Edukira joan

Filosofiaren arazoak/2. Materiaren existentzia

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
2. Materiaren existentzia
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

2. Materiaren existentzia

Kapitulu honetan galdetu behar diogu geure buruari ea, zentzuren batean, materia bezalako zerbait ote dagoen. Ba al dago berezko zerizana duen eta, halaber, nik ikusten ez dudanean existitzen jarraitzen duen mahairik? Edo, mahaia nire irudimenaren ekoizpen hutsa al da, oso amets luze bateko amets-mahaia? Galdera horiek egundoko garrantzia daukate. Izan ere, objektuen existentzia independenteaz ziur ez baldin bagaude, orduan gainerako pertsonen gorputzen existentziaz ezin gara ziur egon, eta, ondorioz, are gutxiago gainerako pertsonen gogamenez, zeren, azken buruan, haien gogamenak onartzeko daukagun oinarri bakarra haien gorputzen behaketatik ondorioztatzen dena baino ez baita. Beraz, objektuen existentzia independenteaz ziur ezin bagara egon, bakar-bakarrik geldituko gara basamortuan –litekeena da kanpoko mundua amets bat baino ez izatea eta gu bakar-bakarrik existitzea. Aukera hori ez da batere atsegina, baina faltsua dela hertsiki frogatzerik ez badago ere, egiazkoa dela suposatzeko arrazoirik txikienik ere ez dago. Kapitulu honetan ikusi behar dugu egoera zergatik den horrelakoa.

Zalantzazko auziekin hasi aurretik, saia gaitezen aurkitzen gutxi-asko finkoa den abiapunturen bat. Mahaiaren existentzia fisikoaren gainean zalantzan bagaude ere, mahai bat badagoela pentsarazten diguten zentzumen-datuen existentziaren gainean ez gaude zalantzan; gauzei begira gauden bitartean, koloreren eta formaren bat agertzen zaizkigula ez dugu zalantzan jartzen, eta, presioa egiten dugun bitartean, gogortasunaren sentipenen bat sumatzen dugu. Psikologikoa den hori guztia ez dugu kolokan jartzen. Izan ere, gure zuzen-zuzeneko esperientzia batzuek, gutxienez, erabat ziurrak dirudite, beste gauza batzuk zalantzazkoak izan daitezkeen arren.

Filosofia modernoaren sortzailea den Descartesek (1596-1650) oraindik ere emankorra izan daitekeen metodo bat asmatu zuen, zalantza sistematikoaren metodoa, hain zuzen ere. Argi eta garbi egiazkotzat hartzerik ez zegoen ezer ez zuela sinetsiko erabaki zuen. Descartes bera zalantzan jar daitekeen edozein gauzaren aurrean zalantzan egoten zen, harik eta zalantzan ez egoteko arrazoia ikusi arte. Metodo hori aplikatuz, erabat ziur bere existentziaz bakarrik egon zitekeela sinetsirik egotera iritsi zen pixkanaka. Zentzumenei, fantasmagoria betiereko batean, errealak ez ziren gauzak aurkezten zizkien deabru engainagarri bat irudikatu zuen; oso zaila izan liteke halako deabru bat existitzea, baina hala ere posible zen, eta, ondorioz, zentzumenen bitartez hautemandako gauzei buruzko zalantza posible zen.

Alabaina, haren buruaren existentziaren gaineko zalantza ez zen posible; izan ere, Descartes existituko ez balitz, Descartes bera engainatuko lukeen deabrurik ez legoke. Zalantzan egoteko existitu behar zuen; esperientziaren bat edukitzeko existitu behar zuen. Hortaz, haren existentzia harentzat erabat ziurra zen. «Nik pentsatzen dut, beraz banaiz», esan zuen (Cogito, ergo sum); eta ziurtasun horretan oinarriturik, bere zalantzak suntsitu zuen ezagutzaren mundua berreraikitzen hasi zen. Zalantzaren metodoa asmatuz eta gauza subjektiboak ziurrenak direla erakutsiz, filosofiari zerbitzu handia egin zion Descartesek; oraindik ere, Descartes probetxuzkoa da gai hori jorratzen ari diren ikasleentzat.

Dena dela, kontuz ibili behar da Descartesen argudioa erabiltzen dugunean. «Nik pentsatzen dut, beraz ni naiz» esaldiak erabat ziurra den hori baino gehiago dio. Badirudi erabat ziurtzat hartzen dugula atzokoan ginen pertsona eta gaur garena pertsona bera direla, eta hori zentzuren batean, zalantzarik gabe, egiazkoa da. Baina, Norberaren Buru erreal horretara heltzea mahai errealera heltzea bezain zaila da, eta ez dirudi hark esperientzia partikularrek duten konbentzitzeko moduko ziurtasun absolutua duenik. Neure mahaiari begira nagoenean eta kolore marroia ikusten dudanean, bat-batean erabat ziurra dena ez da «nik kolore marroia dakusat», baizik eta «kolore marroia ikusia da». Azken horrek, jakina, kolore marroia ikusten duen zerbait (edo norbait) suposatzen du; baina, horrek ez du berez suposatzen «ni» izendatzen dugun pertsona gutxi-asko iraunkor hori. Ziurtasun zuzenari dagokionez, kolore marroia ikusten duen zera une batekoa izatea gerta zitekeen, eta hurrengo unean esperientzia desberdinen bat duen zera gauza bera ez izatea gerta zitekeen.

Gure pentsamenduek eta sentimenduek jatorrizko ziurtasuna dute. Ideia hori aplika dakieke amets eta haluzinazioei, baita hautemate arruntei ere: amets egiten dugunean edo mamu bat ikusten dugunean, ustez dauzkagun sentipenak benetan dauzkagu, baina zenbait arrazoi direla kausa, sentipen horiei dagokien objektu fisikorik ez dagoela onartzen da. Hortaz, gure esperientzien gaineko ezagutzaren ziurtasuna ez da mugatu behar salbuespeneko kasuak aintzat hartzearren. Horretan, beraz, baliotsua den heinean, ezagutzaren bilaketa hasteko oinarri sendoa daukagu.

Kontuan hartu behar dugun arazoa hauxe da: geure zentzumen-datuez ziur gaudela jakintzat hartu ondoren, ba al dugu arrazoiren bat zentzumen-datuak objektu fisikoa izenda dezakegun beste horren existentziaren zeinutzat hartzeko? Mahaiarekin berez lotu behar ditugun zentzumen-datu guztiak zenbatu eta gero, mahaiari buruz esan daitekeen guztia esan al dugu? Edo, ba al dago zerbait gehiago, zentzumen-datua ez den eta, halaber, gelatik ateratakoan bertan iraungo duen zerbait? Sen onak, zalantzarik gabe, egon badagoela erantzuten du. Eros, sal eta bultza daitekeena, eta gainean oihal bat duena (eta abar) ezin da izan zentzumen-datuen bilduma hutsa. Oihalak mahaia guztiz ezkutatzen baldin badu, orduan ez dago mahaitik zentzumen-datuak eratortzerik, eta, ondorioz, mahaia zentzumen-datuen bilduma bat baino ez balitz, existitzeari utziko lioke eta oihala aire hutsean zintzilikaturik legoke, eta mirariz legoke lehenago mahaia zegoen tokian. Horrek erabat absurdoa dirudi; baina filosofoa izan nahi duen edonork absurdoaren beldur ez izaten ikasi behar du.

Zentzumen-datuez gain objektu fisiko bat finkatzea premiazkoa dela pentsatzeko arrazoi nabarmena jende desberdinarentzat objektu bera nahi dugula da. Hamar pertsona afari-mahai baten inguruan daudenean mahai-oihal bera, eta labana, sardeska, goilare eta edalontzi berak ikusten ez dituztela baieztatzeak funsgabea dirudi. Baina zentzumen-datuak pribatuak dira, nork bereak dauzka. Baten ikusmenari zuzenean aurkezten zaiona ez da beste baten ikusmenari zuzenean aurkezten zaiona: guztiek pittin bat desberdinak diren ikuspuntuetatik ikusten dituzte gauzak, eta, ondorioz, gauza horiek pittin bat desberdin ikusten dituzte. Hortaz, zentzuren batean, pertsona askok ezagut ditzaketen objektu neutroak eta publikoak egotea beharrezkoa balitz, beroriek zenbait pertsonari agertzen zaizkien zentzumen-datu pribatu eta partikularretatik haratago dauden gauzak izan beharko lukete. Orduan, zer arrazoi daukagu halako objektu neutroak eta publikoak daudela uste izateko?

Otutzen zaigun ohiko lehenengo erantzuna honako hau da: pertsona desberdinek mahaia modu pittin bat desberdinean ikusten badute ere, pertsona horiek guztiek mahaiari so egiten diotenean, hein batean, antzeko gauzak ikusten dituzte, eta gertatzen diren aldeak perspektibaren eta argia islatzearen legeen ondorioak dira; horrela, jende desberdinaren zentzumen-datuei dagokien objektu iraunkorrera heltzea erraza da. Aurretik gela honetan zegoenari erosi nion mahaia; ezin izan nizkion erosi bere zentzumen-datuak, alde egin zuenean galdu baitziren, baina, hein batean, antzeko zentzumen-datuak edukitzeko itxaropen ziurra erostea banuen, eta erosi nuen. Beraz, pertsona desberdinek antzeko zentzumen-datuak dituzte, eta pertsona berak, leku berean eta une desberdinetan, antzeko zentzumen-datuak ditu; horrek pentsarazten digu zentzumen-datuetatik harantzago badagoela objektu publiko iraunkor bat, zenbait unetan zenbait pertsonaren zentzumen-datuen atzean dagoena eta, halaber, zentzumen-datu horiek kausatzen dituena, hain zuzen ere.

Goiko gogoetek –gu ez ezik jende gehiago ere dagoelako suposizioaren mende daudela aintzat hartuz– eztabaidan dagoen auzi bera frogatutzat hartzen dute. Gainerako pertsonak zentzumen-datu batzuen bitartez errepresentatzen ditut, hala nola haiek ikusten ditut edo haien ahotsen hotsa entzuten dut; eta neure zentzumen-datuetatik independenteak diren objektu fisikoak daudela uste izateko arrazoirik ez banu, gainerako pertsonak existitzen direla uste izateko arrazoirik ez nuke izan behar, neure ametsetako osagai gisa izan ezean. Hortaz, geure zentzumen-datuetatik independenteak diren objektuek egon behar dutela erakusten saiatzen garenean ezin dugu jo beste pertsonen aitorpenera, aitorpen hori bera zentzumen-datuetan datzalako, eta aitorpen horrek ez duelako beste pertsonen esperientziarik agerrarazten, gure zentzumen-datuak berak guregandik independenteak diren gauzen zeinuak izan ezean. Ondorioz, ahal bada, geure esperientzia pribatu hutsetan aurkitu behar ditugu munduan gutaz eta gure esperientzia pribatuez gain beste gauzak daudela erakusten duten edo, bederen, hori erakusteko joera duten ezaugarriak.

Zentzuren batean onartu beharra dago gure eta gure esperientzien existentzia baino ezin izango dugula frogatu. Ez da absurdo logikorik ondorioztatzen mundua nire buruan eta nire pentsamendu, sentimendu eta sentipenetan datzala eta gainerako guztia irudipena baino ez dela dioen hipotesitik. Badirudi ametsetan oso mundu konplexua agertzen dela, eta, hala ere, esnatutakoan ameskeria izan dela pentsatzen dugu; alegia, geure zentzumen-datuetatik berez inferitzen ditugun objektu fisikoak ametsetako zentzumen-datuei, antza, ez dagozkiela aurkitzen dugu. (Mundu fisikoa onartuz gero, egia da ametsetako zentzumen-datuen kausa fisikoak aurkitzea posible dela: ate-danbateko bat, esaterako, guk itsas-batailarekin amets egin izanaren kausa izan daiteke. Alabaina, nahiz eta, kasu horretan, zentzumen-datuen kausa fisiko bat badagoen, zentzumen-datuei dagokien objektu fisikorik ez dago, haiei itsas-bataila erreal bat legokiekeen zentzuan bederen.) Gure bizitza osoa amets bat baino ez dela eta geure aurrean agertzen diren objektuak guk geuk sortzen ditugula dioen suposizioan ez dago ezinezkotasun logikorik. Haatik, ezinezkotasun logikorik ez badago ere, hori egiazkoa dela suposatzeko arrazoirik ez dago; eta gure bizitzaren beraren gertakariak azaltzeko baliabide gisa ikusita, egia esan, sen onak egiten duen hipotesia hipotesi hori baino sinpleagoa da; izan ere, guregandik independenteak diren objektuak egon badaude, eta horiek, guregan eragiten dutenean, gure sentipenak kausatzen dituzte.

Objektu fisikoak benetan daudela suposatuz sinpletasuna lortzen dela ikustea erraza da. Katua une batean gelako leku batean eta beste une batean beste leku batean agertzen baldin bada, ohikoa da alde batetik bestera bitarteko lekuen serie batetik igaroz mugitzen dela pentsatzea. Baina, katua zentzumen-datuen multzo bat baino ez baldin bada, ez da posible katua nik berori ikusterik ez dudan lekuren batean egotea; hortaz, nik katua ikusten ez nuen bitartean, existitzen ez zela suposatu beharko nuke eta, halaber, tupustean leku berri batean sortu izan zela. Nik ikusi edo ez ikusi, katua existitzen baldin bada, geure experientzietatik abiatuz otordu batetik bestera nola gosetzen doan uler dezakegu; baina, nik ikusten ez dudan bitartean existitzen ez baldin bada, jateko gogoa existitzen ez denean existitzen denean bezain azkar hazteak arraroa dirudi. Eta katua zentzumen-datua baino ez baldin bada, berori goseak egotea ez da posible, nire gosea baino ezin baita izan nire zentzumen-datu bat. Katuaren nire errepresentazioa osatzen duten zentzumen-datuen jokabidea gosearen adierazpidetzat hartu izana normala den arren, koloreguneen mugimendu eta aldaketa soiltzat hartu izana arras ulertezina bihurtzen da; izan ere, triangelu bat futbolean aritzeko gai ez den bezala, koloreguneak ez dira gai goseak egoteko.

Dena dela, katuaren kasuaren zailtasuna ez da ezer gizakien kasuaren zailtasunarekin alderaratuz gero. Gizakiak mintzatzen direnean –alegia, ideiekin lotzen ditugun soinu batzuk entzuten ditugunean eta, aldi berean, zenbait ezpain-mugimendu eta aurpegi-keinu ikusten ditugunean– entzuten duguna pentsamendu baten adierazpidea ez dela pentsatzeak oso zaila dirudi; izan ere, guk geuk hots berak igorriz gero, horrela litzatekeela jakin badakigu. Jakina, antzeko gauzak gertatzen dira ametsetan, zeinetan beste pertsonen existentziari dagokionez oker baikaude. Baina, «esna-aldiko bizitza» izendatzen dugun horrek hein batean ametsak ekartzen ditu gogora, eta mundu fisikoa benetan dagoela onartzen baldin badugu, orduan ametsak hein batean printzipio zientifikoen bitartez azal daitezke. Hortaz, sinpletasunaren printzipio orok ikuspegi arrunta hartzera bultzatzen gaitu; alegia, norberaren buruaz eta gure zentzumen-datuez gain beste objektu batzuk benetan badaude, eta haien existentzia ez dago guk objektu horiek hautematearen mendean.

Jakina, ez gara heldu argudioen bitartez kanpoko mundu independentea dagoela uste izatera. Hausnar egiten hasi bezain agudo uste hori geure baitan aurkitzen dugu: horri senezko ustea esan diezaiokegu. Guk uste hori ez genuke inoiz ere zalantzan jarriko. Hala eta guztiz ere, ikusmenaren kasuan bederen, zentzumen-datua bera objektu independentea dela senaz uste dugun arren, argudioak erakusten du objektua eta zentzumen-datua ezin direla gauza bera izan. Aurkikuntza horrek –dastamen, usaimen eta entzumenaren kasuetan batere paradoxikoa ez den (eta ukimenaren kasuan, pittin bat paradoxikoa den) aurkikuntza horrek–, ordea, gure zentzumen-datuei dagozkien objektuak daudela dioen senezko ustea urritu gabe uzten du. Izan ere, uste horrek ez du inongo zailtasunik eragiten; are gehiago, gure esperientzien azalpenak errazteko eta sistematizatzeko joera duenez, badirudi uste hori bazterrean uzteko arrazoi onik ez dagoela. Ondorioz, kanpoko mundua benetan existitzen dela onar dezakegu –nahiz eta, ametsak direla-eta zalantza izpiren bat dagoen-, eta haren existentzia ez dago guk mundu hori hautematen jarraitzearen mendean erabat.

Ondorio horretara eraman gaituen argudioa, zalantzarik gabe, ez da guk nahi bezain sendoa, baina hala gertatzen da argudio filosofiko askorekin, eta horregatik argudioaren izaera orokorra eta baliozkotasuna labur aztertzea merezi du. Ezagutza oro senezko gure usteen gainean eraiki behar dela ikusi dugu, eta horiek alde batera uzten baldin baditugu, ez da ezer geratzen. Baina gure senezko usteen artean batzuk besteak baino sendoagoak dira, eta, bestalde, horietariko asko, ohituraz eta elkarketaz, senezkoak ez diren baina senaz uste denaren osagaitzat faltsuki hartzen diren usteekin korapilatu dira.

Filosofiak senezko usteen hierarkia erakutsi behar digu, sendoentzat hartzen ditugun horietatik abiatuz eta uste horietako bakoitza albait bakartuen eta garrantzirik gabeko gehigarrietatik albait askeen aurkeztuz. Filosofiaren ardura da senezko gure usteak, amaieran finkatuak diren eran, elkarrekin bat datozela eta, halaber, sistema harmoniatsua osatzen dutela erakustea. Senezko uste bat alde batera uzteko arrazoirik ez dago sekula, beste usteekin bat ez etorri ezean. Hortaz, elkarrekin bat datozela suertatzen baldin bada, sistema osoak onarpena merezi du.

Jakina, gure uste guztiak, edo batzuk, okerrak izatea litekeena da, eta, ondorioz, uste horiei heldu behar zaie zalantza izpi bat gordez. Alabaina, uste bat alde batera uzteko arrazoirik ezin dugu eduki, bestelako usteren batean oinarritu ezean. Beraz, senezko gure usteak eta haien ondorioak antolatuz, eta berorien artean, premiarik baldin badago, zeintzuk diren alda daitezkeenak eta bertan behera utz daitezkeenak aintzat hartuz, gure ezagutzaren antolaketa ordenatu eta sistematiko batera hel gaitezke, senaz uste duguna datu soiltzat eta oinarrizkotzat hartuz. Nahiz eta errakuntzaren ahalbideak dirauen, errakuntzaren probabilitatea gutxiagotzen da ezagutzaren zatiek elkarrekin dituzten erlazioen bidez eta, halaber, haren onarpenaren aurretik egindako miaketa zorrotzaren bidez.

Filosofiak zeregin hori, gutxienez, burutu dezake. Filosofo gehienek, nola edo hala, filosofiak hori baino askoz gehiago egin dezakeela uste dute; izan ere, bestelako bidetik lortzerik ez dagoen ezagutza eman diezaguke filosofiak, hain zuzen ere, unibertsoari, osotasun gisa, eta funtsezko errealitatearen zerizanari buruzko ezagutza. Hori horrela denetz alde batera utzita, filosofiak, seguru asko, aipatu dugun zeregin xumeagoa burutu dezake, eta hori, jakina, nahikoa da sen onaren egokitasuna zalantzan jartzen hasi direnentzat arazo filosofikoek eskatzen dituzten lan neketsu eta zailak justifikatzeko.