Edukira joan

Filosofiaren arazoak/1. Agerikoa dena eta errealitatea

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
1. Agerikoa dena eta errealitatea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


1. Agerikoa dena eta errealitatea


Ba al dago zentzudun den inork zalantzan jarri ezingo lukeen ezagutza hain ziurra munduan? Galdera horrek hasiera batean zaila ez dirudien arren, egin daitekeen galderarik zailenetariko bat da benetan. Erantzun argi eta ziur baterako bidean dauden zailtasunez jabetu garenean, ikerketa filosofikoan barneratuko gara. Izan ere, filosofia horrelako funtsezko galderei erantzuna emateko ahalegina baino ez da; ez axolagabeki edo dogmatikoki erantzuteko, bizitza arruntean eta zientzietan egiten dugun legez, kritikoki erantzuteko baizik, galdera horiek txundigarriak bihurtzen dituen gauza oro aztertu ondoren, eta ideia arrunten azpian dagoen zehaztugabetasun eta nahasketa guztiaz jabetu eta gero.

Eguneroko bizitzan gauza asko ziurtzat jotzen ditugu, baina horiek, miaketa estuago baten ondoren, kontraesan nabarmenez hain beteta daude, non sakon pentsatu ostean bakarrik izango garen gai jakiteko ea zer den benetan uste dezakeguna. Ziurtasunaren bila gabiltzalarik, ohikoa da oraingo gure esperientzietatik abiatzea, eta zentzu batean, zalantzarik gabe, ezagutza esperientzia haietatik eratorriko da. Alabaina, oso litekeena da gure esperientzia zuzenek jakinarazten digutenari dagokion edozein baieztapen okerra izatea. Oraintxe bertan aulki batean eserita nagoela iruditzen zait, forma zehatza duen mahai baten ondoan, eta idatzitako gauzak eta markak dituzten paperezko orriak ikusten ditut mahai gainean. Burua jiratuz gero, leihotik eraikinei so egitean hodeiak eta Eguzkia ikusten ditut. Eguzkia Lurretik laurogei eta hama- hiru milioi miliatara dagoela uste dut; ezen Lurra baino hainbat bider handiagoa den globo beroa dela; ezen, Lurraren biraketaren kariaz, Eguzkia goizero ateratzen dela, eta zehazterik ez dagoen denboraldi batean horrela egiten jarraituko duela ere uste dut. Gela honetan beste edozein pertsona sartzen baldin bada, neronek ikusten ditudan aulki, mahai, liburu eta orri berak ikusiko dituela uste dut, eta neronek ikusten dudan mahaia neure besoaren aurka presioa eragiten sumatzen dudan mahai bera dela ere uste dut. Hori guztia hain da nabaria, ezen baieztatua izatea ez baitu merezi, nik dakidan edozein gauza zalantzan jar dezakeen pertsona bati erantzuteko izan ezean. Haatik, hori guztia zalantzan jar daiteke, eta, guztiz egiazkoa den era batean baieztatu dugula ziurtzat jo aurretik, arreta handiko eztabaida premiazkoa da.

Gure zailtasun horiek argi eta garbi uztearren, lerra dezagun geure arreta mahairantz. Ikusmenari dagokionez, mahaia angeluzuzena, marroia eta distiratsua da; ukimenari dagokionez, leuna, hotza eta gogorra da; mahaiari hatzekin kolpeak jotzen dizkiodanean, egur hotsa entzuten dugu. Mahaia ikusiko, ukituko eta entzungo lukeen edonork bat egingo luke horrelako deskribapenarekin. Hortaz, badirudi ez dagoela inolako zailtasunik, baina, zehatzagoak izaten saiatu orduko, estualdiak hasten dira. Nahiz eta mahaia «benetan» azalera osoan kolore berekoa dela uste dudan, argia islatzen duten zatiek distira gehiagokoak dirudite besteek baino, eta zenbait zatik, islatutako argia dela-eta, zuriak dirudite. Mugitzen baldin banaiz, argia islatzen duten zatiak beste batzuk izango direla jakin badakit, eta horrela mahaiaren koloreen ageriko banaketa ere bestelakoa izango da. Ondorioz, zenbait pertsona aldi berean mahai horri begira baldin badaude, zehatz-mehatz kolore banaketa bera ikusiko duten bi pertsona egotea ere ez da gertatuko, bi pertsonek ikuspegi berberetik ikustea ezinezkoa delako, eta ikuspegiari dagokion edozein aldaketak argia islatzeko eran aldaketaren bat dakarrelako.

Xede praktiko gehienei dagokienez horrelako desberdintasunek ez dute garrantzirik, baina margolariarentzat guztiz garrantzitsuak dira: sen onak gauzei egokitzen dien kolorea kolore «erreala» dela pentsatzeko ohiturari utzi behar dio margolariak, eta gauzak agertzen diren moduan ikusten ikasi behar du. Hala, filosofian kezka handia eragiten duten bereizketa horietako bat abian dugu jada, «agerikoa denaren» eta «errealitatearen» arteko bereizketa, hain zuzen ere; batetik, gauzek zer diruditen, eta, bestetik, gauzak zer diren. Margolariak gauzek zer diruditen jakin nahi du, eta gizaki praktikoak eta filosofoak gauzak zer diren jakin nahi dute; dena den, filosofoak duen ezagutzarako grina gizaki praktikoarena baino sendoagoa da, eta galdera horri erantzuteko dauden zailtasunen ezagutzak kezka handiagoa eragiten dio.

Itzul gaitezen mahaira. Esan dugunaren arabera, garbi dago ez dagoela nagusiki mahaiaren kolorea izan daitekeen kolorerik, ezta mahaiaren zati zehatz batena ere; puntu desberdinetatik ikusita, agi denez, kolore desberdinekoa da, eta ez dago inolako arrazoirik kolore horietako bat mahaiaren kolore errealtzat hartzeko. Areago, jakin badakigu ikuspuntu zehatz batetik ere koloreak desberdina dirudiela argi artifizialaren eraginez –edo daltonikoaren ikuspuntutik, edo betaurreko urdinak daramatzan gizakiaren ikuspuntutik–, eta ilunpean, berriz, kolorerik ez dagoela, nahiz eta ukimenari eta entzumenari dagokienez mahaiak bere horretan dirauen. Kolorea ez da mahaiak berezkoa duen zerbait, baizik eta mahaiaren, ikuslearen eta argia mahai gainean nola erortzen den araberakoa. Eguneroko bizitzan, mahaiaren koloreari buruz mintzatzean, argitasunari dagokionez ohiko baldintzen pean eta ohiko ikuspuntutik ikusle arrunt batentzat mahaiak omen duen kolore mota baino ez dugu adierazi nahi. Alabaina, bestelako baldintzetan agertzen diren beste koloreek eskubide bera dute errealtzat hartuak izateko; horregatik, begikokeriak saihestearren, beharturik gaude mahaiak bere baitan kolore zehatz bat duela ukatzera.

Ehunduraz ere gauza bera esan daiteke. Begi hutsik zuraren beta ikus daiteke, baina, bestalde, mahaiak leuna eta uniformea dirudi. Mikroskopioaren bitartez aztertzen baldin badugu, latzuneak, muinoak eta sakonuneak ikusiko ditugu, baita begi hutsik ikusezinak diren era guztietako gorabeherak ere. Horien artean, zein da mahai «erreala»? Mikroskopioaren bitartez ikusitakoa errealagoa dela esatera tentaturik gaude normalean, baina hori ere aldatuko litzateke mikroskopio hobea erabiliko bagenu. Begi hutsik ikusten dugunaz ez baldin bagara fidatzen, zergatik fidatuko gara mikroskopioaren bitartez ikusitakoaz? Beraz, berriro ere, gure abiapuntua izan den zentzumenekiko konfiantzak huts egin digu.

Mahaiaren formari dagokionez, egoera ez da hobea. Gauzen forma errealen gaineko judizioak egiteko ohitura daukagu denok, eta hain modu arinean egiten dugu hori, ezen forma errealak benetan ikusten ditugula pentsatzen baitugu. Haatik, marrazten saiatuz gero, denok ikasiko dugun bezala, ikuspuntu desberdin bakoitzetik gauza zehatz baten formak desberdina dirudi. Gure mahaia «errealki» angeluzuzena baldin bada, ikuspuntu ia-ia guztietatik bi angelu zorrotz eta bi angelu kamuts dituela ematen du. Kontrako aldeak paraleloak baldin badira, badirudi ikuslearengandik harantzago dagoen puntu batean bat egingo dutela; luzera berekoak baldin badira, badirudi gertuen dagoen aldea luzeagoa dela. Mahaiari so egiten diogunean, gauza horietaz guztiez ez gara konturatzen eskuarki, esperientziak agerikoa den formatik forma «erreala» eraikitzen irakatsi digulako, eta, gizaki praktikoak garen heinean, forma «erreala» interesatzen zaigu. Baina forma «erreala» ez da ikusten duguna; ikusten dugun horretatik ondorioztatzen dugun zerbait da. Gelan barrena mugitzen garen bakoitzean, ikusten dugun gauza horren forma etengabe aldatzen da. Beraz, berriro ere, badirudi zentzumenek mahaiari berari buruzko egiarik ez digutela ematen, ageriko mahaiari buruzkoa baizik.

Ukimena aintzat hartzen dugunean, antzeko zailtasunak sortzen dira. Egia da mahaiak gogortasunaren sentipena ematen digula beti, eta mahaiak presioari eusten diola ere nabaritzen dugu. Haatik, lortu dugun sentipen hori mahai gainean egin dugun presio indarraren araberakoa da, bai eta presioa egiteko erabili dugun gorputz zatiaren araberakoa ere. Hortaz, ezin da pentsatu zenbait presiok eta zenbait gorputz zatik eragindako zenbait sentipenek mahaiaren propietate bat zuzen-zuzenean erakusten dutenik; sentipenak, kasurik onenean, propietateren baten zeinuak dira, eta propietate horrek agian sentipen guztiak kausatzen ditu, nahiz eta haietan beharbada orain agerian ez dagoen. Gauza bera nabarmenagoa da mahaian kolpetxoak jotzean ateratako hotsei dagokienez.

Hala, bistan da mahai erreala, halakorik baldin badago, ez dela guk ikusmenaren, ukimenaren eta entzumenaren bitartez zuzen-zuzenean esperimentatzen dugun hori. Mahai erreala, halakorik baldin badago, ez da inola ere guk zuzen-zuzenean ezagutzen dugun zerbait, baizik eta zuzen-zuzenean ezagutzen dugun horretatik ondorioztatzen duguna. Hori kontuan hartuz, bi galdera zail sortzen dira bat-batean: alegia, (1) mahai errealik ba al dago?; (2) eta baldin badago, nolako objektua izan daiteke?

Galdera horiek jorratzeko esanahi zehatza eta argia duten termino bakun gutxi batzuk aintzakotzat hartzea lagungarria izango da. Sentipenean zuzen-zuzenean ezagutzen ditugun gauzei «zentzumen-datuak» izena jarriko diegu: koloreak, hotsak, usainak, gogortasunak, latzuneak, eta horiek bezalakoak dira. Gauza horietaz zuzen-zuzenean ohartzean izaten dugun esperientziari «sentipen» izena jarriko diogu. Hortaz, kolore bat ikusten dugun guztietan kolorearen sentipena dugu, baina kolorea bera zentzumen-datua da, ez sentipen bat. Kolorea da gauza hori, zeinaz zuzen-zuzenean ohartzen baikara, eta ohartzea bera sentipena da. Garbi dago mahaiari buruz zerbait jakitekotan, mahaiarekin lotzen ditugun zentzumen-datuen bitartez –kolore marroia, forma angeluzuzena, leuntasuna eta halakoen bitartez– lortu beharko dugula; baina, eman ditugun arrazoiak kontuan hartuz, ezin dugu esan mahaia zentzumen-datua denik, ez eta zentzumen-datuak zuzenean mahaiaren propietateak direnik ere. Ondorioz, zentzumen-datuen eta mahai errealaren –halakorik baldin badago– arteko erlazioari buruzko arazoa sortzen da.

Mahai errealari, existitzen baldin bada, «objektu fisikoa» esango diogu. Hortaz, zentzumen-datuen eta objektu fisikoen arteko erlazioa aztertu behar dugu. Objektu fisiko guztien bildumari «materia» esaten zaio. Gure bi galderak, bada, honela berradieraz daitezke: (1) materia bezalako ezer ba al dago? (2) baiezkoa bada erantzuna, zein da haren zerizana?

Berkeley apezpikua (1665-1773) izan zen gure zentzumenen objektu zuzen-zuzenak guregandik independenteki existitzen ez diren objektutzat hartzeko arrazoiak argi eta garbi proposatu zituen lehenengo filosofoa. Eszeptikoen eta ateoen aurka, Hylas eta Philonousen arteko hiru elkarrizketa izeneko testuan materia bezalako ezer ez dagoela, eta mundua gogamenez eta haien ideiez osaturik dagoela frogatzeko ardura bere gain hartzen du hark. Hylasek ordura arte materian sinisten zuen, baina aukera gutxi dauka Philonousen aurka, zeinak gupidagabe eramaten baitu Hylas kontraesanetara eta paradoxetara, eta bukaeran lortzen baitu materiaren ukapena ia-ia zentzuzko agertzea. Erabilitako argudioak balio desberdinekoak dira: batzuk garrantzitsuak eta zuzenak dira, bestetzuk, berriz, nahasiak edo sofistikoak. Dena dela, Berkeleyk duen meritua da absurdoan erori gabe materiaren existentzia ukatzea badagoela erakutsi izana, bai eta guregandik independenteak diren gauzak existituz gero, gure sentipenen zuzen-zuzeneko objektuak ez direla erakutsi izana ere.

Materia existitzen denetz galdetzen dugunean, bi galdera desberdin jartzen dira mahai gainean, eta garrantzitsua da horiek inondik ere ez nahastea. «Materia» hitzaren bitartez «gogamenaren» aurkako zerbait adierazi nahi dugu eskuarki; alegia, espazioa betetzen duen zerbait, eta pentsatzeko eta kontzientzia edukitzeko gai ez den zerbait dela uste dugu. Berkeleyk ildo horretatik ukatzen du materia bereziki. Izan ere, ez du ukatzen eskuarki mahaiaren existentziaren zeinutzat hartzen ditugun zentzumen-datuak guregandik independentea den zerbaiten existentziaren benetako zeinuak direla, baina zerbait hori ez-mentala izatea ukatzen du, hau da, gogamena edo gogamen batek hausnartutako ideia ez izatea ukatzen du. Gelatik ateratakoan edo begiak itxitakoan existitzen jarraitzen duen zerbait dagoela onartzen du Berkeleyk, bai eta mahaia ikusten dugula esateak zerbait existitzen dela uste izateko arrazoi bat ematen digula ere onartzen du, zerbait horri begira ez bagaude ere. Alabaina, hark pentsatzen du zerbait hori ez dagoela zorrotz bereizterik ikusten dugun gauzatik, eta, halaber, zerbait hori ikuste orotatik independentea ezin dela izan, nahiz eta gure ikuste horretatik independentea izan behar duen. Horrela, mahai «erreala» Jainkoaren gogameneko ideiatzat hartzera behartuta dago Berkeley. Halako ideia batek beharrezkoak diren iraunkortasuna eta guregandiko independentzia ditu, eta gainera ez da guztiz ezagutezina (materia ezagutezina litzateke) honako zentzuan: hura guk ondorioztatua baino ezin da izan, eta haren kontzientzia zuzen-zuzena eta berehalakoa edukitzerik ez dago.

Berkeleyren ondoren, beste filosofo batzuek honako honi heldu diote: mahaiaren existentzia nik neuk hura ikusi izanaren mendean ez badago ere, gogamenen batek hura ikusi izanaren (edo bestelako sentipen batek hura atzeman izanaren) mendean dago –ez du zertan izan Jainkoaren gogamena; sarri askotan unibertsoaren gogamen kolektibo osoa izaten da. Filosofo horiek, Berkeleyk bezala, hori pentsatzen dute, batik bat gogamenez eta haien pentsamenduez eta sentimenduez gain erreala den beste ezer ez dagoela –edo, nolanahi ere, errealtzat hartzerik ezer ez dagoela– uste dutelako. Beren ikuspegia oinarritzeko erabiltzen duten argudioa honela adieraz genezake: «pentsa daitekeen edozer gauza, azken buruan, berorretan pentsatzen ari den pertsonaren gogamenean dagoen ideia da; ondorioz, gogameneko ideiak baino ezin dira pentsatu; ondorioz, beste guztia pentsaezina da, eta pentsaezina dena ez da existitzen.»

Horrelako argudioak, nire iritziz, falazia bat osatzen du; jakina, argudio hori aurkeztu duten guztiek ez dute hain modu laburrean eta gordinean adierazi. Baina, baliozkoa izan edo ez izan, argudioa sarritan izan da aurkeztua modu batean edo bestean; eta filosofo askok –agian gehiengoak– gogamenak eta haien ideiak izan ezik, erreala den ezer ez dagoela aldarrikatu dute. Filosofo horiei «idealistak» esaten zaie. Materia zertan den azaldu behar dutenean, edo, Berkeleyk bezala, materia ideien bilduma baino ez dela esaten dute, edo Leibnizek (1646-1716) bezala, materiaren itxura duena gutxi-asko oinarrizkoak diren gogamenen bilduma dela esaten dute.

Baina filosofo horiek, materia gogamenaren aurkako gisa ukatu arren, beste zentzu batean materia onartzen dute. Bi galdera egin genituela gogora ekarri behar dugu: (1) mahai errealik ba al dago? (2) eta baldin badago, nolako objektua izan daiteke? Berkeleyk eta Leibnizek mahai erreala dagoela onartzen dute, baina mahaia Jainkoaren gogameneko ideia dela dio Berkeleyk, eta Leibnizek arimen kolonia bat dela dio. Hortaz, biek lehenengo galderari baiezko batez erantzuten diote, eta bigarren galderari emandako erantzunari dagokionez baino ez dira bereizten gizaki hilkor arruntetatik. Izan ere, badirudi filosofo ia guztiak bat datozela mahai errealaren existentziari dagokionez. Ia guztiek onartzen dute zentzumen-datuak agertzea guregandik independentea den zerbaiten zeinua dela; zerbait hori, agian, gure zentzumen-datuekin alderatuta guztiz bestelakoa da, eta mahai errealarekiko erlazio egokia dugunean, zerbait hori zentzumen-datuen kausatzat har daiteke; hori guztia zentzumen-datuak (kolorea, forma, leuntasuna...) gure mende-mendean egon arren.

Orain garbi dago filosofo guztiek onartzen duten ikuspuntu hori –mahai erreala badagoela dioen ikuspuntua, mahaiaren zerizana edozein izanik ere– garrantzi handikoa dela. Mahai errealaren zerizanaz ezer galdetu aurretik, aipatutako ikuspegia onartzeko arrazoiak zeintzuk diren aztertzea merezi du. Hurrengo kapituluan, bada, mahaia egon badagoela suposatzeko dauden arrazoiez arduratuko gara.

Aurrera jo aurretik, merezi du orain arte lortu duguna une batez aztertzea. Zentzumenen bitartez ezagutzen omen dugun motako objektu arrunt bat aintzat hartzen baldin badugu, badirudi zentzumenek zuzen-zuzenean ez digutela esaten guregandik harantzago dagoen objektuari buruzko egiarik, zenbait zentzumen-daturi buruzko egia baizik; eta horiek, guk uler dezakegun heinean, gure eta objektuaren arteko erlazioen mende daude. Hortaz, guk zuzen-zuzenean ikusten eta sentitzen duguna «agerikoa dena» baino ez da, eta hori azpian dagoen «errealitate» baten zeinua dela uste dugu. Baina errealitatea agerikoa dena ez bada, errealitateren bat ote dagoen jakiteko biderik ba al dago? Eta baldin badago, errealitatea nolakoa den jakiteko biderik ba al dago?

Horrelako galderak txundigarriak dira, eta hipotesirik bitxienak ere egiazkoak ez ote diren jakitea zaila da. Hala, gure ohiko mahaia, orain arte guregan garrantzirik gabeko pentsamenduak iratzarri dituena, ustekabeko ahalbideez jositako arazo bihurtu da. Mahaiari buruz dakigun gauza bakarra da ez dela dirudiena. Emaitza xume horretatik haratago, oraingoz, aieruak egiteko askatasun osoa daukagu. Leibnizek mahaia arimen komunitatea dela esaten digu; Berkeleyk Jainkoaren gogameneko ideia dela esaten digu; zientzia zuhurrak mahaia mugimendu bortitzean dabiltzan karga elektrikoen sekulako bilduma dela esaten digu aurreko bi haiek bezain zoragarriro.

Ahalbide harrigarri horien artean, zalantzak agian mahairik ez dagoela iradokitzen du. Filosofiak guk nahi adina galderari erantzuterik ez badu ere, badu, bederen, munduaren gaineko jakin-nahia areagotzen duten galderak egiteko ahalmena, eta, halaber, eguneroko bizitzako gauzarik arruntenetan gainazalaren azpian dauden misterioa eta miragarritasuna erakusten ditu.