Edukira joan

Metafisika/Bederatzigarren liburua (Q)

Wikitekatik
Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Bederatzigarren liburua (Q)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Lehenengo zentzu batean  "den" horretaz hitz egin dugu, hau da, horretaz zeinari Denaren beste kategoria guztiak dagozkion, hots, substantzia (den gainerako guztia -kantitatea, koalitatea eta horrela esaten 30) diren gainerakoak, hain zuzen ere- substantziaren esakunearen arabera esaten baita, kategoria guztiek substantziaren esakunea dutelako beren baitan, gure ikerketaren hasieran esan dugun bezala). Baina Den-a  "zerbait" edo  "koalitatea" edo  "kantitatea" adierazteaz gain, potentziaren eta egintzaren arabera -ekintzaren arabera, alegia- esaten denez, defini ditzagun 35) potentzia eta entelekia ere; eta lehenengoz, neurri gorenean esaten den potentzia, orain nahi dugunerako baliagarriena ez bada ere. Izan ere, 1046a) potentzia eta egintza, mugimenduaren arabera bakarrik esaten diren gauzei ezezik errealitate gehiagori ere badagozkio. Baina potentzia honi buruz hitz egin ondoren, egintzari buruzko azalpenetan beste potentziak ere argituko ditugu.

"Potentzia" eta  "ahaldun izatea" zentzu askotan esaten direla 5) beste leku batean46 azaldu dugu. Alabaina, utz bitez alde batera izenkidetasunez esaten diren potentzia horiek. (Izan ere, batzuk antzekotasunaren batez esaten dira; geometrian, adibidez, gauzak ahaldunak edo ahalgeak direla esaten dugu nolabaiteko erlazioan izateagatik edo ez izateagatik). Baina forma berberari dagozkion potentzia guztiak printzipioak dira eta lehenengo potentzia baten arabera esaten dira, 10) potentzia hau beste gauza batean dagoen aldaketaren printzipio bat izanik, edo bere baitan, hau beste bat den aldetik. Potentzia bat, hain zuzen ere, potentzia pasiboa da, jasailearen beraren baitan beste batek eraginiko aldaketaren printzipio dena, edo berak eraginikoa, berau beste bat den aldetik. Beste potentzia da aldaketaren printzipiotzat hartutako beste batek eraginiko -edo berberak, berau beste bat den aldetik- okerduraren eta 15) ustelduraren kontrako inmunitatearen gaitasuna. Definizio hauetan guztietan potentziaren kontzeptua lehenengo zentzu batean ematen da. Bestalde, potentzia hauei  "potentzia" deitzen zaie zerbait eragin edo jasateagatik, edo ongi eragin edo jasateagatik; beraz, potentzia hauen kontzeptuetan ere, nolabait, beste aurreko potentzien kontzeptuak ematen dira.

Beraz, agerian dago egitearen eta jasatearen potentziak potentzia bat 20) bera direla zentzu batean (gai baita gauza bat beronek zerbait jasateko potentzia duelako, edota berak eraginda beste batek jasan dezakeelako), baina beste zentzu batean desberdinak dira. Izan ere, bata jasailearen baitan dago (printzipioren bat edukitzeagatik eta materia ere printzipioren bat izateagatik jasaten du jasaileak, eta nolako eragile, halako jasailea; adibidez, koipetsu dena erregaia da. Honelakoetan etsitzen duena, hauskorra, eta 25) berdin gainerako gauzetan), eta bestea eragilearen baitan; adibidez, beroa eta arkitektura: bata berotzen duen horretan dago, eta bestea arkitektoarengan. Horregatik, berezko batasun den aldetik, ezerk ez du bere burua jasaten, hau bakarra baita, eta ez beste bat.

Eta  "inpotentzia" eta  "ahalgera dena" potentzia honen kontrako 30) eza da; beraz, potentzia oro berberarako eta berberaren araberako inpotentziaren kontrakoa da. Baina "eza" zentzu askotan esaten da: gauza batek nolabaiteko eza dauka zerbait edukitzen ez duenean edo, berez eduki behar duen arren, edukitzen ez duenean, erabat edo nolabait. Eta zenbait gauzatan, baldin 35) eta berez eduki beharko luketen zerbait indarrez falta badute, gauza horiek hori falta <eza>dutela esaten dugu.

II

[aldatu]

Bizigabeetan honelako printzipioak ematen direnez, eta 1046b) bizidunetan, ariman eta arimaren arrazoizko zatian, agerian dago potentzien artean ere batzuk irrazionalak izango direla eta beste batzuk, arrazoizkoak. Horregatik arteak eta zientzia ekoizleak potentziak dira, beste batean ematen diren aldaketaren printzipioak baitira, edo bere baitan, hau 5) beste bat den aldetik. Eta arrazoizko potentzia guztiak berak kontrakoetara zuzentzen dira, baina potentzia irrazionalak kontrako bakar batera; adibidez, beroak berotu besterik ez du egiten, baina medikuntzak gaixotasuna eta osasuna eragin ditzake. Eta honen arrazoia da zientzia esakune bat dela, eta esakune berberak gauza eta eza adierazten dituela, baina ez zentzu berean; zentzu batean biak adierazten ditu, baina beste zentzu batean ematen den 10) hori, bereziki. Beraz, honelako zientziek ere nahitaez izango dituzte aztergai bi kontrakoak, bata zientziek berez eta bestea ez. Izan ere, arrazoizko ezagutzak berez adierazten du kontrako bat, eta bestea, nolabait, akzidentalki, kontrakoa ezeztapenaren eta ezabapenaren bidez adierazten baitu: eza, lehenengo zentzuan, kontrakoa da, eta kontrakoa bestearen ezabapena da.

15) Baina kontrakoak gauza berean sortzen ez direnez, eta zientzia arrazoizko den aldetik potentzia denez, eta arimak mugimenduaren printzipio bat duenez, osasuntsuak osasuna besterik ez du sortaraziko, eta berotzen duenak beroa, hozten duenak, hotza; baina zientziadunak, berriz, 20) bi kontrakoak. Izan ere, arrazoizko ezagutza bi kontrakoena da -modu berean ez izan arren-, eta ariman dago, arimak mugimenduaren printzipio bat duelarik; beraz, printzipio beretik mugiaraziko ditu bi kontrakoak, gauza berarako behin elkartuta. Horregatik, potentzia irrazionalekin alderatuz, arrazoizko potentziek kontrakoak sortarazten dituzte, bi kontrakoak printzipio bakar batek hartzen dituelako: arrazoizko ezagutzak. Bestalde 25) agerian dago ongi egiteko edo jasateko potentzia, egiteko edo jasateko potentziarekin batera ematen dela; baina azken potentzia hau beste potentziarekin ez beti, ongi egiteko egin egin behar baita, baina egiteko bakarrik ez da beharrezkoa ongi egitea.

III

[aldatu]

Batzuek -megatarrek, esaterako- baieztatzen dute ekinean bakarrik ematen dela potentzia, eta ekinean iharduten ez duenean potentziarik ez 30) dagoela. Adibidez, eraikitzen ez duenak eraikitzeko potentziarik ez duela, baino bai eraikitzen duenak, eraikitzen ari den bitartean; eta berdin gainerako gauzetan. Hauei suertatzen zaizkien arazoak ez dira zailak ikusten. Izan ere, argi dago eraikitzaile bat ez dela eraikitzaile izango eraikitzen ez duenean (eraikitzailearen izatea, hain zuzen, eraikitzeko gai 35) izatea da), eta berdin gainerako arteetan.

Horrela, bada, ezinezkoa baldin bada inoiz ikasi eta ulertu ez dituenak arte hauek edukitzea, eta ezinezkoa baldin bada arteak galdu gabe 1047a) (ahaztu izanarengatik, edo afekzio batengatik edo denboraren poderioz, baina ez gauzaren usteldurarengatik, gauza izan beti izaten baita) arteak ez edukitzea, ez al du artea edukiko ekiteari uzten dionean? Eta berriro eraikitzen hasten den momentuan, nola berreskuratuko ote du artea?

Eta berdin gertatuko da bizigabeekin, ezer ez baita izango, ez hotza, 5) ez beroa, ez goxoa ezta, orokorrean, sentimenezko ezer ere sentsaziorik ez badago; beraz, hau baieztatzen dutenak bat etorriko dira Protagorasen iritziarekin. Bestalde, inork ez du sentimenik izango sentitzen ez duen bitartean. Horrela, bada, itsua baldin bada ikusmenik ez duena -naturaz izatea dagokion arren-, berez edukitzen duenean eta existitzen den bitartean, haiek, egunean zehar, askotan izango dira itsuak, eta gorrak ere bai.

10) Gainera, ezinezkoa potentzia-eza duena baldin bada, ezinezkoa izango da sortu ez dena sortzea; eta sortzeko ezinezkoa dena badela edo izango dela esaten duena oker egongo da (hauxe baita  "ezinezkoak" adierazten zuena); beraz, doktrina hauek mugimendua eta genesia ezabatzen dituzte, 15) zutik dagoena beti egongo baita zutik, eta eserita dagoena, beti eserita; izan ere, eserita baldin badago ez da altxatuko, altxatu ezin duena altxatzea ezinezkoa izango baita.

Horrela, bada, hau guztia baieztatu ezin bada, agerian dago potentzia eta egintza desberdinak direla (doktrina haiek, berriz, potentzia eta egintza gauza bera egiten dute, eta hau dela eta, huskeria ez den zerbait 20) ezabatu nahi dute). Beraz, litekeena da izan litekeen zerbait ez izatea, eta ezin litekeena izatea, eta berdin gainerako kategorietan: ibili ahal izanda ere ez ibiltzea, eta ezin ibil daitekeena ibiltzea.

Zerbait ahalezkoa da potentzia duenaren egintza ematen denean 25) ezinezko den ezer ematen ez bada. Adibidez, norbait eserita egotea ahalezkoa bada eta eserita egon badaiteke, benetan esertzen denean, ezinezko den ezer ez da emango; eta berdin mugitu edo mugiarazteko gai baldin bada, gelditu edo geldiarazteko, izan edo sortzeko, eta ez izan edo ez sortzeko gai baldin bada.

30) "Egintza" hitza, entelekiari egokituta, beste gauza batzuetara ere heldu da, mugimenduetatik abiatuz, bereziki; izan ere, badirudi egintza, nagusiki, mugimendua dela. Horregatik ez diren gauzei ez zaie mugimendurik ematen, baina bai bestelako kategoriak, pentsagarriak eta 35) desiragarriak izatea, alegia; baina mugikorrak izatea ez, egintzan ez 1047b) direlarik, egintzan izango liratekeelako. Izan ere, ez diren gauzen artean, zenbait potentzia izaten dira; baina ez dira existitzen, entelekian ez direlako.

IV

[aldatu]

Ahalezkoa, eman daitekeen aldetik, esandakoa baldin bada, † agerian dago ez dela egia  "hau ahalezkoa da baina ez da gertatuko" 5) esatea, hau egia izanez gero  "ezinezkoa izatea" zer den ez bailitzateke ulertuko; adibidez, norbaitek baieztatzen badu diagonala neur daitekeela baina ez dela neurtuko -ezinezkoa izatea zer den kontutan hartu gabe-, zerbait izatea edo sortzea ahalezkoa izanik, zerbait hori izatea edo sortzea ezerk eragozten ez duelako. Baina ezarritakoaren arabera, orain ez den 10) arren, ahalezko den hori badela edo sortua dela suposatzen badugu, beharrezkoa da ezinezko den ezer ez gertatzea; baina kasu horretan, behintzat, gertatuko da, diagonala neurtzea ezinezkoa baita. Horrela, bada, gezurra eta ezintasuna desberdinak dira: zu orain zutik zaudela esatea gezurra da, baina ez ezinezkoa.

Aldi berean, A izanda B izatea beharrezkoa baldin bada, A izatea 15) ahalezko izanda B izatea ere ahalezkoa izango da nahitaez, ahalezko izatea beharrezkoa ez baldin bada, ezerk ez baitu eragozten izatea ezinezko izatea. Horrela, bada, eman dezagun A ahalezkoa dela; A izatea ahalezko izanik, A baieztatuko bagenu ezinezko den ezer ez litzateke gertatuko. Baina 20) orduan beharrezkoa litzateke B izatea; eta hau ezinezkoa zen. Bego, bada, ezinezkoa dela. Baina B izatea ezinezkoa baldin bada nahitaez, A izatea ere beharrezkoa izango da. Alabaina, lehenengoz esan dugu B izatea ezinezkoa zela; orduan, ondorengoa ere ezinezkoa izango da. Baina A ahalezkoa baldin bada, B ere ahalezkoa izango da, A izatetik B izatea nahitaez ondorioztatzen bada, behintzat.

25) Beraz, Aren eta Bren arteko lotura horrela izanik, B ezinezkoa bada, orduan Aren eta Bren arteko lotura ez da esandakoa izango. Eta A ahalezko izanik B ere ahalezko baldin bada nahitaez, orduan A baldin bada, B ere izango da nahitaez. Izan ere,  "A ahalezko bada, B izatea ere ahalezko izango da nahitaez" esateak hauxe adierazten du: A baldin bada -A izatea ahalezkoa 30) den momentuan eta moduan-, orduan B ere izango da nahitaez momentu eta modu berean.

Potentzia guztiak sortzetikoak -sentimenenak bezala- edo praktikaz eskuratuak -txirula jotzearena bezala- edo ikasketaz eskuratuak -arteenak bezala- izanik, praktikaz edo ikasketaz lortzen diren horiek edukitzeko aurretik praktikatu egin behar dira; baina honelakoak ez direnak 35) eta pasiboak ez dira praktikatu behar.

Bestalde, gai dena zerbaitetarako gai denez -momentu zehatz 1048a) batean, modu batez eta definizioan nahitaez ematen diren gainerako zehaztasun horiekin batera-, eta gauza batzuek arrazoiez mugiaraz dezaketenez eta beraien potentziak arrazoizkoak direnez, eta lehenengoak, nahitaez, izaki animadun baten baitan ematen direnez baina besteak 5) arimadunetan nahiz arimagabeetan, azken potentzia hauek, eragilea eta jasailea elkarrengana hurbiltzen direnean, egin eta jasan egiten dute nahitaez, eta beste potentzia haiek, berriz, ez. Izan ere, azken potentzia hauek gauza bakar batean dute eragina, baina beste potentzia haiek, ordea, kontrakoetan, aldi berean kontrako ondorioak sortaraziko dituztelarik; 10) baina hau ezinezkoa da.

Beraz, nagusitasuna bestelako zerbaiti egokituko zaio nahitaez; esan nahi dut desioari edo erabakiari. Bi kontrakoetatik nagusiki desiratzen duena, hain zuzen, egingo du eragileak, potentzia garatzeko egoera egokian aurkitzen denean eta jasailetik gertu. Horrela, bada, arrazoiez eragiteko gai den orok egingo du hori, zeinarentzat potentzia duen, desiratzen duenean 15) eta potentzia duen neurrian; eta eragileak potentzia du jasailea aurrean eta nolabait baldin badago; bestela, ezin izango du egin.

(Ez dugu gehiago zehaztu behar  "kanpoko ezerk eragozten ez badu" gaineratuz, egiteko potentzia den aldetik baitu potentzia; baina potentzia ez da beti ematen, zenbait baldintzatan baizik, eta baldintzetan kanpoko eragozpenak ere baztertuak izango dira, 20) definizioan ematen diren zenbait baldintzak baztertzen baitituzte).

Horregatik, aldi berean bi ondorio edo kontrako ondorioak egin nahi edo desiratu arren, ez ditu egingo, bi kontrakoentzako potentzia esandako moduan ez duelako, eta, bestalde, potentzia ez delako aldi berean egiteko potentzia. Horrela, bada, egingo ditu haientzako potentzia den aldetik, honi dagokion moduan.

VI

[aldatu]

25) Mugimenduari dagokion potentziari buruz hitz egin dugunez, azal dezagun egintza zer den eta nolakoa den. Aldi berean, ahalezkoa definitzen dugunean hura argi geratuko da: berez beste zerbait mugitzeko gai denari edo beste zerbaitek mugitua izateko gai denari -erabat edo nolabait- deitu ez ezik, "ahalezkoa" bestela ere erabil dezakegu; horregatik landu genituen arazo hauek gure ikerketarako.

30) Egintza, hain zuzen ere, gauzaren gauzatzea da, baina ez potentzian dagoenean esaten dugun bezala; potentzian dagoela esaten dugu, adibidez, Hermes egurran dagoen bezala, eta lerro-erdia lerro osoan, hura honetatik bereiz litekeelako; eta ikertzen ez duena ere jakintsua dela esaten dugu, ikertzeko gai baldin bada; baina bestea, ordea, egintzan dago.

35) Azaldu nahi duguna agerian dago banakoetan indukzioz, eta ez da behar guztiaren definizioa bilatu, analogia ulertu baizik. Izan ere, eraikitzailearen eta eraikuntzaren artean ematen den erlazioa, esna 1048b) dagoenaren eta lo dagoenaren artean ere ematen da, eta ikusten duenaren eta begiak itxita izanda ere ikusmena duenaren artean, eta materiatik banandua denaren eta materiaren artean, eta zehaztuta dagoenaren eta zehaztugabe dagoenaren artean ere bai. Eta desberdintasun 5) honetatik, bego, bada, alde batean egintza eta beste aldean ahalezko dena.

Baina "egintzan dago" ez da kasu guztietan modu berean esaten, modu analogoan baizik: hau horretan edo horretarako ematen den bezala, hori horretan edo horretarako ematen da, zenbait gauza mugimenduaren eta potentziaren artean ematen den erlazioan ematen baitira, eta beste zenbait, substantziaren eta materia baten artean ematen den erlazioan.

10) Bestalde, hutsa, amaigabea eta † antzeko errealitateak ez da esaten potentzian edo egintzan daudela beste zenbait erralitate esaten den moduan -ikusten duena, ibiltzen dena edo ikusia dena, alegia-; azken erralitate hauek, hain zuzen ere, egiatan esan daitezke noizbait zentzu absolutuan (esaten baitugu zerbait ikusgarria dela ikusten delako edo ikus daitekeelako); baina amaigabea ez dago potentzian banandua egintzan 15) izango delako, pentsamenduan dagoelako baizik. Izan ere, zatiketa ez gauzatzeagatik egintza potentzian dago, ez bananduta.

[Mugatuak diren ekintzetan bat bera ere ez da helburua, helbururako baizik; adibidez, argaltzearen helburua argaltasuna bera da, eta 20) gorputz-atalak, argaltzen direnean, mugimenduan daude, mugimenduaren helburu diren ondorioak gauzatzen ez diren bitartean. Honen ondorioz, prozesu hauek ez dira ekintzak -ez ekintza burutuak, behintzat-, helburuak ez baitira. Aitzitik, ekintza da hori non helburua ematen den. Adibidez, ikusten ari denak dagoeneko ikusi egin du, pentsatzen du eta pentsatu egin du,ulertzen du eta ulertu egin du; baina ikasten ari denak ez du, aldi berean, ikasi egin, ezta sendatzen ari denak sendatu egin ere; ongi bizi dena, aldi 25) berean, ongi bizi izan da, eta zoriontsua dena, zoriontsua izan da. Bestela, prozesuan eten egin beharko luke noizbait, argaltzen denean bezala; baina orain, berriz, bizi da eta bizi izan da.

Horrela, bada, prozesu hauen artean zenbait mugimendu izendatu behar dira, eta beste zenbait, egintza. Izan ere, mugimenduak ez dira burutuak, besteak beste, argaltzea, ikastea, ibiltzea, eraikitzea; hauek, hain zuzen ere, mugimenduak dira, eta honen ondorioz ez dira burutuak, 30) dabilena ez baita oraindik heldu, eta eraikitzen ari denak oraindik ez du eraiki, eta bilatzen ari dena oraindik ez da gauzatu, eta mugitzen ari dena ez da oraindik heldu, prozesu hauek desberdinak baitira, mugitzea eta mugitu izana bezala. Baina, bestalde, ikusi izana eta aldi berean ikustea gauza bera da, baita pentsatzea eta pentsatu izana ere. Azken prozesu honi egintza 35) deitzen diot, baina besteari, mugimendua.]

Horrela, bada, azalpen hauen eta antzeko azalpenen bidez argi gera bekigu egintza zer den eta nolakoa den.

VII

[aldatu]

Zehaztu behar dugu, bada, gauza bat noiz dagoen potentzian eta 1049a) noiz ez, beti ez baitago potentzian. Lurra, adibidez, gizaki bat potentzian al da? Agian ez, lurra oraindik hazi bihurtu ez bada; edo, agian, kasu honetan gizakia ere ez dago potentzian. Era berean, dena ezin da sendakuntzak edo patuak osatua izan; hala ere, badago zerbait sendatua 5) izateko gai dena, potentzian osasuntsua dena, hain zuzen ere. Eta hauxe da adimenaz potentzian izatetik entelekian izatera iristen denaren definizioa:  "nahi izanda gero, eta kanpoko eragozpenik gabe izatera iristen dena"; eta hor, osatua denaren kasuan, bere baitako eragozpenik ez badago. Etxe bat ere modu berean ematen da potentzian: honetan -materian- etxea 10) izatera iristea eragozten duen ezer ez badago, ezta gehitu, kendu edo aldatu behar den ezer ere, orduan hori da etxe bat potentzian;eta berdin genesiaren printzipioa kanpoan duten gainerako gauzetan. Eta genesiaren printzipioa beren baitan duten horien artean, kanpoko ezerk eragotzi gabe berez izatera iritsiko diren horiek; adibidez, hazia oraindik ez <da gizakia potentzian> (beste batengan jarri behar baitu eta aldatu), baina 15) bere printzipioarengatik berarengatik hori izaten den momentuan, orduan hori bada potentzian; baina lehenengo momentuan beste printzipio bat behar du, lurra, lehenengo momentu batean, giza irudia potentzian oraindik ez den bezala (behin aldatuta brontzea izango baita).

Bestalde, zerbaiti buruz  "zer" den esan beharrean  "zerezkoa" den esaten dugunean -adibidez, kutxatila ez da egurra, egurrezkoa baizik, eta 20) egurra ez da lurra, lurrezkoa baizik, eta lurrarekin ere berdin gertatzen bada, ez da bestelako hori, horretazkoa baizik-, zerbait hori, beti potentzian dagoen azkenekoa omen da zentzu absolutuan. Adibidez, kutxatila ez da ez lurra, ez lurrezkoa, egurrezkoa baizik, egurra baita kutxatila bat potentzian eta kutxatila baten materia: egurra kutxatilaren potentzia, eta egur zehaztu hau kutxatila zehaztu honen potentzia, hain zuzen ere.

Baina baldin badago zerbait lehena zeinaz beste zerbaitera bidalita 25) "horretazkoa" dela esan ezin den, zerbait hori materia lehena izango da. Adibidez, lurra airezkoa bada, eta airea ez bada sua, suzkoa baizik, orduan sua materia lehena izango da eta ez da zehaztua izango.

Honetan, hain zuzen ere, bereizten dira subjektua eta azpigaia, zehaztutako zerbait izatean ala ez izatean. Adibidez, afekzioetarako 30) subjektua gizaki bat da -gorputza eta arima-, eta afekzioa, musikaria eta zuria (gizaki honengan musika sortu denean ez zaio  "musika" deitu,  "musikaria" baizik; eta ez da esaten gizakia zuritasuna denik, gizakia zuria dela baizik; eta ez da esaten ibilaldia edo mugimendua denik, dabilela edo mugimenduan dagoela baizik, zerbait zerbaitezkoa dela esaten dugun bezala). Hau horrela bada, azkeneko subjektua substantzia bat da; bestela 35) -predikatzen dena espezie bat eta zehaztutako zerbait bada-, azkeneko subjektua materia eta substantzia materiala da.

Horregatik esaten da "horretazkoa" materiaren eta afekzioaren arabera, 1049b) bata eta besteak zehaztugabeak baitira.

Esana dago, bada, noiz esan behar den zerbait potentzian dagoela eta noiz ez.

VIII

[aldatu]

"Aurrekoa" zenbat zentzutan esaten den zehaztu dugunez47, 5) agerian dago egintza potentziaren aurrekoa dela. Eta beste batean -edo honetan, hau beste bat den aldetik- dagoen aldaketaren printzipio deituriko potentzia zehaztua ezezik, orokorrean mugimenduaren edo gelditasunaren printzipio oro ere aipatu nahi dut. Natura, hain zuzen ere, subjektuarengan berarengan sortzen da -potentziaren genero berean baitago-, eta printzipio mugiarazlea da, ez beste batean, subjektuarengan berarengan baizik, berau 10) den aldetik.

Horrela, bada, potentzia hauen guztien aurrekoa da egintza, bai kontzeptuari dagokionez, baita substantziari dagokionez ere; baina denborari dagokionez, zentzu batean bai eta beste zentzu batean, ez. Kontzeptuari dagokionez aurrekoa dela argi dago (lehenengoz potentzian dagoena egintzaratu ahal izateagatik baitago potentzian; adibidez, eraikitzeko potentzian dago eraikitzeko gai dena, eta ikusteko potentzian dago ikusteko gai dena, eta ikusia izateko potentzian dago ikusia izateko gai 15) dena; eta berdin gainerako kasuetan. Beraz, egintzaren kontzeptua eta ezagutza, potentziarenak baino lehenago emango dira nahitaez).

Baina denborari dagokionez honela da aurrekoa: egintzan izanda espezifikoki bera dena aurrekoa da, baina aritmetikoki ez. Eta hau, honengatik diot: materia, hazia eta ikusteko gai dena -potentzian gizaki bat, 20) garia eta ikuslea direnak, alegia, baina egintzan oraindik ez- egintzan dagoeneko ematen diren gizaki honen, gariaren eta ikuslearen aurrekoak direlako denboran; baina denboran <potentzia> horien aurrekoak dira egintzan diren beste gauzak, zeintzuetatik potentziak sortu diren, egintzan dagoena beti sortzen baita potentzian egonda egintzan dagoen zerbaitetik; 25) adibidez, gizaki bat beste gizaki batengandik sortzen da, eta musikari bat beste musikari batek sortua da, mugiarazle bat izanik beti, mugiarazlea dagoeneko egintzan delarik.

Substantziari buruzko ikerketetan esana geratu zen48 sortzen den oro zerbaitetik eta espeziekide den zerbaitek sortua dela. Horregatik dirudi ezinezkoa eraikitzailea izatea ezer eraiki izan gabe, edo 30) zitara-jolea izatea zitara jo izan gabe, zitara jotzen ikasten duenak zitara joz ikasten baitu zitara jotzen; eta berdin gertatzen zaie gainerakoei. Hemendik zetorren argumentu sofistiko hau:  "ezagutzarik izan gabe, ezagutza honi dagokion gaia praktika daiteke; hau ikasten ari denak, hain 35) zuzen ere, ez du ezagutzarik". Baina sortzen ari denaren zerbait dagoeneko sortua delako eta, orokorrean, mugitzen ari denaren zerbait 1050a) mugitua delako (hau argi geratu zen mugimenduari buruzko ikerketan49), ikasten duenak ere, nahitaez, ezagutzaren zerbait izango du, dudarik gabe. Horrela, bada, hemen argi ikusten da zentzu horretan ere ekintza potentziaren aurrekoa dela genesiari eta denborari dagokienez.

Baina substantziari dagokionez ere bai; lehenengoz, genesiari 5) dagokionez ondorengoa dena espezieari eta substantziari dagokienez aurrekoa delako (adibidez, gizona haurraren aurrekoa da eta gizakia haziaren aurrekoa, batak dagoeneko baduelako espeziea eta besteak, ez), eta sortzen ari den oro printzipio baterantz eta helburu baterantz abiatzen delako (helburu den hori, hain zuzen ere, printzipio bat da, eta genesia helburu batengatik ematen da); bestalde, egintza helburu bat da, eta 10) horregatik ematen da potentzia.

Izan ere, animaliek ez dute ikusten ikusmena edukitzeko; aitzitik, ikusmena ikusteko dute. Era berean, eraikuntza eraikitzeko, eta teorizatzeko gaitasuna teorizatzeko; baina ez da teorizatzen teorizatzeko gaitasun edukitzeko, teorizatzen ikasten ari direnen kasuan izan ezik; baina hauek ez dute benetan teorizatzen, esandako moduan ez bada [edo teorizatu behar ez dutelako].

15) Gainera, materia potentzian dago espeziera hel daitekeelako; baina egintzan dagoenean, orduan espeziean dago. Eta berdin bestelako gauzetan, helburutzat mugimendu bat duten horietan ere; horregatik, irakasten dutenek ekitean dabilen ikaslea erakusten dutenean uste dute helburua lortu dutela; eta berdin gertatzen da Naturarekin. Horrela ez bada, 20) ikaslea Pausonen Hermesa bezalakoa izango da: honekin gertatzen den bezala, ilunpean geratuko da zientzia bere baitan duen edo kanpoan.

Izan ere, obra helburu bat da, eta egintza obra da; horregatik  "egintza" hitza obraren arabera esaten da, eta entelekiarantz jotzen du.

Eta zenbait potentziaren azkenekoa erabilera denez (adibidez, 25) ikusmenaren azkenekoa ikuskina da, eta honetaz aparte bestelako obrarik ez da sortzen ikusmenetik), baina beste zenbaitetan zerbait sortzen denez (adibidez, eraikuntzan, eraikinaz aparte, etxe bat sortzen da), lehenengo kasuan egintza helburua da, eta bigarrenean potentzia baino zentzu handiago batez da helburua, hemen eraikina eraiki egiten den horretan baitago, eta etxearekin batera sortzen eta izaten da.

30) Horrela, bada, potentziaren ekoizpena erabileraz aparte bestelako zerbait baldin bada, bere egintza ekoiztutako horretan dago (adibidez, eraikina eraikitako honetan, ehunkina ehotako horretan, eta berdin gainerako gauzetan; eta, orokorrean, mugimendua mugitutako hartan). Baina egintzaz aparte bestelako obrarik ez badago, egintza 35) egileengan beraiengan ematen da (adibidez, ikuskina ikusten duenarengan, teoria teorizatzen duenarengan eta bizitza ariman; horregatik 1050b) dago ariman zoriontasuna, hau nolabaiteko bizitza baita).

Beraz, agerian dago substantzia eta espeziea egintzan direla. Eta arrazonamendu honen ondorioz, agerian geratzen da substantziari dagokionez egintza potentziaren aurrekoa dela, eta, esan bezala50, denborari dagokionez beti dagoela egintza bat beste egintza baten aurrekoa 5) dena, beti nagusiki mugiarazten duenaren egintza iritsi arte.

Baina zentzu nagusiago batean ere bai, substantziari dagokionez betiereko gauzak ustelgarrien aurrekoak baitira, eta ezer ez da betierekoa potentzian. Arrazoia hau da: potentzia oro, aldi berean, kontraesanaren 10) potentzia da. Izan ere, izateko ezinezko dena ezin da ezertan eman, eta, bestalde, ahalezko den oro egintzan ez ematea ahalezkoa da. Horrela, bada, ahalezko dena baliteke bai izatea, bai ez izatea; beraz, gauza bera izateko eta ez izateko gai da. Baina ez izateko gai dena baliteke ez izatea, eta ez izatea litekeena ustelgarria da, edo erabat, edo ez izatea litekeena esaten den moduan, 15) edo lekuari, kantitateari edo koalitateari dagokionez. Eta erabat, substantziari dagokionez usteltzen dena. Horrela, bada, erabat ustelgabe diren gauzen artean bat bera ere ez da erabat potentzian (ezerk ez du eragozten, berriz, zerbaiti dagokionez potentzian izatea, koalitateari edo lekuari dagokionez, alegia); beraz, denak daude egintzan. Ezta nahitaez izaten diren gauzen artean ere (hauek, hain zuzen ere, lehenak dira, hauek 20) izan ezean ezer izango ez bailitzateke). Ezta mugimendua ere, betiereko den mugimenduren bat baldin badago; eta betiko mugitua den ezer baldin badago, ez da potentziaren arabera mugitua izango, leku batetik bestera ez bada (eta honen materia ematea ezerk ez du eragozten); horregatik daude beti egintzan eguzkia, astroak eta ortzi osoa, eta noizbait geldituko den beldur ez da izan behar, fisikariak beldur diren arren. Eta errealitate hauek 25) ez dira nekatzen <betiereko mugimendua> egiteagatik, haientzat mugimendua ez baita kontraesanaren potentzia -ustelgarri direnentzat den bezala- eta mugimenduaren jarraipena ez zaie neketsua; izan ere, substantzia da -materia eta potentzia izanik, ez egintza- neke honen kausa.

Gauza ustelgabeek aldaketari lotuak diren gauzak ere imitatzen dituzte; adibidez, lurrak eta suak. Hauek, hain zuzen ere, beti daude ekitean, 30) berez eta beren baitan baitute mugimendua. Baina gainerako potentziak, lehen azaldu den bezala, denak dira kontraesanarenak, nolabait mugiarazteko gai denak bestela ere mugiaraz baitezake, arrazoizko potentziak baldin badira, behintzat; eta irrazionalak, berberak direnak, emateagatik edo ez emateagatik izango dira kontraesanarenak. Beraz, 35) batzuen ustez, Ideien moduko izaerak edo substantziak baldin badaude, Zientzia Bera baino ezagungarriago den zerbait izango da, baita Mugimendua baino mugituago den zerbait ere, haiek neurri handiago batez baitira egintzak, eta hauek haien potentziak.

1051a) Horrela, bada, agerian dago egintza potentziaren eta mugimenduaren printzipio ororen aurrekoa dela.

IX

[aldatu]

Azalduko dugunaren arabera, argi dago potentzia baliotsu baten egintza 5) potentzia bera baino hobea eta preziatuagoa dela. Zerbaiterako potentzia duen horrek berak, kontrakorako potentzia ere badu; adibidez, osasuntsu egon daitekeena gaixorik ere egon daiteke, bi potentziek aldi berean izanik, osasuntsu egoteko eta gaixorik egoteko potentzia, potentzia bera baita eta, era berean, geldirik egoteko eta mugitzeko potentzia, eta eraikitzeko eta abailtzeko potentzia eta eraikina izateko eta suntsitua izateko 10) potentzia. Horrela, bada, kontrakoetarako potentzia aldi berean ematen da; baina ezinezkoa da kontrakoak aldi berean ematea, eta egintzak aldi berean ematea ere ezinezkoa da (adibidez, osasuntsu egotea eta gaixorik egotea); beraz, haietako bat ongia izango da nahitaez; potentzia, berriz, biak 15) izango dira ala bat bera ere ez. Ondorioz, egintza da hobea. Baina gauza txarretan ere helburua eta egintza potentzia baino okerragoak izango dira nahitaez, bi kontrakoetako potentzia potentzia bera baita. Horrela, bada, argi dago gaizkia ez dagoela gauzez aparte, gaizkia potentziaren ondorengoa baita berez. Beraz, jatorrizko gauzetan eta betierekoetan ez dago, ez gaitzik, ez 20) akatsik, ezta usteldurarik ere (usteldura ere gaitz bat baita).

Irudi geometrikoak ere egintzan dira aurkituak, zatiketaren bidez aurkitzen baitira; zatiturik balira, argi ikusiko lirateke, baina zatitu aurretik potentzian ematen dira. Zergatik ditu bi angelu zuzen triangeluak? Puntu 25) baten inguruko angeluak bi angelu zuzen direlako; aldeko paraleloa marraztuko balitz ikusleak berehala ulertuko luke; eta, zergatik izaten da beti angelu zuzen zirkuluerdian inskribaturiko angelua? Hiru lerro berdin marraztuz gero -bi oinarrian eta erdigunetik perpendikularra den lerro zuzena- ikusten ari denarentzat agerikoa izango delako,hura <triangeluak bi angelu zuzen ditu> ezagutzen badu. Beraz, agerian 30) dago potentzian diren irudi geometrikoak egintzara eramaten direnean aurkitu egiten direla; eta hau horrela da pentsamendua egintza delako. Ondorioz, potentzia egintzatik dator, eta horregatik ezagutzen dira irudiak berauek egiten direnean (genesiari dagokionez banako bakoitzaren egintza ondorengoa baita).

"Den-a" eta  "Ez Den-a", zentzu batean, kategorien irudien arabera 35) esaten direnez, beste zentzu batean kategoria hauen potentziaren edo 1051b) egintzaren arabera, edo kontrakoen arabera, eta beste zentzu batean (berezkoa dena), "egiazkoa" edo "faltsua" -hain zuzen ere, gauzetan lotuta edo bereizita ematea, bereizita dagoena bereizita dagoela eta lotuta dagoena lotuta dagoela pentsatzen duena egiari egokitzen zaiolako, eta gauzekiko 5) kontraesanetan dagoena oker dagoelako-, orduan noiz ematen da eta noiz ez da ematen  "egiazkoa" edo  "faltsua" deiturikoa? Ikertu behar da, hain zuzen ere, zer esaten dugun. Izan ere, zu ez zara zuria guk zuria zarela benetan pentsatzeagatik; aitzitik, zu zuria izateagatik gu, hau baieztatzen dugunok, egiari egokitzen gatzaizkio.

Beraz, baldin eta zenbait gauza beti badaude lotuta eta ezin badira 10) bereizi, eta beste zenbait gauza beti badaude bereizita eta ezin badira lotu, eta beste zenbaitek kontrakoak onartzen badituzte, orduan "izatea" lotuta ematea eta bat izatea izango da, eta  "ez izatea" lotuta ez ematea eta gauza anitz izatea izango da. Horrela, bada, kontrakoak onartzen dituzten gauzei dagokienez, iritzi bera eta esakune bera batzuetan faltsuak izaten dira eta beste batzuetan, egiazkoak, eta batzuetan egiari egoki dakizkioke eta beste 15) batzuetan, gezurrari. Baina bestela izaterik ez duten gauzei dagokienez, ez dira batzuetan egiazkoak eta beste batzuetan faltsuak izaten;aitzitik, iritzi bera eta esakune bera beti egia edo beti gezurra izaten dira.

Baina konposatuak ez diren gauzei dagokienez, zer da izatea eta ez izatea, egiazkoa eta faltsua? Izan ere, hauek ez dira konposatuak -hauek, lotuta ematen direnean izaten dira, eta bereizita ematen badira, ez dira, 20)  "egurra zuria da" edo  "diagonala neurtezina da" kasuetan gertatzen den bezala-. Eta egiazkoa eta faltsua jadanik ez dira emango lehen aipatu ditugun gauzetan ematen diren bezala. Eta azken hauetan egiazkoa gauza bera ez den bezala, izatea ere ez. Konposatuak ez diren gauzetan hauxe da egiazkoa eta faltsua: lortzea eta esatea egiazkoa da (zerbaitetaz zerbait 25) baieztatzea eta esatea ez baita gauza bera), eta ez-jakitea ez-lortzea da (zerkiari buruz engainatua izaterik ez baitago, akzidentalki ez bada; eta berdin gertatzen da konposatuak ez diren substantziei dagokienez, engainatua izaterik ez baitago; eta denak dira egintzan, ez potentzian, bestela sortu eta usteldu egingo bailirateke. Baina gauza bera dena ez da sortu ezta usteldu ere egiten, zerbaitetik sortuko bailitzateke. Horrela, bada, benetako 30) izana duenari eta egintzak direnei buruz engainatua izaterik ez dago, pentsatuak izatea ala ez baizik; eta haiei buruz bilatzen duguna zerkia da, ea honelakoak diren ala ez). Eta izatea -egiazkotzat hartutakoa- eta ez izatea -faltsutzat hartutakoa-, bata, egiazkoa, lotura baldin badago ematen da eta 35) bestea, faltsua, loturarik ez badago. Eta bata, benetan baldin bada, 1052a) horrelakoa da eta horrelakoa ez bada, orduan ez da. Bestalde,  "egia", gauza hauek pentsatzea da, eta ez dago gezurrik ezta engainurik ere, ezjakintasuna baizik; baina ez itsutasuna bezalakoa, itsutasuna norbaitek pentsatzeko erabateko ezintasuna izango bailuan baita. Eta geldiak diren gauzei buruz, denboraren araberako engainurik ez dagoela ere agerian dago, 5) geldiak suposatzen badira. Adibidez, norbaitek triangelua aldatzen ez dela pentsatzen badu, ez du pentsatuko batzuetan bi angelu zuzen dituenik eta beste batzuetan, ordea, ez (orduan aldatuko bailitzateke); baina pentsa lezake zerbaitek ezaugarriren bat baduela eta beste zerbaitek, ordea, ez; adibidez, bikoiti bat bera ere ez dela zenbaki lehena, edo batzuk bai eta besteak, ez; eta zenbaki 10) jakin bati buruz, ezta hori ere, ez baitu pentsatuko  "zenbait bai eta beste zenbait, ez"; aitzitik, egiari egokituko zaio edo oker egongo da, gauza beti berdin ematen baita.