Edukira joan

Filosofiaren arazoak/8. Nola apriorizko ezagutza posible den

Wikitekatik
Filosofiaren arazoak  (1912)  Bertrand Russell, translated by Agustin Arrieta Urtizberea
8. Nola apriorizko ezagutza posible den
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

8. Nola apriorizko ezagutza posible den

Immanuel Kant filosofo modernoen artean handiena dela onartzen da eskuarki. Nahiz eta Kant bizi izan zen garaian Zazpi Urteko Gerratea eta Frantziako Iraultza gertatu ziren, hark ez zion inoiz ere utzi Königsbergen, Ekialdeko Prusian, filosofia irakasteari. Haren ekarpenik berezkoena «kritikoa» deritzon filosofia asmatzea izan zen; bertan, mota desberdinetako ezagutza badagoela datu gisa hartuz, halako ezagutzaren ahalbidea ikertu zuen, eta ikerketa horri emandako erantzunetik deduzitu zituen munduari buruzko emaitza metafisiko asko. Emaitza horiek baliozkoak ote ziren zalantzan jar daiteke. Hala eta guztiz ere, Kantek bi arrazoirengatik merezi du sinesgarritasuna. Lehenik eta behin, Kantek ikusi zuen analitikoa (izan ere, analitikoa denaren aurkakoak bere burua kontraesango luke) ez den apriorizko ezagutza badaukagula; eta, bigarrenik, garbi utzi zuen ezagutzaren teoriak duen garrantzi filosofikoa.

Kanten garaiaren aurretik, a priori den guztiak «analitikoa» izan behar duela defendatzen zen orokorrean. Adibideen bitartez ikus daiteke oso ongi hitz horren esanahia. Nik esaten baldin badut «gizon burusoila gizona da», «figura planoa figura da», «poeta eskasa poeta da», egiten dudan judizioa huts-hutsean analitikoa da. Gutxienez bi propietate dituen subjektuaz mintzatzen ari gara, eta gero horietako bat aukeratzen da subjektuaz baieztatzeko. Goikoak bezalako proposizioak hutsalak dira, eta ez dira sekula esango eguneroko bizitzan, sofismaren bat prestatzen ari den hizlari bat izan ezean. Proposizio horiek «analitiko» izena hartzen dute predikatua subjektuaren analisi soilez lortzen delako. Kanten garaiaren aurretik a priori ziurtzat jotzen ditugun judizio guztiak mota horretakoak zirela pentsatu ohi zuten: judizio horietan guztietan subjektu batez baiesten den eta subjektu horren zati bat baino ez den predikatu bat badago. Horrela balitz, eta a priori jakin dezakegun zerbait ukatzen ahaleginduko bagina, kontraesan zehatz batean murgilduko ginateke. Hortaz, «gizon burusoila ez da burusoila» esaldiak gizon berari buruz burusoiltasuna baietsiko eta ezetsiko luke, eta, horrela, bere buruarekiko kontraesanean eroriko litzateke. Beraz, Kanten aurreko filosofoen arabera, ezerk ezin duela aldi berean propietate bat eduki eta ez eduki baiesten duen kontraesanaren legea nahikoa da apriorizko ezagutza guztiaren egia finkatzeko.

Kanten aurreko Humek (1711-1776), apriorizko ezagutzaren ohiko ikuspuntua onartu eta gero, aldez aurretik analitikotzat hartu ziren zenbait kasutan, eta bereziki kausa eta efektuaren kasuan, lotura benetan sintetikoa zela aurkitu zuen. Humeren aurretik, arrazionalistek efektua kausatik logikoki deduzi daitekeela uste izan zuten, ezagutza nahikoa edukiz gero bederen. Humek argudiatu zuen –zuzen, egun eskuarki onartzen den bezala– hori ezin zela horrela izan. Horrela, kausaren eta efektuaren arteko loturari dagokionez ezer a priori ezagutzerik ez dagoela dioen proposizioa ondorioztatu zuen, askoz zalantzazkoagoa den proposizioa, hain zuzen ere. Tradizio arrazionalistan hezitutako Kant aztoratu zen oso Humeren eszeptizismoarengatik, eta horri erantzuna ematen ahalegindu zen. Ikusi zuen kausaren eta efektuaren arteko loturaz gain aritmetikako eta geometriako proposizio guztiak ere «sintetikoak» direla, hau da, ez-analitikoak: proposizio horietan guztietan subjektuaren inolako analisik ez luke predikatua agerraraziko. Haren betiko adibiderik berezkoena 7+5=12 da. 12 lortzeko 7 eta 5 elkarrekin jarri behar direla nahiko ongi finkatu zuen hark: 12 zenbakiaren ideia ez dago zenbaki horien barnean, ezta horien arteko batuketaren ideian ere. Horrela, matematika huts guztia, apriorizkoa izan arren, sintetikoa dela dioen ondoriora heldu zen; ondorio horrek arazo berri bat sortu zuen, eta horrentzako ebazpide bat aurkitzen saiatu zen.

Kantek bere filosofiaren hasieran honako galdera hau ezarri zuen: nola da posible matematika hutsa? Galdera hori interesgarria eta zaila da, eta huts-hutsean eszeptikoa ez den filosofo orok erantzunen bat aurkitu behar du. Enpirista hutsen erantzuna –hau da, gure ezagutza matematikoa kasu partikularretatik eratortzen da indukzioaren bitartez– desegokia dela ikusi dugu dagoeneko, bi arrazoi direla kausa. Batetik, printzipio induktiboaren beraren baliozkotasuna ezin da indukzioz frogatu. Bestetik, matematikako proposizio orokorrak –«bi gehi bi beti lau dira» bezalakoak–, argi eta garbi ziurtasunez ezagut daitezke kasu bakar bat kontuan hartuz, eta ez dugu ezer aurreratuko beste kasu batzuk zerrendatzeagatik, zeinetan proposizio horiek egiazkoak baitira. Hortaz, matematikako proposizio orokorren gure ezagutzak (gauza bera esan daiteke logikari buruz) bestelako azalpen bat behar du, «gizaki guztiak hilkorrak dira» proposizioaren gisako orokortze enpirikoen ezagutzarena (ezagutza huts-hutsean probablearena) ez bezalakoa.

Arazoa sortzen da ezagutza hori orokorra delako, eta esperientzia oro, ordea, partikularra delako. Itxura batean, bitxia dirudi esperientzian oraindik jaso ez ditugun gauza partikularrei buruzko egia batzuk jakiteko gai izatea aldez aurretik; baina ezin da erraz zalantzan jarri logika eta aritmetika horrelako gauzei aplikatzen zaizkiela. Guk ez dakigu nortzuk izango diren Londresko biztanleak ehun urte pasa eta gero; alabaina, jakin badakigu horietako bik eta horietako beste bik horietako lau osatuko dutela. Benetan harrigarria da esperientzian jaso ez ditugun gauzei buruzko gertakariak aurreratzeko ahalmen nabarmen hori. Kantek arazo horri eman zion ebazpidea interesgarria da, nahiz eta nire iritzian baliozkoa ez izan. Hala eta guztiz ere, oso ebazpide zaila da, eta filosofo desberdinek modu desberdinean ulertu izan dute. Hortaz, haren zirriborro bat baino ezin dugu eman, eta, hala ere, Kanten sistemaren interpretatzaile askok zirriborro hori desegokia dela pentsatuko dute.

Kantek gure esperientzia guztian bereizi beharreko bi osagarri daudela baietsi zuen; lehenengoa objektuari dagokiona (hau da, «objektu fisikoa» esan diogun horri), eta bestea geure zerizanari dagokiona. Materiari eta zentzumen-datuei buruz eztabaidatu genuenean, objektu fisikoa eta harekin lotzen diren zentzumen-datuak bereizi behar direla ikusi genuen, eta zentzumen-datuak objektu fisikoaren eta geure arteko elkarreraginaren emaitzatzat hartu behar direla ere ikusi genuen. Orain arte bat gatoz Kantekin. Dena dela, Kanten bereizgarria da berak nola hainbanatzen dituen, batetik, gure egitekoak eta, bestetik, objektu fisikoa. Kantek pentsatzen du sentipenean jasotako material gordina –kolorea, gogortasuna, eta abar– objektuari dagokiola eta guk geuk ematen duguna espazioan eta denboran barreneko antolabidea dela, baita zentzumen-datuen arteko erlazioak ere, hain zuzen, alderaketa baten bitartez sortutako edo bata bestearen kausa dela kontsideratzen dugunean sortutako edo bestelako bide batetik sortutako erlazioak. Ikuspegi horren aldeko arrazoi nagusia hauxe da: badirudi espazioari eta denborari buruzko eta kausalitateari eta alderaketari buruzko apriorizko ezagutza daukagula, eta ez, ordea, sentipenaren material gordin errealari buruzkoa. Kantek dio ziurtzat jo dezakegula esperientzian noizbait jasotako edozein gauzak apriorizko gure ezagutzari berari buruz baieztatutako ezaugarriak erakutsi behar dituela, ezaugarri horiek gure zerizanarekin berarekin lotuta baitaude, eta, ondorioz, gure esperientzian ezin dela ezer sartu ezaugarri horiek eduki gabe.

Kantek objektu fisikoa –«berbaitango gauza» (5) deritzona– funtsean ezagutezintzat jotzen du; «fenomeno» deritzona ezagut dezakegu, hau da, objektua, berori esperientzian jasotzen dugun moduan. Fenomenoa guk eta berbaitango gauzak elkarren artean ekoiztutako zerbait da, eta berorrek guregan oinarri duten ezaugarriak dituela ziurra da; ondorioz, fenomenoa apriorizko gure ezagutzara egokituko da. Hortaz, ezin da pentsatu ezagutza hori esperientziatik at aplika daitekeenik, nahiz eta ezagutza hori egiazkoa izan esperientzia erreal eta posible orori dagokionez. Beraz, apriorizko ezagutza egon arren, ezin dugu ezer jakin «berbaitango gauza» horri buruz edo esperientzia erreal edo posible bateko objektua ez den ezeri buruz. Horrela, arrazionalisten eta enpiristen argudioak adosten eta bateratzen saiatzen da.

Kanten filosofia kritikatzeko dauden garrantzi gutxiko arrazoiak alde batera utzita, haren metodoaren bitartez apriorizko ezagutzaren arazoa jorratu nahi duen edozein saialdirentzat guztiz kaltegarria dirudien kontrako arrazoi nagusi bat badago. Azaldu behar dugu gertakariak beti logikara eta aritmetikara egokitu behar izanaz daukagun ziurtasuna. Logika eta aritmetika guk egindako ekarpenak direla esaten dugunean ez dugu aipatutakoa azaltzen. Gure zerizana existitzen den mundu honetako gertakari bat da, beste gertakarien artean dagoena, eta ez dago inolako ziurtasunik horrek bere horretan jarraituko duela pentsatzeko. Kant zuzen baldin badago, gure zerizana bihar aldatzea gerta daiteke, eta horrela bi gehi bi bost bihur daiteke. Badirudi Kanti ez zitzaiola sekula bururatu horrelako ahalbiderik, nahiz eta horrek zeharo suntsitzen dituen Kantek ahalegin bizian aritmetikako proposizioentzat aldarrikatu nahi zituen ziurtasuna eta unibertsaltasuna. Egia da ahalbide hori, ikuspuntu formal batetik, bateraezina dela kantiar ikuspegiarekin, zeinaren arabera denbora bera subjektuak fenomenoei ezarritako forma baita; hortaz, norberaren Buru erreala ez dago denboran, eta ez dauka inolako biharamunik. Alabaina, Kantek, oraindik ere, fenomenoen denbora-ordena fenomenoen atzean dagoenaren ezaugarriek determinatua dela suposatu beharko du, eta horixe nahikoa da gure argudioa mamitsua izan dadin.

Gainera, gogoeta eginez, garbi gelditzen da gure uste aritmetikoak, egiazkoak izanez gero, gauzei aplikatuko zaizkiela; berdin dio guk gauza horietan pentsatzen dugun edo ez. Bi objektu fisikok eta beste bi objektu fisikok lau objektu fisiko osatu behar dute, nahiz eta objektu fisiko horien esperientziarik ez eduki. Hori baiestea, zalantzarik gabe, bi gehi bi lau direla baieztatzen dugunean esan nahi dugunaren barruan sartzen da. Egia hori bi fenomenok eta beste bi fenomenok lau fenomeno osatzen dutela dioen baiespenaren egia bezain zalantzarik gabekoa da. Hortaz, Kanten ebazpideak apriorizko proposizioen helmena gehiegi mugatzen du, eta, gainera, haien ziurtasuna azaltzeko ahaleginak porrot egiten du.

Kantek proposatutako teoria berezietatik aparte, ohikoa da filosofoen artean apriorizkoa dena, zentzuren batean, mentaltzat hartzea, hau da, lotuago ikustea pentsatu behar dugun moduarekin kanpoko munduko edozein gertakarirekin baino. Aurreko kapituluan, eskuarki «pentsamenduaren legeak» deritzen hiru printzipioak nabarmendu genituen. Haiei izen hori jartzera bultzatzen duen ikuspegia ohikoa da, baina badaude arrazoi sendoak okerra dela pentsatzeko. Har dezagun adibide gisa kontraesanaren legea. Hori eskuarki honela baieztatzen da, «ezer ezin da izan eta ez izan», eta lege horrek adierazi nahi du ezerk ezin duela, aldi berean, tasun zehatz bat eduki eta ez eduki. Esate baterako, zuhaitz bat pagoa baldin bada, ez da posible pagoa ez izatea; nire mahaia angeluzuzena baldin bada, ez da posible angeluzuzena ez izatea, eta abar.

Printzipio horri «pentsamenduaren legea» izena jartzea normaltzat hartu izana honexek eragiten du: geure burua errazago konbentzituko dugu lege horren ezinbesteko egiaz pentsamenduaren bidez, kanporako behaketaren bidez baino. Zuhaitz bat pagoa dela ikusi dugunean ez dugu berriro begiratu behar pagoa ez dela jakiteko; pentsamenduak bakarrik jakinaraziko digu hori ezinezkoa dela. Baina kontraesanaren legea pentsamenduaren lege bat dela dioen ondorioa, hala ere, okerra da. Kontraesanaren legeari buruzko ustea daukagunean uste duguna ez da gogamena halako eran egina dagoela non berak kontraesanaren legeari buruzko ustea daukan. Uste hori gogoeta psikologiko baten geroztiko emaitza da, eta horrek kontraesanaren legeari buruzko ustea aurresuposatzen du. Kontraesanaren legeari buruzko ustea pentsamenduei buruzko ustea ez ezik, gauzei buruzko ustea ere bada. Uste hori ez da, esaterako, «zuhaitza pagoa dela pentsatzen baldin badugu, ezin dugu aldi berean pentsatu zuhaitz hori ez dela pago bat» dioen ustea. Ustea hauxe da: «zuhaitza pagoa baldin bada, ezin da aldi berean pagoa ez izan». Beraz, kontraesanaren legea gauzei buruzkoa da, ez bakarrik pentsamenduei buruzkoa; eta kontraesanaren legeari buruzko ustea edukitzea pentsamendu bat bada ere, kontraesanaren legea bera ez da pentsamendu bat, munduko gauzei dagokien gertakari bat baino. Kontraesanaren legeari buruzko ustea daukagunean uste dugun hori ez balitz egiazkoa izango munduko gauzei dagokienez, gu legea egiazkoa dela pentsatzera behartuta egon izanak ez luke kontraesanaren printzipioa faltsua izatetik aske utziko; eta horrek erakusten du lege hori ez dela pentsamenduaren legea.

Antzeko argudioa aplikatzen zaio beste edozein apriorizko judizio bati. Bi gehi bi lau direla juzgatzen dugunean ez dugu egiten gure pentsamenduari buruzko judiziorik, bikote erreal eta posible guztiei buruzko judizioa baizik. Gure gogamenek bi gehi bi lau direla uste izateko osaera egokia dutela egiazkoa bada ere, ez da hori inola ere baiesten duguna bi gehi bi lau direla baiesten dugunean. Eta gure gogamenen osaerari buruzko inolako gertakarik ezin du egiazko bihurtu bi gehi bi lau direla. Beraz, apriorizko gure ezagutza, okerra ez baldin bada, gure gogamenen osaerari buruzkoa ez ezik, munduak bere barruan duen edozein gauzari buruzkoa ere bada, mentala nahiz ez-mentala den gauzari buruzkoa.

Badirudi apriorizko gure ezagutza guztia egiatan ez mundu mentalean ez mundu fisikoan existitzen ez diren izakiez arduratzen dela. Izaki horiek izendatuak izan daitezke substantiboak ez diren diskurtsoaren zatien bitartez; izaki horiek tasunak eta erlazioak dira. Suposa dezagun, esaterako, ni neure gelan nagoela. Ni existitzen naiz eta nire gela existitzen da; baina «-n» existitzen al da?6 Argi eta garbi, «-n» atzizkiak esanahia dauka: nire eta nire gelaren artean dagoen erlazioa denotatzen du. Erlazio hori zerbait da, nahiz eta ezin dugun esan ni eta nire gela existitzen garen zentzu berean existitzen dela. Guk «-n» erlazioan pentsa dezakegu eta berori uler dezakegu, izan ere, berori ulertuko ez bagenu, ezingo baikenuke ulertu «ni neure gelan nago» perpausa. Filosofo askok, Kanti jarraituz, erlazioak gogamenaren lanak direla defendatu dute, eta, halaber, berbaitango gauzek erlaziorik ez dutela. Filosofo horiek defendatu dute gogamenak gauza horiek elkarrekin jarri dituela pentsamendu-ekintza baten bitartez, eta, horrela, gauza horiek erlazioak dauzkatela juzgatzen duen gogamenak berak erlazioak ekoiztu dituela.

Dena dela, badirudi lehen Kanten aurka proposatu ditugun kritika antzekoak egin dakizkiokeela ikuspegi horri. Badirudi garbi dagoela ez dela pentsamendua «ni neu gelan nago» proposizioaren egia ekoizten duena. Egia izan daiteke nire gelan ipurtsarde bat badagoela, ez ni ez ipurtsardea bera ez beste inor egia horretaz ohartzen ez garen arren; izan ere, egia hori ipurtsardeari eta gelari buruzkoa da, eta ez dago beste ezeren mendean. Hortaz, hurrengo kapituluan modu osoagoan ikusiko dugun bezala, erlazioak ez mentala ez fisikoa ez den mundu batean kokatu behar dira. Mundu hori garrantzi handikoa da filosofiarentzat, bereziki, apriorizko ezagutzaren arazoei dagokienez. Hurrengo kapituluan mundu horren zerizana eta mundu horrek jorratu ditugun arazoekin duen zerikusia garatzen jarraituko dugu.