Oharra: Txirritaren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, duela 80 urte baino gehiago hil zelako (1936an). Hemengo bertsoak Bertso jarri guztiak liburutik hartutakoak dira, jabetza publikoko Klasikoen gordailua bilduman dagoena.
1
"Oraiñ artian ni izandu naiz,
aitona, zure nagusi,
errenta txintxo pagatu dezu
zere kapoi eta guzi;
zu baño gizon umillaguak
ez ditut asko ikusi;
oraiñ etxea saltzera guaz,
nai bazenduke erosi.
2
Larogei duro zuben errenta
etxiak oraiñ artian,
zedorrek ala pagatu dezu
berrogei ta amar urtian;
lenguan bertan gelditutzia
ezta neretzat kaltian,
bost milla duro baliyo ditu
ia konpondu gaitian».
3
«Zer familia izandu degun,
jauna, nai al du aditu?
Amabi aurren aita naiz ni ta
semiak amar baditu;
lan egiteko iñor gutxi ta
mayian eziñ kabitu,
baneukake non enpleatua
bost milla duro banitu».
4
Au aditu ta beste aldera
bueltatu zan nagusiya,
esanaz: «Nik zer kulpa dadukat
zuk ume asko aziya?
Ez dezu asko ixtimatzen nik
egin dizuten graziya;
zuek artu nai ez badezute
bada zeñek erosiya».
5
«Eskerrik asko, nagusi jauna,
pakian biagu bizi,
baña izketan bukatu arte
ez bedi juan igesi;
klaro dabillen gizonak eztu
arrazoi txarrik merezi;
nai dubenari saldu bezaio,
guk ezkentzake erosi.
6
Aziendaz ta lan-erremintaz
bagenedukan indarra,
aiekiñ ere ez degu orain
oso alderdi ederra:
zazpi baliyo luteken gauzak
bostian eman biarra;
au pentsatzian etortzen zaigu
begietara negarra.
7
Amabi lagun mayian bueltan
juntatzen gera jateko,
geienaz ere aietatik bost
irabazira juateko;
pazientziya artuko banu
anbat ez nuke kalteko,
Jaungoikuari eska zaiogun
osasuna emateko.
8
Prezisamente martxatu biau
baserrira edo kalera,
norbaiti egin biarko zaio
bizi-lekuen galdera,
esplikatuaz nola izan dan
fameliyaren galera;
gure Jainkuak nai duen arte
nonbait mantenduko al gera!».