Giza ezagutzari buruzko ikerketa/II. Atala

Wikitekatik
Giza ezagutzari buruzko ikerketa  (1748)  David Hume, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
II. Atala. Ideien jatorriaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


II. Atala. Ideien jatorriaz

11. Nornahik aise onartuko du alde handia dagoela gogoaren pertzepzioen artean, gizakume batek bero larraren mina eta bero tamainakoaren atsegina sentitzen duenean, eta gero sentipen hori gogora ekartzen edo irudimenez aurreratzen duenean. Ahalmen hauek zentzuen pertzepzioak imitatu edo kopiatu ahal dituzte, baina ez dute inoiz jatorrizko sentipen haren indarrik edo bizitasunik atzemango. Ahalmen hauetaz diogun gehiena da ezen, indartsuen ari direla emanik ere, objektua hain bizi irudikatzen dutela, non ia-ia sentitu edo ikusi egiten ditugula esan baikenezake. Baina gogoa eritasunak edo zorotasunak guztiz aldrebesturik ez badago, inoiz ere ez dute halako bizitasun-mailarik izango, pertzepzio hauek sentipenetatik arras berezkaitz egiteraino. Poesiaren kolore guztiek batera, direnik bikainenak badira ere, ezin dute objektu naturalik pintatu, deskribapena egiazko paisaiatzat harrarazteko moduan. Pentsamenik trinkoena ere sentsaziorik ahulena baino gutxiago da.

Honen antzeko bereizketak gogoaren pertzepzio guztiak jotzen dituela ikus dezakegu. Gizon haserrea oso ezberdin aritzen da emozio horretaz pentsatu besterik egiten ez duenaren aldean. Norbait maitemindurik dagoela badiote, aise uler dezaket adierazten zaidana eta haren egoeraz egoki jabetu, baina inoiz ez dezaket ezagutza hori erratu grinaren nahasmahas eta astinduekin. Gure iragan sentipen eta inpresioez gogoeta egitean, gure pentsamena ispilu zintzoa da, eta bere objektuak egiazki kopiatzen ditu, baina erabiltzen dituen koloreak ahulak eta hilak dira, gure jatorrizko pertzepzio hark zekartzanen aldean. Ez da bereizmen zorrotzeko ahalmenik ez metafisikari-bururik behar horiek bereizteko.

12. Hona, bada, gogoaren pertzepzio guztiak bi mota edo espezietan bana ditzakegula, euren indar edo bizitasun-maila ezberdinez bereizten direlarik. Indar edo trinkotasun gutxiagokoei ohiki pentsamenduak edo ideiak deritze. Beste motakoek gure hizkuntzan ez daukate izenik, eta beste gehienetan ere ezetz uste dut, helburu filosofikoz bakarrik baitzen beharrezko hitz edo deitura orokor baten barruan sartzea. Demaiogun, beraz, askatasun pixka bat geure buruari eta inpresioak deitu, hitz hau ohizkoaz beste adiera batean erabiliz. Inpresio hitzez, beraz, gure pertzepziorik trinkoenak adierazi nahi ditut: entzun, edo ikusi, edo sentitu, edo maite, edo gorroto, edo desiratu, edo nahi izaten dugunean. Eta inpresioak bereiziak dira ideietatik, hauek bizitasun gutxiagoko pertzepzioak direlarik, zeintzuez ohartzen garen gorago aipatu sentsazio eta mugimenduei buruz gogoeta egitean.

13. Ez daiteke, lehen begiratuan, gizakumearen pentsamena baino mugagabeagorik ezer izan, zeren giza botere eta aginte orori ihes egin ezezik, naturaren eta errealitatearen mugetara ere ez baita lotzen. Munstroak taxutzeak eta eite eta itxura inkongruenteak batzeak ez dio irudimenari objekturik naturalenak eta etxekoenak bururatzeak baino arazo gehiago ekartzen. Eta gorputza bertan minez eta ozta-ozta arrastatu beharreko planetari atxekirik dagoen bitartean, pentsamenak, amen batean, unibertsoko ingururik urrunetara eraman gaitzake. Edo unibertsoaz harago, kaos mugagaberaino, non, uste denez, natura anabasa hutsean omen dagoen. Inoiz ikusi edo entzun gabea ere bururatua izan daiteke. Pentsamenaren ahalmenaz harago ez dago ezer, era bateko kontradikzioa izan ezik.

Baina gure pentsamenak askatasun mugagabe hori ukan behar duen arren, azterketa hurbilagoan aurkituko dugu, izatez, oso muga-barru estuan dagoela, eta gogoaren ahalmen sortzaile guzti hori ez dela zentzuek eta esperientziak eskuraturiko materialak nahasteko, azpikoz goratzeko, gehitzeko edo gutxitzeko ahalmena besterik. Urre-mendi bat pentsatzen dugunean, elkargarri bihurtzen ditugu urrea eta mendia, aurrez ezagutzen genituenak biak. Zaldi bertutetsua ere burura dezakegu, zeren geure baitako sentipenetik burura dezakegu bertutea, eta hau zaldiaren eite eta irudiari bil diezaiokegu, abere etxekoa baitugu bera. Laburki, pentsaketaren material guztiak geure barne edo kanpo pertzepziotik harakoak dira. Pertzepzio horren nahasketa eta osakuntza geure gogoari eta nahimenari bakarrik dagokio. Edo, filosofi hizkeran adierazteko, gure ideiak, edo pertzepzio ahulagoak, gure inpresioen edo pertzepzio biziagoen kopiak dira.

14. Hau frogatzeko hurrengo bi argumentuak nahikoak izango direla uste dut. Lehenbizi, gure pentsamenduak eta ideiak aztertzen ditugunean, diren osatuenak eta gorenak badira ere, beti aurkitzen dugu aurreko sentipen- edo gogo-egoera batetik kopiatuak bezain ideia xotiletara biltze direla. Lehen begiratuan, jatorri horretatik urrunen diruditen ideiek ere, azterketa hurbilagoaren ondoren, bertatik harakoak direla aurkitzen da. Jainko ideia, izaki amaigabegi burutsu, jakintsu eta ona esan nahi duen neurrian, geure gogogaren beraren eragiketei buruz gogoeta egitean eta jakinduri eta ontasun-kualitate haiek mugagabeki gehitzean sortzen da. Ikerketa honi nahi dugun hedapena emanik ere, beti aurkituko dugu ideia guztiak antzeko inpresio baten kopiak direla. Jarrera hau ez dela unibertsalki baliozkoa edo salbuespenik gabea baieztu nahi dutenek errefutatzeko metodo bakarra eta erraza daukate: euren ustez sorburu horretatik ez datorren ideia agertzea. Orduan gure lana genuke, geure doktrinari eutsi nahi izatekotan, ideia hari dagokion inpresio- edo pertzepzio-bizia agertzea.

15. Bigarren, gizakumerik baldin bada bere organoen akatsen bategatik sentsazio-mota horretarako gauza ez denik, orduan dagozkien ideietarako ere ez dela gauza aurkitzen dugu. Itsuak ezin du koloreen inolako noziorik osatu, ezta gorrak ere hotsenik. Itzul hauetariko edonori falta duen zentzua. Bere sentsazioentzat erreten berri hau irekitzean, bere ideientzat ere erreten berria irekitzen da, eta ez du inolako trabarik aurkitzen objektu horiek bururatzeko. Kasu berbera da sentsazioa eragiteko gai den objektua organoari inoiz jarri ez bazaio ere. Beltzak edo Laponiarrak ez dauka ardoaren gozoaren inolako noziorik. Eta, nahiz eta adibide gutxi edo bat ere izan ez halako gogo akatsarenik, zeinean pertsona batek ez duen inoiz sentitu edo bere espezieari dagokion sentipen edo grinarik izateko erabat ezgai den, hala ere, hautemate bera gertatzen dela ikusten dugu neurri txikiagoan. Jokabide mantso samarreko gizakumeak ezin dio antzik ere eman mendeku edo ankerkeri gogo amorratuari, eta bihotz berekoiak ere ez dauka adiskidantzaren eta eskuzabaltasunaren gailurak asmatzerik. Aise onar daiteke beste izaki batzuek ukan ditzaketela guk antzeman ere ezineko zentzuak, zentzu horien ideiak inoiz ez zaizkigulako aurkeztu ideia bat gogora hel daitekeen bide bakarrez, hots, arartegabeko sentipenez edo sentsazioz.

16. Bada, ordea, fenomeno kontraesankor bat, froga dezakeena ez dela arras ezinezkoa ideiak eurei dagozkien inpresioetatik aparte sortzea. Aise onartuko da begitik sartzen diren kolore-ideia ezberdinak, edo belarritik datozen hotsarenak, elkarren artean egiaz ezberdinak direla, nahiz eta, aldi berean, berdintsuak izan. Hau kolore ezberdinez egia bada, ez da gutxiago egia izango kolore berdinaren ñabardura ezberdinez, eta orduan ñabardura bakoitzak ideia ezberdina sortzen du, besteetatik berezia. Zeren, hau ukatuz gero, izan bailiteke, ñabarduren gradapen jarraitua bide, kolore batetik beste arras ezberdin batera oharkabez pasatzea. Eta norbaitek onartzen ez badu bitarteko batzuk ezberdinak direla, ezin du ukatu, absurduan erori gabe, ertzekoak ezberdinak direnik. Demagun, beraz, norbait hogeita hamar urtetan zehar bizi izan dela eta kolore-mota guztiak bereganatu dituela, halabeharrez, sekula egokitu ez zaion halako urdinaren ñabardura bat izan ezik. Jar haren begi aurrean kolore honen ñabardura guztiak, huraxe izan ezik, ilunenetik argienera mailaka jaitsiz. Garbi dago hutsunea somatuko duela ñabardura hura falta den lekuan, eta gune horretan beste edozeinetan baino distantzia handiagoa igerriko du elkarren ondoko koloreen artean. Orain galdetzen dut ea ba ote lezakeen, bere irudimen hutsez, huts hori horni eta ñabardura haren ideia irudika, nahiz eta inoiz zentzuen bidez aurkeztu ez. Gutxi direla uste dut horretarako gauza ez dela uste dutenak. Eta honek frogatzat balio dezake ideia bakunak ez direla beti eurei dagozkien inpresioetatik harakoak, nahiz eta kasu hau hain izan bakana, ezen ia alferrekoa baita hautematea ere, eta horregatik ez du gure epaia aldatzerik merezi.

17. Hona, beraz, proposizio bat bere baitan bakuna eta ulergarria dirudiena ezezik, behar bezala erabiliz gero, era berean ulergarri egingo lukeena edozein eztabaida, hainbeste denboran arrazoiketa metafisikoak eskuratu eta lorrindu duen mordoilo guzti hori ezabatuz. Ideia guztiak, batez ere abstraktuak, ahulak eta ilunak dira berez. Gogoak aginte urria besterik ez dauka haiengan. Beste antzeko ideia batzuekin aise nahastekoak dira. Eta hitz bati, sarritan, baina esanahi zehatzik gabe erabili dugunean, halako ideia bat datxekiola pentsatzera jotzen dugu. Inpresio guztiak ordea, hots, sentsazio guztiak -bai kanpokoak, bai barrukoak- bortitzak eta biziak dira. Hauen arteko mugak zehaztasun handiagoz ebazten dira, eta ez da erraza eurei buruzko oker edo errakuntzan erortzea. Beraz, hitz filosofikoren bat esanahi edo ideiarik gabe erabiltzen den susmorik baldin badugu -askotan gertatzen denez-, galdetzea baino ez daukagu delako ideia hori zein inpresiotatik datorren. Eta inolakorik ere ezartzerik ez badago, orduan gure susmoa baiezteko balioko du. Gure ideiak hain argitasun garbira ekarrita, arrazoiz espero dezakegu euren izaera eta errealitateari buruz sor daitekeen edozein eztabaida uxatzea.1