I
[aldatu]"Printzipio" esaten zaio, lehenengoz, baten batek zerbait mugitu 35) ahal izateko duen abiapuntuari; adibidez, luzeraren eta bidearen 1013a) printzipioa hauxe izango da alde honetatik, baina beste aldetik, beste hori.
Printzipio esaten zaio, bestalde, gauza bakoitzak ongien gertatzeko duen abiapuntuari; adibidez, ikasketa batean ez da lehenengotik edo gaiaren hasieratik hasi behar, batzuetan ikasterrazena den abiapuntutik baizik.
Eta printzipio esaten zaio zerbait egiteko gauzaren baitan dagoen 5) abiapuntu lehenari, adibidez: itsasuntzi batena gila da; etxe batena, zimendua, eta animaliena, batzuen ustez bihotza, beste batzuentzat burmuina eta beste zenbaitentzat, antzeko den edozein gorputz-atala.
Printzipio esaten zaio zerbait egiteko gauzaren baitan egon gabe honen abiapuntu lehena denari, mugimenduaren eta bilakaeraren berezko abiapuntua denari, alegia; adibidez: aita eta amarengandik sortzen da haurra, eta irainetik liskarra.
10) Printzipio esaten zaio bere nahiaz mugitzen diren gauzak mugitu eta bilakatzen direnak bilakatu egiten dituen horri, hirietan magistratuei, autoritateei, erregetzari eta tiraniei printzipio esaten zaien bezala; eta arteei ere bai, eta hauetan, neurri handiagoz, arkitektonikoei. Honez gain, gauza bat ezagungarri egiten duen abiapuntu lehena den horri 15) ere gauzaren printzipio esaten zaio; adibidez: demostrazioen printzipioak premisak dira.
Eta kausak ere beste honenbeste zentzutan esaten dira, kausa guztiak printzipioak baitira. Eta printzipio guztiek baterako dute zerbait izateko, edo sortzeko, edo ezagutzeko abiapuntu lehena izatea. Eta printzipio hauetatik, batzuk gauzaren berebaitakoak dira eta beste batzuk, 20) berebaitatik kanpokoak; horregatik dira printzipioak natura eta osagaia, pentsamendu eta nahimena, eta substantzia eta helburu den hori. Izan ere, ongia eta edertasuna askotan izaten dira ezagutzaren zein mugimenduaren printzipio.
II
[aldatu]"Kausa" esaten zaio, lehenengo zentzu batean, zerbait sortzeko berebaitako den abiapuntuari; adibidez, brontzea gizan irudiarena da, zilarra 25) edalontziarena, eta hauen generoak ere bai. Beste zentzu batean, kausa esaten zaie formari eta ereduari, eta hauxe da esentziaren eta honen generoen definizioa (adibidez, zortzidun bitartearena bitik baterako proportzioa da eta, orokorrean, zenbakia), eta definizioaren zatiak ere bai. Honez gain, kausa esaten zaio bilakaeraren edo geldialdiaren 30) lehenengoa den printzipioaren abiapuntuari; adibidez, aholkua eman duena kausa da, eta aita haurrarena eta, orokorrean, egilea egindakoarena eta bilakaeraren eragilea bilakatutakoarena.
Bestalde, badago kausa xedea den aldetik: hauxe da "helburu den hori"; adibidez, paseoan ibiltzearen kausa osasuna da. Izan ere, zer dela eta paseoan ibili? "Osasuna izateko" esaten dugu. Eta honela erantzunda, 35) kausa eman dugulakoan gaude.
Eta mugiarazlea beste bat izanda ere xedea lortu bitartean 1013b) sortzen diren horiek ere kausa dira; esaterako, osasunaren kausa argaltzea da, edo purgatzea, edo botikak edo medikuntza-tresnak, gauza hauek guztiak xedearengatik baitira, eta batzuk tresnak eta besteak ekintzak izatean datza elkarren arteko diferentzia.
Horrela, bada, kausak honelako zentzu hauetan esaten dira, gutxi 5) gora-behera. Baina kausak zentzu askotan esaten direnez, gauza berak kausa asko izatea gertatzen da, ez akzidentalki (adibidez, eskultura-artea nahiz brontzea, giza irudiaren kausa dira giza irudia den aldetik, eta ez bestelako zerbaiten arabera; baina ez modu berean: bata materia den aldetik da kausa eta bestea, mugimenduaren abiapuntua den aldetik).
Eta elkarrekiko kausak ere badira (adibidez, ariketa fisikoa 10) ongizatearena da eta hau, ariketa fisikoarena; baina ez modu berean: bata xedea den aldetik da kausa eta bestea mugimenduaren printzipio den aldetik). Gainera, gauza bera kontrakoen kausa da: bertan egonik kausa den honako hau ez dagoenean, batzuetan, kontrakoaren kausatzat hartzen baitugu; esaterako, untzi-galtzearen kausa untzizainaren falta dela uste 15) dugu, hura bertan egotea salbamenduaren kausa izanik. Biak ala biak dira kausak, bai bertan egotea, bai falta izatea, mugiarazleak diren aldetik.
Bestalde, orain aipatutako kausa guztiak argien ikusten diren lau kausa-klasetan sailkatzen dira. Izan ere, letrak silaben kausa dira, materia 20) tresnena, sua eta lurra eta honelako guztia gorputzena, zatiak osoarenak eta premisak konklusioarenak, gauzaren osagai diren aldetik. Eta hauetatik, batzuk azpigai diren aldetik dira kausa -zatiak, adibidez- eta beste batzuk esentzia diren aldetik -osoa, konposaketa eta formak, adibidez-.
Bestalde hazia, sendagilea, aholkua eman duena eta, orokorrean, 25) egile diren guztiak, bilakaeraren edo geldialdiaren printzipioaren abiapuntu dira. Eta badira beste kausa batzuk gainerako gauzen xedearen eta ongiaren kausa diren aldetik, helburu den horrek onen eta gainerako gauzen xedea izan nahi baitu, eta ez bedi axola izan ongia bere baitan ala itxurazko ongia den esatea.
Horrela, bada, hauexek dira kausak eta honelakoa da haien espezien kopurua; eta kausen modalitateak kopuru aldetik asko diren arren, 30) hauek ere, laburbilduz, gutxi batzuk dira.
Kausak zentzu askotan esaten dira eta espezie berekoak direnen artean batzuk aurrekoak eta beste batzuk ondorengoak dira elkarrekiko; adibidez, sendagilea eta artegilea osasunaren kausa dira, bikoitza eta zenbakia, zortzidun bitartearenak, eta beti bere baitan banako kausaren bat duen kausa guztiak izaten dira banako ondorioen kausa.
Honez gain, badago akzidentea den aldetiko kausak eta hauen 35) generoak; adibidez, giza irudiaren kausa: alde batetik, Polikleto da zentzu batean eta beste zentzu batean, irudigilea da, akzidentalki gertatzen 1014a) baita irudigilea Polikleto dela. Eta bere baitan akzidentea dutenak ere kausak dira; adibidez, giza irudiaren kausa gizaki bat da edo, orokorrean, animalia ere bada, Polikleto gizakia baita eta gizakia, animalia. Bestalde, akzidenteen artean ere badira elkarrekiko gertuago eta urrunago suertatzen direnak; adibidez, gizairudiaren kausa zuria eta musikaria direla esaten 5) baldin bada [eta ez bakarrik Polikleto edo gizakia].
Kausa guztiak zentzu propioan nahiz akzidentalean esateaz aparte, batzuk potentzian diren aldetik esaten dira eta beste batzuk egintzan; adibidez eraikitzearen kausa, arkitektoa edo eraikitzen ari dena dira. Eta 10) gauza bera esan daiteke kausak kausa izatearen ondorioez ere; adibidez, honelako gizairudiaren kausa denaz, edo giza irudiaren kausa denaz edo, orokorrean, irudi baten kausa den horretaz; eta honelako brontzearen kausa denaz, edo brontzearen kausa denaz edo, orokorrean, materiaren kausa den horretaz. Eta gauza bera akzidente diren kausei dagokienez. Gainera, bai hauek, bai beste haiek, elkar loturik esan daitezke; adibidez, ez Polikleto, ezta irudigile bat ere, Polikleto irudigilea baizik. 15) Baina, nolanahi ere, kausa hauek sei dira guztira, bakoitza bi zentzutan esaten delarik: izan ere, banako den aldetik edo genero den aldetik, akzidente den aldetik edo akzidentearen generoa den aldetik, elkar loturik 20) diren aldetik edo aipamen soila den aldetik, eta denak, edo egintzan direlarik edo potentzian. Bestalde, honako honetan bereizten dira: egintzan direnak eta banako kausak badira izan eta ez dira kausatzen dituzten gauzen ondorioekin batera; adibidez, sendatzen ari den hau eta sendatua izaten ari den hori, eraikitzen ari den etxegile hau eta eraikia izaten ari den etxe hori; aitzitik, 25) potentzian diren kausak ez dira beti aldi berean ematen, ez baitira aldi berean deuseztatzen etxea eta etxegilea.
III
[aldatu]"Osagai" esaten zaio zerbait osatzeko berebaitako abiapuntu lehena den horri, espezifikoki beste espezie desberdinetan zatiezina denari; adibidez, soinu artikulatuaren osagaiak soinu artikulatua osatzen duten abiapuntuak dira eta soinua zatitzen deneko azkenak, hauek ezin baitira 30) espezifikoki bestelako soinu desberdinetan zatitu; aitzitik, zatituz gero, espezie berekoak izango dira zatiak, esaterako uraren zati bat ura da, baina silabaren zati bat ez da silaba. Eta gauza bera baieztatzen dute gorputzen osagaiak gorputzak zatitzen direneko azken zatiak direla esaten dutenek, azken zati hauek bestelako espezie desberdinetan zatitu ezin direlarik. Eta 35) halako zati bat izan ala bat baino gehiago izan, hauexek izendatzen dituzte osagai.
Honen antzera geometria-irudienak ere osagai izendatzen dira eta, orokorrean, demostrazioenak; demostrazio lehenak eta beste 1014b) demostrazio askoren baitan aurkitzen diren horiek baitira demostrazioen osagai izendatzen direnak.
Eta hemendik abiatuz eta metaforikoki esanda, bat eta txikia izanik gauza askotarako baliagarria dena ere osagai izendatzen dute; 5) horregatik esaten zaio osagai txikia, bakuna eta zatiezina denari. Hortik ateratzen da unibertsalenak osagaiak izatea, bakoitza bat eta bakuna izanik, berebaitako direlako gauza askotan -guztietan edo gehienetan-, eta "bata" eta "puntua" printzipioak omen dira batzuentzat.
Eta generoak deiturikoak unibertsalak eta zatiezinak direnez gero 10) (hauen definiziorik ez baitago), batzuek esaten dute generoak direla osagaiak, eta diferentzia baino neurri handiagoz, generoa diferentzia baino unibertsalagoa baita; diferentzia ematen den horretan generoa ere ematen da, baina generoa ematen den hartan ez da kasu guztietan diferentzia ematen. Eta hauek guztiek dute baterako gauza bakoitzaren osagaia 15) berebaitako den lehenengo hori izatea.
IV
[aldatu]"Natura" esaten zaio, zentzu batean, hazten diren gauzen genesiari; adibidez, norbaitek u -a luzatuz esaten badu. Beste zentzu batean, hazten dena hazteko lehenengo eta berebaitako den abiapuntuari. Gainera, natura esaten zaio naturaz diren gauzetan eta hauetan berez berebaitako den mugimendu lehenaren abiapuntuari.
20) Eta bestelako zerbaiten bidez -bai elkar-ukitzez eta batasun organikoz, bai garapenez, enbrioiak bezalaxe- tamainaz handitzen diren gauzak ere hazi egiten direla esaten da. Baina batasun organikoa eta elkar-ukitzea bereizi egiten dira; elkar-ukitzean honetaz aparteko ezer izatea ez da nahitaezkoa, baina batasun organikoan loturik dauden gauzetan, bietan badago zerbait bat eta gauza bera dena: honek egiten du elkar loturik egotea 25) eta ez bakarrik elkar-ukitzea, baita jarraipenaren eta kantitatearen arabera bat izatea ere, baina ez kalitatearen arabera.
Gainera, natura esaten zaio naturaz diren horietako edozein gauza izan edo sortzeko abiapuntu lehenari, hau formarik gabea eta bere berezko potentziaz aldaezina delarik; adibidez, brontzea giza irudiaren eta 30) brontzezko tresneriaren natura dela esaten da, egurra egurrezkoena.
Eta berdin gainerako gauzetan. Izan ere, gauza bakoitza haietaz dago egina, materia lehenak irauten duelarik, zentzu berean esaten baitute natura dela naturaz diren gauzen osagaiak ere: batzuek sua, beste batzuek lurra, hauek airea, beste horiek ura, zenbaitek honelako beste zerbait, 35) batzuek hauetako baten bat eta beste batzuek, berriz, hauek denak.
Honez gain, natura esaten zaio beste zentzu batean naturaz diren gauzen substantziari; hauen adibide ditugu natura gauzen osaketa lehena 1015a) dela esaten dutenak, edo Enpedoklesek dioena:
1a) "ez dago den guztiaren naturarik, baizik eta
2) nahastutakoaren nahastura eta bat egitea bakarrik,
2a) nahiz eta hau natura izendatu gizakiek."
Horregatik naturaz diren edo sortzen diren gauza horietaz ere, nahiz eta berez izateko edo sortzeko duten abiapuntua jadanik izan, ez dugu 5) oraindik esaten dagokien natura dutenik espezie eta forma ez badute. Beraz, bataz eta besteaz osatutakoa da naturaz, animaliak eta hauen zatiak bezala.
Baina natura materia lehena ezezik (hau bi zentzutan: edo lehena gauzari dagokionez edo lehena orokorrean; adibidez, brontzezko gauzei dagokienez, brontzea da lehena haiekiko, baina orokorrean, agian ura 10) izango da, urtu egiten den guztia ura baldin bada), natura espezie eta substantzia ere bada. Eta horixe da genesiaren xedea. Horregatik kasu honetan eta orokorrean esanahia zabalduz, substantzia orori esaten zaio natura, natura ere nolabaiteko substantzia bat baita.
Horrela, bada, esandakoarengatik, hauxe da natura lehena eta 15) zentzu nagusian izendatua: mugimenduaren printzipioa beren baitan eta berezko duten gauzen substantzia; izan ere, materiari hura jasotzeko gai delako esaten zaio natura, eta genesiak eta hazkuntza harengandik sortutako mugimenduak direlako. Eta bera da naturaz diren guztien mugimenduaren printzipioa eta, nolabait, haien berebaitakoa, potentzian nahiz entelekian.
V
[aldatu]20) "Beharrezko" esaten zaio gauza hari, zeinaren faltak, ezinbesteko baldintza den aldetik, bizitza ezinezkoa egiten duen; adibidez, arnasketa eta elikadura beharrezkoak dira animaliarentzat, haiek gabe ezinezkoa baita hau izatea.
"Beharrezko" ere bada gauza hori, zeinaren faltaz ezinezkoa den ongia izan edo sortu, edo gaizkia kanpora bota edo ezeztatu; adibidez, botika 25) edatea beharrezkoa da gaixorik ez egoteko, eta Eginarantz bidaiatzea dirua kobratzeko.
Honez gain, bortitza denari eta indarrari; hau, bestalde, joeraren eta nahiaren kontra eragotzi eta oztopatzen duena da. Izan ere, bortitza denari "beharrezko" esaten zaio, eta horregatik mingarria ere bada, Evenok ere dioenez:
29a) "beharrezko ekintza oro baita, berez, penagarria"28;
30) eta indarra nolabaiteko beharra da, Sofoklesek ere esaten duen bezala:
31) "baina indarrak honela egitera behartzen nau"29,
eta beharrak konbentzigaitza den zerbait dirudi, arrazoiez, nahiaren eta arrazonamenduaren araberako mugimenduaren kontrakoa baita.
Gainera, beste modu batez ez daitekeena beharrezkoa da honela izatea. Eta beharrezkoaren esanahi honen arabera gainerako gauza 35) guztiak ere izendatzen dira, nolabait, beharrezkoak. Bortitza dena nahitaez egin edo jasan behar dela esaten da bortxakeria dela medio 1015b) joeraren araberakoa egitea ezinezkoa denean, beharra, hain zuzen ere, beste modu batez izatea ezinezkoa egiten duen hori bailitzan; eta gauza bera bizitzaren ezinbesteko baldintzei eta ongiari dagokienez. Izan ere, ongia kasu batzuetan eta bizitza eta izatea beste zenbaitetan ezinezkoak direnean 5) zenbait gauza falta badira, orduan hauek beharrezkoak dira eta kausa hau nolabaiteko beharra da.
Honez gain, demostrazioa beharrezko diren gauzetako bat da, ezinezkoa baita beste modu batez izatea erabateko demostrazioa egin bada. Eta honen kausa premisa lehenak dira, ezinezkoa baldin bada silogismoaren abiapuntuak beste modu batez izatea. Horrela, bada, batzuetan zenbait gauza beharrezko izatearen kausa beste gauza bat izaten da, baina beste 10) zenbaitetan, ez; aitzitik, berauek izaten dira beste gauza batzuk nahitaez izatearen kausa.
Beraz, zentzu nagusian beharrezkoa den lehenengo gauza bakuna den hori da. Izan ere, honek izateko modu bat baino gehiago ezin du izan eta, ondorioz, ezin honela edo horrela izan -orduan izateko modu asko izango bailituzke-. 15) Horrela, bada, betiereko eta geldiak diren gauzarik baldin badago, haietan ez da ezer bortitzik edo naturaren kontrakorik izango.
VI
[aldatu]Zerbait "Bat" dela bai akzidentalki, bai berez, esaten da; akzidentalki, adibidez "Korisko" eta "musikaria", eta "Korisko musikaria" ere bai (gauza bera baita "Korisko" eta "musikaria", edo "Korisko 20) musikaria" esatea), eta "musikaria" eta "zuzena", eta "Korisko musikari zuzena" ere bai, gauza hauek guztiak akzidentalki direla bat esaten baita: "zuzena" eta "musikaria" akzidentalki ematen direlako bat den substantzia batean; "musikaria" eta "Korisko" hura honengan akzidentalki ematen delako; era berean, "Korisko musikaria"k Koriskorekin bat egiten du 25) zentzu batean, esakunearen zati bat - "musikaria"- akzidentalki ematen baita bestean - "Korisko"-; eta "Korisko musikaria"k ere bat egiten du "Korisko zuzena"rekin, esakune bakoitzaren zati bat akzidentalki ematen delako subjektu berean, hau bat delarik. Eta gauza bera gertatzen da akzidentea generoaz eta nolabaiteko unibertsal baten izenez esaten bada; 30) adibidez, "gizakia" eta "gizaki musikaria" gauza bera dela esaten bada, edo "musikaria" akzidentalki ematen delako gizakiarengan, hau substantzia bakar bat izanik, edo biak ala biak akzidentalki ematen direlako banako batengan, adibidez, Koriskorengan.
Baina biak ez dira zentzu berean ematen: bata, ziurraski, genero eta substantzian berebaitako zerbait den aldetik eta bestea, 35) substantziaren egoera eta afekzio den aldetik. Horrela, bada, akzidentalki bat dela esaten den guztia zentzu honetan esaten da. Berez direla bat esaten den gauzetatik, batzuk jarraian izateagatik 1016a) esaten da bat direla, esaterako egur sorta bat lokarriarengatik eta egurrak kolaz itsatsita egoteagatik. Eta lerroa, hautsia izanik ere jarraian baldin bada, bat dela esaten da, gorputz-atalak bezalaxe, hanka bat eta beso bat, adibidez. Eta naturaz jarraian ematen direnak neurri handiagoz dira bat artez ematen direnak 5) baino. Eta jarraia esaten zaio horri, zeinaren mugimendua berez bat izan eta bestela izaterik ez duenari; eta mugimendua bat da zatiezina baldin bada, eta zatiezina denboraren arabera. Eta berez da jarraia bat den guztia, baina ez elkar-ukitzeaz; izan ere, egurrak elkar-ukituz jartzen badituzu ez duzu esango hori bat den zerbait denik, ez egur puska, ez gorputz bat, ezta 10) jarraia den ezer ere. Horrela, bada, guztiz jarraiak diren gauzak bat direla esaten da makurdura badute ere eta, neurri handiagoz, makurdurarik ez badute; adibidez, tibia-hezurra edo izterra hanka baino jarraiagoak dira, litekeena baita hankaren mugimendua bat bakarra ez izatea. Eta lerro zuzena neurri handiagoz da bat lerro hautsia baino; hain zuzen ere, lerro hautsia eta angeludunaz bat dela eta bat ez dela esaten dugu, litekeena baita 15) bere mugimendua baterakoa eta ez-baterakoa izatea; baina lerro zuzenarena beti izaten da baterakoa, eta ez dago luze-zabalera duen honen zatirik geldirik dagoenik beste zati bat mugimenduan dagoen bitartean, lerro hautsiarekin gertatzen den bezala.
Honez gain, beste zentzu batean "bat" esaten zaie espezifikoki desberdin ez den azpigai bat duten gauzei. Eta azpigaia ez da desberdina bere espeziea sentsazioaren arabera zatiezina denean; eta azpigaia da, edo 20) lehenengoa edo xedeari dagokionez, azkenekoa. Izan ere, espeziearen arabera zatiezinak diren aldetik ardoa bat dela esaten da, eta ura ere bai, eta likido guztiak ere bat direla esaten da (olioa, ardoa, esaterako) eta urtu egiten diren gauzak ere bai, denek baitute azkeneko azpigai bera: denak baitira ura edo airea.
Genero bat duten gauzak ere bat direla esaten da, nahiz eta 25) kontrako desberdintasunez bereizi. Eta gauza hauek guztiak bat direla esaten da, desberdintasunen azpigaiaren generoa bat delako (esaterako zaldia, gizakia eta zakurra bat dira, denak animaliak direlako), materia bat dela esaten den bezalatsu. Batzuetan honela esaten da gauza hauek bat direla eta beste batzuetan, berriz, goiko generoa bera dela esaten da, 30) eta generoaren azkeneko espezieak baldin badira, espezie gorena; adibidez, isoszele eta aldekidea irudi bat eta irudi bera dira, biak ala biak triangeluak direlako, baina ez triangelu bera.
Gainera, bat esaten zaie horiei guztiei, zeintzuen definizioa -esentzia adierazten duen esakunea- hura adierazten duen beste edozein 35) esakunetatik zatiezina den (esakune oro baita, berez, zatigarria). Horrela, bada, "hazi egin dena" eta "murrizten dena" bat dira, definizioa bat baita, azaleretan espeziearen definizioa bat den bezala.
1016b) Orokorrean, <bat dira>gauza horiek, zeintzuez adimena -espeziea adigarri egiten duena- zatiezina den, eta adimenak banatzerik ez dituena, ez denborari, ez lekuari, ezta definizioari dagokienez ere; gauza hauek nagusiki dira bat, eta hauen artean substantziak diren horiek. Izan ere, orokorrean, zatiezinak diren gauza horiek guztiak, zatitzerik ez duten 5) aldetik, bat direla esaten da; adibidez, gizakia den aldetik baldin bada zerbait zatiezina, hori gizaki bat da; animalia den aldetik baldin bada, animalia bat da eta luze-zabalera den aldetik baldin bada, hori luze-zabalera bat da.
Horrela, bada, gauza gehienak edo zerbait egin, edo eduki, edo jasan edo bat den beste zerbaiti dagokienez esaten dira "bat"; bestalde, lehenengo zentzu batean, substantzia bakar bat duten gauzak direla bat 10) esaten da, bat jarraian emateagatik, edo espeziez edo definizioz; izan ere, anizkoitzat hartzen ditugu jarraian ematen ez diren gauzak, edo esentzia bakarrekoak ez direnak edo definizio bakarrekoak ez direnak.
Gainera, zentzu batean, bat dela esaten dugu edozertaz, honek kantitatea izanik, jarraian ematen bada, baina beste zentzu batean ez, oso bat osatzen ez badu, hots, espezie aldetik bat ez bada; adibidez, zapata-zatiak 15) edonola jarrita ikustean ez genuke esango "bat" osatzen dutenik, jarraian ematen direlako ez bada, baina bai zapata osatzeko moduan jarrita baldin badaude, jadanik nolabaiteko forma bat badute, alegia. Horregatik -eta lerroekin konparatuz- zirkunferentzia da nagusiki bat, osoa eta burutua delako.
"Bat izatea" nolabaiteko "zenbaki-printzipio izatea" da, neurketa lehena printzipio baita. Izan ere, genero bakoitza ezagutzeko dugun lehenengo ezagupidea neurketa lehena da. Beraz, Bata gauza bakoitzean 20) ezagungarria denaren printzipioa da. Baina, bestalde, Bata ez da gauza bera genero guztietan: hemengo honetan tonu-erdiko bitartea da, beste horretan bokala edo kontsonantea; desberdina da pisuaren unitatea eta beste bat da mugimenduarena. Baina kasu guztietan Bata da kantitatearen edo espeziearen arabera zatiezina dena. Horrela, bada, kantitatearen arabera 25) zatiezina denari "monada" esaten zaio erabatekoa eta posiziorik gabea baldin bada, "puntua" erabatekoa eta posizioduna baldin bada; "lerroa" dimentsio bakarrez zatigarria baldin bada, "azalera" bi dimentsioz baldin bada zatigarria eta "gorputza" kantitatearen arabera erabat eta hiru dimentsioz zatigarria dena. Eta alderantziz: bi dimentsioz zatigarria dena "azalera" da; dimentsio batez "lerroa"; eta kantitatearen arabera inola ere 30) zatigarri ez dena, "puntua" eta "monada": posiziorik ez badu, "monada", eta posizioa baldin badu, "puntua".
Beraz, gauza batzuk dira bat zenbakiaren arabera, beste batzuk espeziearen arabera; zenbait, generoaren arabera eta beste zenbait, analogiaz; zenbakiaren arabera materia bakarrekoak, espeziearen arabera definizio bakarrekoak, generoaren arabera, predikazioaren irudikapen bera dutenak 35) eta analogiaz, elkarrekiko proportzio bera duten horiek. Bestalde, ondorengo modalitateak aurrekoekin batera suertatzen dira beti; hain zuzen ere, zenbakiz bat diren gauzak espeziez ere bat izaten dira, baina espeziez bat direnak ez dira denak bat zenbakiz; era berean, espeziez bat diren guztiak 1017a) generoaz ere badira bat, baina generoz bat diren guztiak ez dira denak bat espeziez, baina bai analogiaz. Eta analogiaz bat diren guztiak ez dira denak bat generoz. Agerian dago Anitza Bataren kontrako zentzuan esango dela; batzuetan gauzak jarraian ematen ez direlako, beste batzuetan materia -lehena edo burutua- espeziearen arabera zatigarria delako, eta beste zenbaitetan definizioak -esentzia esaten duten esakuneak- bat baino gehiago direlako.
VII
[aldatu]"Den-a" bai akzidentalki, bai berez esaten da; akzidentalki, adibidez, "zuzena" "musikaria" dela esaten dugu, "gizakia" "musikaria" 10) dela eta "musikaria" "gizakia"; honen antzera musikaria etxea egiten ari dela esaten dugu, akzidentalki suertatzen zaiolako etxegileari musikaria izatea, edo musikariari etxegilea izatea ( "hau honelako gauza bat da" esateak honi "honelako gauza bat" akzidentalki suertatzen zaiola adierazten du); eta berdin esaten dugu aipatutakoei buruz.
15) Izan ere, gizakia musikaria dela eta musikaria gizakia dela esaten dugunean, edo zuria musikaria dela edo musikaria zuria dela esatean, azkeneko honetan biak akzidentalki suertatzen zaizkiolako subjektu berari esaten dugu, gizakia musikaria dela, hau "den-a"ren akzidentea delako eta musikaria gizakia dela gizakiari akzidentalki suertatzen zaiolako musikaria izatea (zentzu berean esaten da ez-zuria ere badela: akzidentalki hau suertatzen zaion hura baita).
20) Horrela, bada, akzidentalki suertatzen direla esaten diren gauzak honela esaten dira: edo biak "den" berberari suertatzen zaizkiolako, edo hura "den" zerbaitetan suertatzen delako, edo hura, zeinaren baitan predikatzen dena suertatzen den, bera delako.
Bestalde, predikatuaren irudiek adierazten dituzten gauza horietaz "berez" direla esaten da; izan ere, zenbat esateko modu, hainbat 25) izatearen esanahi. Gauzak horrela, predikatuen artetik batzuek zerkia, beste batzuek kalitatea, beste batzuek kantitatea, beste batzuek erlazioa, beste batzuek ekintza edo afekzioa, beste batzuek non eta beste batzuek noiz adierazten dutenez, "izateak" eta hauetako bakoitzak gauza bera adierazten dute.
Izan ere, ez dira ezertan bereizten "sendatzen den gizakia" eta "gizakia sendatzen da", ezta "paseeran eta egurra ebakitzen dabilen gizakia" 30) eta "gizaki bat paseeran eta egurra ebakitzen ari da" ere; eta gauza bera gainerako predikatuei dagokienez. Gainera, "izatea"k eta "da"k zerbait egiazkoa dela adierazten dute, eta "ez-izatea"k, egiazkoa ez dela, faltsua baizik, baieztapenean zein ezeztapenean; adibidez, "Sokrates musikaria da" esateak hori egiazkoa dela adierazten du, edo "Sokrates ez-zuria da" esateak hori egiazkoa dela; 35) baina "diagonala ez da neurgarria" esateak faltsua dela adierazten du. 1017b) Gainera, aipatutako hauei dagokienez, "izatea"k eta "den-a"k batzuetan potentzian eta beste batzuetan entelekian dena adierazten dute. Izan ere, "ikusle" esaten diogu ikus dezakeenari zein ikusten ari denari, eta berdin "ezagutzen du"; hau esaten diogu ezagutzaz balia daitekeenari zein baliatzen denari, eta "lasaia da" esaten diogu lasaitasuna jadanik beregan 5) duenari zein lasaitzeko gauza denari.
Eta berdin substantziei dagokienez; Hermes harrian dela esaten dugu, eta lerroan lerro-erdia dela, eta oraindik heldu ez dena garia dela. Baina beste leku batean30 zehaztu beharko da noiz den zerbait potentzian eta noiz ez den oraindik.
VIII
[aldatu]10) "Substantzia" izendatzen dira gorputz bakunak, adibidez, Lurra, Sua, Ura eta honelakoak; eta, orokorrean, gorputzak eta hauetaz osaturikoak, bai animaliak, bai jainkozkoak, baita hauen zatiak ere. Gauza hauek guztiak substantzia direla esaten da, ez subjektu baten araberako predikazio direlako, gainerako gauzak haien arabera predikatzen direlako baizik. Beste zentzu batean, substantzia izendatzen da subjektu baten arabera 15) predikatzen ez diren gauzetan izatearen kausa berebaitakoa dena, adibidez, arima animaliarentzat.
Honez gain, substantzia izendatzen dira berebaitako diren zatiak, hauek mugatuak eta zerbait jakina adierazten badute, haien deuseztapena osoaren deuseztapena delarik; adibidez, azalera deuseztaturik gorputzik ez 20) dago, batzuek dioten bezala, eta lerroa deuseztaturik azalerarik ez. Eta, orokorrean, zenbaitentzat zenbakia honelakoa omen da (zenbakiak zehazten baititu gauza guztiak eta hura deuseztatuz gero ez dago ezer).
Gainera, esentzia ere -zeinaren esakunea definizioa den- gauza bakoitzaren substantzia dela esaten da.
Bestalde, substantzia bi zentzutan esaten dela gertatzen da: batetik azkeneko subjektua, beste ezeren arabera predikatzen ez dena; 25) bestetik, zehaztutako zerbait delarik ere banan daitekeena. Eta honelakoa da gauza bakoitzaren konfigurazioa eta forma.
IX
[aldatu]"Gauza bera" akzidentalki esaten da kasu batzuetan; adibidez, "zuria" eta "musikaria" gauza bera dira akzidentalki ematen direlako gauza beraren baitan, eta "gizakia" eta "musikaria" akzidentalki ematen delako bata bestearengan, eta "musikaria gizakia da" akzidentalki ematen delako 30) gizakiarengan. Azkeneko hau eta aurreko bata zein bestea gauza bera dira, eta bata zein bestea eta hura, gauza bera dira, gizakia eta musikaria "gizaki musikaria" bezalakoak direla esaten baita, eta hau eta bi haiek gauza bera dira (horregatik ez dira hauek guztiak unibertsalki predikatzen; izan ere, "gizaki guztiak" eta "musikaria" gauza bera direla esatea ez da 35) egiazkoa, unibertsalki predikatzen diren gauzak berez baitira 1018a) berebaitakoak, baina akzidentalki predikatzen direnak ez dira berezkoak, nahiz eta banako soilei buruz predikatu. "Sokrates" eta "Sokrates musikaria" gauza bera omen dira, baina "Sokrates" ez zaio askori esaten, eta horregatik ez da esaten "Sokrates oro" "gizaki oro" esaten den bezala).
Beraz, gauza hauek honela direla "gauza bera" esaten da, eta beste 5) gauza batzuk, berriz, berez direla "gauza bera" esaten da, eta hau "bat" esaten den zentzu horietan guztietan. Izan ere, materia bakarreko gauzak -hau espeziearen arabera edo zenbakiaren arabera- gauza bera direla esaten da, baita substantzia bakarreko gauzak ere; beraz, agerian dago beratasuna izatearen nolabaiteko batasuna dela, edo aniztasun batena, edo aniztasuntzat hartutako izatearena; adibidez, gauza bat berarekiko gauza bera dela esaten denean, bi gauzatzat hartzen dira. Bestalde, "beste batzuk" direla esaten zaie, edo espezie, edo 10) materia, edo substantziaren definizioa bat baino gehiago dutenei; orokorrean, "gauza bera" denari kontrajarriz esaten da "beste bat".
"Bereiziak" direla esaten zaie nolabait gauza bera izanik, "beste batzuk" diren gauza horiei, baina ez zenbakiz bakarrik, baizik eta espeziez, edo generoz, edo analogiaz. Hauez gain, generoa "beste bat" dutenei, eta kontrakoei, eta bestetasuna substantzian duten horiei.
15) "Antzekoak" esaten zaie zentzu guztietan gauza berak afektatuak diren gauzei, eta afekzio berak beste batzuk baino gehiago jasaten dutenei, baita koalitate bakarrekoak direnei ere. Eta "antzekoak" esaten zaie kontrako gehienak edo nagusiak -zeintzuen bidez gauzak alda daitezkeen- dituzten gauzei. Eta antzekoei kontrajarriz "ez-antzekoak" esaten dira.
X
[aldatu]20) "Kontrajarriak" esaten zaie kontraesanari, kontrakoei, erlatiboei, gabeziari eta edukiari, genesien eta ustelduren abiapuntu eta helmuga diren azken muturrei, baita biak jasotzeko gai denaren baitan aldi berean izaterik ez duten horiek ere izendatzen dira "kontrajarriak", beraiek edo haien osagaiak. Izan ere, grisa eta zuria ez dira aldi berean gauza beraren 25) baitan ematen; beraz, kontrajarriak dira haien osagaiak.
"Kontrakoak" izendatzen dira generoz bereiziak direlarik aldi berean gauza beraren baitan izaterik ez duten gauzak; eta genero berekoak izanik, goren neurriz bereizten direnak; eta jasotzeko gai denaren beraren baitan ematen direlarik goren neurriz bereizten direnak; eta potentzia beraren menpe ematen direlarik goren neurri batez bereizten direnak, 30) baita gauza horiek, zeintzuen bereizketa goren mailakoa den, bai zentzu absolutuan, bai generoari dagokionez, bai espezieari dagokionez.
Gainerako gauzak izendatzen dira "kontrakoak" batzuk honelako kontrakoak edukitzeagatik, beste batzuk honelakoak jasotzeko gai izateagatik, beste batzuk honelakoak sortzeko edo jasateko gai izateagatik, edo sortzen edo jasaten dituztelako; beste batzuk honelako kontrakoen 35) galerak, edo eskuratzeak, edo edukiak edo gabeziak direlako.
Gainera, "bat" eta "den-a" zentzu askotan esaten direnez, beste horrenbeste gertatu behar nahitaez haien arabera esaten diren gainerako horiekin; beraz, "gauza bera", "beste bat" eta "kontrakoa" beste horrenbeste gauza izango dira kategoria bakoitzaren arabera.
[ "Beste batzuk espeziearen arabera" izendatzen dira genero 1018b) berekoak izanik elkarren menpe ez dauden horiek; eta genero berean ematen direlarik bereizi egiten direnak; baita substantzian kontrakotasuna duten horiek ere. Eta "elkarrekiko beste batzuk espeziearen arabera" dira kontrakoak, 5) denak edo lehenengo zentzu batean izendatzen direnak, eta generoaren espezie azkenaren baitan beste definizio batzuk dituzten gauza horiek ere bai (adibidez, gizakia eta zaldia zatiezinak dira generoz, baina haien definizioak beste batzuk dira), baita substantzia beraren baitan ematen direlarik bereizi egiten direnak ere. Bestalde, hauei kontrajarritako gauzak espezie berekoak dira].
XI
[aldatu]10) "Aurrekoak" eta "ondorengoak" izendatzen dira gauza batzuk, genero bakoitzean lehenengo eta printzipio den zerbait izanik, printzipioren batetik gertuago izateagatik, printzipio hau zentzu absolutuan eta naturaz, edo erlatiboki, edo nonbait, edo batzuen arabera zehaztuta dagoelarik. Adibidez, gauza batzuk lekuaren arabera dira aurrekoak, naturaz zehaztutako lekuren batetik (erditik edo mutur batetik, esaterako), edo suertatutako zerbaitetik gertuago izateagatik. Urrutiago dagoena ondorengoa da.
15) Beste gauza batzuk denboraren arabera (horrela, bada, batzuk orainetik urrutiago izateagatik, iraganean, adibidez; Troiako gerra Mediar gerren aurrekoa baita orainetik urrutiago dagoelako; beste batzuk, berriz, orainetik gertuago izateagatik, geroan, adibidez; Nemear Jokoak Pitiarren aurrekoak baitira, orainetik gertuago daudelako, oraina printzipiotzat eta lehenengotzat hartzen dugularik)
20) Beste gauza batzuk, mugimenduaren arabera (aurrekoa mugimendu lehenetik gertuago dagoena baita; esaterako, haurra gizonaren aurrekoa da. Hau ere nolabaiteko printzipio bat da, zentzu absolutuan.) Beste gauza batzuk, potentziaren arabera (potentziaz nagusitzen dena, hau da, potenteena, aurrekoa baita. Eta honelakoa da hura, zeinaren nahimenaren araberako abiapuntutik ondorengoa den beste zerbait nahitaez ateratzen den, alegia, hark mugitzen ez badu hau ez da mugitzen, 25) eta mugitzen badu, hau mugitu egiten da. Nahimena, hain zuzen ere, printzipio bat da.)
Beste gauza batzuk, ordenaren arabera (eta hauek dira bakarra eta zehatza den zerbaiti dagokionez, arau baten arabera kokatuta dauden horiek; adibidez, korifeoaren ondoan dagoen dantzaria hirugarren lekuan dagoenaren aurrekoa da, eta liraren azkenaurreko soka azkenaren aurrekoa da; batean korifeoa da printzipioa eta bestean erdiko soka, hain zuzen ere.)
30) Zentzu honetan esaten da gauza hauek aurrekoak direla, baina beste zentzu batean, ezagutzaz aurrekoa dena, "aurreko absolutu"tzat hartzen da. Honelakoen artean desberdinak dira nozioaren araberakoak eta sentsazioaren araberakoak: nozioaren arabera unibertsalak dira aurrekoak, eta sentsazioaren arabera, berriz, banakoak; eta nozioaren arabera akzidentea 35) osoaren aurrekoa da; adibidez, "musikaria" "gizaki musikaria"ren aurrekoa da, ez baita nozioaren osoa izango zati bat ez badago, nahiz eta musikaririk ezin izan musikaria den norbait ez bada. Gainera, "aurrekoak" esaten zaie aurrekoak diren gauzen afekzioei; adibidez, zuzentasuna leuntasunaren aurrekoa da, bata lerroak berez duen afekzioa baita, eta bestea, azalerarena.
1019a) Horrela, bada, gauza batzuk aurrekoak eta ondorengoak direla honela esaten da, beste batzuk, naturaren eta substantziaren arabera direla esaten da, hots, beste gauzarik gabe izatea daukaten gauza horiek, baina ez haiek gabe izaterik ez duten horiek, Platonek erabili ohi zuen bereizketaz31. (Eta izatea zentzu askotan esaten denez, lehenengoz 5) subjektua da aurrekoa, eta horregatik da aurrekoa substantzia; gero, beste zentzu batez potentziaren arabera eta entelekiaren arabera; horrela, gauza batzuk potentziaren arabera dira aurrekoak eta beste batzuk, entelekiaren arabera; adibidez, lerro-erdia lerro osoaren aurrekoa da, zatia osoarena eta materia substantziarena, baina entelekiaren arabera ondorengoak dira, desegin ondoren izango baitira entelekian.) 10) Eta, nolabait, aurreko eta ondorengo direla izendatzen diren gauza guztiak hauen arabera esaten dira; izan ere, gauza batzuk izan daitezke besterik izan gabe genesian -esaterako, osoa zatirik gabe-, eta beste zenbait gauza ustelduran -esaterako, zatia osorik gabe-. Eta berdin gainerakoak.
XII
[aldatu]15) "Potentzia" esaten zaio mugimenduaren edo bilakaeraren printzipioari, beste baten baitan dagoenari edo beste bat den aldetik bere baitan dagoenari; adibidez, eraikitzeko artea eraikitakoaren baitan ematen ez den potentzia bat da; aitzitik, sendatzeko artea sendatutakoaren baitan eman daiteke, baina ez sendatua den aldetik. Orokorrean, potentzia esaten zaio, alde batetik, bilakaeraren edo mugimenduaren printzipioari,20) beste baten baitan edo beste bat den aldetik bere baitan dagoenari, eta beste alde batetik, beste batek edo norberak beste bat den aldetik bilakatua edo mugitua izateko duen gaitasunari; izan ere, afektatua afekzioren batek afektatua izateko gaitasunaz esaten dugu potentzia, bai edozein afekzio izanda, bai edozein afekzio izan beharrean hoberako baldin bada. Gainera, potentzia esaten zaio zerbait ongi burutzeko gaitasunari edo ongi burutzeko nahimenaren araberako gaitasunari; izan ere, 25) zenbaitetan, ibili edo hizketan bakarrik eta ez ongi, edo nahi ez luketen bezala egiten duten horietaz hizketarako edo ibiltzeko gai ez direla esaten dugu. Eta berdin afekzioak jasateari dagokionez.
Gainera, "potentzia" izendatzen dira eduki horiek, zeintzuen arabera gauzak guztiz afektagaitzak diren, edo aldagaitzak, edo txarrerako aldagaitzak. Horrela, bada, gauzak puskatu, urratu, hautsi eta, orokorrean, 30) desegiten dira, baina ez beren potentziaz, potentzia-ezaz baizik, eta zerbaiten faltaz. Aitzitik, halako afekzioen aurrean aldagaitzak dira kostata eta ezer gutxi afektatuak diren gauzak, potentzia izateagatik, duten potentzia dela eta, edo dituzten nolabaiteko koalitatearengatik.
Eta "potentzia" zentzu hauetan guztietan esaten denez, "gai" esango zaio, lehenengoz, beste baten baitan edo bere baitan baina beste bat den aldetik mugimenduaren edo bilakaeraren printzipio bat duenari 35) (gelditasuna sor dezakeena ere nolabaiteko potentzia baita); beste zentzu 1019b) batean, "gai" da berebaitako honelako potentzia bat duen zerbait baldin badu; beste zentzu batean, nola edo hala, bilakatzeko gaitasunik -txarrerako nahiz onerako- baldin badu (izan ere, desegiten dena desegiteko 5) gai omen da, edo ez litzateke desegingo horretarako gai ez balitz; baina badu nolabaiteko joera, honelako afekzioaren kausa eta printzipioa, alegia. Eta badirudi gai izatea batzuetan zerbait edukitzeagatik dela, eta beste batzuetan, hori falta izateagatik dela. Beraz, "eza", nolabaiteko "edukia" baldin bada, gauza guztiak zerbait edukitzeagatik izango dira edo, bestela, izenkidetasunez; honen ondorioz, edukiren bat edo printzipio bat edukitzeagatik da zerbait "gai", eta horixe falta edo eza izateagatik ere bai, 10) ezaren bat edukitzea litekeena baldin bada).
Beste zentzu batean, gauza bat da "gai" beste gauza batek edo gauza berak beste bat den aldetik hau desegiteko potentzia edo printzipioa ez izateagatik. Eta gauza hauek guztiak dira "gai" haiek sortzea ala ez litekeena delako, ongi ala ez ongi litekeena delako. Izan ere, honelako potentzia izaki bizigabeetan ere ematen da, esaterako, tresnetan; horrela, bada, lira hau soinua ateratzeko gai dela esaten da, eta beste hori, ez, soinu ona 15) ateratzen ez badu.
"Inpotentzia" potentzia-eza da, hots, aipatu dugun honelako printzipio-eza, edo guztiz, edo berez izaten duenarentzat, edo jadanik berez izan beharko lukeenarentzat. Izan ere, ez luke inork esango haur bat, gizon bat eta eunuko bat ernaltzeko "ez-gai" zentzu berdinean direnik. Gainera, bi potentzia moten kontrajarritako inpotentzia bana dago, hots, mugiarazlea 20) bakarrik den potentziarena eta ongi mugiarazteko gai denarena. Eta gauza batzuk "inpotentzia" honen arabera direla "ahalgera" esaten da, eta beste batzuk, beste zentzu batean, ahalezkoa eta ezinezkoa bezala: ezinezkoa da hori, zeinaren kontrakoa nahitaez egiazkoa den (adibidez, ezinezkoa da diagonala neurgarria izatea; beraz, bere kontrakoa ez bakarrik egiazkoa, 25) baizik eta nahitaez da egiazkoa † neurtezina izatea; orduan, diagonala neurtezina dela faltsua izan ez ezik faltsua nahitaez ere bada. Honen kontrakoa, ahalezkoa, kontrakoa faltsua izatea nahitaezkoa ez denean izaten da; adibidez, litekeena da gizaki bat eserita egotea, ez baita nahitaez faltsua eserita ez egotea.
30) Horrela, bada, ahalezkoak zentzu batean, esana dagoen bezala, nahitaez faltsua ez dena adierazten du; beste zentzu batean, egiazkoa dena eta beste zentzu batean, egiazkoa izan daitekeena. Eta esanahia zabalduz, geometrian ikasten den hori ere potentzia izendatzen da.
35) Eta ahalezko hauek guztiak ez dira potentziaren araberakoak. Bestalde, potentziaren arabera ahalezko diren guztiak potentziaren lehenengo zentzu bati dagokionez esaten dira, hots, beste baten baitan edo, 1020a) beste bat den aldetik bere baitan ematen den bilakaeraren printzipioari dagokionez. Izan ere, gainerako gauzak ahalezko izendatzen dira, batzuk bestelakoa den zerbaitek honelako potentzia duelako, beste batzuk horrelakorik ez duelako eta beste zenbait, berriz, zehaztutako modu batez duelako. Eta berdin ahalgera direnekin.
Beraz, potentzia lehenaren definizio nagusia hauxe litzateke: 5) bilakaeraren printzipio arazlea, beste baten baitan edo gauza beraren baitan, hau beste bat den aldetik.
XIII
[aldatu]"Kantitatea" esaten zaio berebaitako zatietan zatigarria denari, zati hauetako bakoitza, banaka hartuta, berez bat den zerbait eta zehaztutako zerbait direlarik. Horrela, bada, multzo bat kantitatea izango da kontagarria 10) baldin bada, eta luze-zabalera bat neurgarria baldin bada. Multzoa esaten zaio zati ez-jarraietan zatigarria denari eta luze-zabalera, berriz, zati jarraietan zatigarria denari. Bestalde, dimentsio bakarrean jarraia den luze-zabalera luzera da, bi dimentsioz jarraia dena, zabalera eta hiru dimentsioz jarraia dena, sakonera. Hauetatik, mugatua den multzoa zenbakia da, luzera lerroa da, zabalera azalera da eta sakonera, gorputza.
15) Gainera, zenbait gauza berez esaten dira kantitatea, beste batzuk, akzidentalki; adibidez, lerroa berez da nolabaiteko kantitatea eta musikaria, akzidentalki. Eta kantitatea berez diren gauzetatik, batzuk substantziaren arabera dira, esaterako lerroa nolabaiteko kantitate bat da (izan ere, "nolabaiteko kantitatea" zer den, hori adierazten duen esakunearen baitan dago); beste batzuk honelako substantzia baten afekzio eta edukiak 20) dira, esaterako asko/gutxi, luze/motz, zabal/estu, altu/baxu, astun/arin, eta honelakoak. Baita handi eta txiki, handiago eta txikiago ere -berez hartuta zein elkarrekiko dutenaren arabera- kantitatearen berezko afekzioak dira, nahiz eta izen hauek beste gauza batzuetara zabaltzen diren.
25) Eta akzidentalki direla kantitate esaten diren horietatik, batzuk "musikaria" eta "zuria" nolabaiteko kantitatea direla esaten zen zentzuan esaten dira, beraien subjektu dena kantitate bat delako; beste batzuk, mugimendua eta denbora kantitate diren aldetik; izan ere, hauek kantitateak eta jarraiak direla esaten da hura, zeinaren afekzioak hauek 30) diren, zatigarria delako. Hauxe esan nahi dut: ez mugitzen dena, baizik eta mugimendua ematen den lekua; hau kantitatea izateagatik mugimendua ere bada, eta mugimendua izateagatik, denbora ere bai.
XIV
[aldatu]"Koalitatea" esaten zaio, zentzu batean, substantziaren diferentziari; adibidez, gizaki bat nolabaiteko koalitatedun animalia da, hankabikoa delako, eta zaldi bat, lau hankakoa delako, eta zirkulua nolabaiteko koalitatedun irudi bat da angelurik gabea delako; hain zuzen 35) ere, substantziaren araberako diferentzia koalitate bat da.
1020b) Ordea beste zentzu batean esaten da "koalitatea" gauza geldiez eta errealitate matematikoez ari garenan, esaterako; horrela, bada, zenbakiak nolabaiteko koalitateak dira; adibidez, zenbaki osatuak, 5) dimentsio bakarrean ematen ez direnak, baizik eta irudikazioa azaleran eta solidoan duten horiek (hainbestetan hainbeste, edo hainbestetan hainbestez hainbeste diren horiek) eta, orokorrean, kantitateaz aparte, substantzian ematen dena; izan ere, zenbaki bakoitzaren substantzia behingo batean ematen dena da; adibidez, sei zenbakiarena ez da bitan edo hirutan ematen dena, behingo batean ematen dena baizik, seia behingo batean baita sei.
Honez gain, mugimenduan dauden substantzien afekzio 10) horiek, adibidez, beroa eta hotza, zuritasuna eta belztasuna, astuntasuna eta arintasuna, eta honelako gauza horiek, zeintzuen arabera bilakatzen diren gauzen gorputzak aldatzen direla esaten den. Gainera, bertutearen eta gaiztakeriaren eta, orokorrean, gaizkiaren eta ongiaren arabera [esaten da "koalitatea"].
Horrela, bada, bi zentzuren arabera esan liteke "koalitatea", gutxi 15) gora-behera, eta haietako bat da nagusia. Hain zuzen ere, koalitate lehena substantziaren diferentzia da (honelako zerbait ere bada zenbakietan ematen den koalitate zati bat: hau substantzien diferentzia bat baita, baina, edo mugitzen ez diren substantzienak edo ez-mugituak diren aldetik). Bigarren zentzu batean, mugitzen diren aldetik, mugimenduan dauden gauzen afekzioak dira koalitateak, baita mugimenduen diferentziak ere. Eta bertutea eta gaiztakeria ere afekzio hauetakoak dira, mugimenduaren eta 20) egintzen diferentziak adierazten baitituzte, eta hauen arabera mugimenduan dauden gauzek egin edo jasaten dute, ongi ala gaizki. Izan ere, honela mugitzeko edo ekiteko gai dena ona da, eta kontrako moduaz mugitu edo egiteko gai dena, txarra.
Bestalde, onaren eta txarraren esanahia bizidunei dagokien 25) koalitatea da batez ere, eta hauen artetik, nahimena dutenei dagokie bereziki.
XV
[aldatu]"Erlatibo" esaten zaio, alde batetik, bikoitzari erdiarekiko, hirukoitzari herenarekiko eta, orokorrean, multiploari azpimultiploarekiko eta gainezka egiten duenari gainezka eginarekiko.
Beste alde batetik, berotzeko gai denari berogarri denarekiko, mozteko gai denari mozgarri denarekiko eta, orokorrean, aktibo denari 30) pasibo denarekiko. Beste zentzu batean, neurgarri denari neurriarekiko, ezagungarri denari ezagutzarekiko eta sentimenezko denari sentsazioarekiko.
Lehenengoz aipatutakoak erlazio numerikoak dira, soilak edo zehatzak, zenbakien araberakoak edo bataren araberakoak, alegia (adibidez, 35) bikoitza bataren arabera zehaztutako zenbakia da eta multiploa, berriz, batarekiko zehaztugabeko erlazio numerikoa da, esaterako honelako edo 1021a) horrelako multiploa. Bestalde, oso bat gehi erdi osatutako zenbakiak osoa den horrekiko erlazio numeriko zehaztua du, eta oso bat gehi bat numeradoretzat duen frakzio bat osaturiko zenbakiak, osoa den horrekiko erlazio numeriko zehaztugabea du, multiploa unitatearekiko bezalaxe. Eta gainezka egiten duenak gainezka eginarekiko erlazio numeriko erabat zehaztugabea du; zenbakia neurgarria baita, eta neurgarria ez 5) denaren arabera ez da zenbakirik esaten. Baina gainezka egiten duena gainezka eginarekiko "kantitate bera gehi zerbait" da, "zerbait" hau zehaztugabea delarik, izanak izan suertatzen baita kantitate bera ala ez). Horrela, bada, erlazio hauek guztiak numerikoak direla esaten da, eta zenbakiaren afekzioak direla, eta beste zentzu batean, "berdina", "antzekoa" 10) eta "gauza bera" ere bai. (Izan ere, hauek denak bataren arabera esaten dira, gauza bera baitira substantzia bakarreko horiek, antzekoak koalitate bakarrekoak, berdinak kantitate bakarrekoak; bestalde, bata zenbakiaren printzipio eta neurria da eta, ondorioz, hauek denak erlazio numerikoak izendatzen dira, zentzu berean ez bada ere).
Bestalde, aktibo dena eta pasibo dena potentzia aktiboarekiko eta potentzia pasiboarekiko izaten dira, eta potentzia hauen ekintzen arabera; adibidez, berotzeko gai dena berogarri denarekiko, hau egin dezakeelako eta, era berean, eragileak diren aldetik, berotzen ari dena berotua izaten ari denarekiko, eta mozten ari dena moztua izaten ari denarekiko.
Erlazio numerikoak, bestalde, ez dira ekintzetan ematen, beste 20) leku batean aipatu den zentzuan ez bada, baina haietan ez da mugimenduaren araberako ekintzarik ematen. Eta potentziaren araberako erlazioetatik, batzuk denbora desberdinen arabera esaten dira, adibidez "egin zuena" "egina izan zenarekiko", eta "egingo duena" "egina izango denarekiko"; horrela ere esaten baita aita semearen aita dela, hark egin baitzuen eta honek nolabaiteko afekzioren bat jaso zuelako. Gainera, gauza 25) batzuk potentzia-ezaren arabera dira erlatiboak, inpotentzia, esaterako, baita horrela izendatzen direnak ere, adibidez, ikustezina dena.
Horrela, bada, zenbakiaren eta potentziaren arabera erlatibo direla esaten diren gauza guztiak erlatiboak dira beste zerbaitekiko esaten direlako, hain zuzen, [beraiek diren horixe bera], eta ez beste zerbait haien araberakoa delako. Aitzitik, neurgarria dena, ezagungarri dena eta pentsagarri dena erlatiboak direla esaten da beste zerbait haiekiko dela erlatiboa esaten 30) delako. Izan ere, pentsagarri denak gauza beraren pentsamendua badela adierazten du, baina pentsamendua ez da pentsamendua den horrekiko erlatiboa (bi aldiz esana bailitzateke gauza bera); era berean, ikusmena ere 1021b) zerbaiten ikusmena da, baina ez ikusmena den horrena (nahiz eta horrela esanda, hain zuzen, egia den); aitzitik, ikusmena erlatiboa da, kolore batekiko edo antzeko beste zerbaitekiko. Hartara, bada, bi aldiz esango da gauza bera: ikusmena ikusmena denarena dela.
Horrela, bada, berez direla erlatiboak esaten den gauzetatik batzuk esandako moduan esaten dira, eta beste batzuk, beren generoak horrelakoak 5) baldin badira; adibidez, medikuntza erlatiboa da bere generoa -zientzia- erlatiboa omen delako. Honez gain, haiek edukitzeagatik erlatibo direla esaten diren gauza horiek; adibidez, berdintasuna berez da erlatiboa, berdina dena erlatiboa delako, eta antzekotasuna, antzekoa dena erlatiboa delako.
Beste gauza batzuk akzidentalki dira erlatiboak; adibidez, gizakia erlatiboa da akzidentalki suertatzen zaiolako bikoitza izatea, hau erlatiboa izanik; edo zuria dena, subjektu beraren baitan akzidentalki suertatzen baldin bada bikoitza eta zuria izatea.
XVI
[aldatu]"Burutua" esaten zaio hari, zeinatik kanpo ezer aurkitzerik ez dagoen, ezta zati bat bera ere (adibidez, gauza bakoitzaren denbora burutua da berebaitatik kanpo denbora horren zatirik aurkitzerik ez baldin badago) 15) eta bertutearen eta ongiaren arabera, generoari dagokionez, gainditua ez den horri; adibidez, sendagile bat "burutua" da eta flauta-jole bat "burutua" da berezkoa duten bertutearen arabera ezer falta ez dutenean (zentzu honetan eta hitzaren esanahia gauza txarretara zabalduz, "sikofante burutua" eta "lapur burutua" ere esaten ditugu, "onak" ere 20) izendatzen baititugu, esaterako, "lapur ona" eta "sikofante ona". Eta bertutea nolabaiteko burutzea da; izan ere, gauza bakoitza eta substantzia oro dira burutuak berezko bertutearen espeziearen arabera beren luze-zabalera naturalaren zatirik falta ez dutenean).
Gainera, xedea duten gauza horiek, hau zintzoa izanik, izendatzen 25) dira "burutuak", burutuak baitira xedea duten neurrian. Eta xedea muturretako bat denez, hitzaren esanahia gauza txarretara zabalduz, "suntsiketa burutua" eta "usteldura burutua" esaten dugu usteldurari eta gaizkiari ezer falta ez zaienean; izan ere, hauek beren muturrean daude. Horregatik esaten zaio "xedea" heriotzari, esanahia zabalduz, biak ala biak muturrak dira-eta. Eta xedea muturreko eta helburu den hori ere bada.
Horrela, bada, berez direla burutuak esaten diren gauzak zentzu 30) hauetaz esaten dira; batzuk, ongiaren arabera ezer falta ez dutelako, haiek gaindituko dituenik ere ez, ezta haietatik kanpo ezer aurkitzerik ere ez dagoelako; beste batzuk, orokorrean, genero bakoitzaren arabera gaindituko dituenik ez dagoelako, ezta haietatik kanpo ezer ez dagoelako ere.
Eta gainerako gauzak ere izendatzen dira "burutuak" hauen 1022) arabera: honelako zerbait egiteagatik edo edukitzeagatik, edo horri egokitzeagatik, edo lehenengo zentzuan "burutuak" izendatzen diren gauzekiko esaten direlako, nolabait esan ere.
XVII
[aldatu]"Muga" esaten zaio gauza bakoitzaren muturrari, gauza lehenari, zeinatik kanpo bere ezer aurkitzerik ez dagoen; eta gauza lehenari, zeinaren 5) baitan dena dagoen.
Muga esaten zaio luze-zabalera baten forma izan daitekeenari, edo luze-zabalera duenari, baita gauza bakoitzaren xedeari ere (eta hau mugimenduaren eta ekintzaren helmuga dena da, ez hauen abiapuntua; baina batzuetan biak izaten dira muga, bai abiapuntu dena, bai helmuga dena). Muga esaten zaio helburu den horri, eta gauza bakoitzaren substantziari, baita gauza bakoitzari dagokion esentziari ere, hauxe baita ezagutzaren muga. Eta ezagutzaren muga baldin bada, gauzaren muga ere bada.
10) Gauzak horrela, begi-bistakoa da "printzipio" esaten den zentzu guztietan esaten dela "muga" eta gehiagotan ere, printzipioa nolabaiteko muga bat baita, baina ez muga oro printzipio.
XVIII
[aldatu]"Araberakoa" zentzu askotan esaten da; zentzu batean, gauza 15) bakoitzaren espezie eta substantzia da; adibidez, onaren araberakoa Ongia bera da.
Beste zentzu batean esaten zaio horri, zeinaren baitan berez zerbait sor daitekeen; adibidez, kolorea azalera batean. Horrela, bada, "araberakoa", lehenengo zentzu batez esanda espeziea da; bigarrenez, gauza bakoitzaren materia eta subjektu lehena bezalakoa da.
Orokorrean, "araberakoa"k "kausa"k dituen hainbat esanahi 20) izango ditu; izan ere, "Zer dela-eta <zeren arabera> etorri zen?" eta "Zertara etorri zen?" esaten da, eta "Zer dela-eta <zeren arabera> arrazonamendu bat zuzen ala oker egitea?" edo "Zein da arrazonamendu bat zuzen ala oker izatearen kausa?".
Gainera, "araberakoa" posizioaren arabera esaten da: "zeren arabera geratu den" edo "zeren arabera dabilen paseeran". Izan ere, gauza hauek guztiek posizio bat eta leku bat adierazten dute. Honen ondorioz, 25) "berez" ere zentzu askotan esango da nahitaez: zentzu batean "berez" gauza bakoitzari dagokion esentzia da; adibidez, Kalias berez da Kalias, hots, Kaliasi dagokion esentzia.
Beste zentzu batean "berez" dira zerkian ematen diren horiek; adibidez, Kalias berez da animalia, haren definizioaren baitan "animalia" baitago, Kalias nolabaiteko animalia da-eta.
Gainera, "berez" esaten da subjektuak bere baitan zuzenean edo 30) bere zatiren batean zerbait jaso badu; adibidez, azalera, zentzu honetan, berez da zuria, eta gizakia berez bizi da, arima gizakiaren zati bat baita, eta haren baitan zuzen ematen da bizia.
Beste zentzu batean "berez" esaten zaio beste kausarik ez duen horri; izan ere, gizakiaren kausak asko dira -animalia, hankabikoa-; hala ere, 35) gizakia berez da gizakia. Beste zentzu batean, "berez" dira gauza bakar batean ematen diren horiek, eta bakar bat den aldetik; horregatik da "berez" banandutakoa.
XIX
[aldatu]1022b) "Antolamendua", bai lekuaren arabera, bai potentziaren arabera, baita espeziearen arabera ere esaten zaio zatiak dituenaren kokapenari. Izan ere, hauek nolabaiteko posizioa (qevsi") izan behar dute, antolamendu hitzak berak (diavqesi") adierazten duen bezala.
XX
[aldatu]"Edukia" esaten zaio, zentzu batean, adibidez, zerbait edukitzen duenaren eta edukiaren beraren egintzaren bati, nolabaiteko ekintza edo 5) mugimendu delarik. (Izan ere, norbaitek zerbait egiten duenean eta zerbait egina denean, bitartean egitea dago; era berean, soineko bat daukanaren eta edukitako soinekoaren artean "edukia" dago). Horrela, bada, agerikoa da ezinezkoa dela honelako edukia edukitzea (prozesu amaigabea izango bailitzateke edukitakoaren edukia edukitzerik balego).
10) Beste zentzu batean, "edukia" esaten zaio antolamenduari, zeinaren arabera antolatutakoa ongi ala gaizki antolatuta dagoen, berez nahiz beste zerbaiti dagokionez; adibidez, osasuna nolabaiteko "edukia" da, honelako antolamendua baita. Gainera, honelako antolamenduaren zati bat denari ere "edukia" esaten zaio; horregatik, zatien bertutea ere nolabaiteko "edukia" da.
XXI
[aldatu]15) "Afekzioa" esaten zaio, zentzu batean, nolakotasunari, zeinaren arabera gauzak alda daitezkeen; adibidez, zuria eta beltza, gozoa eta mingotsa, astuntasuna eta arintasuna, eta honelakoak.
Beste zentzu batean, "afekzioa" esaten zaie nolakotasun hauen egintzei eta aldaketei. Eta hauetatik, kaltegarri diren aldaketei eta mugimenduei bereziki eta, are gehiago, mingarriak direnei.
20) Hauetaz gain, zoritxar eta sufrimendurik handienei ere "afekzioa" esaten zaie.
XXII
[aldatu]"Eza" esaten da, zentzu batean, berez edukitzen den zerbait ez baldin badu batek, honako honi berez edukitzea ez badagokio ere; adibidez, landare batek begi-eza duela esaten da.
25) Beste zentzu batean esaten da berez dagokion zerbait -berari edo bere generoari- falta baldin badu; adibidez, gizaki itsuak eta satorrak modu desberdinez dute ikusmen-eza: lehenengoak berezkoa du eta bigarrenak, berriz, generoz.
Honez gain, berez dagokion zerbait falta baldin badu <esaten da "eza">, berez eduki behar duenean; izan ere, itsutasuna nolabaiteko eza bat da, baina bat ez da itsua izaten adin guztietan, baizik eta berez behar duen adinean ikusmena falta badu. 30) Berdin bere baitan, eta den-aren arabera, eta berari dagokionez eta dagokion moduaz berez eduki behar duenari, honek ez baldin badu, "eza" esaten zaio. Eta zenbat a-aurrizkiaren bideko ukapen, hainbat modu "eza" esateko; horrela, bada, zerbait "desberdin" -a[nison- dela esaten da berez dagokion "berdintasuna" ez edukitzeagatik; "ikustezina" -ajovraton- inolako kolorerik ez edukitzeagatik, 35) edo ez behar bezala, eta "oingabe" -a[poun- inolako oinik ez edukitzeagatik, edo ez behar bezala.Gainera, zerbait txikia izateagatik ere bai; adibidez, "hezurrik 1023a) gabea" -a[puvrhnon- hau, nolabait, behar ez bezala edukitzea da-eta. Gainera, zerbait erraz egiteagatik, edo ongi ez egiteagatik ere bai; adibidez, zerbait "zatiezina" -a[tmhton- da, zatitu ez ezik erraz edo ongi zatitzerik ere ez dagoenean.
Honez gain, erabateko falta edukitzeagatik; izan ere, ez zaio "itsu" 5) esaten begi bakar batez ikusten duenari, bietan ikusmena falta duenari baizik. Horregatik dena ez da ona ala txarra, zuzena ala zuzengabea; bitartekoak ere badira-eta izan.
XXIII
[aldatu]"Edukitzea" zentzu askotan esaten da; zentzu batean, norberaren naturaren arabera edo norberaren joeraren arabera eramatea da; horregatik 10) esaten da sukarrak daukala gizakia, tiranoek hiriak eta jantzita daudenek soinean daramatzaten jantziak.
Beste zentzu batean, zerbaitetan ematen den jasotzeko gai den horretaz esaten da "edukitzea"; adibidez, brontzeak giza irudiaren forma dauka eta gorputzak gaixotasuna. Beste zentzu batean, edukiak bere baitan dituena bezala <esaten da "edukitzea">. Izan ere, edukiak bere baitan dituenak horiek dauzkala esaten 15) da; adibidez, pitxerrak edaria daukala esaten dugu, hiriak gizakiak dauzkala eta itsasuntziak, itsasgizonak; era berean, osoa denak zatiak dauzkala ere esaten dugu.
Honez gain, berezko duen joeraren arabera zerbaiti mugitzeko edo ekiteko eragozten dionak ere horixe daukala esaten da; adibidez, zutabeek beren gaineko pisuak dauzkate eta, modu berean, 20) olerkariek Atlasi ortzia "edukiarazten" diote, bestela hau lur gainera eroriko litzateke, fisiologo batzuek baieztatzen duten bezala. Eta zentzu honetan ere gauzak elkar-lotzen dituenak loturiko gauza horiek dauzkala esaten da, berezko joeraren arabera haiek bananduko bailirateke-eta.
Eta "zerbaitetan egon" ere, bestalde, "edukitzea"ren antzeko eta egokitzen diren zentzuetan esaten da.
XXIV
[aldatu]25) "Abiapuntua" esaten zaio, zentzu batean, materia den aldetik zerbaiten abiapuntua denari, eta hau bi zentzutan: edo genero lehenaren arabera, edo forma azkenaren arabera; adibidez, abiapuntua esaten da urtu egiten diren gauza guztiek ura duten aldetik, baita giza irudiak brontzea duen aldetik ere. Beste zentzu batean, "abiapuntua" esaten zaio mugimendua sortu zuen printzipio lehenari (adibidez: nondik sortua da 30) liskarra? Irain batetik, hau izan baitzen liskarraren hasiera). Beste zentzu batean, materiaz eta formaz osatutakoaz esaten da abiapuntua, zatiak osoa denaren baitatik sortzen diren aldetik, bertsoa Iliadatik eta harriak etxetik. Horrela, bada, forma da xedea, eta xedea duena burutua da.
35) Beste zentzu batean, forma zati batetik sortua den aldetik esaten da "abiapuntua"; adibidez, "gizakia" "hankabiko"tik dator eta silaba osagaitik, baina ez giza irudia brontzetik datorren moduan; osatutako 1023b) substantzia sentimenezko materiatik baitator, baina forma, formaren materiatik. Horrela, bada, gauza hauek zentzu hauetan esaten dira "abiapuntua", eta beste batzuk, berriz, zatiren baten arabera hauetako moduren bat ematen baldin bada; adibidez, semea aitaren eta amarengandik 5) dator, eta landarea lurretik, gauza hauetako zatiren batetik datoz-eta.
Beste zentzu batean, "abiapuntua" duela esaten zaio denboran zehar ondoren ematen denari; adibidez, gaua egunetik dator eta ekaitza eguraldi onetik, lehenengoak besteen ondotik ematen direlako. Eta hauetatik, batzuk izendatzen dira "abiapuntu" elkarrenganako bilakaera suertatzen delako, arestian aipatutakoetan bezala, eta beste batzuk denboraren arabera 10) jarraian emateagatik bakarrik; adibidez, ekinoziotik dator nabigazioa, ekinozioren ondoren sortu baitzen, eta Dionisiarretik Tageliarrak, Dionisiarren ondotik sortu baitziren.
XXV
[aldatu]"Zati" esaten zaio, zentzu batean, kantitatea -nola edo hala- zatitu ondoren sor litekeen horri (beti esaten baita kantitateari kendutakoa, kantitatea den aldetik, haren zatia dela; adibidez, bi hiruren zatia dela esaten 15) da, nolabait).
Baina beste zentzu batean, zatiak izendatzen dira neurritzat hartzen direnak bakarrik; horregatik esaten da bi hiruren zatia dela zentzu batean, baina beste zentzu batean, ez. Gainera forma -kantitatea kontuan izan gabe- zatitu ondoren sor litezkeen horiek ere izendatzen dira "zatiak". Horregatik esaten da espezieak generoaren zatiak direla.
Hauez gain, osoa zatitu edo osa dezaketen horiek ere dira zatiak, 20) osoa forma edo forma duena izanik; adibidez, brontzea (hau da, materia non forma ematen den), nahiz angelua dira brontzezko esferaren edo brontzezko kuboaren zatiak. Gainera, gauza bakoitza azaltzeko definizioa osatzen dutenak ere osoaren zatiak dira eta horregatik esaten da generoa ere espeziearen zatia dela, baina ez espeziea generoaren zatia dela esaten den 25) zentzuan.
XXVI
[aldatu]"Osoa" esaten zaio naturaz osoa dela izendatuta izateko inolako zatirik falta ez duenari eta edukiak nolabaiteko "bat" osatuz bere baitan dituenari ere bai, hau bi zentzutan izan daitekeelarik: edo banan-banan hartuta "bat" da gauza bakoitza, edo beraiek osatzen dute "bata". Horrela, bada, unibertsala -orokorrean nolabaiteko "oso bat" bezala predikatzen 30) dena- unibertsala da bere baitan gauza asko dituelarik haietako bakoitzaz predikatzen delako eta haietako bakoitza gauza bat delako; adibidez, "gizakia", "zaldia", "jainkoa", denak bizidunak direlako. Bestalde, "jarraia" eta "mugatua" zerbait osoa da zatiz osatutako unitate bat baldin bada, eta bereziki, zatiak potentzian ematen badira, edo bestela, egintzan. Eta honelako gauzetatik, naturaz direnak neurri handiagoz dira "osoak" artez 35) egindakoak baino, batasunari buruz esaten genuen bezalaxe32, osotasuna nolabaiteko batasuna da-eta. 1024a) Gainera, kantitateak hasiera, erdia eta muturra dituelarik, "dena" esaten da posizioak bereizketarik sortzen ez duen neurrian, eta "osoa", bereizketa sortzen badu. Eta biak ala biak suerta daitezkeenean, "osoa" nahiz "dena" esaten da. Eta honelakoak dira zatien posizioa aldatuta ere natura bera izaten jarraitzen duten horiek, baina konfigurazioa, ez; 5) adibidez, argizaria eta soineko bat, hauetaz "osoa" nahiz "dena" esaten baita, biek ala biek izatea dute-eta. Era berean, uraz, likidoez eta zenbakiaz "dena" esaten da, eta ez "zenbaki osoa" eta "ur osoa", esanahia zabalduz ez bada, behintzat. Eta "gauza guztiak" "dena bat den aldetik" esaten den gauzez esaten da; eta hauei buruz "denak" esaten da zatiturik bezala hartzen 10) direnean: "zenbaki hau guztia", "monada hauek guztiak".
XXVII
[aldatu]"Murriztua" esaten zaio kantitate duten gauzetatik ez edozeri, baizik eta zatigarri izan behar duen zerbaiti, osoa delarik. Izan ere, bi zenbakia ez da "murriztua" geratzen unitate bat kenduta (moztutakoa eta geratzen dena ez baitira inolaz ere berdin). Orokorrean, ez dago zenbaki 15) murrizturik, substantzia geratzea beharrezkoa baita. Pitxer batek "murriztua" izateko pitxerra behar du izan, baina zenbakia ez da, inolaz ere, bera izaten.
Hauez gain, zati desberdinez osatuak badira ere, gauza hauek guztiak ere ez dira "murriztuak" (izan ere, zenbakia honelakoa da, nolabait, zati desberdinak ditu-eta; adibidez, bia eta hirua); aitzitik, zatien posizioak inongo bereizketa sortzen ez duten gauzez ezin "murriztua" esan, adibidez ura edo sua; "murriztua" izateko beharrezkoa zaie substantziaren araberako 20) posizioa edukitzea. Gainera, jarraiak behar dute. Izan ere, harmonia zati desberdinek osatzen dute, hauek posizioa dutelarik eta, hala ere, ez da murriztua geratzen. Hauez gain, "osoa" diren gauza horiek ere ez dira murriztuak zatiren bat -edozein- falta badute; beharrezkoa da zati horiek ez izatea ez substantziaren gorena, ezta edonon dagoen zerbait ere; adibidez, 25) pitxer batek jarioa baldin badu ez da "murriztua", kirtena edo muturren bat falta ez badu; eta gizakiari ez zaio "murriztua" esaten haragia edo barea falta badu, baizik eta muturren bat falta badu, eta ez edozein, osoa kendu ondoren berriz sortzen ez diren horietakoa baizik. Horregatik ez zaie burusoilei "murriztuak" esaten.
XXVIII
[aldatu]"Genero" esaten zaio, alde batetik, espezie bereko izakien 30) genesiari, hau jarraia baldin bada; adibidez, "gizakien generoa den bitartean" esaten da, hots, "gizakien genesia jarraia den bitartean".
Beste alde batetik, "genero" esaten zaio abiapuntu eta izateko mugimendu lehena den horri; horrela, batzuk generoz izendatzen dira heleniarrak eta beste batzuk, joniarrak, lehenengoek Heleno eta bigarrenek Ion dutelako sortzaile lehena. Eta neurri handiagoz sortzaileengandik jaso dutenak 35) materiatik jaso dutenak baino (generoa emearengandik jasotzen dutenak ere baitira; adibidez, Pirrarengandikakoak).
1024b) Gainera, generoa ere bada azalera azaleko irudien generoa den bezala eta solidoa, solidoena, irudiotako bakoitza edo honako azalera edo harako solidoa baita. Eta hauxe da bereizketen azpigaia.
Honez gain, definizioetan, generoa da ematen den lehena, 5) zerkiaren baitan esaten dena, alegia; horixe da generoa, zeinaren bereizketak koalitateak direla esaten den.
Generoa, hain zuzen ere, zentzu hauetan guztietan esaten da: espezie bereko genesia jarraiaren arabera, espezie berdinaren mugiarazle lehenaren arabera eta materia den aldetik; izan ere, hori, zeinari bereizketa eta koalitatea dagozkion, horixe da azpigaia, materia deitzen duguna.
10) Heterogeneoak izendatzen dira azpigai lehena beste bat dutenak, eta elkarrengan burutzen ez direnak, ezta biak berberaren baitan ere; adibidez, espeziea eta materia heterogeneoak dira, baita "den-a"ren predikazioaren irudi desberdinen arabera esaten diren horiek ere (batzuek zerkia adierazten baitute, beste batzuek, koalitateren bat eta beste batzuek aurrean azaldu den bezala33), predikatu hauek ez baitira buru- tzen ez elkarrengan, ezta bat den zerbaitetan ere.
XXIX
[aldatu]"Faltsua" esaten da, zentzu batean, gauza bat faltsua dela esaten den bezala, edo bat ez etortzeagatik edo bat etortzea ezinezkoa izateagatik 20) ( "diagonala neurgarria da" edo "zu eserita zaude" esaten den bezala; izan ere, hauek faltsuak dira, bata beti eta bestea batzuetan, zentzu honetan "ez diren gauzak" baitira); baina beste zentzu batean faltsuak dira diren gauzak izanik, berez azaltzen direnak edo ez diren bezala, edo ez direna (adibidez, irudikazioa eta ametsak; hauek izan, badira zerbait, baina ez fantasia sortzen duen hori). 25) Horrela, bada, gauzak faltsuak direla esaten da, edo beraiek ez izateagatik, edo sortzen duten fantasia ez den zerbait izateagatik.
Bestalde, faltsua da -faltsua den aldetik- ez diren gauzen definizioa; horregatik da faltsua egiazkoari ez dagokion definizio oro; adibidez, zirkuluaren definizioa faltsua da triangeluari dagokionez. Eta definizio bakoitza, zentzu batean, bat da, esentzia definitzen duena, alegia, baina beste zentzu batean asko dira, nolabait gauza bera eta gauza bera gehi 30) atributuren bat gauza bera baita; adibidez, "Sokrates" eta "Sokrates musikaria" (definizio faltsua ez baita inondik inora ezeren definizioa). Horregatik ganoragabeki uste izan zuen Antistenesek ezin dela ezer adierazi bere berezko definizioaz ez bada, definizio bat gauza bakoitzeko. Eta hortik ateratzen da kontraesanik ezin izatea, ezta ia huts egiterik ere. Hala ere, badago gauza bakoitzaren definizioa ematea, bere berezko definizioaz 35) ezezik beste zerbaitenaz ere; eta hau erabateko faltsukeriaz egin daiteke, baina baita egiazko moduaz ere; adibidez, diadaren definizioaren bidez 1025a) zortzia bikoitza dela esaten dugunean.
Horrela, bada, gauza hauek zentzu honetan direla faltsuak esaten da. Baina gizakia faltsua dela esaten da honelako definizio faltsuez axolagabe eta nahita baliatzen denean, ez beste zerbaitengatik, faltsuak izateagatik baizik; eta besteengan honelako definizioak eragiten dituenean, 5) fantasia faltsua eragiten duten gauzak ere faltsuak izendatzen ditugun bezala. Horregatik da gezurra Hipiasen esandakoa34, hots, pertsona bera faltsua eta egiazkoa dela; faltsukerien bidez engaina dezakeena faltsutzat hartzen baita (eta honelako pertsona bat dakiena baino ez da, hots, zuhurra dena); gainera, hobea da nahita okerra dena35. Baina faltsukeria hau 10) indukzioz lortzen du Hipiasek -herrenka nahita dabilena nahigabe dabilena baino hobea baita-, "herrenka ibiltzea" "herrenarena egitea" bailitzan,nahita balitz herrena okerragoa izango bailitzateke, ohiturekin gertatzen den bezalaxe.
XXX
[aldatu]"Akzidentea" zerbaitetan ematen den horri esaten zaio, eta bere 5) adierazpena egiazkoa da, baina ez nahitaez, ezta gehienetan ere; adibidez, baten batek landare batentzako zuloa egitean altxorra aurkitzen badu. Altxor bat aurkitzea, hain zuzen ere, akzidentea da landarearentzako zuloa egiten duenarentzat, hau ez baita nahitaezko ondorioa edo jarraipena, ezta landatzen duenak gehienetan altxor bat aurkitzea ere.
20) Eta baliteke musikari bat zuria izatea, baina hau, ez nahitaez, ez gehienetan, gertatzen ez denez, "akzidente" izendatzen dugu. Beraz, zerbaitean ematen den zerbait dagoenez, eta batzuk honelako lekuan eta momentuetan ematen direnez, akzidentea zerbaitean ematen den edozer izango da, baina ez honako hau, holako momentua edo halako lekua izateagatik.
25) Gauzak horrela, ez dago akzidentearen kausa zehatzik, zoria izan ezik, eta hau zehaztugabea da. Baten batentzat akzidentala izen zen Eginara iristea, hara heltzeko intentzioa izan ezean ekaitza batek desbideratu edo piratek preso harturik heldu bazen. Akzidentea, beraz, gertatu ala izan daiteke, baina ez bera den aldetik, beste bat den aldetik baizik: ekaitza izan baitzen ez zihoan leku batera -Eginara- iristearen kausa.
30) Beste zentzu batean ere esaten da akzidentea; esaterako, substantziaren baitakoak izan gabe gauza bakoitzari berez dagozkion horiek, adibidez, triangeluan bi angelu zuzen izatea. Eta honelako akzidenteak betierekoak izan daitezke, baina bestelako akzidenteetatik, bat bera ere ez. Hala ere, honen azalpena beste leku batean <dago>.