Izotz-ondoko Iguzki

Wikitekatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Biotz-begietan  (1931)  Xabier Lizardi
Izotz-ondoko Iguzki

Izotz-ondoko Iguzki


Izotzondoko iguzki,
neguaren parre:
olerkariak noizpait
iri goratzarre.
Emeki duk itxaroz
piztu garai-larre:
udaberri-lamiak
larreon batzarre.
 
Beetik nator, ibarrak
izoztuta utziaz.
Mendia yaiez dago
urrezko yantziaz.
Aren parrea dadat
irrika biziaz,
gozatua baitu gaur
ezti bereziaz.
 
Udalenak irria
oi-du zoro ozena;
Udak, aragikoia;
udazkenak, bena;
negu-gau ozkarbien
izotz-ondorena berriz,
bakarra duzu;
denetan emeena!
 
Bai-baitator urrundik
Gabonetarako
seme zaarra: bidean
elurpe du oro;
etxeko sutondoan
bixkortu ezkero,
ikus aren ezpainen
parreantxa gozo!
 
Bai-baitatza eria
ogean: erio
atzapar itsusia
luzatzen ario:
berbizkunde-berria
maiteak yario:
itzik ezin ta irria
ain eni dagio!
 
Sagasti soilla lotan,
abar makur naaspil;
zelaiek, orbelpean,
ametsetan Orril;
txori gaxoei aztu
gau latzaren urbil;
aizeñoa lillurak
otxanduta dabil.
 
Aranak mailka daude
gorantza yarriak;
guzien ondarrean
laiño urdin, begiak;
izotz-arnasa, agian,
baititu iguzkiak
zernai tauparazteko
men zoragarriak.
 
Ezker-alde Orexa,
eskui, Altzo-muño;
non-nai euskel-oiartzun
ortzi-mugaraiño...
Dabesadan, ibarrak
laiñotan daudeño!
Dabesagun, lagunok:
geroak ereiño!
 
Aran ta muño gaiñez
Aralar aundia,
euskotarren zaindari
Mikel'en mendia:
koskak elur-dirdaiek
bil ta, dirudia
amets eder mamitu
ortzian geldia.
 
Yondone goiaingeru
garaille goitarra,
gure arazo latza
duk bizi-bearra;
artarako, nagusi
dukan Yaun bakarra
ire bidez dotoigu,
damaigun indarra.
 
         * * *
 
Izotzak estali zun
gure Euskalerria;
mintzo ozenak zabaldu
berbizkun-berria.
ltzal-zokondoetan
lore, izotz-bitxia;
baiña gaiñetaz ari
yauntzen eguzkia.
 
Izotz-ondo. Neguak
parre eme. Gizadi
larria gaillurreruntz,
muñoak mailladi.
Gazte-sail kementsua
goraiño badadi,
izozpetik eguzkik
yare dik Euzkadi!