Edukira joan

Filosofiaren arazoak/9. Unibertsalen mundua

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
9. Unibertsalen mundua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

9. Unibertsalen mundua

Aurreko kapituluaren bukaeran erlazioak bezalako izakiek izatea dutela ikusi genuen, hein batean objektu fisikoen izatetik desberdina dena, baita gogamenen eta zentzumen-datuen izatetik desberdina dena ere. Kapitulu honetan, izate mota horren zerizana zein den ez ezik, horrelako izate mota duten objektuak zeintzuk diren ere kontsideratu behar dugu. Azken arazo horretatik abiatuko gara.

Orain jorratzen ari garen arazoa oso zaharra da, Platonek ekarri baitzuen filosofiara. Platonen «ideien teoria» arazo hori bera ebazteko ahalegina da, eta, nire iritziz, orain arte egindako ahalegin arrakastatsuenetakoa izan da. Jarraian aldarrikatuko den teoria, neurri handi batean, Platonena da, eta denborak beharrezko egin dituen aldaketak baino ez dizkiogu erantsi.

Gutxi gorabehera, honela sortu zitzaion arazoa Platoni. Har dezagun kontuan, esaterako, justizia bezalako nozioa. Geure buruari galdetzen baldin badiogu zer den justizia, ohikoa da kontuan hartzea ekintza hau, hori eta beste ekintza justu hura, ekintza horiek komun dutena aurkitzeko asmotan. Horiek guztiek, zentzuren batean, zerizan komun baten ezaugarriak eduki behar dituzte, hain zuzen ere, justua den edozein gauzatan, eta ez beste ezertan, aurki daitezkeenak. Ekintza horiek guztiek justuak izatearren daukaten zerizan komun hori justizia bera da, eta esentzia huts horrek ekintza justuen aniztasuna ekoizten du, eguneroko bizitzako gertakariekin nahasiz gero. Ohiko gertakariei aplika dakiekeen beste edozein hitzekin antzeko zerbait gertatzen da, hala nola, «zuritasun» hitzarekin. Hitz hori gauza partikularren kopuru bati aplika dakioke, horiek guztiek zerizan edo esentzia komun batean parte hartzen dutelako. Platonek esentzia huts horri «ideia» edo «forma» esaten dio. (Ez da suposatu behar ideiak, Platonen zentzuan, gogamenetan existitzen direnik, nahiz eta gogamenen bitartez atzeman ditzakegun.) Justiziaren «ideia» eta justua den edozer ez dira gauza bera: lehenengoa gauza partikularretatik desberdina da, eta gauza partikularrek haren ezaugarriak dauzkate.Partikularra ez denez, ezin da existitu zentzumenen munduan. Are gehiago, zentzumenetako gauzak ez bezala, ez da ez iheskorra ez aldakorra: ideia ideia bera da betiko, eta aldaezina eta suntsiezina da.

Horrela, Platon zentzumenez gaindiko mundu batera doa, hain zuzen ere, zentzumenaren ohiko mundua baino errealagoa den ideien mundu aldagaitzera; ideien munduak bakarrik ematen dio zentzumenaren munduari berorrek duen errealitatezko edozein isla hits. Platonentzat benetan erreala den mundua ideien mundua da; izan ere, zentzumenaren munduko gauzei buruz zerbait esaten ahalegintzen garenero esan dezakegun bakarra da gauza horiek honelako-eta-horrelako ideietan parte hartzen dutela, eta, ondorioz, ideia horiek gauzen izaera osatzen dute. Hortaz, erraza da mistizismoan erortzea. Zentzumeneko objektuak ikusten ditugun bezala, halako argitze mistikoan ideiak ere ikustea espero dezakegu; eta ideiak zeruan existitzen direla irudika dezakegu. Horrelako garapen mistikoak oso normalak dira, baina teoriaren oinarria logikan dago, eta logikan oinarritzen den heinean aztertu behar dugu.

«Ideia» hitzak denboran zehar asoziazio asko bereganatu ditu, eta horiek Platonen «ideiei» aplikatzen zaizkienean erabateko gaizkiulertzeak eragiten dituzte. Hortaz, Platonek esan nahi duena deskribatzeko, «ideia» hitza erabili beharrean «unibertsal» hitza erabiliko dugu. Sentipenean gertatzen diren gauza partikularren aurkakoa izatea da Platonek adierazi duen izaki mota horren esentzia. Sentipenean gertatzen den edozer edo sentipenean gertatzen diren gauzen zerizan bera duen edozer partikulartzat hartzen dugu; horren aurka, partikular askok komun eduki dezaketena unibertsala da, eta, ikusi genuen bezala, justizia eta zuritasuna ekintza justuetatik eta gauza zurietatik bereizten dituzten ezaugarriak ditu unibertsalak.

Hitz arruntak aztertzen ditugunean ikusten dugu, orokorrean hitz eginda, izen bereziek partikularrak adierazten dituztela, eta bestelako substantiboek, izenondoek, preposizioek eta aditzek, ordea, unibertsalak adierazten dituztela. Izenordainek partikularrak adierazten dituzte, baina anbiguoak dira: testuinguruari edo zirkunstantziei esker bakarrik dakigu zeintzuk diren izenordainek adierazten dituzten partikularrak. «Orain» hitzak partikular bat adierazten du, oraingo unea, hain zuzen ere; baina, izenordainek bezala, partikular anbiguo bat adierazten du, oraina beti aldatzen ari baita.

Ikus daiteke unibertsalen bat denotatzen duen hitzik gabe ezin dela perpausik osatu. «Nik hori gustuko dut» bezalako baieztapena litzateke horretarako hurbilketarik gertukoena. Alabaina, kasu horretan ere, «gustuko dut» adierazpenak unibertsal bat denotatzen du, izan ere, beste gauza batzuk gustuko izan ditzakedalako, eta beste pertsona batzuek ere zenbait gauza gustuko izan ditzaketelako. Beraz, egia guztiek beren barnean unibertsalak dituzte, eta egien ezagutza orok bere barnean unibertsalen bitartekorik gabeko ezagutza du.

Hiztegian aurki daitezkeen ia hitz guztiek unibertsalak adierazten dituztela ikusi eta gero, bitxia da ia inor konturatu ez izana unibertsalak bezalako izakiak daudela, filosofiako ikasleak izan ezik. Eskuarki ez gara gogoratzen perpausean partikularrik adierazten ez duten hitz horietaz; eta unibertsal bat adierazten duen hitz batez gogoratzera behartzen baldin bagaituzte, eskuarki unibertsalaren pean erortzen diren partikularretako bat adieraziko balu bezala gogoratzen gara hartaz. Esate baterako, «Karlos I.aren burua moztua izan zen» perpausa entzuten dugunean, Karlos I.arengan, Karlos I.aren buruan eta haren burua mozteko ekimenean pentsatzen dugu aski eskuarki, eta horiek guztiak partikularrak dira; alabaina, eskuarki ez gara gogoratzen unibertsala den horretaz, hain zuzen ere, «buru» hitzak eta «moztu» hitzak esan nahi dutenaz. Halako hitzak osatu gabeak eta mamirik gabeak direla uste dugu; badirudi testuinguru bat eskatzen dutela haiekin ezer egin baino lehen. Horregatik, unibertsaletan arreta jartzea saihesten dugu, harik eta ikerketa filosofikoak gure arreta haietan paratzera behartzen gaituen arte.

Oro har, filosofoen artean ere izenondoek eta substantiboek izendatzen dituzten unibertsalak sarritan onartuak izan direla esan daiteke, eta aditzek eta preposizioek izendatzen dituztenak, berriz, eskuarki ez direla aintzat hartu. Alde batera uzte horrek oso eragin handia izan du filosofian. Ez da gehiegizkoa esatea metafisika gehiena, Spinozarengandik abiatuta, neurri handian determinatua izan dela horregatik. Hitz bitan, hori honela gertatu da: orokorrean hitz egiten baldin badugu, izenondoek eta izen arruntek gauza bakunen tasunak eta propietateak adierazten dituzte, eta preposizioek eta aditzek, ordea, gauza biren edo gehiagoren arteko erlazioak adierazteko joera izaten dute. Horregatik, preposizioak eta aditzak ahaztu izanak proposizio orotan gauza bakun bati propietate bat egozten zaiola uste izatera eraman zituen filosofoak, ez, ordea, proposizioan gauza biren edo gehiagoren arteko erlazioa adierazten dela uste izatera. Hortaz, azken buruan, gauzen arteko erlazioak bezalako izakirik ez zegoela suposatu zen. Horrenbestez, edo gauza bakarra dago unibertsoan edo, gauza asko baldin badaude, seguru asko ezin izango diote inolako moduz elkarri eragin, edozein elkarreragite erlazio bat litzatekeelako eta erlazioak ezinezkoak direlako.

Ikuspegi horietako lehenengoak monismo izena hartu zuen. Spinozak horren alde jo zuen, eta gaur egun Bradleyk eta beste filosofo batzuek horri eusten diote. Bigarrenak monadismo izena hartu zuen, eta, gaur egun ohiko ikuspegia ez izan arren, Leibnizek horren alde jo zuen. Monadismoa esaten zaio gauza bakan bakoitzari monada esaten zaiolako. Aurkako bi filosofia horiek interesgarriak badira ere, unibertsal mota bakar batean –izenondoek eta substantiboek adierazten duten unibertsal motan, hain zuzen ere– gehiegizko arreta jartzeagatik sortu dira, aditzek eta preposizioek adierazten dutena alde batera utziz.

Egiatan, inork unibertsalak bezalako gauzak daudela ukatu nahiko balu, tasunak –hau da, izenondoek eta substantiboek adierazten dituzten unibertsalak– bezalako izakiak daudela zorrotz frogatzerik ez dagoela ikusiko genuke. Alabaina, froga dezakegu erlazioak, hau da, orokorrean aditzek eta preposizioek adierazten dituzten unibertsalak egon badaudela. Har dezagun adibide gisa zuritasunaren unibertsala. Horrelako unibertsala dagoela uste baldin badugu, esan beharko dugu gauzak zuriak direla zuritasunaren tasuna daukatelako. Horrelako ikuspegia, haatik, adorez ukatzen zuten Berkeleyk eta Humek, eta horri dagokionez ondorengo enpiristek haiei jarraitu diete. Aipatutako ikuspegia ukatzearren «ideia abstraktuak» bezalako gauzak daudela ukatu zuten. Filosofo horiek diotenez, zuritasunean pentsatu nahi dugunean gauza zuri partikularren baten irudia eratzen dugu, eta partikular horri buruz arrazoitzen dugu, arreta handia ipiniz partikular horri dagokion zerik ez deduzitzeko, zer hori beste edozein gauza zuri bati buruz berdin-berdin egiazkoa dela ikusterik ez baldin badago. Zalantzarik gabe, aipatutakoa nabarmenki egiazkoa da gure benetako gogo-prozesuen azalpen gisa. Geometrian, esaterako, triangelu guztiei buruz zerbait frogatu nahi dugunean, triangelu partikular bat margotzen dugu, eta horri buruz arrazoitzen dugu, kontu handia ipiniz triangelu horrek gainerako triangeluekin komun ez duen ezaugarririk ez erabiltzeko. Sarritan, hasiberriak, errakuntza saihestu nahian, onuragarritzat hartzen du elkarrengandik ahal bezain desberdinak diren zenbait triangelu margotzea, triangelu hari buruzko arrazonamendua beste triangelu guztiei berdin-berdin aplika dakiekeela ziurtatzeko. Alabaina, zailtasun bat sortzen da geure buruari gauza bat zuria edo triangelua dela nola dakigun galdetu bezain laster. Zuritasunaren eta triangelutasunaren unibertsalak saihestu nahi izanez gero, gune zuri partikularren bat edo triangelu partikularren bat aukeratu behar dugu, eta edozein gauzari buruz zuria edo triangelua dela esan beharko dugu, baldin eta gauza horrek hautatutako partikularrarekin antzekotasunaren erlazio egokia badu. Baina, orduan, behar den antzekotasun horrek unibertsala izan behar du. Izan ere, gauza zuri asko dagoenez, antzekotasuna gauza zuri partikularrek osatutako bikote askoren artean gertatuko da; eta horixe da unibertsal baten ezaugarria. Alferrik litzateke bikote bakoitzeko antzekotasun desberdin bat dagoela esatea, antzekotasun horiek elkarren artean antzekoak direla esan beharko genukeelako; eta horrela, azkenik, antzekotasuna unibertsal gisa onartzera behartuta egongo ginateke. Antzekotasunaren erlazioak, bada, egiazko unibertsala izan behar du. Eta unibertsal hori onartzera behartuta gaudenez, zuritasuna eta triangelutasuna bezalako unibertsalen onarpena saihestearren teoria zailak eta onartezinak asmatzea ez duela merezi aurkitzen dugu.

Ez Berkeley ez Hume –ezta beren aurkariak ere– ez ziren gai izan «ideia abstraktuei» uko egin izanaren aurkako errefutazio horretaz jabetzeko, tasunean baino pentsatu ez zutelako, eta unibertsalak diren erlazioei ez zietelako jaramonik egin. Beraz, antza denez eta auzi horri dagokionez, arrazionalistak, enpiristak ez bezala, bide zuzenetik doaz, nahiz eta, erlazioak edo bazterrean uzteagatik edo ukatzeagatik, arrazionalistek egin zituzten dedukzioek okerrak izateko aukera gehiago eduki enpiristek egindakoak baino.

Unibertsalak bezalako izakiek egon behar dutela ikusi dugu orain, eta frogatu beharreko hurrengo kontua da unibertsal horiek ez direla huts-hutsean mentalak. Horren bidez hauxe esan nahi dugu: unibertsalen izateko era edonolakoa izanda ere, berori ez dago unibertsalak pentsatuak izanaren mendean, ezta, inola ere, gogamenek unibertsalak atzematearen mendean ere. Aurreko kapituluaren amaieran gai hori azaletik ukitu dugu jada, baina unibertsalei nolako izatea dagokien aztertu behar dugu orain bete-betean.

Har dezagun «Edinburgh Londresen iparraldean dago» proposizioa. Kasu horretan, bi leku horien artean erlazio bat dugu, eta badirudi erlazioak irauten duela guk hari buruz dugun ezagutzaren mendean egon gabe. Edinburgh Londresen iparraldean dagoela jakitera iristen garenean, Edinburghi eta Londresi bakarrik dagokien zerbait jakitera iristen gara. Ez dugu proposizio horren egia kausatzen hura jakitera iristeagatik; aitzitik, guk hori jakin aurretik, hor nonbait bazegoen gertakari bat, guk atzeman baino egin ez duguna. Lurraren azaleran Edinburghek duen tokia Londresek duen tokiaren iparraldean dago; hori guztia horrela da, nahiz eta iparraldeari eta hegoaldeari buruz zerbait dakien gizakirik ez egon, eta nahiz eta inolako gogamenik ez egon unibertsoan. Jakina, filosofo askok hori ukatu dute, bai Berkeleyk emandako arrazoiengatik bai Kantek emandakoengatik. Dena dela, guk arrazoi horiek aztertu ditugu dagoeneko, eta desegokiak direla erabaki dugu. Ondorioz, Edinburgh Londresen iparraldean egoteak mentala den ezer ez duela aurresuposatzen egiazkotzat har dezakegu orain. Haatik, gertakari horrek »-en iparraldean» erlazioa hartzen du bere barnean, eta hori unibertsal bat da; eta gertakari osoari dagokionez, kontuan izanda erlazioa gertakariaren osagai bat dela, ezinezkoa litzateke bere barnean mentala den ezer ez edukitzea, «-en iparraldean» erlazioak bere barnean mentala den zerbait edukiko balu. Horregatik, erlazioa, erlazionatuta dauden terminoak bezalaxe, gure pentsamenduaren mendekoa ez dela onartu behar dugu; pentsamenduak atzematen duen baina sortzen ez duen mundu independente honetako osagaia da erlazioa.

Hala eta guztiz ere, ondorio horrek zailtasun bat dakar berekin: ez dirudi «-en iparraldean» erlazioa existitzen denik Edinburgh eta Londres existitzen diren zentzu berean. «Non eta noiz existitzen da erlazio hori?» galdetzen baldin badugu, erantzunak hauxe izan behar du: «inon ez, inoiz ez». Ez dago «-en iparraldean» erlazioa aurki dezakegun lekurik zein denborarik. Ez da existitzen ez Edinburghen ez Londresen, biak erlazionatzen baititu, eta haiekiko neutrala baita. Ezin dugu esan denbora partikular batean existitzen denik. Baina zentzumenen bitartez edo introspekzioz atzemandako guztia denbora partikular batean existitzen da. Beraz, «-en iparraldean» erlazioa horrelako gauzetatik erabat desberdina da. Ez dago ez espazioan ez denboran, ez da ez materiala ez mentala; hala ere, zerbait da.

Unibertsalek duten izateko era berezi horrek jende asko bultzatu du neurri handi batean beroriek benetan mentalak direla suposatzera. Unibertsal batean pentsa dezakegu, eta gure pentsamendu hori, beste edozein gogo-ekintza bezala, erabat ohikoa den zentzu batean existitzen da. Suposa dezagun zuritasunean pentsatzen ari garela. Orduan, zentzu batean, zuritasuna «gure gogamenean dagoela» esan daiteke. 4. kapituluan Berkeleyri buruz eztabaidatu genuenean ikusitako anbiguotasun bera daukagu hemen. Zentzu hertsi batean, gure gogamenean dagoena ez da zuritasuna, zuritasunari buruzko pentsatze-ekintza baizik. Kapitulu berean ikusitako «ideia» hitzaren pareko anbiguotasun horrek hemen ere nahasketa sortzen du. Hitz horren zentzu batean, hain zuzen, hitz horrek pentsatze-ekintza baten objektua denotatzen duenean, zuritasuna «ideia» bat da. Hortaz, anbiguotasunaren aurka ez baldin badugu zuhur jokatzen, zuritasuna beste zentzu batean ideia dela, hau da, pentsatze-ekintza dela pentsatzera irits gaitezke; eta horregatik zuritasuna mentala dela pentsatzera iristen gara. Alabaina, horrela pentsatuz gero, zuritasunari bere funtsezko tasuna kentzen diogu, unibertsaltasuna, hain zuzen ere. Gizaki baten pentsatze-ekintza bat beste gizaki baten pentsatze-ekintzatik desberdina da ezinbestean; gizaki baten une bateko pentsatze-ekintza bat gizaki beraren beste une bateko pentsatze-ekintzatik desberdina da ezinbestean. Beraz, zuritasuna objektua izan beharrean pentsamendua balitz, bi pertsonak zuritasunean pentsatzea ezinezkoa litzateke, bai eta pertsona batek zuritasunean bi bider pentsatzea ere. Zuritasunari buruzko pentsamendu askok komun dutena beren objektua da, eta objektu hori pentsamendu horietatik desberdina da. Unibertsalak, bada, ez dira pentsamenduak, nahiz eta ezagutzen ditugunean pentsamenduaren objektuak diren.

Existitzen diren gauzei buruz hitz egiteari egoki deritzogu gauza horiek denboran direnean bakarrik, hau da, seinala dezakegunean uneren bat, zeinean haiek existitzen baitira (une guztietan existitzeko ahalbidea baztertu gabe). Horrela, pentsamenduak eta sentimenduak, gogamenak eta objektu fisikoak existitzen dira. Haatik, unibertsalak ez dira zentzu horretan existitzen; irauten dutela edo izatea daukatela esango dugu, eta «izatea», denboraz kanpoko izate gisa, «existentziaren» aurkakoa da. Unibertsalen mundua, beraz, izatearen mundu gisa ere deskriba daiteke. Izatearen mundua aldaezina, zurruna eta zehatza da, eta matematikariarentzat, logikariarentzat, sistema metafisikoak eraikitzen dituenarentzat eta bizitza baino perfekzioa nahiago duenarentzat zoragarria da. Existentziaren mundua iheskorra, lausoa, muga zorrotzik gabekoa eta eginkizunik edo antolamendurik gabekoa da, baina bere barnean pentsamendu eta sentimendu guztiak ditu, zentzumen-datu guztiak, objektu fisiko guztiak, on edo kalte egin dezakeen guztia, bizitzaren eta munduaren balioa alda dezakeen guztia. Gure izaeraren arabera, nahiago izango dugu bat begietsi bestea baino. Gustuko ez duguna, seguru asko, gustukoago dugunaren itzal hitsa baino ez zaigu irudituko, eta, zentzuren batean, hura errealtzat hartzea ere ez du merezi izango. Alabaina, egia esan, biek eskatzen dute neurri berean gure arreta inpartziala, biak dira errealak, eta biak dira garrantzitsuak metafisikariarentzat. Bi mundu horien arteko bereizketa egin orduko beharrezkoa gertatzen zaigu haien arteko erlazioak aztertzea.

Dena dela, lehenik eta behin, unibertsalen gaineko ezagutza aztertu behar dugu. Hori da hurrengo kapituluan jorratuko duguna, eta ikusiko dugu unibertsalak aintzat hartzera eraman gaituen apriorizko ezagutzaren arazoari irtenbidea aurkituko zaiola.