Edukira joan

Filosofiaren arazoak/15. Filosofiaren balioak

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
15. Filosofiaren balioak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

15. Filosofiaren balioak

Orain, filosofiaren arazoen azterketa labur eta osagabe honen bukaerara iritsi garenez, ondo legoke filosofiaren balioa zein den eta filosofia zergatik ikasi beharko genukeen ikustea ondorio gisa. Auzi hori aztertzeko premia areagotzen da kontuan hartzen baldin badugu gizaki askok, zientziaren eta afera praktikoen eraginpean, filosofia honako hau baino gehiago ote den zalantzan jartzeko joera dutelako: kaltegarria ez den baina alferreko huskeria da filosofia, eta ezagutza posible ez den auzietan bereizketa ziztrinak eta eztabaidak garatzen ditu.

Filosofiari buruzko ikuspegi horrek, hein batean, bizitzaren helburuen gaineko ideia okerraren eta, hein batean ere, filosofia lortzen ahalegintzen den ongi moten gaineko ideia okerraren emaitza dirudi. Fisika, bere asmakizunen bitartez, fisikari berari buruz ezer ez dakien jende askorentzat probetxuzkoa da; hortaz, fisika ikasteko gomendatzen da, ez bakarrik, edo hasiera batean, ikasleengan izango duen eraginarengatik, baizik eta gizakiarengan orokorrean izango duen eraginarengatik ere bai. Baliagarritasuna, bada, ez dago filosofiaren esku. Filosofia ikasketak filosofiako ikasleak ez direnentzat balioren bat izatekotan zeharkakoa izan behar du, filosofia ikasten dutenen bizitzaren gain hark eragindako efektuen bitartez gertatutakoa. Ondorioz, efektu horietan bilatu behar da lehenik eta behin filosofiaren balioa, eta ez beste inon.

Alabaina, gainera, filosofiaren balioa mugatzeko saialdian porrota ez izatekotan, oker gizaki «praktiko» deritzonaren aurreiritziak uxatu behar ditugu gure gogamenetik. Gizaki «praktikoak» –hitz hori sarritan erabiltzen den bezala– behar materialak baino ez ditu ezagutzen; konturatzen da gizakiek gorputzarentzako janaria behar dutela, baina ez da jabetzen gogamenari janaria emateko beharraz. Gizaki guztiak eroso baleude, pobrezia eta gaitzak mailarik txikienera gutxituko balira, oraindik ere lan handia geldituko litzaiguke balio handiko gizartea sortzeko; eta gaurko mundu honetan gogamenaren ongiek balio dute, gutxienez, gorputzaren ongiek adina. Gogamenaren ongien artean bakarrik aurkituko dugu filosofiaren balioa; eta horrelako ongien aurrean axolagabekeria agertzen ez dutenek bakarrik onar dezakete filosofia ikastea ez dela denbora alferrik galtzea.

Filosofiak, beste ikerketek bezalaxe, batez ere ezagutza du helburu. Filosofiaren helburua den ezagutza hori zientzia-gorputzari batasunaren eta sistemaren itxura ematen dion ezagutza mota da, baita gure sinesmen, aurreiritzien eta usteen oinarrien azterketa kritikoaren emaitza den ezagutza mota ere. Dena dela, neurri handi batean ezin dugu esan filosofiak bere arazoei behin betiko erantzunak emateko ahaleginetan arrakasta izan duenik. Matematikariari, mineralogian adituari, historialariari edo beste edozein adituri galdetzen baldin badiozu zein den bere zientziaren bitartez ikertzen den egien gorputz mugatua, erantzunak zuk entzuteko prest zauden denbora guztia iraungo du. Alabaina, filosofo bati galdera bera egiten baldin badiozu, hark aitortu beharko du, zintzoa izanez gero, bere ikerketak ez dituela lortu beste zientzia batzuek lortu dituzten emaitza positiboak. Hori, neurri batean, gertakari honen bitartez azal daiteke: gai bati buruzko ezagutza mugatua posible bihurtzen denero gai horri ez zaio «filosofikoa» esaten, eta banandutako zientzia bat osatzen du. Egun astronomiari egokitzen zaion zeruei buruzko ikerketa osoa garai batean filosofiaren barruan zegoen; Newtonen lan nagusiak «Natur filosofiaren printzipio matematikoak» izena zuen. Giza gogamenaz arduratzen den ikerketa, halaber, filosofiaren atala izan zen, baina orain filosofiatik banandu da eta psikologia bihurtu da. Hortaz, neurri handi batean, filosofiaren ziurtasun eza agerikoagoa da erreala baino: dagoeneko erantzun zehatzak izan ditzaketen galdera horiek zientzietan kokatzen dira, eta oraingoz erantzun zehatzik ez dutenek, berriz, filosofia deritzon hondarra osatzeko diraute.

Dena dela, filosofiaren ziurtasun ezari dagokionez, esandakoa egiaren zati bat baino ez da. Uler dezakegunaren arabera, giza adimenarentzat ebatzezinak diren arazo askok beren horretan iraun behar dute –haien artean daude gure bizitza espiritualean barne-barneko garrantzia dutenak–, adimenaren ahalmenek orain duten mailatik erabat desberdina den maila eduki ezean. Unibertsoak egitasmo edo helburu bateraturik al du, edo unibertsoa atomoen ustekabeko elkargunea baino ez al da? Unibertsoaren zati iraunkorra al da kontzientzia, jakinduriaren hazkunde mugagabearen itxaropena emango diguna, edo kontzientzia planeta txiki batean (non azkenean bizitza ezinezkoa izango den) suertatutako ustekabe labur bat al da? Ongia eta gaizkia garrantzitsuak al dira unibertsoarentzat, edo gizakiarentzat bakarrik al dira? Filosofiak horrelako galderak egiten ditu, eta filosofoek modu askotako erantzunak eman dizkiete. Hala eta guztiz ere, badirudi filosofoek iradoki dituzten erantzunak –ezta kasu bakar batean ere– ez direla frogatutako egiak, kontuan hartu gabe erantzun horiek beste bide batez aurki daitezkeen edo ez. Erantzun bat aurkitzeko itxaropena txikia bada ere, filosofiaren eginkizunaren atal bat da horrelako galderak aintzat hartzen jarraitzea, bide batez haien garrantziaz ohartaraziz; horrela, galdera horietaranzko hurbilketa guztiak aztertuko ditugu, eta, geure burua dudarik gabeko ezagutza frogagarrira mugatuz gero, hil zorian egon daitekeen unibertsoarenganako interes espekulatiboak piztuta iraungo du.

Egia da filosofo askok uste izan dutela filosofiak horrelako funtsezko galderei emandako erantzun batzuen egia finka dezakeela. Suposatu dute erlijio-usteei dagokienez egundoko garrantzia duena egiazkoa dela froga daitekeela frogapen hertsi baten bitartez. Horrelako saialdiak juzgatzearren, beharrezkoa da giza ezagutzaren miaketa bat egitea eta haren metodoen eta mugen gaineko iritzi bat lortzea. Horrelako gaiari buruz iritzia dogmatikoki ematea zentzu gutxikoa litzateke; baina aurreko kapituluetako ikerkuntzek ez baldin bagaituzte bide okerretik eraman, erlijio-usteen froga filosofikoak aurkitzeko itxaropenari uko egitera behartuta gaude. Ondorioz, ezin dugu sartu galdera horiei emandako erantzunen multzo zehatzik filosofiaren balioaren zati gisa. Beraz, berriro ere, filosofiaren balioa ez da egon behar filosofiako ikasleek eskuratu bide duten zalantzarik gabeko ezagutza frogagarrizko gorputz baten mendean.

Izan ere, filosofiaren balioa haren ziurtasunik ezean berean bilatu behar da nabarmenki. Azaletik bada ere, filosofiarik ezagutzen ez duen pertsona bizitzan barna sen onetik eratorritako aurreiritzietan harrapatuta mugitzen da, bai bere adinarekin eta nazioarekin lotuta dauden ohiko usteetatik eratorritakoetan, baita arrazoimen metodikoarekin elkarlanean ibili gabe edo haren baimenik gabe gogamenean hazitako iritzietatik eratorritakoetan ere. Horrelako pertsona batentzat munduak zehatza, mugatua eta nabaria izateko joera du; objektu arruntek ez dute arazorik sortzen, eta ahalbide arrotzak mespretxuz uzten dira bazterrean. Aitzitik, filosofia ikasten hasi bezain laster ikusten dugu objekturik egunerokoenek ere arazoak sortzen dituztela, hasierako kapituluetan esan bezala, eta, halaber, arazo horiei erantzun osagabea baino ezin zaiela eman. Gure pentsamenduak areagotzen dituzten eta, halaber, beroriek ohituraren tiraniatik askatzen dituzten ahalbide asko iradokitzeko gai da filosofia, nahiz eta filosofiak berak sortzen dituen zalantzei eman behar zaien egiazko erantzuna zein den ziurtasunez esateko gai ez den. Hortaz, filosofiak gauzak zer diren esateko unean ziurtasun sentimendua gutxiagotzen badu ere, gauzak zer izan daitezkeen esateko unean nabarmen areagotzen du gure ezagutza; filosofiak zalantza askatzailearen erresumara sekula sartu ez direnen dogmatismo harro samarra deusezten du, eta bizirik eusten dio daukagun harritzeko senari, ohiko gauzak ezohiko modu batean aurkezten dizkigulako.

Sumatu ez ditugun ahalbideak erakusteko erabileraz gain, filosofiak badu beste balio bat –agian baliorik nagusiena–, begiesten dituen objektuen handitasunetik eta begieste horretatik sortzen den xede estu eta pertsonaletatiko askatasunetik datorkiona. Senezko gizakiaren bizitza haren interes pribatuen eremuan harrapatuta dago: senideak eta lagunak haren bizitzaren barruan sar daitezke, baina kanpoko mundua ez da aintzat hartzen, senezko nahien eremuaren barruan sartzen denari dagokionez alde edo aurka jokatzen duen heinean izan ezik. Horrelako bizitza sukartua eta mugatua da, lasaia eta askea den bizitza filosofikoarekin erkatuz gero. Senezko interesen mundu pribatua txikia da, eta mundu pribatua lehenago edo beranduago hondoratuko duen mundu handi eta boteretsu baten erdian kokatuta dago. Gure interesen mundua kanpoko mundu osoa barneratzeko moduan zabaldu ezean, setiatua den gotorleku bateko soldadu-talde baten gisara geratzen gara; hau da, jakinaren gainean egonda arerioak ihes egitea eragozten duela eta azkenean amore ematea nahitaezkoa dela. Horrelako bizitzan ez dago bakerik, desio tematiaren eta nahimenaren ahalmenik ezaren arteko borroka iraunkorra baizik. Modu batera edo bestera espetxe eta borroka horietatik ihes egin behar dugu gure bizitza ederra eta askea izatekotan.

Ihesbide bat begieste filosofikoa da. Begieste filosofikoak, bere miaketa zabalenean, ez du zatitzen unibertsoa aurkako bi eremutan –adiskideak eta etsaiak, laguntzailea eta aurkakoa, ongia eta gaizkia–; Osotasuna alderdikeriarik gabe ikusten du. Begieste filosofikoak, nahasketarik gabekoa denean, ez du frogatu nahi gizakia eta unibertsoko beste guztia kidekoak direnik. Ezagutza eskuratze orok Norberaren buruaren haziera dakar, eta haziera hori hobeto lortzen da haziera bera bilatzen ez denean. Ezagutzeko grina indarrean dagoenean lortzen da haziera, hain zuzen ere, bere objektuek honelako-edo-horrelako izaera edukitzea aldez aurretik nahi ez duen, baina, halaber, Norberaren burua bere objektuetan aurkitzen dituen izaeretara egokitzen duen ikerketaren bitartez. Norberaren burua den bezalakoa izanik, Norberaren buruaren haziera hori ez da lortzen honako hau frogatzen saiatzen garenean: mundua hain da Norberaren buruaren antzekoa, ezen arrotza dirudien ezer onartu gabe mundua ezagutzea posible baita. Esandako hori frogatzeko nahiak autoafirmazio mota bat osatzen du, eta, autoafirmazio oro bezala, oztopoa da Norberaren buruak nahi duen hazkundeari begira, Norberaren burua jakinaren gainean egonda berak duen hazteko gaitasunaz. Autoafirmazioak bere helburuak lortzeko baliabidetzat hartzen du mundua, espekulazio filosofikoan nahiz beste kasuetan; hortaz, autoafirmazioak Norberaren burua bera baino garrantzi gutxiagokoa bihurtzen du mundua, eta, hala, Norberaren buruak bere ondasunei mugak ezartzen dizkie. Begiestean, berriz, Norberaren burua ez den horretatik abiatzen gara, eta horren handitasunaren bitartez Norberaren buruaren mugak zabaltzen dira; unibertsoaren infinitutasunaren bidez unibertsoa bera begiesten duen gogamenak infinitutasunean bat egiten du harekin neurri batean.

Arrazoi horrengatik, Gizakiak unibertsoa bereganatzea dakarten filosofiek ez dute arimaren handitasuna sustatzen. Ezagutza Norberaren buruaren eta Norberaren burua ez denaren arteko batasun forma bat da; baina, batasun guztiek bezala, menderatze-erlazioen bidez okerrera egiten du, eta hala egingo du unibertsoa gure barruan aurki dezakegunarekin ados jartzeko edozein ahaleginen bidez. Filosofian joera hedatua da honelakoak esaten dituen ikuspegia: gizakia gauza guztien neurria da, egia gizakiak egindakoa da, espazioa, denbora eta unibertsalen mundua gogamenaren propietateak dira, eta gogamenak sortu ez duen zerbait baldin badago, orduan ezagutezina eta guretzat garrantzirik gabekoa da. Aurreko eztabaidak zuzenak izan baldin badira, ikuspegi hori ez da egiazkoa. Baina egiazkoa ez izateaz gain, beste ondorio bat dakar; izan ere, ikuspegi horrek begieste filosofikoari kentzen dio begiesteari berari balioa ematen dion guztia, begiestea Norberaren buruarekin lotzen baitu. Ikuspegi horrek ezagutzatzat hartzen duena ez da Norberaren burua ez denarekiko batasun bat, aurreiritzien, ohituren eta nahien multzo bat baizik, gure eta harantzagoko munduaren arteko belo zeharkaezina osatzen duena. Ezagutzaren teoria hori gustuko duen gizakia eta etxeko girotik kanpo bere hitzak lege izateari utziko diolakoan bertatik sekula irtengo ez den gizakia antzekoak dira.

Benetako begieste filosofikoak, aitzitik, atsegin du Norberaren burua ez denaren haziera oro, hau da, begiesten diren objektuak eta, ondorioz, begiesten duen subjektua handiagotzen dituen oro. Begiesten dugunean, pribatua eta pertsonala den guztiak, ohituraren mendean dagoen guztiak, norberekeriak edo nahiak objektua desitxuratzen dute, eta, horrenbestez, adimenak bilatzen duen batasunari kalte egiten diote. Horrela, subjektuaren eta objektuaren arteko oztopoa ezarriz, gauza pertsonal eta pribatu horiek espetxe bihurtzen dira adimenarentzat. Adimen askeak Jainkoak ikus zezakeen bezala ikusiko du, hemen eta orain horiek gabe, itxaropenik eta beldurrik gabe, ohiko usteen eta aurreiritzien oztoporik gabe, lasai, grinarik gabe, ezagutzeko nahi soilean eta bakarrean –gizakiak erdietsi dezakeen neurrian inpertsonala eta begieste hutsa den ezagutza. Adimen askeak ere, bada, kontu pribatuetako gorabeherak ez dituen ezagutza abstraktu eta unibertsalari balio handiagoa aitortzen dio zentzumenetatik sortutako ezagutzari baino; azken ezagutza horrek ikuspuntu bakar eta pertsonalaren mendekoa izan behar du eta, halaber, jakinarazten duten bezainbeste desitxuratzen duten zentzumen-organoak dituen gorputzaren mendekoa ere bai.

Begieste filosofikoaren askatasunera eta inpartzialtasunera ohitu den gogamenak ekintzaren eta emozioaren munduan ere askatasun eta inpartzialtasun horri eutsiko dio. Gogamenak bere jomugak eta nahiak osotasun baten zatiak balira bezala ikusiko ditu; gainera, horiek munduaren pusketa infinitesimal gisa ulertu eta gero ez dago tematzerik, edozein gizakiren ekintzek ez baitute eraginik munduaren gainerako ataletan. Begiesten dugunean egiara heltzeko nahi garbia den inpartzialtasuna, ekintzaren kasuan, justizia da gogamenari dagokion tasun bera, eta, emozioaren kasuan, tasun hori guztiari (ez bakarrik baliagarritzat edo miresgarritzat hartzen dugunari) eman dakiokeen maitasun unibertsala da. Hortaz, begiesteak gure pentsamenduetako objektuak ez ezik, gure ekintzetako eta sentimenduetako objektuak ere handitzen ditu; unibertsoko hiritar bihurtzen gaitu, eta ez bakarrik gainerako guztiarekin gudan dagoen hesitutako hiriko hiritar. Gizakiaren egiazko askatasuna unibertsoko hiritartasun horretan datza; azken buruan, hori da itxaropen estuen eta beldurren morrontzatiko askatasuna.

Beraz, filosofiaren balioari buruzko eztabaida laburbilduz: filosofia ez da ikasi behar bere galderei ematen dien erantzun zehatzengatik –ohi denez, ez baitago jakiterik erantzun zehatz horiek egiazkoak diren edo ez–, egiten dituen galderengatik baizik; izan ere, galdera horiek izan daitekeenaren gaineko ikuspegia zabaltzen dute, gure gogo-irudimena aberasten dute eta espekulazioaren aurrean gogamena ixten duen ziurtasun dogmatikoa gutxiagotzen dute. Baina, horien gainetik, gogamena bera ere handia bilakatzen da filosofiak begiesten duen unibertsoaren handitasunaren bidez, eta unibertsoarekin bat egiteko gai bihurtzen da. Hori da gogamenaren ongirik gorena.