlarik.
Loreen Etxea. Loreen Etxe ezagunean (1932), zorroztasunaren ildoan, lerroen garbitasunean, gainazalen edertasunean eta hiri-plangintzaren errealismoan aurrerapauso bat eman zuen Zuazok, zeren eta etxe-multzo itxiaren tradizioarekin hausten baitu bertan, esaterako, Cerdá-k Bartzelonako zabalgunerako egindako planoen antzera, hiru gorputzen artean dagoen patio bat sortuz. Ordurako GATEPAC sortua zen, eta Joan Manuel Aizpurua Donostiako Klub Nautikoan ari zen lanean.
Errekoletoen Frontoia. Handik gutxira, Eduardo Torrojaren teknikak lagundurik, Zuazok mailarik goreneko bere lana diseinatu zuen: Errekoletoen Frontoia, zoritxarrez 1973an erauzi zena; angeluzuzen itxurako leku handi bat da, elkarren aldamenean eta diametro ezberdinak dituzten bi kanoi-ganga paraleloz estalia, ausardia teknikoaren eta diseinuaren zorroztasunaren arteko bateratze zorionekoa eginez.
Gerrak iraun zuen bitartean erbesteraturik egon zen Frantzian (1936-39), eta bukatu zenean Kanariar Irletara zokoratua (1940-43); honako eraikuntza hauek egingo zituen:
- Las Palmas Uharteetako Apaizgaitegia,
- beste eraikuntza batzuk, Madrilen.
Gernikako Frontoia. Azkenean Gernikako Frontoia (1936) egin zuen, arkitekturari ezer berririk eskaini ez, eta bere ospeari ere deus eman ez zion lana.
Gerraondoko arkitekturan, zituen arazoei zorroztasunez eta erabilitako materialen eskakizunei leialtasun logikoz erantzuten jarraitu zuen Zuazok, baina gure garaiko arkitekturaren adierazle den pentsaerarekiko jarrera aldatu egin dela ikusten da.[6] Historialariek ez diote behar bezalako azalpeneko erantzunik ematen gertakizun honi.
Zuazo arkitekto zorrotz, logiko eta zintzoan izan zen, eta beharbada bere euskal izaeraren erroetan zeramatzan ezaugarri estetiko hauengatik, merezi zuen beregan geldialditxo bat egin, eta Euskal Herriko mugetatik kanpo egin zituen obrak aipatzea.
Emiliano Amann
[aldatu]Secundino Zuazorekin batera jardun zuen Emiliano Amannek Sociedad Bilbaina eraikin eklektikoaren eraikuntzan.
Solokoetxeko etxebizitzak. Hemen aipatu beharrekoa da Emiliano Amann, Bilboko Solokoetxeko etxebizitza-multzoan arrazionalismora urreratzeko egin zituen ahaleginengatik (1932): "U" formako oinplanoa duen multzoa, hutsalkeria oro baztertu eta bizitegiko gelak azalera minimora murriztu zituen, baina funtzionaltasun eta higienezko eskakizunak nahikoa betez eta egoki erantzunaz
Bittor Eusa Razquin
[aldatu]Garai horretako monumentaltasun neorromantikotik protorrazionalismorako garapena beste arkitekto batzuetan ere antzeman zen. Hauen artean Bittor Eusa Razquin (1894-1990) nabarmentzen da, Madrilen hezia eta Anasagastiren ikaslea izandakoa, izaera gogorreko irakasle bilakatu zen laster. Iruñean egin zituen ia bere obra guztiak.
Kursaal Handia. Bere lehen eraikin eklektiko handia Donostiako Kursaal Handia izan zen; 1920ko lehiaketa baten emaitza zen hau, gaur egun Rafael Moneoren eraikin modernoak ordezkatu du.
Gero, eragin konplexu eta kontraesankorren aldi bat hasi zuen, espresionismo holandarrari zion mirespenean oinarritua batez ere, (Berlage, W. M. Dudock) ondorengo eraikuntzetan ikusiko den bezala:
- Vasco-Navarra Aseguruak (1924-26),
- Eskolapioen Ikastetxea (1926),
- Erruki Etxea (1927),
- Paultarren Eliza eta Komentuak (Milagrosa, 1928).
Heldutasun handi bat erakutsi zuen sinbolismorako joeran 1931 inguruan, osagai wrightiarretan eta kubismo aurreko espresionismoan oinarrituz, esate baterako:
- Eslaviar Kasinoa, gerora dezente hondatu dena,
- Etxebizitza-multzoa (Vianako Printzearen plaza 3 eta Fernando Arenas kalea 4).
Kontzilio-Apaizgaitegia. Sinbolismoarekiko eginahal hau ageriago azaldu zen Kontzilio-Apaizgaitegian, itzeleko lanean (1931-36), oinplano karratu gainean eta blokeak hiruhortzean garaturik, adierazpen geometriko handia eta bistan dituen osagaien arteko kontrasteak eder dituela: hormigoia, adreilua eta beirak. Material ezberdinekin egindako konposaketa-joko hau barrualdeko patioetan ere ikusten da, adreiluaren eraketak eta bistako zementuak arabiarturiko iaiotasunaren erakusgarri. Eraikinaren fatxadan txertaturiko gurutze erraldoia ez da egitarauaren sinboloa soilik, baizik eta Erlijio Katolikoaren aldeko borrokaren une (Bigarren Errepublika) baten sinboloa.
Azkenik, oraindik ere espresionismo hari leialtasuna gordeaz, eredu arrazionalistekin egin zituen saioak:
- Tafallako babes-etxea (1933)
- Erroz txaleta, (1933) desagertua,
Gerra ondorenean arrazionalista petoagoa izan zen, orain berreskuratu den obra batean:
- Eibarko Koliseo Zinema (1947).[7]
Arkitektura arrazionalista
[aldatu]Euskal Herriko arkitekturaren historia, 1925etik 1939ra bitartekoa, eskema batean bildu beharko balitz eta, Oriol Bohigas-ek egiten duen bezala, batez ere Kataluniako arkitekturan pentsatuz eta pentsamolde politikoa hartuta, bataz besteko hurbilketa bat eginez hiru aldi laburretan mugatzen saiatuko ginateke:
- lehenengoa, 1925etik 1931ra, pentsamolde abangoardistaren zenbait talde aitzindari eta minoritarioek Europarekin izandako harremanena litzateke, eta aldi berean, udal-enpresa garrantzitsuenen oinarri monumentalena;
- bigarrena, Errepublikaren lehen urteetan, arkitektura arrazionalistaren lehen lanen eraikuntza, udal-ekintza eta gizarte-helburuekin bat eginda, ezkerreko politika ofizialaren bultzadaz burutu zirenena;
- hirugarrena 1934-36 biurtekoari zegokiona −aldi honetan kolpe gerarazle bat nabari da−, Sekundino Zuazoren proiektuak zirela eta nozitu zena.
Gero gerraren sua etorri zen eta haren atzetik frankismoaren izotza, baina gertakari hauen garaiko kultura artistikoari hurrengo atala eskainiko diogu
Europako haizeak
[aldatu]Eskema akademizistatik, 1925etik 1930era bitartean, margogintzako lantegi asko ezabarazi zituen Europako haizeak, Penintsulako leihoak ireki eta estudioak zeharkatu ere egin zituen:
- Suitzako gaztelu batean, arkitekto gazteen bilera batean AGAKNK (Arkitektura Garaikidearen Arazoen Konponbiderako Nazioarteko Komitea) sortu zen, AMNBak (Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Batzarra) sustatu zituena. Suitzako Batzar horretan (1928) arkitekto espainiar batek, García Mercadal zaragozarrak, parte hartu zuen eta Frankfurten (1929) eta Bruselan (1930) izan ziren batzarretara joaten ere jarraitu zuen.
- Lehentxeago, 1928an, Madrilgo Zahara kafetegiaren diseinuan Zuazoren lankide izan zen Martin Domingez donostiarra −Kuban eta AEBetan erbesteratuta bizi izan zena bera− Le Corbusierrekin harremanetan jarri zen Parisen.
- Walter Gropiusek, Bauhausen sortzaileak, Bilbora etortzeko deia hartu zuen 1930ean, Carltonen hitzaldi bat eman zezan.
- Urte horretako irailean hain zuzen eta Gipuzkoako Ateneoak antolaturik, Donostiako Kasino Handian arkitektura eta pintura modernoaren erakusketa bat ireki zen, beste atal batean aipatutakoa. Hauek lanak nabarmendu ziren, besteak beste, arkitektura arloan Garzia Mercadalena, Txurrukaren Zezen Plazaren maketa, Jose Manuel Aizpuruaren eta Joakin Labaienen Klub Nautikoaren proiektua.
Gatepac
[aldatu]Erakusketa honek bertako partaide batzuk eraman zituen Zaragozan batzar bat sustatzera, eta bertan GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea/Arkitektura Garaikidearen Aurrerapenerako Espainiar Arkitekto eta Teknikoen Taldea) sortu zen. 1930eko irailaren 26a zen. Taldeko kide sortzaileak, Le Corbusierren ideien eta lanen miresleak, hiru taldetan banatzen ziren: Madrilgoak, Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak. Hirugarren talde honetako ordezkariak ziren Vallejo, Bizkaitik, eta J. Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien, Gipuzkoatik.
GATEPACek, A.G. (Arkitektura Garaikidea) aldizkaria sortu zuen, argitaratzen ziren eta egiten zenaren kritika egitea xedetzat harturik. "Aldizkariaren gauzarik interesgarrienak ziren GATEPACek egiten zituen lanen laburpenak edo arkitekturaren alorrean eta, batez ere, hirigintzan, eztabaidak sortuz, egiten saiatzen ziren proiektuak".[8] Bere lehen aleetan urratsez urrats jarrai daiteke mugimendu horren historia; aldizkaria sei urtez argitaratu, eta 1937an gerra zibila hasi ondoren desagertu zen. Esan daiteke GATEPACen eta bere A.G. aldizkariak egindako lana kataluniarra izan zela batez ere. Testuinguru horretan kokatzekoa da Aizpurua eta Labaienen lan labur eta bikaina.
Jose Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien
[aldatu]Jose Manuel Aizpurua (1904-1936) donostiarra, gerra zibilaren hasieran fusilatua izan zen artista zoritxarrekoa, forma berrien zalea izan zen. Joakin Labaienekin estudio bat jarri zuen Donostiako Prim kaleko 32. zenbakiko beheko solairuan, eta bertako fatxada abangoardista modura apaindu zuten. Bi arkitektoak De Stijlen mugimenduaren gertuko ildo batetik hasi ziren lanean, Espainiara behin baino gehiagotan bisitan etorri zen Teo Van Doesburgen eragina barneratu zitzaielarik.
Belaunaldi koherente bateko artista eta intelektual talde batek laster aitortu zuen Aizpuruaren kalitatea eta irudimena, eta proiektu-multzo zirikagarri bat proposatu zuten, baina gehienak proiektu hutsean gelditu ziren.
Labaienekin lankidetzan diseinatu zuen Aizpuruak Ulia mendiko jatetxearen proiektua (1927), eta bera dugu agian –Oriol Bohigasen hitzetan–, Espainian lehenengo aldiz, Le Corbusierren ildoarekin bat egitea oso-osorik lortu zuen saiakera, erreferentzia formal oso zuzenekin gainera.
Ildo horretatik Donostian garrantzi apalagoko multzo bat agertu zen:
- Paper Biltegi Orokorra (1928),
- Yacaré Taberna Elkartea (1928),
- Sacha Aretoa,
- eta jada aipatutako eta desagertutako Prim kaleko 32an zegoen bi arkitektoen Studioa.
Aldi berean, Aizpuruak etxebizitza txikien gaia lantzen du, GATEPAC-ek Katalunian egiten zituen azterketen antzeko proposamenekin, bere ikerketak honako hauetan aplikatuz:
- txalet batzuen eraikuntzan
- Donostiako Amara auzoko etxadi baterako etxebizitza-multzo baten lehiaketan (1932).
Labaienekin batera Madrilgo Arte Modernoaren Museorako proiektu bat aurkeztu zuen 1933an, eta Bigarren Saria irabazi zuen, Garcia Mercadal Lehenengo Sariaren irabazlearen ondoren.
Garai hartan ulergarria zen lotsa puntu batekin, Bartzelonako Diagonalaren proiektuaren paraleloa zen Donostian Amarako zabalgunearen proiektua diseinatu zuen 1935ean, baina, gerra ostean, irizpide erabat atzerakoi batekin burutu zen proiektu hura.
Donostiako Ospitalearen lehiaketan ere istilu ederra sortu zen 1933an, gutxieneko duintasun kulturala zuen bakarra Aizpurua, Labaien, Lagarde eta Sanchez Arcasen proiektua izan bazen ere, ez baitzuen garaile irteterik lortu.
Aizpuruaren lanen artean badira interes berezia duten zenbait ikastetxe, ez haien kalitate nabarmenagatik soilik, baita GATEPACek asko saiatuz eragin zuen tipologia aztertzeko balio handiko ekarpena izateagatik ere.
- Ibarrako Lehen Irakaskuntzako Ikastetxea (Gipuzkoa, 1930), zutoinen gainean eraikia dago, beheko solairua eskolako jolasleku izateko baliaturik.
Soiltasuna, lerroen araztasuna eta arrazionalismoa izan ziren baita ere honako diseinuetan jarraibide:
- Madril Kafetegia,
- Yacaré Elkartea,
- Dastaketa Aretoa, Donostian.
Arkitekto honen maisulana da Klub Nautikoa (1929-1930) eta eraikin honen lerro fresko eta argietako edertasuna oharkabean pasa dakieke gaur egun kaia eta Udaletxe handi arranditsuaren artetik igarotzen direnei; baina kultur maila bat duen edozein donostiarrentzat, urteengatik zaharkiturik eta bere edertasun eta berezitasunagatik hain berria den eraikin hau hiriko eraikin enblematikoa bihurtu da.
Eraikin honetan, ondoan duen garai bateko Kasinoaren –baina gaur egungo Udaletxea da bera– handitasun seriosarekin alderatuta, bada baikortasuna "argi eta airetik, tonu hitseko polikromia, poz mediterraneoa dakarkiguna, poza eta atsedena", idatzi zuen kritikari batek. Donostiako hiriburu honetan ezusteko ikusgarri bat izan behar zuen Klub Nautikoan ohiko leiho sailak utzi eta komunikazio-espazio etenik gabeak jartzeak.
Jatorriz beste eskualde batekoa den Joan Antonio Goya Nuño kritikariak ez dizkio gordean isildu goraipamenak: "Nolanahi ere, zoragarria zen eta zoragarria da aingurak botatako ontziaren traza duen hau. Ez da sinbolo bihurtzeko nahi soil bat, ez, baizik eta egitura tektoniko bati itsasontzi baten irudi dinamikoa lotzearena; oso ontzi azkarraren planta du, eta itsasertzean gainera, bi aldarteren zorioneko aurkikuntza jokoan jarriz guztiz, ainguraturiko ontziarena eta lur sendoan dagoen pabiloiarena. Ez dezagun ahantzi egiazko fintasunez jantzita azaltzen dela xehetasun bakoitza".[9]
Joakin Zarranz
[aldatu]Nafarroako GATEPACeko kide bakarra izateagatik gogoratu beharko genuke hemen Espainiako Gerra Zibilean gazterik hil zen Joakin Zarranz, berari zor zaionak baitira bere lan apurren artean,
- etxebizitza-eraikin bat (Pablo Sarasate k/ 5), lehiaketa baten irabazlea izan zena; eraikin horretan hauteman daiteke etxebizitzen eta Aurrezki Kutxaren bulegoen tipologiazko antolamenduak duten xalotasuna. Arrazionalismoaren soiltasuna egitura horizontaletan azaltzen da, balkoi, hegal, barrunbe eta angelu gogor batzuetako nabarmentzeetan, honekin guztiarekin konposizio-sen bikain eta berri bat erakutsiz.
Pedro Izpizua
[aldatu]Pedro Izpizua (1895-1976) bermeotarraren obra, zati bat bederen, arrazionalismoari atxiki behar zaio. Mas Serraren iritziz, bere jarduera pertsonala doktrina batekiko leialtasuna baino gehiago, bere izaeraren bikaintasunaren berezko erantzuna dela ulertu behar da.[10] Bartzelonako Eskolan ikasi zuen eta bertan Lluys Doménech i Montanerekin lan eginez heldu zion bere egitekoari. Gero Rikardo Bastidak Bilbora ekarri zuen, eta udal arkitekto-lanean bere ordezko izan zen Hiribilduan.
Udal arkitekto-lanean eraikin oso ezberdinak egin zituen:
- Ollerias Eskola Multzoa (1922)
- Atxuriko Eskola Multzoa, erregionalismo kutsukoa,
- Areetako Kioskoa, "hemeretzigarren mendeko tradizio modernistatik, finkapen eta diseinu berriarekin abiatu zen, arina baina zurruna eta adierazkorra den obra funtzional bat lortzeko, grabitazio legeei erronka egiteraino materialki graduatuko estalkia duela".[11]
- Erriberako Azoka (1930), "hornitegi-azoka", arrazionalismo erabilgarri eta guztiz itxuroso baten aldera emaniko urrats bat gehiago da.
- Luis Briñas Eskola Multzoa, Bolueta auzoan dago. Eraikin honek ospea eman zion (1932-33), eta Le Corbusierren oinarriak hartu zituela dirudi –beheko solairua libre, eta abar–; zoritxarrez gaur egun zementuzko bloke zatar artean harrapaturik gelditu da. Izpizuak eraikin honetan pilaketa bolumetrikoen eragin plastikoa bilatu zuen, ageriko desnibelagatik lau solairu garai hartzea erabakita, areagoturik. Oriol Bohigasek eransten duenez, arrazionalismo ortodoxoaz baino gehiago hitz egin beharko litzateke "Nottinghameko Boots lantegi famatuko Owen Williams baten estetika industrial" baten pareko izateaz.[12]
Bermeoko Batzokia. Errepublika aldiko urteetan (1933) Bermeoko Nazionalisten Biltokia, hau da, Batzokia eraiki zuen. Gaur egun EAJk berreskuratu duen eraikin hau frankismoaren urte luzeetan ahantzian egon zelako hondaturik gelditu bazen ere, eraikin erabilgarrien adibide ederretako bat dugu.
Fernando Arzadun
[aldatu]Fernando Arzadun bermeotarra arrazionalismoaren beste jarraitzaile bat dugu, eta bere eraikinen artean aipagarriak:
- Bilboko Buenos Aires kaleko etxebizitza multzoa, 1938an eraikia, gaur egun erraz ezagutzen da, zeren eta arkitektoak berezko balioa zuen entitate gisa sortu baitzuen, ingurunean plastikoki integratzeaz arduratu gabe. Bere egiturak, beheko solairuan atari txiki baten alde bietara bi lokal kokatzeko bide ematen du; horretarako, fatxadatik kanpo irteten den gorputz bat erabili zuen arkitektoak, hirugarren solairutik hasten diren bi behatokietan oinarrituta dagoena, hauen gainean bertikaltasuna indartzen duten bi haga lirain jarritakoa.
- Itsasontzi-Etxea, Kikunbera izenez ere ezaguna, Arzadunek bere gurasoentzat 1930ean eraiki zuen, eta arrazionalista nabarmena da. Lursail aldapatsu batean zutiturik, ikuspegi zoragarriak ditu badiarantz, eta sarbidea bidetik urrutiratua, etxearen eta bidearen artean loretoki zabal batekin.
Pablo Zabalo donostiarraren (Lezako Sendategia 1935) eta Joan Madariaga bilbotarraren eraikinak, erbestealdi luzea jasan zutenen taldean gogoratu beharko dira.
Errealismoa gainditzea
[aldatu]Mundu sentikorraren itxurari loturiko artearen ikusmoldetik hartutako formak hausteko saioak egin ziren gerra arteko aldi horretan. Ahalegin horiek, urte haietako Europan abangoardiakotzat jotzen ziren bi joeratan laburbil daitezke: surrealismoa eta kubismoa.
Sugestio surrealista
[aldatu]Freuden teorien ondoriozko erantzun artistikoa zen, subkontzienteak ertilariaren jarduera sortzailearengan duen eraginaren ingurukoa. Freuden arabera, gizonak dituen obsesioak – normalean sexu jatorrikoak direnak– sinboloetara bideratzeko baliabideetako bat litzateke artea, sinbolo bihurturik, estilizazio idealizatu edo "sublimazio" bati esker kalterik gabeak direlarik. Beraz, buruko gaixotasunen azpijokoetatik bere arteak babestuko du artista, eta horregatik, neurri batean, gizaki normal eta neurotiko baten erdibidean koka dezake.
Hein batean, horrela jaio zen surrealismoa, psikoanalisiaren teorietan oinarrituta. Eta iraganeko jenio handien izaera ilogikoa, irreala eta onirikoa duten lan artistiko batzuen aurrean, besteak beste, L. Lotto, Leonardo da Vinci, Greco, Goya, eta abarren aurrean, izan dira inkontziente kolektibo edo subkontziente pertsonaleko ikuspuntutik azalpenak nahiz interpretazioak, bilatzen saiatu diren historialari eta kritikariak.
Nikolas Lekuona
[aldatu]Zoritxarrean hil zen Nikolas Lekuonaren (1913-1937) lan apur baina berdingabeak gogoratu beharko lirateke, ertilari surrealista frantsesen lanak ezagun egiten hasi ziren garai horretako euskal ingurumarian. Ordizian jaio zen Lekuona eta gerra zibilaren hasieran frontean hil beharra gertatu zitzaion.
Agian, Euskal Herrian gerra aurretik sortu zen abangoardia zalerik handiena zen bera. Errepublikako urteetan Madrilen arkitekturako ikasle zela, ARTE aldizkariak (Manuel Abril eta Gómez de la Sernarekin) abangoardiako mugimendu guztiak (Alberto, Dalí, Gutiérrez Solana) sustatzen zituenean, Lekuona gaztearen margogintzak surrealismo aldera egin zuen emeki-emeki, beste esperientziekiko irekirik egonda, bai materialetan, bai tekniketan, bai formetan.
San Telmo museoko erakusketan, Euskal Herriko eredua izeneko marrazki batzuk aurkeztu zituen, 1932ko irailerako jada.
Lekuonak 2. saria lortu zuen 1933an, 5 olio-pintura eta 7 marrazkirekin.
Lagunak zituen Oteiza eta Balentziagarekin batera egin zuen Euskal Astearen barruko erakusketa, 1934an, Kursaaleko aretoetan:
- 19 argazkiz osaturiko sorta,
- fotomuntaketa bat,
- 11 olio-pintura eta
- 5 marrazkirekin.
Lekuonak berehala bereganatu zituen, argazkigintza bitarteko, sormen artistikoaren funtsezko kontzeptuak. Fotomuntaketa izan zen bere arte prestakuntzaren egituretako bat. Izaera oniriko eta surrealista zuten konbinazioak burutzeko bitartekotzat erabili zuen. Lekuonaren aldaberatasunak une hartako kritikari batzuei harridura sortu zien, baina gaur egun arrunt ematen ez den sentiberatasun baten lekukoa zen.
Nartziso Balentziaga
[aldatu]Lekuonaren adiskidea, berau bezala zoritxarrean hil zen, 30 urte baino ez zituela hil baitzen, Nartziso Balentziaga (1905-1935). Arroan jaioa, Artista Berrietan saritua izan zen. Oteizarekin batera Hispanoamerikan atzerriraturik, Argentinan, Txilen eta Mexikon egin zituen erakusketak.
Euskal margolanak egiten saiatu zen, baina betiere, folklorikoa eta etnografikoa zenarekiko hoztasuna nabarmen azalduz. Bere lanek, norabiderik gabe uzten dute ikusle arrunta, hainbat gai eta estilotatik zein azkar eta erregularki aldatzen den ikusita:
- xalotasun naïf itxuran margoturiko hiri-paisaiak,
- espresionismoaren nahiz surrealismoaren itxuragabetze garratzak.
Jose Sarriegi
[aldatu]Talde honetan kokatu beharko litzateke Jose Sarriegi (1911-1967) ordiziarra ere, ia ahaztua den margolari hau lehen aipaturikoen laguna izan zen, gerra zibilaren aurreko erakusketetan parte hartu zuen eta orduan pintura espresionista eta surrealistan sarraldiak egin zituen.
Joan Cabanas Erauskin
[aldatu]Eta ez dugu ahantzi behar Joan Cabanas Erauskin (1907-1979) apetatsuari, 1926tik 1928ra arte Parisen egon ondoren, sumatu zituen apeten artean, ez zitzaizkiola falta izan ez surrealismorik, ez kubismorik.
Margogintzako neokubismoa
[aldatu]Fauvismoaren gehiegikeria kromatiko eta sentsibilitatearen aurreko erreakzio bezala, 1907-1910 urteetan kubismoa izeneko korrontea sortu zen Picassoren batutapean. Gutxi-asko zuzen-zuzenean Cezannerengan inspiratu zen bere eraikuntza asmoetan, eta bere gauza errealekiko zentzuan, gorputz geometriko platonikoetara murriztu daitekeen egitura modura. Ikuspegi berri honi mesedegarri gertatu zitzaizkion Afrika erdialdeko herrialdeetatik ekarritako maskarak, Parisko inguruan urte haietan modan jarri zirenak.
Kubismoa Kahnweiler Galeriako Erakusketan bataiatu zen 1908an. Mugimendu berri honen abangoardia osatu zuten ertilari gazteetako batzuk izan ziren Picasso, Braque, Villon, Léger, André Lhôte, Juan Gris, María Blanchard, Gleizes, Metzinger eta Survage.
Kubismoaren hastapenetan, inpresionismoaren eta fauvismoaren ikusgarritasun haren su biziaren aurka, Kubismoa "pentsamenduaren itzulera" zen. Ikusten zutenak baino gehiago, objektuaz "zekitena" margotzeak erakartzen zituen abangoardia horretako ertilariak; bata bestearen ondorengo diren ikuskariak aldi berean egiten zituzten, eta forma naturalak desegingo zituzten forma eta egitura berrietan eraikiz. Egitura horiek, planorik funtsezkoenak mugatuta gelditu ziren.
Ondorengo aldietan, kubismoan, bolumenak lautu eta desagertu egin ziren, eguratsa ezabatu egin zen; espazio erreala kendu egiten zen, bolumen batzuk besteetan gainjarriz, inguruko edozein oroitzapen deuseztatuz. Fauveek gehiegizko egin zituzten kolore naturalen ez oso lagun, nahiago zituzten kolore neutroak: grisak, okreak, berdeak zein beltzak.
Azken aldi batean, "kristalezko kubismoa", kromatikoki aberastu zen berriro ere paleta, eta jatorrizko kubismoa klasizismorako itzulera antzeko batean desagertu zen.
Esan daiteke kubismo ortodoxoa, Picassok, Braquek eta aipaturiko margolari frantsesek egin zutena, ez zela Euskal Herrian sartu. Bere eragina lurralde honetara iritsi zenean, ordurako "kubismo gizatiar" baten itxura otzana zuen, zenbait egilek esan zutenez.
Aurelio Arteta. Kubista
[aldatu]Euskal Herriko margogintzak kubismotik jaso duen gauza positibo eta iraunkorrena, orrialde hauetara ekarri beharreko deritzogun Aurelio Artetak egindako lana izan da; zeren eta norabide hori hartu baitzuen Euskal Herriko ertilariak, Primo de Riveraren Diktadura eta Errepublikako urte haietan. Artetarengan antzematen da besteengan baino nabarmenago Picassotik baino Cezannetik gertuago dagoen postkubismoa. Eta joera hau formetako garbizaletasuna esan izan zaion horretan kokatu beharko genuke, batez ere.
- Itsasoan galduak. Arteta 1932ko Arte Ederretako Erakusketan aurkeztu zuen Itsasoan galduak koadroa eta Lehenengo Domina irabazi zuen. Gerrako jazoera batek iradoki zion koadro horretan, euskal margolariaren estiloak egituretan sinpletasun alderako aldaketa nabaria egin zuen; koadro horren zirriborrotzat har daitezkeen zenbait bertsio eta oihal ere gorde dira. Margoak batu egingo dira, irudietan modelatua nabarmendu eta postkubista izenda dezakegun eran geometriko bihurturik.
- Bainulariak. Artetak 1930 eta 1935 bitartean, hain Cezannena den Bainularien gai honi buruz egindako koadroek ezaugarri bertsuak dituzte. Artetak gai hau oso espiritu mediterraneoa eta klasiko batez sumatu zuen. Historialari eta kritikari batzuk arrazoi dute neoklasizismo bati buruz hitz egiten dutenean.
Bolumenetan biribiltasuna eta koloreetan sinpletasuna azaltzen da berriro beste obra hauetan:
- Agurra,
- Soinujolea,
- Laiariak (Bilboko Arte Ederren Museoa),
- Arrantzaleak (Bilboko Arte Ederren Museoa).
Edorta Kortadik aipamen hau egiten du, margolariaren lan plastiko biribilaren aurrean, euskal nekazari-munduko irudi maitetsuak garrantzia galtzen duela ikusiz: "Nabardura okre, berde, urdin eta zurietan gutxitua gelditzen da kolorea, Arteta, nolabait ere, forma bolumetrikoen ikerketan murgiltzen da, funtsezko plano eta bolumenetan mugatutakoetan".[13]
Berriro ere itzuli beharko dugu Artetarengana errealismo sozial eta politikoaz hitz egiterakoan, bizirauteko erretratu batzuk margotzen aritu zela Mexikon, eta errepidean istripu batean hil zela gogoratzera iristen garenean.
Nikolas Martinez Ortiz
[aldatu]Nikolas Martinez Ortiz (1907-) bilbotarra neokubismoaren jarraitzaile sutsua izan zen eta ekimen handikoa garai honetako mota guztietako jardun "hautatuetan": horma-irudia, ilustrazioa, publizitatea, eszenografia eta abar. Gerra zibilaren ondoren horma-pinturak egin zituen Bilboko hainbat eraikinetan:
- Labe Garaietan,
- Carlton Hotelean,
- La Polar Aseguru-etxean eta abar.
Bere lanak "itzaleztatze industriala" deritzon itzal bereizgarriz margotu zituelako identifikatzen da Nikolas. Forma berrien eta teknika ugarien bilaketa etsigaitz hartan jardun zuen margolaririk jatorrena dugu Martinez Ortiz.
Jenaro Urrutia
[aldatu]Belaunaldi bereko eta halakoxe neokubista apetatsu batez ukitutako beste margolari bat dugu Jenaro Urrutia, Plentziako bizkaitarra (1893-1965), Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolan hasi ondoren, Paris eta Erromara bidaiatzeko Foru Aldundiak lau urtez diruz lagundu zuena. Euskal Herriko Artisten Elkarteko lehendakari izan zen (1926-1929).
Elizetako horma-pintura lanetan nabarmendu zen:
- Barakaldoko San Josen,
- Lutxanako Artzain Onan,
- Bilboko Santa Marinan.
Erretratugile, paisajista eta bodegoi eta ohitura eszenen egile ezaguna izan zen.
Biluziaren margolanak landu zituen eta hortxe azaldu zen, agian, argi eta garbien postkubista margogintza, kromatismoak ukatu gabe, bolumenak azpimarratu eta sinpletzen dituen ulertzeko modu horretan. Beharbada izan zuen postkubismo horretan Arteta bere garaikidearen eraginik.
Hain marrazkigile ona izanik, italiar kutsuko margogintza zuen gustukoa, egurats ingurua guztiz ahaztuta, irudien profilak indartu, eta margogintza klasikoaren eta Gauguinenarekin konbinaketa moduko bat eginez.
Ezohiko bat. Antonio Gezala
[aldatu]Hemen aipaturiko neokubista taldean kokatu ezin daitekeena, baina, bere adinez belaunaldi berekoa dena eta izaera ohiz kanpokoagatik beste inongo talde garaikideen janzkera egoki ez duen ertilaria da Antonio Gezala (1889-1956) bilbotarra.
Bilboko Arte Ederren Museoak 1991n eskaini zion erakusketa arte bere lurraldean ia ezezaguna izan zen Gezala. Euskal Herriko Artisten Elkarteko (EAE) sortzaileetako bat, herrian egiten ziren bileren, eztabaiden eta kultur erakusketen partaide eta eragile etengabekoa. Izaeraz, aldaberatasun aseezinezkoa zen. Teknika oro eta genero oro gustatzen zitzaizkion.
Diseinua izan zen bere artearen alderdi bitxien eta iraunkorrena. Marrazkia, karikatura, ex-libris-en diseinua, heraldika, filatelia, olio-pinturaren margogintza, altzarien artisautza eta abar landu zituen.
Bildumagile izatera eraman zuen arte zaharrari zion maitasuna ez zen eragozpen izan joera abangoardistenetara irekitzeko, nahiz eta bere inguruan ez zen inor ausartzen hauek lantzera. Gezalaren pintura kantitatez urria bazen ere, bere ausardiagatik, jakin-min agortezinarengatik eta nahi zuena egiteko zuen gose tolesgabeagatik ezin utz dezakegu ahanzturan; izan ere, artean kontserbadore samarra zen gizarte batean dohain hauek eraman zuten Bizkaian ondorengo belaunaldietan baino azaleratu ez ziren mugimenduen aitzindari izatera.
Ugari dira bere margolanetan modernismo sinbolistak, baina berari zor zaizkionak dira Bilboko Museoko hainbat koadro, futurista izenez baino adierazten ez direnak:
- Automobil gorria (1922),
- Tranbien arteko talka,
- Ate birakaria (1924).
Gezalak 1936an talde-lan honetan parte hartu zuen, Tellaetxe, Martinez Ortiz, Arruetarrak, Jenaro Urrutia, Arteta, Larroque eta Landetarekin batera:
- Milizianoaren Umezurztegiko horma-irudietan, margolan hauek gerora deseginak izan baziren ere.
ERESOINKA taldearekin Frantziara ihes egin zuen 1937an, baina Bilbora itzuli ahal izan zen 1941n. Aldi baterako begietako argia galdu izanak margogintza uztera eraman zuen.
Vázquez Díaz
[aldatu]Neokubismoa Gipuzkoara, Vázquez Díaz margolariak ekarria izan zen. Andaluziako Nervan jaioa zen ertilari honek Hondarribian ematen zuen uda, eta bere margolanak Euskal Herrian ezagunak eta miretsiak izan ziren, eta Euskal Herriko Artisten Elkarteak bere lan batzuk erosi zituen Bilboko Arte Museoaren eskutik antolatzen ziren erakusketen bitartez.
Euskal margolariengan, gipuzkoar nahiz bizkaitar izan, Vázquez Díazen eragina oso agerikoa da. Gipuzkoan bereziki, 20 eta 30eko hamarkadetan islatu zen, Ertilari Berrien erakusketetan ezagutzera eman ziren ertilari-talde gazte batengan.
Gaspar Montes Iturrioz
[aldatu]Gaspar Montes Iturrioz (1901-1998) Madrilera bidali zuen bere lehen irakasleak López Mezquita eta Sotomayorekin ikastera. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako Ertilari Berrien Lehiaketan sariak irabazten bera izan zen lehenengoa, 1921 eta 1922an. Aranjuezen egindako egonaldi batek Gaztelako museo nagusiak bisitatzeko aukera eman zion. Paris, Belgika eta Italiatik igaro ondoren Irunera itzuli, eta bertan irakasle lanetan hasi zen, irudi nagusitzat hartzen delarik Bidasoako Eskola deritzonaren barruan. Montes Iturrioz, Vázquez Díaz-en Gipuzkoako lehen ikasleetako bat dugu.
Montes Iturriozen paisaietan funtsezko eta ia etengabeko atxikimendu bat dago inpresionismoarekin:
- Olaberria, (1920),
- Bilera,
- Hortentsiak,
- Aranjuezko lorategia.
Cezannen ukituak dituen bolumen-egituraketa gainditu nahi izaten du inpresionista kutsu hori. Konposaketa argi eta soil baten gainean, kromatismo alaiez gantzuturiko geometrikotasun neurritsu horrek xarma poetiko berezi bat ematen die bere paisaiei. Ederki kanporatzen da hori, esate baterako, bere olio-pinturetan:
- Irungo inguruneak, (1934).
Etengabekoa izan zen paisaiarekiko bere ikuspegi adeitsuaren leialtasuna, inpresionista eta sasi-kubista arteko hori, eta oso bakanetan baino ez zen eten, ukitu espresionista batzuen bidez, bere bertsio honetan adibidez:
- Lizarrako sailak.
Bere bizitza luzean zehar izan zuen betarik Montes Iturriozek erretratua ere lantzeko, eta arkatzez eta sanginaz eginiko horietan multzo handia utzi digu.
Jesus Olasagasti
[aldatu]Montes Iturrioz baino geldiezinagoa izan zen Jesus Olasgasti donostiarra (1907-1955), eta erretratuari paisaiari ez bezalako lehentasuna eman ziolako, beronen ondoan oso bestelakoa dugu. Gizartean erdi mailako diruduna zen, eta heziketa arduratsu bat hartua zuen. Martiarenaren lantegian ikasi zuen bere lanbidea, eta Madrila bideratu zuen, Vázquez Díazen eskutik ikasgaiak jasotzera. Cabanas eta Flores Kaperotxipirekin 1926an Italiara bidaiatu zuen. Urte horretan, Ertilari Berrien Lehiaketan garaile izan zen.
Abangoardiako zenbait esperientzia izan ondoren, Cezannen margolanen alderako joera azaldu zuen. Argi asko ikusten diren eta ederki bereizitako planoak zituzten erretratuek eman zioten berari ospea eta kubismo gizatiarra izena; baina badirudi beti gustatu izan zitzaiola esperimentazioa.
Bilbon, 1928ko martxoan olio-pinturen bilduma bat erakutsi zuenean, hauxe esan zen berari buruz: "oihalki alaietan saltoka ibiltzen da, aske eta zalu, berrikuntzetatik berrikuntzetara; futurismoa, kubismoa, espresionismoa, ez dio axolarik, kopa guztietatik edaten du eta gehiegi erabilitako kopetatik edateko arriskua dauka".[14]
Iberiako Artisten erakusketan (1931), abentura surrealistatik gertu ere badago honako honetan:
- Damatxo berdean.
Eusko Pizkundean egin zuen erakusketa 1933an:
- Yo-yoa duen neskatila. Hemen, Eugenio d'Orsek irdoki zion Quattrocento-ko klasizismo alderako halako erakarpen bat adierazten du.
Badira Olasagastirengan Benjamin Palenciaren oihartzunak ere.
Roberto Rodet
[aldatu]Cezannen lanen iturriko joera bat sumatzen da Roberto Rodet-engan ere (1906-1989), lauak eta bereiziak diren gune goxo kromatikoen bitartez gauza eta irudien modelatua bilatuz.
Jose Migel Zumalabe
[aldatu]Belaunaldi berean eta joera funtsezko berean koka daiteke Jose Migel Zumalabe donostiarra (1906-1992), bere grisen, berdeen eta zilar-koloreen bitartez inpresionismoaren kromatismo biziak saihesten eta ikusten zuenari, urrunekoak baziren ere, egitura sendoa ematen ahalegintzen zen paisaien margolaria.
Santiago Uranga
[aldatu]Gertuagoko urteetan, gerra zibilaren ondoren, aurki daitezke oraindik ere neokubismoko apunteak euskal margolariengan, Balmasedako Santiago Urangarengan (1913-) adibidez; hein batean margolari autodidakta eta berantiar xamarra bazen ere, marrazkigintza eta margogintza ikasi zituen Bartzelonan (1942-45). Han bertan, eta gero Madrilen (Biosca Galerian) sarri erakusten zituen lanak kritikarien aldetik arrakasta lortzen zuten.
Bere lanik goraipatuenak paisaiak dira:
- Segoviako paisaia,
- Toledo,
- Avila,
- Sepúlveda,
- Lerma eta abar.
Baina kubismoaren zantzua, batez ere Artetaren neokubismoaren modu neurritsu eta gizatiarrean, giza irudiko koadroetan aurkitzen da:
- Arrantzalea,
- Oteizaren erretratua eta abar.
Errealismo soziala
[aldatu]Jakina den bezala, Marx eta Engelsek 1848an egindako Manifestu ezagunean "Mundu guztiko proletarioak, batu zaitezte" deiari erantzunez, Europako estatu guztietan langile Sindikatuak hasi ziren sortzen. Garrantzi handiko gertakizun historiko hau, asaldaketa eta iraultza politiko kontaezinen sustraian dago; baina baita gizabanakoen eta gizarteen sentiberatasun etikoan eman zen erabateko aldaketaren sustraian ere; hori dela eta, gertakari hori artean islatzen zen.
Esan dugun bezala, arte plastikoak, bere muinean eta bere historian, formen sorkuntzako subjektu moduan hartu behar dira, ez poesia, musika, literatura eta abar baino gutxiago balira bezala; forma adierazgarriak. Arte historialariak ezin du alde batera utzi beti berarekin dakarren giza edukia, eta ondorioz, arazo sozialengatik sentiberatasuna suspertzen den aldietan, artea gertakari honen isla gertatzen da askotan.
Saiogile eta kritikari batzuk XX. mendearen hasieran "euskal pinturaren eskola" batez hitz egiten hasi zirenean, etnian eta euskal ohitura gaietan inspiraturiko pinturaz ari ziren. Handik gutxira, gai sozialak agertu ziren, etnografiaren islatzat uler zitezkeen lan mundutik hartutako irudiak, gizarteko protestaz busti ziren.
Baziren hamarkada batzuk gai hauek Europa erdialdeko artean agertzen ari zirela; gogora ditzagun Daumierren behartsuak eta emigranteak, Milleten baserritarrak, Courbeten gizaki herrikoiak. Antzeko irudiak eskaintzen zituzten Ingalaterra eta Belgikako ertilariek.
Bien bitartean, Euskal Herrian, Migel Unamuno, garai hartan ideal sozialista batek hartua, egunkarietako artikuluetan zalapartan aritzen zen Adolfo Guiard eta beste abangoardiako ertilari batzuen kontra, hauek nahiago baitzuten arteak korronte formalistak jarraitzea, artea delako idealaren menpe.[15] Unamunoren irudimenak ez zuen Guiardekin eta orduan euskal abangoardia izan zitezkeen beste ertilariekin zuen adiskidetasuna apurtu; baina eragina izan zuen laster herriko margolari eta eskulturagileen ildoetan sartu zen korronte sozialista hartan.
Jakina da Paristik igarotzen ziren Euskal Herriko ertilariek jaso beharko zutela aipatutako ertilari frantsesen talka, sozialismoaren sortzaileen garaikideak izanik, XIX. mendearen erdialdetik aurrera beraien oihaletara lan-mundua eraman zuten haiena. Baserri, itsaso edo lantegietako proletarioa zen orain artelanetako pertsonaia. Ulergarria da Puvis de Chabannesen Arrantzale txiro eta isilak Arteta zintzo eta eskuzabala axolarik gabe ezin utzi izana.
Bestalde, badakigu Quintin Torre Parisera joan eta 1902an Artetarekin bizi izan zenean, jada ezagunak zituela Constantin Meunierren eskultura-lanak, hain justu Regoyos-ekin euskal lurretan barrena egindako bidaia baten ondorioz margolari izatetik eskulturagile izatera pasa zenekoak.
Antzinako bizitza idiliko baten sinbolo gisa, orokortu egin zen baserritarrari eta nekazariari ematen zitzaion noble tratua, halaber, siderurgiako langileari, meatzariari eta itsasoko arrantzan arriskatu behar duenari ematen zaiona.
Errealismo sozialeko eskultura
[aldatu]Eskulturaren alorrean Higinio Basterra da langilearen munduari heltzen dion Euskal Herriko artista lehenengotakoa, honako lan honekin:
- Palankaria, 1912koa.
K. Salazar eskulturagileak Areetako kaian jarritako Monumentua Ebaristo Txurruka industria gizonari lanean (1913an) ez zuen bere basamentuan langile saiatuaren irudia landu gabe utzi. Portugaleten dagoen Bittor Txabarriri eskainitako lehenagoko monumentu batean Migel Blayk egin zuen bezala.
Urte haietakoak dira, halaber, Quintin Torreren:
- Lemazain edo Gabarraria (1913),
- Zamaketaria (1917), eta
- Itsasmutila, zurezkoa (1924).[16]
Nahiz eta sozialki ahul eta behartsu zirenen mundura egindako gerturatze amultsu baten kutsua izan, irudi hauek ez zuten nahasmendua eta gizarte borrokaren espiritua islatzen.
Jatorri artistikoari dagokionez, idazle batzuen arabera, pintura arloan behintzat, norabide sozial horretan eraginik erabakigarriena bertakoengandik sortua zen; euskal pentsamendu sozialistatik sortua. Llano Gorostizaren iritziz, Meabe izan zen, laikotasun lirikoaren igarle, baskongadoetako margogintzara Aurelio Artetaren kezkekin hain egoki batu zen gizarte giroko errealismo sutsua ekarri zuena.
Baina, gizarte gaietako euskal pinturari zein eskulturari, gai horien ezaugarri dirudien eta, adibidez, Alemanian sarritan ikusi ohi den espresionismoaren ukitua falta zaie, mexikar horma-pinturak ez aipatzearren.
Aurelio Arteta, gizarteko margolari
[aldatu]Dudarik gabe, Rikardo Bastida arkitektoak Madrilgo Bilboko Bankuaren eraikin berria apaintzeko Quintin Torre eskulturagilearen eta Aurelio Arteta margolariaren talentuetara jo zuenean, bazekien zerbait artista biek lan-gaiekiko sentitzen zuten erakarpen moralari buruz.
Eraikina bukatu aurretik, 20ko hamarkadan Artetak jada hiriko eta meatzetako paisaiak margotuak zituen:
- Hiriko paisaia,
- Etxeak,
- Meatzean.
Bilboko Bankuko hamabi horma-pinturak asmatu eta lantzeko entrenamendutzat baliatu zituen obrak ziren, eta berak maite zuenaren munduan murgiltzeko aukera emango zion lana izan zen hau. "Erakarri egiten nau –zioen– margotzeko aldamio batera langile bat banintz bezala igotzeak. Langilearen lansaioaren arte horren lan-motak nire zereginari ezarriko diona, nahikoa dela deritzot artea zintzotasunez janzteko".
Gero, Bilbora itzulirik, ildo berean koadro bikain eta esanguratsuak margotu zituen:
- Langile auzunea margolanak (c. 1922), proletario-munduko hainbat irudi azaleratzen diren giro lanbrotsu eta kutsatuaren inguruko ikuspegi bat ematen du;
- Lantegi bateko irteera lanean, akiturik eta nahigabeak jotako gizonak indar gehiago hartzen du;
- Burceñako zubia (c. 1926), Cadagua ibaira makurtuta bizkarrez dagoen pertsonaia bakar bat ageri da, zubiaren habe zeihar eta indartsuek estuki atzituriko eraikin zikin batzuen inguruko bertikaltasunaz harrapatua. Zerurik ere nekez ikusi daiteke geometria egitura zorrotzen multzo trinko horretan. Forma eta edukiaren arteko sintesitzat hartzen den maisulana da.
Kaietako, meatzeetako, trenbideetako lan bizitzaren zenbait alderdi garatzen diren beste koadro batzuk aipatu gabe utzita amaituko dugu Artetaren gizarte dimentsioko pintura; bere azken margolanak gogoratuko ditugu, gizartekoari politikoa gehitzen zaion pinturak: segituan deskribatuko ditugun oihalak, senide-hiltzaile izan zen gerrak eta etorkizun erabat ezezagun baten ikuspegi larriak iradokiak izan ziren.
Eskulturagile errealistak
[aldatu]XX. mendeko hirugarren eta laugarren hamarkadan, Euskal Herriko arkitektoen harridurak bistaratzen ziren aldiak, zalantza aldiak ere baziren, Euskal Herriko eskulturagileak jarraipenaren edo berrikuntzaren artean ezbaian zebiltzala ikusteko.
Zabalguneen handitzeak jarraitzen zuen hirietan, industriaren eta bankuen garapena handituz zihoan probintzietan eta estilo eklektiko zein monumentalean altxatzen ziren eraikin berrien apainketak eskulturagileen lana eskatzen zuen. Iragan berriak ziren aldietan, eraikuntza ofizialak alegiazko eskulturez apaintzen zireneko haietan bezala, oraingoan ernatzen ari zen arrazionalismoak azalera lauak, bolumen geometriko soilak eta espazioen funtzionaltasuna orokortu aurretik, ertilari plastiko ziren monumentuen apaintzaileek beren lana ziurtaturik zuten.
Hain zuzen ere, belaunaldi honek aipatzen ari garen aldi horretan lortu zuen heldutasun artistikoa, Primo de Riveraren diktaduratik Franko Jeneralaren diktadurara iristen zen horretan.
Higinio Basterra
[aldatu]Higinio Basterra (1876-1957). Bilbon jaio eta bere aita Serafinen lantegian eta Arte eta Ofizioen Eskolan –gerora Eskulturako katedra irabaziko zuen hartan– hezia izan zen honek Rodinen zenbait arrasto ekarri zuen Paristik.
Basterrak eginak dira:
- Madrilen dagoen Bilboko Bankuaren alboetan kokaturiko bi koadrigak,
- San Inazio zalduna, lehenik Loiolako Santutegiko arkupean eta gaur egun bertako patio batean ipinia, lantza eta armadurarekin ageri da, "jainkozko zaldun" baten alegoria gisa,
- Gernikako Palankaria, lehenago aipatua,
- Erlijio-irudi batzuk eta prozesioetako urrats zenbait, non Basterrak nahiago izan zuen mintzaira nahikoa hotz eta akademikoa erabiltzea.
Moises Huerta
[aldatu]Valladolideko probintzian Muriel de Zapardielen jaioa izan arren, Moises Huerta (1881-1962) Bilbokoa zela esan behar da, zeren eta haurtzarotik bizi eta lan egin baitzuen Bilbon, Hiriko Arte eta Ofizioen Eskolan hezi zen, bere ikasketak Madrilen bukatzea lortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko pentsio bati esker eta Bilbon ezkondu zen.
Parisko bidea hartu zuen. Erromara joan, eta Europako herrialdeak bisitatzeko aukera eman zion pentsio irabazi zuen lehiaketa batean (1909-1914). Erromako egonaldi luze horretan biluztasunaren ikerketa bat bidali zuen Madrilera, eta honekin Lehen Domina lortu zuen 1912ko Arte Ederren Erakusketan:
- Leucateko jauzia.
- Máximo Gómez jeneralari egindako monumentuaren proiektua. Bere lan-bizitzaren lehen aldi horretan erretratu eskultorikoak landu zituen, eta Máximo Gómez Jeneralari egindako monumentuaren proiektua aurkezteko Kubarako bidea hartu zuen, itxura handiko proiektua zen berau, handitasun epikoa, harmonia plastikoa eta originaltasun espresionista batzen baitzituen, dudarik gabe bere karrerako handizaleenekoa, eta gauzatu izan balitz, egilearen bizitza eta arte-jarduera funtsean baldintzatuko zukeena.[17] Berebiziko proiektu hori burutu gabe gelditu zen.
- Nicolas Riveroren Mausoleoa. Habanan eskatu zioten eta bertan burutu. Inspirazio errenazentista duen obra monumentala da, irudi asko dituena, hauetariko batzuk alegorikoak. Urte batzuk pasa zituen Bilbon hauek egiten (1920-25) eta bera arduratu zen, halaber, Habanara eraman eta Colónen Hilerrian kokatzeaz.
- Maineko biktimei egindako monumentua. Habanako egonaldi hartan egin zuen lan hura ere, beste oroigarrizko multzo eta pertsonaia garaikideen bustoekin batera. Besteak beste, modelatu batzuk nabarmentzen dira, gerora hainbat kalitate eta koloretako marmoletan landuak izateko eginak.
Akademizismorik gabekoak ez diren beste busto edo erretratu batzuk ere modelatu zituen, gainera, guztien artean beharbada industria-gizon ezagunak nabarmentzen direlarik:
- Ramón Sota.
- Merkurio. Jaurerriko hiriburuan Pedro Gimonek Bilbo-Bizkaia Kutxarentzat (antzinako Komertzio Bankuarentzat) egindako eraikuntzaren atikoa koroatzen duen brontzezko Merkurioa Huertari esker egina da; Joan Boloniaren lan ospetsuaren kopia delako arreta berezirik merezi ez badu ere, bilbotarrentzat duen esanahi enblematikoagatik aipatu beharreko eskultura da.
- Koadriga (Lau zaldikoa). Aldi horretan Huertak Bilboko Bankuaren eraikina –esan dugun bezala, Higinio Basterrak eskuratua bera– koroatu zuen Koadrigaren lehiaketan parte hartu zuen, eta baita Jesusen Bihotzaren monumentuaren lehiaketan ere. Arkitekto eta eskulturagilez osatutako bikoteen 55 jatorrizko maketa aurkeztu ziren. Moises Huerta eta Manuel Galíndez arkitektoak osaturiko bikotea azkenerako hautatu ziren lauen artean zegoen; baina monumentu handia Pedro Muguruza eta Lorezo Coullaut-Valera bikoteari eman zitzaion.
Lehiaketan eskuratu ospeak eskultura-oroigarrien eta erretratuen eskaerak ekarri zizkien; horietan joera batzuk ikusten dira, besteak beste, anatomiaren sinplifikazioa eta erretratatuaren arimaren bilaketa, esate baterako:
- Pablo Iglesiasen burua.
Fenix-aren batzea Aseguru Konpainiarentzat egindako Oparotasunaren multzoa barrokoagoa da, nahiz eta egia den gaiak, forma irekien estilo alderako gonbitea egiten zuela.
Hogeita hamarreko hamarkadan –Errepublika urteak– bustoak eta erretratuak egiten jarraitzeaz gainera, eskulturagilea erlijiozko euskal gaietara gerturatu zen. Ageriago ikusten da Rodinen lengoaia sintetiko eta kementsuaren eragina ere, bere obretan:
- Eskaiolan egindako Pentsalariak, apur bat eskulturagile frantsesak egina gogoratzen du eta Migel Anjelen Moisesen kutsu urruneko bat ere badu.
- Autorretratua (c. 1932), berriro ere oso argi eta garbi agertzen dira Huertarengan bizitasun adierazpena eta "mugimenduen ahalmena", Rodinek bere elkarrizketa batean aipatzen dituenak: azaleko prestaketa guztiak kendurik dituen irudi bat da, bi hankak lurrean ongi itsatsirik, eta laneko imintzioa eta dinamismoa oso era berezikoa.
- Palankaria (1934) eskultura ezaguna da. Bururik, besorik eta hankarik ez izan arren, baina den guztian energia eta mugimendua erakusten duen busto batez, bizitasun-ahalmen hori bera adierazpen gorenera eramaten du.
Aldi horretan Huertak lan asko egin zuen erlijioa gaitzat hartuta, gaur egun eliza eta jabego pribatuetan banaturik daudenak:
- Gurutziltzatzeak,
- Errukia,
- San Bizente martiria,
- Asisko San Frantzisko eta abar.
Egun kontenplatuak izanagatik, beren garaiko giroan irudikatuak izan ziren irudi hauek harritu baino ez gaituzte egiten, beren bitxitasunagatik eta gero eta nabarmenagoa den espresionismoarengatik.
Gerra zibilaren ondoren Moises Huerta Madrilen kokatu zen, San Fernando Arte Ederretako Eskolan klaseak eman eta omenaldiak jasotzen; eta maketa hutsean geldituko diren proiektuez gain, formatu txikiko pieza batzuk eta pertsonaia politikoen zenbait erretratu ere landu zituen.
- Gasteizko Frai Frantzisko, Gasteizko erakunde ofizialen eskaeraren unean, Arabako hiriburuaren izen bereko ibiltokian kokatua.
Fruktuoso Orduna
[aldatu]Harritzekoa ere bada, Fruktuoso Orduna (1893-1973) eskulturagileari Euskal Herriko arte historialari berriek halako garrantzi gutxi ematea, normalean ezagutzen dena eta ustez berea dena baino askoz ekoizpen gehiago zor baitzaio.[18]
Erronkarin jaio (Nafarroa), eta 21 urte zituela Nafarroako Foru Aldundiko diru-laguntza jaso zuen Madrila joateko; han, Mariano Benlliureren lantegian hasi zen lanean, Arte eta Ofizioen Eskolan ikasten zuen aldi berean. Hasiera batean Benlliurerengandik gehiegizko modelatu baten oinordekotza jaso zuen.
Bere Aitaren Burua. Erretratu batzuk modelatzen hasi zen, eta hauetako batekin, brontzean egindako aitaren burua lanarekin, Madrilgo Erakusketa Nazionaleko Hirugarren Domina irabazi zuen 1920ko ekainean. Sari honekin Erromara joateko bere pentsioa handitze lortu zuen.
Erromatik Madrilera bidali zituen bere obrak:
- Erronkariarra,
- Post Nubila Phoebus multzoarekin Lehen Domina (1922) jaso zuen 29 urte zituela. Konposizio-sen handi batez egokitutako bi irudiz osatzen den multzoa da; emakume eseri baten biluzi eder eta sentsual bat, eta gizonezko biluzi irmo eta tente bat, jarreraz oso trebe eta kalitate aberatseko modelatua, Migel Anjel eta Rodinen oroitzapenak pizten dituen multzo oso adierazgarri bat osatuz.
Lortutako arrakastaren ondorioz, behin baino gehiagotan izendatu zuten erakusketa eta lehiaketetan, museo-patronatuetako eta elkarte artistikoen zuzendaritzako Epaimahaikide. Ospea zela eta, enkargu ugari egin zizkioten, Ordunak akademizismoa gainditzeko inolako ahaleginik egin gabe duintasunez bete zituenak. Aipatzekoak dira:
- Nafarroako Pedro, Erronkariko Haranean,
- Santxo Indartsua Nafarroako Foru Aldundiaren fatxadarako,
- bere aitaren Erretratua,
- Atletak, Ramiro Maeztu Institutuko patiorako eskatu zizkioten sei eskulturak,
- Monumentua Lizarrako Diegori bere jaiotzaren IV. Mendeurrenean (1924).
Ordunak, hainbat kalitate artistikoren emaitzak ziren erliebe eta eskultura-oroigarri ugari egin zituen, eta baita prozesioetarako erlijiozkoak ere. Gogora ditzagun, besteak beste:
- Kristo Gurutziltzatuaren estatuak (hila edo hilzorian), eskatuta egin zituenak (marmol zurian edo apur bat polikromaturikoan), irudigintza klasiko eta errealistaren ildoari jarraituz beti, gorputzaren egitura anatomikoa gero eta gehiago sintetizatuz eta, kontrastean, aurpegiaren adierazkortasuna ardura osoz nabarmenduz.
Orduna ez zen inoiz artista handinahia izan; baina ederki menperatu zuen bere lanbidea, eta ezohiko kalitatea iritsi zuen emakume gorputz biluziaren irudikapenean, zeinari forma biribilak ematen jakin izan zuen, modelatu oso garbi eta aratzekoa izanez, esate baterako izenburu hau duen lanarekin:
- Araztasuna, esanahi osoa eman behar zaion lana.
Egia da maisutasunik ez zuela lortu. Beharbada, bere sentikortasunarekin ondo uztartzen ez ziren gaiak eskatzen zizkien enkargu ofizialekin konprometiturik, erdipurdiko maila batean mantendu zen.
- Franco jeneralaren zaldi gaineko estatua Hezkuntza Nazionaleko Sailak eskatu zion ertilariari eta bere eskultura politikorik bikainena izan zen; bertan, pertsonaia gorputz tente eta zurrun batez zaldi gainean ageri da, legioko uniformearekin jantzirik, txapela eskuan, gerria gerriko estu batekin eta Fernando Donearen ohorezko gurutzeaz apaindurik. "Eskulturagilea –dio Ciricik– ez zen ausartu gogortasuna, zorroztasuna, indarra eta maiestatea beste ezaugarririk jartzen. Ez zuen, Avalosenak bezala, apaingarri edo adierazkor izango zen forma bereizgarririk ere egin, ziur asko moderno izendapena aurpegiratuko ziotenaren beldurrez".[19]
Obra hau, eta ziur asko giro politiko kontserbadorearen presiopean egindako beste batzuk, saritua izan zen bere lehen lanarekin kontrastea sortzen dute. Egileak 1963an San Fernando Akademiara eramango zuen Post Nubila Phoebus hari buruz, bere gaztaroko lana izatearekin bere obrarik garrantzitsuena dela idatzi da, "gure mendeko Penintsulako eskulturazko irudigintzaren ikuspegitik bere toki propioa duena".[20] Horixe da gure iritzia ere. Multzo hori, bere modelatu bikainagatik, konplexutasunaren barruan konposaketa egokia izateagatik, eta bere Rodintar eskortzo ausartarengatik, XX. mendeko lehen hereneko eskultura hispaniarren artean hoberenetarikoa da.
Leon Barrenetxea
[aldatu]Ordunaren adin berekoa zen Leon Barrenetxea (1892-1943) Irunen jaiotako gipuzkoarra zen, eta Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolan hezi zen eta gero berarekin sei urtez lan egingo zuen Agustin Querolen lantegian (Madril) halaber. Aldi hartan hainbat bidaia egin zituen Parisera eta emakume frantses batekin ezkondu zen.
Bere lehen obretan, Barrenetxea erresumindurik agertzen da Tortosako irakaslearen berezko apaingarrien alderako joera akademizista erromantikoarekin.
Erakusketetan arreta pizten zuten hainbat lan aurkeztu zituen, eta zenbait domina irabazi zituen Madrilen (1911-1913).
- Iraganeko sei idazle ospetsuren bustoak.
Hiriburuan bertako Udalak Kristal Patiorako eskatu zion:
- Behi itsua, Erakusketa Nazionalean aurkeztua (1915),
- Autorretratua, (1917) Erakusketa Nazional berean aurkeztua eta marmolean egina.
- Monumentua Maria Kristina Erreginari. Diario Vascoko Zuzendariak Donostian sustatutako lehiaketan irabazle suertatu zen hiriburuko Mendeurrenaren Plazan altxa zen monumentu hau, 1919ko urriaren 12an inauguratua. Orain (2003), aipatu Erreginaren estatuak hainbatetan bere lepoa moztearen txikikeria basatia jasan duen honetan, gogoratzekoa da Barrenetxeak diseinatu zuela monumentu xume eta eder hau: zirkuluerdiko exedra egiturako honen erdian erreginaren estatua zutitzen da, intelektualen eta herriaren ordezkari diren erliebeak aurkeztuz alde bietara, eta muturretan, Karitatea eta Bertutea adierazten dituzten alegiazko irudiak. Atzeko aldean, Euskal Herriko lau probintziak sinbolizatzen dituzten lau irudi. Multzo hau burutzeko Joan Guraya bilbotar irudigile bikaina kontratatu zuen Barrenetxeak.
- Monumentua Pablo Sarasateri, hilabete gutxi batzuk lehenago Iruñean inauguratu zena, Juan Carlos Guerra arkitektoarekin elkarlanean egin zen.
- Europako Gerran Hildakoen Oroimenezko monumentua, Frantziako Eskolek Euskal Herriko eskulturagileari eskatu eta handik gutxira Donostiako Foruen plazan garaiko monumentu zaleek kokatu zutena.
Barrenetxeak, 1920an bi monumentu egin zituen:
- Anizeto Muguruza sendagileari egina, Eibarren,
- Peñalver Kondeari egina, politiko honen izena daramaten Eskoletan.
Zenbait erlijiozko obra ere zor zaizkio, adibidez:
- San Frantziskoren irudi bat, Habanarako;
- San Antonioren irudi bat, gerra zibilaren garaian txikitua izan zen Madrilgo nafarren San Fermin elizarako.
Agustin Querolengandik oinordetzan jaso zuen apainketa-joeratik askaturik, eta Constantin Meunierren eskulturek eragiten dioten zirrara abiapuntutzat hartuta, berezko estiloa aurkitu zuen: bere modelatua ezohiko eran indartzen da, batez ere, balore plastiko berezkoetan oinarrituz. Honela, lanari edo euskal herri-kirolei eskainitako multzoak sortu ziren bere eskuetatik:
- Laiariak,
- Traineruak,
- Idi-probak,
- Aizkolaria,
- Harri-zulatzailea,
- Harri-jasotzailea eta abar.
Doinuz eta kontrastez beteriko lengoaia berri horien ezaugarri diren brontze txiki hauek, San Telmon, Euskal Herriko Artisten Erakusketa batean aurkeztu ziren, formatu handian egiteko maketan, baina proiektu hauek ez ziren zertu. Gerra zibila lehertzean, bere borondatez Frantziara erbesteratu zenean, Basterretxeak behin betiko utzi zuen eskulturgintza.
Laburpena
[aldatu]Estetika berria esan liteke 1910eko hamarkadan hasi zela hedatzen, Frantzia eta Alemanian XX. mendearen lehenengo urteetan nagusi izaten hasia zena eta Euskal Herrian, Parisen zenbait denboraz bizi izandako bakarren batzuengan baino baitaratu ez zena.
Arkitektura
[aldatu]Arkitekturaren alorrean, labetik ateratako arkitekto erre berriek gaztetasunaren indarraz onartu zuten arrazionalismoa, eta ez zen izan eklektizismoaren aurkako erasoaldi bat eta eraikuntzako teknika berrien besterik gabeko onartze soil bat, baizik eta zibilizazioaren garapenarekin bat zetorren arte jarduera eta adierazpidetzat onartze bat. Arrazionalismoa gizarteko kezka nagusi baten adierazpide izan zen. Hiriaren beharrei erantzunez, logikaz jardun nahi balu bezala sumatzen zen arrazionalismo; izan ere, biztanleria sarritan langile mailakoa eta kanpotik etorritakoa izanik, hirigintzan behar berriak sorrarazi baitzituen.
Euskal Herrian Le Corbusierren obren eta ideien eragina handia izan zen, Vers une architecture bere liburuan azaldutakoak bereziki, Bizitoki Unitateak izenekoetan; auzoa dugun herrialdean barrena hainbat lekutan, ageriko errealitate izaten hasiak baitziren, esate baterako Marsellako Cité Radieuse delakoen.
Erromantizismo arrazionalista izena eman diezaiokegun aldiak ziren; izan ere, iritsiko baitzen, suitzar arkitekto sonatuaren arrazionalismo basatia, honek berak "esanezinezko espazio" izeneko filosofiak ordezkatuko duen aldia, eta bere Bizitoki Unitateetako arrazionalismo funtzionalistak Ronchamp Kapera liriko eta espresionistei eta Bruselako (1958) Expo Unibertsaleko Philips pabilioi leku egingo diena.
Baina, artean behintzat, apaingarririk gabeko blokeen biluztasuna nagusi zen, lerroen eta profilen garbitasuna, hormetako lautasun aratza eta espazioetako funtzionaltasuna.
Euskal Herrian zenbait arkitektoren bizitza luzeak beren bereizgarri zituzten eraikin eklektiko eta modernistek behartzen zituzten aire berritzaileak arnastera, eta beren azken lanetan arrazionalismoaren eskakizunetara tolesten ikusi genituen.
Soiltasunaren irizpidea atseginez onartzen zen, arkitektura herrikoiaren mailan behintzat, hiriko zabalguneak handitzeak hiri-arkitektura berri bat eskatu zuen unean. Baskoniak baditu Secundino Zuazoren urte haietako hirietarako proiektu bikainak. Jada ulertezina gertatzen da arkitekto bat hirigile ez izatea.
Arte figuratiboak
[aldatu]Arte figuratiboei dagokienez, Euskal Herriko artistek XX. mendeko lehen urteetan oraindik San Fernando Eskolatik ekarritako akademizismoari eusten bazieten, gerra arteko aldi honetan aldaketa erabakigarri bat gertatzen ari zela pentsa daiteke. Euskal herriko ertilariak arte abangoardiarantz irekitzen hasi ziren:
- oinarri mimetikoak ahuldurik gelditu ziren, nahiz eta artean edukien adierazpenari lehentasuna ematen zitzaion: erretratuari, paisaiari, ohiturei.
- Lehen mailan jarri zen ertilariaren niaren adierazpena, baina alemaniar espresionista garaikideen karrankarik gabe.
- Momentuko zenbait kultur alderdiren eragina nabaritzen da. Freuden teoriak ez ziren Herriko giroan artean orokortu, baina itxurari zitzaion leialtasun gehiegizkoari ospea kentzen eta bere "susmoa izaten" uzten duen gizonaren konplexutasun psikologikoaren errealitatea sumatzen da. Zorigaiztoko Lehen Mundu Gerrak Europan Aurrerapenaren kulturarekiko desengainura bultzatu zuen, eta arteari inkontziente kolektiboaren iradokizunetara irekitzea zilegi izan zitzaion.
Baskonian, beste herrialde europarretako esperientzia abangoardistak artean orokortu gabe bazeuden ere, bere aldakortasun ausartak esperientzia berritzaileenetara eramango zuen Antonio Gezalaren kasua, edo postkubista izendapena eman diegun beste kasu batzuk enblematikoak dira. Nahikoa izango da Errepublika iheskor baten urteetako giro libertarioa, Nikolas Lekuona baten eta Jorge Oteiza baten ausardia Euskal Herriko arte tradizionalaren esparruan indarrean sartzeko.
Gizon bakoitzaren eta ertilari bakoitzaren ni sakona askatzen hastearekin batera, beste berrikuntza bat eman zen: arreta eskaintzea gizarteari eta izaera soziopolitiko eta ekonomikoa duten gatazkei, nagusiki.
Hemen, "susmoaren irakasle" izan zen Carl Marxek ere garrantzia hartu zuen. "Ez zuen kontzientziak erabaki errealitatea, baizik eta errealitateak berak erabaki zuen kontzientzia". Era jakin batean pentsatzen delako ez da jarduten, baizik eta bizitza inposatzen zaigun moduaren arabera pentsatuz bukatzen dugu.
Oinarri marxista honen kontra, orain arte orokorrean onartu eta sustatutako artea, pentsaera kontserbatzaile baten isla izango zatekeen, botere sozio-politiko eta erlijiozkoak inposatua.
Marxismo ortodoxo honen tesiak sentitzera eta adieraztera iritsi gabe, aldi honetan lan-mundua ageri da Euskal Herriko ertilari batzuen lanetan; hasieran, modu atsegin eta alai batean, lurraren eta bertako biztanleen aurreko ikuspegi idiliko eta etnografikotik bereizten ez dena.
Gero, gizarteko errealitatearen alde mingarria nabariago azaltzen hasi zen ertilariengan, besteak beste, Artetarengan: auzune apaletako paisaia tristea, langileen miseria, gehiegizko lanaren gizatasun eza. Ondorengo aldietan, mugimendu hau deskribapen zakarrago, espresionistago eta borrokalariago bihurtu zen.
Erreferentziak eta oharrak
[aldatu]Txantiloi:Erreferentzia zerrenda
Bibliografia
[aldatu]ABRIL, Manuel: Historia del arte en todos los ABRIL, Manuel: Historia del arte en todos los tiempos y pueblos. Calleja argit. (Madril, 1925).
ALVAREZ EMPARANZA, Juan M.: Origen y evolución de la pintura vasca. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala (Donostia, 1997).
ARSUAGA, Miguel, SESE, Luis: Donostia-San Sebastián. Guía de Arquitectura. COAVN (Donostia, 1996).
BARAÑANO, K., GZ. De DURANA, J., JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Alianza, (Madril, 1987).
BAZAN DE HUERTA, Moisés: Moisés de Huerta. BBK, (Bilbo, 1992).
BOHIGAS, Oriol: Arquitectura Española de la Segunda República (Bartzelona, 1970).
CALVO SERRALLER, Francisco: Del futuro al pasado. Vanguardia y tradición en el arte español contemporáneo (Madril,1988).
CENICACELAYA, J., ROMAN, A., SALOÑA, J.: Guía de Arquitectura metropolitana (Bilbo, 2003).
CIRLOT, Juan Eduardo: La escultura del siglo XX (Bartzelona, 1956).
ENCINA, Juan de la: La trama del arte vasco (Bilbo, 1919).
FLORES, Carlos: Arquitectura española contemporánea. I. 1880-1950 Aguilar, (Madril, 1989).
FLORES KAPEROTXIPI, M.: Arte Vasco. Pintura, escultura, dibujo y grabado. (Buenos Aires, 1954).
GARCIA DIEZ, José Antonio: La pintura en Alava. Gasteiz, Gasteizko Aurrezki Kutxa, (1990).
GAYA NUÑO, Juan Antonio: Escultura Española Contemporánea (Madril, 1957).
GONZALEZ DE DURANA, J.: Historia social de la pintura vasca. 1876-1936. (Gasteiz, 1986).
GONZALEZ DE DURANA, J.: Ideologias artísticas en el País Vasco. Akal, (Madril, 1984).
JIMENEZ-BLANCO eta CARRILLO DE ALBORNOZ, M D.: Arte y Estado en la España del siglo XX (Madril, 1989).
LLANO GOROSTIZA, Manuel: Pintura Vasca (Bilbo, 1965).
MARIN-MEDINA, J.: La escultura española contemporánea 1800-1978 (Madril, 1978).
MADARIAGA, L.: Pintores Vascos. 3 ale. (Donostia, 1971).
MARRODAN, Mario Angel: La escultura vasca (Bilbo, 1980).
MARRODAN, Mario Angel: Diccionario de Pintores vascos. Benamar argit. (1989).
MAS SERRA, E.: 50 años de arquitectura en Euskadi. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Saila, (Gasteiz, 1990).
MENDIETA, J.Mª, OLAZABAL, Manuel, SANZ ESQUIDE, J. Angel: Archivo de Arquitectura en el País Vasco. Años 30. Hego Euskal Herriko Arkitektoen Kolegio Ofiziala (Bilbo, 1990).
PIZZA, Antonio: Guía de la arquitectura del siglo XX. España. Electa argit. (Milan, 1997).
RUBIO, Lilia Maure: Zuazo. COAM (Madril, 1988).
URQUIJO, Javier: Escultura vasca en el siglo XX. Batik-en, 61. zk, (1981).
URRUTIA, Angel: Arquitectura española conemporánea. Documentos, escritos, testimonios inéditos. COAM, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Argit. (2002).
V.V.: Pintores vascos el las colecciones de las Cajas de Ahorros. BBK, Kutxa eta Caja Vital (1993-1996), 8 libk.
V.V.: Arte vasco. (Donostia, 1982).
V.V.: Archivo de arquitectura en el País Vasco. Años 30 (Bilbo, 1991).