Edukira joan

Filosofiaren arazoak/11. Ezagutza intuitiboari buruz

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
11. Ezagutza intuitiboari buruz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

11. Ezagutza intuitiboari buruz

Ohiko irudipena da uste dugun guztia froga daitekeela, edo, gutxienez, oso probablea dela erakusteko aukera izango dugula. Jende asko sinetsita dago uste batentzat inolako arrazoirik ematerik ez baldin badago, orduan uste hori arrazoirik gabekoa dela. Oro har, ikuspegi hori zuzena da. Ohiko uste gehienak edo ondorioztatutakoak dira edo beste uste batzuetatik ondoriozta daitezke: azken uste horiek ohiko usteentzako arrazoia ematen dutela pentsatzen da. Ohi denez, arrazoia ahaztu egiten da, edo gure gogamenetan ez da inoiz ere kontzienteki agertzen. Gutako gutxik galdetu diogu noizbait geure buruari, adibidez, jatera goazen janaria pozoitsua ez dela suposatzeko dagoen arrazoia ea zein den. Hala ere, erronka egingo baligute, arrazoi erabat egokia aurki genezakeela uste dugu, nahiz eta une honetan horrelakorik egiteko prest ez egon. Eta uste horri dagokionez justifikatuta gaude eskuarki.

Baina irudika dezagun Sokrates tematiren bat: berari ematen diogun edozein arrazoiren aurrean, arrazoi horren arrazoia eskatzen jarraitzen du. Lehenago edo geroago, eta seguru asko denbora luzea igaro baino lehen, puntu batera bultzatuak izango gara, non ezin izango dugun arrazoi gehiagorik aurkitu eta non ia ziurra gertatzen den, teorikoki ere, arrazoi gehiagorik aurkitzerik ez dagoela. Eguneroko bizitzan ditugun ohiko usteetatik abiatuz, puntu batetik bestera atzerantz joan gaitezke, harik eta guztiz nabaria dirudien eta, halaber, nabariagoa den ezertatik deduzigarria ez den printzipio orokorren batera edo printzipio orokor baten kasu partikularren batera iritsi arte. Eguneroko bizitzan ditugun arazo gehienetan –hala nola, gure janaria pozoitsua baino elikagarria ote den bezalako arazoetan– 6. kapituluan eztabaidatu genuen printzipio induktibora helduko gara. Baina badirudi puntu horretatik atzerantz joaterik ez dagoela. Printzipio bera etengabe erabiltzen da gure arrazonamenduetan, zenbaitetan konturatuta eta besteetan konturatu gabe; haatik, sinpleagoa eta berez nabaria den printzipioren batetik abiatzen den eta, halaber, ondorio gisa indukzioaren printzipiora eramaten gaituen arrazonamendurik ez dago. Eta gauza bera esan daiteke beste printzipio logiko batzuei buruz. Haien egia nabaria da guretzat, eta frogapenak eraikitzeko erabiltzen ditugu; baina printzipio horiek berak, edo horietako batzuk bederen, ezin dira frogatu.

Dena dela, berezko nabaritasuna ez da mugatzen printzipio orokorren artean frogapenik onartzen ez duten horietara. Printzipio logikoen kopuru bat onartu denean, gainerakoak haietatik deduzi daitezke; sarritan, deduzitzen diren proposizioak frogapenik gabe onartzen direnak bezain nabariak izaten dira berez. Gainera, aritmetika osoa logikaren printzipio orokorretatik deduzi daiteke, nahiz eta «bi gehi bi lau dira» bezalako aritmetikako proposizio sinpleak logikaren printzipioak bezain nabariak diren berez.

Eztabaidagarria bada ere, badirudi, halaber, berez nabariak diren printzipio etiko batzuk egon badaudela, hala nola «ona denaren bila ibili beharko genuke».

Printzipio orokor guztiei dagokienez, adierazi beharra dago ohiko gauzez arduratzen diren printzipio horien kasu partikularrak printzipioak berak baino nabariagoak direla. Adibidez, kontraesanaren printzipioak baieztatzen du ezerk ezin duela propietate bat eduki eta ez eduki. Printzipio hori ulertu bezain laster printzipioa bera nabaria da, baina nabariagoa da dakusagun larrosa partikular bat ezin dela izan biak batera, gorria eta ez-gorria. (Jakina, litekeena da larrosaren zati batzuk gorriak izatea eta beste batzuk gorriak ez izatea; edo larrosa horrek arrosaren tonu bat izan dezake, halako eran non zaila den jakitea tonu horri gorria esan behar ote zaion edo ez. Baina, lehenengo kasuan, garbi dago larrosa bere osoan ez dela gorria, eta azkeneko kasuan, ordea, erantzuna teorikoki zehatza da, «gorri» hitzaren definizio doi bati buruzko erabakia hartu orduko.) Eskuarki, kasu partikularren bidez iristen gara printzipio orokorra ulertzeko gai izatera. Abstrakzioak egiteko ohitura dutenek bakarrik berengana dezakete printzipio orokor bat kasu partikularren laguntzarik gabe.

Printzipio orokor horietaz gain, berez nabariak diren bestelako egiak sentipenetik zuzen-zuzenean eratorritakoak dira. Horrelako egiei «hautemate-egiak» deritzegu, eta beroriek adierazten dituzten judizioei «hautemate-judizioak» deritzegu. Hemen, dena dela, arretaz jokatu behar da berez nabariak diren egien zerizan zehatza eskuratzeko. Benetako zentzumen-datuak ez dira ez egiazkoak ez faltsuak. Adibidez, ikusten dudan kolore-gune partikularra existitzen da, besterik gabe: ez da egiazkoa edo faltsua den gauza mota. Horrelako gunea badagoela egiazkoa da; halako forma eta distira-maila duela egiazkoa da; halaber, beste kolore batzuk haren inguruan daudela ere egiazkoa da. Haatik, gunea bera, zentzumenen munduko beste gauza guztiak bezala, egiazkoak edo faltsuak diren gauzetatik erabat desberdina da, eta, ondorioz, ez da egokia esatea egiazkoa dela. Beraz, zentzumenetatik erdiets daitezkeen egia nabariek egia horiek berak lortzeko erabilitako zentzumen-datuetatik desberdinak izan behar dute.

Badirudi berez nabariak diren hautemate-egiak bi motatan banatzen direla, nahiz eta agian azken analisi batean bi mota horiek bat egin dezaketen. Batetik, zentzumen-datuaren existentzia bakarrik baiesten duen mota dago, haren azterketa egiten ez badu ere. Gorri-gunea dakusagu, eta «honelako-eta-horrelako gorri-gunea dago» edo, zorrotzago, «hori dago» juzgatzen dugu; hori da mota bateko hautemate-judizio intuitiboa. Zentzumeneko objektua konplexua denean eta berori, hein batean, aztertzen dugunean beste mota bat sortzen da. Esate baterako, gorri-gune biribila ikusten baldin badugu, orduan «gorri-gunea biribila dela» juzga dezakegu. Hori, berriro ere, hautemate-judizioa da, baina aurreko motatik bereizten da. Aztertzen ari garen mota horretan zentzumen-datu bakarra dugu, kolorea eta forma batera dituena: kolorea gorria da eta forma biribila da. Gure judizioak datua kolorearen eta formaren bitartez aztertzen du, eta orduan konbinatzen ditu, kolore gorria formari dagokionez biribila dela baieztatuz. Judizio mota horren beste adibide bat «hau horren eskuinean dago» da, non «hau» eta «hori» aldi berean ikusten ditugun. Judizio mota horretan zentzumen-datuak osagaiak ditu, eta osagai horiek beren arteko erlazioren bat dute, eta judizioak beroriek erlazio horretan daudela baieztatzen du.

Judizio intuitiboen beste multzo bat (zentzumen-judizioen antzekoak direnak, nahiz eta haietatik erabat bereizi behar diren) oroimen-judizioak dira. Oroimenaren zerizanari buruz nahasteko arriskuren bat badago; izan ere, objektuaz oroitzean objektuaren irudi bat agertzen da, eta irudi hori ez da oroipena osatzen duena. Hori erraz uler daiteke irudia orainean dela aintzat hartzen baldin badugu, eta oroitzen duguna, berriz, iraganean dela. Gainera, dugun irudia eta oroitutako objektua erkatzeko gai gara hein batean; horrela, sarritan badakigu, muga zabalen barruan, gure irudia zenbateraino den zuzena. Alabaina, hori ezinezkoa litzateke objektua, irudiaren aurrez aurre jarriz, zentzuren batean gogamenaren aurrean ez balego. Beraz, oroimenaren funtsa ez datza irudi horretan, iraganekotzat hartzen den objektua zuzen-zuzenean oroimenaren aurrean edukitzean baizik. Horrela ulertutako oroimenaren kariaz ez balitz, iragana noizbait izan dela ere ez genuke jakingo inola ere; ez ginateke gai izango «iragan» hitza ulertzeko, ez, bederen, gizaki itsu batek «argi» hitzaz uler dezakeena baino hobeto. Beraz, oroimen-judizio intuitiboak egotea beharrezkoa da, eta funtsean iraganaren ezagutza guztia haien mendekoa da.

Hala eta guztiz ere, oroimenaren kasuak zailtasun bat sortzen du, argi eta garbi haren barnean falazia bat gertatzen delako, eta, horregatik, orokorrean zalantzan jartzen duelako judizio intuitiboez fidatzea. Zailtasun hori ez da garrantzi gutxikoa. Alabaina, hasiera batean, mugatu dezagun ahalik eta gehien haren helmena. Orokorrean hitz eginda, oroimena fidagarria da esperientziaren bizitasunaren eta, halaber, hark denboran barrenean duen gertutasunaren proportzioan. Tximista batek ondoko etxean jo baldin badu orain dela minutu erdi bat, ikusitakoaz eta entzundakoaz daukadan oroipena hain da fidagarria, ezen funsgabekeria baita zalantzan jartzea distira bat izan ote den edo ez. Eta gauza bera aplikatuko zaie bizitasun gutxiagoko esperientziei, arestikoak baldin badira. Erabat ziur naiz orain dela minutu erdi bat orain eserita nagoen aulki berean eserita nengoela. Egunean barrena atzera egiten baldin badut, erabat ziurtzat jotzen ditudan gauzak aurkituko ditut, eta, halaber, ia ziurtzat jotzen ditudan beste gauza batzuk ere; beste gauza batzuk ziurtzat jo ditzaket pentsamenduaren bidez eta haiekin batera izandako zirkunstantziak gogoratuz, eta beste zenbait gauza ez ditut inola ere ziurtzat jotzen. Erabat ziur naiz gaur goizean gosaria hartu izanaz, baina, edozein filosofok egin beharko lukeen bezala, nire gosarian arretarik jarriko ez banu, orduan zalantzan egon beharko nuke. Gosariko elkarrizketari buruzko gauza batzuk erraz gogora ditzaket, beste batzuk kostata, zenbait zalantza pean, eta bestetzuk gogoratu ere ez ditut egingo. Beraz, gogoratzen dudanaren barruan mailaketa jarraia dago berezko nabaritasunaren mailari dagokionez; halaber, pareko mailaketa dago nire oroimenaren fidagarritasunean ere.

Horrenbestez, oroimen iruzurtiaren zailtasunari eman zaion lehenengo erantzuna hau izan da: oroimenak berezko nabaritasunaren mailak ditu, eta horiek oroimenaren fidagarritasun-mailei dagozkie, eta arestiko eta biziak diren gertakarien oroipena berezko nabaritasun osoaren eta fidagarritasun osoaren mugara iristen da.

Haatik, badirudi guztiz faltsua den oroipenari buruzko uste oso tinkoa dugula zenbaitetan. Ziur aski, kasu horietan benetan gogoratzen dena (zuzen-zuzenean gogamenaren aurrean izatearen zentzuan) faltsuki uste den horretatik desberdina da, nahiz eta orokorrean uste denarekin lotuta dagoen zerbait izan. Esaten da Jorje IV.ak Waterlooko batailan egon zela uste zuela azkenean, han egon zela sarri askotan esaten zuelako. Kasu horretan, zuzen-zuzenean gogoratzen zena haren baiespen errepikatua zen; hark baiesten zuenari buruzko ustea (horrelakorik existitu baldin bada) ekoiztua izan zen gogoratutako baiespenarekin lotuta, eta, ondorioz, ez zen oroipenaren benetako kasu bat. Badirudi barruan horrelako falazia duten oroipenaren kasu horiek horrela azter daitezkeela, hau da, erakuts daiteke ez direla oroipenaren kasuak zentzu hertsi batean.

Oroimenaren kasuak berezko nabaritasunari buruzko puntu garrantzitsu bat garbi uzten du; alegia, berezko nabaritasunak mailak ditu. Berezko nabaritasuna ez da dagoen edo ez dagoen tasun bat, baizik eta erabateko ziurtasunetik ia hautemanezina den ahultasunera doan mailaketan gutxi gorabehera dagoen tasun bat. Hautemate-egiek eta logikaren zenbait printzipiok berezko nabaritasunaren maila altuena daukate; berehalako oroimen-egiek ia antzeko maila altua dute. Indukzioaren printzipioak logikaren beste printzipio batzuek (esaterako, honako hau: «egiazko premisa batetik ondorioztatzen denak egiazkoa izan behar du») baino berezko nabaritasun gutxiago dauka. Oroipenek, zenbat eta urrunagoak eta ahulagoak izan, gero eta txikiagoa den berezko nabaritasuna dute; logikaren eta matematikaren egiek berezko nabaritasun txikiagoa dute (orokorrean hitz eginez), konplikatuagoak diren neurrian. Berezko balio etikoei nahiz estetikoei buruzko judizioek berezko nabaritasunaren maila eduki dezakete, baina ez handia.

Berezko nabaritasunaren mailak garrantzitsuak dira ezagutzaren teorian; izan ere, proposizioek, egiazkoak izan gabe, berezko nabaritasunaren mailaren bat baldin badute (eta seguru asko hala da), ez da beharrezkoa izango bertan behera uztea berezko nabaritasunaren eta egiaren arteko lotura oro. Horren ordez, liskarrik baldin badago, berez nabariagoa den proposizioari eutsi behar zaiola eta berez hain nabaria ez denari, berriz, utzi behar zaiola esango dugu.

Hala eta guztiz ere, oso litekeena da, antza denez, gorago azaldu dugun «berezko nabaritasun» horretan bi nozio desberdin nahastea; horietako bat, berezko nabaritasunaren maila altuenari dagokiona, egiaren bermea da, huts egiterik ez daukan bermea benetan, eta gainerako maila guztiei dagokien beste nozioa, berriz, ez da huts egiten ez duen bermea, ona edo ez hain ona den presuntzio bat baizik. Hori, dena dela, iradokizun bat baino ez da, oraingoz gehiago garatzerik ez dagoena. Egiaren zerizana jorratu eta gero, berezko nabaritasunaren gaira itzuliko gara, ezagutzaren eta errakuntzaren arteko bereizketarekin lotuz.