I. Atala. Filosofi mota ezberdinez
1. Filosofia morala, edo giza izaeraren zientzia, bi era ezberdinez trata daiteke. Bietariko bakoitzak bere meritu berezia dauka, eta gizadiaren entretenigarri, ikaspide eta berritzaile izan daiteke. Batak gizakumea batez ere ekintzarako sortutzat jotzen du. Eta bere egintzetan dastamen eta sentimenaren eraginpean dagoen aldetik; objektu baten atzetik eta beste bati iheska, objektu horiek izan bide duten balioaren arabera, eta euren aurkezteko moduaren arabera. Eta bertutea objektu guztietatik baliotsuena omen denez, filosofo-mota honek kolorerik atseginenez pintatu ohi du hura, poesia eta elokuentzia bide direla, euren gaia era xume eta argian azalduz, irudimenari laket izateko eta gure sentimenduei eragiteko erarik egokienean hain zuzen. Eguneroko bizitzako kasurik eta behaketarik nabarienak hautematen dituzte; kontrako alderdiak dotore kontrastatzen dituzte; eta aintzaren eta zorionaren ikuspegiz bertutearen bideetara erakartzen gaituztelarik, gure urratsak bide horietatik zuzentzen dituzte, prezepturik bidezkoenez eta adibiderik ospetsuenez. Bizioaren eta bertutearen arteko aldea sentiarazten digute; gure sentimenduak kinatzen eta arautzen dituzte; eta horrela ez daukate gure bihotzei prestutasunaren eta benetako ohorearen maitasunera eragitea besterik, euren ahalegin guztien xedea ustez atzeman dutelakoan.
2. Beste filosofo motak, ordea, gizakumea izaki aktibotzat baino gehiago arrazoimenduntzat jotzen du, eta haren jokabidea lantzen baino gehiago haren adimena hezten saiatzen da. Giza izaera espekulagaitzat hartzen dute eta arakapen zorrotzez aztertzen dute, gure adimena arautu, gure sentimenduak kinatu eta gu zeinnahi objektu, ekintza edo portaera onestera edo gaitzestera garamatzaten printzipioak topatzeko. Literatura guztiaren lotsagarri iruditzen zaie filosofiak oraindik moralaren, arrazoiaren eta kritikaren oinarririk argi erabaki ez izana; eta ostera, egi gezurrez, bizio-bertuteez, eder-itsusiez etengabe mintzatzea, bereizketa horien iturria bereizteko gauza izan gabe. Lan-sail horretan ari bitartean, ez diote ezein oztopori amore ematen; aitzitik ordea, kasu konkretuetatik printzipio orokorretara igonik, euren ikerketei ekiten diete, are printzipio orrokorragoen bila, eta ez dute atsedenik giza jakinminak, zeinnahi zientziatan, mugarazle behar dituen jatorrizko printzipioak jo arte. Euren espekulazioek abstraktuak eta baita irakurle arruntarentzat ulergaitzak ere iruditu arren, ikasien eta jakintsuen onespena atxeki nahi dute; eta euren bizi guztiko ahaleginari aski ordain zaiola uste dute, baldin geroaren argibide izan litezkeen egia ezkuturen batzuk aurkitzen badituzte.
3. Egia da filosofia erraz eta argia gizadirik gehienari askoz maitagarriago egingo zaiola filosofia landua eta lantsua baino; eta askok gomendatuko du hura, ez bestea baino gozoagotzat bakarrik, baizik ongarriagotzat ere. Bizimodu arruntean sarbide gehiago dauka; bihotza eta sentimendua taxutzen ditu; eta gizakumeei eragiten dien printzipioak atzematean, hauen jokabidea berritzen du, eta azaltzen ari den perfekziora hurbiltzen ditu. Filosofia lantsua, ordea, negoziorako eta ekintzarako balio ez duen gogo-jokuan oinarria duelarik, ezereztu egiten da filosofoa ilunpetik egun-argira irteten denean, eta beraz, haren printzipioek ezin dute gure jokabide eta portaeran eraginik izan. Gure bihotzeko sentimenduek, gure grinen berotasunak, gure hunkipenen indarrak haren ondorioak makaltzen dituzte eta filosofo sakona plebeiu soilera ekartzen dute.
4. Hau ere aitortu beharko da gainera: osperik luzeena, baita mereziena ere, filosofia errazari egokitu zaio eta arrazoilari abstraktuek, berriz, uneko izena bakarrik irabazi dute oraingoz, euren garaiko apeta eta ezjakintzari esker, baina ez dira izan euren itzalari etorkizun zuzenagoan eusteko gai. Filosofo sakon batek aise izan lezake errakuntza bat bere arrazoiketa xotiletan, eta errakuntza batek nahitaez beste errakuntza bat dakar filosofoa ondorioak garatzen ari denean, eta ez dio ondorio hori onartzeari uzten, nahiz eta itxura bitxikoa edo zentzuz bestekoa izan. Kolorerik ederren eta xarmagarrienez gizadiaren zentzua aurkeztekotan diharduen filosofoa, ordea, istripuz erratzen baldin badu, ez da aurrerago joaten, bai ordea, zentzura eta gogoaren berezko sentipenetara jotzea berrituz, bide zuzenera itzultzen eta bide arriskutsuetatik libre gelditzen. Zizeronen ospeak gaur ere badirau, baina Aristotelena guztiz gainbehera dago. La Bruyerek itsasoak haratzen ditu eta hala ere bere ospea mantentzen du. Baina Malebrancheren aintza haren nazioari eta aldiari bakarrik dagokie. Eta Adisson agian gozamenez irakurriko da, Locke guztiz ahazturik dagoenean.
Filosofo hutsa normalean munduan onarpen eskasa duen gizakera mota da, gizartearen aurreramendu eta laketerako inolako ekarpenik egiten ez duela jotzen denez, gizateriarekiko komunikaziotik urrun bizi baita, eta haren ulergaitasunetik urruntasun berean dauden nozioetan buru-belarri murgilduta. Bestalde, ezjakin hutsa are mesprezatuago dago, eta ezer ere ez da gizakera estuaren seinale hobetzat hartua zientziak loratzen ari diren garai eta nazio batean, entretenigarri noble hauetara inolako zaletasunik ez edukitzea baino. Gizakera perfektuena ertz bi hauen artean dagoena dela uste da eskuarki: liburuetarako, lagunarterako eta negozioetarako gaitasun eta zaletasun berdina duena, jendarteko harremanetan Letra Ederretatik harako bereizmena eta fintasuna agertzen duena, eta negozioetan filosofia egoki baten emaitza diren prestutasuna eta zehaztasuna erakusten dituena. Gizakera hain lortua landu eta zabaltzeko, ezer ere ez aproposagorik estilo eta garapen errazeko saiakerak baino, bizitzatik lar apartatzen ez direnak, ulertzeko dedikazio edo barnebilkuntza sakonegirik behar ez dutenak, eta ikastuna bizitzako zeinnahi beharretara aplikatzeko moduko sentimendu noblez eta prezeptu zuhurrez jantzita bidaltzen dutenak berriro gizartera. Saiakera hauek bide, bertutea maitagarri, zientzia atsegin, lagunartea ikasbide eta bakardadea entretenimendu bihurtzen dira.
Gizakumea izaki arrazoizkoa da eta halako gisan zientziatik hartzen ditu beharreko jana eta elikua. Baina giza gogoaren irismena hain da murritza, ezen nekez espero daiteke arlo honetan ase handirik bere lorpenen hedaduratik edo segurtasunetik. Gizakumea izaki gizartekoia da, eta ez izaki arrazoizko baino gutxiago. Baina ez dauka beti lagun atsegin eta dibertigarririk ondoan edukitzerik, edo haren nahi adinako xerari eusterik. Gizakumea izaki ekinkorra ere bada, eta joera hau bide, baita bizitzako premia ezberdinak bide, negozioaren eta zereginaren mende dago. Baina gogoak patxada zerbait ere behar du, ez baitauka beti ardurapean eta arazopean ibiltzeko joerari eusterik. Badirudi, beraz, naturak bizitza bikoitza ezarri duela giza endarentzako egokientzat, eta gizakumeei isilki agindu diela ez uzteko ezein aurrejoerari gehiegi hartaratzen, beste ardura eta entretenigarri batzuetarako ezgai izateraino. Eman zeure zientzi grinari -dio naturak-, baina egizu zure zientzia gizazkoa izan dadin eta gizartera erreferentzia zuzena ukan dezan. Debekatu egiten ditut pentsamen abstraktua eta ikerketa sakonak, eta zorrozki zigortuak izango dira: sorrarazten duten malenkonia pentsakorra, norbera hartan murgilarazten duten zalantza amaigabeak eta zure usteko aurkikunde horiek jakinarazten dituzunean jasoko duten abegi hotza izango dute zigortzat. Izan filosofoa, baina zeure filosofia guztiaren erdian, segi gizakume izaten.
5. Gizadirik gehienak filosofia erraza abstraktua eta sakona baino nahiago izatea aski balu, beroni arbuiorik eta gaitzezpenik jaurti gabe, agian ez litzateke bidegabea iritzi orokor honekin konformatzea eta gizakume bakoitzari bere gustu eta sentimenak berez, oztopo gabe, gozatzen uztea. Baina maiz auzia urrunago eraman ohi denez gero, arrazoiketa sakon oro edo ohiki metafisika deritzona baztertzeraino, oraintxe goaz haren alde arrazoiz zer alega litekeen azaltzera.
Hasteko, hauteman dezakegu filosofia zorrotz eta abstraktuaren alde on handi bat filosofia erraz eta gizakorrerako daukan balioa dela, honek hura gabe ezin duelarik bere sentipen, prezeptu eta arrazoietan behar adinako zehaztasun-mailarik atzeman. Letra Ederrak ez dira giza bizitzaren erretratua besterik, jarrera eta egoera ezberdinetan. Gorespen edo gutxiespenezko, mirespen edo barregarrizko sentipen ezberdinak iradokitzen dizkigute, aurkezten diguten objektuaren kualitateen arabera. Artista, ahalegin honetan nagusitzeko prestatuago dago, baldin, gustu finaz eta ulermen azkarraz gainera, adimenaren barne-ehundura eta eragiketak, bizio-bertuteak bereizten dituzten grinen eta sentipen-mota ezberdinen arikuntza, zehatz ezagutzen baditu. Bilaketa edo barne-ikerketa honek nekagarri eman badezake ere, hein batez nahitaezko bihurtzen zaie bizitzaren eta ohituren itxura kanpoko eta bapatekoak ganoraz deskribatu nahi dituztenei. Anatomilariak objekturik ezatseginenak eta izugarrienak erakusten ditu, baina haren zientzia onuragarri zaio pintoreari, Venus bat edo Helena bat marrazten duenean ere. Honek bere artearen kolorerik aberatsenak erabili eta bere irudiei jite bitxia eta xarmagarria ezarri arren, orduantxe ere giza gorputzaren barne-egiturari, muskuluen kokaguneari, hezurren ehundurari eta atal eta organo guztien zertarakoari eta eiteari begiratu behar die. Zehaztasuna beti zaio ongarri edertasunari, eta arrazoiketa zorrotza sentimen finari. Alferrik egingo diogu eder batari, besteari muzin eginez.
Gainera, zeinnahi arte eta lanbidetan, baita bizitzari eta ekintzari gehien dagozkienetan ere, hauteman dezakegu zehaztasun gogoak, hala nahiz hola norberagandu delarik ere, haien perfekziora hurbiltzen eta gizartearen interesetarako ongarriago egiten dituela. Eta filosofo bat negozioetatik aparte bizi badaiteke ere, filosofiaren izpirituak, zenbaitek arretaz landua izanez gero, gizarte osoan gradualki hedatua izan behar du eta gisako zehaztasuna erantsi, arte eta lanbide orori. Politikak prebisio eta argitasunerako gaitasun gehiago lortuko du agintearen banaketan eta orekan. Abokatuak metodo hobeak eta printzipio gardenagoak bere arrazoiketetan. Jeneralak erregulartasun handiagoa disziplinan eta kontu gehiago bere plan eta operazioetan. Lehengo gobernuen aldean, egungo gobernuen egonkortasuna eta egungo filosofiaren zehaztasuna hobetu egin dira, eta eiki neurri berdintsuan hobetzen jarraituko dute.
6. Ikasketa hauetatik jakinmin xaloaren gozamena besterik atera ezin balitz ere, halaxe ere ez lirateke arbuiatu behar, giza endari eman zaizkion plazer ziur eta kaltegabe bakanetariko batera helbide baitira. Bizitzako zidorrik gozoen eta kaltegabeenak zientziaren eta jakintzaren etorbideetan zehar darama. Eta bide horretan oztoporen bat kendu edo ikuspegiren bat ireki dezakeena gizartearen ongiletzat jo behar da. Eta ikerketa hauek zailak eta nekagarriak iruditu arren, adimen batzuei zenbait gorputzi bezalakoa gertatzen zaie, alegia, osasun sendo eta indartsukoak izanik, ariketa gogorra behar dutela, gizadirik gehienarentzat lantsua eta astuna litzatekeen zerean gozamena aurkitzen dutela. Iluna neketsua da izan ere adimenarentzat, begiarentzat bezalaxe, baina ilunetik argia ateratzea, horretarako behar den ahalegina bide, atsegingarri eta pozgarri izan behar derrigor.
Baina filosofia sakon eta abstraktuaren iluntasun hori neketsua eta gogaikarria izateagatik ezezik, errore eta zalantzaren iturria izateagatik ere kritikatzen da. Izan ere, hementxe dago metafiskaren zati handi bati jartzeko eragozpenik zuzen eta fidagarriena: ez dela izatez zientzia alegia, baizik sortzen dela bai adimenari arras eskuragaitz zaizkion gaietan sartu nahi duen giza banitatearen alferreko ekinetik, bai herri-sineskerien maltzurtasunetik; sineskeriok, izan ere, zelai normalean leialki defendatzeko gauza ez direnez, sastraka nahaspilatsu hauek jartzen dituzte tartean, euren ahultasuna estaltzeko eta babesteko. Zelai ageritik uxaturik, ohoin hauek oihanean ezkutatzen dira eta bertan enboskaturik, zain daude gogoaren ibilpide babesgabe guztietan noiz oldartuko eta hura nola beldur eta aurriritzi erlijiosoez menderatuko. Antagonistarik indartsuena ere, une batez arretari uzten badio, azpiratu egingo du. Eta askok koldarkeriaz edo ergelkeriaz, ateak euren etsaiei irekitzen dizkiete eta gurtasunez eta mentasunez pozik hartzen dituzte euren legezko nagusitzat.
7. Baina aski arrazoi ote da hau, filosofoek euren ikerketak lagatzeko eta sineskeriari bere gordeguaren jabe izaten segitzen uzteko? Ez ote da bidezko aurkako konklusiora jotzea eta guda-etsaiaren gordelekurik ezkutuenetaraino eraman beharra onartzea? Alferrik itxaroten dugu gizakumeek, euren dezepzio maizkorrei esker, hain airezko zientziak azkenik laga eta giza arrazoimenari dagokion gunea aurki dezaten. Zeren, anitz pertsonak topiko hauek azkenik gabe behin eta berriro ekartzeko ardura nabariegia izanaz gain, honez gain, diot, etsipen itsuaren motiboak inoiz ez dezake arrazoiz bederen zientzian tokirik izan, zeren, arteko ekina denik eta agorren gertaturik ere, oraindik itxaron baitaiteke geroko belaunaldien ekinak, zorte onak edo argitasun gehitzeak aurreragoko aroetan ezagutzen ez zen aurkikunderik agian lortzea. Jeinu abenturazale orok sari zailaren bila joko du eta hozturik baino areago, bere aurrekoen porrotek kinaturik aurkituko da, hain abentura zaila burutzearen ospea berari bakarrik dagokiola itxaroten baitu. Jakintza auzi nahaspilatsu hauetatik berehala askatzeko era bakarra da giza adimenaren izaera serioan ikertzea eta, bere ahalmenen eta gaitasunaren azterketa zehatzaren bitartez, ez dagoela inola ere hain gai urrun eta abstraktuetarako presturik erakustea. Neke hau jasan beharra da, handik aurrera patxadan bizi ahal izateko. Benetako metafisika ere landu behar dugu kontuz-kontuz, metafisika gezurrezkoa eta adulteratua deusezteko. Zenbait pertsonarengan filosofia iruzurti horren aurkako babestoki den nagikeria beste zenbaitengan jakinminak gainditzen du. Eta batzuetan nagusitzen den etsipenak espektatiba eta ilusio ustetsuak izan ditzake atzetik. Arrazoibide zorrotza eta zehatza da pertsona eta jarrera guztientzat balio duen erremedio nonnahiko bakarra, eta bera bakarrik da gauza filosofia bihurri eta mordoilo metafisiko hori amiltzeko, zeina, herri-sineskeriaz nahasita egonik, ezaxolki arrazonatzen duenarentzat nolabait ere sargaitz bihurtzen den eta zientziaren eta jakintzaren itxura hartzen duen.
8. Alde on honetaz gain, hots, ikerketa xehearen ondoren jakintzaren adarrik ezbaikor eta ezatseginena baztertuz gain, bada anitz alde on garrantzitsu giza izaeraren indarraren eta ahalmenaren azterketa zehatzetik datorrena. Adimenaren eragiketei buruz, nabaria da, nahiz eta guri barneki dagozkionak izan, hala ere, gogoetagai bihurtzen direnean, ilunpean murgilduak diruditela, eta begiak ezin izaten dituela aise topatu eragiketa horiek bereizten eta ezberdintzen dituzten marrak eta mugak. Objektuak xotilegiak dira luzaro itxura edo egoera berean irauteko, eta berbertan atxeki behar dira, naturatik harako eta gogoetak biribilduriko gai penetrazioz. Honela, zientziaren zati ez baztergarri bat bilakatzen da gogoaren eragiketa ezberdinak ezagutzea soilki, bata bestearengandik bereiztea, beharreko ataletan sailkatzea, eta gogoeta eta ikergai egiten ditugunean aurkitzen diren itxurazko anabasa hori zuzentzea. Ordenatze- eta bereizte-lan hori, gure zentzuen gai diren kanpo-gorputzekin egitean meriturik ez duen hori, baliotsuago bihurtzen da gure gogoaren eragiketei buruz osatzen denean, hartarako topatzen dugun zailtasun eta ahaleginaren arabera. Eta gogo-geografia edo gogoaren zati eta ahalmen ezberdinen mugapen horretaz harago bagoaz ere, gutxienez gozamena da hain urrun heldu izana. Eta zenbat eta nabariagoa iruditu zientzia hau (inola ere ez da nabaria baina), hainbat eta arbuiagarriagotzat jo behar da bere ezjakintza, jakintza eta filosofia xede dituzten guztien aldetik.
Ez daiteke gainera inolako susmorik gelditu zientzia hau ez-ziura eta kimerikoa dela ere, espekulazioaren eta baita ekintzaren aurkako eszeptizismoari heltzen ez badiogu. Ez dago zalantzan jartzerik gogoa zenbait ahalmenez eta gaitasunez horniturik dagoela, ahalmen hauek elkarren artean bereiztekoak direla, bapateko hautemateari benetan ezberdin zaiona gogoetak bereiztua izan litekeela eta, beraz, giza adimenaren eskueratik harago ez dauden egia eta gezurra hain zuzen. Bada mota honetako beste bereizketa nabaririk ere, hala nola adimenaren eta nahimenarena, irudimen eta grinena, zeinnahi gizakiren ulermenaren barruan jausten direnak. Eta bereizketarik zorrotzen eta filosofikoenak ez dira gutxiago errealak eta ziurrak, ulergaitzagoak izan arren. Ikerketa hauetako zenbait garaipen-kasuk, oraintsukoak batez ere, jakintza adar honen ziurtasun eta sendotasunaren nozio zuzenagoa eman diezagukete. Filosofoaren ahaleginarentzat ontzat jo behar al dugu egiazko planeta-sistema batez jabetu eta gorputz urrun haien kokagunea eta ordenua zehaztea, bitartean guri, hain bertatik dagozkigun gogoaren parteak hain garaipen handiz zedarritzen dituztenak mesprezatzen ditugularik?
9. Baina ez al dezakegu itxaron filosofiak, kontuz landua eta publikoaren arretak bultzatua baldin bada, ikerketa hauek urrunago eraman ditzan eta, zati batean behintzat, giza gogoa bere eragiketetan mugiarazten duten iturri isil eta printzipioak aurki ditzan? Denbora luzez astronomoei aski izan zitzaien, fenomenoetatik abiaturik, zeru gorputzen egiazko mugimenduak, ordenua eta magnitudea erakustea, noizbait filosofo bat agertu zen arte, arrazoiketarik dohatsuenez, planeten jira-birak gobernatzen eta gidatzen dituzten legeak eta indarrak ere erabaki bide dituena. Naturaren beste arlo batzuetan ere gauza bera gertatu da. Eta gogo ahalmenei eta euron egiturei buruzko ikerketetan ere garaipen berdina lortzeko itxaropenik galdu beharrik ez dago, antzeko goitasun eta zuhurtzia berdinez garatzen badira. Daitekeena da gogoaren eragiketa eta printzipio bat beste baten mende egotea, zeina, halaber, beste orokorrago eta unibertsalago batean ebatzia izan daitekeen. Eta ikerketa hauek noraino hel daitezkeen ez dago erraz erabakitzerik saialdi arretatsu baten aurretik, ezta ondoren ere. Baina egia da mota honetako saialdiak egin ohi direla, baita oso zabarki filosofatzen duten filosofoen aldetik ere, eta ez daiteke ezer beharrezkoagorik izan eginkizunari arreta eta aditasun zorrotzez heltzea baino, giza adimenaren eskueran balego ganoraz burutua izan dadin, eta bestela, gutxienez halako konfidantza eta ziurtasunez baztertua izan dadin. Azken ondorio hau ez da noski desiratzekoa, ez da azkarregi onartzekoa ere. Zeren suposizio horren arabera, zenbat gutxitu beharko genituzke filosofia honen edertasuna eta balioa? Orain arte, moralistak, gure onespen-gaitzespenak kinatzen dituzten ekintzen aniztasun eta ezberdintasun mugagabea gogoematean, ohituak izan dira sentimendu barietate hau bere mende izan lezakeen printzipio komunen bat bilatzen. Eta tarteko printzipio orokor horren grinan urrunegi joan badira ere, onartu beharra dago, hala ere, barkatzekoa zaiela bizio-bertute guztiak egoki ebatz litezkeen printzipio orokor batzuk topatzeko itxaropena. Gisako gogoa izan dute kritikalariek, logikariek eta baita politikariek ere. Gainera ez dira hain ahalegin alferrekoak ere izan, nahiz eta agian denbora luzeagoak, zehaztasun handiagoak eta ekin beroagoak zientzia hauek oraindik perfekziotik hurbilago eraman ditzaketen. Gisa honetako asmoak bertan behera uztea arrazoiz jo daiteke burugabe, arrapatatsu eta dogmatikoagotzat, bere erabaki eta printzipio gordinak gizarteari inoiz ezartzen saiatu ez den filosofiarik ausarten eta baizaleena baino.
10. Eta zer axola dio giza izaerari buruzko arrazoiketok abstraktuak eta ulertzailak badirudite ere? Hortik ez dago haien faltsutasuna inola ere uste izaterik. Aitzitik, ordea, ezinezkoa dirudi orain arte hainbeste jakintsu eta filosofo sakoni ihes egin diona hain bistakoa eta ulerterreza izatea. Eta ikerketa hauek kostatzen zaizkiguna kosta, geure burua nahiko saritutzat jo dezakegu, onurari ezezik gozamenari buruz ere, baldin bide hauetatik gure ezagutzei hain garrantzi handiko auzietan zerbait gehitu ahal badiegu.
Baina, izanak izan, pentsaketa hauen izaera abstraktua ez baita noski eurentzat gomendio bat, alde txar bat baizik, eta eragozpen hau agian arretaz eta trebetasunez eta alferreko xehetasunak baztertuz gainditzekoa denez gero, datorren ikerketan argitasun zerbait botatzen saiatu gara jakintsuei ez-ziurtasunak eta ezjakinei iluntasunak urrundu dizkien gai hauetara. Pozik geundeke filosofia ezberdinen mugak biltzeko gauza bagina, ikasketa sakona argitasunarekin eta egia berritasunarekin bat eginik! Eta are pozago baldin, era erraz honetan arrazonatuz, orain arte sineskeriaren abarotzat eta absurduaren eta errorearen estalkitzat bakarrik balio izan bide duen filosofia nahaspilatsuaren oinarriak azpijan ahal baditugu.