Gure mintzo

Wikitekatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Biotz-begietan  (1931)  Xabier Lizardi
Gure mintzo

Gure mintzo


      Arana-Goiri'ren oroiz ta eskarrez. 
Nerekin yaio nun abesmiña,
ta aurtandik min ori dut izan samiña...
Kanta nai, nai alper: mintzoa
peitu, miñak bear-eztigai gozoa! 

Uts bainun oskai guri berexa,
atsa yaurti arren ezin sor abesa;
amets-arteko oiu bailitzan,
otsaren-zakarrez izu-lkara nintzan. 

Il-zaarki, bizi dugun gizona!
Egunoro berpiz lurpean dagona!
Bezat onets aren izena,
aberriz ta mintzoz gu yantziarena. 

Aren argibidez ni yabetu
enegan bazala norbait atxilotu.
Ordun, yetxi nazu lezera;
nork gere inuiñean dugun itzalera. 

Oin kolokak zuur, begiak yoran,
zurubi biurrez poliki ninyoan.
Guri argi ematearren
itzaliarena, eskuan nenkarren... 

Orra noizpait ere beeraiño el,
ta leotza arki dut ondoaren sabel,
ta, leotzean, il-iduri,
gizalaba eder odol-gabez zuri. 

Ipui zaarrak, atozte gogora!
Atozte erregingai begizkoak zora!
Bazterrean ikus nerea,
ene ta ene asaben oarrezak botea... 

Adatsa busti diot negarrez,
biotza berotu nerearen garrez,
ta ito-larria arin-bearrez
leio zekenera dut nerekin narrez. 

Berriz-yaio-poza suma nuen...
Gezal mugagabez bide-ginyoazen:
bizitza-itsaso otxan barea,
goiz-eguzkiaren txinpartez erneal 

Ezpaiñak dardar, lepo-zaiñak ler-
bearrean, muinki dut estu nere eder
besoetan, ta atsa yaurtiki:
ta ura bai, egin zan aoan abesti! 

Aapaldiak elkarren ondoren
yalki ta, uso zuri antzean zetozen
itzuli, itxaso urdiña zear,
mokoan, edergai, basoaren abar. 

Itzuli zetozen aapaIdiak;
itzuli zetozen nere uso txuriak
Aberriarentzat damesgun
legor gizenetik, yai-ostoa lagun... 

           * * * 
Ene leozpetu yare-berri,
eusko orok zaitzagu miñen eztigarri,
ta besteren gogo-menbetik
yare-gagizu usu, geurea gaiturik!