Edukira joan

Filosofiaren arazoak/3. Materiaren zerizana

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
3. Materiaren zerizana
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

3. Materiaren zerizana

Aurreko kapituluan gure zentzumen-datuak –adibidez, mahaiari dagozkionak– guregandik eta gure hautemateetatik independentea den zerbaiten existentziaren zeinuak direla uste izatea arrazionala dela onartu genuen, nahiz eta arrazoi frogagarriak aurkitzeko gai ez izan. Hau da, nire ikuspuntutik mahaiaren agerpena osatzen duten kolore, gogortasun, zarata eta halako sentipenetatik harantzago zerbait gehiago dagoela uste dut, eta sentipen horiek gauza horren agerpenak dira. Begiak ixten baldin baditut, koloreak existitzeari uzten dio; neure besoak mahaia ukitzeari uzten baldin badio, gogortasunaren sentipenak existitzeari uzten dio; neure hatz-koskorrez mahaiari kolpetxoak jotzeari uzten baldin badiot, hotsak existitzeari uzten dio. Baina ez dut uste mahaia desagertzen dela gauza horiek guztiak desagertzen direnean. Aitzitik, mahaia etenik gabe existitzen delako, zentzumen-datu horiek guztiak berragertuko direla uste dut begiak ireki orduko, besoa berriro kokatu orduko eta hatz-koskorrez kolpetxoka berriro hasi orduko, hain zuzen ere. Kapitulu honetan kontuan hartu beharreko galdera honako hau da: zein da nik mahaia hautematearen mendean ez dagoen eta, halaber, bere horretan dirauen mahai errealaren zerizana?

Fisikak galdera horri erantzuna ematen dio; egia esan, erantzun osatugabe samarra eta, oraindik ere, hipotetikoa, baina, hala ere, bere neurrian errespetua merezi duena. Fisika, hein batean oharkabean, natur fenomeno guztiak higidurara erreduzitu behar direla dioen ikuspuntura iritsi da. Argia, beroa eta hotsa uhin-higiduren kariaz dira, zeinek beroriek bidaltzen dituen gorputzetik argia ikusten edo beroa sumatzen edo hotsa entzuten duen pertsonarenganaino bidaiatzen baitute. Uhin-higidura daukan zera edo eterra da edo «materia gordina» da, baina bi kasu horietan filosofoak materia esango luke. Zientziak materiari egokitzen dizkion propietate bakarrak espazioan duen kokapena eta higiduraren legeen arabera higitzeko ahalmena dira. Zientziak ez du ukatzen bestelako propietateak eduki ditzakeela; baina edukiko balitu, bestelako propietate horiek ez lirateke baliagarriak izango zientzialariarentzat, eta ez liokete inola ere hari lagunduko fenomenoak azaltzen.

«Argia uhin-higidura mota bat da» esaten da noizean behin, baina hori nahasgarria izan daiteke; izan ere, guk berehalakoan ikusten dugun eta zentzumenen bitartez zuzen-zuzenean ezagutzen dugun argia ez da uhin-higidura mota bat, erabat bestelako gauza bat baizik –itsuak ez baldin bagara, guk guztiok ezagutzen dugun zerbait da, nahiz eta itsua den gizaki bati haren deskribapena emateko gai ez garen. Uhin-higidura, berriz, oso ondo deskriba dakioke gizaki itsu bati, ukimenaren bitartez espazioaren ezagutza atzeman baitezake; eta itsasotik barrena bidaiatuz uhin-higiduraren esperientzia ia guk bezain ondo eduki baitezake. Alabaina, gizaki itsu batek uler dezakeena ez da guk argi hitzaren bidez esan nahi duguna: argi hitzaren bidez esan nahi duguna pertsona itsu batek ulertu ezin duena eta, halaber, berari ezin deskribatu dioguna da.

Itsuak ez garen guztiok ezagutzen dugun zer hori ez da, zientziarekin bat eginez, kanpoko munduan aurki daitekeen zerbait: uhinen zenbait ekintzak argia ikusten duen pertsonaren begietan, nerbioetan eta burmuinean sortu duten zerbait da. Argia uhina dela esaten denean, uhinak argiaren gure sentipenen kausa fisikoak direla esan nahi dugu benetan. Baina ikusten duen jendeak esperimentatzen duen eta jende itsuak esperimentatzen ez duen argia ez da, zientziaren ustez, guregandik eta gure zentzumenetatik independentea den munduaren zati bat. Antzeko iruzkinak aplika lekizkieke beste sentipen motei.

Materiaren mundu zientifikotik kanpo geratzen diren bakarrak ez dira koloreak, hotsak eta horrelakoak, ikusmenaren eta ukimenaren bidez atzematen dugun espazioa ere kanpo geratzen da. Zientziarentzat ezinbestekoa da haren materia espazio batean egotea, baina materiaren espazioa ezin da izan zehatz-mehatz guk ikusten edo sentitzen duguna. Lehenik eta behin, espazioa, guk ikusten dugun eran, ez da guk ukimenaren bidez atzematen dugun espazio bera; ikusten ditugun gauzak nola ukitu, edo ukimenaren bidez sumatutako gauzak nola ikusi haurtzaroko esperientziaren bitartez bakarrik ikasten dugu. Baina zientziaren espazioa ez dago lotuta ez ukimenarenekin ez ikusmenarekin; hortaz, ezin da izan ez ukimenaren espazioa, ezta ikusmenaren espazioa ere.

Halaber, zenbait pertsonak, beren ikuspuntuaren arabera, objektu bera ikusten dute forma desberdinak balitu bezala. Esaterako, txanpon biribil batek, zehatz-mehatz haren aurrean egon ezean, obala dirudi, nahiz eta beti biribila dela juzgatu beharko genukeen. Biribila dela dioen judizioa egiten dugunean, forma erreala duela dioen judizioa egiten dugu; izan ere, hura ez da ageriko forma, baizik eta, agerikoa dena alde batera utzi eta gero, txanponari dagokion berez-berezko forma da. Alabaina, forma erreal horrek zientziak jorratzen duen espazio errealean egon behar du, eta espazio hori ez da inoren ageriko espazioa. Espazio erreala publikoa da, eta ageriko espazioa pribatua da, hautematen duenarena. Badirudi zenbait pertsonaren espazio pribatuetan objektu berak zenbait forma dituela; beraz, espazio erreala, non objektuak forma erreala duen, espazio pribatuetatik bereizi behar dugu. Ondorioz, zientziaren espazioa, nahiz eta ikusten eta sentitzen ditugun espazioekin loturik dagoen, ez da haien berdina, eta lotura horren izaera oraindik ere sakonago ikertu behar da.

Objektu fisikoak eta zentzumen-datuak ezin direla guztiz berdinak izan behin-behinean onartu dugu; alabaina, objektu fisikoak gure sentipenen kausatzat har daitezke. Objektu fisiko horiek «espazio fisikoa» deritzogun zientziaren espazioan daude. Objektu fisikoek gure sentipenak kausatzen baldin badituzte, orduan garrantzitsua da kontuan hartzea objektu horiek eta, halaber, gure zentzumen-organoak, nerbioak eta burmuina bere baitan hartzen dituen espazio fisikoa egotea beharrezkoa dela. Objektu batekin kontaktuan gaudenean ukimenari dagokion sentipena eskuratzen dugu; hau da, gure gorputzaren zatiren batek okupatzen duenean objektuak okupatzen duen espaziotik erabat gertu dagoen espazio fisikoa. Guk (azaletik mintzatuz) objektu bat ikusten dugu espazio fisikoan objektuaren eta gure begien artean inolako gorputz opakorik ez dagoenean. Halaber, guk objektua entzuten, usaintzen edo dastatzen dugu objektutik nahikoa gertu gaudenean, edo objektu horrek mingaina ukitzen duenean, edo espazio fisikoan, gure gorputzari dagokionez, kokapen egokiren bat duenean bakarrik. Biak, objektua eta gure gorputza, espazio fisiko batean kontsideratu ezean, ezin gara hasi objektu zehatz batetik zirkunstantzia desberdinetan eratorriko ditugun sentipenak zeintzuk diren baieztatzen; izan ere, objektutik eratorriko diren sentipenak zeintzuk diren nagusiki determinatzen dutenak objektuaren eta gure gorputzaren kokapen erlatiboak dira.

Gure zentzumen-datuak gure espazio pribatuetan kokaturik daude; edo ikusmenaren espazioan edo ukimenaren espazioan edo bestelako zentzumenek eman diezazkiguketen halako espazio lausoagoetan. Zientziak eta sen onak onartzen duten bezala, espazio fisiko, orohartzaile eta publikoa baldin badago, non objektu fisikoak dauden, orduan espazio fisikoan objektu fisikoek dituzten kokapen erlatiboak gure espazio pribatuetan zentzumen-datuek dituzten kokapen erlatiboei dagozkie, gutxi gorabehera. Hori hala dela suposatzeak ez dakar inolako zailtasunik. Errepide batean etxe bat guregandik beste bat baino hurbilago dagoela ikusten baldin badugu, bestelako zentzumenek ere hurbilago dagoela baieztatuko dute; esaterako, errepidean barrena oinez joaten garenean etxe hartara lehenago iritsiko gara. Guregandik hurbilago dagoela dirudien etxea hurbilago dagoela onartuko dute beste pertsonek; topografia zerbitzuak ere uste bera jasoko du; eta, horrela, esandako guztiak agerian uzten du etxeei begira gaudenean ikusten ditugun zentzumen-datuen arteko erlazioari dagokion etxeen arteko espaziozko erlazioa. Hortaz, espazio fisiko bat badagoela onar dezakegu, non objektu fisikoek espaziozko erlazioak dituzten, hain zuzen ere, objektu fisikoei berei dagozkien zentzumen-datuek espazio pribatuetan dituzten erlazioei dagozkien erlazioak. Espazio fisiko hori da geometrian aztertzen dena, baita fisikan eta astronomian onartzen dena ere.

Espazio pribatuei dagokien espazio fisikoa egon badagoela onartuz gero, zer ezagut dezakegu hari buruz? Elkarrekikotasuna ziurtatzeko behar dena bakarrik ezagut dezakegu. Hau da, espazioa berez zer den ezin dugu jakin, baina objektu fisikoen arteko espaziozko erlazioetatik ondorioztatzen den haien antolamendu mota ezagut dezakegu. Esaterako, eklipsea gertatzen denean Lurra, Ilargia eta Eguzkia lerro zuzen batean kokatuta daudela jakin dezakegu, nahiz eta lerro zuzen fisiko bat berez zer den ez dakigun; ez lerro zuzen baten itxura gure ikus-espazioan ezagutzen dugun neurri berean bederen. Hortaz, espazio fisikoko distantzien arteko erlazioei buruz askoz gehiago jakitera iristen gara, distantziei berei buruz baino; jakin dezakegu distantzia bat beste bat baino handiagoa dela, edo bata zein bestea lerro zuzen berean daudela, baina distantzia fisikoei buruz ezin dugu izan gure espazio pribatuetako distantziei buruz edo koloreei, hotsei edo bestelako zentzumen-datuei buruz dugun ezagutza zuzena. Itsu jaiotako pertsona batek beste pertsona baten bitartez ikusmenaren espazioari buruz jakin ditzakeen gauza guztiak guk ere jakin ditzakegu espazio fisikoari buruz; baina itsu jaiotako pertsona batek ikusmenaren espazioari buruz sekula jakiterik izango ez dituen gauzak guk ere ezin izango ditugu jakin espazio fisikoari buruz. Zentzumen-datuekiko elkarrekikotasunari eusteko behar diren erlazioen propietateak ezagut ditzakegu, baina ezin izango dugu ezagutu erlazionatuta dauden terminoen zerizana.

Denborari dagokionez, iraupenaren eta denbora igarotzearen gainean dugun sentimendua erlojuan igaro den denborari dagokionez ez da, zalantzarik gabe, gida segurua. Asperturik edo minez gaudenean denbora astiro igarotzen da; gustura jarduten garenean denbora azkar igarotzen da, eta lo egiten dugunean denbora ia existituko ez balitz bezala igarotzen da. Hortaz, iraupenak denbora osatzen duen heinean, espazioaren kasuan bezala, denbora publikoa eta pribatua bereizteko premia bera badago. Alabaina, denbora aurretik/ondoren ordena bat denez, ez dago bereizketa hori egiteko premiarik. Ikus dezakegunaren arabera, gertaldiek omen duten denbora-ordena gertaldiek benetan duten denbora-ordena da. Edozein modutan ere, bi ordena horiek berdinak ez direla suposatzeko arrazoirik ezin da eman. Espazioari dagokionez eskuarki gauza bera da egiazkoa: giza erregimentu bat errepide batetik barrena martxan baldin badoa, erregimentuaren formak desberdina dirudi puntu desberdinetatik ikusita, baina gizakiak ordena berean antolaturik agertzen dira edozein puntutatik ikusita. Ondorioz, espazio fisikoan ere ordena egiazkotzat hartzen dugu, eta forma, berriz, ordenari eusteko behar denean bakarrik suposatzen da espazio fisikoari dagokiola.

Gertaldiek omen duten denbora-ordena benetan duten denbora-ordena bera dela esaten dugunean, premiazkoa da gaizki-ulertu baten aurka babesa hartzea. Ez da suposatu behar, batetik, objektu fisiko desberdinen zenbait egoerak eta, bestetik, objektu horien hautematea osatzen duten zentzumen-datuek denbora-ordena bera dutela. Trumoia eta tximista, objektu fisikoak gisa, aldi berekoak dira; hau da, tximista eta airearen perturbazioa aldi berekoak dira perturbazioa hasten den tokian, alegia, tximista gertatzen den tokian. Alabaina, «trumoia entzutea» deritzogun zentzumen-datua ez da gertatzen airearen perturbazioa gu gauden tokiraino iritsi arte. Antzera, Eguzkiaren argiak gureganaino iritsi arte zortzi minutu behar ditu; horrela, Eguzkia ikusten dugunean orain dela zortzi minutuko Eguzkia ikusten ari gara. Zentzumen-datuek Eguzki fisikoari buruzko ebidentzia ematen diguten heinean orain dela zortzi minutuko Eguzkiari buruzko ebidentzia ematen digute. Eguzki fisikoak azken zortzi minutu horietan existitzeari utzi baldin badio, orduan gertakari horrek ez luke inolako aldaketarik eragingo «Eguzkia ikustea» deritzogun zentzumen-datuaren gain. Horrek zentzumen-datuen eta objektu fisikoen artean bereizketa egiteko premiaren azalpen berri bat ematen digu.

Espazioari buruz aurkitu duguna eta zentzumen-datuen eta haien kontraparte fisikoen arteko elkarrekikotasunari buruz aurkitu duguna oso antzekoak dira. Objektu batek urdina baldin badirudi, eta beste batek gorria, orduan objektu fisikoen artean ere horrelako aldea dagoelakoan egon gaitezke arrazoiz; bi objektuk urdinak baldin badirudite, haien artean horrelako antzekotasuna dagoelakoan egon gaitezke. Alabaina, ezin dugu espero objektu horrek urdina irudi izana eragiten duen tasuna zuzenean ezagutzea. Zientziak tasun hori halako uhin-higidura mota dela esaten digu, eta horrek oso ezaguna dirudi, ikusten dugun espazioko uhin-higiduretan pentsatzen dugulako. Alabaina, uhin-higidurek espazio fisikoan egon behar dute benetan, zeinari buruz ez baitugu ezagutza zuzenik; hortaz, uhin-higidura errealak ez dira gure ustez haiek izan zitezkeen bezain hurbilak. Eta koloreei buruz balio duenak oso modu antzekoan balio du bestelako zentzumen-datuei buruz. Hortaz, nahiz eta objektu fisikoen arteko erlazioek mota guztietako propietate ezagungarriak dituzten, zeinak erlazio horiek zentzumen-datuen arteko erlazioekin duten elkarrekikotasunetik eratorriak izan baitira, objektu fisikoak berak ezezagunak direla finkatu dugu, beren berezko zerizana zentzumenen bitartez kausi daitekeen heinean bederen. Gelditzen zaigun galdera da ea bestelako metodoren bat dagoen objektu fisikoen berezko zerizana kausitzeko.

Ikusmenari dagozkion zentzumen-datuei buruz bederen, hasiera batean zuzenean onar daitekeen hipotesia honako hau litzateke, azkenean defendagarriena ez bada ere: ikusi ditugun arrazoien kariaz, nahiz eta objektu fisikoak zentzumen-datuen erabat antzekoak ezin diren izan, oraindik ere gutxi-asko antzekoak izan daitezke. Ikuspegi horren arabera, objektu fisikoak, esaterako, benetan koloredunak lirateke, eta guk, zorionez, objektua ikus genezake berak benetan duen kolorea eta guzti. Objektu batek une guztietan omen duen kolorea orokorrean oso antzekoa da, zenbait ikuspuntutatik ikusita guztiz berdina ez bada ere; beraz, kolore «erreala» batez besteko kolore mota bat litzatekeela suposa genezake, zenbait ikuspuntutatik sortzen diren tonu anitzen batez bestekoa, hain zuzen ere.

Beharbada, horrelako teoria ezin da erabat ezeztatu, baina funsgabea dela erakuts daiteke. Lehenik eta behin, garbi dago guk ikusten dugun kolorea begian jotzen duen argi-uhinaren zerizanaren araberakoa dela. Ondorioz, kolorea gure eta objektuaren artean dagoen mediumaren arabera ez ezik, objektutik begiranzko norabidean argia islatzeko eraren arabera ere alda daiteke. Bitarteko aireak, guztiz garbia izan ezean, koloreak aldatzen ditu, eta edozein islatze indartsuk erabat aldatuko ditu. Hortaz, ikusten dugun kolorea izpia begira iristeko moduaren emaitza da, eta ez bakarrik izpiaren abiapuntua den objektuaren propietate bat. Beraz, nolako uhinak iristen diren begira, halako kolorea ikusiko dugu, eta berdin dio uhinen jatorria den objektua koloreduna den edo ez. Horrenbestez, erabat funsgabea da objektu fisikoak koloredunak direla suposatzea, eta, ondorioz, halako suposaketa egiteko justifikaziorik ez dago. Bestelako zentzumen-datuei argudio guztiz antzekoak aplika dakizkieke.

Materia erreala baldin bada, honelako edo horrelako zerizana eduki behar duela esateko gai bihurtuko gaituzten argudio filosofiko orokorrak ote dauden galdetzea falta zaigu. Gorago azaldu dugun bezala, filosofo askok, agian gehienek, pentsatu izan dute erreala den guztiak zentzuren batean mentala izan behar duela, edo, bederen, hein batean ezagungarriak diren gauza guztiek zentzuren batean mentalak izan behar dutela. Filosofo horiei «idealistak» esaten zaie. Materia gisa agertzen dena benetan mentala dela esaten digute idealistek; hala nola, edo (Leibnizek zioen legez) gutxi-asko oinarrizko gogamenak edo (Berkeleyk baieztatzen duen eran) materia «hautematen» duten gogamenetako ideiak, eskuarki esan beharko genukeen bezala. Beraz, idealistek materiaren existentzia ukatzen dute –materia gogamenetik berez bereizten den gauza gisa ulertuz gero–, nahiz eta ez duten ukatzen gure zentzumen-datuak gure sentipen pribatuetatik independentea den zerbaiten zeinuak direla. Hurrengo kapituluan idealistek beren teoriaren alde ematen dituzten arrazoiak –nire ustez, falaziak direnak– ikusiko ditugu modu laburrean.