Bosgarren liburua
I
[aldatu](1129a) Zuzentasunari eta zuzengabekeriari buruz, ikertu behar dugu zer nolako ekintzei dagozkien, eta zuzentasuna zer nolako erdikotasuna den, (5) eta zuzena dena zein muturren arteko erdiko terminoa den; eta gure ikerketa aurreko eztabaidetan jarraituriko metodo berberaren araberakoa izango da.
Hain zuzen ere, denon iritziz zuzentasuna aztura jakin bat dela ikusten dugu; aztura horretatik abiatuta, gizakiek zuzena dena egiten dute, eta hari esker zuzena denari ekiten diote eta zuzena dena nahi dute; eta, era berean, (10) zuzengabekeriari ere dagokionez, horretatik abiatuta zuzengabea denari ekiten diote eta zuzengabea dena nahi dute. Horregatik, lehen-lehenik, onar ditzagun guk ere azalpen hauek laburpen gisa; zientziekin eta ahalmenekin, eta azturekin, hain zuzen ere, ez da gauza bera gertatzen; izan ere, badirudi ahalmena eta zientzia gauza bera direla kontrakoekiko; baina kontrako aztura bat, berriz, ez da bere kontrakoen kontrakoa; (15) adibidez, osasunetik abiatuz ez da kontrakoa egiten, osasungarria dena baizik, besterik ez; izan ere, era osasungarrian ibiltzen garela esaten dugu osasun onekoa den baten moduan ibiltzen garenean.
Horrela, bada, askotan, aztura bat bere kontrakoaren bidez ezagutzen da, eta beste askotan, haiek gertatzen diren azpiko gauzen bidez ere ezagutzen dira azturak: izan ere, aztura ona nabaria baldin bada, (20) aztura txarra ere nabaria egiten da; eta egoera onean dauden azpiko gauzen bidez aztura ona nabaria egiten da, eta aztura onaren bidez, egoera onean dauden azpiko gauzak. Horrela, bada, egoera ona haragiaren sendotasuna bada, egoera txarra ere haragiaren biguntasuna izango da nahitaez, eta egoera hobetzen duena, haragiaren sendotasuna egiten duena izango da. Sarritan ondorioztatzen da honakoa: bietako bat zentzu askotan esaten bada, (25) bestea ere esaten da zentzu askotan; adibidez, zuzena dena zentzu askotan esaten bada, zuzengabea dena ere bai. Hala ere, badirudi zuzentasuna eta zuzengabekeria zentzu askotan esaten direla, baina, zentzu horien artean hurbiltasun handia izateagatik, euren izenkidetasuna oharkabe gelditzen da, zentzuak urrunak diren kasuetan ez bezala, izenkidetasuna nabari samarra da eta (formaren araberako desberditasuna handia baita); adibidez, (30) izenkidetasunez giltza bai animalien lepoko klabikulari bai ateak ixten dituenari esaten diegunean.
Beraz, azter dezagun gizaki zuzengabea, zuzengabe esan daitekeen zentzu guztietan. Izan ere, badirudi gizaki zuzengabea legez kontrakoa dela, eta gutiziatsua eta ezberdinkoia dena ere bai; horrenbestez, agerian dago gizaki zuzena legea betetzen duena eta berdinkoia izango dela. Hortaz, zuzentasuna legezkoa dena eta berdinkoia dena izango da, eta (1129b) zuzengabekeria, legez kontrakoa dena eta ezberdinkoia dena. Gizaki zuzengabea gutiziatsua ere denez, ongiekin zerikusia izango du, ez guztiekin, arrakastari eta porrotari dagozkien ongi horiekin baizik; zentzu absolutuan, azken hauek beti dira ongiak, baina gizakiren batentzat ez beti. Gizakiek jainkoei gauza horiek eskatu egiten dizkiete eta haien atzetik joaten dira, (5) hori egin behar ez badute ere; aitzitik, zentzu absolutuan ongiak direnak haientzat ere ongiak izan daitezela eskatu behar diete jainkoei, eta haientzat ongiak direnak aukeratu. Hala ere, gizaki zuzengabeak ez du beti handiagoa dena aukeratzen, txikiagoa dena baizik, zentzu absolutuan diren gaizkien kasuetan bezala; baina gaizki txikiagoa ere, nolabait, ongi bat omen denez, eta gutizia ongiari dagokionezkoa denez, arrazoi horrengatik (10) badirudi gutiziatsua dela. Eta ezberdinkoia da, horrek gutiziatsua dena, eta zuzengabea dena, bere barruan izaten baitu, eta baterakoa dute biek.
Legez kontrakoa zuzengabea zenez eta legea betetzen zuena, berriz, zuzena, agerikoa da legezko guztia zuzena dela, nolabait, legeriak ezarritakoa legezkoa baita, eta horietako xedapen bakoitza zuzena dela esaten dugu. Baina legeak gai guztiei buruzkoak izaten dira, (15) guztientzat, onenentzat edo agintarientzat baterako onura dena kontuan hartuz, edo, bertutearen arabera, horrelako beste zerbait; beraz, zentzu batean, elkarte politikoan zoriona edo horren osagaiak sortzen eta babesten dituzten gauzei zuzenak esaten diegu. Legeak, gizaki kementsuaren (20) berezko ekintzak egitea ere agintzen du; adibidez, formazioa ez uztea, ihes ez egitea, ezta armak botatzea ere; eta gizaki neurrizkoaren berezkoa dena; adibidez, adulterioa ez egitea, ezta ozartu ere; eta gizaki baketsuaren berezkoa dena; adibidez, ez jotzea, ezta edozein gizakiz txarto berba egitea ere; eta berdin baita gainerako bertuteei eta zitalkeriei dagokienez ere, haiek aginduz eta horiek debekatuz, zuzen, (25) legea zuzenki ezarrita badago, eta, okerrago, legea erdizka ezarrita badago.
Horrela, bada, zuzentasun hori bertute betea da, baina ez erabateko zentzuan, beste gizaki bati dagokionez baizik. Eta horregatik dirudi sarritan zuzentasunak bertuterik bikainena, eta ez arratsaldeko izarra ez goizeko izarra ez dira hain miresgarri; [1] edo, atsotitsaz esaten dugunez, zuzentasunaren baitan bertute guztiak kausitzen dira batera.[2] Eta bertute guztiz betea da, (30) bertute betearen baliatzea baita; eta betea da, hura duena bere buruarekiko ez ezik, besteekiko ere balia daitekeelako bertuteaz; izan ere, badira asko haien aferetan bertuteaz balia daitezkeenak, baina ezin beste batekiko. Eta horregatik dirudi zuzena Biasen esaerak: botereak jarriko du agerian gizona;[3] izan ere, agintaria besteekiko eta gizartean dago. Arrazoi horrengatik berarengatik omen da zuzentasuna bertuteetan besteekiko ongia den bertute bakarra, besteekikoa izaten delako: (1130a) beste batentzako baliagarria dena egiten baitu, agintaria nahiz kidea izan. Beraz, gizakirik gaiztoena (5) bere buruaren aurka eta bere adiskideen aurkako zitalkeriaz baliatzen dena da; eta gizakirik onena, ez bere buruarekiko bertuteaz baliatzen dena, beste batekiko baizik, hori egitea nekeza baita. Beraz, zuzentasun hau ez da bertutearen zati bat, bertute osoa baizik; eta aurkako zuzengabekeria ez da gaiztakeriaren zati bat, gaiztakeria osoa baizik. Beraz, esandakoaren arabera, agerikoa da (10) bertutearen eta zuzentasun horren arteko desberdintasuna zein den: gauza bera baitira, haien esentzia gauza bera ez bada ere; aitzitik, beste batekikoa den neurrian, zuzentasuna da, eta, erabateko zentzu batean, horrelako aztura den neurrian, bertutea.
II
[aldatu]Egia esan, bertutearen zati den zuzentasuna bilatzen ari gara, horrelako zuzentasuna baitago, esan dugun bezala; eta, era berean, gaiztakeriaren zati den (15) zuzengabekeria. Horren adierazle dugu hauxe: gainerako zitalkerien arabera jokatzen duen gizakia zuzengabea da, baina ez du ezer gutiziatzen. Adibidez, koldarkeriaren kausaz ezkutua botatzen duena, edo bere aztura mukerraren kausaz gaizki hitz egiten duena, edo zikoizkeriaren kausaz diruz laguntzen ez duena. baina gutiziatzen duenean, askotan ez du jokatzen horietako bizio batek bultzaturik, (20) ezta bizio guztiek bultzaturik ere, nolabaiteko bihozgaiztakeriak (gaitzesten baitugu) eta zuzengabekeriak bultzaturik baizik. Badago, orduan, zuzengabekeria jakin bat zuzengabekeria osoaren zati bat dena, eta zuzengabea izateko modu jakin bat –legearen aurka jokatzea, alegia– guztiz zuzengabea izatearen zati bat dena. Gainera, gizaki batek etekinak lortzeagatik adulterioa egiten badu, eta, hortaz, (25) dirua lortzen badu, eta beste gizaki batek, berriz, desiragatik dirua ordaindu eta zigorra hartzen badu, azken hori neurrigabea izango omen da, ez gutiziatsua, eta hura, zuzengabea, baina ez neurrigabea; agerian dago, beraz, etekinak lortzeagatik egiten duela. Gainera, egite zuzengabe guztiek zitalkeria jakin batera eramaten dute beti; adibidez, baten batek adulterio egiten badu, (30) neurrigabekeriara; armakidea uzten badu, koldarkeriara; norbait jipoitzen badu, sumindurara; baina etekinak lortzen baditu, ez zaizkio zitalkeria jakin bati egokitzen, zuzengabekeriari baizik. Horrenbestez, begi-bistakoa da zuzengabekeria osoaz gain beste alde bateko zuzengabekeria bat dagoela, sinonimoak direnen definizioa genero berean (1130b) sartzen baita; bataren eta bestearen ahalmena, hain zuzen ere, beste batekikoa dute; baina bata ohoreari, ondasunei edo salbazioari buruzkoa da, edo horiek guztiak biltzen dituen bati buruzkoa –azken hori izen bakar batekin izendatu ahal izango bagenu–, asmoa etekinek sortzen duten atsegina izanik; bestea, berriz, gizaki bertutetsuari eragiten dion horri guztiari buruzkoa (5) da.
Horrela, bada, agerikoa da zuzentasun asko dagoela, eta bertute osoaren ondoan, beste bertute desberdin bat ere badagoela. Aurkitu behar dugu zein den eta nolakoa den.
Zuzengabea dena, legez kontrakoa eta ezberdinkoia dena, eta zuzena dena, legezkoa eta berdinkoia dena, bereizi egin ditugu. (10) Baina, horrela, bada, lehenik aipaturiko zuzengabekeria legez kontrakoa denaren araberakoa da; eta ezberdinkoia dena eta legez kontrakoa dena gauza bera ez direnez, desberdinak baizik, osoari dagokionez zati den bezala (ezberdinkoia den guztia legez kontrakoa baita, baina legez kontrakoa den guztia ez da ezberdinkoia), zuzengabea dena eta zuzengabekeria ere ez dira gauza bera bi zentzuetan, desberdinak baizik, hots, haiek zatiak eta horiek osoak diren aldetik; zuzengabekeria hau zuzengabekeria osoaren zati baita, eta, berdin, zuzentasuna ere zuzentasun osoarena. (15) Horren ondorioz, alde bateko zuzentasunaz ere mintzatu behar da, eta, era berean, zuzena eta zuzengabea den horretaz.
Horrela, bada, utz ditzagun bertute osoaren arabera ezarritako zuzentasuna eta zuzengabekeria, bata besteekiko bertute osoaren erabilpena eta bestea gaiztakeriarena direnak. (20) Eta agerian dago horien araberako zuzena eta zuzengabea dena ere nola zehaztu behar den; izan ere, lege gehienak bertute osoak agindutakoak dira, legeak bertute ororen arabera bizi izateko agintzen baitu eta zitalkeria ororen arabera bizi izatea debekatzen du. Eta legezko xedapenetan, bertute osoa lortzeko gai dira (25) elkarbizitzaren heziketari buruz ezarritako legezko xedapen horiek. Gizabanakoaren heziketari buruz –zentzu absolutuan gizona ona egiten duena–, aurrerago zehaztu behar da politikari ala beste zientzia bati dagokion, agian ez baita gauza bera gizon ona izatea eta hiritar ona izatea edozein egoeratan.
(30) Alde bateko zuzentasunaren eta honen araberako zuzena denaren espezie bat da estatu batean parte hartzen dutenen artean ohoreen, ondasunen edo banatu daitezkeen gainerako gauza guztien banaketaren zuzentasuna (banaketa hauetan, hain zuzen ere, hiritar batek beste baten zati berdina izan dezake ala ez); (1131a) eta beste espezie bat da gizakien arteko itunak zuzentzen dituena. Azken horrek bi zati ditu, direlako itunetan batzuk borondatezkoak baitira, eta beste batzuk, nahi gabekoak. Borondatezkoak dira, adibidez, salmenta, erosketa, mailegua, bermea, gozamena, gordailua, alokairua eta horrelakoak (borondatezkoak deitzen dira, (5) itun horien printzipioa borondatezkoa baita); eta nahi gabekoetan, batzuk isilpekoak dira, adibidez, ebasketa, adulterioa, pozoidura, prostituzioa, esklaboen ustelkeria, hilketa, testigantza faltsua, eta beste batzuk, bortitzak, adibidez, erasoa, kartzelaratzea, gizahilketa, arpilatzea, lapurreta, elbarritzea, gaitzesana eta laidoa.
III
[aldatu](10) Gizaki zuzengabea ezberdinkoia eta zuzengabea dena ezberdinkoia direnez, agerian dago ezberdinkoia denaren erdiko termino bat ere badagoela, eta hori berdinkoia dena da, gehiena eta gutxiena gertatzen den edozein ekintzatan berdinkoia dena ere gertatzen baita. Beraz, zuzengabea dena ezberdinkoia bada, zuzena dena berdinkoia izango da; eta hori, argudiorik gabe ere, denek onartzen dute. Berdinkoia dena erdiko termino bat denez, zuzena dena ere izango da erdiko termino bat (15). Bestalde, berdinkoia dena bi gauzatan bederen datza. Horrela, bada, zuzena dena erdiko terminoa eta berdinkoia izan beharko da, zerbaiterako eta norbaitentzat; eta erdiko terminoa den neurrian, mutur batzuena izango da (gehienarena eta gutxienarena, alegia); berdinkoia den neurrian, bi gauzentzat, eta zuzena den neurrian, gizaki batzuentzat. Orduan, zuzena denak lau gauza bederen eskatzen ditu nahitaez: zuzena dena jasotzen dutenak bi bederen (20) baitira, eta zuzena dena ematen den gauzetan, beste bi. Eta berdinkoitasuna berdina izango da gizakiengan eta gauzetan, horien arteko erlazioa bera izango baita haien artean; izan ere, berdinak ez badira, ez dute zati berdinik izango; bestela, kasu horretan, liskarrak eta salaketak sortzen dira, berdinak direnek zati desberdinak izaten edo jasotzen dituztenean, edo berdinak ez direnek zati berdinak izaten edo jasotzen dituztenean. Gainera, hori agerikoa da (25) merezimenduengatik; izan ere, denek hartzen dute aintzakotzat banaketetan zuzena denak merezimenduen araberakoa izan behar duela; hala ere, merezimendua ez da gauza bera denen ustez; aitzitik, demokraten ustez, askatasuna da; oligarkikoen ustez, aberastasuna; beste batzuen ustez, jaiotzetiko noblezia; eta, aristokratikoen ustez, bertutea. Beraz, zuzena dena proportzio jakin bat da; (30) proportzioa ez da bakarrik zenbaki abstraktuaren ezaugarri berezia, zenbaki ororena baizik, proportzioa arrazoien berdinkoitasun bat baita, eta lau terminotan bederen. Beraz, argi dago proportzio diskretua lau terminotan dagoela; baina, proportzio jarraia ere bai, hau termino bakar batez bi bailitzan baliatzen baita, eta bi aldiz aipatzen du; adibidez, (1131b) A, B-rentzat bezala, B, D-rentzat izango da. Beraz, B terminoa bi aldiz esaten da; hori dela eta, B terminoa bi aldiz ezartzen bada, lau izango dira termino proportzionalak. Beraz, zuzena dena ere emango da lau terminotan bederen, eta arrazoia berbera da, (5) gizakiekiko eta gauzetarako zatiketa berdin egiten baita. Horren ondorioz, lehen terminoa bigarren terminoarentzat bezala, horrela izango da hirugarren terminoa laugarrenarentzat, eta alderantziz, lehena hirugarrenarentzat bezala, bigarrena laugarrenarentzat izango da; horren ondorioz, osotasuna osotasunarentzat ere bai; eta hori da, hain zuzen ere, banaketak egiten duen parekatzea; eta horrela elkartzen badira, parekatzea zuzena izango da. Beraz, lehenengo eta hirugarren terminoen batzea eta bigarren eta laugarren terminoena, (10) banatze zuzenak dira, eta zuzena den hori erdiko termino bat da, eta zuzengabea dena proportzionala denaren aurkakoa da; izan ere, proportzionala dena erdiko terminoa da, eta, zuzena dena, proportzionala dena. (Matematikariek horrelako proportzioari proportzio geometriko deitzen diote; proportzio geometrikoan, hain zuzen ere, zati bat beste zati batentzakoa den bezalaxe, osotasuna osotasunarentzakoa da. Baina proportzio hori ez da jarraia, gizakiarentzat eta zatiarentzat ez baita zenbaki bakar bat nahikoa (15)); beraz, zuzena dena hori da: proportzionala dena; eta zuzengabea dena, proportzionala denaren kontrakoa. Horrenbestez, termino bat handiagoa izan daiteke, eta bestea, berriz, txikiagoa, gauza praktikoetan ere gertatzen den bezala: izan ere, zuzengabekeriak egiten dituenak ongiaren zati handiagoa du, jasaten duenak, txikiagoa. (20) Gaizkiari dagokionez, kontrakoa gertatzen da, gaizki handiarekiko gaizki txikia ongitzat hartzen baita: izan ere, gaizki txikia handia baino nahigarriagoa da, eta nahigarriagoa dena ongi bat da, eta zenbat eta nahigarriagoa, handiagoa. Beraz, hori da zuzentasunaren forma bat.
IV
[aldatu](25) Geratzen zaigun espeziea zuzentasun zuzentzailea da, gizakien arteko itunetan –bai borondatezkoetan bai nahi gabekoetan– kausitzen dena, alegia. Baina zuzentasun-espezie hori eta aurrekoa desberdinak dira. Izan ere, guztien ondasunen zuzentasun banatzailea esandako proportzioaren araberakoa da beti, ondare publikoen (30) banaketa izanda ere, azken hau jarritako parteek elkarrekiko duten proportzioaren beraren arabera egingo baita; eta zuzentasun horren aurkakoa den zuzengabekeria proportzioaren aurkakoa da. Baina gizakien arteko itunetan zuzena dena nolabaiteko berdinkoitasuna da, eta zuzengabea dena (1132a), aldiz, ezberdinkoitasuna, baina ez proportzio haren arabera, aritmetikoaren arabera baizik. Izan ere, ez du axola zintzo batek gaizto bati huts egin dion edo gaizto batek zintzo bati, ezta adulterioa zintzo batek edo gaizto batek egin zuen; legeak, bere aldetik, kaltearen berezitasuna besterik (5) ez du behatzen eta kontuan hartzen, eta berdin hartzen ditu zuzengabekeria egin duena eta zuzengabekeria jasan duena, eta kaltea egin duena eta kaltea jasan duena. Horrenbestez, epailea, ezberdinkoia den zuzengabekeria hori berdintzen ahalegintzen da; horrela, bada, batek kolpe bat hartu eta beste batek ematen duenean, edo batek hil eta beste bat hiltzen denean, oinazea eta ekintza modu ezberdinkoiez bereizten dira, baina epailea (10) zigorraren bidez berdintzen saiatzen da, etekinetatik kenduz. Izan ere, horrelako kasuetan, zentzu orokorrean, termino hori erabiltzen da, zenbait kasutan egokia ez izan arren: adibidez, etekina kolpea jo duenarentzat, eta kaltea jasan duenarentzat; hala ere, oinazea neurtzen denean, behintzat, batari kaltea deitzen diogu eta besteari etekina. Horrela, bada, berdinkoia dena gehiagoren eta gutxiagoren arteko (15) erdiko terminoa da, eta etekina eta kaltea gehiago eta gutxiago dira kontrako moduan, etekina ongi handiagoa eta gaizki txikiagoa baita, eta kaltea, kontrakoa; horien arteko erdiko terminoa berdinkoia dena zen, zuzena dela esaten duguna, alegia. Hori dela eta, zuzentasun zuzentzailea etekinaren eta kaltearen arteko erdiko terminoa izango da. Horregatik jotzen da epailarengana liskar egiten denean, hain zuzen ere, (20) eta epailarengana jotzea zuzentasunera jotzea da, epaileak zuzentasunaren hezur-mamitzea izan nahi baitu. Eta epailea erdiko termino gisa bilatzen da, eta batzuek epaileei bitartekari deitzen diete, hauengandik erdikoa erdiesten badute, zuzentasuna erdietsiko dutelakoan. Zuzentasuna, beraz, erdiko termino bat da, epailea ere erdiko terminoa baita. Epaileak berrezarri egiten du berdintasuna, zati ezberdinetan zatituriko lerroan, (25) zati handiagoari erditik gainditzen duena kendu eta zati txikiagoari erantsiko balio bezala. Eta osotasuna bi zatitan zatitzen denean, esaten da zati bakoitzak berea duela zati berdina jaso dutenean; eta berdina dena handiagoaren eta txikiagoaren erdiko terminoa da, proportzio aritmetikoaren arabera. (30) Arrazoi horregatik esaten zaio zuzena, bi zati berdineko zatiketa [4] delako, bi zati berdinetan zatitua [5] esango bailitzan, eta, epaileari, bi zati berdinetan zatitzailea[6] . Izan ere, bi zati dituen bi gauza berdin izanik, zati bat gauza bati kendu eta besteari eransten zaionean, bigarrenak bi zatitan gaindituko dio lehenengoari, azken horri kendu baina besteari erantsiko ez balio (1132b), zati bakar batean gaindituko bailioke. Beraz, bigarrenak zati bakar batean gainditzen du erdia, eta erdiak, kenduriko zatia, zati bakar batean gainditzen du. Beraz, zati horren bidez, hain zuzen ere, jakingo dugu gehiago duenari zer kendu behar zaion eta gutxiago duenari zer erantsi behar zaion: izan ere, lehenengo zatiak erdia gainditzen duen zatia gutxiago duenari (5) erantsi behar zaio, eta bigarren zatiari erdira iristeko falta zaiona gehiago duenari kendu behar zaio. Bitez lerro berdinak AA', BB' eta DD'; ken bekio AA' lerroari AF-zatia, eta erants bekio DD' lerroari ED zatia, honen ondorioz EDD' lerro osoak, ED eta DG lerroetan, FA' lerroa gaindituko duelarik; orduan, BB' lerroa ED lerroan gaindituko du. [Hau gainerako arteetara ere zabaltzen da, (10) euren artean deuseztuko bailirateke egileak, moduari eta neurriari dagokienez, egin behar duena egingo ez balu, eta jasaleak, jasango ez balu].
Izen horiek –kalte-ak eta etekin-ak–, borondatezko aldaketetan dute jatorria, lehen edukitzen zena baino gehiago edukitzeari irabaztea esaten baitzaio, eta hasieran edukitzen zena baino gutxiago edukitzeari, galtzea, (15) erosketetan, salmentetan eta legeak baimentzen dituen gainerako guztietan bezala; baina baten batek ez gehiago ez gutxiago eduki ez, eta aberastasun berbera mantentzen duenean, bere ondasunak dituela, eta ez galdu ez irabazi egin ez duela esaten da. Horrela, bada, zuzena dena etekinaren eta kaltearen arteko nolabaiteko erdiko terminoa da nahi gabeko itunetan, bai hasieran bai amaieran (20) berdin edukitzea, alegia.
V
[aldatu]Batzuen ustez elkarrekikotasuna ere bada zuzena, pitagorikoek baieztatzen zuten bezala, pitagorikoentzat zuzentasuna, elkarrekikotasuna baitzen, besterik ez. Baina elkarrekikotasuna ez da egokitzen ez zuzentasun banatzaileari ez zuzentasun zuzentzaileari (25), batzuek Radamantisen zuzentasuna ere zuzentasun zuzentzailea dela uste dutelarik:
Gizakiak egin zuena jasango balu, benetako zuzentasuna legoke;<re>ik. Hesiodo frag. 174 (Rzack).</ref>
Izan ere, askotan ez dira egokitzen; adibidez, magistratu batek beste bat jotzen badu, ez du bueltan emandakoa jaso behar, baina baten batek magistratu bat jotzen badu, jipoiturik ez ezik (30), zigorturik ere izan behar da. Gainera, desberdintasun handia dago borondatezko ekintzaren eta nahi gabeko ekintzaren artean. Hala ere, truke-harremanetan horrelako zuzentasunak eusten die harremanei, hots, proportzioaren araberako elkarrekikotasunak, eta ez berdintasunaren araberakoak. Izan ere, proportzioaren arabera ordainduz eusten zaio hiriari batuta; izan ere, gizakiek gaiztakeria bat gaiztakeria baten ordaina bilatzen dute; aitzitik, euren egoera esklabotzat hartzen omen dute, ordaina hartzen ez badute; edo ongia ongiaren ordaina bilatzen dute, (1133a) bestela ez da eman-harturik gertatzen, eman-hartuari esker eusten baitiote elkarturik egoteari. Horregatik Grazien jainkotegia ere eraikitzen dute guztien begi-bistan, ordaina izan dadin, hori eskertasunaren berezkoa baita; izan ere, mesedea egin zigunari horrenbesteko ordaina egin behar diogu, eta, gure aldetik, hari mesedea egiteko aurrea hartu.
(5) Erabat aurkakoak diren elementuen araberako uztartzeak sortzen du proportzioaren araberako ordaina; demagun A arkitekto bat dela, B zapatari bat, D etxe bat eta E sandalia bat. Horrela, bada, arkitektoak zapatariarengandik haren lana hartu behar du eta (10) bere lana harekin partitu. Beraz, lehenik proportzioaren araberako berdintasuna sortzen bada, eta gero elkarrekikotasuna, esandakoa agertuko da; horrela ez bada, berdintasuna ez da sortuko, ezta akordiorik ere, ezerk ez baitu eragozten gizaki baten lana bestearena baino hobea izatea; beraz, parekatu behar dira. Gainerako arteetan ere gertatzen da hori, haiek (15) deuseztuko bailirateke egileak egiten duena eta egin duen moduan, jasaten duenak horrenbeste eta horren moduan jasango ez balu. Izan ere, bi sendagileren artean ez da elkartzerik sortzen, sendagile baten eta nekazari baten artean baizik, eta, oro har, gizaki desberdinen artean, eta ez berdinen artean. Baina bi horiek parekatu behar dira, eta, horregatik, izan behar da nolabait alderagarria truka daitekeen guztia. Horretarako (20) sortu da moneta, eta, nola edo hala, erdiko terminoa da, gauza guztiak neurtzen baititu eta, ondorioz, baita gehiegikeria eta gabezia ere: zenbat sandalia diren, hain zuzen ere, etxe bat edo jaki bat. Izan ere, arkitektoaren eta zapatariaren artean gertatzen den tratua, baita sandalien eta etxearen artean ere gertatu behar da, eta, berdin, jakiaren kasuan; hori gertatzen ez bada, ez da ez trukerik ez elkarterik izango. (25) Baina hori ez da gertatuko ondasunak, nola edo hala, berdingarriak ez badira. Horrela, bada, dena neurri bakar batez neurtu behar da, lehenago esan bezala. Eta, egia esan, hori beharra da, denari bilduta eusten diona; izan ere, gizakiak ezeren behar ez balira, edo ez neurri berean, ez legoke trukerik, edo hori ez litzateke berdinkoia izango. Baina moneta, beharraren ordezko bilakatu da hitzarmen baten bidez, (35) eta, horregatik, hain zuzen ere, du moneta[7] izena, berezkoa ez delako, legezkoa [8] baizik, eta gure esku dago bai aldatzea bai baliogabetzea. Beraz, elkarrekikotasuna izango da berdintasuna gauzatzen denean eta, horren ondorioz, nekazaria zapatariarekiko den bezala, zapatariaren ekoizkina nekazariarenekiko izango da. (1133b) Beraz, ez da proportzioaren irudiaz baliatu behar gauzak trukatu ondoren (bestela, mutur batek bi gehiegikeriak izango ditu), alderdi bakoitzak oraindik bere ekoizkina duenean baizik. Horrelako baldintzetan berdinak izango dira, baita elkarkideak ere, haien artean berdintasun hori gerta daitekeelako. (Demagun A nekazaria dela, D elikagaia, (5) B zapataria, eta E, D-rekin parekatutako B-ren ekoizkina) Baina honelako elkarrekikotasuna ez balego, ez legoke elkarterik. Beharrak denari eusten dio bilduta nolabaiteko batasun gisa: hori agerian jartzen da gizakiek elkarri truke egiteko beharrik ez dutenean, biek edo bietako batek trukatu egiten ez duelako, baten batek beste batena behar duenean bezala; adibidez, garia esportatzeko baimena ardoaren truke ematen dutenean (10). Beraz, berdinketa egin behar da. Eta etorkizuneko trukeari dagokionez, orain ezeren beharrik ez bada, moneta gure berma izan behar da, eta etorkizunean zerbaiten beharra bada, lortu ahal izango dugu, dirua daramanak behar duena beregana baitezake. Baina monetari gauza bera gertatzen zaio, ez baitu beti balio berbera; baina, hala ere, bere balioari eusteko joera handiagoa du. Horregatik (15) tasatu behar da dena, horrela trukea posible izango baita beti, eta, horren ondorioz, elkartea ere bai. Beraz, monetak, neurria den aldetik, gauzak berdintzen ditu haiek neurgarriak bilakatuz; izan ere, trukerik ez balego, elkarterik ere ez legoke, ezta trukerik ere, berdintasunik ez balego; ezta berdintasunik ere, neurgarritasunik ez balego. Horrela, bada, egia esan, ezinezkoa da hain gauza desberdinak neurgarriak izatea, baina (20) beharrarengatik nahikoa neurgarritasuna lor daiteke. Hortaz, neurri bakar bat izan behar da, eta hori akordio batean oinarrituta (horregatik deitzen da moneta) [9], horrek gauza guztiak elkarren artean neurgarriak bilakatzen baititu, monetak gauza guztiak neurtzen baititu. Demagun A etxe bat dela, B, hamar mina, eta D, ohe bat. Orduan, A B-ren erdia da, etxeak bost mina balio badu edo zerbait baliokide (25); D, ohea, B-ren hamarrena da; agerikoa da, beraz, zenbat ohek duten etxe baten balio bera, bost mina, alegia. Eta bestalde, agerikoa da moneta sortu aurretik trukea horrela egiten zela, bost ohe etxe batengatik ematea eta bost oheren balioa ezertan bereizten ez baitira.
Horrela, bada, esanda dago zuzengabea dena eta zuzena dena zer diren, eta (30) horiek zehaztuta gero, agerikoa da jokaera zuzena zuzengabekeria egitearen eta zuzengabekeria jasatearen arteko erdiko terminoa dela, bata gehiago edukitzea baita, eta bestea, gutxiago. Zuzentasuna nolabaiteko erdikotasuna da, baina ez gainerako bertuteekin gertatzen den moduan, hura erdibidearen berezkoa delako baizik, eta zuzengabekeria, berriz, muturrena. Eta zuzentasuna da bertutea zeinaren arabera (1134a) esaten dugun gizaki zuzenak zuzena dena aukeraren arabera egiten duela, eta, bestalde, banatzen duela –bai bere buruaren eta beste baten artean, bai beste bi gizakiren artean– ez berak gauza nahigarri gehiago jaso eta bere ondokoak gutxiago lor dezan, eta gauza kaltegarriei dagokienez, alderantziz; aitzitik, proportzioaren araberako (5) gauza berbera, eta, berdin, beste biren artean banatzen duenean. Eta zuzengabekeria, berriz, gizaki zuzengabearen berezkoa da, eta hori mesedegarria edo kaltegarria denaren proportzioaren aurkako gehiegikeria edo gabezia da. Horregatik, zuzengabekeria da gehiegikeria eta gabezia, gehiegikerian eta gabezian datzalako: (10) bere buruari dagokionez, erabat onuragarria denaren gehiegikeria, eta kaltegarria denaren gabezia; eta beste gainerakoei dagokienez, gauza bera orokorrean, baina proportzioaren aurka, bi moduetan. Eta zuzengabekeria gabeziazkoa da, jasaten bada; baina, gehiegikeriazkoa, egiten bada.
Beraz, zuzentasunari eta zuzengabekeriari buruz gera bitez esanda horrela bakoitzaren (15) izatea zein den, eta, modu berean, orokorrean zuzena eta zuzengabea denari buruz ere bai.
VI
[aldatu]Zuzengabekeria egitea zuzengabea izan gabe litekeena denez, zer nolako zuzengabekeriak egin behar ditu gizaki batek zuzengabekeria-mota bakoitzean zuzengabea izateko, hots, ebaslea, adulteriogilea edo bidelapurra? Edo, agian, ez da inolako desberdintasunik izango? Izan ere, (20) gizon batek ezagutzen duen emakume batekin sexu-harremanak izan litzake, baina ez nahita eginiko hautapen bati jarraiki, pasioari jarraiki baizik; kontua da zuzengabekeria egiten duela, baina ez da zuzengabea, bat lapurra ez den bezala behin batean lapurtu egin bazuen ere, ezta adulteriogilea ere, behin adulterioa egin bazuen ere; eta berdin gainerako kasuetan.
Beraz, esana dugu lehenago zuzentasunari dagokionez elkarrekikotasuna nolakoa den. Hala ere, ez dugu ahaztu behar (25) erabateko zuzentasuna ez ezik, zuzentasun politikoa ere bilatzen ari garela; hori gauzatzen da autarkiari begira bizikidetza duten gizaki libre eta berdinen artean, proportzioaren nahiz aritmetikaren arabera. Horren ondorioz, hori ez duten horiek ez dute elkarrekiko zuzentasun politikorik, horrekin antza duen zuzentasun jakin bat baizik. (30) Izan ere, zuzentasuna dago euren arteko harremanak lege batek arautzen dituen gizakien artean, hain zuzen ere; eta legea dago zuzengabekeria gerta daitekeen egoeretan, zuzentasuna zuzena denaren eta zuzengabea denaren arteko bereizketa baita. Zuzengabekeria dagoen egoeretan, berriz, zuzengabekeriak ere gertatzen dira (baina zuzengabekeriak gertatzen diren egoeretan, ostera, ez dago beti zuzengabekeria); eta hori nork bere buruari erabateko ongi gehiago eta erabateko gaizki gutxiago ematean datza. (35) Horregatik ez dugu onartzen gizaki batek agintzea, arrazoiak baizik, gizakiak bere onerako (1134b) egin eta tirano bihurtzen baita. Magistratua, berriz, zuzentasunaren zaindaria da, eta zuzentasunarena bada, baita berdinkoitasunarena ere. Eta badirudi horrek gehiagorik ez duela benetan zuzena bada (ez baitio bere buruari erabateko ongi gehiago ematen, bere merezimenduaren arabera proportzionala ez bada; horregatik lan egiten du (5) besteen onerako, eta, arrazoi horregatik ere, esaten da zuzentasuna besteentzako ongia dela, lehenago ere esan bezala). Horrela, bada, ordainsari bat eman behar zaio, eta hori ohorea eta duintasuna dira; horrelakoekin nahikoa ez dutenak tirano bihurtzen dira.
Jabearen eta aitaren zuzentasuna eta magistratuena ez dira gauza bera, baina bai antzekoa, erabateko zentzuan ez baitago (10) zuzengabekeriarik norberaren gauzei dagokienez, eta ondasunak eta semea, hori adinekoa izan eta emantzipatu arte, norberaren zati bat bezalakoak dira, eta inork ez dio nahita bere buruari kalte egiten. Horregatik ez dago zuzengabekeriarik norberarekiko; beraz, zuzengabekeria eta zuzentasun politikorik ere ez, zuzentasun hau legearen araberakoa baitzen, legea berezko moduan duten gizakien artean sortzen baitzen, eta gizaki horiek (15) bai agintzean bai esana egitean berdinak ziren. Horregatik da zuzentasuna neurri handiagoan emaztearekikoa, seme-alabekikoa eta ondasunarekikoa baino, zuzentasun hori etxeko zuzentasuna baita, baina hori eta zuzentasun politikoa desberdinak dira.
VII
[aldatu]Zuzentasun politikoa naturala eta legezkoa izan daiteke; naturala dena edonon indar bera duena da, (20) edonoren iritzia alde batera utzita; eta legezkoa, ostera, hasiera batean modu batean edo bestean egiteak axola ez badu ere, behin finkatuta gero, axola duena da; adibidez: norbait askatzea mina bat kostatzea, edo ahuntz bat sakrifikatzea eta ez bi ardi, eta, bestalde, legeek banako kasuetan aginduriko guztia; adibidez, Brasidari sakrifizioak eskaintzea, baita dekretuen antzeko erabakiak ere. Batzuen ustez, zuzentasun politiko oro (25) horrelakoa da, naturaz den guztia aldaezina delako, eta edonon indar bera duelako; adibidez, suak bai hemen bai persiarren artean erre egiten duen moduan; baina ikusten dute zuzentasunaren kontuak aldatu egiten direla. Hori, horrela ez bada ere, bada zentzu batean: nolanahi ere, jainkoen artean, behintzat, agian ez da inondik inora horrela izango, baina gizakien artean badago zuzentasun natural bat, baina zuzentasun oro aldakorra da (30); hala ere, badago zuzentasun bat naturala dena eta beste bat naturala ez dena. Baina beste era batekoak izan daitezkeen gauzetan agerikoa da zein den naturala eta zein ez, legezkoa eta hitzarmenezkoa baizik, bata eta bestea aldakorrak izan arren. Bereizketa bera gainerako kasuei ere egokitzen zaie, hots, eskuineko eskua berez da indartsuagoa; hala ere, gizaki guztiak eskuin-ezkertiak (35) bilaka daitezke. Hitzarmenaren eta onuraren araberako zuzentasuna (1135a) neurrien antzekoa da, ardo-neurriak eta gari-neurriak ez baitira edonon berdinak, erosi egiten den lekuan handiagoak, eta saldu egiten den lekuan txikiagoak baizik. Era berean, naturalak ez diren gauza zuzenak, gizatiarrak baizik, ez dira berdinak leku guztietan, erregimen politikoak (5) ere ez baitira berdinak; aitzitik, bat eta bakarra da edonon berez bikaina dena.
Gauza zuzen eta legezko bakoitza, unibertsala banakoekikoa bezalakoa da; izan ere, ekintzak asko dira, baina haietako bakoitza bakarra da, unibertsalak direlako. Ekintza zuzengabea eta zuzengabea dena desberdinak dira, baita ekintza zuzena eta zuzena dena ere, zuzengabea dena (10) naturaz edo jarrerez baita, eta hori bera, burutu egin denean, ekintza bidegabea da; baina burutu aurretik, oraindik ez da ekintza zuzengabea, zuzengabea baizik. Eta berdin ekintza zuzenari buruz; hala ere, ekintza zuzena ekintza arruntari deitzen zaio, eta egite zuzena, berriz, ekintza zuzengabearen ordainari. Haietako gauza bakoitzari dagokionez, formak nolakoak eta zenbat eta zeri buruzkoak omen diren, (15) aurrerago aztertu behar da.
VIII
[aldatu]Ekintza zuzenak eta zuzengabeak esandakoak izanik, zuzengabekeria egiten da eta zuzen jokatzen da ekintza horiek borondatez egiten direnean; nahi gabe egiten direnean, ostera, ez da zuzengabekeriarik egiten, ezta zuzen jokatzen ere, akzidentalki ez bada, akzidentalki zuzena edo zuzengabea den zerbait egiten baita. Baina, egite zuzena eta (20) ekintza zuzena borondatez edota nahi gabe izateagatik bereizten dira: izan ere, egitea borondatez gauzatzen denean, gaitzetsi egiten da eta, aldi berean, ekintza zuzengabe ere bilakatzen da; horren ondorioz, borondatea eransten ez bazaio, zerbait zuzengabea egongo da, baina oraindik ez da ekintza zuzengabea izango. Borondatezkoa deitzen diot, lehenago ere esan bezala, zerbait egitea ala ez egitea gizakiaren esku izanik, jakinik eta ezagutuz (25) nori, zertaz eta zergatik gauzatzen duen ekintzari; adibidez, nor jipoitu, zerez eta zergatik, eta hori guztia ez akzidentalki, ezta bortizkeriaz ere (baten batek beste baten eskua hartuz hirugarren bat joko balu bezala, bigarrenak nahi izan gabe, hori bere esku ez dagoelako kasu horretan). Baliteke jipoitua dena bere aita izatea, eta gizaki bat edo aurrean daudenetariko bat (30) dela jakitea, baina ez jakitea bere aita denik; eta, bereizketa bera egin behar da ekintzaren helburuari eta ekintza orori dagokienez. Horrela, bada, ezagutzen ez dena, edo ezagutu arren norberaren esku ez dagoena, edo indarrez egiten dena, nahi gabekoa da; izan ere, berezkoak diren gauza asko ere jakinik (1135b) egiten eta jasaten ditugu, haietako bat bera ere ez borondatezkoa ez nahi gabekoa izan arren, zahartzea edo hiltzea bezala. Eta berdin izan daiteke akzidentalki eginikoa ekintza zuzengabea zein zuzena; izan ere, baten batek gordailu bat nahi gabe eta beldurrez itzul dezake, eta, orduan, ez dugu esango horrek ekintza zuzena egiten duenik, ezta zuzen jokatzen duenik ere, (5) akzidentalki ez bada; berdin, esan behar dugu gordailua behartuta eta nahi gabe itzultzen ez duenak zuzengabe jokatu eta ekintza zuzengabea akzidentalki egiten duela. Borondatezko ekintzen artean, batzuk, aldez aurretik hautatu ondoren egiten ditugu, eta beste batzuk, aldez aurretik hautatu gabe (10): aldez aurretik hautatuak, aldez aurretik deliberatu diren horiek; eta hautatu gabeak, deliberatu gabeko horiek. Hortaz, giza harremanetan hiru motatako kalteak izanik, ezjakitez eginikoak akatsak dira, horiek egileak uste zuen hari, uste zuena, uste zuen tresnaz eta uste zuenerako egin ez zituenean, uste baitzuen zauritzen ez zuela, edo ez tresna horretaz, edo ez gizaki hori, edo ez asmo horrekin, eta, aitzitik, kontuan hartu ez zuena ondorioztatu zen; adibidez, ez zuen jo hura zauritzeko, (15) ziztatzeko baizik; edo ez gizaki hori, edo ez tresna horretaz. Horrela, bada, kaltea ustekabe gertatzen denean, zorigaitza da; ez ustekabe, baina gaiztakeriarik gabe gertatzen denean, akatsa da (batek akats egiten baitu kausaren jatorria bere baitan dagoenean, baina zorigaitza kanpoan badago). Baina, jakinik (20) eta aldez aurretik deliberatu gabe egiten denean, ekintza zuzengabea da; adibidez, sumindurarengatik eta gainerako pasioengatik eginiko guztiak, hots, gizakiengan ezinbestekoak eta berezkoak diren horiek. Izan ere, gizakiek kalte eta akats horiek egiten dituztenean, zuzengabekeriak egiten dituzte, eta ekintza horiek zuzengabekeriak dira; baina, hala ere, ekintza horiengatik egileak oraindik ez dira zuzengabeak, ezta bihozgaiztoak ere, kaltearen kausa zitalkeria ez delako; (25) baina hautatu ondoren nahita egiten dituztenean, zuzengabeak eta zitalak dira. Horregatik uste izaten da zuzen suminak sorturiko ekintzak ez direla nahita eginikoak, ez baitu suminaren menpe jokatzen duenak agintzen, sumindu egin duenak baizik. Gainera, ez da eztabaidatzen ekintza gertatu zen ala ez, beraren zuzentasuna baizik, amorrua zuzengabekeriaren antza duen kausa baten ondoren gertatzen baita. Izan ere, ez da eztabaidatzen ekintza gertatu zen ala ez, (30) gizakien arteko hitzarmenetan bezala, non bietako bat nahitaez zitala den, ahanzturaz egiten ez badute; aitzitik, gertaerari buruz ados egonik, eztabaidatzen dute bi moduetan zein den zuzena (baina azpijokoa egin zuenak badaki); horrenbestez, bata zuzengabekeria bat sufritu (1136a) duelakoan dago; bestea, berriz, ez. Baina hautatu ondoren kaltea nahita egiten badu, zuzengabekeria egiten du, eta zuzengabekeria egiten duena zuzengabekeria horrengatik zuzengabea da, zuzengabea proportziaren edo berdintasunaren aurkakoa jokatzen den bakoitzean. Berdin, gizaki bat zuzena ere izango da, hautatu ondoren zuzena dena egiten duenean; eta zuzena dena egingo du, borondatez (5) egiten badu bakarrik.
Nahi gabeko ekintzen artean, batzuk barkagarriak dira, eta beste batzuk, ez. Izan ere, ezjakinik ez ezik, ezjakitez ere egiten diren akats horiek barkagarriak dira; baina ez ezjakitez, baizik eta berezkoa eta gizatiarra ez den pasio batengatik ezjakinik egiten diren horiek ez dira barkagarriak.
IX
[aldatu](10) Zuzengabekeria jasatea eta zuzengabekeria egitea nahiko zehaztu badira, baten batek agian galde liezaioke bere buruari lehendabizi ea zuzena den, Euripidesek era bitxian esana:
Nire ama hil dut, hitz batean. Hark eta biok borondatez, ala hark eta biok nahi gabe?[10]
(15) Izan ere, litekeena al da, benetan, zuzengabekeria borondatez jasatea, ala, aitzitik, zuzengabekeria jasate oro da nahi gabekoa, zuzengabekeria egite oro borondatezkoa den bezalaxe? Bestalde, beti al da horrelakoa edo halakoa,[11] edo batzuetan borondatezkoa eta beste batzuetan, nahi gabea? Eta berdin zuzen tratatua izateari dagokionez, zuzen jokatzea beti borondatezkoa baita; beraz, zentzuzkoa da (20) bata eta bestea, era berean, aurkakoak izatea, eta zuzengabekeria jasatea eta tratu zuzena hartzea borondatezkoak ala nahi gabekoak izatea. Baina zentzugabea litzateke, tratu zuzena hartuta ere, beti borondatezkoa izatea, batzuek, nahi gabe, tratu zuzena hartzen baitute.
Jarraian baten batek bere buruari galde liezaioke zerbait zuzengabea jasaten duen gizaki oro zuzengabe tratatua den, ala zuzengabekeria egitearen kasuan gertatzen den bezala, (25) horrela ere jasatearen kasuan: akzidentalki, hain zuzen ere, aipaturiko bi kasuak ekintza zuzenetan eman daitezke eta, agerikoa denez, era berean ekintza zuzengabeetan, ekintza zuzengabeak egitea eta bidegabe tratatzea ez baitira gauza bera, ezta ekintza zuzengabeak jasatea eta zuzengabe tratatua izatea ere; eta berdin baita ekintza zuzenak egiteari eta tratu zuzena hartzeari dagokienez ere, ezinezkoa (30) baita zuzengabekeria jasatea beste batek zuzengabekeria egiten ez badu, edo tratu zuzena hartzea beste batek zuzena egiten ez badu. Baina zuzengabea dena egitea, erabateko zentzuan, beste bati borondatez kalte egitea bada, jakinik ere nori, zerez eta nola egin, meneraezinak bere buruari borondatez kalte egiten badio, zuzengabekeria borondatez jasan lezake, bere buruari zuzengabekeria egiteko gai balitz. Baina, hori ere bada sorturiko zalantzaren bat (1136b), litekeena ote den batek bere buruari zuzengabea dena egitea, alegia. Gainera, baten bat, bere meneratzerik ezagatik, beste batek kaltetua izan daiteke borondatez; beraz, baliteke tratu zuzengabea borondatez jasatea. Edo, ez da agian zuzena izango emandako definizioa, eta gaineratu (5) beharko diogu jakinik nori, zerez eta nola egin kaltea eta haren borondatearen kontra? Horrela, bada, baten batek kaltea har dezake borondatez eta zuzengabekeriak jasan, baina inork ez du tratu zuzengabea borondatez jasaten, ez baitu inork nahi izaten, ezta meneraezinak ere; aitzitik, bere borondatearen kontra jokatzen du. Izan ere, inork ez du nahi izaten bere ustez ona ez dena, eta meneraezinak bere ustez egin behar ez duena egiten du. Berea dena ematen duena, Homerok dioenez, (10) Glaukok Diomedesi eman zion bezala,
urrezko armak brontzezkoen truke,
ehun idirena bederatzi idirenaren truke,[12]
ez du tratu zuzengaberik jasaten, ematea bere esku baitago, baina tratu zuzengabea jasatea, ez; aitzitik, zuzengabekeria egiten duena beste gizaki bat izan behar da. Beraz, agerian dago tratu bidegabea jasatea ez dela borondatezkoa.
Gainera, (15) proposatu genituen gaietan bi dira oraindik mintzatu beharrekoak: (a) zuzengabekeria zeinek egiten duen, banatzean baten bati merezi duena baino gehiago ematen dionak edo merezi duena baino gehiago izaten duenak; eta (b) baten batek bere buruari zuzengabekeria egin diezaiokeen. Izan ere, lehendabizi esandakoa litekeena bada, hots, zuzengabekeria egiten duena banatzailea baldin bada, ez gehiago duena, orduan, baten batek banatzean jakinik eta borondatez beste bati bere buruari baino gehiago ematen badio, horrek berak (20) bere buruari zuzengabekeria egiten dio; eta hori da, hain zuzen ere, gizaki arruntek egiten omen dutena, zintzoa, merezi duena baino gutxiago hartzeko joera duen gizakia baita. Baina, hain simplea ote da hori? Izan ere, baliteke beste ongi bati dagokionez gehiago edukitzea, adibidez, ospe ona edo erabateko edertasuna. Gainera, zailtasuna zuzengabekeria egin horren definizioaz ere konpontzen da, ez baitu inork ezer bere borondatearen kontra jasaten; beraz, horregatik, behintzat, ez du tratu zuzengabea jasaten, (25) eta, horrela, bada, kaltetua baizik ez da. Nabaria da, orduan, banatzaileak ere zuzengabekeria egiten duela; baina ez beti, gehiago duenak. Izan ere, zuzengabea den hori duenak ez du zuzengabekeria egiten, dagokiona baino gehiago duenak, hori borondatez egiten duenak baizik, hots, ekintzaren jatorria denak, eta jatorria banatzailearen baitan dago eta ez hartzailearen baitan. Bestalde, egin zentzu anitzetan (30) esaten denez, eta bizigabeek, edo beste batek agindutako esku batek nahiz morroi batek hiltzen dutela esatea litekeena denez, ez du zuzengabe jokatzen, baina zuzengabekeria bat egiten du. Gainera, baten batek ezjakinik epaitzen badu, zuzentasun legalaren arabera ez du zuzengabe jokatzen, eta beraren epaiketa ere ez da zuzengabea, baina zuzengabea da nolabait, zuzentasun legala eta zuzentasun lehena desberdinak baitira; baina jakinik zuzengabe epaitu badu (1137a), berak ere lortu nahi izango du dagokiona baino mesede edo mendeku handiagoa. Beraz, banatzean baten batek bere buruari ekintza zuzengabe baten zati bat ematean bezalaxe, arrazoi horrengatik epaileak ere eskuratzen du zuzengabe dagokiona baino gehiago; adibidez, horrelako terminoetan soroari buruz epaitzen badu, ez du sororik hartzen, dirua baizik.
(5) Zuzengabe jokatzea beraien esku dagoela uste dute gizakiek, eta, horregatik, zuzena izatea ere badela erraza. Baina hori ez da horrela; izan ere, bizilagunaren emaztearekin sexu-harremanak izatea, hurkoa jipoitzea edo diruz erostea erraza da, eta haien esku dago; baina horrelakoak egitea aztura jakin batekoa izateagatik ez da erraza, eta ez dago haien esku. Eta, berdin, uste dute (10) zuzena eta zuzengabea dena ezagutzea ez dela inolaz ere jakintsuaren berezkoa, legeek jakinarazten dutena ez baita ulertzen zaila (baina hori ez da zuzena dena, akzidentalki ez bada); baina zuzentasunez nola egin eta nola banatzen den jakitea, hain zuzen, osasunerako ona dena jakitea baino nekezagoa da. Hori dela eta, eztia, ardoa, (15) otsababa, kauterizatzen eta ebakitzen, hori dena jakitea erraza bada ere, osasunaren onerako nola, nori eta noiz eman behar jakitea, sendagilea izatea bezain zaila da. Eta arrazoi horrengatik berarengatik uste dute zuzengabe jokatzea gizaki zuzenaren berezkoa ere badela, gizaki zuzenak beste edonork baino ez gutxiago, gehiago baizik, egin bailitzake horietako ekintza zuzengabeak, (20) emakume batekin sexu-harremanak izan eta hurkoa jipoitu, hain zuzen ere; eta kementsuak ezkutua bota eta atzera emanez edonorantz ihes egin. Hala ere, koldarra izatea eta zuzengabe jokatzea ez da hura egitea (akzidentalki ez bada), aztura jakin batekoa izateagatik egitea baizik; modu berean, medikuntzan jardutea eta sendatzea ez da ebakitzea ala ez ebakitzea, edo botikak ematea ala ez ematea, gauzak modu jakin batean egitea (25) baizik. Zuzena dena erabateko ongietan parte hartu eta horietan gehiegikeria zein gabezia onartzen dutenen baitan dago; izan ere, badira horietan gehiegikeria ez dutenak, jainkoek bezala, agian; beste batzuek –erremediorik gabeko gaiztoek, hain zuzen– ez dute ezer onuragarririk ateratzen, eta, aitzitik, gauza guztiek (30) kalte egiten diete; eta beste batzuek haien neurri jakin bateraino ateratzen dute onura. Horregatik da gizatiarra zuzentasuna.
X
[aldatu]Jarraian, zintzotasunari eta zintzoa denari buruz hitz egin behar dugu, zer nolako lotura den zintzotasuna zuzentasunarekikoa, eta zintzoa dena zuzena denarekikoa. Izan ere, aztertzen dituztenei ez zaizkie zentzu absolutuan gauza bera iruditzen, ezta genero desberdinekoak ere, eta batzuetan zintzoa dena (35) eta gizaki zintzoa goraipatzen ditugu; beraz, (1137b) gainerako gauzak ere goraipatzean zintzo erabiltzen dugu on-aren ordez, eta zintzoago-ren bidez hobe adierazi nahi dugu; beste batzuetan, berriz, hausnartzen dutenei zentzugabea iruditzen zaie zintzoa dena goragarria izatea, zintzoa dena zuzena denaz aparteko zerbait baldin bada; hori dela eta, edo zuzena dena ez da ona, edo zintzoa dena ez da (5) zuzena, gauza bera ez baldin badira; eta bata eta bestea onak badira, orduan gauza bera dira.
Zintzoa denari buruzko zailtasuna, beraz, hausnarketa horiek sortua da gutxi gorabehera; eta horiek guztiak nolabait ere badira zuzenak, eta elkarren artean ez dira batere kontrakoak, zintzoa dena, nolabaiteko zuzentasuna baino hobea bada ere, zuzena baita, eta ez da zuzena dena baino hobea beste genero desberdin batekoa bailitzan. (10) Beraz, zuzena dena eta zintzoa dena gauza bera dira, eta bata eta bestea onak badira ere, zintzoa dena hobea da. Zailtasuna sortzen duena da zintzoa dena zuzena dena izatea, baina ez legearen arabera, legezko zuzentasunaren zuzenketa baten arabera baizik. Horren kausa da lege oro unibertsala izatea, baina kasu batzuez ezin daiteke unibertsalki zuzen mintzatu. Beraz, unibertsalki mintzatu (15) behar baina zuzen ezin daitekeen kasu horietaz, legeak gehien ezagututako kasuak hartzen ditu kontuan, baina beraren baitan akatsak daudela jakinik. Hala ere, ezin daiteke esan zuzena ez denik, akatsa ez baitago legean, ezta legegilearengan ere, gauzaren naturan baizik, ekintza moralen materia horrelakoa baita berez. Beraz, (20) legea unibertsalki esaten denean, eta kasu jakin batean unibertsalean sartzen ez den zerbait sortzen denean, orduan, legegileak aipatu ez zuen heinean eta sinpleegi hitz eginik akatsa egin zuen heinean, zuzena da aipatu ez dena zuzentzea, hots, han bertan izan balitz legegileak berak ere zuzenduko zukeena, eta jakin izan balu, legean agertuko zatekeena. Horregatik da zuzena, eta nolabaiteko zuzentasuna baino hobea, (25) ez erabateko zuzentasuna, baina bai erabatekoa izateagatik sortzen den akatsa baino hobea. Eta hauxe da zintzoa denaren natura: legearen zuzenketa, unibertsaltasunarengatik zerbait alde batera geratzen den heinean; kausa horrengatik ere, hain zuzen, ez dira gauza guztiak legearen menpe, gauza batzuei buruz lege bat ezartzea ezinezkoa delako, eta, beraz, dekretu bat behar da. Izan ere, mugagabea denaren araua ere (30) bada mugagabea, eraikuntza lesbiatarren berunezko araua bezala, harriaren formari egokitzen zaiona, eta ez dio arauari jarraitzen; horrela dekretuak ere bai, kasuei dagokienez.
Agerikoa da, beraz, zintzoa dena zer den, eta zuzena dela, eta zuzentasun jakin bat baino hobea. Eta honen ondorioz, nabaria da gizaki zintzoa nor den, (35) hots, horrelako gauza zuzenak hautatzen eta egiten dituena, eta (1138a) zuzena dena zorrotz eskatzen ez duena eta okerragorako prest ez dagoena, eta, aitzitik, amore emateko joera duena, legea beraren alde izan arren; gizaki hau da zintzoa; eta aztura hori da zintzotasuna, nolabaiteko zuzentasuna baita, eta ez bestelako aztura bat.
XI
[aldatu](5) Esandakotik agerian dago nor bere buruarekiko ea zuzengabea izan daitekeen ala ez. Izan ere, ekintza zuzenen artean batzuk bertute ororen araberakoak eta lege batek agindutakoak dira; adibidez, legeak ez du eskatzen nork bere buruaz beste egitea, eta eskatzen ez duen guztia, debekatu egiten du. Bestalde, baten batek legearen aurka eta borondatez kaltea egiten duenean, eta ez kalte baten ordainetan, zuzengabekeria egiten du; eta borondatez egiten du hori nori eta nola egin dakienak; baina borondatez, suminaldi batean, bere buruaz (10) beste egiten duenak arrazoi zuzenaren aurka jokatzen du –legeak onartzen ez duena–; eta zuzengabekeria egiten du, beraz. Baina, noren kontra? Agian hiriaren eta ez bere buruaren kontra? Izan ere, borondatez jasaten du, baina inork ez du zuzengabekeriarik borondatez jasaten. Horregatik, hiriak ere zigortzen du bere buruaz beste egin nahi duena, eta nolabaiteko gaitzespena ezartzen dio, hiriari zuzengabekeria egiten diolakoan. Gainera, zuzengabekeria egiten duena zuzengabea da soilik, (15) ez erabat maltzurra, eta zentzu horretan ezin dio bere buruari zuzengabekeria egin (hori eta bestea desberdinak baitira, gizaki zuzengabea, nola edo hala, koldarra bezain bihozgaiztoa baita; baina ez erabateko bihozgaiztakeria bere baitan izatearen zentzuan; beraz, ez du honen arabera zuzengabe jokatzen); orduan, gerta liteke gizakiaren baitan aldi berean gauza bera edukitzea eta ez edukitzea; baina hori ezinezkoa da, zuzena dena eta zuzengabea dena beti gizaki batengan baino gehiagorengan ematen (20) baitira nahitaez. Gainera, ekintza zuzengabea borondatezkoa, aldez aurretik hautatua eta hasierakoa izan behar da, jasandakoa ordainetan itzultzen duenak ez omen baitu zuzengabe jokatzen; eta pertsona bera bada, gauza bera jasan eta egiten du batera. Gainera, baliteke zuzengabekeria borondatez jasatea. Horrezaz gain, inork ez du zuzengabe jokatzen banako zuzengabekeriarik egin gabe (25), eta inork ez du bere emaztearekin adulterio egiten, ez bere etxeko horma zulatzen, ezta bere ondasunak lapurtzen ere. Eta oro har, norberaren buruaren aurka zuzengabe jokatzearen inguruko gaia ebazten da borondatezko zuzengabekeriari buruzko definizioa kontuan hartuz. Bestalde, nabaria da biak direla makurrak, zuzengabekeria bai jasatea bai egitea (bata batez bestekoa dena baino gutxiago edukitzea baita, (30) eta bestea, batez bestekoa dena baino gehiago, medikuntzan osasuntsua eta gimnastikan sasoikoa bezalakoa izanik); hala ere, okerragoa da zuzengabekeria egitea, zuzengabea dena egitea gaiztakeriaz egiten baita, eta gaitzesgarria da; eta gaiztakeria betea eta erabatekoa da, edo gutxi gorabehera (borondatezko ekintza oro ez baita zuzengabekeriaz egiten); zuzengabekeria jasateak, ostera, ez darama berekin gaiztakeriarik, (35) ezta zuzengabekeriarik ere. Horrela, bada, zuzengabekeria jasatea, berez, ez da hain txarra, (1138b) baina akzidentalki ez du ezerk eragozten gaizkirik handiena izatea. Haatik, hori ez da batere interesgarria zientziarako; aitzitik, horrek pleuritisa behaztopa baino gaixotasun larriagotzat hartzen du, nahiz eta noizbait akzidentalki kontrakoa gerta litekeen, behaztopatu ondoren eroriko balitz eta, horren ondorioz, (5) etsaiek atzemango edo hilko balute.
Hala ere, esanahia zabalduz eta antzekotasunez, gizaki baten eta bere buruaren artean zuzentasunik ez badago ere, bai bere atal jakin batzuen artean, baina ez edozein zuzentasun, jabearena edo etxekoena baizik, horrelako baldintzetan bereizten dira arimaren alde arrazioduna eta irrazionala; eta, (10) alde horiei begiratuz, hain zuzen ere, badirudi norberaren buruarekiko zuzengabekeria eman daitekeela, atal horiek beren gogoen kontrako zerbait jasan dezaketelako; beraz, atal horietan ere badago elkarren arteko zuzentasun jakin bat, agintariaren eta aginpekoaren artean ezartzen dena bezalakoa. Beraz, utz ditzagun horrela zehaztuta zuzentasuna eta gainerako bertute moralak.
- ↑ Euripides, Melanipus (frag 486, Nauck).
- ↑ Teognis, 147.
- ↑ Bias Greziako Zazpi Jakintzuen bat zen.
- ↑ gr. dícha
- ↑ gr. díchaion
- ↑ gr. dichastês
- ↑ gr. nómisma
- ↑ ik. gr. nómos legea dela
- ↑ gr. nómisma
- ↑ Euripides, Alkmeon frag. 68 (Nauck).
- ↑ Leku honetan eskuizkribuetan agertzen den «[zuzengabekeria egitea beti borondatezkoa den bezala]» esaldia eskuz idatzitako transmisioaren akatstzat hartzen dugu Bywateren uxatzeari jarraiki.
- ↑ Homero, Ilias VI 236.