Edukira joan

Neska zar bat tentatzen

Wikitekatik

Oharra: Txirritaren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, Jose Manuel Lujanbio duela 80 urte baino gehiago hil zelako (1936an). Hemengo bertsoak Bertso jarri guztiak liburutik hartutakoak dira, jabetza publikoko Klasikoen gordailua bilduman dagoena.

Neska zar bat tentatzen
Txirrita

Bertso berriyak neskazar bat tentatzen Txirritak jarriyak


1
Dozena bat bertso
nai nituzke jarri
jaietan kantatzeko
entretenigarri;
nere publikatzia
izango da sarri,
alabantzak emanaz
zenbait neskazarri.

2
Neskazar bat tentatzen
asi naiz lenguan,
izan ere alako
polita zeguan;
umill eta seriyo
itz egin genduan,
baño gusto guziyak
ez dira munduan.

3
Izketan asi giñan
biyak gozo-gozo,
ezkontzeko mandatu
egin diyot atzo;
leiotikan ujuka
ama ta bi atso:
«Ez dek arrapatuko
uste bezin mantso!».

4
Ama preparatu zait
asarrez betia,
lenbiziko ujuba:
«Zenbat dek dotia?
Ainbeste kostatako
alaba maitia,
lastima izango dek
iri ematia!».

5
«Zere familiyari
errespetoz eldu,
inozente daudenak
ez ditezen galdu;
diru-truka alaba
nai zenduke saldu,
lenago erostunik
ez al zaio azaldu?»

6
Nere jakinduriya
ari da atzentzen
errez dala uste du
zenbaitek ezkontzen;
promesa on bat eginda
ezpazera ontzen,
lanak izango dira
zurekin konpontzen!.

7
«Ez dezu sinistu nai
egiya esanda're:
zintzua nai genduke
pobria izanda're;
gure baztarrak baño
obiak nun dare,
alabari sasoia
pixka bat juanda're?».

8
«Bere alabarentzat
orrenbeste fama!
Nik ez det sinistatzen,
aiziak darama;
zuen baztarrian nik
egitia lana
izan liteke, baña
ez det uste, ama!».

9
«Ez al dala uste dek
orren errespuestik?
Atarramentu onik
mutill zarrak eztik!
Nere alabak ez dauka
ezkontzeko kezkik,
ez bezelakuak
nai-ez-ta zekazkik!».

10
«Itz bat esan biar det
nere borondatez,
ez banau iñork lotzen
grilluz edo katez:
ezkontzeko ideak
banituan ustez,
ardua maitatzen det
andriaren partez».

11
«Mutil malizioso
deabruz betia,
ez dizut zabalduko
geiago atia;
beñe etzaitut izandu
biotzez maitia,
nigandik libre zera,
or konpon zaitia!».

12
Orra amabi bertso
oraingo berriyak
bere andregaiari
Txirritak jarriyak;
eman dizkit desgusto
ikaragarriyak,
negar egin lezake
nigatik arriyak!