Edukira joan

Filosofiaren arazoak/12. Egia eta faltsutasuna

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
12. Egia eta faltsutasuna
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

12. Egia eta faltsutasuna

Egien gure ezagutzak –gauzen ezagutzak ez bezala– aurkako bat dauka, errakuntza, hain zuzen ere. Orain arte, gauzei dagokienez, edo ezagutzen ditugu edo ez ditugu ezagutzen, baina ez dago gauzen ezagutza oker gisa deskriba daitekeen gogo-egoera positiborik, baldin eta bitartekorik gabeko ezagutzara mugatzen bagara bederen. Bitartekorik gabe ezagutzen dugun edozein gauza zerbait da ezinbestean; bitartekorik gabeko gure ezagutzatik abiatuz, inferentzia okerrak burutu ditzakegu, baina bitartekorik gabeko ezagutza bera ezin da izan engainagarria. Beraz, bitartekorik gabeko ezagutzari dagokionez ez dago dualismorik. Aitzitik, egien ezagutzari dagokionez, dualismoa badago. Bai faltsua dena bai egiazkoa dena uste izan ditzakegu. Gai askori buruz jendeak iritzi desberdinak eta bateraezinak edukitzen dituela jakin badakigu: hortaz, uste batzuek okerrak izan behar dute. Sarritan, uste okerrei egiazko usteei bezain gogor eusten zaienez gero, arazo zail bihurtzen da uste okerrak egiazkoetatik nola bereizi behar diren. Emandako kasu baten aurrean, nola jakingo dugu gure ustea ez dela okerra? Hori zailtasun goreneko galdera da, eta erantzun erabat egokia ematea ezinezkoa da. Dena dela, badago hain zaila ez den aurretiko galdera, eta hauxe da: «egia» eta «faltsutasun» hitzen bitartez, zer esan nahi dugu? Hori da kapitulu honetan aztertuko dugun aurretiko galdera.

Kapitulu honetan ez gara galdetzen ari ea nola jakin dezakegun uste bat egiazkoa edo faltsua ote den: galdetzen ari gara, ordea, ea zer esan nahi dugun galdetzen dugunean uste bat egiazkoa edo faltsua ote den. Espero dezagun galdera horri emandako erantzun argi batek lagunduko digula honako galderaren erantzuna lortzen: zeintzuk dira egiazkoak diren usteak? Baina oraingoz «zer da egia?» eta «zer da faltsutasuna?» bakarrik galdetuko dugu, ez, ordea, «zeintzuk dira egiazkoak diren usteak?» eta «zeintzuk dira faltsuak diren usteak?» Oso garrantzitsua da galdera horiek elkarrengandik guztiz bereiztea, zeren eta haien arteko edozein nahasketak galdera horiei, batzuei zein besteei, erantzuna ematerik ez izatea eragingo baitu.

Egiaren zerizana aurkitzeko saialdian, hiru puntu aztertu behar dira, edozein teoriak bete behar dituen hiru baldintza, hain zuzen ere.

(1) Egiaren gure teoriak egiaren beraren aurkakoa –hau da, faltsutasuna– onartzeko gai izan behar du. Filosofo on askok baldintza hori egokiro asebetetzea ez dute lortu. Eraiki dituzten teorien arabera, gure pentsamendu guztiak egiazkoa izan beharko luke, eta, orduan, egundoko zailtasuna izan dute faltsutasunari leku bat egiteko. Hori dela-eta, ustearen teoria bitartekorik gabeko ezagutzaren teoriatik bereizi behar da, bitartekorik gabeko ezagutzaren kasuan ez baitzen beharrezkoa inolako aurkakorik aintzakotzat hartzea.

(2) Nahikoa nabaria dirudi faltsutasunik ezin litzatekeela egon, ezta egiarik ere, usterik ez balego, egia faltsutasunaren koerlatiboa den heinean. Materia hutsezko mundua irudikatuko bagenu, horrelako munduan ez legoke lekurik faltsutasunarentzat; eta mundu horrek bere barruan «gertakariak» deritzen horiek eduki arren, ez luke bere barruan egiarik edukiko, egiak eta faltsutasunak mota bereko gauzak diren heinean. Izan ere, egia eta faltsutasuna usteen eta baieztapenen propietateak dira: hortaz, materia hutsezko munduak bere barruan usterik edo baieztapenik ez daukanez, ez du edukiko bere barruan ez egiarik ez faltsutasunik.

(3) Baina, arestian esan dugunaren aurka, kontuan hartu behar da ustearen egia eta faltsutasuna beti daudela ustetik beretik kanpo dagoen zerbaiten mendean. Karlos I.a urkabean hil zela uste baldin badut, nik egiazki uste dut, baina horren arrazoia ez da uste hori aztertze hutsaren bitartez aurki daitekeen ustearen berezko tasun bat, baizik eta orain dela bi mende eta erdi jazotako gertaldi historiko bat. Karlos I.a bere ohean hil zela uste baldin badut, nik faltsuki uste dut: nire usteak duen ezein bizitasun-mailak edo uste horretara iristeko izan dudan ardurak ez du eragotziko uste hori faltsua izatea, eta arrazoia, berriro ere, orain dela asko gertatutakoa da, ez, ordea, nire usteak duen berezko propietateren bat. Hortaz, egia eta faltsutasuna usteen propietateak badira ere, usteek beste gauzekin dituzten erlazioen mendekoak dira, ez, ordea, usteen barneko tasunen baten mendekoak.

Goiko hirugarren baldintzak egia ustearen eta gertakariaren arteko elkarrekikotasunen batean datzala dioen ikuspegia onartzera bultzatzen gaitu; ikuspegi hori, oro har, ohikoena izan da filosofoen artean. Hala eta guztiz ere, ez da batere erraza aurkitzea kontrako arrazoi erantzunezinik ez duen elkarrekikotasun mota bat. Horregatik –eta, neurri batean, ikusten delako pentsamenduak ez duela sekula jakingo egia noiz erdietsi den, egia pentsamenduak pentsamendutik kanpo dagoen zerbaitekin duen elkarrekikotasunean baldin badatza– filosofo ugari saiatu dira egiaren definizioren bat aurkitzen, non egia ez den ustetik erabat kanpo dagoen zerbaitekiko erlazioa. Mota horretako definizioa lortzeko ahalegin garrantzitsuena egia koherentzian datzala dioen teoria izan da. Teoria horrek dio gure usteen gorputzarekin koherentea izaten huts egitea faltsutasunaren zeinua dela, eta Egia Osoa den sistema erabat biribil bateko osagaia izatea egiaren esentzia dela. Dena dela, ikuspegi horrek arazo larri bat edo, hobeto esanda, bi arazo larri ditu. Lehenengoa hauxe da: ez dago inolako arrazoirik usteen gorputz koherente bakar bat baino ez dela posible suposatzeko. Litekeena da nobelagile batek irudimen nahikoaz munduarentzako iragan bat asmatzea, zeharo bat datorrena ezagutzen dugunarekin eta, halaber, iragan errealetik zeharo desberdina dena. Kontu zientifikoagoei dagokienez, egia da behin baino gehiagotan gai bati buruz ezagutzen diren gertakari guztiak azaltzen dituzten bi hipotesi, edo gehiago, izaten direla, eta horrelakoetan zientzialariak hipotesi bat izan ezik beste guztiak bazterreratuko dituzten gertakariak aurkitzen saiatzen diren arren, ez dago arrazoi bat bera ere saialdi horretan beti arrakasta izango dutela pentsatzeko.

Filosofian, berriro ere, ez da batere ezohikoa aurkako bi hipotesi gai izatea gertakari guztiak azaltzeko. Hortaz, esaterako, litekeena da bizitza amets luzea izatea eta kanpoko munduak ametsetako objektuek duten errealitate-maila baino ez edukitzea. Baina ikuspegi hori ezagutzen diren gertakariekin elkartezina dela ez badirudi ere, ez dago inolako arrazoirik ikuspegi hori hobesteko sen onaren ikuspegiaren aldean, zeinaren arabera beste jendea eta gauzak benetan existitzen baitira. Hortaz, koherentziak, egiaren definizio gisa, huts egiten du, sistema koherente bakar bat baino ezin dela izan ezartzen duen frogaketarik ez dagoelako. Egiaren definizio horren kontrako beste arrazoi bat hauxe da: «koherentzia» hitzaren esanahia ezaguna dela onartzen du, baina «koherentzia» horrek logikaren legeen egia aurresuposatzen du. Bi proposizio koherenteak dira biak batera egiazkoak izan daitezkeenean, eta inkoherenteak dira bietako batek, gutxienez, faltsua izan behar duenean. Bi proposizio batera egiazkoak izan daitezkeela jakiteko, kontraesanaren legearen tankerako egiak ezagutu behar ditugu. Adibidez, «zuhaitz hau pagoa da» eta «zuhaitz hau ez da pagoa» proposizioak ez dira koherenteak kontraesanaren legearen kariaz. Baina kontraesanaren legeak berak koherentziaren testa pasa beharko balu, eta berori faltsua dela dioen suposizioa aukeratuko bagenu, ezer ez litzatekeela inkoherentea izango beste ezerekin aurkituko genuke. Hortaz, logikaren legeek koherentziaren testa aplikatzeko hezurdura edo moldea ematen digute, eta lege horiek berak ezin dira finkatu test hori erabiliz.

Goian aipatutako bi arrazoi horiengatik, ezin da onartu koherentziak egiaren esanahia ematen digula, nahiz eta berori, egien kopuru bat ezaguna gertatu denean, egia-test garrantzitsuetako bat izan sarritan.

Beraz, gertakariekiko elkarrekikotasun horretara, egiaren zerizanaren osagai gisa, itzuli behar dugu. «Gertakari» hitzaren bitartez zer esan nahi dugun eta, ustea egiazkoa izatearren, ustearen eta gertakariaren artean egon behar duen elkarrekikotasunaren zerizana zein den zehatz-mehatz definitzea falta zaigu.

Gure hiru baldintza horien arabera, honelako teoria bilatu behar dugu:

(1) Teoriak egiak aurkako bat duela onartzen du, hain zuzen ere, faltsutasuna onartzen du.

(2) Teoriak egia usteen propietatetzat hartzen du, baina

(3) usteek kanpoko gauzekin duten erlazioaren erabat mendekoa den propietatetzat hartzen du egia.

Faltsutasunari toki bat egin behar zaionez, ezinezkoa da ustea gogamenak objektu bakun batekin duen (objektu horri «uste dena» esan dakioke) erlaziotzat hartzea. Horrela hartuko bagenu, jabetuko ginateke, bitartekorik gabeko ezagutzarekin gertatzen zen bezala, usteak ez lukeela onartuko egiaren eta faltsutasunaren arteko oposaketa; aitzitik, usteak beti izan beharko luke egiazkoa. Adibideen bitartez argi daiteke auzi hori. Othellok faltsuki uste du Desdemonak Cassio maite duela. Ezin dugu esan uste hori «Desdemonaren Cassiorenganako maitasuna» bezalako objektu bakun batekiko erlazioan datzala; izan ere, horrelako objektua balego, ustea egiazkoa litzateke. Baina benetan ez dago horrelako objekturik, eta, ondorioz, Othellok ezin du izan inolako erlaziorik horrelako objektuarekin. Beraz, haren ustea ez datza inondik ere objektu horrekiko erlazioan. Esan liteke haren ustea beste objektu batekiko erlazioa dela, hain zuzen ere, «Desdemonak Cassio maite duela» objektuarekikoa. Baina Desdemonak Cassio ez duenean maite horrelako objektua dagoela suposatzea «Desdemonaren Cassiorenganako maitasuna» objektua dagoela suposatzea bezain zaila da. Beraz, hobe da ustea gogamenak objektu bakun batekin duen erlaziotzat hartzen ez duen teoriaren bat bilatzea.

Ohikoa da pentsatzea erlazioak beti bi terminoren artean izaten direla, baina hori ez da beti gertatzen. Erlazio batzuek hiru termino behar dituzte, beste batzuek lau, eta abar. Har dezagun, esaterako, «artean» erlazioa. Bi terminok bakarrik parte hartzen baldin badute, «artean» erlazioa ezinezkoa da: gutxienez hiru termino behar dira erlazio hori posible bihurtzeko. York Londresen eta Edinburghen artean dago; baina Londres eta Edinburgh munduko leku bakarrak balira, ez litzateke ezer egongo leku baten eta bestearen artean. Antzera, jeloskortasun erlazioak hiru pertsona behar ditu: horrelako erlaziorik ez dago, gutxienez hiru ez baldin badaude. «A-k nahi du B-k C-ren eta D-ren arteko ezkontza bultzatzea» bezalako proposizioak lau terminoko erlazioa dauka; hau da, A, B, C eta D terminoek parte hartzen dute, eta erlazio hori lau horiek guztiak jasotzen dituen forman baino ezin da adierazi. Kasuak mugarik gabe ugari daitezke, baina nahikoa izan da erakusteko badaudela erlazioak, gertatu ahal izan aurretik bi termino baino gehiago behar dituztenak.

Faltsutasuna egokiro aintzat hartu behar baldin badugu, juzgatzen edo uste izaten dugunean parte hartzen duen erlazioak zenbait terminoren artekoa izan behar du, ez, ordea, biren artekoa. Othellok Desdemonak Cassio maite duela uste duenean, hark gogamenaren aurrean ez du eduki behar «Desdemona- ren Cassiorenganako maitasuna» edo «Desdemonak Cassio maite duela» bezalako objektu bakuna; izan ere, bestela, edozein gogamenetatik kanpo irauten duten faltsutasun objektiboek egon behar dute; eta hori logikoki ukatzerik ez badago ere, ahal den neurrian saihestu behar den teoria da. Hortaz, errazago da faltsutasuna azaltzea judizioa halako erlaziotzat hartzen baldin badugu, non gogamena eta parte hartzen duten zenbait objektu beren kasa gertatzen diren; hau da, Desdemona, maite izatea eta Cassio terminoek guztiek erlazionatuta egon behar dute, eta erlazio horrek irauten du Othellok Desdemonak Cassio maite duela uste duenean. Erlazio hori, beraz, lau terminoko erlazioa da, Othello ere erlazioaren terminoetako bat delako. Lau terminoko erlazioa dela esaten dugunean, ez dugu esan nahi Othellok Desdemonarekin erlazioren bat duenik, eta erlazio bera duenik maite izate horrekin nahiz Cassiorekin. Hori egiazkoa izan daiteke uste izatearen erlaziotik bereizten diren beste erlazio batzuei buruz; baina uste izatea, argi eta garbi, ez da Othellok beste hiru termino horietako bakoitzarekin duen erlazioa, horiekin guztiekin batera duen erlazioa baizik: uste izatearen erlazioaren kasu bat baino ez dago, baina kasu horrek lau terminoak elkarrekin lotzen ditu. Hortaz, Othello bere ustea hausnartzen ari deneko unean benetan gertatzen ari da «uste izate» deritzon erlazioak Othello, Desdemona, maite izate eta Cassio osotasun konplexu batean elkarrekin lotzen dituela. «Ustea» edo «judizioa» deritzona uste izatearen edo juzgatzearen erlazio hori baino ez da, gogamena eta gogamenetik bereizten diren zenbait gauza erlazionatzen dituena. Uste– edo judizio-ekintza zenbait terminoren artean une partikular batean gertatzen den uste izatearen eta juzgatzearen erlazioa baino ez da.

Egiazko judizioa judizio faltsutik zertan bereizten den ulertzeko gai gara orain. Helburu horri begira, definizio batzuk onartuko ditugu. Judizio-ekintza guztietan juzgatzen duen gogamena dago, eta juzgatzen denari dagozkion terminoak ere daude. Gogamenari judizioko subjektua esango diogu, eta gainerako terminoei objektuak. Beraz, Othellok Desdemonak Cassio maite duela juzgatzen duenean, Othello subjektua da, eta Desdemona, maite izate eta Cassio, ordea, objektuak dira. Subjektuari eta objektuei batera judizioaren osagaiak deritze. Kontuan hartu behar da juzgatzearen erlazioak «zentzu» edo «norabide» deritzona duela. Metaforikoki, erlazioak bere objektuak ordena batean jartzen dituela esan dezakegu, eta berori erakuts daiteke perpausaren barruan hitzek duten ordenaren bitartez. (Hizkuntza flexibo batean gauza bera erakuts daiteke flexioen bitartez, hala nola, nominatiboaren eta akusatiboaren arteko desberdintasunaren bitartez.) Cassiok Desdemona maite duela dioen Othelloren judizioa Desdemonak Cassio maite duela dioen haren judiziotik bereizten da, juzgatzearen erlazioak bere osagaiak ordena desberdinetan kokatzen dituelako bi kasu horietan, nahiz eta bi judizio horiek osagai berak eduki. Antzera, Cassiok Desdemonak Othello maite duela juzgatzen baldin badu, judizioaren osagaiak osagai berak dira oraindik ere, baina haien ordena desberdina da. Juzgatzearen erlazioak eta gainerako erlazioek «zentzua» edo «norabidea» izatearen propietate hori dute. Erlazioen «zentzua» ordenaren eta seriearen azkeneko iturburua da, baita kontzeptu matematiko askorena ere; dena dela, ez da beharrezkoa kontu horretaz gehiago arduratzea.

«Juzgatze» eta «uste izate» deritzen erlazioez hitz egin genuen osotasun konplexu batean subjektua eta objektuak elkarrekin lotzen dituzten zerak balira bezala. Hori dela-eta, juzgatzea beste edozein erlazio bezalakoa da. Bi terminoren edo gehiagoren artean erlazio bat gertatzen denero, erlazio horrek terminoak osotasun konplexuan biltzen ditu. Othellok Desdemona maite baldin badu, orduan badago «Othelloren Desdemonarenganako maitasuna» bezalako osotasun konplexua. Erlazioak elkartzen dituen terminoak berak ere konplexuak izan daitezke, edo bakunak ere izan daitezke, baina haiek elkartzen direnean lortzen den osotasunak konplexua izan behar du. Zenbait termino erlazionatzen dituen erlazio bat gertatzen denero, termino horien batasunak osatutako objektu konplexu bat egon badago; eta, alderantziz, objektu konplexu bat dagoenero, bere osagaiak erlazionatzen dituen erlazio bat egon badago. Uste-ekintza gertatzen denean konplexu bat badago, non «uste izatea» elkartzen duen erlazioa den eta non subjektuak eta objektuak ordena batean antolatuak diren uste izatearen erlazioaren «zentzuaren» bitartez. Ikusi genuen bezala, «Othellok Desdemonak Cassio maite duela uste du» kasua gogoan hartzean objektuetako batek erlazioa izan behar du –adibide horretan, «maite izatearen» erlazioa. Baina erlazio hori, uste-ekintzan gertatzen den gisan, ez da subjektuak eta objektuek osatzen duten osotasun konplexuaren batasuna sortzen duen erlazioa. «Maite izatearen» erlazioa, uste-ekintzan gertatzen den gisan, objektuetako bat da –egiturako adreilu bat da, ez zimendua. Zimendua «uste izatearen» erlazioa da. Ustea egiazkoa denean, badago beste batasun konplexu bat, non ustearen objektu bat baino ez den erlazioak gainerako objektuak erlazionatzen dituen. Esaterako, Othellok Desdemonak Cassio maite duela egiatan uste baldin badu, orduan «Desdemonaren Cassiorenganako maitasuna» bezalako batasun konplexua dago, eta berori ustearen objektuek bakarrik osatua da, ustean zuten ordena berean, eta, gainera, objektuetako bat baino ez den erlazioa ustearen gainerako objektuak elkarrekin lotzen dituen zimendu gisa agertzen da orain. Bestalde, ustea faltsua baldin bada, orduan ez dago ustearen objektuek bakarrik osatzen duten horrelako batasun konplexurik. Othellok Desdemonak Cassio maite duela faltsuki uste baldin badu, orduan ez dago «Desdemonaren Cassiorenganako maitasuna» bezalako batasun konplexurik.

Beraz, uste bat egiazkoa da uste hori elkarturiko konplexu bati dagokionean, eta faltsua da horrelakorik gertatzen ez denean. Zehaztasunari begira, ustearen objektuak bi termino eta erlazio bat direla onartuz gero –terminoak uste izatearen «zentzuaren» bitartez ordena batean daudelarik–, orduan ordena horretan dauden bi termino erlazioaren bitartez konplexu batean elkartzen baldin badira, ustea egiazkoa da; bestela, faltsua da. Hori da bilatzen ari ginen egiaren eta faltsutasunaren definizioa. Juzgatzea edo uste izatea osagai gisa gogamen bat duen batasun konplexu bat da; gainerako osagaiek batasun konplexu bat osatzen baldin badute ustearen barruan duten ordena berean, orduan ustea egiazkoa da; bestela, faltsua da.

Beraz, egia eta faltsutasuna usteen propietateak izan arren, zentzuren batean, ez dira berezko propietateak. Izan ere, uste bat egiazkoa izateko baldintzak ez du bere barruan inolako usterik jasotzen, ez eta (orokorrean) inolako gogamenik ere; ustearen objektuak baino ez ditu jasotzen. Uste bat duen gogamen batek egiatan uste du, baldin eta gogamen hori barruan jasotzen ez duen konplexu bat badagokio usteari, hain zuzen ere, gogamen horren objektuak bakarrik dituen konplexua. Elkarrekikotasun horrek egia ziurtatzen du, eta horrelakorik ez egoteak faltsutasuna inplikatzen du. Hortaz, usteen bi ezaugarri aldi berean azaltzen ditugu: (a) usteak, beren existentziari dagokionez, gogamenen mendekoak dira, eta (b) egiari dagokionez, ez dira gogamenen mendekoak. Gure teoria honela berbaiezta dezakegu: «Othellok Desdemonak Cassio maite duela uste du» bezalako ustea kontuan hartzen baldin badugu, Desdemonari eta Cassiori objektu-terminoak deritzegu, eta maite izateari objektu-erlazioa. «Desdemonaren Cassiorenganako maitasuna» bezalako batasun konplexurik baldin badago –non objektu-terminoak objektu-erlazioaren bitartez erlazionatzen diren ustean duten ordena berean–, orduan batasun konplexu horri usteari dagokion gertakaria esaten zaio. Beraz, uste bat egiazkoa da uste horri dagokion gertakaria dagoenean, eta faltsua da dagokion gertakaririk ez dagoenean.

Ikusten da gogamenek ez dutela sortzen ez egiarik ez faltsutasunik. Gogamenek usteak sortzen dituzte, baina, usteak sortu eta gero, ezin dituzte uste horiek egiazko edo faltsu bihurtu, etorkizuneko gauzei dagokien kasu berezietan izan ezik, kasu horiek uste duen pertsonaren ahalmenaren pean daudelako; esaterako, trena hartzea. Uste bat egiazko bihurtzen duena gertakari bat da, eta gertakari horrek ez du inola ere bere barruan jasotzen ustea duen pertsonaren gogamena (salbuespeneko kasuetan izan ezik).

Orain, egiaren eta faltsutasunaren bidez esan nahi duguna erabaki ondoren, hurrengo urratsa da ikustea zer nolako bideak dauden uste hau edo hori egiazkoa edo faltsua ote den jakiteko. Hori izango da hurrengo kapituluaren ardura.