Hirugarren liburua
KAPITULUAK
[aldatu]441. IZAKIEK HERIOTZARI BELDUR HANDIEGIA DIOTELA
94. GOGOAREN ETA ARIMAREN IZAERA ETA SENTIMENA
136. GOGOA ETA ARIMA ELKARTURIK DAGOZELA
182. GOGOAREN MUGIKORTASUNAZ
228. ADIMENA ARIMAREN HIRUGARREN OSAGAIA DELA
241. ARIMAREN LAUGARREN OSAGAI IZENGABEA
262. GOGOAREN ETA ARIMAREN OSAGAIEN BATASUNA
288. GOGOAREN BARIETATEAZ
350. GORPUTZAREN ETA GOGOAREN SENTIMENAZ
369. DEMOKRITOREN AURKA, GOGOAZ ETA ARIMAZ
379. GOGOAREN MUGIDA GABE GORPUTZA EZ DUELA BERE KABUZ SENTITZEN
417. ARIMA JAIO ETA HIL EGITEN DELA
445. GOGOA ETA GORPUTZA BATERA JAIOTZEN ETA HAZTEN ETA BATERA HILTZEN DIRELA
642. ARIMAREN ETA GOGOAREN SENTIMENEZ
711. ARIMA EZ DELA JAIOTEGUNIK GABEA
979. INFERNUAZ ESAN OHI DIRENAK BIZITZAREN AKATSAK DIRELA
HIRUGARREN LIBURUA
[aldatu]Hainbesteko ilunpetik hain argi gardena atera eta biziaren ondasunak argiztatu ahal izan zenituen aurrenengo, zuri narraizu, greziar jendearen ohore horri, eta neure oinak zureek utzitako oinatzetan jartzen ditut orain, ez, noski, lehia gogoz, maitasunez baizik, biziki nahi baitzaitut imitatu; zeren enara nola lehia daiteke zisneekin, edo antxumearen hanka dardaratiek nola berdin lezakete lasterka zaldiaren indar bortitza? Zuk, aita, egiaren asmatzaile horrek, zuk damaizkiguzu agindu aitatiarrak, eta zure liburuetan, oi guren, erleek baso loretsuetan dena zurgatzen duten bezala, guk ere urrezko hitzak bazkatzen ditugu, urrezkoak, beti ere bizitza iraunkorraren txit duin direnak. Zeren, zure arrazoia, jainko-gogotik harakoa, gauzen izaera aldarrikatzen hasten denean, gogoaren izuak ezabatzen baitira, munduko harresiak irekitzen eta gauzak sortzen ikusten ditut hutsune eskergan zehar. Jainkoen numena eta egoitza lasaiak agertzen dira, ez haizeek astintzen, ez hodeiek euriztatzen, ez hotz minak gogortutako elurraren jauskera zuriak bortxatzen ez dituenak, baizik eter beti oskarbiak estaltzen eta argi ugariko isuriz irriarazten. Naturak dena hornitzen du han, eta ezein ardurak ez dio inoiz gogoari bakerik kentzen. Ostera, Akeronteko tenplurik inon ez da ageri, eta lurrak ez du eragozten hutsunearen barrenean sortzen den guztia norbere oinetan ikusterik.
Gauza hauetan, jainkozko atseginak eta ikarak jotzen naute, pentsatuz zure indarrak gauzen izaera zein agerian utzi duen, alde guztietatik bistan.
Eta irakatsi ondoren gauza guztien lehenkiak nolakoak eta zein forma ezberdinekoak diren eta nola hegatzen diren berez, mugimen eternalak eraginda, eta nola euretatik gauza guztiak sor daitezkeen, orain nire bertsoei gogoaren eta arimaren izaera argitzea dagokiela uste dut eta Akerontearen beldur amilgarri hura erauztea, zeinak giza bizitza barren-barrenetik asaldatzen duen, dena heriotzaren beltzean bilduz, eta inolako atsegin garden eta garbirik izaten uzten ez duen. Zeren sarritan gizakiek diotena, hots, gaixotasunak eta bizitza ondragabea Tartaroren herio-zuloa baino beldurgarriago direla eta eurek badakitela gogoaren izaera odolezkoa dela, edo baita haizezkoa ere, gogoak hori ematen badie, eta gure doktrinarik ez dutela ezertarako behar, pentsa ezazu hori guztia areago dela harrokeria, benetako ustea baino, eta begira bestela. Aberritik erbesteraturik eta gizartearen bistatik aldendurik, krimen zatarrez orbaindurik, deneriko miserian nahigabeturik, hala ere, bizi zaizkizu eta, ezbeharrak daramatzan edonon hilak ohoratzen dituzte, azienda beltzak sakrifikatzen, jainko maneei opariak eskaintzen eta, zenbat eta okerrago aurkitu, gogotsuago jotzen dute erlijiora. Horregatik gizakumeari zalantzan eta arriskuan begiratu behar zaio eta ezbeharretan ezagutu nolakoa den; zeren orduan, noski, bihotzaren barrutik benetako hitzak baitatoz eta mozorroa kentzen eta izatea geratzen baita. Honela, diru-gosea eta ohore irrika itsua, gizaki ziztrinak zuzenbidearen mugak haragotzera eta inoiz, krimenen kide eta zerbitzari, gau eta egun ahalegin saiatuan agintera igotzera behartzen dituztenak, bizitzako zauri hauek ez dira gutxi elikatzen heriotzaren beldurretik.
Zeren arbuio doilorra eta txirotasun mingotsa biziera gozo eta egonkorraren arerio eta heriotzaren atean gelditzea bezala direla uste ohi baita; hortik gizakiek, izu faltsuak sakaturik, ihes eta aldendu nahiaren nahian, aberasten eta ondasunak irritsez handitzen dihardute, hilketak eta hilketak pilatuz; anaiaren hileta tristeaz ankerki pozten dira eta ahaideen mahaiei ere gorroto eta beldur diote. Era berdintsuan, sarritan beldur beretik bekaizkeriak erretzen ditu: begien aurrean bata indartsu, bestea ohoretsu ikustearen minez, eurak ilunpean eta basatzan iraulkatzen dira. Batzuk estatuen eta ospearen irrikan hiltzen dira. Eta sarritan, hiltzeko beldurrez, bizitzari eta argia ikusteari halako gorrotoa hartzen diote gizakiek, ezen bular atsekabetuz euren burua hiltzen baitute, zorigaitz guztien iturri beldur horixe dela ahazturik: bata kalte egitera darama, bestea adiskidantzaren lokarriak haustera eta, hitz baterako, pietatea eraistera. Zeren gizakiek aberria eta guraso maiteak maiz traditu izan baitituzte, Akeronteko leizeak ekiditearren. Zeren, haurrak ilunpe itsuan dardaratzen eta denaz ikaratzen direnez, geuk ere sarritan horrelaxe baitiegu argitan beldurra, haurrak ilunetan beldurtzen dituena eta berehalako iruditzen zaiena baino ezertan ikaragarriago ez direnei. Beharrezko da, beraz, gogoaren izu eta ilunpe hau ezaba dezaten, ez eguzkiaren izpiek edo egunaren gezi gardenek, naturaren ikuspenak eta arrazoiak baizik.
Lehenik gogoa, sarritan burua deritzoguna, non bizitzaren aholkua eta gobernua lekutzen diren, gizakumearen zati dela esan behar dut eta ez gutxiago eskua eta hanka eta begiak bizidun osoaren zati direna baino. Alferrik saiatzen dira batzuk esaten gogoaren sentikortasuna ez dagoela zati jakin batean lekutua, baizik gorputzaren nolabaiteko jarrera bitala dela, Grekoek harmonia deritzotena, zeinak sentituz biziarazten gaituen, burua egotez inon egon barik; sarritan gorputzak osasun ona daukala diogun bezala, nahiz eta berau inor osasuntsuren zati ez izan. Honela, gogoaren sentikortasunak ez ei dauka egonleku jakinik; horretan oso deslai eta galduta dabiltzala uste dut. Izan ere, sarritan kanpo gorputza, ikusten dena, gaixotu egiten zaigu eta azpiko beste zati batean, ostera, pozik gagoz; alderantziz ere, sarritan gertatzen da gogoz dohakabe dena gorputz osoan poztea; hankan min duen gaixoak beharbada buruan inolako minik ez edukitzea bezalaxe. Gainera lohadarrak lo bigunean eta gorputz astuna sentikortasun barik luze datzanean, badago zeozer guregan, denbora hartan hamaika eratara diharduena eta pozaren mugida guztiak eta bihotzaren ardura hutsalak beragan hartzen dituena.
Orain, arima ere lohadarretan dagoela eta gorputzak ez duela harmoniarik sentitzen jakin ahal dezazun, lehenik gertatzen da ezen, gorputz zati handi bat moztuta ere, sarritan biziak badirauela gure lohadarretan; eta, ostera, beroaren gorputz bakan batzuek ihes egitea eta aire apur bat ahotik kanporatzea nahikoa da zainak eta hezurrak tanpez laga ditzan; hortik jakin dezakezu gorputz guztiek ez daukatela zeregin bera eta ez diotela biziari berdin eusten, baizik hauexek, haizearen eta bapore beroaren gorputzok, arduratzen direla biziak loharretan jarrai dezan. Gorputzean bertan badago, beraz, hiltzean, gure lohadarretatik alde egiten duen bero eta aire biziarazle bat. Beraz, gogoaren eta arimaren izaera gizakiaren zati bezalakoak direla argitua denez gero, bihur harmoniaren izena musikariei, Helikon garaitik ekarri zutenei, baldin beste nonbaitetik atera eta izen propiorik ez zeukan zerbaiti ezarri ez bazioten. Zernahi dela, beukate: zu adi ondorengo esanetara.
Orain diot gogoa eta arima elkarrekin bat eginik dagozela eta bien artean izaera bakarra osatzen dutela, baina burua, nolabait, edo adimena dela gorputz osoaren nagusi, guk izpiritua edo gogoa deritzoguna. Eta hau paparraren erdialdean finkaturik dago. Izan ere, hementxe jauzikatzen dira izua eta beldurra, alaitasunak inguru horretantxe balakatzen gaitu; hementxe dagoz, beraz, izpiritua eta gogoa. Arimaren beste zatia, gorputz osoan zabaldurik, gogoaren borondate eta bulkoari men eginez mugitzen da. Gogoak bakarrik pentsatzen du bere kabuz, bera pozten da bere buruz, nahiz eta ezein gauzak ez arimarik ez gorputzik hunkitu ez. Eta, buruak edo begiak guregan minaren erasoa jasatean, gorputz osoan oinazetzen ez garen bezala, horrelaxe gertatzen da inoiz gogoa bera ere penatzea edo pozez gainezkatzea, bitartean arimaren beste zatiari, lohadar eta organoetan, ezein nobedadek eragiten ez diola. Baina, gogoa beldur bortitzagoak jotzean, arima osoa ere lohadarretan sentikide dela dakusgu eta gorputz osoan izerdiak eta zurbiltasuna datozela eta mihia moltsotzen eta abotsa iraungitzen dela, begiak iluntzen, belarriak furruntzen, lohadarrak makaltzen, hitz batez, inoiz gizakumeak lurjotzen ikusten ditugu gogoaren izuagatik; hemendik edonork aisa ikus dezake arima gogoari loturik dagoela eta, gogoaren indarrak kolpatzen duenean, berak gorputzera zabaltzen eta bultzatzen duela kolpea.
Arrazoi honek berak irakasten du gogoaren eta arimaren izaera gorpuztuna dela. Ikusten baita eurek eragiten dietela lohadarrei, eurek gorputza lotatik ateratzen eta aurpegia aldatzen, eta gizakume osoa gobernatzen eta maneiatzen dutela, eta ikusten baitugu hauetariko ezer ez daitekeela ukimen gabe izan, ezta ukimenik ere gorputzik gabe, ez al da aitortu behar gogoak eta arimak izaera gorpuztuna daukatela? Badakusu, gainera, gogoa nola aldi berean gorputzarekin ari den eta nola gorputz barruan haren sentikide den. Azkonaren indar latzak, hezur eta kirioak zulatzean eta urratzean, nahiz eta bizia ez apurtu, hala ere, zorabioa eta lurreratze leuna daragi eta lurrean bertan adimenaren asaldura eta inoiz halako zutitu nahi lanbroa.
Gogoaren izaerak, beraz, gorpuztun behar du, gorpuztun azkonen zauriekin min hartzen baitu.
Orain gogo honen gaia nolakoa eta zerez osatua den bertsoz azaltzera noakizu. Lehenik, gai fin-fina eta lehenki xehe-xehez egina dela diot. Hau honelaxe dela jakin dezazun, erne ondoren datorrenaz. Ez dago ezer, hain bizkor egitekoa dirudienik, gogoak egitea erabakitzen eta bertan abiarazten duena bezalakorik. Gogoa askoz bizkorrago mugitzen da, beraz, ikusgai eta begien bistan ageri den edozer baino. Baina hain zer mugikorrak hazi borobil-borobilez eta txiki-txikiz osaturik egon behar du, bulkorik txikienean mugitu ahal izateko. Zeren ura hain bulko txikiz mugitzen eta erioten bada, forma birakariz eta txikiz sortua delako baita. Eztiak, ordea, izate sendoagoa eta likore nagiagoa dauka eta astiroago erion ohi da; materiaren kopuru guztia bata-bestearen artean lotuago dagoelako, edo, argi dagoenez, hain gorputz leun, xume eta borobilez osaturik ez dagoelako. Mitxoleta haziak aski du putz xuabe eta zalanzkor bat, pilo handi bat goitik behera etor dakizun; harri edo galburu pilo batekin, ostera, ez dago horrelakorik. Beraz, gorputz txiki-txiki eta leun-leunekoak hainbat mugikorrago dira. Ostera, zenbat eta astunago eta latzagoak izan, hainbat egonkorrago dira. Honela, bada, gogoaren izaerak, hain izugarri mugikor ageri denez gero, gorputz txikiz, leunez eta borobilez osaturik behar du. Gauza hauek jakitea alde askotatik ongarri eta egoki izango zaizu, ene lagun on. Hurrengo honek ere agertzen du haren izaera, zer ehundura finekoa eta zer toki txikian kabitzekoa den, pilatu ahal balitz; alegia, heriotzaren atseden segurrak gizakia harrapatu duenean eta gogoaren eta arimaren izateak aldendu direnean, ez zenuke gorputz osoan ezeren faltarik hartuko, ez itxuran ez pisuan: heriotzak sentikortasun eta berotasun bitalaz beste guztia lehenean uzten du. Beraz, arima osoak hazi txiki-txikiz egina behar du, zain, errai eta kirioetan zehar bilbatua; zeren, bera gorputz osotik guztiz aldendurik ere, lohadarren kanpo aldeak osorik dirau, pisurik batere galdu gabe. Gauza bera gertatzen da Bakoren zukua ezabatu denean edo lurrin baten izpiritu suabea airean ezereztu denean edo gorputzen batek zaporea galdu duenean; gauza bera ezertan ez zaie begiei txikiago iruditzen, eta pisurik ere ez zaio batere falta, dudarik gabe usaina eta zaporea gorputz osoan zeharreko hazi askoz eta txiki-txikiz eginak direlako. Hortik jakin dezakezu, beraz, berriro esanda, gogo-arimen izaera erabat hazi niminoz osatua dela, ez baitie, alde egitean, gorputzei batere pisurik kentzen.
Ez da, hala ere, izaera hau bakuna denik pentsatu behar. Hilurranei, izan ere, halako hats arin batek alde egiten die, beroarekin nahasturik, eta beroak halaber airea berarekin daroa; ez dago berorik airea nahasten ez zaionik. Bere izaera apatza izanik, airezko lehenki askok ibili behar du bere artean. Argi dago, bada, gogoaren izaera hirukoitza dela. Hala ere, hirurok batera ez dira nahikoa, sentikortasuna sortzeko, gogoak ez baitu ulertzen ezeinek ere mugida sentikorrik sor dezakeenik eta are gutxiago berak darabilen pentsamendurik. Hauei, beraz, laugarren elementuren bat gehitu behar zaie. Hau oraindik erabat izen gabe dago; ez dago ezer berau baino mugikor eta arinagorik, ez elementu txiki eta leunagokorik; berau da lohadarretan mugida sentiarazleak lehenen banatzen dituena. Lehenen kitzikatua baita, hain forma txikiz egina izanik;beragandik hartzen du bulkoa beroak eta haizearen indar ezkutuak, beragandik aireak; beragandik mugikortzen da dena, borbortzen odola, erraiek sentipen guztiak hartzen eta azkenik hezur eta muinetara sartzen, dela atsegina zein kontrako garra. Baina minak ezin du haraino lasai sartu, ez gaitz zorrotzak han iraun, dena lokatu gabe, biziarentzat tokia falta izateraino eta arimaren zatiak gorputzaren zirritu guztietatik eskapatzeraino. Areago, ostera, mugimendua nolabait gorputzaren kanpo aldean iraungitzen da gehienbat: horrexegatik gara biziari eusteko gai.
Orain osagaiok elkarren artean nola nahasten, nola ordenatzen diren eta nola diharduten gogoz arrazoitzea desgogoz eragozten dit aberri hizkuntzaren gabeziak; ukituko diot, hala ere, gaiari laburki, neuk ahal bezala. Arimaren osagaiek elkarren artean halako mugidan dihartute, ezen ez baitago elkarrengandik banatzerik ez euren egitekoak espazioan bereizterik, aitzitik gorputz bakarraren ahalmen mordoak bezalatsu jokatzen dute. Era berean, edozein animaliaren haragian ere bada halako usain, bero eta zapore bat, eta, hala ere, denen artean gorputzaren bolumen bakarra eta osoa egiten dute. Honela, beroak eta aireak eta haizearen indar ezkutuak ere, nahasturik, izaera bakarra sortzen dute eta, gainera, indar mugikor hura, zeinak bere baitan hasitako mugimendua besteei igortzen dien eta zeinagan aurrenen sortzen den haragira doan mugida sentikorra. Laugarren osagai hau barrurik barrurenean ezkutatzen da, izatearen oinarri, eta gure gorputzean ezer ez dago barrurago eta aldi berean arima osoaren arima da bera. Era berdintsuan, haizeak eta aireak eta beroak elkarrekin nahasturik jardun behar dute lohadarretan eta bata-bestearen menpeko edo nagusi izan, denen artean batasun bat eginez,bestela beroak eta haizeak batetik eta airearen indarrak bestetik, banaturik, sentimena iraungiko eta disolbatuko baitute. Badago bero hura gogoan ere, honek suminez irakitean eta begietatik su biziagoa txinpartatzean erakusten duena. Badago ugari hats hotz eta beldurraren lagunean ere, lohadarrak hotzikaratzen eta gorpuzkinak inarrosten dituen hartan. Badu baita aire barearen izate hura ere, bihotz mantsoan eta aurpegikera lasaian agertzen dena. Baina beroa handiagoa da bihotz suharra eta izpiritu haserrekorra suminean aisa irakiten direnengan, hauetakoa delarik batik bat lehoien izakera biolentoa, zeintzuek, auhen egitean, bularrak orroeka askatzen dituzten, sumin uholari barruan eutsi ezinik. Oreinaren arima hotza, ostera, haizetsuago da eta bizkorrago jaurtitzen ditu haragian zehar lohadarretan mugimendu dardaratia eragiten dioten hats izoztuak. Idien izaeran aire mantsoa bizi da, eta hura ez du inoiz asaldatzen suminaren zuzi ketsuak, bere gandu ilunean itsutuz, eta ez da sorgortzen, izuaren gezi izoztuetan josia: erdibidean dago, oreinen eta lehoi beldurgarrien artean. Giza enda honelakoxea da. Kulturak zenbait jende era berdinean lantzen badu ere, arima bakoitzean lehen izaeraren lorratzak uzten ditu. Eta ez da pentsatu behar bizioak errotik erauz daitezkeenik, urlia beti izango baita haserre gogorretara emanago, sandia askoz beldurraren menpekoago, berendia, berriz, zenbait gauza etorkorrago hartzen dituena. Beste zer askotan ere gizakien izaera askotarikoek eta dagozkien ohiturek aldetsuak izan behar dute; orain ez daukat horien kausa ezkutuak azaltzerik, ez ezberdintasunok sortzen dituzten printzipioen formak adina izen aurkitzerik. Honetan baiezteko moduan nagoela uste dut ezen arrazoiak guregandik egotzi ezin dituen berezko izaeraren lorratzak hain direla txikiak,non ezerk ez baitigu eragozten jainkoen duin den bizimodua eroatea.
Arimaren izaera hau, beraz, gorputz osoak hartuta dago, eta bera da, halaber, gorputzaren jagole eta iraunarazle; biak erro komunez elkarri atxikita baitagoz, eta ez dirudi hiltzeke bereiz daitezkeenik. Intzentsu garaunei, euren izaera ere hiltzeke, usaina kentzea samurra ez den bezala, ez da samurra gogoa eta arima gorputz osotik ateratzea ere, osotasuna desegin gabe: hainbesteraino elkarloturik dagoz hasiera-hasieratik lehenkiak, bizi komunez hornituak. Eta gorputz-arimak, bereiz eta elkarren indar gabe, ez direla sentitzeko gauza dakusgu, baizik sentimena organoetan zehar argitzen dela, bietarik harako mugimenduek pizturik. Gainera gorputza ez da inoiz bere kabuz sortzen, ez hazten, eta ez dakusgu heriotzaren ondoren dirauenik. Ez baita ura bezalakoa, zeinak hartutako beroa utz dezakeen, horregatik bera desegin gabe, osorik iraunez baizik; ezin dute horrela, berriz diot, lohadar abandonatuek arimaren aldegitea jasan, aitzitik, barreneraino astindurik, hil eta usteldu egiten dira. Adinaren hasieratik, gorputz-arimek, amaren haragian eta sabelean kukuturik, elkarren ikutuan hala ikasten dituzte bizi mugidak, ezen ez baitaiteke banatzerik gerta heriotzaren okerrik gabe; ikus dezazun, biziraun printzipio bateratua dutenez gero, euren izaeran ere batera doazela.
Gainerakoan, inork gorputzak sentitzen duela ukatzen badu eta sentimena deritzogun mugimendu hau gorputz osoan zabalduriko arimak hartzen duela uste badu, egiaren eta ebidentziaren aurka tematzen dihardu. Zeren, nork azaldu behar digu gorputzak zer sentitzen duen, egintza nabariak berak ematen eta irakasten digunak ez bada? Baina, arima galdurik, gorputzak ez dauka sentimenik inon; inoiz berea izan ez duena galtzen du, izan ere, eta hainbat gauza galtzen du, bizitik jaurtitzen dutenean.
Bestalde, begiek ezin dutela ezer ikusi, baizik haien bitartez, ate irekietatik bezala, arimak ikusten duela esatea zaila da, haien sentimenak kontrakora baitarama; sentimenak, izan ere, ikusmena begininian kokarazten du, batez ere zer distiratsuak ikusi ezin ditugunean, argi larregiak gure ikusmenari traba egiten baitio. Hori ateekin ez da gertatzen; zeren hartan zehar begiratzen dugun ateak ez baitu irekita nekerik hartzen. Gainera, gure ikusmena atea bezalakoa bada, gogoak begiak aterata, atezangoak ere kenduta, gauzak hobeto ikusi behar dituela dirudi.
Honetan, ez dezazula zeugandu Demokrito gurenaren iritzi gurgarriak dioena, hots, gorputz-arimen lehenkiak, banan-banan kokatuak, binan txandatzen direla eta lohadarrak lotzen dituztela. Zeren arimaren elementuak, gure gorputza eta organoak osatzen dituztenak baino askoz txikiagoak izanik, kopuruan ere gutxiago baitira eta lohadarretan zehar mehatz zabalduta baitaude. Hau behintzat onartuko duzu, hots, lehenkiak, euren talkaz gure gorputzean mugida sentigarriak abiarazteko, zein txikiak diren, halakoxea dela arimaren lehenkien arteko bitartea. Batzuetan ez baitu sentitzen gorputzari itsatsitako hautsik, ez azalari erantsitako klerarik, ez gaueko behe-lainorik, ez bidera irteten eta bere sarean trabatzen gaituen armiarma-sare finik, ez berak buru gainera jausten uzten digun amaraun zaharrik, ez hegazti lumarik, ez, hain arintasun ezerezekoa izanik, nekez jausten den kardilaun hegalaririk; narrasti guztien ibilerarik ere ez dugu sentitzen, ez eltxoek eta enparauek gure gorputzean uzten dituzten oinatzik banan-banan bereizten. Asko eta askori eragin behar zaio guregan, gure ataletan zehar gorputzean nahasturiko arimaren haziak mugitu direla sentitu aurretik eta, tarte eta guzti ere elkar joz, elkarren gaineratu, batu eta berriro punpatu ahal izan aurretik.
Eta arima baino gehiago, gogoa da bizi-langen itxitzaile eta biziaren jaun. Zeren adimen eta gogo gabe, arimaren ezein zatik ezin baitu unetxo batez ere lohadarretan egon, aitzitik haiei darraie lagun menkor, airean ezabatzen da eta lohadar izoztuak heriotzaren hoztasunean uzten ditu. Adimen-gogoak geratzen zaizkionak, ostera, bizirik dirau; lohadarrak mozturik, enbor-motz badago ere, inguruko arima erauzi eta gorputzetik banandu bada ere, bizi da eta eterraren bizi-hatsak hartzen ditu. Dena ez bada ere, arima zati handi bat falta duela, hala ere, iraun eta biziari datxeko; begi ingurua zauriturik, begininiak osorik badirau, ikusteko ahalmen biziak ere halaxe darrai, begiaren globo osoa apurtzen eta beginini inguru guztia ebaki eta berau bakarrik uzten ez baduzu; hau ere ez baita gertatuko euren heriotza gabe. Ostera, begiaren erdiko puntutxo hura karraskatzen bada, argia bertan iraungitzen da eta ilunpea dator, globo distiratsua osorik egon arren. Honelakoxe itunean bat eginda dagoz betiko arima eta gogoa.
Adi orain, bizidunen gogoak eta arima finak jaio eta hil egiten direla jakin dezazun, luzaz eta lan gozoan ikertu dudana azaltzen saiatzera bainoa, zure duin diren bertsoetan. Har itzazu biak izen beraren pean eta, esaterako, arimaz mintzo banaiz, hilkorra dela irakatsiz, uler gogoaz ere ari naizela, elkarren arteko batasunean loturik baitagoz. Lehenik, gorputz niminoz osaturiko zer fin-fina, uraren umore likidoa edo lainoa edo kea osatzen dutenak baino askoz txikiagoz egina dela irakatsi dizudanez gero (mugikortasunean askoz gehiago baita eta sakada askoz xumeagoz mugitzen baita, kearen eta lainoaren irudiekin ere mugitzeraino; lo gagozela, ametsetan aldareek baporea exhalatzen eta kea gorantz doala ikusten dugunean bezala; ez baitago dudarik irudiok guganaino heltzen direla), edontziak apurtzean, ura nondinahi isurtzen eta likidoa alde egiten, eta lainoa eta kea ere airean ezabatzen ikusten baduzu, sinestu behar duzu arima ere askoz bizkorrago ezabatzen eta hiltzen eta arinago disolbatzen dela lehenkietan, gizakiaren lohadarretatik apartatzen eta aldentzen denean. Izan ere, bere ontzia bezalakoa den gorputzak, zerbaitegatik urraturik edo xumeturik, eutsi ezin badio eta odolak zainetatik alde egin badu, nola usteko duzu aireak euts diezaiokeela, gure gorputza baino xumeago eta ez-eusleago izanik?
Gainera, arima gorputzarekin batera sortzen eta parean hazten eta batera zahartzen dela dakusgu. Zeren, haurrak gorputz ahulez eta bigunez kilikolo dabiltzan bezala, zentzuna ere halakoxe biguna daukate. Gero, indarra sendotu ahala, adina heldutakokan, adimena ere handitzen eta gogo indarra gehitzen da. Ondoren, adinaren zartako bortitzek gorputza zigortu eta lohadarrak indar-kamuts jausitakoan, burua herrentzen, mihia deliratzen, adimena lokatzen eta dena batera higatzen da eta huts egiten du. Beraz, arimaren izate guztia ere disolbatzea bidezko da, kea goiko aire lekuetan bezala; batera jaiotzen eta batera hazten ikusten baititugu eta, esan bezala, batera lurjotzen, adinak ahiturik.
Honez gainera, gorputzak berak gaitz ankerrak eta min gogorrak jasaten dituenez, arima ere horrelaxe jotzen du ardura latzak, lutuak eta beldurrak; bidezko da, beraz, heriotzan ere kide izan dadin. Areago oraindik, gogoa sarritan gorputzaren minetan noraezik ibiltzen da; erotzen eta deliratzen da eta inoiz letargia larriak lozorro sakon eta luzean sartzen du, begiak eta burua jausirik, ez abotsik entzun, ez bizira deituz inguratzen duen aurpegirik ezagutzeke,matrailak eta begitartea malkoztaturik. Arima ere hiltzen dela aitortu beharra dago, beraz, gaitzaren kutsadura berari ere barruratzen baitzaio. Mina eta gaitza biak heriogile baitira, hainbat jenderen amaiak sobera irakatsia digunez.
Azkenik, ardoaren indar latzak gizakumea beragandu duenean eta haren beroa zainetan sartu eta barreiatu denean, zergatik dira lohadarrak astuntzen, hankak lokatzen, mihia trabatzen, zentzuna lainotzen, begiak lausotzen, orroak eta liskar zotintsuak bizitzen eta mozkorrean ohi diren gainerako ondorioak, zergatik gertatzen da hori, ardoaren biolentzia sutsuak arima gorputzean bertan perturbatu ohi duelako ez bada? Baina perturbatua eta eragotzia izan daitekeen edozer, kausa zerbait gogorragoak barrua hartzen badio, hil egingo dela esan nahi du, geroko bizia kendurik.
Areago oraindik, sarritan gizakume bat, gaitz batek tanpez menperaturik, geure begien aurrean, oinaztuak jota bezala, luze jausten da eta bitsa dario, auhenka, gorputza dardar, deliratzen ari da, giharreak atezuan, bihurkatzen, arnasa etenka, konbultsioek ahituta utzi arte. Argi dago lohadarretan zabalduriko gaitzaren indarrak arima astintzen eta aztoratzen dutela, zelai gazian haizeen indar bortitzez irakiten eta aparretan diharduten olatuak bezala. Aieneka urratzen da, lohadarrak minez kizkurtzen baitira, eta batez ere abotsaren haziak, ahora pilaturik, jaurtiak eta kanporatuak direlako ohi duten bide jakinetik. Zentzuna galtzen da, gogo-arimak endregatzen direlako, eta hauek, esan bezala, banatu egiten dira, pozoin harexek hautsirik eta erautzirik. Gero, gaitzaren sorburuak amore eman eta gorputz ustelduaren humore mingotsa bere gordelekura itzultzen denean, albo-alboka lehenengotan, tentetu bezala egiten da, apurka-apurka seneratuz eta arima beraganduz. Eta gogoa eta arima, gorputz barruan bertan ere, hain gaitz handien eta hain urradura errukarrien mende badagoz, nola eroan dezaketela uste duzu bizimodua gorputz gabe, aire agerian, haize bortitzen erdian? Eta adimena, gorputz gaixoa bezala, osatzen eta erremediora makurtzen dela baitakusgu, horrexek ere adimenaren bizia hilkorra dela diragar. Bidezko baita zatiren batzuk gehitzea edo alderanztea edo baturatik zerbait, fitsa bada ere, kentzea, gogoa aldatu edo beste edozein substantziari eragin guran dabilenak. Hilezkorra denak, ordea, ez du uzten zatirik alda ez erants diezaioten, ez ezer eskapa dakion. Zeren zeozer, mutaturik, bere mugetatik kanporatzen bada, horrek lehenago izan zenaren heriotza dakar berbertan. Arimak, beraz, gaixotzen dela nahiz erremediora makurtzen dela, hilkorra dela erakusten du, irakatsia dudanez. Hain da ziurra egiazko errealitateak uste faltsuari aurre egiten, irtenbide oro ixten eta aho biko errefutazioz okerra aitorrarazten diola.
Azkenik, gizakumea apurka-apurka eta atalez atal joaten eta bizi sentimena galtzen maiz ikusten dugu; lehenik oinetako behatz eta atzazalak ubeltzen, gero oinak eta bernak hiltzen, ondoren, herio hozminaren oinatzak beste lohadar guztietan arrastatzen. Eta arimaren izaera hau, zatitzen bai, baina osoan batera irteten ez denez gero, hilkortzat eduki behar da. Zeren, uste baduzu berak bere zatiak lohadarretan barruranzten eta batean biltzen ahal dituela eta horrela sentipena lohadar guztietatik aparta dezakeela, orduan hain arima kopuru handia pilatzen den toki hark sentipentsuago agertu behar du; eta hau ez baita inon gertatzen, argi dago, arestian esan bezala, zatika kanpora jaurtia dela eta, beraz, hil egiten dela. Eta gezurra onartzera eta arima, zatika hilez, argia uzten dutenen gorputzean pilatzen dela sinestera apetaturik ere, arima hilkorra dela aitortu beharko litzateke, eta berdin dio airean ezabaturik hil zein zatiak kontraktaturik basatu, sentipena gizakume osoari nondinahi joaten-joaten ari baitzaio eta bizia nondinahi gutxitzen-gutxitzen.
Eta adimena gizakiaren zati bat bakarrik denez gero, toki jakinean finkaturik dagoena, belarriak eta begiak eta bizia gobernatzen duten beste sentipenak bezala, eta eskuek eta begiek edo sudurrek guregandik berex sentitzerik ez izaterik ez daukaten bezala, denbora laburrean ustelmenean desegiten baizik, halaxe ezin du gogoak bere kabuz bizi gorputzetik eta gizakitik beragandik at, zeina harentzat edontzi bat bezalakoa den, edo harekin batuago egoteko irudikatu nahi duzun beste zeozer, gorputza konexioz atxikitzen baitzaio.
Gorputz-arimen bizi ahalmenak, beraz, euren arteko batasunagatik dira sendo eta daukate bizia; zeren gorputz gabe arimaren izaerak ezin baitu bere kabuz mugida bitalik igorri, ez gorputzak dezake, arima kenduta, izan ez sentipenik erabil. Alegia, bere sustraietatik ateratako begiak, gorputz osotik apartaturik, ezer ikusi ezin duen bezala, halaxe, noski, ezin dute gogoak eta arimak ere eurenez ezer egin. Izan ere, zain eta haragi eta nerbio eta hezurretan zehar nahasturik, gorputz osoan atxikita baitagoz eta, bitarte handirik gabe, ezin dute libreki jauzi egin eta, horrela zarraturik, sentipenaren mugidak eragiten dituzte, gorputzetik kanpora eragiteko gauza ez direnak, hil ondoren aire finera jaurtiak izan direnean, jadanik era hartan atxikirik ez dagozelako. Airea gorputz eta bizidun izango bailitzateke, beragan arima atxikitzeko eta lehen honek nerbioetan eta gorputzean bertan eragiten zituen mugidak eginarazi ahal balizkio. Behin eta berriz, beraz, gorputzaren bilkina desegin eta bizi hatsa kanpora jaurtitakoan, gogoaren sentipena disolbatu egiten dela aitortu behar da, baita arima ere, bien izatea loturik baitago.
Azkenik, gorputzak ezin baitu arimaren joakera kirats higuingarrian usteldu gabe jasan, zergatik zagoz dudan arimaren indarrak, gure barren-barrenetik hara, keak bezala alde egiten duela eta, gorputza hondakin ustel bihurturik jausi bada, bere oinarriak hankazgoratu direlako dela, arima lohadar eta gorputzean diren bide bihurri eta poro guztietatik zehar eriotean? Horra nola hainbat modutan jakin dezakezun arimaren izaera gorputzean zabaldua lohadarretan zehar irten dela eta gorputzean bertan ere dagoeneko urraturik zegoela, airearen hatsetan flotatzera lerratu aurretik.
Areago oraindik, arima bizi mugen barruan ari deno, ezbeharren batek jotakoan, joan guran eta gorputz osotik askatu guran ematen du eta, azken unean bezala, aurpegia zurbiltzen eta lohadarrak lokatzen eta gorputza jota geratzen da. Horixe gertatzen da norbaiti gaitzak eman diola edo konortea galdu duela esaten denean; denak ikaratzen eta biziaren azken haria birkorapilatzen saiatzen dira. Orduan gogoa eta arimaren ahalmen oro dardaratzen dira, gorputzarekin berarekin desegin zorian; zartada zerbait gogorragoz disolbatu egingo lirateke. Zergatik zagoz dudan, beraz, gorputzetik kanpora jaurtitako arima ahulak, aire zabalean eta babesgabetuak, ezin duela, betiraun osoan ez ezik, denborarik laburrenean ere iraun? Izan ere, ez dirudi ezein hilurrenek sentitzen duenik arima onik irteten zaiola gorputz osotik, ezta aurretik zintzurrera eta ahora igotzen zaionik ere, aitzitik, ordea, kokaturik dagoen tokian bertan iraungitzen zaiola; beste sentimenak ere bakoitza bere tokian disolbatzen direla sentitzen duenez. Zeren, gure gogoa hilezkorra balitz,ez litzateke hiltzean disolbatzeaz hain kexu, kanporatzeaz eta soinekoa uzteaz poztu baizik, sugea bezala.
Azkenik, adimena eta zentzuna zergatik ez dira inoiz buruan edo hanketan edo eskuetan sortzen, beti egoitza bakarrean eta alde jakinean egoten baizik, bakoitzari jaiotzeko toki jakina eman zaiolako ez bada, han sorturik, bertan iraun ahal dezan, eta bere parte ezberdinak lohadarren ordenarik inoiz ez hankazgoratzeko moduan dagozelako? Honela zer bata besteari darraio eta ez surik sortu ohi da ibaian ez izotzik jaioko suan.
Gainera, arimaren izaera hilezkorra bada eta gure gorputzetik bereiz senti badezake, bost sentimenez hornitutzat jo behar da, nik uste. Ezin dugu arimarik beste inola irudikatu, lurpeko Akeronten zehar galdurik. Antzinako pintoreek eta idazleek horrelaxe adierazi zituzten arimak, sentimenez hornituak. Baina ariman ezin da begirik bereiz egon, ez sudurrik, ez eskurik, ez mihirik, ez belarririk; beraz, arimek ezin dute eurenez sentitu ez izan.
Eta bizi-sentimena gorputz osoan dagoela eta hau dena biziduna dela sentitzen dugunez gero, indarren batek bat-batean zartada azkarrez erdibitu eta zati biak bereiz utziko balitu, arimaren indarra ere gorputzarekin batera ebakia eta erdibitua litzateke. Baina ebakitzen eta zati bihurtzen denak argi dago izaera eternala edukitzeari uko egiten diola. Igitai erako gurdiek sarritan, hilketaren beroan, hain bat-batean mozten omen dituzte lohadarrak, ezen gorputzari kendutako zatia lurrean dardar ikusten omen baita, nahiz eta adimenak eta gizonaren arimak, kolpearen azkarrez, minik sentitu ezin; eta aldi berean, gogoa burrukaren lehiari emana dela, geratu zaion gorputzarekin burruka eta hilketa gose da, eta sarritan, zaldi artean, ez da konturatzen igitai zorroztun gurpilek esku ezkerra ezkutu eta guzti eraman diotenik, ez eskuina galdu duenik, horman gora lehian doala. Han beste bat hanka-motz zutitzen saiatzen da, oin hilurrenak lurrean oraindik behatzei eragiten diela. Enbor bero eta oraindik bizitik moztutako buruak aurpegia bizirik eta begiak zabalik kontserbatzen ditu lurrean, arimaren hondar guztiak entregatu arte. Areago oraindik, mihi bibrakor buztan mehatxati gorputz eskergako suge baten erdi biak burdinaz zati-zati egiteari ematen badiozu, zati moztu berriak bihurtzen eta lurra zornez likintzen ikusiko duzu, eta aurre partea atzeari heltzera itzultzen, haginkada sutsu batez zauriaren mina kentzeko. Zati guzti horietako bakoitzean arima osoa dagoela esan behar al dugu? Orduan bizidun bakarrak gorputzean arima asko zeuzkala atera beharko genuke. Lehen bakarra zen arima, beraz, gorputzarekin batera zatitu da; beraz, biak hilkor direla pentsatu behar da, biak berdin zati askotan banatuak baitira.
Gainera, arimaren izaera hilezkorra bada eta jaiokeran gorputzetan barnatzen bada, zergatik ezin dugu iragan bizitzarik gogoratu ez egindako ezeren aztarrenik gorde? Zeren, arimaren ahalmenak iraganaren gomuta erabat jausteraino aldatu badira, apenas hori, neuk uste, heriotzatik urrun dabilen; aitortu beharra dago, beraz, lehen zen arima hil zela eta orain dena oraintxe sortua izan dela.
Gainera, arimaren indar bitala gorputz jadanik perfektuan barnatzen bazaigu, jaiokeran eta bizitzako ataria zapalkeran hain zuzen, ez da bidezko gorputzarekin eta lohadarrekin batera, odolean bertan,hazten ikus dezagun, aitzitik bere baitan bakarrik, kaiolan bezala, bizi behar luke, nahiz eta bere sentimena gorputz osoan zabaldu. Behin eta berriz, beraz, ez dago pentsatzerik arimek sorrera gabeak eta herio legetik libreak direnik. Ezin baita pentsatu, kanpotik sarturik, gure gorputzekin hainbestean bat egin zezaketenik -errealitate nabariak guztiz bestelakoa darakuskigu. Hain dago egon ere elkarloturik zain, haragi, nerbio eta hezurretan, ezen hortzek ere sentimena baitaukate; hagineko minak, ur leituaren zistadak eta janari mastekatuan bat-batean aurkitzen den harriak adierazten duenez-; ezta, hain bat eginik egonda, osorik irten eta onik jarein daitezkeenik ere hainbeste nerbio, hezur eta giltzaduren artetik. Zeren beharbada uste baduzu arima kanpotik sarturik bizi ohi dela gure lohadarretan, hainbat arrazoi gehiago, gorputzarekin bat eginda hil dadin. Hedatzen dena disolbatu egiten baita, hil, beraz. Gorputzaren zirritu guztietan zehar zabaltzen baita. Janariak, gorputz eta lohadar guztietan zehar zabaldurik, desagertzen eta beragandik beste izate bat ekoizten duenez, halaxe arimak eta gogoak, gorputz jaioberrian osorik sartu arren, zabalkeran disolbatu egiten dira, arimaren izaera egiten duten partikulak zirritu guztietan zehar lohadarretara zabaltzen diren bitartean; arima horixe da orain nagusi gure gorputzean, lehen lohadarretan zabaltzean hil zen hartatik sorturik. Hortik argi dago arimaren izaera ez dagoela ez jaiotegun gabe ez heriotzatik libre.
Bestetik, gorputz bizigabean arimaren hazirik geratzen da ala ez? Zeren, geratzen eta barruan bada, ezingo da arima hilezkortzat zuzen jo, zatiak galdurik, murriztuta joan baita. Ostera, lohadarrak osorik dituela alde egin badu, gorputzean beretik zati bat ere utzi gabe, hilotzek nondik sortzen dituzte harrak, ustelkeran, eta halako bizidun pilo hezurgabe eta odolgabea nondik darie lohadar hanpatuei?
Zeren beharbada uste baduzu arimak harrengan kanpotik sar eta bakoitza gorputz batean koka daitezkeela eta ez baduzu kalkulatzen milaka arima nola etor daitekeen bakarra joan zen lekura, badago, hala ere, galdegarri eta aztergarri zaizun zer bat, alegia, ea arima bakoitza bera datorren harraren hazietara, bere egonlekua berak egiteko, ala ea gorputz amaitura sartzen den. Baina ez dago inondik argitzerik zergatik eurek egiten duten gorputza edo zergatik arazo hori hartzen duten. Zeren, gorputz gabe bizkor hegatzean, ez baitaukate gaixorik, ez hotzik, ez goserik; aitzitik, okerrok gorputza jotzen dute eta gogoak beronen kutsutik hartzen du hainbat gaitz. Baina emazu bertan sartzeko gorputz bat egitea ongarri zaiola; nola dezaketen ez da ikusten. Arimek ez dute, bada, eurentzat gorputzik eta lohadarrik egiten. Eta gorputz amaituetan sartzea ere ezinezkoa da; ezingo bailukete haiekin sutilki bat egin, ez sentikidetasunez elkar ukitu.
Azkenik, zergatik dirau biolentzia zorrotzak lehoien enda ilunean, maltzurkeriak azeriengan, eta zergatik ematen diote gurasoek oreinei iheserako sena eta lohadarrak kinatzen dizkie jatorrizko izuak, eta zergatik sortzen dira honelako guztiak lehen adinetik lohadarretan eta jitean, hazi eta enda jakin bakoitzean arimaren indarra gorputzaren pare haziz doalako ez bada? Zeren hilezkorra balitz eta gorputza aldatuko balu, bizidunen azturak nahastu egingo lirateke, hirkaniar endatik harako txakurrak sarritan ihes egingo lioke orein adardunari, belatza airearen hatsetan dardaratu eta hanka egingo luke, usoa etortzean, gizakiak zentzugabetu eta piztiak zentzudun lirateke. Uste okerra baita diotenena arima hilezkorra egokitu egiten dela gorputzez aldatzean. Aldatzen dena disolbatu egiten baita,hil, beraz. Bere zatiak deslekutzen eta lerrotik kanporatzen baitira; zatiok ere, beraz, lohadarretan disolbatu ahal izan behar dute, azkenean denak gorputzarekin hiltzeko. Baina gizakien arimak beti giza gorputzetara doazela badiote, oraindik galdetuko dut zergatik daitekeen jakintsutik tentela sor, zergatik ezein umek ez daukan esperientziarik, bere hazi eta enda jakinetik harakoa ez bada, edo zergatik ez den moxala zaldi egina bezain trebea eta indartsua. Segurrenik, aitzakia emango du gorputz bigunean arima bigundu egiten dela. Hori horrela bada, arima hilkorra dela aitortu behar da, gorputzez aldatzean, hain guztiz galtzen baititu bizia eta aurreko sentimenak. Arimak nola ahalko du gorputzarekin batera indartu eta adin-lore desiratua harrapatu, jatorrian bertan sorkide ez bada? Zergatik ihes egin nahi du lohadar zahartuetatik? Beldur ote da gorputz ustelkorrean preso gelditzeko eta urteek ahituriko etxea honda dakion? Hilezkorrentzat ez dago inongo arriskurik baina.
Honela, bada, barregarria dirudi arima Venusen ezteietan eta basa piztien erditzeetan arteko izatea eta hilezkorrak ezin kontatu ahala gorputz hilkorren bila aritzea eta elkarren artean lehiaz burrukatzea, nor lehenen eta behinen sartuko; baldin arimak euren artean itundu ez badira, hegan lehenen iritsia lehenen sar dadin, elkar jo eta hausten ekin gabe.
Zuhaitzik ezin da, bada, zeruan egon, ez hodeirik itsas leizeetan, ez arrainik lehorrean bizi, ez odolik zurean, ez zukurik haitzen barruan. Zer non hazi eta bizi finkaturik eta ordenaturik dago. Honela, arimaren izaerak ezin du gorputz gabe bakarrik sortu, ez nerbioetatik eta odoletik urrun ibili. Zeren, ahal izatera, arimaren indarra askoz aisago jar bailiteke buruan edo sorbaldetan edo orpo barrenetan eta edonon jaioko bailitzateke, nahiz eta gizakume edo ontzi berean gelditu.
Baina, gure gorputzean ere gogoa eta arima, elkarrengandik bereiz, non haz eta izan daitezkeen finkaturik eta ordenaturik ageri denez gero, hainbat gehiago ukatu behar da gorputz osotik at jaio eta iraun dezaketenik. Horregatik, gorputza hiltzean, arima ere hiltzen dela aitortu behar da, gorputz osoan zehar barreiaturik. Hilkorra betikorrarekin batzea eta sentikide eta ekinkide direla pentsatzea zorakeria baita benetan. Izan ere, zer pentsa daiteke ezberdinagorik, elkarren kontrakoagorik eta desakortagorik, izaki hilkorra hilezkor eta betikoarekin bildurik, ekaitz ankerrak batasunean jasatea baino?
Gainera, betikor dirauten zer guztiek edo kolpeak aldaratu behar dituzte, gorputz solidoa daukatelako, eta ez sartzen utzi barne zatiak disozia ditzakeen ezeri, materiaren lehenkien kasuan bezala, zeintzuen izaera lehen agertu dugun, edo bestela betieran irauteko ahala behar dute, kolpeetatik libre baitagoz, hutsunea dagoen bezala, zeinak osorik dirauen, kolpeak fitsik eragiten ez diolako, edo baita inguruan ez dagoelako nolabait nora erretiraturik eta non disolbaturik, gauzadien batura eternalean bezala, zeinatik at ez baitago nora ihes eginik eta hura kolpa eta zartada bortitzez hauts dezakeen gorputzik. Zeren arima hilezkorra dela defendatu behar bada, bizi indarrez horniturik omen dagoelako, edo kanpoko eragile suntsitzailerik iristen ez omen zaiolako, edo iristen zaizkionek zerbaitegatik atzera egiten omen dutelako, euren eragin kaltegarria guk somatu ahal izan aurretik ezetsita, [honelakorik ezer ez dagokio arimari]. Zeren, gorputzaren gaitzekin sufritzen duenaz gainera, maiz gertatzen baitzaio etorkizunaz ere nahigabetzea eta beldurrak gaixotzea eta ardurak higatzea eta iraganeko erru gogoratuek hozka egitea. Gehi honi dagokion zorotasuna eta gauzen ahanztura, gehi bere uhin beltzetan murgiltzen den letargoa.
Heriotza ez da, beraz, ezer eta ez dagokigu ezertan, arimaren izaera hilkorra dela uste baitugu. Eta iragan denboran inolako minik sentitzen ez dugun bezala, kartagotarrak nondinahi gudura etorri zirenean eta gerrako burrunda ikaragarriak dena, izuan dardar, eterraren sapai altuen azpian astindu zuenean eta noraezean gizakume guztiek galdetzen zutenean ea zein erreinuren menpean jaustea egokituko zitzaien itsas-lehorretan, horrelaxe, existitu ez gaitezenean, gure batasuna osatzen duten gogo-arimen banakuntza burututakoan, ezertxo ere ez zaigu, ez baikara existituko, gertatzen ahalko, ez ezerk sentimenik mugiaraziko, lehorra itsasoarekin eta itsasoa ortziarekin nahas baledi ere. Eta, gure gorputzetik erauzitakoan, gogo-arimek zeozer senti badezate ere, guri ez digu ezer ardura, gorputz-arimen loturaz eta batasunez baikara garen banakoa. Eta denborak heriotza ondoren gure materia bildu eta berriro oraintxe dagoen bezala bateratuko balu ere, eta biziaren argia berriro ikusaraziko balitzaigu ere, gertaera horrexek ere ez liguke ardurarik, gure kontzientziaren jarraipena etenda bailegoke. Oraintxe ere ez digu ardura lehen zer izan ginen eta hartatik ez datorkigu inolako nahigaberik. Zeren denbora neurrigabearen iragan aldi guztiari begiratzen badiozu, materiaren mugidak zein askotarikoak diren, aisa sinestu ahalko duzu orain osatzen gaituzten hazi hauek eurok maiz egon zirela lehen oraingo ordena berean. Gure gogoak ezin du, ordea, hura berriro gomutaratu; gure bizitzan geraldi bat gertatu baitzen eta mugimendu guztiak sentimenetatik noranahi deslaitu baitziren. Zeren, etorkizunean miseriarik eta saminik izango bada, norberak ere hantxe izan beharko baitu orduan, gaitza gaineratu ahal dakion. Hori heriotzak galarazten eta halako zorigaitzak bil dakizkiokeenik existitzea eragozten duenez gero, lasai atera dezakegu heriotzan ez dagoela zeri beldur izanik eta existitzen ez denak ezin duela dohakabe izan eta ez diola ardura norbait noizbait jaioa izanak, heriotza hilezkorrak bizitza hilkorra kendutakoan.
Honela, bada, gizaki bat bere buruaz deitoreka dakusunean, hil ondoren gorputza edo hilobian ustelduko, edo garretan edo piztien matrail artean ezabatuko zaiolako, pentsa dezakezu ez dela egiaz mintzo eta bihotz barruan baduela ezten ezkuturen bat, nahizta berak ukatu hil ondoren sentimenik badela sinesten duenik. Ez baitu, nik uste, agintzen duenik ematen eta horrela ez dio bere buruari bizia errotik mozten eta apartatzen, baizik, oharkabean, bere zerbaiti biziraunarazten. Izan ere, bizi delarik pentsatzen duenean gero bere hilotza hegaztiek edo piztiek urratuko dutela, bere burua erruki du; ez baitu bere burua hartatik bereizten eta gorputz eroritik behar beste aldentzen, eta huraxe dela uste du eta, ondoan jarrita, bere sentimena eransten dio. Horregatik amorratu egiten du hilkor sortu izanak eta ez du ikusten egiazko heriotzan ez dela izango beste bere bururik, bere buru hilari bizirik negar egingo dionik eta, bere hilotz etzanaren ondoan tente, bere urratzez eta erretzez penatuko denik. Zeren, heriotzan piztien hagin-sari izatea okerra bada, ez dut ikusten gozoago denik sutan gar goriek xigor zaitzaten, edo eztitan ito zaitzaten, edo marmol-harri leituaren gainean hotzak izoztu zaitzan, edo gaineko lurraren pisuak zapal eta galka zaitzan.
«Gehiago ez hau etxe eztiak hartuko, ez emazte bikainik, ez seme-alaba samurrik etorriko zaik musu lehian eta bularra gozotasun isilean hunkitzera. Gehiago ez duk langintza emankorrik gozatuko eta ez haiz eureen babes izango. Gaizo erukarri hori! -diote-; egun dohakabe bakarrak hainbeste bizi-sari batera kentzen dik». Honelakoetan ez dute gaineratzen: «Gehiago ez hau zer guztiotako ezeren ardurak jango». Gogoak hau ondo ikusi eta arabera mintzatuko balitz, bere larrimin eta izu handia desegingo litzateke.
«Hi behintzat, heriotzan lo, horrelaxe izango haiz datozen mendeetan, samin garratz guztietatik libre; guk, ostera, su beldurgarriaren ondoan, hi haustuaren gainera ase ezinka negar egingo diagu eta betiko samin hau kentzeko egunik ez zaiguk iritsiko». Honi ere galdetu beharko zaio, bada, zer den horren mingots, dena lotara eta atsedenera doalarik, inor betiko lutuan higatu ahal izateko.
Gertatu ohi da baita, mahaira okerturik, kopak eskuetan eta koroa gerizak bekokian, gizonek maiz esatea gogoz: «Gozamen hau laburra diagu gizakitxook; laster duk joana eta gero ezingo zioagu berriz deitu». Heriotzako okerrik handiena gizajoak egarri goriak kiskaltzea eta xigortzea balute, edo beste zerbaiten irritsak joko balitu bezala. Inor ez da, noski, bere buruaz edo biziaz galetzen, gorputz-arimek elkarrekin lotan atseden hartzen dutenean. Guregatik segi beza betiko horrelaxe loak, ez baitugu seneratzeko irritsik nabari. Eta lotan, hala ere, gure lohadarretan zehar zabalduriko lehenkiak ez dira mugida sentikorretatik urrun deslaitzen, gizakume itzartua bere buruaz birjabetzen baita. Heriotza guretzat askoz gutxiago dela pentsatu behar da, izatez ezer ez dena baino gutxiago izaterik bada; heriotzari materiaren nahas-mahas eta sakabanatze handiagoa baitarraio eta inor ez baita itzarturik jaikitzen, behin biziaren eten hotza gertatuz gero.
Azkenik, gauzen izaerak abots goran gutariko norbaiti honela agiraka egingo baligu: «Zerk larritzen hau horrenbeste, hilkor hori, horren negar garratzari ekiteko? Zergatik hiltzeari horrenbeste auhen eta negar? Zeren lehengo bizitza joana horren pozgarri izan bazaik eta atsegin guztiak, gozatu aurretik, edontzi hautsira botata bezala, irristatu ez bazaizkik, zergatik ez haiz erretiratzen, biziliar ase hori, eta zergatik ez diok atseden segurrari gogoz heltzen, tentel horrek? Eta, irristaturik, atsegin oro agortu eta bizitza gaitzi bazaik, zergatik gehitu nahi diok bera ere txarto hilko eta alferrik akabatuko den ezer, biziari eta nekeari azkena eman beharrean? Honezkero ez baitiat hiri laket izateko ezer makinatzerik ez asmatzerik: dena bera duk beti. Hire gorputza urteek zimeldurik eta lohadar nekatuak makaldurik egon ez arren, beti zer bera geratzen zaik, nahiz eta biziluzean belaunaldi guztiak gainditu, areago oraindik, nahiz eta inoiz hilko ez». Zer erantzun, naturaren kexua zuzena dela eta bere hitzetan egiazko arrazoia azaltzen duela baizik?
Eta baldin helduagoa eta zaharragoa kexatzen bada eta gizajoak heriotza behar baino gehiago deitoratzen badu, ez ote dio are arrazoi handiagoz aldarri eta abots garratzagoz agiraka egingo? «Ken malkook hemendik, tripontzi horrek, eta utz erostei! Bizi-sari guztiak dastaturik, zimeltzen ari haiz. Baina beti falta dena desiatzen eta dagoena muzintzen duanez gero, bizitza erdizka eta pozik gabe irristatu zaik, eta ustekabean ohaburuan heriotza agertu zaik, denaz aserik eta beterik abiatu aurretik. Utz orain hire adinari arrotz zaizkion gauza guztiok eta egiek arin eta gogoz gazteei leku: nahitaezkoa duk». Zuzen liharduke, nik uste; zuzen egingo luke akar eta gaitzespen. Zahartzaroak amore ematen baitu, gaztetasunak iraitzia, eta zer bata bestetik berritu behar baita. Ezer ez da leizearen eta Tartaro beltzaren esku geratzen. Materia behar da, belaunaldi berriak hazteko, eta eurok ere, bizitza burutuakoan, zuri darraizkizuke; eta lehengoenak ez zuen zureak baino gutxiago egin eta egingo. Honela, zer bata bestetik sortzea ez da sekula geratuko, eta bizia inori ez zaio jabegoan ematen, denei erabilgoan baizik. Begira gu jaio aurreko denbora eternaleko iragana ere zer hutsa den guretzat! Horixe dugu, hain zuzen, naturak gure heriotza ondoko etorkizunaren ispilutzat erakusten diguna. Ageri al da bertan ezer izugarririk, ikusten al da ezer tristerik, ez al da amets guztiak baino segurragoa?
Eta, egia esan, Akeronte sakonean omen dagoen guztia bizitza honetantxe daukagu. Tantalo dohakabeak ez dauka, diotenez, airean zintzilik dagoen harritzarraren beldurrik, izularri hutsalean gogorturik; aitzitik, bizitzan berton sakatzen die hilkorrei jainkoen beldurrak eta bakoitzari zoriak ezarriko dion kolpearen ikarak. Saiek ez diote erasotzen Akeronten datzan Tiziori eta ziur ezingo luketela haren bular zabalean ezer miatzekorik aurkitu sekulorun sekulotan. Haren gorputz etzana denik eskergarena balitz ere, haren lohadar hedatuek, bederatzi goldealdi ez ezik, lurbira osoa hartuko balute ere, ezingo luke min eternalik eraman, ez bere gorputz propiotik jana ematen beti jardun. Tizio hementxe geure baitan dugu, amodioan etzana, saiek zatitzen dutena eta larritasun antsiosak irensten edo beste edozein grinaren kezkak urratzen duena. Sisifo ere bizitzan berton daukagu begi aurrean, herriari azaoak eta aizkora ankerrak eskatzeko egarriz eta beti meperaturik eta tristeki atzera eginez. Zeren hutsala eta inoiz ez lortzekoa den agintea eskatzea eta horretantxe beti neke latzean ekitea, horixe baita mendian gora lehiaz sakatzea tontorretik berriro beherantz iraulkatzen eta barreneko lautadara amiltzen den harriari. Bestalde, gure gogo eskergabearen gurariak bazkatzen beti aritzea, gauza onez bete eta inoiz ez asetzea, urtaroek egin ohi duten moduan, beti itzuliz eta uztak eta deneriko atseginak ekarriz, eta, hala ere, bizitzako fruituekin inoiz nahikotzen ez garela, horixe da, nik uste, lore-adineko neskatoek gogoratzen dutena, inola ere bete ez daitekeen edontzi zulatura ura botaz. Zerbero eta Furiak eta argirik eza eta Tartaro, ahotik gar izugarriak ok eginez, ez dira inon eta izan ere ez daitezke benetan. Baina bizitza honetan gaizkintza larriei penen beldur larria dagokie, eta krimenaren zigorra, espetxea eta haitz erpinetik behera jaurtize lazgarria, idizilkadak, borreroak, lakioa, bikea,xafla goria, zuziak; eta honelakorik ez badago, gogoak, hala ere, gaizkintzen jakitun, aurrez beldurturik, berak bere burua eztenkatzen eta zigorkadaz erretzen du eta ez dakus bere gaitzen muga zein izan daitekeen ez zein izango den bere penen azkena, eta beldur da penok ez ote diren hiltzean handituko. Hortxe bilakatzen da infernu, hain zuzen, tentelen bizitza.
Hau ere tarteka esan zeniezaioke zeure buruari: «Anko onak ere begiak itxi zizkioan argiari, gauza askotan hi baino hobea izan arren, gaizto hori. Geroztik beste hamaika errege eta ahaltsu hil izan duk, laterri handiak menperatu ondoren. Behinola itsaso handia ireki eta legioei ur handian zehar bidea eman eta olatu gazien gainean oinez joaten irakatsi ziena eta, zaldi gainean bertara jauzi eginez, itsasoaren arrabotsa arbuiatu zuena, huraxe ere argigabetua izan zuan eta arima gorputz hilkorretik kanpora jaurti zian. Eszipiondar hark ere, gerrako oinaztu, Kartagoren izu, hezurrak lurrari eman zizkioan, azken otseina bailitzan. Gehi zientziaren eta ederraren sortzaileak, gehi musen lagunak; hauen gailur paregabe den Homero bera ere besteen lozorro berean zatzak. Demokritok, azkenik, zahartzaro helduak karguarazi zionean oroimenaren mugidak gogoan ahultzen ari zitzaizkiola, berak bere kabuz eskaini zioan heriotzari bere burua. Epikuro ere, adimenean giza enda gainditu eta, eguzkiaren irteerak izarrak eterrean bezala, denak itzali zituena, biziaren argia iraungitzean, hil egin zuan. Hi, berriz, zalantzan eta hiltzeko muzinez egongo al haiz? Nor eta hi, bizidun eta ikustun izan arren, bizia ia hila duana, denborarik gehiena lotan galtzen, itzarrik zurrungatzen eta amesgintzari uzten ez dioana, arima izu funtsgabez larriturik darabilkana eta sarritan zer gaitz daukaan ere igarri ezin duana, amaibako gaitzek sarritan gizajo hori, horditurik, nondinahi estutzen hautenean eta gogo zalantzatiz, jitoan flotatuz, alderrai habilenean?».
Gizakiek, ariman astuntasun akigarria sentitzen duten bezala, zertatik datorren eta paparra zanpatzen dien gaitz puska hain handia nondikoa den jakin ahal balute, ez lirateke horrela biziko, gehienean ikusten ditugun moduan, zer nahi duten ez dakitela eta beti lekuz aldatu guran, zama uztekoa bailitzan. Horrelakoa maiz irtengo da jauregitik at, etxean gogait eginik, eta berehala itzuliko, kanpoan ez baitzen batere hobeto aurkitzen. Baserrira lasterka doa, zaldikoei hanka-jokoa eraginez, suak hartutako etxeari laguntzera ziztuan bezala; bat-batean, baserriko atalburua zapaldu dueneko, aharrausi egiten du, edo nekaturik lotara doa, ahanztura bila, edo baita hirira itzultzeko arin prestatu ere. Horrelaxe ihes egiten dio nork bere buruari, baina gehienean ezin du alde egin; bere buruari desgogoz inkaturik gelditzen da eta gorroto du, ez baitu ulertzen, eri dela, gaitzaren zergatirik; hau ondo ikusiko balu, dena utzi eta lehenik gauzen izaera ezagutzen saiatuko litzateke, ordu batena barik, betiraunaren izaera jokatzen baita, non hilkorrek igaro beharko duten hil ondoren geratzen zaien denbora guztia.
Azkenik, zein bizinahi gaizto eta hain handik eragiten digu hainbesteko dardara hain arrisku dudazkoetan? Biziaren azkena hilkorrentzat erabakita dago, noski, eta inor ezingo gara heriotzari aurre egitetik libratu. Gainera, beti leku berean dihardugu eta diraugu eta luzaroago bizitzeak ez liguke atsegin berririk ekarriko. Baina, desio duguna falta duguno, huraxe iruditzen zaigu denak baino hobea; hura lortutakoan, beste bat nahi dugu, eta bizi-egarri leratsu berak gauzka beti.
Dudazkoa da geroak nolako zoria ekarriko digun, azareak zer emango digun eta nolako azkena zain daukagun. Eta ezin dugu, bizitza luzatuz, heriotzaren denbora izpirik kendu ez laburtu, deusezpena beharbada laburragoa izan dakigun. Bizi zintezke, beraz, nahi beste mendetan; heriotza eternalak ez dizu horregatik gutxiago itxarongo, eta biziaren amaia gaurko argian etorri zaionak ez du ez-izate laburragoa izango hainbat hilabete eta urte lehenago hil zenak baino.